Golfa edo kali jokoa pilota txiki bati ahalik eta kolpe gutxien emanez hainbat zulotako zirkuitua osatzean datzan kirola da. Jokalariei golflari deritze.

Tiger Woods jokoan.

Pilota joku gehienek ez bezala, ez du, eta ezin du joko eremu estandarizaturik erabili, eta zelai bakoitzak dituen lur-eremu bereziei aurre egitea jokoaren funtsezko zatia da. Ibilbideek, normalean, 18 edo 9 zulo izaten dituzte, bakoitzak zulo bat duen lur-eremuak, pilota jasoko duen zuloa. Ibilbideko zulo bakoitzak, hasteko, tee deritzan irteera leku bat du, eta zuloa daukan eremu berde bat (green). Hainbat lur mota estandar daude teeren eta greenen artean, hala nola kalea, sasitza (belar handia) eta hainbat oztopo: ura, harkaitzak edo hondarrez betetako bunkerrak. Kale bakoitzak zulo bakarra du, bere kokapen zehatzean.

Partidak bi modutara joka daitezke: jokalari batek zulo guztiak kolpe kopuru txikiena emanez lortzea, stroke play edo kolpekako joko izenaz ezagutzen dena, edo, jokalari edo talde batek egindako txandan, osoko zulo indibidualenetan puntuazio baxuena lortzea, match play edo partida-jokoa deritzona. Maila guztietako formatu ohikoena stroke play da, batez ere eliteari dagokionez.

Joko modernoa Eskozian sortu zen XV. mendean. Hemezorti zulotako ibilbidea St Andrewsko Zelai Zaharrean sortu zen 1764an. Lehen txapelketa nagusia —munduko golf txapelketa zaharrena ere bada— The Open Championship da, British Open izenaz ere ezaguna, lehen aldiz 1860an Ayrshireko (Eskozia) Prestwick Golf Klubean jokatu zena. Gizonezkoen golf profesionaleko lau txapelketa handietako bat da; beste hirurak Estatu Batuetan jokatzen dira: Mastersa, AEBetako Irekia eta PGA txapelketa.

Jatorria eta historia

aldatu
 
Ming Dinastiako Xuande Enperadorea chuiwan jokoa.

Jokoari buruzko lehen berria XV. mendekoa da, Edinburgon (Eskozia) jokatutako partida batena. Eskozian, artzainek harri biribilak kolpatzen zituzten makila batez helmuga bateraino heldu arte. Geroxeago arauak ezarriz joan ziren.

Hasieran, golfak estatus sozial eta ekonomiko ezberdineko jendea elkarrekin jokatzea lortu zuen. Idatziz jasotako lehenengo partidan, Galesko Printzeak eta John Paterson zapatariak jokatu zuten 1682 urtean.

1744an, Eskozian, lehen golflari-elkartea sortu zen eta, 1745an, golf arautegia Erresuma Batuan. XVIII. mendean zehar, lehen elkarteak eratu ziren: Edinburgh Golfers (1744) eta St. Andrews Society of Golfers (1754)

Historialari batzuek[1] erromatarren paganika jokoarekin alderatzen dute: hor, parte-hartzaileek makila konkortua erabiltzen zuten lumaz betetako larruzko pilota bat jotzeko. Teoria batek dio paganika Europa osoan hedatu zela erromatarrek kontinentearen zatirik handiena konkistatu zutenean, K.a. I. mendean, eta, azkenean, joko modernora garatu zela[2].

Beste batzuek, berriz, chuiwan (txineraz 捶丸: chui k jo esan nahi du, eta wan pilota txikia)[3] aipatzen dute arbaso gisa, VIII. eta XIV. mendeen artean jokatutako joko txinatarra[4]. Youqiu artistak 1368an egindako Udazkeneko oturuntza izeneko Ming dinastiaren pergamino batek erakusten du Txinako gorte inperialeko kide bat golf makil bat dirudiena pilota txiki batean kulunkatzen, zulo batean hondoratzeko asmoz. Jokoa, Europan, Erdi Aroan sartu zela uste da[5].

 
MacDonald gazteak golfean aritzen, William Mosman-i egotzia. XVIII. mendea, Eskoziako Galeria Nazionala.

Golf modernoaren antza zuen beste joko goiztiar bati Ingalaterran cambuca eta Frantzian chambot esaten zitzaion[5]. Beste jatorri bat Persiako antzinako txowkan jokoa izan liteke, baina poloaren antza handiagoa du. Gainera, kolven jokoa (pilota eta makil kurbatuak erabiltzen duena) Loenenen (Herbehereak) urtero jokatzen zen 1297z geroztik, urtebete lehenago Floris V.aren hiltzailearen harrapaketa ospatzeko.

Joko modernoa Eskozian sortu zen: golfaren lehen erregistro idatzia James II.ak jokoa debekatzeari buruzkoa izan zen, 1457an, arku-tiroa ikasteko dibertimendu desegokitzat hartzen baitzuen[6]. Santiago IV.ak 1502an kendu zuen debekua, golflari bihurtu zenean eta, 1503 eta 1504an, lehen aldiz erregistratu ziren makilak: «jokatzen zuen erregeari golf makilak eta pilotak egiteko»[7]. Golflari askok St Andrewsko Antzinako Zelaia, 1574 baino lehenagoko lotura-ibilbidea, erromesaldi lekutzat hartzen dute[8]. 1764an, 18 zulotako golf-zelai estandarra sortu zen St Andrewsen, kideek zelaia 22 zulotatik 18tara aldatu zutenean[9]. 1672ko martxoaren 2an, golfa Musselburgh Linsen (Ekialdeko Lothian, Eskozia) jokatzen zela egiaztatuta dago, Errekorren Guinness Liburuak munduko golf zelairik zaharrena gisan aurkezten baitu[10][11]. Arau zaharrenak 1744ko martxoan bildu ziren Company of Gentlemen Golfers elkartearentzat, geroago The Honourable Company of Edinburgh Golfers izena hartu zuena: hura Leith hirian (Eskozia) jokatu zen[12]. Munduko golf txapelketarik zaharrena eta golfeko lehen txapelketa nagusia The Open Championship da, lehen aldiz 1860ko urriaren 17an Ayrshireko Prestwick Golf Clubean jokatu eta golflari eskoziarrek irabazi zutena[13]. Dunfermlineko bi eskoziarrek, John Reidek eta Robert Lockhartek, kirola lehen aldiz erakutsi zuten AEBetan, 1888an baratze batean zulo bat eginez, Reidek AEBetako lehen golf kluba sortzean: Saint Andrew's Golf Club, Yonkersen, New Yorken[14].

Zelaia

aldatu
 
Golf zelaiaren ibilbidearen aire ikuspegia, Wittenbeck, Mecklenburg, Alemania
 
Tammer Golf ibilbidea, Tampere, Finlandia
 
Golf lehiaketa Lasarten (1931).

Golfa aire librean eta soropil gainean praktikatzen da. Beste hainbeste kirol ez bezala, ez du jokalekuari buruzko azalera estandarrik. Zelaia, beraz, azalera zabal eta 9-18 zulo bitarteko ibilbidez osatua da. Ibilbide bakoitzaren amaieran, jokalariak pilota zulo banatan sartu behar du, ahalik eta kolpe gutxien emanez. Orokorrean, zuloak ibilbideko ordenaren araberako izena hartzen du: lehena, bigarrena, hirugarrena eta abar. Batzuetan, zuloak izen komertzial, pertsonen omenean edo zuloaren ezaugarriengatik (zailtasuna, diseinua, ondoko loreak...) izendatzen dira.

Eskoziako lehen golf zelaiak lotura-lurretan (links land) zeuden nagusiki, lurrez estalitako hareazko dunetan hondartzetatik zuzenean barnealderantz. Links hitza eskoziar hizkuntzatik eta antzinako ingelesezko hlinc hitzetik ("gorantz doan lurra", "gandorra") eratorria da: tradizioz, kostaldeko hareazko dunak dira, baina, batzuetan, parke irekiak[15]. Horrek golf-links terminoa sortu zuen, bereziki itsasertzeko zelaiei eta, berez, lur hareatsuetan eraikitakoei ematen zaiena[16].

Estatu Batuetako 18 zulotako lehen golf zelaia Downers Groveko (Illinois) ardi haztegi batean irekitakoa izan zen, 1892an[17].

 
1: tee gunea, 2: ur oztopoa, 3: harritsua, 4: mugak, 5: oztopoa, hareazko bunkerra, 6: ur oztopoa, 7: belardia, 8: berdea (green), 9: banderatxoa, 10: zuloa

Zelaiak, orokorrean, bi kategoria nagusitan sailkatzen dira:

  • Zelai profesionala: USGAren (United States Golf Association) araberakoa. 18 zuloren arteko ibilbideek, irteeratik hasita, 7.000 yarda (6.400,80 metro) luze izan behar dute, gutxienez.
  • Zelai turistikoa: 7.000 yardatik beherakoak.

Irteerak

aldatu

Lehen zuloa jokatzen hasteko, jokalariak gune txiki horizontal eta belar laburreko batean jartzen dira: tee gunea izena du (ingelesezko tee box hitzetatik dator). Kolpe txarra joz gero, berriz egin dezakete. Zenbait zelaitako irteera kolore ezberdinetako burdina barra batekin markatzen da, jokoa adinaren eta sexuaren arabera ordenatzeko. Adibidez, barra gorria emakume eta umeentzat erabiltzen da, eta horia, gizonezkoentzat. Barra gorria zulotik horia baino hurbilago dago: hala ere, irizpide hori ez da zelai guztietan betetzen.

Lehen irteeran, tee deritzon euskarria tee gunean kokatzen da eta, gainean, pilota jartzen da. Teeari esker, pilota lurra baino pittin bat altuago dago, eta lehen kolpea eraginkorragoa izatea lortzen da.

Irteeratik zulorainoko espazioak dira eta bi azalera mota dituzte:

  • Zelaia: Belarra ongi moztutako eremua da, eta jokalariek erraztasunez, kolpatzeko aukera duten lekua.
  • Sasitza: Belar altuagoa duen gunea da, kolpea zailtzen duena.

Jokalariak, normalean, zelaian ibiltzen saiatzen dira.

Kaleen alboetan, bestelako oztopoak egoten dira inoiz, esaterako, bunkerrak (hareaz eta belarrez betetako eremuak) eta urmaelak. Zuhaitzak eta harriak ere oztopo natural bihur daitezke.

Berdegunea

aldatu

Zuloa berdegunean (green ingelesez) dago. Eremu horretan, belarra oso ongi ebakita dago eta zorua ia erabat laua mantendutzen da, baina ondulazio batzuk ditu, pilotaren ibilbide zuzena aldatzeko eta, horrela, jokoa zailtzeko. Zuloaren posizioa bandera batez erakusten da.

Jokalariek lurrean sortutako edozein kalte konpondu behar dute eta, horretarako, tresna berezi bat erabiltzen dute.

Zelaiako parrak

aldatu

Golf zelaietan, hiru, lau eta bost kolpetan egin daitezkeen ibilbideak daude, hurrenez hurren par hiru, par lau eta par bost izendatzen direnak. Parra kalearen luzeraren arabera zehazten da:

  • Par 3: 91 eta 224 metro artekoak (100 eta 250 yarda artekoak).
  • Par 4: 225 eta 434 metro artekoak (251 eta 475 yarda artekoak).
  • Par 5: 435 eta 630 metro artekoak (476 eta 690 yarda artekoa).

Zuloa par hirukoa bada, jokalariak, normalean, berdegunera kolpe batekin heldu behar du; aldiz, par lau edo bostekoa bada, pilota indarrez jaurti beharko du behin edo bi aldiz gehiago. Jokalariak, gutxienez, zelaiak markatzen dituen par besteko kolpetan sartu behar du pilota zuloan. Parra hobetu eta zuloa osatzeko kolpe bat gutxiago egiten badu, birdiea ("txoritxoa") egin duela esaten da; bi kolpe gutxiago behar izan baditu, eaglea ("arranoa"); hiru badira, double eagle (albatros), eta lau kolpe gutxiagotan egiten badu, condorra ("kondorra"). Zuloa osatzeko parrak markatzen duen kopurua baino kolpe gehiago erabiltzen badu, berriz, bogey, double bogey, edo triple bogey egiten da, hurrenez hrren.

Jokalariak pilota kolpe bakar batean zulora sartzen badu, zuloa batean egin duela esaten da.

Swinga

aldatu

Adituen arabera, swinga egitean ("pendulu" edo "oszilazio") 124 muskulu mugitu eta koordinatu behar dira (guztira 424tik). Horregatik, jokoaren aurretik, beroketa-ariketak egitea komeni da: alboko eta saihetsetako luzaketa, sorbaldak eta bizepsak, eskumuturrak eta besaurreak, ukondoaren tendoiak, etab.

Jokalariak tente baina erlaxatuta egon behar du pilotaren aurrean, oinen erdian dagoen puntu batean, sorbalden ardatza kolpearen norabidearekiko paraleloa izan dadin. Besoek eta makilak Y bat osatu behar dute. Begiek tinko begiratu behar diote pilotaren atzealdeari. Ezkerreko eskuak makila eusten du, eta eskuinekoa bestearen azpian dago; beraz, eskuineko sorbalda ezkerrekoa baino beherago dago.

Swinga hasten da gorputza (backswing) poliki-poliki eskuinerantz biratzen (eskuinentzat) eta eskuineko sorbalda atzerantz botatzen makila igo dadin, zoruarekiko posizio horizontal edo paralelo batera iritsi arte[18]. Ezkerreko hanka apur bat tolesten da, orpoa altxatu gabe. Pisuaren % 60 eskuineko oinean erortzen da.

Makilaren igoera amaitu ondoren, gorputza beheranzko alderantziz biratzen hasten da (downswing), besoak eta eskumuturrak bularraren aurretik luzatuz. Makila jaitsi egingo da mugimenduaren abiadura pixkanaka handituz, talkaren unean maximora iritsi arte. Ezkerreko orpoa lurrean bermatzen da berriro, eta pisu gehiena ezkerreko hankan jartzen da. Burua pilotaren gainean mantentzen da, eskuineko sorbaldak (jokalaria trebea bada) biratzera behartzen duen arte. Gorputzak biraka jarraitzen du jokalariaren aurpegiak kolpearen helburura begiratzen duen arte. Swing ona egiteko, beti gorputzaren orekari eustea funtsezkoa da.

Swingaren azken fasean, eskuineko oina behatzen puntaren gainean bermatzen da, eta makilak biraketaren mugimendu naturalari jarraitzen dio, bizkarrezurrari buruz perpendikular eta lurrarekiko paralelo geratu arte.

Kolpeak

aldatu

Zulo bat hasteko erabiltzen den lehen kolpea irteerako teetik ematen da. Zuloa luzea bada (4 par edo 5 par), lehen kolpea zurezko makila batekin eman ohi da, normalean, ingelesez driver esaten zaion zurarekin, hau da, distantzia handiena lor daitekeen makilarekin. Beste kolpetarako, egurrak erabil daitezke (ingelesez woods 3, 4 edo 5) edo burdinak (ingelesez irons, normalean 3tik edo 4tik aurrera) lurraren baldintzen arabera. Zuloa laburra bada (par 3), burdina egokia hartuko da.

Approacha (euskaraz hurbilketa) jokalariek pilota berdearen barruan uzteko (eta ahal bada zuloan sartzeko) ematen duten kolpea da. Oro har, pitching wedge (PW) edo sand wedge (SW) erabiltzen dira. Makilak inklinazio handiagokoak direnez (wedgek, ziria esan nahi du), pilotak gutxiago biratzen du, eta jaurtiketa zehatzagoa da.

Putt (pat, euskal idazkerari egokituta) pilotari ematen zaion kolpea da, putter (pater ahoskatu) izeneko makilarekin, berde edo green izeneko kantxa batean, non belarra laburra den eta zuloa dagoen. Kolpe horretan, pilota biraka doa, eta ez da lurretik altxatzen; horregatik, funtsezkoa da lurraren balizko gainbehera kalkulatzea. Zehaztasun handiena eskatzen duen tiroa da, eta garrantzitsuena dela esaten da.

Lehen aipatu den bezala, lehen kolpea beti da indartsua zulora ahalik eta gehien hurbiltzeko. Hurrengo kolpeak pilota gelditzen den moduan egingo dira.

Arauak eta erregelamenduak

aldatu
 
Jose Maria Olazabal bunkerrean
 
Arnold Palmer 1953an
 
Jon Rahm 2019ko U.S. Openean

Golfaren arauak nazioartean normalizatuta daude, eta elkarrekin gobernatzen dute The R&A (2004an The Royal and Ancient Golf Club of St Andrewsetik (1754) bereizia) eta United States Golf Association (USGA) delakoek[19][20]. Arauak, sinplifikatu asmoz, USGAk eta R&Ak berridazketa oso bati ekin zioten 2017an[21]. Arau liburu berria 2019ko urtarrilean indarrean sartu zen[22].

Arauen azpian datzan printzipioa ekitatea da. Liburu ofizial haren atzeko azalean esaten den bezala:

« Jokatu pilota dagoen bezala; jokatu norabidea aurkitzen duzun bezala, eta, bi gauzak ezin badituzu egin, egin zuzena dena. »
 
Carlota Ziganda, 2009ko Emakumeen British Openean

Golflarien zaletu izaerari dagokionez, arau zorrotzak daude[23]. Funtsean, ez da zaletutzat hartzen, eta ezin du zaletuentzat bakarrik diren lehiaketetan parte hartu irakasteagatik edo aholkuak emateagatik dirua jaso duenak. Hala ere, golflari amateurrek jarraibide zorrotzak betetzen dituzten gastuak jaso ahal izango dituzte, eta diruzkoak ez diren sariak onar ditzakete, Amateurraren Estatutuko arauek ezarritako mugen barruan.

Ofizialki inprimatutako arauez gain, golf-jokalariek golf-etiketa izeneko jarraibide batzuk ere betetzen dituzte. Etiketen jarraibideek segurtasuna, ekitatea, joko-erritmoa eta jokalariak zelaia zaintzen laguntzeko duen betebeharra bezalako gaiak jorratzen dituzte. Etiketen arauak hausteagatik zigorrik ez dagoen arren, jokalariek, orokorrean, golfeko etiketaren arauak jarraitzen dituzte guztien joko-esperientzia hobetzeko ahaleginean.

Zigorrak

aldatu

Egoera jakin batzuetan, zigor kolpeetan eror daiteke, eta jokalari baten puntuaziorako kontuan hartzen dira, kolpe gehiago jo balitu bezala. Kolpe bat edo bi gehitzen dira arau-urratze gehienetarako edo egoera desberdinetatik konpentsatzeko, zigor orokorrarekin bi kolpe izenaz definituta eta, arau-hauste larri edo errepikatuengatik, gaitasungabetzea. Hona hemen adibide batzuk:

  • Galdutako pilota batek edo mugetatik kanpo jotako pilota batek (OB) kolpe eta distantzia bateko zigorra dakar (18.2 araua).
  • Egoera jakin batzuetan izan ezik, kolpe bakarreko zigorra ezartzen da jokalari batek pilota mugitzea eragiten badu (9.4 artikulua).
  • Kolpe bakarreko zigorra balioesten da jokalari batek lasaitua hartzea erabakitzen badu bere pilota area gorri edo hori batean atseden hartzen duenean (17. araua), edo atseden jokaezin baten ondorioz (19. araua).
  • Bi kolpeko zigorra behar ez den pilotakada bat egiteagatik (6.3c artikulua).
  • Bi kolpeko zigorra ezartzen da beste jokalari baten pilota jotzeagatik bi pilotak berdearen gainean bazeuden kolpearen aurretik (11.1.a artikulua).
  • Deskalifikazioa ekar dezake tranpa egiteak, puntuazio txikiagoa apuntatzeak edo joko desegokia dakarten arau bati edo gehiagori ez atxikitzeak[24].

Ekipamendua

aldatu

Golf-makilak golf-pilota jotzeko erabiltzen dira. Makila bakoitzak ardatz bat du goialdean lantza bat duena (edo helduleku batekin), eta mazo buru bat behealdean. Makila luzeek, maila txikiagoko jaurtiketa dutenek, pilota distantzia erlatiboki luzeago batera bultzatzen dute, eta makila motzek jaurtiketa maila handiago batera eta distantzia erlatiboki laburragora. Makila bakoitzaren benetako luzera fisikoa luzeagoa edo laburragoa da, makilak pilota bultzatu nahi duen distantziaren arabera.

Indartsuago botatzeko eta distantzia handiagoa lortzeko erabiltzen diren makilei zurak esaten zaie (wood ingelesez) eta altzairuz edo titanioz eginak daude (lehen zurezkoak ziren). Irteera egiteko makilari driver deritzo (1. zura). Normalean, kaleko hiru zur eramaten dira tiro luzeetarako (3., 5. eta 7. zurak). Burdinak (ingelesez iron) golf makilak zenbakien arabera izendatzen dira (1etik 9ra). Zenbakia zenbat eta altuagoa izan, orduan eta handiagoa da buruaren inklinazio-angelua (loft ingelesez).

Burdinen eta zuren arteko tarteko motak ere badaude, hibridoak (ingelesez rescue), burdina baten doitasuna eta zur baten potentzia dutenak. Profesional asko hasi dira zirkuituan erabiltzen.

Inklinazio handiena duten makilak ziriak dira (wedges ingelesez), eta izen espezifikoak jasotzen dituzte, hala nola pitching wedge (45º-tik 48º-ra) edo sand wedge (56º), pilota hareazko oztopotik ateratzeko erabili ohi dena. Ohiko beste wedge batzuk dira: gap wedge (52º inguru) aurreko bien arteko hutsunea betetzeko edo lob wedge (60º) pilota erortzen den lekuan gelditzen laguntzen duena, harantzago ibili gabe. Azkenik, putter izeneko makila erabiltzen da pilota putt kolpe baten bidez greenean zulora bultzatzeko. thumb|200px|Golf makilen boltsak. Golf-makilak horretarako den poltsa berezi batean (ingelesez bag) eramaten dira, eta 1870. urtean hasi ziren erabiltzen, lehen jokalarien kaddieek (boltsari, peoia) eramaten baitzituzten. Bertsiorik sinpleena tutu-poltsa da, sorbaldan hartuta eramaten dena. Sorbaldako poltsa arinak hanka erretraktilak ditu (ikus irudia) zutik egon dadin. Poltsa, barrutik, zatituta egoten da makilak ordenan jartzeko konpartimentuetan, haien artean marruskatzea saihestuz, eta poltsiko zabalak izaten ditu kanpotik beste osagarri erabilgarri batzuk gordetzeko (pilotak, ordezko teeak, pilota garbitzeko zapiak, eguraldi txarrerako arropa, aterkiak, edaria, uretara erortzen diren pilotak berreskuratzeko kanaberak, etab.).

Poltsa garraiatzeko, orgak erabiltzen dira. Tolesgarriak ere badaude. Esku-orgak (motorizatu gabeak) izaten dira: bi gurpilekoak (jokalariak eramaten ditu) edo hiru gurpilekoak (bultzatzeko). Orga elektrikoak edo motorizatuak bateria batek eragiten ditu. Normalean, hiru gurpilekoak izaten dira, eta batzuek alboko aulki moduko bat ere izaten dute. Halaber, badira buggieak edo golf-orgak, motor elektrikoa edo gasolinazkoa duten kotxe txikiak, batez ere aldapa ugari dituzten zelaietan erabiltzen direnak edo zelai horietan bertan eraikitako kale bereziak dituztenak. Eremu batzuetan nahitaez erabili behar diren arren, beste eremu batzuetan debekatuta dago orgatxo horiek erabiltzea.

Pilota

aldatu

Golf-pilotaren diametroak ez du 42,67 mm-tik beherakoa izan behar, ezta 45,93 g-tik gorakoa ere[25]. pilota modernoek, elastikotasuna emateko, gomazko kordoizko nukleo biribildu bat dute, eta plastikozko kanpoko geruza bat. Gainazalak 250-450 zulotxo txiki ditu (ingelesez dimples), eta, pilotari egonkortasuna emateko airean proiektatzen den bitartean, aldian-aldian banatzen dira[26].

Geruza bat, bi, hiru edo gehiagoko pilotak daude (geruza anitzekoak):

  • Geruza bakarrekoak, normalean, praktika-eremuetan bakarrik erabiltzen dira.
  • Bi geruzakoak golf jokalari zaleek gehien erabiltzen dituztenak dira, iraupenagatik eta lortzen duten distantziagatik. Horiek pixka bat gogorragoak dira, eta bira (ingelesez spin) gutxi sortzen dute.
  • Hiru geruzakoek sentsazio eta bira handiagoa ematen diote jokalariari. Ez dira hain erresistenteak talken eta ebakien aurrean.
  • Geruza anitzeko boletan (ingelesez multilayer), iraupena, sentsazioa eta distantzia konbinatzen saiatzen dira.

Bolen estalkiak egiteko erabiltzen diren materialak, batez ere balata, surlin, zilin eta elastomeroa dira.

Pilota motak

aldatu

Nukleo likidoko wound pilota

aldatu

Goma txiki batez edo likidoz betetako plastikozko bihotz batez osatuta dago, eta biltzen duten gomez inguratua. Batzuek balata sintetikoa erabiltzen dute estalkirako, beste batzuek, berriz, uretanoa edo elastomeroa. Profesionalek eta jokalari afizionatu onenek erabiltzen dituzte.

Nukleo solidoko wound pilota

aldatu

Gomazko bihotz solidoa dute, eta, barruan, geruza bat erdigunearen eta estalkiaren artean, normalean uretanozko materiala dena. Handicap baxuetarako erabiltzen dira.

Geruza anitzekoa

aldatu

Gomazko bihotz solidoa dute, eta, barruan, geruza bat erdigunearen eta estalkiaren artean, normalean uretanozko materiala dena. Handicap baxuetarako eta distantzia bilatzen duten jokalarietarako erabiltzen dira.

Bi geruzako nukleo solidoa

aldatu

Geruza anitzeko bolek baino goma solidozko nukleo handiagoa dute. Estalkiaren materiala, normalean, surlin edo ionomeroa izaten da. Iraunkortasuna eta distantzia konbinatu nahi dituzten handicap ertain eta altuetarako erabiltzen dira.

Golf arauak

aldatu

1-1 araua: Golf jokoa, irteera-lekutik zuloaren barrualderaino, pilota bat jokatzean datza, kolpe baten bidez edo arauen arabera bata bestearen atzetik emandako kolpeen bidez. Espainiako Golf Federazioaren bertsioa, R&A Rules Limited eta United States Golf Associationek onartua[27].

Guztira 34 arau daude, hamaika ataletan banatuta:

  1. 1.- Jokoa (hiru arau)
  2. 2.- Makilak eta pilota (bi arau)
  3. 3.- Jokalariaren erantzukizunak (lau arau)
  4. 4.- Joko-ordena (arau bat)
  5. 5.- Irteera-lekua (arau bat)
  6. 6.- Pilota jokatzen (lau arau)
  7. 7.- Green (bi arau)
  8. 8.- Pilota mugitua, desbideratua edo gelditua (bi arau)
  9. 9.- Arintze-egoerak eta -prozedurak (bederatzi arau)
  10. 10.- Beste joko-modalitate batzuk (lau arau)
  11. 11.- Administrazioa (bi arau)

Arau horiei, etiketa (jokalariak zelaian duen jokabidea), definizioak (golfaren hiztegia) eta gehigarriak (tokiko arauei, makilen diseinuari eta pilotari buruzkoak) gehitzen zaizkie.

Etiketa

aldatu

Etiketa edo kortesiaren arauak portaera-jarraibideak dira golfaren hainbat esparrutarako, baina, zentzu hertsian, ez dira jokoaren arauen parte, arau-hausteak ez baitira zigor kolpeekin zigortzen; arau-hausleei kargu hartzen zaie. Hona hemen garrantzitsuenak:

Jokabidea

aldatu
  • Zerbait ondo ateratzen ez denean, makilak amorruz ez jaurtitzea.
  • Hurrengo taldeak ez atzeratzeko, jokatzeko txanda iristen denean ondo prestatuta egotea.
  • Ez mugitu, hitz egin edo jokalari batengandik hurbilegi kokatu jokalari horrek kolpe bat prestatzen edo egiten duen bitartean.
  • Zelaian egiten den edozein kalte konpondu, eta, kolpe baten ondoren, bunkerreko harea arrastatu.

Ondorioa: jarraibide horiei jarraituz gero, jokalariek joko atseginagoa egingo dute guztientzat.

Jokoaren bilakaera

aldatu
  • Jokalariek denborarik galdu gabe jokatu behar dute.
  • Jokoa ez atzeratzeko, galdutako pilota ez da 3 minutu baino gehiago bilatu behar.
  • pilotarantz joaterakoan, hurrengo kolpean pentsatu behar da.
  • Jokalariek greenetik alde egin behar dute zuloa amaitu eta berehala.
  • Kaletik (ingelesez fairway) kanpo dagoela idatziko da emaitza txartelean.
  • Partida bat motelegi badoa eta zelaiko jokoaren erritmoa atzeratzen badu, hurrengo partidari pasatzen uztera behartuta dago; kasu horietan, zelaiko marshalak (ofizialak) du agintea, eta hark kontrolatzen du partidaren erritmoa.

Lehentasuna

aldatu

Bi jokalariko taldeek ez dute eskubiderik hiruzpalau jokalarikoak aurreratzeko.

Janzkera

aldatu

thumb|Golf kirol oinetakoak. Gizonek kamiseta lepodunak eta kirol-prakak erabili behar dituzte. Galtza bakeroak debekatuta daude. Emakumeek ere lepodun kamisetak erabili behar dituzte. Debekatuta daude arropa eskotatuak eta bakeroak.

Oinetako bi mota daude: golf-takodun zapatak eta takorik eta takoirik gabeko zapatak.

Zelaiko segurtasuna

aldatu

Golf-zelaian kontuan hartu beharreko arriskuak daude:

  • Inguruan dauden jokalarien edo beste pertsona batzuen aurka ez botatzea.
  • Ez jo pilota aurretik dituen jokalariak aurreikusitako ibilbidean egon arte edota helmenetik kanpo izan arte.
  • Pilota! edo fore! ohartarazi, pilota batek norbait jo ditzakeenean abisatzeko.

Balizko ondorioak

aldatu

Jokalari batek, itzuli batean edo denboraldi batean, jarraibide horiei sistematikoki jaramonik egiten ez badie beste batzuen kaltetan, batzordeari jokalari arau-hauslearen aurkako diziplina-ekintza egokia hartzea gomendatzen zaio. Ekintza horren barruan sar daiteke, adibidez, denbora-tarte mugatu batean zelaian edo lehiaketa kopuru jakin batean jokatzeko debekua. Hori justifikatutzat jotzen da jarraibide horien arabera jokatu nahi duten golflari gehienen interesak babesteko modu gisa.

Txapelketa nagusiak

aldatu

Zaharrenetik berrienera, honakoak dira munduko lau txapelketa nagusiak:

Golflari ezagunak

aldatu

Euskal Herriko golflari ezagunak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Brasch, Rudolph (1970). How did sports begin?: A look at the origins of man at play. McKay
  2. (Ingelesez) «Paganica | game | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-05).
  3. Jacques, Martin (2014). When China rules the world : the end of the western world and the birth of a new global order. Penguin Books. pp. 503–504. ISBN 9781101151457. OCLC 883334381
  4. «Golf (Chui wan) - China culture» web.archive.org 2013-03-26 (Noiz kontsultatua: 2023-04-05).
  5. a b (Ingelesez) McGrath, Charles; McCormick, David. (2006). The Ultimate Golf Book: A History and a Celebration of the World's Greatest Game. Houghton Mifflin Harcourt ISBN 978-0-618-71025-6. (Noiz kontsultatua: 2023-04-05).
  6. «History of Golf from 1457 until 1844 by Golf Information» www.golf-information.info (Noiz kontsultatua: 2023-04-05).
  7. Andrew Leibs (2004). Sports and Games of the Renaissance. p. 69. Greenwood Publishing Group
  8. Cochrane, Alistair (ed) Science and Golf IV: proceedings of the World Scientific Congress of Golf. Page 849. Routledge
  9. Forrest L. Richardson (2002). Routing the Golf Course: The Art & Science That Forms the Golf Journey. p. 46. John Wiley & Sons
  10. (Ingelesez) Links plays into the record books. 2009-03-17 (Noiz kontsultatua: 2023-04-05).
  11. «PGATOUR.COM - Recognition for the world's oldest links, at last» web.archive.org 2009-04-02 (Noiz kontsultatua: 2023-04-05).
  12. «Historical Rules of Golf» www.ruleshistory.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-05).
  13. The Open Championship – More Scottish than British PGA Tour. Retrieved 23 September 2011 Archived 2 October 2012 at the Wayback Machine
  14. (Ingelesez) «Ryder Cup: Painting celebrates Dunfermline links to American golf» BBC News 2014-09-22 (Noiz kontsultatua: 2023-04-05).
  15. «links | Search Online Etymology Dictionary» www.etymonline.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).
  16. «Research Department Reports» web.archive.org 2021-05-06 (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).
  17. (Ingelesez) Rogers • •, Phil. «Why Do Golf Courses Have 18 Holes?» NBC Chicago (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).
  18. Saunders, Vivien (2000). El manual de golf : los grandes del golf, equipo del golfista, aprender y mejorar el juego, campos de golf y diseños, reglas, etiqueta y competiciones (1. arg, gaztelaniaz). Leopold Blume. ISBN 84-8076-359-0. OCLC 47815773. 2022-06-06an begiratua
  19. «The Rules of Golf | United States Golf Association» web.archive.org 2007-10-11 (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).
  20. "Rules of Golf" (PDF). The Royal and Ancient Golf Club of St Andrews. Archived from the original (PDF) on 31 October 2007. Retrieved 7 November 2007
  21. (Ingelesez) «The USGA Wants You To Rewrite The Rules» Golf Digest (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).
  22. (Ingelesez) «New Rules of Golf: 5 things every golfer must know before playing in 2019» Golfweek 2018-12-27 (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).
  23. «Amateur Status | United States Golf Association» web.archive.org 2007-10-01 (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).
  24. 2008–2011 Rules of Golf (free download) Archived 29 October 2008 at the Wayback Machine
  25. Real Federación Española de Golf, Reglas de golf, Apéndice III.
  26. (Ingelesez) «El manual de golf : los grandes del golf, equipo del golfista, aprender y mejorar el juego, campos de golf y diseños, reglas, etiqueta y competiciones | WorldCat.org» www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-06).
  27. Real Federación Española de Golf, Golf Arauak, 32. argitalpena, indarrean 2012ko urtarrilaren 1etik. Copyright 2011 (c)
  28. Gran Enciclopedia de Navarra, Golf

Kanpo estekak

aldatu