Ireki menu nagusia

Bigarren Mundu Gerra Euskal Herrian

Bigarren Mundu Gerrak hainbat arlotan izan zuen eragina Euskal Herrian, eta neurri desberdinetan. Ipar Euskal Herria gudan sartu zen, fronte erregularrik gabe bada ere. Espainian, haatik, Gerra Zibila amaitu berria zen, eta Hego Euskal Herriko herritar askok Pirinioez iparraldera ihes egin zuten aterpe bila, edo borroka jarraitzera. Euskal ume askok, berriz, deserriko bidea hartu zuten itsasontzitan 1937ko udaberrian, eta orain Bigarren Mundu Gerrak harrapatu zituen, familiatik urrun.

Frantziako euskal lurraldeetako biztanle kontserbadoreek ez zuten begi onez ikusi, oro har, iheslari horien etorrera, eta tentsioak sortu ziren bertako euskal ordezkariekin, bereziki nafar diputatu Jean Ibarnegarairekin, Vichyko erregimenaren aldekoa.[1][2] Gurseko esparrua eraiki zen Pirinioez hegoaldeko euskal errefuxiatuei aterpe emateko, baina Zuberoko mugaz justu kanpora. Herritar batzuk, haatik, iheslarien eta elkartasunaren aldeko hautua egin zuten, eta aipagarria da, alde horretatik, pilotu aliatuak erreskatatu eta erresistentziako kideak aterpetzeko Cométe sarean zenbait herritarrek izan zuten partaidetza.

1940ko ekainaren 22ko Frantzia eta Alemaniaren arteko armistizioaren ondorioz, Ipar Euskal Herria bitan zatituta geratu zen: alemaniarren armadaren okupazioko eremua Donibane Garazitik eta Donapaleutik mendebaldera, eta Vichyko gobernuaren kontrolpean herri horietatik ekialdera. Gehienek gerra berdinaren segidatzat zuten Mundu Gerra berria, eta Zuberoako bortuetan makia antolatu zen. Espainiako Gerra Zibileko euskal iheslari batzuk, Eusko Gudarostearen hondarren inguruan, alemaniarren kontra borrokatu ziren, Aliatuekin elkar hartuta alemaniarrei irabaziz gero Franco jeneralaren diktadura ere botako zutelako esperantzaz.

Asko gudan zebiltzan herrialde nagusien armadetan borrokatu ziren, frantses, estatubatuar, britainiar, espainiar edota sobietarrekin batera. Kontrako aldean, euskal herritar batzuek Dibisio Urdinean parte hartu zuten espainiar militarrekin.[3] Aliatuen garaipenak, baina, ezusteko etsipena zabaldu zuen askoren artean gerraostean, Estatu Batuen Gerra Hotzeko estrategia antikomunistak Espainiako diktaduraren iraupena babestu zuenean.

Espainiako Gerra Zibila eta haren segidaAldatu

Nazioarteko eragileak Gerra Zibileko gatazkanAldatu

Bigarren Mundu Gerrako Ardatzeko parte-hartzaileentzat, Espainiako Gerra prestaketa bat izan zen hastekotan zen borrokarekiko. Hirugarren Reichak eta Italiako faxistek matxinoekin lerrokatu ziren eta armak eta gudarosteak bidali zizkieten (Kondor Legioa,[4] Corpo Truppe Volontarie, Aviazione Legionaria...). Bestetik, Britainia Handi, Frantzia, Belgika edo Estatu Batuetatik heldutako milaka boluntariok Errepublikaren aldeko Nazioarteko Brigadak eratu zituzten, eta SESBek armak bidali zituen Espainiako Gobernua sostengatzeko. Bestalde, Ardatzeko indarrek Mundu Gerran erabiliko zituzten hainbat taktika ere bertan probatu ziren.[5][4] Adibide adierazgarriena hirien bonbardaketa masiboa izan zen, Gernikan egin zuten bezala.

1936ko irailean, Donostia eta Gipuzkoa osoa kolpisten pean erori ziren Gipuzkoako kanpainan. Donostia kolpisten diplomaziaren hiria bihurtu zen, eta hirira etorri zen uztailean Galeazzo Ciano diplomazialaria, hasteko zegoen II. Mundu Gerran Espainiaren posizioaz eztabaidatzeko. 1939ko irailaren 1ean Bigarren Mundu Gerra hasi zen, Francoren garaipenaz Gerra Zibila apirilaren 1ean amaitu ondoren. Erregimen militar berriak bere burua ofizialki ez-gerrazale aldarrikatu zuten nahiz eta ideologikoki ardatzaren gertu izan. Hori zela eta, Hego Euskal Herriko lurraldeak ez ziren zuzenean II. Mundu Gerran borrokatu. 1937ko uztail hasierarako, baina, Hego Euskal Herriko bazter guztiak frankisten pean ziren.

Espainiako kolpisten okupaziotik ihesiAldatu

1937ko ekainean, Espainiako Gerra Zibilean, Iparraldeko Frontea hondoratzen ari zen Eusko Gudaroste eta errepublikazaleentzat. Gerra horretan, milioi erdi herritarrek jo zuten erbestera beren bizitzak salbatzera, baina horietatik 150.000 euskal herritarrak ziren, proportzio neurrigabea guztizko zenbaketan.[6] Horietako askok, tartean gudari asko zirela, muga igaro zuten Lapurdira (Pirinio Apalak). Bertako frantses agintariek Baiona aldamenean elkartu eta erretenitu zituzten eta, bitartean, Frantziako gobernua barneratze-esparruak eraikitzeari ekin zion Pirinioen iparraldean, Euskal Herriko eta Kataluniako frontetik ihesi zetozen herritar eta errepublikazaleei aterpe emateko. Gurs Biarnon (Zuberoaren kanpo-mugan doi-doia) barneratze-esparru bat sortu zen 1939ko martxo-apirilean, 1945 arte iraun zuena.

Espainiako Gerra Zibiletik zetozen errefuxiatuen harrera, oro har, ez zen ona izan, "gorritzat" jotzen baitzituzten; izan ere, euskaldunak (eta biarnesak) ikuspegi oso tradizionalari atxikirik bizi ziren, Jean Ibarnegarai kirolari ospetsu eta Nafarroa Behereko diputatua buru zuela.[7] Ibarnegaraik bere barrutiko landa- eta mendi-inguruneko herritarren berezko zuhurtasuna hauspotu zuen, eta Eusko Alderdi Jeltzalearen moduko euskal kultura politiko baten kontra ohartarazi.[8] Bakarrik Oloruek (Zuberoaren kanpoko mugan) eman zuen Espainiako Gerra Zibileko errefuxiatuen aldeko laguntza, udal ezkertiar bati esker.

Gerra Euskal Herrira helduAldatu

Bigarren Mundu Gerra piztuAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Bigarren Mundu Gerra»

Franco kolpisten ("nazional" deitutakoen) buruzagiak Espainia osoa hartu zuen menpean, 1939ko apirilaren 1ean azken gerra partea emanez. Francok eta militar erreboltariek Alemaniaren eta Italiaren laguntza militarra jaso zuten, eta haiek ere ospatu zuten beren aliatuaren garaipena. Austriako Anschluss ondoren (1938ko martxoa), Erresuma Batuak eta Frantziak kezka agertu zuten Hitlerren espantsionismoagatik, baina Alemaniako buruzagiak lasaitu egin zituen herrialde horietako agintariak, haiekin bake hitzarmenak sinatuz. Horiek, ordea, hutsean geratu ziren berriz Alemaniak Txekoslovakiako mugetako Sudeteak okupatu zituenean (1938ko urria).

Hurrena, alemaniar buruzagiek Danzigeko korridorean jarri zuten arreta, Polonian; Francoren garaipenaren ondoren, harrotuta zebiltzan. Tentsioa areagotzen joan zen. Frantziak eta Erresuma Batuko lehen ministro Chamberlainek Alemania baretzeko politika jarraitu zuten, baina 1939ko irailaren 1ean alemaniar indar armatuek Poloniako muga zeharkatu zuten. Frantziak eta Erresuma Batuak gerra deklaratu zioten Alemaniari. Espainiako Errepublikaren alde eta Eusko Jaurlaritzaren gidaritzapean borrokatutako herritarrek eta haien aldekoek Espainiako gerraren segidatzat zuten gerra berria: faxismoaren kontrako gerra eta Franco botatzeko esperantza. Argitzeke zegoen Espainiako agintariek gerra berriaren aurrean hartuko zuten jarrera ofiziala.

Euskal Herritik ihes egindako euskaldunek, Eusko Jaurlaritzaren antolakuntzapean, berehala hasi ziren mugitzen Estatu Batuak, Erresuma Batu eta Frantziaren alde, espioitzan eta informazioan. Euskaldun haietako asko Lapurdiko kostaldean zeuden. Agirre lehendakaria gudari iheslariak berrantolatzen saiatu zen Donibane Lohizunen, Frantziarekin batera alemaniarren kontra borrokatzeko, baina ez zuen lortu. Askok langile esparru frantsesetan amaitu zuten, Espainiako lurraldera ez itzultzearren.[9]

Ipar Euskal Herriaren lurralde zatiketaAldatu

1939ko irailaren 3tik 1940ko maiatzaren 10era, Frantziak Alemaniari gerra deklaratu arren, ez zen mugimendurik izan bien artean eta, horregatik, "txantxetako gerra" (drôle de guerre) deitu izan zaiobarnegara epe honi. 1940ko egun horretan, haatik, Wehrmachtak eraso egin zien Herbehereei eta Frantziari, eta Frantziako Gudua hasi zen. Gerra gertaera horietan, Euskal Herria periferian geratu zen.

1940ko ekainean Frantziako gudua galdu baino aste batzuk lehenago, gudaren lehendabiziko ondorioak nabaritu ziren Ipar Euskal Herrian. Ingalaterrara abiatzeko Saint-Nazairen itsasontziak hartu ezin izan zituzten errefuxiatu poloniarrak Donibane Lohizuneraino heldu ziren lurretik. M/S Batory eta M/S Sobieski poloniar itsasontziak herri hartara hurbildu ziren haiek erreskatatzera; hala ere, itsasoaren egoera txarra zela eta, ezin izan zuten badian aingura bota, eta arrantzale donibandarrek beren itsasontziak erabili zituzten poloniarrak itsasontzietara hurbiltzeko. Ekainaren 20 eta 21 bitarteko gauean eta hurrengo egunean hurrenez hurren, arrantzaleek M/S Sobieski eta M/S Batory itsasontzietara ehunka ume, emakume, zibil eta soldadu poloniar eraman zituzten.[10] Eguraldi txarrak eragotzi egin zuen Saint-Nazairen ekainaren 17an Luftwaffek Lancastria britainiar itsasontziari egindako erasoa errepikatzea.

Frantsesek Frantziako gudua galdu ondoren, armistizioa sinatu zuten Hirugarren Reicharekin Donibane Lohizuneko ebakuazio lanen egun berean, 1940ko ekainaren 21an. Itun horren ondorioz, Frantzia bitan banatu zen: okupatutako aldea eta okupatu gabea. Ipar Euskal Herria ere bitan zatitu zen: alde batetik, kostaldetik Donibane Garazira bitarteko eremua okupatutako alde bilakatu zen; eta, bestetik, Donibane Garazitik ekialdera okupatu gabe geratu zen, baina Vichyko erregimen txotxongiloaren pean. 20 km zabaleko lur zerrenda bat ezarri zen kostaldean zehar (en), tokikoak ez ziren herritarrei eragotzia.[11] Ipar Euskal Herriko egoera ezohikoa bilakatu zen oso: bizitza sozialak geldialdia izan zuen. Adibidez, Baionako bestak ez ziren ospatu;[12]

 
Atlantikoko Harresiaren eraikuntza Hendaiatik hurbil (1942)
 
Erresistentzia, 1944ko uztaila

1940ko ekainaren 27an, Wehrmachtek Euskal Herriko kostaldea okupatu zuen. Kriegsmarine uztailaren hasieran heldu zen. Alemaniarrek ''Atlantikwall edo Atlantikoko harresia eraikitzeari ekin zioten Mendebaldeko Europa eta Euskal Herriko kostaldean, Biarrizko itsaslabarrean, adibidez. 1942. urte bukaerarako, 286. Itsas-Armadaren Artilleria taldeko komandantea zen Ludwig korbeta-kapitainak, Organisation Todteko ingeniariekin batera, Talaian BA 39-40 izeneko komandantzia postua eraiki zuen. Iparralderago, Mac Croskey jeneralak, Saint-Martin itsasargian zegoen BA 34 laguntza postuan, Angeluko Amodio Ganbera hondartza zuen kontrolpean. Hegoalderago, BA 41 posizioak Lapurdiko kostaldea defenditu behar zuen, inoiz Aliatuek itsas erasorik eginez gero.

1944ko martxoaren 17an, Aliatuek Biarritz bonbardatu zuten, Parmako aireportua erasotzera zihoazela.[13] Alemaniarrek hegazkin bat bota zuten. Guztira Biarritzen 99 lagun eta Angelun 41 lagun hil ziren aliatuen bonbardaketetan.[3]

Euskal herritarrak gerraren aurreanAldatu

Frantziako gudua galdu eta armistizioa egin eta gero, erresistentzia bi frontetan borrokatu zen:

Comète SareaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Comète sarea»

Eraitsitako hegazkinlariak Frantzia eta Espainiako mugatik pasatzeko Comète sarea sortu zen.[15] Sareak muga zeharkatzeko mugalarien ezaguerak erabili zuten. Adibidez, Florentino Goikoetxea mugalariak 227 pilotu pasa zituen Bidasoan alde batetik bestera.[16] Horrexegatik, hainbat aldiz saritua izan zen Frantziar eta Britainiar gobernuengandik.

Hego Euskal HerriaAldatu

 
Espainiako Gerra Zibilean ihes egindako umeen oroitarria Parisen.

1939ko irailean Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Francok irabazi berri zuen Gerra Zibila eta Hego Euskal Herria mendean zuen. Frankistek ofizialki bere burua ez-gerrazale aldarrikatu zuten nahiz eta ideologikoki ardatzaren gertu izan. Hori zela eta, Hego Euskal Herriak ez ezik Espainiak ere ez zuen gerran parte hartu.

AurrekariakAldatu

Bigarren Mundu Gerra hasi baino lehen, Hego Euskal Herriak Gerra Zibila jasan zuen. Gerra zibila izateaz aparte, Bigarren Mundu Gerraren parte-hartzaileentzat saiakera bat izan zen hastekotan zen borrokarekiko. Hirugarren Reicheko eta Italiako faxistek, matxinoen alde eginda, armak eta soldaduak bidali zizkieten (Kondor Legioa,[4] Corpo Truppe Volontarie, Aviazione Legionaria...); bestetik, Ingalaterra, Frantzia, Belgika eta Estatu Batuetatik etorritako milaka boluntariok Errepublikaren aldeko Nazioarteko Brigadak eratu zituzten, eta SESBek armak bidali zituen Espainiako Gobernua sostengatzeko.

Mundu Gerran erabiliko ziren hainbat taktika ere hemen saiatu zituzten.[17] Adibide adierazgarriena hirien bonbardaketa masiboa izan zen, hala nola Gernikan.

Eusko gudariakAldatu

Euskal Herriko armadarik ez bazen ere, euskal herritar bakan batzuk —Hego Euskal Herrian bizi zirenak edo erbestean zirenak— gerran hartu zuten parte aliatuen zein ardatzaren alde Gerra Zibilari jarraipena emanez.

Frantziako hego-mendebaldean aritutako maki asko espainiar errepublikanoak ziren,[21] gehienetan komunistak eta anarkistak. Hego Euskal Herriko gudariek osatutako Gernika Batailoia izenekoa ere bazen. EAJk bultzatutako batailoi horretako kide izan zen Luis Maria Retolaza.

Forces Françaises Libres erakundeko Raymond Dronnek zuzendutako Bederatzigarren Konpainia Blindatua Paris askean sartzen lehena izan zen.[22] Espainiarrek osatutako konpainiaren tankeek Guipúzcoa edo Guernica izenak bazituzten ere, ez ziren euskal herritarrek gidatuak.[3][23][24]

Kontzentrazio-esparruakAldatu

Philippe Pétainek Vichyko erregimena aldarrikatu zuenerako, Gurseko kontzentrazio-esparruan baziren Espainiako Guda Zibiletik ihes egindako 6.500 euskal herritar.[25][26] Euskal herritar asko Compagnies de Travailleurs Etrangers edo Kanpoko Langileen Konpainietan izen ematera behartu zituzten.[27] Hartara, Alemaniara eramanak izatea saihestu zuten askok.[26] Baina beste asko bidaliak izan ziren Europa osoan zehar barreiatutako nazien kontzentrazio-esparruetara, milaka espainiar errepublikano antifaxistekin batera. Euskal herritar gehien hartu zituen eremua Mauthausen-Gusen izan zen, non 10.000 espainiarretik 2.000 baino ez ziren bizirik irten.[28]

Gusen, Mathausen, Dachau edo Melkeko kontzentrazio esparruen zerrendetan 70 hego euskal herritar baino gehiago ageri dira, zerrendetan jaso ez zituztenekin gehiago badira ere. Gehienak bizkaitarrak (Sestao, Barakaldo, Bilbo eta abar), baina beste euskal herrialdeetako herrietakoak ere ((Izaba, Uztarroze eta abar). Naziek atxilotutako euskal herritar haiek Francoren gobernuak aberrigabetzat izendatu zituen, eta herritar haien hilketa bultzatu. Ipar Euskal Herriko 1.500 biztanle inguru Auschwitz edo Buchenwalda eramanak izan ziren. Hantxe hil ziren zortzi zuberotar; eta beste 14, itzuli orduko, esparruetako tratu txarren eta sufrimenduen ondorioz.[3]

Iparreuskalerritarrek ere arazoak izan zituzten. Ziburuko Zokoa auzoko apaiz Piarres Lartzabal, adibidez, orduko Txekoslovakian eta Polonian izan zuten preso naziek.

Politikarien jarrera eta espioitzaAldatu

Gerra Zibil galdu zuenetik aurrera, Eusko Jaurlaritza erbesteratuak bi egiteko nagusi izan zituen: milaka errefuxiatu eta atzerriratuei laguntza ematea eta Bigarren Mundu Gerra garaian aliatuei laguntzea, amaitutakoan, Aliatuek Francoren aurka egingo zutelako itxaropenaz. Jaurlaritzak euskal herritarren ahotsa nazioarteko bazter guztietara eraman nahi zuenez, 1945. urtean, San Frantziskon, Nazio Batuak sortzeko lehen Konferentzian esku hartu zuen. Jose Antonio Agirrek nazioartean eta Bigarren Mundu Gerrako aliatuen garaipenean zituen itxaropen guztiak. EAJko kideek OSS eta MI5 zerbitzu sekretuekin lan egin zuten, Hego Euskal Herrian eta kanpoan frankisten ekintzak jagonez.[29][3]

Espainiako Gobernu frankistak Erroma-Berlin-Tokio Ardatzarekin negoziatu zuen gerran sartzeko baina ez zuen akordiorik lortu. Komunikabide falangistek gerran sartzearen alde lan egin zuten, Espainiarentzat Ipar Euskal Herriaren eta Ipar Kataluniaren jabetza aldarrikatuta.[30][31] Hitler eta Franco 1940ko urriaren 23an Hendaian bildu ziren, aliantza bat osatzeko, baina Francoren baldintzak onartezin bilakatu ziren Hitlerrentzat.[32]

Hego Euskal Herrian nazioarteko espioitza asko hazi zen garai hartan. Donostiako Britainiar Kontsulatuak jendea eta informazioa hartzen zituen Vichyko erregimenetik. Horretarako Canfranceko tren geltokia erabili zuten, Irungo geltokia Frantzia okupatutakoarekin zuelako muga.

Ozeano Bareko FronteanAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Euskara Bigarren Mundu Gerran»

Euskal herritarrak mendebaldeko frontean ez ezik, Ozeano Barean ere aritu ziren. Hala ere euren garrantziaren inguruan mito bat eraiki da[33]: Frank D. Carranza kapitainak euskal code talkers edo kodigo-esatariak erabiltzearen proposamena izan zen. Kondaira hedatu honen arabera, 1942ko maiatzean euskal jatorria zuten 60 marine estatubatuar bildu zituen San Franciscoko kanpamendu batean.[34][35][3] Hala ere, nagusiak mesfidati ziren: Hiroshiman baziren 35 jesuita, Txinan eta Filipinetan baziren pilotari euskaldunen taldeak, eta Asian baziren Falange Españolako kide euskaldunak. Horregatik, hasieran euskara code talkers saiakeretan eta Hawaiitik Australiaraino informazio logistikoa transmititzeko baino ez zuten erabiltzen.

1942ko abuztuaren 1ean, Nemesio Aguirre, Fernández Bakaicoa eta Juanna tenienteek San Diegotik etorritako euskaraz kodifikatutako mezua jaso zuten Chester Nimitz almiranteari japoniarrek Salomon uharteetatik botatzeko Operation Apple izeneko kanpaina hastear zegoela abisatuz. Abuztuaren 7an, Guadalcanalgo gudua hasteko esaldi klabea ere euskaraz bidali zen. Gerra hedatu ahala, euskal hiztunen kopurua gutxitu eta navajoa erabiltzeari ekin zioten.

Pedro Arrupe zen Hiroshiman (Japonia) zeuden 35 jesuita haietako bat. Hantxe, gerrari bukaera emango zitzaion ekintzaren lekuko izan zen: hiriko bonbardaketa atomikoaren lekuko, alegia.[36]

ErreferentziakAldatu

  1. «Euskaldunak Bigarren Mundu Gerran - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus . Noiz kontsultatua: 2019-01-09.
  2. Watson, Cameron (2003), 220. or.
  3. a b c d e f g h i Mikel Rodríguez: Los vascos y la II Guerra Mundial
  4. a b c BBC: The legacy of Guernica
  5. Nazioarteko Epaitegi Militarra: Göringen testigantza, Nuremberg, 1946, IX. Liburukia
  6. Watson, Cameron (2003) Modern Basque History: Eighteenth Century to the Present University of Nevada, Center for Basque Studies 308 or. ISBN 1-877802-16-6.
  7. Euskaldunak Bigarren Mundu Gerran EuskoMedia Fundazioa.
  8. Watson, Cameron (2003) Modern Basque History: Eighteenth Century to the Present University of Nevada, Center for Basque Studies 230 or. ISBN 1-877802-16-6.
  9. 05.- Gernikatik Hiroshimara, 00:02'25"
  10. J. K. Sawicki, Podróże polskich statków 1939-1945, Gdynia 1989.
  11. Jackson, J. (2003), pp. 246-247
  12. fetesdebayonne.com: Historia
  13. Salquain, Philippe (2000) Autrefois Biarritz Biarritz: Atlantica ISBN 2-84394-265-9.
  14. Robert O. Paxton: La France de Vichy, Paris, Éditions du Seuil.
  15. Juan Carlos Jiménez de Aberasturi: De Bruselas a Londres pasando por Oiartzun y Rentería
  16. Argia: Florentino Goikoetxea mugalaria
  17. Nazioarteko Epaitegi Militarra: Göringen testigantza, Nuremberg, 1946, IX. Liburukia
  18. Dibisio Urdiña
  19. 1939-1945: The Spanish Resistance in France
  20. Benito Bermejo and Sandra Checa Españoles deportados a los campos nazis (1940-1945)
  21. monde-diplomatique « Ces Espagnols qui ont libéré Paris »
  22. Orden de la Liberación
  23. http://www.lanueve.net/ La Nueve]
  24. Españoles combatiendo contra el III Reich
  25. Laharie, Claude (1993), Gurs internment camp, 1939—1945, an ignored aspect of Vichy history. Biarritz: Atlantica. ISBN 2-84127-000-9.
  26. a b Crowdy (2007), p. 13 Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name "Crowdy" defined multiple times with different content
  27. Zuccotti, Susan (1999), The Holocaust, the French, and the Jews University of Nebraska Press, Lincoln, ISBN 0-8032-9914-1
  28. Bowen, Wayne H. (2006), Spaniards and Nazi Germany: Collaboration in the New Order University of Missouri Press Columbia ISBN 0-8262-1300-6
  29. Antonio Marquina: El Servicio Secreto Vasco
  30. El País: Serrano Suñer, tragedia personal y fascismo político
  31. El País: El último de los de Franco
  32. Payne, Stanley G: Franco and Hitler Yale University Press, 2008, New Haven ISBN 978-0-300-12282-4
  33. (Ingelesez) Oiarzabal, Pedro J. «El enigma del mito y la historia: ‘Basque code talkers’ en la Segunda Guerra Mundial. La OSS y el Servicio Vasco de Información—la Organización Airedale» Saibigain . Noiz kontsultatua: 2017-06-15.
  34. «"Egon arretaz egunari"», El País, 2004-08-01.
  35. «La orden de desembarco en Guadalcanal se dió en vascuence para que no lo descubrieran los nipones», Diario Vasco, 1952-12-26.
  36. Aita Arruperen biografia

BibliografiaAldatu

Ikus, gaineraAldatu