Ireki menu nagusia

Euskal Herria

Europako herrialdea, historikoki euskaldunen eta euskararen lurraldea dena

Artikulu hau euskal herritarron herrialdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Euskal Herria (argipena)».

Euskal Herria Europako herrialde bat da. Historikoki euskaldunen eta euskararen lurraldea da, Pirinio mendien mendebaldean kokatua, Frantzia eta Espainiaren arteko muga egiten duen mendilerroaren inguruan, eta Bizkaiko golkorantz zabaltzen dena. Zazpi herrialde edo probintzia historiko ditu: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaia eta Zuberoa. Hala ere, ez dago haien arteko antolamendu politiko-administratibo egituraturik. Guztira, Euskal Herriak 20.950,3 km² ditu, eta 3.127.994 biztanle zituen 2016an[1].

Euskal Herria
Bandera Armarria
Goiburua: "Zazpiak Bat"
██ Euskal Herria ██ Gainontzeko Europa
██ Euskal Herria ██ Gainontzeko Europa
Hiriburu historikoaIruñea
42° 52′ N, 1° 55′ W / 42.867°N,1.917°W / 42.867; -1.917
Hiri handiena Bilbo
Hizkuntzak Euskara, frantsesa, gaztelania, gaskoiera
Hizkuntza ofizialak Hegoaldean: euskara,1 gaztelania
Iparraldean: frantsesa
Herritarra euskal herritar, euskotar, euskaldun2
Gobernua Iparraldean: Frantzia
Hegoaldean: Espainia
 -  EAEko lehendakaria Iñigo Urkullu
 -  Nafarroa Garaiko lehendakaria María Chivite
 -  Ipar Euskal Herriko Herri Elkargoko lehendakaria Jean-René Etxegarai
Legebiltzarra Eusko Legebiltzarra
Nafarroako Parlamentua
IEHko Elkargoaren Kontseilua
Azalera
 -  Guztira 20.947 km2
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2016) 3.127.994
Dirua Euro () (EUR)
Ordu-eremua CET (UTC+1)
 -  Udan (DST) CEST (UTC+2)
Internet domeinua .eus
1. Euskal Autonomia Erkidego osoan eta Nafarroaren iparraldeko eremuan baino ez.
2. Berez, euskaraz dakiena esan nahi du; hala ere, hainbatetan euskal herritar-en sinonimotzat erabiltzen da, nahiz eta erabilera nahasgarria den.

Iruñea hiriburutzat jo ohi da, arrazoi historikoak direla kausa, nahiz eta izendapen ofizialik ez den. Halaxe iritzi zion XVIII. mendearen hasieran Joanes Etxeberri Sarakoak: «Iruiñea eskualdunen hiri buruzagia».[2] Hiririk handiena Bilbo da, eta Gasteiz de facto Euskal Autonomia Erkidegoaren hiriburua da[oh 1]. Gainera, beste hiru udalerrik dute 100.000 biztanle baino gehiago. 1980tik aurrera, Euskal Herria hiru eremu politikotan banatu da: Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea Espainian, eta Frantziako euskal lurraldea Pirinio Atlantikoetan, 2017tik Euskal Hirigune Elkargoa bilakatua. Euskal Herriko biztanleei euskal herritar edo —gaur egun gutxiago erabiltzen den izena— euskotar deritze; lurraldeari izena eman dion hizkuntza jakin edo hitz egiten dutenei, berriz, euskaldun.

Gizaki modernoa orain dela 35.000 urte iritsi zen gaur egungo Euskal Herrira, eta historiaurrean labar-artea zein hainbat monumentu megalitiko utzi zituzten. VII. mendetik aurrera, Erdi Aroko baskoiak agertzen hasi ziren, eta Baskoniako Dukerriaren inguruan kokatu ziren. 824an, Iruñeko Erresuma hasi zen eratzen Orreagako Guduen lorratzean (778 eta 824), Antso III.a Handiaren erresumatik XII. mendera Nafarroako Erresuma bihurtzekoa. Errando II.a Aragoikoa gaztelar leinuko erregeak, baina, garai bateko Nafarroaren erdigunea inbaditu zuen 1512an, eta Gaztelako Koroari atxiki. Pirinioez iparraldera, Nafarroa independenteak mende batez iraun zuen. Frantziako Iraultzaz eta Karlistaldien garaian, Frantzia eta Espainiako nazio estatuen zentralizazioa gailendu zen. XIX. mendean, baina, industrializazioaren epelean, eusko abertzaletasuna sortu zen. XX. mendera arte, hala ere, gerra gogorrek astindu zuten Euskal Herria, Francoren diktadura zapaltzailea ere tartean. Euskal gatazka piztu zen testuinguru horretan.

Euskal Herriaren lehen aipamena XVI. mendekoa da, Juan Perez Lazarraga egile arabarrak eta Joanes Leizarraga nafarrak idatzita. Euskaldunak egungoan baino lurralde zabalagoan bizi izan dira iraganean, eta egungo lurralde identifikazioa XVII. mendean hasi zen eratzen: Axular idazleak euskaldunen egungo hedadura politiko-administratiboa aipatzen du Geroren aitzin-solasean.

Izenak eta etimologia

Gehiago jakiteko, irakurri: «Euskadi (terminoaren historia)»

Eusk- morfemaren etimologiaz hipotesi asko egin dira. Ezagunena, agian, Sabin Aranak proposatutako eusk- < e(g)uzk(i). Gaur egun, baina, etimologia horretan inork gutxik sinesten du. (egu-z-ki hitzaren morfemen zatiketa eta bilakaera, gaur egungo hizkuntzalari gehienen ustez, hipotesi honen kontra egingo lukete). Nolabaiteko sinesgarritasuna, ordea, eman izan zaio erromatarren garaian dokumentatutako ausci hitzaren hipotesiari. Ausci hori, akitanieraren garaiko inguruko herri baten izena zen. Ausc- hori Auch bilakatu bide da. Agian loturaren bat egon liteke gaur egungo Eusk- horren eta akitanieraren garaiko ausc-i horren artean. Mitxelenak, esate baterako, noiz edo noiz[3], zuhurtziaz aipatu zuen hipotesi hau.

Euskal Herria

 
Lazarragaren eskuizkribuko 18. orriko hitzak: eusquel erriau (Euskal Herri hau).

Euskal Herria izenak, hitzez hitz, «euskararen lurraldea» esan nahi du; hau da, euskaraz egiten den lur eremua, hori baitzuen hasierako esanahia. Alabaina, azken mendeotan, zazpi herrialdeak izendatzeko erabili da. Gaur egungo euskaran, bada, esanahi horixe du, Euskaltzaindiak 2004ko uztailean euskara baturako emandako 139. arauan zehaztu zuenez.[4][oh 2]

Historian zehar asko izan dira izen hori erabili dutenak. Aipamen idatzirik zaharrenak XVI. eta XVII. mendeetakoak dira. Joanes Leizarraga lapurtarraren Testamentu Berrian (1571n argitaratua, Arroxelan) hiru aldiz ageri da;[5][oh 3] Joan Perez Lazarraga arabarraren eskuizkribuan (1567tik 1602ra bitartean idatzia) ere, hiru aldiz ageri da;[6][oh 4] Esteve Materra frantziar euskaldunduaren Doctrina Christiana liburuxkan (1617an argitaratua, Bordelen) bost aldiz ageri da;[7][oh 5] Axular nafarrak, Gero maisulanean (1643n argitaratua, Bordelen), liburuaren aitzin solasean erabili zuen, eta Euskal Herriko zazpi lurraldeak ere aipatu zituen.[8][oh 6]

Euskadi

 
Euskal Herriaren Euler diagrama ikusgai.

Euskadi izena Sabin Aranak 1896. urtean asmatua da,[9] Euzkadi formarekin (1960ko hamarkadaren bukaeraz geroztik, euskara batuaren sorrerarekin batera, euskara batuko Euskadi forma nagusitu da). Izan ere, Euskal Herria zentzu hertsian «euskararen herria» izanik, hizkuntzarekiko loturarik ez zuen hitz horren beharra sumatu zuen, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa Garaia, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa barne hartzen dituen lurraldea izendatzeko.

Izen berriak arrakasta handia izan zuen eusko abertzaleen artean. Frankistek 1936. urtean —Espainiako Bigarren Errepublikaren kontra altxatu zirenean— eta ondorengo urte luzeetan, gainera, oso errepresio gogorra egin zuten Euskadi aberritzat zutenen kontra, eta Euskadi hitza herriaren askatasunaren aldarrikapen bihurtu zen. Gerora, 1970eko hamarkadaren bukaeratik hona, independentismo kutsua Euskal Herria izenak hartu du batez ere.[10] Gaur egun, bada, Euskadi terminoa gehienbat «Euskal Autonomia Erkidegoa» esanahiarekin erabiltzen da, baina euskaldun guztiak ez datoz bat horretan.[oh 7]

Euskaria

XIX. mendearen bigarren erdian, Euskeria, Euskaria eta Euskadia terminoak erabili zituzten Euskal Herri osoa izendatzeko. Gaztelaniazko Vasconia ere igaro da euskarazko esamolde izatera, Baskonia grafiarekin.

Lurralde zatiketa

Gaur egun, Euskal Herria zatitua dagoen administrazio eremuak izendatzeko bestelako izenak ere erabiltzen dira. Ipar Euskal Herria deritzona frantsesezko Pays Basque ere bada. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera Ipar Euskal Herriko udalerriek, Eskiulak eta Jeztazek ez beste, Euskal Hirigune Elkargoa erakundearen barnean egituraketa administratibo bateratua dute.

Hego Euskal Herriko bi autonomia erkidegoetako bati, Euskal Autonomia Erkidegoari, askotan deitzen zaio ere Euskadi zein Euskal Herria, nahiz eta hiru herrialde baino ez izan. Hala, Gernikako Estatutuaren arabera, «Euskadi zein Euskal Herria» da autonomia erkidego horren izena, Espainiako Estatuaren barruan eratua.[13][oh 8] Estatutu horrek berak dioenez, Nafarroa Garaiak ere badu «Euskal Herriko Autonomia Erkidegoa osatzeko eskubidea»,[oh 9] baina EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko eskola curriculumean Euskal Herria izena erabiltzean ezin da Nafarroako Foru Erkidegoa barne hartu.[14]

Aipatu bezala, Euskal Herriak zazpi lurralde ditu: haietako lau Hegoaldean daude, Espainiako Erreinuaren administraziopean, eta beste hirurak ipar-ekialdean, Frantses Errepublikaren administraziopean, Iparraldean. Hala ere, geografiari bagagozkio, datu hori ez da guztiz baliagarria: Bizkaia iparralderago dago Zuberoa baino.

Geografia fisikoa

Euskal Herriaren mugak
AragoiErrioxaEuskal kostaldeaGaskoiniaGaztela eta LeonKantabria
 
Euskal Herriko mapa fisikoa.

Euskal Herriko geografia fisikoa oso aldakorra da, nahiz eta hedaduraz lurralde txikia izan. Kostaldeko paisaia malkartsutik Bardeetako basamorturaino hedatzen da Euskal Herria eta bide horretan lautadak, mendilerroak eta bailara ugari ditu. Euskal Herriaren muga natural nagusiak hauek dira: Kantauri itsasoa (Bizkaiko golkoa) eta Aturri iparraldean, eta Ebro ibaia hegoaldean (nahiz eta muga zehatz-mehatz bi ibai horietan ez izan).

Euskal Herriko muturreko puntu geografikoei dagokionez, Samatze da iparraldeenen dagoen udalerria, Cortes hegoaldeenen, Lanestosa mendebaldeenen eta Eskiula ekialdeenen. Beriain mendiaren ingurunean dago Euskal Herriko zentro geografikoa[15]. Tokirik garaiena Hiru Erregeen Mahaiaren tontorra da, itsas mailatik 2.438 metrora.

Espainiako Errioxarekin egiten du muga hegoaldean eta Aragoirekin hegoaldean zein ekialdean; Gaztela eta Leonekin hegoaldean eta mendebaldean, Kantabriarekin egiten duen bezala. Iparraldean Frantziako Landak departamenduarekin egiten du muga; Pirinio Atlantikoetako Bearnorekin ekitaldian.

Geologia

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko geologia»
 
Euskal Herriko mapa geologikoa.

Euskal Herriko geologia markatuta dago orogenia alpetarrarengatik. Estrukturalki, Pirinioen eta bere mendebaldeko hedapenaren parte da[16]. Arrokarik zaharrenak Pirinioetan dauden arroka plutonikoak dira[17]. Aiako Harriak Karbonifero eta Siluriar garaiko arroka metamorfikoz osatuta dago. Bere gainean dagoen gehiena, Euskal Herriko mendigune gehienak markatzen dituena, Jurasiko eta Kretazeoko kareharriak dira, sakonera eskaseko itsaso tropikal batean sortutako koral arrezifeek osatuak. Denborarekin, Iberiar plaka eta Eurasiar plakak talka egin zuten, Pirinioak altxatuz eta Euskal Arkua izena duen eremua goratuz[18]. Euskal Arkuaren muinean dauden arroketan, Bizkaiko sinklinorioan kokatuak, Paleogenoko arrokak daude, baita Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgunean eta Urbasa inguruetan[19].

Pirinioak altxatu ostean, higadurak gaur egun ezagutzen ditugun bailarak sortu zituen, bereziki Kantauriko isurialdean. Hegoalderantz, Ebro ibaiaren inguruan, laku handiak izan ziren, Nafarroako Erriberan aurki daitezkeen egiturak osatuz[20][21]. Uneren batean, Ebroko lakua Mediterraneorantz zabaldu zenean, arroka sedimentario finez osatutako erliebeak osatu ziren[22].

Faila garrantzitsu batzuk ere badaude (Iruñeko faila[23], Leitzako faila[24][25]) sismologia aldetik ingurune lasaia da Euskal Herrikoa[26]. Hegoaldean Toloñoko mendilerroak zamalkadura bat eratzen du Ebroko lurren gainean[27]. Ingurune asko kareharriz osatuta daudenez, karst-paisaiak ohikoak dira[28], baita haitzuloak ere.

Kostaldea

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko kostaldea»
 
Euskal Herriko kostaldearen NASAren satelite bidezko ikuspegia.

Bizkaiko golkoan,[29] Euskal Herriak mutur batetik bestera 252 kilometroko kostaldea du, eta bertan, 104 hondartza inguru aurki daitezke. Bizkaia da kostalde luzeena duen euskal herrialdea: 154 kilometro, eta 35 hondartza. Gipuzkoak 66 kilometroko kostaldea du, eta 28 hondartza; eta Lapurdik, 32 kilometrotako kostaldea, eta 41 hondartza. Lapurdi da, beraz, kostalde laburrena izan arren, hondartza gehien duen herrialdea.

Euskal Herriko kostak hiru alde ezberdin ditu, eta haien mugek ia-ia guztiz bat egiten dute Bizkai, Gipuzkoa eta Lapurdiren mugekin. Bizkaiko kostaldea malkartsua da, baina oro har hondartza handiak ditu. Gainera, bi itsas-adar daude alde horretan: Ibaizabaleko itsasadarra eta Urdaibai.

Gipuzkoako kostak gorabehera handiagoak ditu, eta oro har hegiak handiagoak dira. Hondartza txikiagoak eta harritsuagoak daude Bizkaiko mugatik Zumaiaraino, eta hortik aurrera gero eta luzeagoak dira. Ibaien itsasoratzeetan estuario txikiak sortzen dira zenbaitetan (Oria), eta beste batzuetan itsasadarrak (Urumea, Bidasoa).

Lapurdiko kostaldea, azkenik, askoz lauagoa da. Hondartza luzeak daude eta hegiak altuera txikikoak dira.[30] Bidasoa eta Atturri ibaiek urak bertan isurtzen dituzte.

Euskal Herriko kostaldeak 19 itsasargi handi ditu, zehazki Lapurdin 3, Gipuzkoan 7 eta Bizkaian 9. (Ikus zerrenda).

Mendiak

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko mendiak»
 
Hiru Erregeen Mahaia (2.438 metro), gailurrean Euskal Herriaren, Bearnoren eta Aragoiren artean muga egiten duena.

Euskal Herria oso menditsua da. Mendilerro gehienak mendebalde-ekialde ardatzean kokatzen dira. Arroka nagusia kareharria da, baina beste material batzuez osatutakorik ere badago; adibidez, Aiako Harria granitoz osatuta dago.

Mendirik altuenak Pirinioetan daude eta denetan garaiena Hiru Erregeen Mahaia da, askotan Auñamendi aipatzen bada ere. Mendilerro hori itsasoan bertan jaio eta ekialderantz igoz doa: 2.000 metrotik gora duen lehen mendia Orhi da.[31]

Arabako eta Nafarroako hegoaldean Kantauriar mendilerroaren ekialdeko muga dago. Kodes edo Toloño mendilerroak dira Kantauriar mendilerroaren parte.[32]

Bi mendilerro garrantzitsuon artean Euskal Herriko arkua dago: ekialde-mendebalde orientazio orokorra duten mendilerroak dira; adibidez, Urbasa, Andimendi, Aralar, Anbotoko mendilerroa, Ordunteko mendilerroa eta Aizkorri.

Ingurune naturala

 
Urdaibaiko erreserbak 224,5238 ha-ko azalera hartzen du, hau da, Bizkaiaren %10. Azalera honen 943 ha (%4,2) hezegunea da, Euskalerriko handiena. (Antzeko hezegune bat egon zen Bizkaian Ibaizabaleko itsasadarrean industrializazioa hasi baino lehen)

Euskal Herriak duen klimaren eraginez, hainbat ingurune natural ezberdin ditu. Basoek estalitako ehunekoa handia da biztanleria handirik ez dagoen eremuetan. Bestetik, biztanleria dentsitate handia du hainbat eskualdetan, bereziki kostaldean, eta natura degradatuta dago gune askotan[33]. Industrializazioaren eraginez, poluzio handia izan duten ibai arroak aurki daitezke, eta lindanea bezalako produktuek sortutako arazoak handiak dira. Burdinolek, artoaren landaketak eta ardien zaintzak eragindako basogabetzeari gehitu behar zaio papergintza industria asetzeko bertakoak ez diren zuhaitz espezieak landu izan dira, intsinis pinua edo eukaliptoa kasu[34].

Hala ere, Euskal Herrian badira babestutako ingurune naturalak. Horietako batzuk parke izendatu dira, eta beste batzuk Natura 2000 sarekoak dira. Administrazio bakoitzak bere legeak ditu babes maila horiek emateko, beraz babes-mailak ez datoz guztiz bat[33]. Industriak bereziki, baina baita beste ekonomia-ekimenek kutsadura sortzen dute, Euskal Herriko ingurumen-arazoak beraz aldakorrak dira guneen arabera.

Ibaiak

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko ibaiak»
 
Euskal Herriko ibaiak eta isurialdeak.

Ebro da Euskal Herria zeharkatzen duten ibaien artean luzeena (910 km).[35] Europako Mendietan sortzen da eta Mediterraneo itsasoan isurtzen du bere emaria. Bide horretan, hainbat kilometroz Euskal Herriko hegoaldeko muga da, Araba eta Nafarroan. Atlantikora ez doazen beste ibai eta errekek bertara isurtzen dituzte urak; besteak beste, Zadorra, Baias, Ega eta Aragoi ibaiek.[36] Aragoi ibaia Euskal Herrian zehar ibilbide luzeena egiten duena da, 192 km Esako urtegian jaio eta, Nafarroa Garaia zeharkatu ondoren, Ebro ibaira isuri arte.

Euskal Herriko kostaldean ura isurtzen duten ibaietatik Aturri da luzeena eta ur emari handiena duena. Tourmalet inguruan jaiotzen denetik Baionan itsasoratu arte, 335 kilometro inguru zeharkatzen ditu, azken 30ak euskal lurretatik.[37] Bide luze horretan, Pirinioetan jaiotako hainbat ibai eta errekaren emaria jasotzen du (Biduze, Errobi, Harana...). Aturrik bezala, beste ibai askok ere Bizkaiko golkoan isurtzen dituzte urak: Nerbioik, Bidasoak, Oriak, Debak, Urolak, Urumeak... Nerbioi ibaia da, hain zuzen ere, Bizkaiko golkoan itsasoratzen direnen artean Euskal Herriko lurraldeetan ibilbiderik luzeena egiten duena (75 km).

Klima

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko klima»
 
Euskal Herriko mapa klimatikoa.

Euskal Herriak bi klima nagusi (ozeanikoa eta mediterranearra) eta euren arteko trantsizio eskualde bat du. Horrez gain, mendialdeko klima ere badu. Bizkaiko golkotik igarotzen den Golkoko itsaslasterrak klima erlatiboki beroa eskaintzen du bizkaiko golkotik hurbil dauden eskualdeetan. Bertan klima ozeanikoa topa dezakegu: tenperatura leunak (minimoen batez bestekoa 4 °C eta 9 °C artean; beroenena 18 °C eta 21 °C artean) eta klima hezea izaten da, 1.000 milimetro baino gehiago urtean leku gehienetan. Artikutzan 2.500 mm arte bota ditzake urtero. Barnealdean, izozteak egin ditzake neguko hainbat egunetan. Itsasotik gertu, udako egun sargorietan enbata ere egin dezake.

Ebroko haranean zehar mediterraneoko eragina dator euskal arkua dela eta atlantikotik batestua diren eremuetan. Bertan klima mediterraneoa egiten du: udak beroak izaten dira, 22 °C baino batez besteko tenperatura altuagoekin, eta neguak hotzak, batez besteko 5 °C hilerik hotzenean. Izotz egunak ohikoak dira azarotik martxora. Klima lehorragoa da, urtean 400 milimetro inguru. Udaberria eta udazkena dira hezeenak eta negua lehorra da. Udan ekaitzak egin ditzake. Berezitasun bezala ziertzo izeneko haize hotz bortitza dago.

Klima ozeaniko eta mediterranoko eremuen artean trantsizioko klima ematen den eremua dago, Cbg eta Csa sailkapenekoak. Iparraldetik hegoaldera aldatzen da, prezipitazioak geroz eta urriagoak dira eta tenperaturak muturrekoagoak dira, hau da uda beroagoak eta negu hotzagoak, itsasoaren ahalmen termo-erregulatzailearen eragina txikiagoa delako. Arabako lurralde gehienak eta Nafarroako erdialdeak dute klima hau.

Gune menditsuetan mendiko klima egoten da, klimarik hotzena. Urteko batez besteko tenperatura 7-9 °C inguru izaten da, baina neguan askotan egiten du 0 °Ctik behera. 100 izotz egun izan daitezke urtean eta klima hezea izanda, 1.300 eta 1.700 milimetro urtean, askotan egiten du elurra bertan. Ez dago urtaro lehorrik, baina uda lehorragoa izan ohi da.

Historia

Euskal Herriko historia eta bertan bizi diren euskaldun etniaren arteko desberdintasuna egitea komeni bada ere, askotan esan ohi da Europako herri zaharrenetariko baten historia dela. Euskal substratuaren teoriak babesten du Paleolitotik euskaldunak bertan bizi izan direla, eta Europan zehar hedatzen zen herri eta familia baten azken ordezkaria dela[38]. Euskararen jatorria ere ez da ziurra, eta ez da ziurra ere bertan bizi ziren herriek euskararen arbaso bat hitz egiten ote zuten[39][40]. Gaur egun euskaldunen arbasotzat hartutako herrietako batzuek jatorri zelta bazuten, Hallstatt kulturari loturikoak lirateke[41].

Euskal Herriak, historian zehar, hainbat herriren eragina izan du: zeltena, erromatarrena, frankoena, bisigodoena, musulmanena, bikingoena, gaztelarrena nahiz ingelesena, besteak beste. Europako historian kokatua, bereziki Espainiaren eta Frantziaren historiaren pasarteak bizi eta jasan izan ditu. Orobat, euskararen inguruan batzen den herrian sortu izan da bertako egitura politikorik, eta izan ditu berezko estatuak ere, bereziki Nafarroako Erresuma. Hainbat eta hainbat gerra izan dira, horietako asko inguruko estatuen eta euskaldunen aginpide gatazkek sortuak.

Nekazari eta abeltzain herri bat izatetik Europar Batasunaren barruan dagoen eskualde industrializatu eta aberatsa izatera igaro da, baina horretarako bere antzinako egiturak eta antolaketak guztiz eraldatu behar izan ditu.

Historiaurrea

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko historiaurrea» eta «Euskararen jatorria»

Antzinaroko hainbat aztarna aurkitu dira Euskal Herrian. Garrantzi berezia du euskal-akitaniar lurraldean labar-artea oparoak. Neolitoan abeltzaintza eta nekazaritza agertu ziren, eta horrekin batera, hainbat monumentu megalitiko eraiki zituzten bertako biztanleek (trikuharriak, esaterako).

Antzinaroa

Antzinako Erromak I. mendean konkistatu zuen Euskal Herria eta lehen hiri eta errepide handiak eraiki. Urte haietan, Novempopulania eta Tarraconensis probintzietan banatu ziren euskal lurraldeak.

Erdi Aroa

581 Bladastes duke frankoak, Txilperiko I.a erregearen agindupean, baskoien kontrako espedizio bat bidali zuen Baskoniara;[42] Baskonia hori ez da erromatarren garaikoa eremu murritza, euskal herri guztiak biltzen dituen errealitate bat baizik. Aldi berean, Pirinioez hegoaldera, Leovigildo errege bisigodoak erasoei ekin zien baskoien kontra Zadorra inguruan, baita inguru horretako baskoiak garaitu ere, eta Victoriacum sortu, egungo Gasteizen edo gertu.[42] 587an baskoiak aipatzen dira egungo Gersen edo hurbil erasoka, une horretan frankoen mende zena. Une horretatik, baskoi izenez aipatzen diren herri horiek asaldatuta zebiltzan.[42] Eudon Baskoniako dukea (printzea) zela, omeiatarrak Iruñera heldu ziren Ipar Afrikatik (714 inguru), 711n Roderiko bisigodoa hortxe baskoien kontra borrokan izan ondoren.[43] Karolingiar dinastia frankoen agintari gailendu zenean, Akitania eta Baskoniaren kontra jo zuten, eta baskoiek Pirinioetan aurre egin zieten 778an (Errozabal/Orreaga).[44] Antzeko 824ko batailaren ondorioz, Iruñeko jaurerri independentea sortu zen, Nafarroaren ernamuina, Eneko Enekoitz buruzagi nagusi zuela. Horretarako, Tuterako senide muladiak izan zituzten lagun, Banu Qasi izena hartu zutenak.[45]

 
"Erregearen Barga" urrunean, Peñalen: Antso IV.a Garzeitz erregea erail zuten lekua
 
Garesko zubia, Donejakueko bideen elkargune
 
Foruen zina Gernikan (1476), Mendietaren margolana

Hurrengo bi mendeen gehienean, Baskoniako dukerriak eta Iruñeko Erresumak (905etik) dinamika autonomo bat eraman zuten, eta Antso II.a Garzeitzen garaian Nafarroak eta Baskoniako dukerriak harremanak estutu zituzten.[46] Antso III.a Nagusiak, "baskoien erregeak", bere hedadura handienera eraman zuen Iruñeko Erresuma 1032tik 1035era.[47] Lurralde euskaldun guztiak biltzen zituen, beste hainbat lurralderekin batera.[47] 1076an, ordea, Iruñeko Erresumak utzi egin zion existitzeari, Gartzea IV.a Garzeitz senideek erail ondoren.[48] Ia urte berean, Donejakue bideko kolonizazioa hasi zen, Clunyko abadiak bultzaturik. Iruñean, arrotz frankoentzako burgu berriak sortu ziren. 1073. urterako, ordu arteko mozarabiar erritu kristaua ere baztertua izaten ari zen Araban, eta Erromako erritu berriak ordezkatu zuen.[49] Lapurdi eta Zuberoa Iruñeko Erresumaren inguruan hazi ziren.

1104tik 1134ra Alfontso Borrokalaria Iruñea eta Aragoiko erregeak hegoalderako zabalkunde handia hasi zuen, eta Ebro ibaira heldu: 1119an, Tutera andalustarra azpiratu zuen. Errege hori Lapurdi nafarrentzat berreskuratzen ahalegindu zen 1131n, Baionari urtebetez setioa jarriz Gilen X.a Akitaniakoaren kontra, baina ez zuen lortu hura hartzea.[50] 1152an, Baiona eta Lapurdi Plantagenet dinastiaren Gaskoinian sartuta geratu ziren, hiribildu hori merkataritza-hiri garrantzitsu bihurturik.[51] 1134an, ezegonkortasun aldi bat ireki zen, Iruñea-Aragoiko erregetza eskuratzeko. Antso Jakitunak lortu zuen Zelestino III.a aita santuak Antso erregetzat ofizialki aitortzea, almohadeekin neutraltasuna haustearen truke (1196ko martxoa), baina 1199-1201ean, Alfontso VIII.ak Nafarroa inbaditu zuen, eta euskal erresumak galdu egin zituen Gipuzkoa, Araba eta Durangaldea, Gaztelaren alde.[52] Nafarroa Behereko eskualdeek bat egin zuten 1178tik 1249ra Nafarroako Erresumarekin.

1234an, Nafarroako errege-erreginen leinuaren azkena izan zen, oinordekorik gabe geratzean, eta kanpoko dinastiak hasi ziren Nafarroan agintzen: Tibalt I.a Trobalaria.[53] Horrek gatazka harrotu zuen euskaldunen eta jatorri arrotzeko burgu eta agintarien artean. Ondorioz, 1276an, Iruñeko Nabarreria suntsitua izan zen.[53] Arku Atlantikoko itsas trafikoa sendotzen ari zen, bale ehiza eta salerosketa bereziki, eta Gaztelako erregeak euskal portuetara zihoazen bideak sendotu zituen, hiribildu gehiago sortuz (1256): Segura, Agurain, etab.[54] Jauntxo askok Al-Andaluseko gerretan parte hartu zuten eta, Euskal Herrira itzulita, bandoen arteko gerra piztu zen, bi taldetan: agaramontarrak eta beaumontarrak Nafarroan, eta oinaztarrak eta ganboatarrak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdin. Hortik, Gaztelako monarkak atera ziren sendotuta.[51] 1476an, Elisabet I.a eta Fernando Trastamarakoa errege-erreginak hitzarmen batera heldu ziren Gaztelaren peko euskaldunekin. Bitartean, errege horrek Nafarroako Erresuma de facto Gaztelaren protektoratu bihurtu zuen, eta hura erabat kontrolatzeko taktika politiko-militarrei ekin zien.[55] 1454an, Baiona Frantziako Koroaren eskuetan erori zen.

Aro Modernoa

 
Arrantzale euskaldun bat itsasontzian etzanda Ternuara bidean
 
Mirandaolako olagizonak lanean (egungo itxurapena)

Errege Katolikoen interbentzioaz, bandoen gerra amaitu zen, eta jauntxoen dorretxeen goialdeak moztu zituzten. 1512an, berriz, Fernando Trastamarakoak (Katolikoak) Nafarroako Erresuma inbaditzeko agindu zuen azkenean.[56] Altxamenduak izan baziren ere (Noaingo gudua, Amaiurko gudua), Gaztela garaile atera zen 1528 arte luzatu zen gerra ia etengabean. Cisnerosek erresumako gaztelu dorreak eraisteko agindu zuen (1516).[57] Erresumaren konkistari errepresio gogor batek jarraitu zion,[55] eta Nafarroako lehen "sorgin ehizak" hasi ziren (1525).[58] Henrike II.a nafar errege-erreginen premuak Pirinioez iparraldeko Nafarroako Erresuma independenteari eman zion hasiera, Bearnoko printzerriari lotua, Erromaren dogmei eta politikei aurkajarria, erreformista.[59] Hala ere, Nafarroa Garaiak ez zituen galdu bere ordu arteko erakundeak.

Bitartean, Gaztelako errege-erreginek eta, gero, Karlos V.a enperadoreak diruz lagundu zituzten hasieran Bidasoaz mendebaldeko euskal ontziolak. Burdinolen aurrerabide teknologikoak ere itsasontzigintza hauspotu zuen, eta Ipar Atlantikoko euskaldunen arrantza eta merkataritza bere gorenera heldu zen, Atlantikoko nagusi izateraino. Euskaldunek Ternuan baseak ezarri ere zituzten, bale ehiza eta bakailao arrantzaren epelean. Bitartean, euskaldun asko Karlos V.aren Ameriketako inperio berrira erbesteratzen hasi ziren bizitza hobe baten bila. Lehen garai honetan, Gaztelako Koroaren banderapean zenbait pertsonaia ezagun heldu ziren Ameriketara: Lope Agirre, Petri Urtsua, Juan Garai, Juan Zumarraga, etab. Fortuna hobearen bila joandako euskaldunek patata, artoa, indabak ekarri zituzten, besteak beste, demografia hazkundea sustatu zuena. Aldi berean, baserrien eraikuntzak ugaldu egin ziren. Aldiz, Ameriketarako kontratazio etxea Sevilla eta Cadizera aldatzeak eta erregeen gerrarako deiek (bertan behera uzten zituzten arrantza kanpainak, eta itsasontziak konfiskatzen), handiena Itsas Armada Garaiezina (1588), kinka batean jarri zuten euskal itsas jarduera Bidasoaz mendebaldera; koroak, gainera, zerga berriak ezarri zituen.

Lehia handia zen euskal portuen artean, Baiona, Donostia eta Bilbo bereziki, Gaztela eta Nafarroako (eta gutxiago Aragoiko) artile eta beste ondasun batzuen trafikoa itsasoratzeko. Donostiako Udalak bere diru kutxa hutsak betetzeko, zerga berriak ezarri zizkien porturatutako salgaiei, Aturri ibaia berriz hasi zen Baionan itsasoratzen eta, ondorioz, Nafarroako merkataritzaren trafiko nagusia Baionara bideratu zen. Bitartean, Joana Albretekoa erreginaren Nafarroak kultura eta politika dinamismo handiko estatu bihurtu zen, bi erresuma handiren artean kolokan; izan ere, Frantzia eta Gaztelako Koroek beren zentralizazio ahaleginak areagotu zituzten, foruen kontra talka eginez. 1620 Nafarroako Erresuma-Biarnoren azkena izan zen, Luis XII.a errege frantsesak, armada baten buruan, Pauen Nafarroa Frantziako lurraldeei lotzeko agindu zuenean. Bale ehizaren epelean, Lapurdik oparoaldia bizi zuen, idazlanen argitalpenean islatu zena. Henrike IV.ak (Nafarroako III.ak) Pierre de Lancre epailea bidali zuen "sorgin ehizara" bertara 1609an; jazarpenaren izua Zugarramurdira zabaldu zen ia berehala, ordurakoan Inkisizioaren eskutik. 1631tik 1634ra, berriz, Gatzaren Matxinada piztu zen Bizkaian, espekulazioaren kontra.

Koroak begiz jota baitzituen herri lurrak, jauntxoen artean banatuz, 1659an Matalaz horren kontra altxa zen Zuberoan. Hurrengo urtean, hura zapalduta, Frantziako eta Gaztelako Koroak Pirinioetako Hitzarmena sinatu zuten, Nafarroaren inguruko auzia itxiz. Europako erregeek sinatutako Utretchtko Ituna (1713) kaltegarria izan zen euskal marinelentzat eta handik gutxira, gainera, Filipe V.a Borboi erregeak aduanak Ebrotik Pirinioetara eta itsasora eramateko egindako ahaleginak matxinada piztu zuen 1718an. Aduanak, baina, Ebrora leheneratu ziren eta, lortutako hitzarmenaren ondorioz (1727), Caracasko Gipuzkoar Konpainia sortu zen, joera politiko-ekonomiko berrien haritik. Hurrengo urteetan, Ilustrazioa zabaldu zen Euskal Herrian, Uztaritzen adibidez, eta Euskalerrriaren Adiskideen Elkartea sortu zen (1765), Jesusen Konpainiaren kaltetan, 1766an kanporatua izan baitzen, urte bereko matxinadaren ostean. 1778an, berriz, Karlos III.ak emandako Merkataritza Libreko Erregelamenduak euskaldunen interesen kontra jokatu zuen, Ebroko aduanen inguruko tentsioaren erdian.

Aro Garaikidea

1789an Frantziar Iraultzak eragin erabatekoa izan zuen Ipar Euskal Herrian, haren asimilazio politikoa ekarri baitzuen. Hala Pirinioez iparraldera nola hegoaldera, estatu handien konstituzioen garaia hasi zen, baita Euskal Herriarentzako gerra aro luze eta lazgarri bat, Pio Barojak 1793tik 1876ra bitartean kokatzen duena. 1790ko departamenduen sorrerari, Pirinio Mendebaldeko Armadaren etorrerak jarraitu zion, eta izuaren hasiera, 1793ko otsailean Konbentzioaren Gerra piztu ondoren. Lapurdik bereziki pairatu zuen hura, jazarpen handi batez: askok hegoaldera muga pasa zuten, edo erbesteratu. Gerra giroan, foru aldundia Gipuzkoako Errepublika aldarrikatzera heldu zen. Manuel Godoy espainiar ministro ahalguztidunak Hego Euskal Herriko foruen kontra jo zuen, eta Basileako Bakea sinatu (1795). Godoyen planen kontra, Zamakolada altxamendua piztu zen Bilbon (1804). Frantsestean (1808tik aurrera), armada frantsesa Euskal Herrian zabaldu zen berriz ere; foruak eta gizarte egitura tradizionalak kolokan jarri ziren. 1812ko Cadizko Konstituzioak Euskal Herriko foruak laudatu zituen, baina espainiar nazio bakarraz hitz egiten zuen, eta foruak desegin beharraz.[60] 1813ko irailean, frantseste ia amaieran, Cadizko agintarien aliatuek, britainiar eta portugaldarrek, Donostia suntsitu zuten. Ipar Euskal Herrian, Kode Napoleonikoaren aplikazioak oinordekotza tradizionala eta herri lurren erabilera errotik aldatu zuen. Askok erbesterako bidea hartu zuten, Ameriketara. Lapurdik eta Ipar Euskal Herriak berezko dinamika bat izatetik estatu handi baten periferia izatera pasa ziren, eta eliteen turismorako atsedenleku: 1854tik aurrera, Baionara burdinbidea heltzearekin batera, Biarritz turismogune bihurtu zen eta bide bera jarraitu zuten Kanbok, Donibane Lohizunek, Hendaiak eta abarrek. Burdinbideak estatu frantses berriaren oinarriak ekarri zituen.

Napoleon Bonaparte Europan garaituta, Fernando VII.a "Espainietako Errege" izendatu zuten, absolutista berrezarri zuena, eta foruen aldekoa. Horrek euskaldunen babesa ekarri zion, Cadizko Konstituzioaren kontra. Inkisizioa berrezarri zen, eta ez zuen eragotzi neurri zentralizatzaile berriak ezartzea. Trafalgarko Guduaren ondoren, Espainiako Borboien armada suntsituta geratu zen, tartean zela Euskal Herriko gehiena. Bretainia Handia bilakatu zen Atlantikoaren jaun eta jabe eta, itsas azpiegitura hautsita, Ameriketako independentzia prozesua hasi zen. Filipinetako Errege Konpainia desegin egin zen 1830erako, lehia arazoek eta Espainiako Koroaren diru kutxa hutsetarako eman kredituek zamatuta. Burdinolak ezin ziren lehiatu gehiago Britainia Handiko industriaren aurrerapen teknologikoekin, baina kinka larri horretan, burgesia merkatariko elementu batzuek, adibidez, Jose Antonio Ybarrak, espekulaziotik ateratako irabaziak kapital bihurtu eta berrinbertitu zituzten, Bessemer prozesuan. 1842an, Santa Ana de Bolueta fabrika ireki zen. Ia aldi berean, aduanak Ebrotik Pirinio eta itsasora eraman ziren, Baldomero Esparterok armadaren buruan Gasteizen emandako aginduz.

Euskal herritarrak armatu egin ziren, kanpotar armaden gehiegikeriei eta liberal konstituzionalistei aurre egiteko. 1829an, azken Nafarroako Gorteak egin ziren. Handik gutxira, 1833ko urrian, Lehen Karlistaldia piztu zen, Fernando VII.aren oinordekoaren auzia piztu zenean. 1836an, Nafarroako Erresumako Aldundia desegin egin zen indarrez, eta probintziako aldundia ezarri zen, José Yanguas buru zuena. 1839an, Bergarako Hitzarmenak amaieran eman zion karlistaldiari. 1841eko udan, Foruak Eraldatzeko Legea ezarri zen Nafarroan, probintziako aldundiako hala onartuta, gobernuaren armadak Nafarroa okupatuta zuela. Artean, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak gorde egin zuten erregimen autonomo bat, Espainiako Konstituzioetan txertatuta (1837, 1844...). Probintzia horietan, herritarrek ez zuten zerbitzu militarra egingo eta eutsi egin zieten beren zerga bilketari. 1872an, baina, Bigarren Karlistaldia hasi zen Hego Euskal Herrian. Gerra gogorra eta higatzailea izan zen hau ere eta, amaitutakoan, Espainiako gobernuak bertan behera utzi zituen indarrean geratzen ziren foruen hondarrak. Gerra legea ezarri zen 1876an Hego Euskal Herrian, bi urtez. Trukean, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak Ekonomia Ituna eskuratu zuten 1878an, Fermin Lasalak eta Canovas del Castillok bultzatua. Hasieran, aldi baterako zen itun horrek arrakasta handia izan zuen, industria garapen handia eta irabaziak barra-barra ekarriz tokiko eliteentzat, eta formula errepikatu egin zen behin eta berriz. Espainiako merkatu gatibuak Bilbo Handiko industria garapena ekarri zuen, eta Espainiatik esku merke ugari erakarri. Euskaldunek, berriz, hamar milaka hartu zuten deserriko bidea, Ameriketara gehienetan. Hor kokatzen zen Jose Mari Iparragirre. Karlismoa indartsu hazi zen Hego Euskal Herrian.

Industriaren garapenarekin batera, demografia hazkundea izugarri hazi zen, bereziki Bilbo inguruan. Erdal etorkin horien baldintzak, berriz, oso eskasak ziren, eta berehala espainiar sindikatu sozialistak sortu ziren Bilbo inguruan, baita lehen greba orokorra deitu ere 1890ean. Nafarroan, Espainiako gobernuak alde bakarrez Nafarroako baldintza fiskalak aldatzeko egin zuen ahaleginaren ondorioz, foruen aldeko aldarri bihurtu ziren 1893an, Gamazada deitutako protestak harrotuz. Sabino Aranak hurbiletik jarraitu zituen Nafarroako gertakariak, baita elkartasuna agertu ere. Hurrengo urtean, Sanrokada izan zen Gernikan, eta 1895ean Eusko Alderdi Jeltzalea sortu zen. Bitartean, Hego Euskal Herriko lau aldundiek loturak ezarri zituzten elkarren interesak babesteko. 1914an, Lehen Mundu Gerrak Frantziako Iraultzak baino eragin handiagoa izan zuen euskal nortasunaren oinarrietan.[61] Alde batetik, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan «belaunaldi oso bat desagertu zen», Iñaki Egaña historialariak dioenez; bestetik, ipar euskal herritarrak frantsestu zituen, euskararen transmisioan etenaldi luze bat izan zen. Ez bakarrik gerraren ondorioz, baina euskaldun izatea zama gisa bizi izan zuten anitzek.[62][oh 10] Aldiz, gerrako ontzigintzaren eta altzairuzko produktuen esportazioei esker, ekonomiaren garapen handia izan zen Gipuzkoan eta Bilbo Handian. 1851n Urruñan Anton Abadiak bultzaturik hasitako Lore Jokoak beste lurraldeetara hedatu ziren XIX. mende amaiera baino lehen. Euskal abertzaletasuna Bizkaitik Gipuzkoa, Araba, eta Nafarroara hedatu zen, baita egindako hauteskundeetan sendotu ere. Hala ere, Sobiet Batasuna sortu eta langile mugimenduaren indarraren aurrean, Primo de Riverak diktadura ezarri zuen Hego Euskal Herrian 1923an, eta legez kanpo geratu ziren mugimendu ezkertiarrak eta euskal abertzaleak. 1930ean, ordea, Espainiako Monarkiaren krisia heldu zen, eta II. Errepublika aldarrikatu estatu horretan. Euskal kulturak pizkundea bizi izan zuen denbora batez. Bitartean, Ipar Euskal Herrian euskaldunak politika aukera kontserbadore eta katolikoen aldeko hautua egin zuten, Jean Ibarnegarai pilotari nafarra buru zutela. Hego Euskal Herrian ere, bi talde nagusi sortu ziren: batzuk euskal estatutu eta demokraziaren aldekoak eta besteak, berriz, kontra, faxismoari atxikiak.

1936ko uztailean, militarren eta karlisten estatu kolpea Espainiako Gerra Zibila bihurtu zen, 1937 arte euskal lurraldean. Ekonomia Ituna bertan behera geratu zen Gipuzkoan eta Bizkaian. Gerra eta gerraostea latzak izan ziren, eta Gernikako bonbardaketa bilakatu zen euskal herriaren pairamenaren ikur. 150.000 euskaldunek deserriko bidea hartu zuten, baita Eusko Jaurlaritzak ere. Mundu Gerraren amaierak ez zuen Franco diktadorea boteretik urrundu uste ez bezala, eta euskaldun asko etsipenak jota zeuden. Diktadoreak autarkia bat ezarri zuen Espainiarako, eta Gipuzkoa eta Bizkaiko industria sustatu; euskara eta, oro har, euskal kultura debekatuak izan ziren. Espainiako etorkin ugari etorrarazi zituen, asmo politiko eta ekonomiko batez. Errepresio gogorraren erdian, ETA erakundea sortu zen 1959an, erregimenaren kontrako ekintza zuzenaren aldekoa. 1968an eta hurrengo urteetan, salbuespen egoera ezarri zuen erregimenak. Kulturan, Gaur eta Ez Dok Amairu taldeak sortu ziren; Ipar Euskal Herrian, berriz, Enbata euskal mugimendu abertzalea. 1978an, berriz, Franco hil eta hauteskunde demokratikoen sistema ezarri zen, 1980an, Euskal Autonomia Erkidegoa sortu zen, baita ekonomia itunak berrezarri ere. Nafarroak Foru Hobekuntza erregimenaren bidea jarraitu zuen. Protesten eta ETAren erasoen indarrez, Lemoizko zentral nuklearra itxi zen. Industria astuna, aldi berean, birmoldatzen hasi zen, depresio giroan. Eusko Jaurlaritzak teknologia-berrikuntzaren eta IKTen alde egin zuen. Ikastolak ugaldu egin ziren, eta euskal hedabideek indarra hartzen joan ziren, tartean zela Euskaldunon Egunkaria.

Demografia

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko demografia»

2014an, euskal herritarren % 72,8 dira bertan jaioak. Kanpoan jaiotakoen arteko gehienak Frantzian eta Espainian sortu dira (% 18,6), eta beste tokiren batean jaio dira % 8,6.[63] 2019ko Gaindegiaren datuek azaleratu zutenez, Euskal Herriko biztanleen laurdena kanpoan jaioa da; are, Ipar Euskal Herrian, % 43 izatera heltzen dira. Hego Euskal Herrian, berriz, % 29 jaio dira herrialdetik kanpora.[64]

Bost biztanletik lauk (% 79k) erdara dute lehen hizkuntza. Horien artean % 74,1ek gaztelania edo frantsesa dute lehen hizkuntza, eta % 4,9k beste hizkuntzaren bat. Horien artean 34 hizkuntza antzeman dituzte inkesta egileek. Euskara lehen hizkuntza duten herritarrak % 15,6 dira, eta euskara eta beste bat edo beste batzuk % 4,6. Euskara edo gaztelania eta frantsesa ez den beste hizkuntza bat dakiten gehienek (% 85,2) erabiltzen dute hizkuntza hori senide edo herrikideekin. Beste % 9,9k erabili nahiko lukete. Euskal herritar gehienak eremu pribatuan norbere kultura mantentzeko eskubidearen aldekoak dira (% 93,2). Administrazioak kultura bat baino gehiago bultzatzearen aldekoak: % 64,2. Hezkuntza sisteman bertan bizi diren kolektiboen hizkuntzek eta kulturek toki bat izan beharko luketela % 56,3k babesten du. Euskal herritarren % 80,2k uste dute migratzaileei gaztelania eta frantsesa jakiteko eskatu behar zaiela. Askoz gutxiago dira, berriz, euskara jakin behar dutela diotenen portzentajea: % 53,2.[63]

Euskal Herrian identitate kolektibo nagusia euskal herritar eta espainiar edo frantziar sentitzen direnek osatutakoa da: % 33,2. Gertutik jarraitzen die euskal herritar bakarrik sentitzen direnek osatutako multzoak (% 28,6), eta atzerago dago soilik frantziar edo espainiar sentitzen direnek osatutako multzoa (% 10,6). Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) euskal herritarra identitate «erosoena» da. Nafarroa Garaian, nafar identitatea nagusia da (% 26,4). Ipar Euskal Herrian, gehienak frantziar eta euskal herritar sentitzen dira: % 53,6. Euskal Herriari buruz herritarrek duten pertzepzioan, % 45,2ren ustez, Euskal Herria zazpi herrialdez osatua da. Beste % 31,7ren ustez, berriz, EAEra mugatzen da.[63]

Euskal diaspora Euskal Herritik at bizi diren euskal herritarrek zein haien ondorengoek osatzen dute. Horietariko askok lotura berezia sentitzen dute euskaldunekiko edo Euskal Herriarekiko, diaspora honetako kide ugari hainbat belaunalditatik lurraldetik kanpo bizi badira ere. Euskal Herrian badaude mendeetan zehar sustraitu diren gutxiengoak, adibidez ijitoena.


Hiriak eta udalerriak

Euskal udalerririk zabalena Nafarroa Garaiko Baztan da, 377,2 km² baititu. Herrialdez herrialde, handienak hauek dira: Gasteiz (276,8 km²), Araban; Karrantza (137,7 km²), Bizkaian; Larraine (126,8 km²), Zuberoan; Oñati (108,2 km²), Gipuzkoan; Hazparne (77 km²), Lapurdin; eta Baigorri (69,4 km²), Nafarroa Beherean.

Bestela, hamar euskal hiri nagusiak hauek dira, biztanleen kopuruaren arabera ordenaturik:[65][66]

Hizkuntzak

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko hizkuntzak»
 
Euskaldun diren herritarren ehunekoak, udalerriaren arabera.

Euskal Herrian, euskara, gaztelania, frantsesa eta gaskoiera mintzatzen dira. Gaztelania eta frantsesa nagusi dira, lehena Hegoaldean eta bigarrena Iparraldean. Hala ere, gutxi gorabehera biztanleen herenak egiten du euskaraz. Gaskoia, aldiz, Baiona inguruan (BAB) eta Nafarroa Behereko iparraldeko ingurune batzuetan hitz egiten da, baina oso ahul dago[69][70]. Gainera, migrazioen eraginez, beste hainbat hizkuntza hitz egiten dira Euskal Herrian. Ahotsak proiektuak abiarazitako 101L egitasmoak[71] 100 hizkuntza ezberdin detektatu zituen Donostian[72]. Arabiera, errumaniera, wu txinera, amazighera edo wolofera ohiko hizkuntza dira euskal herritar askorentzat.

Euskararen ofizialtasun maila ezberdina da hiru lurraldeen arabera: Euskal Autonomia Erkidegoan, hiru probintzietan koofiziala da; Nafarroako Foru Erkidegoan, koofiziala «eremu euskaldun» delakoan baino ez, erdi ofiziala «eremu misto»an eta ez ofiziala «eremu erdaldun»ean; Ipar Euskal Herrian, ez du inolako ofizialtasun estatusik. Euskararen ezagutza handituz joan da Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroa Garaian, Ipar Euskal Herrian jaitsi den bitartean, bereziki biztanle gazteen artean[73]. Euskararen erabilera, bestalde, jaitsi da azken urteotan kalean egindako inkesten arabera[74].

Euskalkiak euskararen dialektoak dira. Sortzen lehena mendebalekoa izan zen, VIII. mendearen inguruan, Asturiasko erresumak Araba-Bizkaietan zuen eraginagatik segur aski; eta hurrengo mendeetan eratu ziren gainerako euskalkiak. Aurretik, euskarak batasun handia izan bide zuen tarte batez, Erromatar Inperioaren usteltzetik aurrera; aldi hartan sortu zen Koldo Mitxelenak proposatutako euskara batu zaharra, geroko euskalkien ama-hizkuntza. Geroztik, Euskal Herriak izandako zatiketa politikoen eraginez sortu ziren euskalkiak poliki-poliki bost sorgunetan.[75][76] 1960ko hamarkadaz geroztik, euskara batua sortzeak, euskaldunak alfabetatzeak eta euskaldunen arteko komunikazioa handitzeak bultzatuta, euskalkiak gero eta gertuago daude, gero eta elkarren antz handiagoa dute. Hala ere, gaur egungo eten nagusia jadanik ez dago (XX. mendearen bukaeraraino bezala) ekialdeko euskalkien eta mendebaldekoen artean, baizik eta Ipar Euskal Herrikoen eta Hego Euskal Herrikoen artean, estatuen arteko mugak eraginda.[77] Bestalde, Euskal Herriko ijitoak erromintxela izeneko romaniaren aldaeraz mintzatzen ziren, eta gaur egun arrasto batzuk geratzen dira oraindik.

Erlijioak

 
Joanes Leizarragaren Bibliaren Itun Berria euskarara ekarria. 1571. Joana III.a Albretekoa Nafarroako erreginak, kalbinismora konbertitu zelarik, bere gortean Elizaren erreformaren aldeko pentsalariei babesa eman zien.

Tradizionalki euskaldunak erromatar katolikoak izan dira gehienbat. XIX. mendean euskaldunak gizarte oso erlijioso gisa hartzen ziren, elizara maiz joaten zena. XX. mendeko azken urteetan elizara joateak behera egin du, Mendebaldeko Europako eremu gehienetan. Frantzisko Xabier, Mixel Garikoitz edo Ignazio Loiolakoa euskal jatorrikoak ziren. Lehenengoak kristautasuna Japoniaraino hedatu zuen, bigarrengoak Societas Sacratissimi Cordis Jesu Betharram sortu zuen eta azkenekoak Jesusen Lagundia. Fermin Lasuen bezalako frantziskotarrek Kaliforniara hainbat misio eraman zituzten, eta oraindik XX. mendean ohikoak izan dira euskal misiolariak.

XVI. mendean protestantismoak indarra izan zuen Nafar erresuman[78], bereziki Joana III.a Nafarroakoa erregina higanotearen agintaldian; berak emandako laguntza ekonomikoarekin euskaratu zen, 1571. urtean, Bibliaren Itun Berria. Henrike III.a Nafarroako erregek Frantziako koroa hartzearekin batera, protestantismoak galdu egin zuen Nafarroan eliteetatik zetorkion babesa.

Baionan komunitate judu garrantzitsua egon zen, bereziki espainiar eta portugaldar Inkisiziotik ihes egin zuten sefardiez osatua. Nafarroan, eta bereziki Tuteran judu zein musulman komunitate garrantzitsuak izan ziren Gaztelaren inbasioaren aurretik.

Gaur egun, katolizismoarekin batera badaude hainbat gutxiengoren erlijio komunitate, 2010ean EAEn bakarrik 214 egoitza zituztenak. Gutxiengoen artean sinesterik hedatuena kristau ebanjelikoena zen eta bigarrena Jehovaren Lekukoek osatzen zuten. Horien atzetik musulmanak, budistak, kristau ortodoxoak eta Zazpigarren eguneko eliza adbentista agertu ziren.[79] Katolizismoak indarra du gizartean, bereziki Nafarroan Opus Deiren eskutik[80] eta beste hainbat lekutan Jesusen Lagundiaren hezkuntza instituzioen bidez.

Gizakerrek 2006an egindako inkesta baten arabera, gaur egungo euskal herritarren artean %50,4ak Jainko batean sinisten du, erantzun zuten gainontzekoek euren burua agnostiko edo ateo gisa identifikatzen zuten bitartean. Herrialdeen artean, sinistun gutxien Araban zegoen (%43) eta gehien Ipar Euskal Herrian (%56,2). Gazteen artean erlijio eszeptizismoak gora egin du azken urteotan, 35 urtetik beherakoen artean soilik %36,2k esan zuen, 2006an, Jainkoan sinisten zuela[81]. 2012an egindako beste inkesta baten arabera, EAEko herritarren %58,6k euren burua Erromatar Eliza Katolikoaren barne sentitzen zuten, espainiar estatuko baxuena (Melilla kenduta). Ez sinistun gisa agertzen ziren EAEn %24,6 eta Nafarroan %22,2 eta EAEko %12,3 ateo gisa aurkezten ziren[82].

Familia-egitura

Osasuna

Politika

 
Euskal Herriko biztanleria, euskal nortasunarekiko atxikimendu ehunekoen arabera.

Euskal Herriko politikan hainbat dimentsiok hartzen dute parte. Alde batetik, munduko beste leku askotan bezala, ezker politiko eta eskuin politikoaren arteko eztabaida dago; bestetik, abertzaletasunaren eta ez-abertzaleen arteko bereizketa ere badago, abertzale askorentzat eusko abertzaletasunaren eta espainiar nazionalismo edo frantses nazionalismoaren arteko ardatza dena. Azken ardatz hau bereziki garrantzitsua da Hego Euskal Herrian. Nafarroa Garaian, gainera, euskalduntasuna ukatzen duten alderdiak ere badira, indar handikoak. Horrela, Euskal Herriko alderdi politikoak, eskuinean edo ezkerrean kokatzeaz gain, Euskal Herria egituratzeari edo naziotzat onartzeari buruzko ikuspegiaren arabera bereizten dira. Horrek alderdi anitzeko sistema politiko konplexua sortu du.

Eredu politiko honek sustrai sakonak ditu, egile batzuen arabera Karlistaldietan kokatzen direnak eta, edonola ere, foruzaletasunarekin lotuta daudenak[83]. Gerra horien ondoren sortutako ezinegonetik abiatu ziren bai kontzertu ekonomikoaren ideia[84], eta foruen galeratik abiatu zen ere euskal nazionalismoa. Aldi berean, industrializazioaren garaian sortutako klase diferentziak zein sortutako aldaketa demografikoak eragin handia izan zuen politikan. Bizkaian, bereziki[85], baina industrializazioaren guneetan modu zabalean ideia sozialisten eta komunisten errotzea sakona izan zen XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran. Langileen mugimendua Euskal Herrian indartsua izan zen, eta sortu berrian zen abertzaletasunak berarekin batera landu behar izan zuen proiektu sindikal bat[86]. Lehen Mundu Gerraren ostean Eusko Alderdi Jeltzaleak botere maila handia lortu zuen, eta Espainiako Bigarren Errepublikan jada sortu zen lehen Eusko Jaurlaritza, egoera dela eta indar abertzale zein ezkertiarrez osatua. Garai horretan sortu zen lehen alderdi ezkertiar eta abertzalea ere, EAE-ANV izenekoa.

Espainiako Gerra Zibilaren eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren, mugimendu politiko gehienak klandestinitatera pasa ziren Hego Euskal Herrian. 1950eko hamarkadaren amaieran antifrankismoa eta ezkerreko abertzaletasuna biltzen zituen Euskadi Ta Askatasuna sortu zen, hurrengo berrogeita hamar urtetan euskal politikan garrantzi handia izan zuen erakunde armatua. Bere magalean sortutako ezker abertzaleak pizkunde berri bat abiatu zuen, bereziki hizkuntzaren berreskurapenari eta independentzia aldarriari begira. Ipar Euskal Herrian ere mugimendu abertzalea indartu zen. Frankismoaren amaierarekin batera Espainiako trantsizioa eman zen, alderdien legeztapenarekin eta instituzioen berrezartzearekin. Urte horietan Hego Euskal Herria autonomia bakar batean biltzeko mugimendua izan zen, baina, azkenean, bitan zatitu zen Euskal Herriko hegoaldeko eremua. Zatiketa horrek eragin handia izan zuen hurrengo hamarkadetako politikan.

Euskal Autonomia Erkidegoan alderdi nagusia EAJ da, ezker independentista, azken urteotan EH Bildu alderdian biltzen dena, Gipuzkoan indartsua den bitartean. Bi familia abertzaleen artean baino, ohikoagoa da itunak eta elkarlana ematea EAJ eta PSE-EEren artean. Nafarroa Garaian, bestetik, UPN da alderdi nagusia, nahiz eta 2010eko hamarkadatik boterea galtzen joan den, gainontzeko alderdien arteko itunak direla eta. Ipar Euskal Herrian, 2010eko hamarkadatik aurrera, indar berezia egon da alderdi ia guztien artean erabaki marko propioak izateko. Hala jaio zen Euskal Hirigune Elkargoa 2017an. 2010eko hamarkadan ezker abertzaleak Euskal gatazkaren alde armatuarekin amaitzeko erabakia hartu zuen; ETA 2018an desegin zen[87]. Gatazka horren ondorioak euskal politikaren gai nagusietako bat dira, bereziki biktimen aitortza eta presoei dagokiona. Independentzia proiektu politikotzat duten alderdiek autodeterminazio eskubidea eskatzen dute, eta 2010eko hamarkadatik aurrera Gure Esku bezalako ekimenek erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazio jendetsuak egin dituzte.

Banaketa administratiboa

Espainiar administrazioaren pean daudenak:

Frantziar administrazioaren pean daudenak:

Gainera, Euskal Herriaren barruan Gaztela eta Leonek administratutako Trebiñuko konderria dago, eta Kantabriako administrazioak kudeatutako Villaverde Turtziozko herria.

Alderdi politikoak eta hauteskundeak

Lehen esan den bezala, Euskal Herrian alderdi politikoak bi ardatz ezberdinetan banatuta daude. Alde batetik ezker-eskuin ardatza dago eta, bestetik, abertzale-ez-abertzale ardatza[88]. Bien intersekzioan, zein bakoitzaren graduaren arabera, alderdi sistema korapilotsu bat dago. Gainera, alderdi batzuk Euskal Herri osoan existitzen badira ere, banaketa administratiboaren ondorioz ez daude alderdi berberak administrazio bakoitzean.

Ezker politikoaren esparruan hainbat alderdi egon dira historian zehar. Euskal Herria esparrutzat duten alderdien artean, Ezker Abertzalearen marka ezberdinek, tartean Herri Batasuna edo, beranduago, Sortu batez ere Hego Euskal Herrian izan dira aktibo, Ipar Euskal Herrian Abertzaleen Batasuna alderdiak esparru ideologiko antzekoa betetzen zuelarik. Gatazka armatuaren posizioarekiko kritiko Aralar existitu zen, eta ezker independentistaren baitan sartzen da ere EAJren eszisioa zen Eusko Alkartasuna alderdi sozialdemokrata. Beste alderdi batzuk burujabetza defendatu dute ezkerreko posizioetatik, adibidez Batzarrek edo Alternatibak. Gaur egun esparru zabal honetako ordezkari nagusia Euskal Herria Bildu koalizioa da Hego Euskal Herrian eta Euskal Herria Bai Ipar Euskal Herrian. Esparru honetan existitu diren hainbat alderdi ilegalak dira Espainian.

Ezkerrean ere, baina euren burua ez-abertzale edo Espainiako konstituzioaren aldeko gisa identifikatzen duen alderdi nagusia Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra da EAEn, ideologia sozioliberal-sozialdemokrata duena. Nafarroan Nafarroako Alderdi Sozialista eta Frantzian Frantziako Alderdi Sozialista dira mugimendu berdinaren ordezkariak. Euren ezkerrean kokatzen da Ezker Batua Berdeak eta Nafarroako Ezker Batua (Izquierda-Ezkerra), azken urteotan Elkarrekin Podemos gisa aurkeztu dena Ahal Dugurekin batera. Lehen aipatutako Batzarre ere esparru honen parte da, beste plataforma txikiago batzuekin batera. Alderdi honek indar berezia izan zuen aurkeztutako lehenengo hauteskundetan. Frantziar estatuan Liga Komunista Iraultzailea (Frantzia) (LCR) eta Les Verts du Pays Basque-Euskal Herriko Berdeak esparru ideologiko honetan daude ere eta Parti Communiste Français (PCF) alderdi komunista tradizionalagoa da.

Orokorrean, alderdi abertzaleen artean eskuin politikoak posizio zentristagoak ditu alderdi espainiarzaleen artean baino. Euzko Alderdi Jeltzalea Hego zein Ipar Euskal Herrian existitzen da, eta alderdi politiko hegemonikoa da Euskal Autonomia Erkidegoan. Ideologia demokristaua du, baina askotan jarrera liberalak edo sozialdemokratak ere defendatu izan ditu. Europako Parlamentuan Europarako Liberalen eta Demokraten Aliantza taldean kokatu izan da. Nafarroan Geroa Bai (GBai) marka erabiltzen du, lehendakaritzara ere iritsi zena 2015-2019 legegintzaldian. Lehenago Nafarroa Bai marka erabili zuen, ezker soberanistako beste alderdi batzuekin batera.

Espainia zein Frantzia ardatz duten zentro-eskuin eta eskuineko alderdien artean garrantzitsuenak Frantziako Demokraziaren aldeko Batasuna (UDF) alderdi demokristaua, Errepublikarrak (lehengo UMPtik datorrena) alderdi kontserbadore gaullista eta indartsua den Errepublika Martxan alderdia daude. Azken honek posizio europearzale neoliberalak defendatzen ditu eta Espainiako Herritarrak - Herritarron Alderdia (C's) alderdiaren pareko dira. Azken honek indar oso txikia du, baina Nafarroa Garaian lehen alderdia den Nafar Herriaren Batasuna (UPN) alderdiarekin batera aurkeztu zen koalizioan Navarra Suma izenpean azken hauteskundetan. Eurekin batera zegoen Alderdi Popularra (PP), Nafarroan indar txikia duena, eta EAEn gero eta garrantzi txikiagoa duena, baina Espainiako politikan alderdi nagusietako bat dena. Eskuin muturrari dagokionez, Front National (FN) alderdiak gune indartsu batzuk ditu Ipar Euskal Herrian baina Vox alderdiak oso indar txikia du Hego Euskal Herrian.

Ikurrak

Bandera

 
Ikurrina eta Nafarroako bandera, Zazpiak Bat armarriarekin, Udalbiltzaren batzarrean.

Ikurrina da Euskal Herriaren bandera erabiliena. Luis eta Sabin Aranak asmatu zuten, 1894an, Bizkaiko bandera izan zedin, baina laster zabaldu zen Euskal Herriaren banderatzat.[89] Gaur egun, EAEko bandera ofiziala da, Espainiakoarekin eta tokian tokikoekin batera.[90] Ipar Euskal Herrian ikurrina oso hedatuta dago, eta agintariek onartuta, baina Nafarroa Garaian egoera bestelakoa da: 2003an, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak Ikurren Legea onartu zuen, ikurrina toki publikoetatik kentzeko asmoz.

Euskal herritar batzuek, hala ere, Nafarroako bandera (kate horiak hondo gorrian)[91] lurralde osorako proposatzen dute. Beste batzuek, berriz, Arrano Beltza darabilte Euskal Herriaren bandera gisa.

Ereserkia

Ereserkiei dagokionez, gaur egun ez dago behar bezain onarpen zabala duen abestirik. Historikoki, Euskal Herritarren ereserkiaren papera bete duten zenbait kantu izan dira, molde batean edo bestean. Gernikako Arbola (Iparragirrek sortua eta XVIII. mendearen erdialdetik aurrera hedatu zena), San Ignazioren martxaren aldaera den Iñaki Deunaren Ereserkia (1932ko Aberri Egunean erabilia), Euzko Abendaren Ereserkia (XX. mendearen zati batean Euskal Herriari lotua baina 1983an EAEko ereserki ofizial denetik lurralde guztiak biltzeko ezegokitzat jo daitekeena) eta Eusko Gudariak (gerra zibilean frankisten kontrako gudariek kantatua eta gaur egun ezker abertzaleari lotua) lirateke nabarmenenak[92].

Beste ikur batzuk

 
Lauburua ohiko ikurra da euskal herriko tradizioan.

Armarritzat, aldiz, Zazpiak Bat delakoa oso zabalduta dago lurralde osoan. Udalbiltza erakundeak, adibidez, bere egin du.

Goiburuetan, armarriari loturik joan ohi den "Zazpiak Bat" gaur egun onarpen zabala duenetako bat da. Garaiaren arabera beste batzuk ere izan dute hedapena, Gernikako Arbola kantuaren "eman ta zabal zazu" (EHUk darabilena), jeltzaleen "jaungoikoa eta lege zaharra" edo foruzaleen "jainkoa eta foruak", adibidez. Nafarroako erreinuaren garaian, Obanosko Infanzoien biltzarretan latinezko Pro libertate patria, gens libera state lema zerabilten ("aberri askearen alde, jende librea"). Giro informalagoan "Gora gu ta gutarrak" ere entzun ohi da.

Beste ikur bat ere bada, aski hedatua eta euskaldunek beren ikurtzat jotzen dutena: lauburua edo antzinako euskal gurutzea[93]. Eguzki-lorea ere erabiltzen da batzuetan, antzinako sinesmenen adierazgarri.

Sistema legegilea

Sistema judiziala

Kanpo harremanak

Ekonomia

Lehen sektorea

Nekazaritza intentsiboa ari da nagusitzen Euskal Herrian, Abeltzantza bezala. Arrantzaren garrantzia duela guxi arte handia zen arren, jarduera horren gainbehera nabarmena izan da azken urteetan. Basogintzak ere badu presentzia. Azkenik, Bizkaiko meatzeen loraldia igarota, gaur egun Euskal Herriko meatzeak garrantzi txikikoak dira.

Industria

Bizkaia eta Gipuzkoan izan da tradizioz jardun industriala, eta horrela mantentzen da joera gaur egun ere. Beste probintzietan industriak ez du hainbeste jende hartzen, baina hala ere orokorrean garrantzi handiko jarduna da Euskal Herrian.

Zerbitzuak

Azken urteetan izugarri garatu den sektorea da. Batez ere hiriguneetan bildu dira zerbitzu nagusiak, administrazioari loturikoak.

Turismoa diru iturri nabarmena bihurtu da azken urteetan, batez ere kostaldeari dagokionez.

Zientzia eta teknologia

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea XVIII. mendean, Ilustrazio garaian sortu zen zientzia eta kultura erakunde bat izan zen, Xabier Munibe Peñafloridako kondeak eta Azkoitiko zalduntxoek eratu zutena. 1776. urtean Bergarako Errege Mintegia sortu zuten eta bertan ezarri ziren Euskal Herriko zientzia modernoaren oinarriak. Louis Proust kimikari frantsesa kontratatu zuten eta hark prestaturiko laborategi aurreratuan Elhuyar anaiek wolframioa aurkitu zuten 1783. urtean. XIX. mendean Anton Abadia esploratzaile, astronomo eta zientzilaria Frantziako Zientzia Akademiako lehendakaria izatera iritsi zen. Gaur egun ere badira zientzilari ezagunak Euskal Herrian, Pedro Miguel Etxenike, Jose Ramon Etxebarria edo Javier Armentia esate baterako.

Zientzia museoak ere ugari dira, Eureka! Zientzia Museoa, Abadia jauregia, Arabako Natura Zientzien museoa edota Iruñeko planetarioa adibidez. Zientzia ikerketak egiteko hainbat elkarte garrantzitsu ere badaude: Aranzadi Zientzia Elkartea, Elhuyar Fundazioa, DiPC, Biodonostia eta NanoGUNE besteak beste.

Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako Teknologia Parkeak eta Garaia Berrikuntza Guneak osatzen dute Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea.

Diru sarrerak, pobrezia eta aberastasuna

Azpiegiturak

Garraiobideak

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko garraio sarea»

Garraioen azpiegitura desorekatu xamarra da lurraldeen arabera. Oro har, sareak hobeki hornitzen ditu kostaldeko guneak, eta nafarroako hegoaldea eta iparraldeko barnekaldean gabeziak nabariagoak dira.

Errepideak

Bilbo-Behobia-Baiona autobideak lotzen ditu kostaldeko hiriak, Bilbo-Gasteiz-Burgos autobideak Bizkaia eta Araba arteko komunikazioa bideratzen du eta Iruñea-Irurtzun-Andoain-Donostia autobideak Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko harremanak errazten ditu.

Trenbideak

Madril-Hendaia/Hendaia-Paris burdinbidea da ardatz nagusia, eta horri loturik ageri dira besteak: Bilbo-Miranda-Castejon, Altsasu-Iruñea-Tutera eta Baiona-Donibane Garazi. Bide estuko burdinbide bat ere bada Baiona eta Bilbo artean.

Galduriko burdinbideak ere badira, Anglo-Vasco-Navarro trenbidea (Gasteiz eta Lizarra lotzen zituen), Bidasoako trena eta Urolako trena, adibidez.

Aireportuak

Bost aireportu dira Euskal Herrian. Miarritzekoa Lapurdin, Hondarribiakoa Gipuzkoan, Loiukoa Bizkaian, Forondakoa Araban eta Noaingoa Goi Nafarroan. Aipagarria da Euskal Herriko aire-trafikoaren gehiengo handia Bilboko eta Baionako aireportuetatik igarotzen dela.

Itsas-portuak

Portu anitz dira euskal herrian, baina hiru dira merkataritza portu handiak: Bilbokoa, Pasaiakoa eta Baionakoa.

Energia

Ura

Osasun-azpiegiturak

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko ospitaleak»

Arlo publikoan, zentro handien artean nabarmentzekoak dira Gurutzetako Ospitalea (Barakaldo) eta Donostia Ospitalea, biak ala biak Osakidetzakoak.

Bestela, erietxe pribaturik ezagunena, baita Euskal Herritik kanpo ere, Klinika Unibertsitarioa da, eta Iruñean dago.

Hezkuntza-azpiegiturak

Derrigorrezko hezkuntza

Bigarren hezkuntza

Unibertsitateak

Unibertsitateari dagokionez, Euskal Herriko Unibertsitatea da EAEko zentro publiko nagusia. Deustuko Unibertsitatea, ordea, pribatu nagusia da, Bizkaian batez ere. Gipuzkoan, Mondragon Unibertsitatea zentro pribatua da. Nafarroan, Unibertsitate publiko eta pribatua daude. Ipar Euskal Herrian Universite de Pau et Pays de l'Adour unibertsitateak kanpusak ditu BABen. Lurralde osorako, Udako Euskal Unibertsitateak irakasten du euskaraz, eta Euskal Unibertsitatea izeneko egitasmoak 2010eko hamarkadan guztiz euskaraz funtzionatuko duen goi mailako hezkuntza eman nahi du.

Hizkuntza Eskola Ofizialak, Musika Kontserbatorioak, Arte Eskolak

Hizkuntza Eskola Ofizialen arloan, Hegoaldeko eremuetan zentru ugari dira, guztiak tokiko administrazioaren menpe eta estatu mailako EEOOII (Escuelas Oficiales de Idiomas) sarean. Normalki irakasgai diren hizkuntzak tokiko eskolaren araberakoak dira[94], baina ohioenak euskara, ingelesa, frantsesa, alemana eta italiera izaten dira, eta gehienetan gaztelera (atzerriko hizkuntza gisa) eta beste batzuk ere bai. Hegoaldean honako eskola hauetara jo dezake HEO batean ikasi nahi duenak[95]:

  • Bizkaian: Barakaldoko HEO, Basauriko HEO, Bermoko HEO, Bilboko HEO, Durangoko HEO, Getxoko HEO, Santurtziko HEO eta Zallako HEO.
  • Gipuzkoan: Eibarko HEO, Irungo HEO, Ordiziako HEO, Donostiako HEO eta Tolosako HEO.
  • Araban: Gasteizko HEO.
  • Nafarroan: Iruñako HEO, Tuterako HEO eta Iruñako Urrutiko HEO.

Iparraldean ez dago administrazioari loturiko hizkuntza eskola ofizialik, baina akademia eta eskolek estatuaren dirulaguntzak ukan ditzakete.

Musika eskolei dagokienez, irakaskuntza zentro ugari dago Euskal Herrian zehar, baina gune nagusiak honakoak dira: Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioa, Bilboko Arriaga Kontserbatorioa, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioa, Baionako Maurice Ravel Kontserbatorioa eta Iruñeko Nafarroako Kontserbatorioa.

Helduen alfabetatze eta euskalduntzea

Kultura

Hezkuntza

Sakontzeko, irakurri: «Hezkuntza Euskal Herrian»

Euskal Herrian bi hezkuntza sistema ezberdin daude, Espainia eta Frantziakoa. Gainera Hego Euskal Herrian EAE eta Nafarroak hezkuntzaren gainean arauak sortzeko eskumena dute. Euskal Herri osoan ikastolak dira euskaraz irakasteko zentroak, nahiz eta Nafarroako Eskualde Euskaldunean eta Eskualde Mistoan, hala nola Euskal Autonomia Erkidegoan irakaskuntza publikoan ere euskara ikas daitekeen D ereduan.

B eredua eta gisa bereko eredu elebidunak badira hainbat ikastetxetan, adibidez Ipar Euskal Herriko Ikas-bi zentroetan. A ereduak gazteleraz ematen du irakaskuntza osoa, baina euskara ikasgai bat da. Eredu hau ofizialki Euskal Autonomia Erkidego osoan eta Nafarroa ia osoan har daiteke. G eredua ere existitzen da, non euskara ere ez den irakasgai bat. Eredu hau edo baliokide bat Trebiñun, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan eta Nafarroako Eskualde Ez-euskaldunean ematen da. G ereduaren oso antzekoa (eskaintzaren aldetik) dugu ere, EAEan, X eredua.

Curriculumari dagokionez, hezkuntza ezberdina ematen da Frantzian eta Espainian. Horrez gain Frantziako ikastetxeek %10a herriko gaietara moldatu ahal dute. Espainian berezko hizkuntza duten autonomia erkidegoek %55a finkatu ahal dute, nahiz eta guztiz ez den erabiltzen. EAEn gainera Euskal Autonomia Erkidegorako Euskal Curriculuma izeneko dekretua ere legezkoa da, Euskal Curriculuma eta Espainiako LOEren arteko nahaste bat da.

Literatura, filosofia eta arte bisualak

XVI. mendean Euskal literaturan, Bernart Etxepareren Linguae vasconum primitiae, (1545), liburua da inprimatu zen lehen liburua, eta XVI. mendekoak dira, baita, Joan Perez Lazarragakoren eskuizkribua, Leizarragaren Biblia (Itun Berriaren lehen euskarazko bertsioa), atsotitz bilduma batzuk (Garibairen bilduma, RS 1596, etab.] eta doktrinaren bat.

Baina ez dira XVI. mendeko testu horiek euskaraz dokumentatu diren testurik zaharrenak. (Ikus, esaterako, Mitxelenaren Textos Arcaicos Vascos eta Sarasolaren Contribución, balio literario handia ez, baina balio historiko-filologiko handia duten testu zaharren bildumak).

Euskal idazle klasikoen artean, aipagarri dira Axular XVII. mendean, Txomin Agirre eta Juan Antonio Mogel (XIX.ean) eta Gabriel Aresti, Xabier Lizardi eta Lauaxeta (XX.ean). Egile garaikiderik ospetsuena, aldiz, Bernardo Atxaga dugu, bere lanak hainbat hizkuntzatara itzulita argitaratu baitizkiote.

Euskal Herriko erdal literaturetan ere baditugu egile handien izenak. Gaztelaniaz idatzita famatu dira, esaterako, Felix Maria Samaniego, Miguel de Unamuno, Pio Baroja, Ignacio Aldekoa eta Gabriel Zelaia. Eta, hebreeraz, Benjamin Tuterakoa.

Bestela, herrialde mailan osorik hartzen duen liburu azoka eta literaturaren inguruko topagunea dugu urtero Durangoko Azoka. Maila txikiagoan Sarako Idazleen Biltzarra, Zarauzko Literaturia eta Eako poesia egunak ere baditugu aipagai.

Arte museoen artean, nazioarte mailan erreferente eta ikur nagusia Guggenheim Bilbao Museoa da. Bestela, Artium Museoa Gasteizen, Nafarroako museoa Iruñean, Tabakalera eraikina Donostian eta Bilboko Arte Eder Museoa aipagarriak dira.

Musika

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko musika»
 
Berri Txarrak, euskal musika talde arrakastatsuenetako bat.

Euskal Herriko musika anitza da eta hainbat hizkuntzatan egiten da. Musika klasikoari dagokionez, besteak beste Juan Crisostomo Arriaga (Los esclavos felices), Hilarion Eslaba, Aita Donostia, Jose Maria Usanditzaga (Mendi-Mendiyan), Jesus Guridi (Amaya, Diez melodias vascas eta El caserio) eta Francisco Escudero musikagile handiak eman ditu Euskal Herriak.

Bestela, Julian Gaiarre, Ainhoa Arteta eta Maria Bayo abeslariak mundu osoan dira ezagunak, bai eta Donostiako Orfeoia abesbatza ere. Arlo horretan, Juan Mari Beltran musikaria aditu handienetakoa da. Izan ere, Oiartzunen antolatu zuen Herri Musikaren Txokoa erreferentziazko tokia.

Musika tradizionalean hainbat instrumentu erabiltzen dira, hala nola alboka, panderoa, trikitia, txalaparta, txistua, txirula eta ttun-ttuna. Folk musikan ere badira nahiko ezagunak diren taldeak, Oskorri eta Tapia eta Leturia kasu. Azken urteetan gorakada nabarmena jaso du musika mota honek Kepa Junkera bezalako musikarien lana dela eta. 1970eko hamarkadan Ez Dok Amairu mugimenduari lotutako hainbat abeslari ere egon ziren, Mikel Laboa eta Benito Lertxundi kasu.

Musika garaikideari dagokionez, Euskal Rock Erradikalak garrantzi handia izan zuen eta oraindik ere badu. Musika estilo horretan, talde aipagarriak dira «Barricada», «Eskorbuto», «Hertzainak», «Kortatu», «La Polla Records» eta «RIP», besteak beste. Denboran geroagokoak eta estiloz zabalagoak dira «Berri Txarrak», «Betagarri», «Kuraia», Fermin Muguruza bera, «Negu Gorriak» eta «Zea Mays».

Zinema eta antzerkia

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko zinema» eta «Euskal Herriko antzerkia»

Euskal Herriko zineman erdaraz egiten da gehienbat. Euskarazko filmak gutxi dira, eta gehienak haurrentzat eginak. Azken urteotan, «Aupa Etxebeste!», «Kutsidazu bidea, Ixabel», «Eutsi!» , «Loreak», «Handia» eta «Errementari» izan dira euskal film luze aipagarrienetakoak.

Euskal Herriko zuzendarien artean, ezagunak dira Montxo Armendariz, Juanma Bajo Ulloa, Alex de la Iglesia, Julio Medem, Imanol Uribe, Jon Garaño, Jose Maria Goenaga eta Aitor Arregi besteak beste.

Kirolak

Futbola da Euskal Herrian jarraitzaile gehien dituen kirola, batez ere Hego Euskal Herrian. Azken urteetan bost talde aritu dira Espainiako lehen mailan jokatzen: Athletic, Real Sociedad, Alavés, Eibar eta Osasuna. Athletic eta Real Sociedaden arteko partidari euskal derbia deitzen zaio. Emakumeen futbol ligan Athletic da garaipen gehien dituen taldea. Ipar Euskal Herrian jarraitzaile gehien dituen kirola errugbia da. Biarritz Olympique eta Aviron Bayonnais Frantziako txapeldunak izan dira. Euskal Herriko saskibaloi talde garrantzitsuena Gasteizko Saski Baskonia da. Bost aldiz izan da Euroliga txapelketako "Final Fourrean" eta bitan finala jokatu du. Eskubaloi talde handiak ere izan dira Euskal Herrian, Bidasoa, San Antonio, Itxako eta Bera Bera izan dira talderik indartsuenak.

Euskal Herria munduko hainbat bazterretan famatua da Euskal Herrian sortutako pilota jokoa, batez ere zesta punta bertsioan. Frontoi ugari daude pilotan aritzeko eta hainbat enpresek kudeatzen dute, gaur egun, pilota profesionala. Herri kirolak abeltzaintza, nekazaritza, arrantza eta artisautza jardueretan oinarriturik Euskal Herrian antzinatik jokatu izan diren kirolak dira. Herri kirolen jatorria, izan ere, garai bateko lan jarduerak aisialdira bideratzea izan da. Abeltzain, nekazari, arrantzale nahiz artisauek ogibidez egin behar zituen lanak kirol bilakatu dira denborarekin, indartsuago, bizkorrago, trebeago... nor zen erakutsi nahian. Halakoak ditugu aizkora proba, traineru estropadak, harri zulaketa, sokatira edo harri jasotzea.

Txirrindularitzan, golfean eta Joko Olinpikoetan ere kirolari nabarmenak izan dira euskaldunen artean.

Euskal Herrian badago mugimendua selekzio ofizialak izateko mundu mailako konpetizioetan. Batez ere futbolean nabarmendu da azken urteetan Euskal Herriko selekzioaren aldeko lana, baina beste kirol batzuetan Euskal Herriak badu selekzio ofiziala, hala nola segalaritzan edo wushu-kungfuan.

Gastronomia

Sakontzeko, irakurri: «Euskal sukaldaritza» eta «Euskal Herriko ardoak»

Euskal Herria ezaguna da bere gastronomia dela eta. Restaurant aldizkariak 2008ko munduko 50 jatetxe onenen eginiko zerrendan, lau jatetxe euskaldun agertu ziren: Mugaritz (4. postuan), Arzak (8. postuan), Martin Berasategi (29. postuan) eta Etxebarri erretegia (44. postuan).[96]

Euskal Herrian 6 ardo izendapen berezi daude eta horietako bat, Nafarroako Ardoa, 5 azpizonaldetan banatzen da. Araban Errioxako Ardoa eta Arabako Txakolina ekoizten dira. Bizkaian Bizkaiko Txakolina eta Gipuzkoan Getariako Txakolina. Nafarroa Beherean Irulegiko Arnoa ekoizten da eta Nafarroa Garaian Errioxako Ardoa egiteaz gain Nafarroako Ardoaren bost eskualdeak daude: (Behe Mendialdea, Lizarraldea, Valdizarbe, Behe Erribera eta Goi Erribera).

Hedabideak

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko hedabideak»

Euskarazkoen artean, ETB 1 da lurralde osoan zabalduta dagoen telebista bakarra, eta tokian tokiko beste kate batzuk ere badaude. Irrati kateei dagokienez, Euskadi Irratia (informazio orokorra), Gaztea (musika), Gure Irratia (Ipar Euskal Herrian), Bizkaia Irratia (mendebaleko euskaraz) eta Euskalerria irratia (Nafarroan) ditugu.

Gaztelaniazko telebista nagusiak Telecinco, Antena 3, Televisión Española (bi kate), Cuatro, La Sexta eta ETB 2 dira. Radio Euskadi eta Radio Vitoria gaztelania hutsezko irratiak dira; Herri Irratia elebiduna eta Info7 hirueleduna. TF1, France 2, France 3, France 5, M6 eta Arte dira frantsesezkoak.

Egunkariei dagokienez, «Berria» da euskaraz eta Euskal Herri osoan argitaratzen den bakarra. «Gara» lurralde osoan ere hedatuta dago eta nagusiki gaztelaniaz egina da. Ipar Euskal Herrian, Le Journal du Pays Basque eta Sud Ouest ditugu. Probintziaz probintzia, hauexek dira irakurrienak: El Correo Español (Bizkaian eta Araban), El Diario Vasco (Gipuzkoan), Diario de Navarra (Nafarroan) eta Sud Ouest (Ipar Euskal Herrian).

Mitologia

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko mitologia»

Euskal mitologia Euskal Herriko lurraldeetako mitoen multzoa da. Bertan nahasturik antzematen dira eragin kristau zein paganoak.

Gainerako herri eta kulturen antzera euskal mitologia alegiazko kontakizun, antzinako balizko jainko edo heroien egintzetan edo egiazko gertaeretan oinarritzen da, gehienetan, izadiaren indarren edo giza izaeraren alderdien oihartzuna dakarrena.

Kondaira sinbolikoa, munduaren hasierako edo denbora historikotik kanpoko gertakari harrigarriren baten berri ematen du askotan. Antzinako jainko edo heroien ekintzetan edo egiazko gertaeretan oinarritzen dira alegiazko kontakizunak, jatorri ezezagunekoak eta herri baten tradiziozko pentsamendu kolektiboaren osagai direnak, naturaren indarrari edo giza izaeraren zenbait alderdiri buruzko ikuspegia eta sinesteak islatzen ditu.

Mitok sailka daitezke kondairaren esanahia edo berez duten mezuaren arabera: batzuk kosmosa edo lurraz kanpoko gaia dute, eta besteak, berriz, lurtarrak dira. Kristautasunaren sarrerak nabarmen eragin du euskal mitologiaren ahoz ahoko transmisioan. Oinarrizko kontzepzio metafisikoa bere horretan mantendu duten ohitura askotan ere Bibliako pertsonaien izen ordezkatzea ematen da: udako solstizioa = Donibane jaia (Done Ibane edo San Joan santuaren izenetik), jentilarri = Sansonarri, Salomon eta abar.

Euskal Herriko mitologiako pertsonaien, jainko-jainkosen, kondairen, sinesmenen eta abarren korpusa oso zabala da.

Onomastika

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko onomastika»

Onomastikaren arloan, aipagarria da euskal toponimia eta antroponimiaren arteko loturak, emakumezkoen izenen artean lurraldez lurralde hainbat adibide ditugularik. Nafarroa da herrialderik emankorrena esparru honetan, Leire, Iratxe, Idoia, Alaitz, Nagore, Saioa, Uxue, Eunate, Irantzu, Puy eta Orreaga izenekin. Ipar Euskal Herrikoak ditugu, bertzela, Ainhoa eta Garazi arrakastatsuak, eta Nafarroarekin batera Irati eta Zuberoa elkar banatzen ditu. Gipuzkoa ere emankorra da toponimoetatik etorritako izenei dagokienez eta Arantza(zu), Itziar, Olatz, Dorleta, Aloña eta Larraitz eman dizkigu. Azkenik, Bizkaiko Begoña, Udiarraga eta Ziortza eta Arabako Estibalitz ditugu.

Oharrak

  1. Ezein legetan ez da zehaztu, oraingoz, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburua zein den.
  2. «Gorago adierazi guztiaren argitan, Euskaltzaindiak, zazpi probintzia edo herrialdeen osotasuna adierazteko, Euskal Herria izenaren egokitasuna, zuzentasuna eta zehaztasuna berresten du, eta izen hori ez dela izate politiko administratibo konkretu baten baliokide. Aldi berean, gogorarazi nahi du mendez mendeko tradizio luzeari begirunea zor zaiola, eta inork eta ezerk ez du tradizio hori hausteko edo bere gogara aldatzeko eskubiderik. [...] Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Beherea eta Garaia) eta Zuberoa batera izendatzeko erabil bedi Euskal Herria izena.»
  3. «ezen moien hunez Iainkoaren hitz purak ukanen luela sartze eta abanzamendu Heuskal-herrian»

    «batbederak daki Heuskal Herrian kuasi etxe batetik berzera ere minzatzeko maneran zer diferentia eta dibersitatea den»

    «batez minzatzera erraiten da Heuskalerri guzian, gizonari, emazteari, haurrari: eta anhitzez minzatzera, Kuberoan eta aldirietan gizoner, emazter, haurer, eta berzetan, guk heuskarazko translatione hunetan usatu ukan dugun bezala gizonei, emaztei, haurrei, etc.»
  4. «beti zagie laudatu
    zegaiti dozun Euskel Erria
    ainbat bentajaz dotadu.
    [...]
    zegaiti Euskel Errian dira
    eder guztiok dotadu
    [...]
    zeñetan ditut ezautu
    Euskel Erriau oi nola eben
    errege batek pobladu.»

  5. «Miretsico duçue, aguian, nic, Euscal-Herrico ez-naicelaric, euscaraz esquiribatceco ausartciaren hartcea. [...] iduritcen çait hoben nuqueiela, eta are eçagutça gutitaco eta esquer-gabe içanen nincela, baldin Euscal-Herrian ikhassia Euscal-Herrico probetchutan emplegatu ez-panu. [...] ba-daquit Euscal-Herrian anhitz moldez minçatcen direla, eta nori bere herrico euscara çaicala hoberenic eta ederrenic. [...] Ordea ea Saraco euscara denz Euscal-Herrico hoberena eta garbiena, ez-naiz ni hartara sartcen, bat-bederac emanen du bere iduriric.»
  6. «Zeren anhitz moldez eta diferentki minzatzen baitira Euskal Herrian. Nafarroa garaian, Nafarroa beherean, Zuberoan, Laphurdin, Bizkaian, Gipuzkoan, Alaba-herrian, eta bertze anhitz lekhutan.»
  7. «Euskadi: Euskal nazioaren izen politikoa, Euskal Herria adierazten duena. Sabino Aranak euzko + di etimologia okerrean oinarrituta asmatu zuen. Berez, Euskal Herria hitzaren sinonimoa da eta euskal lurralde historiko guztiak batera adierazteko balio du. Alabaina, maiz samar, jatorrizko adiera murrizturik, Hego Euskal Herria edo Euskal Autonomi Elkartea izendatzeko erabili ohi da. Adiera desegoki hauek direla eta, Euskadiren jatorrizko adiera garbi azaldu nahi denean, Euskadi ez eta Euskal Herria erabiltzen da gaur egun gero eta gehiago.»[11]

    «Euskadi, abertzaleontzat, Euskal Herriari datxekion Euskal Estatua da. Euskadi Ta Askatasuna ez da inoiz izan Provincias Vascongadas y Libertad[12]
  8. «1. artikulua:
    »Euskal herriak, bere naziotasunaren adierazgarri eta autogobernua iristeko, Autonomia Erkidego gisa eratzen du bere burua Espainiako Estatuaren barruan, Euskadi zein Euskal Herria izenez, Konstituzioarekin eta oinarrizko erakunde-arau duen Estatutu honekin bat.»
  9. «2. artikulua:
    »[...] Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoek [...] osatuko dute Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren lurraldea; baita Nafarroakoak ere, baldin eta Konstituzioaren Aldibaterako Laugarren Xedapenean finkatutako jardunbideari jarraituz partaide izatea erabakitzen badu.»
  10. Gerra hark frantses sentiarazi zituen Ipar Euskal Herriko euskaldun gehienak. Anitzek desertore izateko bidea hautatu zuten; Nafarroako mugatik hurbil zirenek, bereziki. Baina gehienek gerra egin zuten, eta haiek biziki frantses itzuli ziren lubakietatik. Gainera, euskaldun anitz frantsesa ez jakiteagatik hil ziren, aginduak ez zituztelako ulertzen. Ondorioz, euskara jakitea «kaltegarria» zela pentsatu zuten. Horrek ere euskaldunen frantsestea erraztu zuen. Gauza bera jasan zuten bretainiarrek eta kortsikarrek ere.

Erreferentziak

  1. udalbiltza.eus «Udalbiltza» www.udalbiltza.eus . Noiz kontsultatua: 2018-02-16.
  2. Joanes Etxeberri, «Etxeberri Sarakoa»: Eskuararen hatsapenak (c. 1718)
  3. «Luis Michelena. Obras completas. V. Historia y geografía de la lengua vasca. Servicio Editorial de la Universidad del País Vasco (UPV/EHU)» web-argitalpena.adm.ehu.es . Noiz kontsultatua: 2019-11-07.
  4. Euskaltzaindia: 139. araua: Euskal Herria izena, 2004-07-23.
  5. Klasikoen Gordailua, 2005, Iesus Krist Gure Iaunaren Testamentu Berria. [Edizioa, grafia eguneratuta, online].
  6. Klasikoen Gordailua, 2004, Eskuizkribua. Joan Perez de Lazarraga. [Edizioa, grafia eguneratuta, online.]
  7. Materra, Esteve, 2015 [1617], Doctrina Christiana [PDF], in B. Ariztimuño et al. (arg.), Materra: edizioa eta azterketa (1.0), Vitoria-Gasteiz: UPV/EHU. Interneten eskuragarri: [1]
  8. Klasikoen Gordailua, 2005, Gero. [Edizioa, grafia eguneratuta, online.]
  9. Pérez-Nievas, Xabier Zabaltza «El significado oculto de la palabra Euzkadi» www.vianayborgia.es . Noiz kontsultatua: 2018-11-27.
  10. Mari., Torrealdai, Joan (1999) La censura de Franco y el tema vasco Fundación Kutxa ISBN 8471733498 PMC 907382169 . Noiz kontsultatua: 2018-11-27.
  11. «Euskadi» Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa . Noiz kontsultatua: 2018-11-27.
  12. Txillardegi (2010-10-03) Zientzia eta mapak Berria.
  13. [www.ivap.euskadi.eus/contenidos/informacion/legedia_euskaraz/eu_3818/adjuntos/Konstituzio-zuzenbidea/Euskal_Herriko_Autonomia_Estatutua.pdf Autonomia Estatutuaren testua] IVAP.
  14. «El término "Euskal Herria" en el decreto educativo de Ibarretxe "vulnera" la realidad de Navarra» Diario de Navarra 2010-02-04.
  15. Urrutia, Javi «Euskal Herriko Erdigunea (1.236 m)» https://www.mendikat.net . Noiz kontsultatua: 2018-11-27.
  16. Cuevas, J.; Aranguren, A.; Badillo, J. M.; Tubia, J. M. (1990) «Estudio estructural del sector central del Arco Vasco (Cuenca Vasco-Vantábrica)» Boletín Geológico y Minero (1): 3-18.
  17. (Ingelesez) Benoî, Petri,; t; Rodolphe, Lescoutre,; Gianreto, Manatschal,; Emmanuel, Masini,; Mü; Othmar, ntener, (2018-4) A crustal view on the pyrenean rift system: the Arzacq-Mauléon basins (W Pyrenees) . Noiz kontsultatua: 2018-11-28.
  18. (Ingelesez) «Relative motions of Africa, Iberia and Europe during Alpine orogeny» Tectonophysics (1-2): 117–129 2002-11-22 doi:10.1016/S0040-1951(02)00442-0 ISSN 0040-1951 . Noiz kontsultatua: 2018-11-28.
  19. (Ingelesez) Apellaniz, Estibaliz; Baceta, Juan Ignacio; Bernaola-Bilbao, Gilen; Nunez-Betelu, Koldo; Orue-Etxebarria, Xabier; Payros, Aitor; Pujalte, Victoriano; Robin, Eric et al. (1997-11-01) «Analysis of uppermost Cretaceous-lowermost Tertiary hemipelagic successions in the Basque Country (western Pyrenees); evidence for a sudden extinction of more than half planktic foraminifer species at the K/T boundary» Bulletin de la Société Géologique de France (6) ISSN 0037-9409 . Noiz kontsultatua: 2018-11-28.
  20. (Ingelesez) Hirst, J. P. P.; Nichols, G. J. «Thrust Tectonic Controls on Miocene Alluvial Distribution Patterns, Southern Pyrenees» Foreland Basins (Blackwell Publishing Ltd.): 247–258 doi:10.1002/9781444303810.ch13 ISBN 9781444303810 . Noiz kontsultatua: 2018-11-28.
  21. (Ingelesez) «Amphibians and reptiles from the Early Miocene of the Bardenas Reales of Navarre (Ebro Basin, Iberian Peninsula)» Geobios (3): 347–365 2002-05-01 doi:10.1016/S0016-6995(02)00031-1 ISSN 0016-6995 . Noiz kontsultatua: 2018-11-28.
  22. (Ingelesez) «Did the Ebro basin connect to the Mediterranean before the Messinian salinity crisis?» Geomorphology (1-2): 155–165 2006-11-20 doi:10.1016/j.geomorph.2006.04.004 ISSN 0169-555X . Noiz kontsultatua: 2018-11-28.
  23. Rosell, J. (1988). Ensayo de síntesis del Eoceno sudpirenaico: El fenómeno turbidítico. Rev. Soc. Geol. España, Márgenes continentales de la Península Ibérica, 1, 3-4.
  24. (Ingelesez) E., Lasheras Adot,; Marceliano, Lago San José,; J., García Bellés,; Enrique, Arranz, (1998) Emplazamiento de sills y diques del Pérmico superior en el Macizo de Cinco Villas (Pirineo Navarro) . Noiz kontsultatua: 2018-11-28.
  25. Estructura cortical y evolución tectónica alpina del borde oriental de la zona Vasco-Cantábrica . Noiz kontsultatua: 2018-11-28.
  26. (Gaztelaniaz) Nacional, Instituto Geográfico «Instituto Geográfico Nacional» Geoportal oficial del Instituto Geográfico Nacional de España . Noiz kontsultatua: 2018-11-28.
  27. (Ingelesez) M., Martínez Torres, Luis (1993) Corte balanceado de la Sierra Cantabria (cabalgamiento de la Cuenca Vasco-Cantábrica sobre la Cuenca del Ebro) . Noiz kontsultatua: 2018-11-28.
  28. Solís-Espallargas, Carmen (2018) «Inclusión del enfoque de género en la enseñanza de las ciencias mediante el estudio de biografías de mujeres científicas» Revista Eureka sobre enseñanza y divulgación de las ciencias. (3): 1–14 doi:10.25267/rev_eureka_ensen_divulg_cienc.2018.v15.i3.3602 ISSN 1697-011X . Noiz kontsultatua: 2018-11-28.
  29. Limits of Oceans and Seas, 3rd edition + corrections International Hydrographic Organization 42 or..
  30. (Frantsesez) Euskal kostaldea (Hondartzak eta irlak)
  31. Lobera, Joseba (2009-10-5) «Una pirámide sobre Navarra» El Correo.
  32. Euskal-Herria.org: Euskal Herriko mendiei buruzko webgunea.
  33. a b «Naturaren babesaren egoera Euskal Herrian - Zientzia.eus» zientzia.eus . Noiz kontsultatua: 2019-11-12.
  34. «Historian atzera baso bila - Zientzia.eus» zientzia.eus . Noiz kontsultatua: 2019-11-12.
  35. (Gaztelaniaz) Navarra: Hidrografía Auñamendi eusko entziklopedia . Noiz kontsultatua: 2010-10-22.
  36. Ebroko Konfederazio Hidrografikoa
  37. Sandre datu-basea: Adour
  38. Languages in prehistoric Europe Winter 2003 ISBN 3825314499 PMC 52271113 . Noiz kontsultatua: 2019-11-03.
  39. Lorrio, Alberto; Zapatero, Gonzalo (2005-02-01) «The Celts in Iberia: An Overview» e-Keltoi: Journal of Interdisciplinary Celtic Studies (1) ISSN 1540-4889 . Noiz kontsultatua: 2019-11-03.
  40. «Euskararen muga historikoak [Sareko Euskal Gramatika»] www.ehu.eus . Noiz kontsultatua: 2019-11-03.
  41. Nationalism, politics, and the practice of archaeology Cambridge University Press 1995 ISBN 0521480655 PMC 32012913 . Noiz kontsultatua: 2019-11-03.
  42. a b c (Ingelesez) Collins, Roger (1990) The Basques Basil Blackwell 82-98. or. ISBN 0-631--17565-2.
  43. Lopez de Luzuriaga, Iñaki (2016) Euskaldunak eta karolingiar iraultza: Akitania eta Baskonian barrena Udako Euskal Unibertsitatea 41-58. or. ISBN ISBN 978-84-8438-591-2.
  44. Lopez de Luzuriaga, Iñaki (2016) Euskaldunak eta karolingiar iraultza: Akitania eta Baskonian barrena Udako Euskal Unibertsitatea 85-120. or. ISBN 978-84-8438-591-2.
  45. Urzainki, Tomas (2004) «Antso III.a Nagusia eta Baskonia musulmana» Euskal Herria XI. mendean: Antso III.a Nagusiaren erregealdia (1004-1035) Nabarralde/Pamiela 123-135. or. ISBN 84-7681-413-5.
  46. Goyhenetche, Manex (2004) «Ipar Euskal Herria Antso Nagusiaren garaian» Euskal Herria XI. mendean: Antso III.a Nagusiaren erregealdia (1004-1035) Nabarralde/Pamiela 77-121. or. ISBN 84-7681-413-5.
  47. a b (Ingelesez) Collins, Roger (1990) The Basques Basil Blackwell 180-210. or. ISBN 0-631--17565-2.
  48. (Gaztelaniaz) Lacarra, Jose María (1975) Historia del Reino de Navarra en la Edad Media Caja de Ahorros de Navarra 65-74. or..
  49. (Gaztelaniaz) Micaela Portilla (1991). Una ruta europea. Por Álava, a Compostela. Del paso de San Adrián, al Ebro, Arabako Foru Aldundia. ISBN 84-7821-066-0. 218-219. or.
  50. (Gaztelaniaz) Orella Unzue, José Luis (2001) «Relaciones medievales entre Gascuña y Guipúzcoa: la diócesis de Pamplona y de Bayona» Azkoaga Eusko Ikaskuntza 93-212. or. ISBN 84-8419-934-7.
  51. a b (Ingelesez) Collins, Roger (1990) The Basques Basil Blackwell 211-254. or. ISBN 0-631-17565-2.
  52. (Gaztelaniaz) Lacarra, Jose María (1972) Historia política del Reino de Navarra desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla Aranzadi/Caja de Ahorros de Navzelearra 90-124. or..
  53. a b (Gaztelaniaz) Lacarra, Jose María (1972) Historia política del Reino de Navarra desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla Aranzadi/Caja de Ahorros de Navarra 125-230. or..
  54. (Gaztelaniaz) Micaela Portilla (1991). Una ruta europea. Por Álava, a Compostela. Del paso de San Adrián, al Ebro, Arabako Foru Aldundia. ISBN 84-7821-066-0. 13. or.
  55. a b (Gaztelaniaz) Monreal, Gregorio; Jimeno, Roldán (2012) Conquista e incorporación del reino de Navarra a Castilla Pamiela 9-24. or. ISBN 978-84-7681-736-0.
  56. (Gaztelaniaz) Esarte Muniain, Pedro (2001) Navarra, 1512-1530 Pamiela 61-144. or. ISBN 84-7681-340-6.
  57. (Gaztelaniaz) Esarte Muniain, Pedro (2001) Navarra, 1512-1530 Pamiela 320-342. or. ISBN 84-7681-340-6.
  58. (Gaztelaniaz) Esarte Muniain, Pedro (2001) Navarra, 1512-1530 Pamiela 686-716. or. ISBN 84-7681-340-6.
  59. (Gaztelaniaz) Urzainqui Mina, Tomas (2013) «La independencia de Navarra en los tratados internacionales, durante la Reforma europea del siglo XVI» La conquista de Navarra y la Reforma europea Pamiela 15-32. or..
  60. Agirreazkuenaga, Joseba (2012-03-18) «Onartu al zen Euskal Herrian?» Argia . Noiz kontsultatua: 2019-11-12.
  61. Iñaki EGAÑA: «Mort pour la patrie», Berria, 2011-11-06.
  62. Eneko BIDEGAIN: «Euskaldunak frantsestu zituen gerla», Berria, 2008-11-11.
  63. a b c Iñaki Petxarroman, «Euskal herritar ez ezik, espainiar edo frantziar ere sentitzen da gehiengoa», Berria, 2014-10-05
  64. Goikoetxea, Garikoitz «Lau herritarretik bat, kanpoan jaioa» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-08-06.
  65. (Gaztelaniaz) INEren webgune ofiziala.
  66. (Frantsesez) INSEEren webgune ofiziala.
  67. (Frantsesez) Institut national de la statistique et des études économiques: [2]. 2018.06.28
  68. (Gaztelaniaz) Instituto Nacional de Estadística: Cifras oficiales de población. 2016.01.01.
  69. Frank Dolosor: 'Bi milioi okzitaniar hiztun daude, baina sakabanatuak' . Noiz kontsultatua: 2019-11-13.
  70. Beloki, Ekhi Erremundegi «Indar berri baten xerka» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-11-13.
  71. «Hizkuntzak - 101L» 101l.ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2019-11-13.
  72. «101L - Euskal Herriko 101 ele - Ahotsak.eus» ahotsak.eus . Noiz kontsultatua: 2019-11-13.
  73. «Euskarak 223.000 hiztun irabazi ditu azken 25 urtean» Euskal Irrati Telebista . Noiz kontsultatua: 2019-11-13.
  74. Goikoetxea, Garikoitz «Euskararen erabilera jaitsi egin da kalean» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-11-13.
  75. «Araba euskararen lurralde peto-petoa», Euskaraba, 2010-02-25.
  76. Koldo Zuazo (2007), «Euskalkien jatorriaz eta bilakaeraz», Berria, 2007-12-09.
  77. Unai Brea: «Batuaren eraginez euskalkiak "gipuzkoartzen"», Argia, 2008-10-12.
  78. Olaizola Iguiñiz, Juan María de, 1921- ([1993]) Historia del protestantismo en el País Vasco : el Reino de Navarra en la encrucijada de su historia Pamiela ISBN 8476811330 PMC 39465115 . Noiz kontsultatua: 2019-11-08.
  79. Maruri, Ibai (2011-02-24) «Gutxiengoen erlijio komunitateek 214 egoitza dituzte EAEn» Berria.
  80. (Gaztelaniaz) ctxt «“Es el momento de que el Opus Dei aprenda a convivir con gobiernos de signo diferente”» ctxt.es | Contexto y Acción . Noiz kontsultatua: 2019-11-13.
  81. «Wayback Machine» web.archive.org 2011-07-28 . Noiz kontsultatua: 2019-11-13.
  82. «Interactivo: Creencias y prácticas religiosas en España» La Vanguardia . Noiz kontsultatua: 2019-11-13.
  83. Avila, Urko Apaolaza (2012-10-14) «Foruzaletasunaren abaroan» Argia . Noiz kontsultatua: 2019-11-04.
  84. «‘Kontzertismoa’, beste behin | Angelu itsua» www.argia.eus . Noiz kontsultatua: 2019-11-04.
  85. (Gaztelaniaz) García, Sara Hidalgo (2015) «Emociones socialistas en la huelga minera de 1890. La formación de la conciencia de clase y el giro emocional / Socialist Emotions during the Miner’ Strike of 1890. The Formation of Class Consciousness and the Emotional Turn» Historiografías: 31–48 doi:10.26754/ojs_historiografias/hrht.2015102389 ISSN 2174-4289 . Noiz kontsultatua: 2019-11-04.
  86. Ansel, Dario 1979- (2011) ELA en la Segunda República : "evolución sindicalista" de una organización obrera (1ª ed. de Txalaparta. argitaraldia) Txalaparta ISBN 9788481364828 PMC 796299027 . Noiz kontsultatua: 2019-11-04.
  87. Geneva, Enekoitz Esnaola- «Ofiziala da: bukatu du ETAk» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-11-04.
  88. Albertos, J. F. (2002) «Votar en dos dimensiones: el precio del nacionalismo y la ideología en el comportamiento electoral vasco, 1993-2001» Revista Española de Ciencia Política (6): 153-181.
  89. (Gaztelaniaz) Arana, Luis (1930) Las banderas de los ex-Estados históricos vascos o regiones autónomas Apuntes para la historia del nacionalismo vasco.
  90. (Ingelesez) Flags of the World Basque Country (Spain).
  91. Menendez Pidal, Faustino; Martínez de Aguirre, Javier (2000) «Para saber más». El Escudo de Armas de Navarra Nafarroako Gobernua ISBN 84-235-2016-1.
  92. Esparza Libar, Andoni, «Euskal Herriak ez du himnorik» (pdf), Berria, . Noiz kontsultatua: 2019-11-09.
  93. Auñamendi Eusko Entziklopedia Lauburua.
  94. (Gaztelaniaz) Información general de las enseñanzas de idiomas, . Noiz kontsultatua: 2019-11-10.
  95. «Komunitateak», eoip.educacion.navarra.es, . Noiz kontsultatua: 2019-11-10.
  96. World's 50 Best Restaurants

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: euskal herria .

Koordenatuak: 42° 52′ 56″ N, 1° 55′ 2″ W / 42.88222°N,1.91722°W / 42.88222; -1.91722