Klima mediterraneo

Uda eguzkitsu, bero eta lehorrak eta negu epel eta euritsuak izan ohi dituen klima-mota; neguko prezipitazioak, maiz, ekaitz-forman izaten dira

Klima mediterraneoa Mediterraneo itsasoaren inguruko lurralde gehienetako berezko klima da. Uda bero eta lehorrak izaten dira eta negu epel eta hezeak. Munduko bost eskualdek daukate horrelako klima: Mediterraneoko arroa, Kaliforniako itsasaldea, Mendebaldeko eta Hegoaldeko Australia, Hego Afrikako hegomendebaldea eta Txileko erdialdea. Köppen-Geiger sailkapenean bi subtipo bereizten dira: Klima mediterraneoa, uda beroekin (Csa) eta Klima mediterraneoa, uda freskoekin (Csb).

     Klima mediterraneoa duten eskualdeak

Ezaugarriak

aldatu

Klima mediterraneoa duten eskualdeetan udak bero eta lehorrak izaten dira eta neguak epel, edo hotzak, eta hezeak. Eskualde hauetako bakoitzarekin antizikloi azpitropikal bana dago loturik: Azoreetakoa, Hego Atlantikokoa, Ipar Pazifikokoa, Hego Pazifikokoa eta Indikokoa. Udan antizikloiak, ozeanoen gainetik, poloetarantz higitzen dira, zeru oskarbiak eta tenperatura altuak ekarriz. Neguan, berriz, antizikloiak ekuatorerantz mugitzen dira eta eskualde horiek prezipitazioak ekartzen dituzten fronte-depresioen eraginpean gelditzen dira.

Köppen klima sailkapena

aldatu
 
Cagliariko (Sardinia, Italia) klimograma. Csa klima.

Köppen klima sailkapenean Klima mediterraneoak, "Uda lehorreko klima azpitropikalak" ere deituak, Csa eta Csb kodeekin definitzen dira[1]:

  • C hizkiak klima epel euritsua dela adierazten du. Hilabete beroeneko batez besteko tenperatura 10 °C-tik gorakoa da, eta hilabete hotzenekoa -3 °C eta 18 °C artekoa (0 °C eta 18 °C artekoa beste klimatologo batzuen arabera).
  • s hizkiak uda lehorra dela adierazten du. Udako hilabete lehorreneko prezipitazioa 30 mm-tik beherakoa da (40 mm-tik beherakoa beste klimatologo batzuen arabera) eta hilabete hezeeneko prezipitazioaren herena baino txikiagoa.
  • Hirugarren hizkiak udako tenperaturari erreferentzia egiten dio:
    • a: Azpitropikala. Uda beroa da. Hilabete beroeneko batez besteko tenperatura 22 °C-tik gorakoa da. Urteko lau hilabete edo gehiagotan batez besteko tenperatura 10 °C-tik gorakoa da.
    • b: Epela. Uda leuna da. Hilabete beroeneko batez besteko tenperatura 22 °C-tik beherakoa da. Urteko lau hilabete edo gehiagotan batez besteko tenperatura 10 °C-tik gorakoa da.

Sailkapen honen arabera klima ozeanikoko, eta ez mediterraneoko, lurralde batzuek (Ipar Amerikako iparmendebaldeko itsasaldea, Txileko hegoaldearen gehiena, Argentinako erdi-mendebaldea, Portugalgo iparraldea eta Espainiako iparmendebaldea) Csbren eskakikunak betetzen dituzte. Hori dela eta, Trewarthak zenbait aldaketa egin zituen Köppen klima sailkapenean eta beste bi baldintza ezarri zituen Cs klimentzat:

  • Urteko zortzi hilabete edo gehiagotan batez besteko tenperatura 10 °C-tik gorakoa izan behar da.
  • Urteko pilatutako prezipitazioa 900 mm baino txikiagoa izan behar da.

Erreferentziak

aldatu
  1. Peel, M. C. and Finlayson, B. L. and McMahon, T. A.. (2007). Updated world map of the Köppen–Geiger climate classification. 11, 1633–1644 or. ISSN 1027-5606.. (direct: Final Revised Paper)

Kanpo estekak

aldatu