Ireki menu nagusia

Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgunea

Deba eta Zumaia arteko mareartea
Gipuzkoako kostaldeko flyschen egitura

Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgunea edo Deba-Zumaia flyscha euskal kostaldeko marearteko zabalgune bat da, flysch batean eratua, ingurune garrantzitsua bertako biodibertsitateagatik eta mundu mailako erreferentzia geologikoa izateagatik. Zortzi kilometrotako itsaslabar tartea du, eta hauek abrasio plataformez osaturiko oinarriak dituzte. Ekosistema hau elementu geologiko, paisajistiko eta natural bereziek osatzen dute. Bertako flyschak garrantzi geologiko handia du, bertan ondo ikus baitaiteke Paleozeno-Eozeno muga eta K-T muga. Paleozeno garaiaren zabalera osoa hoberen ikusten den munduko lekua izendatu zuen Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak.[1][2] Horretaz gain, dano-selandiar[3] eta selando-thanetiar[4] mugek ere bertan dute euren estratotipoa.[1]

Deba eta Zumaia arteko itsasertza babestutako biotipoa da 2009tik, bere natur-balio handiarengatik. Babestutako gunea Debako Haitzandi eta Zumaiako Haitzabal tartean dago.

Historia geologikoan Euskal Herria urpean egon da. Momentu batean itsaso azpian zeuden harriak tolestu eta azaleratu egin ziren, eta gaur egun ikus daitekeen erliebea osatu zuten. Zerikusia du Pirinioetako mendilerroaren eraketarekin.

KokapenaAldatu

Geologia eta geomorfologiaAldatu

 
Flyscha itsasotik.

Euskal Herriko kostan Flysch ugari ikus daiteke, baina Deba eta Zumaia artekoa da ikusgarriena. Gainera, Zumaiako Itzurun hondartza nazioarteko erreferentzia geologikoa da, bertan K-T muga (Kretazeo eta Tertziarioaren artekoa) eta P-E muga (Paleozenoaren eta Eozenoaren artekoa) ageri baitira.

Deba-Zumaia kosta-eremua, 8 kilometroko luzerarekin, itsasoko higadura intentsua jasaten duen kostalde malkartsua izateagatik karakterizatzen da batez ere. Horrela, kostaldean zehar, sargune edo senaiak eta irtenune edo muturrak aurki daitezke. Higadura hauen emaitza labarrez jositako kosta izan da; berauen oinarrian, egungo marearteko zabalguneak agertzen dira.

Inguru honetan ikus daiteke, itsasoaren higatze-lanaren ondorioz, itsaslabarrek atzerapen bortitza jasan dutela, eta gaur egun ere jasaten ari direla. Bertan, material-geruza gogorrak (kareharri eta harearriak) eta bigunagoak (margak eta material buztintsuak) txandakatzen direnez, eratzen den material txandakatzeak sortzen du higadura nabaria izatea. Ekaitzetan adibidez, olatuek bortizki ekiten dute ezponda arrokatsuen kontra. Arroka bigunez osaturiko mailek ezin dutenez olatuen inpaktu jarraituaren aurrean iraun, amilduz joaten dira, eta inguruko geruzak beraiekin garraiatzen dituzte. Horrela, itsaslabarrean bloke-erorketa handiak gertatzen dira, eta kosta-lerroaren atzerapen progresiboa sortarazten dute eta, oinarrian, itsas higadurak sorturiko azalera edo marearteko zabalgunea eratzen dute.

Kosta-sektore honen beste garrantzia handiko ezaugarria ibilbide laburreko haranen presentzia da. Kilometro bateko luzera dute, eta malda txikikoak eta soslai irekikoak dira. Haran hauek, itsas mailaren gainetik eskegita gelditzen dira 10 eta 30 metrotara, eta ura ur-jauzi eran (Mendata errekastoa) edota labarraren hormetatik (San Martin eta Lorazokoak) itsasoratzen dira. Ibilbide handiagoko (2-3 km) eta morfologia meharretako beste haranak hondartza harritsuetan itsasoratzen dira, eta ondorioz, itsaslabarraren fronte jarraitua eteten da. Horrelako haranen adibideak Arronomendi, Oskon eta Sakonetako errekastoak dira.

Flysch motakAldatu

 
Estratuak agerian, ia zutik.

4 Flysch mota bereiz daitezke Deba eta Zumaia artean.

  • Debako Hondartza: Flysch Beltza
  • Mendatako hondartzakoa: Flysch txuria
  • Algorrikoa: Flysch Gorria
  • Itzurunekoa: Flysch Horia

TarteakAldatu

Flysch honek marearteko zabalgune handia du bere azpian eta jarraipen eta erresoluzio handiko informazioa ematen du. Honakoak dira identifika daitezkeen tarteak:

  • Mendatako hondartzako hondartzan kareharri eta tuparen arteko 300 metroko txandakapena, Goi Kretazeokoak.
  • Aitzuriko badian 1.300 metroko flysch detritiko-kareharritsua (tupak, eta kareharri hareatsuak), Goi Kretazeo garaikoak.
  • Algorrin 180 metro geruza gorri, Tertziariokoak.
  • Itzurun hondartza 150 metroko trantsiziozko flyscha, kaliza mikritiko grisak, tupak eta tupa-kareharriak, hauek ere Paleozenokoak.
  • Marianton Puntan 300 metroko flyscha, noizbehinkako hareharri eta lutita tartekatuekin, Tertziariokoak.

BiologiaAldatu

Deba-Zumaia biotopoaren aniztasun biologiko ekologikoa nabarmena da. Eragin antropiko txikia du gainera, eta horregatik biodibertsitatearen kontserbazioa nahiko ona da.

Naturaren aldetik duen interesa higadurak sortzen dituen inguruneen aniztasun handian oinarritzen da; horri esker, txoko ekologiko ugari bereizten dira eta landare eta animalia dibertsitate handia ikus daiteke zabalgunearen marearteko zonan. Hango animalia interesgarriak dira pottorroa (Alca torda), kaio hauskara (Larus argentatus) eta martina (Uria aalge).

FaunaAldatu

Knidarioak (Aktiniak, anemonak eta marmokak)Aldatu

Poliketoak (Itsas zizareak)Aldatu

  • Hediste diversicolor : Hondarpean bizi da. Elikagaia lortzeko, gorputzaren aurrealdea hondarpetik atera, parapodioekin urari eragin eta ur korronte bat sortzen du; honela, sortutako korronteak barrualdera ekartzen dizkio planktonak.

EkinodermoakAldatu

MoluskuakAldatu

  • Patella (Lapa) : Maskorrak itxura konikoa eta espirala du, erpinetik oinera marraz betea eta oin obalatua du. Bereiziki, oina zabala da, eta horren bidez itsasten da arroketara.
  • Littoriana littorea (Karrakela) : Maskor sendoa eta gehiegi irteten ez diren espiralak ditu. Espiralek kono puntazorrotz bat osatzen dute.
  • Mytilus (Muskuilua) : Substratuari filamentuen bidez lotzen zaizkion bibalbioak dira. Mutur aldea zorrotza da eta atzealdea biribildua. Espezie hau askotan taldeka aurkitu daiteke.  
  • Octopus vulgaris (Olagarroa) : Globo-itxurako gorputza dute eta ez dute barne-maskorrik. Zortzi tentakulu dituzte eta ezkutatuta bizi dira gordelekuetan.
  • Haliotis (Itsas Belarria) : Maskor kuskubakarra du, eta substratuari ondo lotzeko zulotxoak ditu, eta horietatik kanporatzen du ura.

KrustazeoakAldatu

  • Balanus perforatus (Zirripedioak) : Krustazeo hau edozeri erantsita bizi da: harriei, maskorrei… Oskola sumendien itxurakoa da, eta ireki eta ixten diren operkuluak ditu.  Planktona dute elikagai.
  • Pachygrapsus marmoratus (Karramarro beltza) : 4 zentimetroko luzera duen karramarroa da.  Oskola laukizuzen itxurakoa du eta arrasto gabea. Bere kolorea oliba-berde eta marroia da.
  • Carcinus maenas (Karramarro berdea) : Gautarra da. Mareabeherarekin ateratzen da lehorrera janari bila. Hondarpean ezkutatzen da arriskuan dagoela antzematen duenean.
  • Pollicipes cornucopia (Lanperna) : Pedunkulu marroia eta sendo bat du. Mintz gorri baten bidez lotutako kare-plakez osatutako maskorra dago pedunkuluaren bukaeran.
  • Eriphia verrucosa (Txangarra) : Oskola lodia du, 7 zentimetroko luzera eta 9 zentimetroko zabalera.
  • Palaemon serratus (Izkira) : Gorputz luzetxoa eta oskol ahul bat du. Bi pintza txiki ditu aurrealdean.

ArrainakAldatu

  • Lipophrys pholis (Kabuxa burusoila) : 16 zentimetroko luzera izaten du eta 111 gramo pisatzen du. Tentakulu txiki batzuk ditu sudur-hobien gainean. Gorputza berde-marroixka da eta orban horiak ditu, 5-6 marra bertikal ilunekin.
  • Parablennius pilicornis : 12-15 zentimetroko luzera duen blenido bat da eta gorputz luzexka bat du.
  • Lepadogaster legapogaster (Ahate-lapatia) : Tamaina txikiko arraina da, 7 zentimetroko luzerakoa. Burua laua du, gorputza baino zabalagoa. Kolore gorrixka edo hori iluna izaten du, eta gehienetan begien atzean bi puntu urdin edukitzen ditu.

HegaztiakAldatu

  • Arenaria interpres (Harri Iraulia) : Kostaldean ikus daiteke migrazio garaietan (apirila-maiatza edo abuztua-urria). Mokoa du baliabide, janaria bilatzeko.
  • Alecdo Atthis (Martin Arrantzalea) : Hegazti txikia da, 17-19,5 zentimetrokoa (mokoa barne). Gorputz potxoloa, oin eta buztan motzak eta buru handia. Bere mokoa handia da, gorputzarekin konparatuz. Kolore biziak ditu.
  • Phalacrocóras aristotelis (Ubarroi Mottoduna) : 90 cm-ko luzera du. Mokoa horia, luzea eta gakoduna. Luma beltzak ditu.
  • Actitis hypoleucos (Kuliska Txikia) : Zangaluze honek 32-35 zentimetroko hego-zabalera izaten du eta 8-21 zentimetroko luzera. Gaineko atalak kolore arrea izaten du eta behealdeak zurixka.
  • Larus michaellis (Kaio hankahoria)  : 55-57 zentimetroko luzera eta 130-158 zentimetroko hego-zabalera izaten du kaio honek. Hankak horiak ditu, mokoa hori-laranja eta begi eraztunak kolore gorrikoak. Bizkar aldea grisa izaten da, eta sabelaldea zuria.


FloraAldatu

Zabalgunearen hondoaren arabera, hainbat alga mota egoten da.

Sakonera handikoakAldatu

  • Coralina officinalis : Ehunetan daramatzan kaltzio karbonatuarengatik, harria dirudi.
  • Lithophyllum incrustans : Zarakar gogorrak sortzen dituen alga da eta 1 mm lodiera izaten du. Taloak gazteak eta lauak dira. 8 metroko sakoneran aurkitu daiteke.
  • Gelidium Sesquipedale : Alga gorri iluna da eta oso adarkatua. Ardatz nagusi batez osatuta dago eta zurruna da.

Alga arreakAldatu

  • Cystoseira tamariscifolia : Alga hostotsua da eta flotagailu txikiak ditu. Alga gazteenak uretan kolore turkesa edukitzen du.
  • Halopteris scoparia : 10-15 cm-ko altuerako muluak izaten ditu, isats itxurakoak. Latzak diren filamentu adarkatuz osatutakoak.
  • Dictyota dichotoma : Ez du nerbio zentralik eta mutur biribila eta gardena du. Kolore horia edo berdea du.

Alga berdeakAldatu

  • Codium : Haitzetara itsatsita bizi den talo biguneko alga da eta 1 cm edo 10 metroko luzera har dezake. Gutxienez 40 metroko sakontasunean bizi daiteke.
  • Ulva lactuta (Itsas Uraza)  : Berde koloreko xafla taloa du, zelulazko bi geruzez osatua dago. Metro bateko luzera har dezake.  

TurismoaAldatu

Deba eta Zumaia artean aurkitzen den zabalgune honek milaka turista erakartzen ditu urtero.

Flyscha pantailetanAldatu

Gipuzkoako kostako eremu hau telebista eta zinema munduko hainbat produkzioren parte izan da. Produkzio hauen boomak turisten etorrera areagotu du azkenengo urteetan. Proiekturik esanguratsuenak Game of Thrones telesaila eta Ocho Apellidos Vascos filma izan dira.

  • Telebistan: Nazioarteko ospea duen Game of Thrones telesailaren zazpigarren denboraldiko eszena batzuk Zumaiako flyschean grabatu zituzten. 2016ko urriaren 3an, telesailaren produkzio taldea azpiegitura-lanetan hasi zen Zumaian. Urriaren 26an  grabazioari hasiera eman zioten, eta aste oso batez Itzurun hondartza guztiz itxita egon zen. Telesailaren zazpigarren denboraldiko hainbat eszena Zumaian filmatu ziren, Bermeon eta Barrikan bezala.[5]
  • Zineman: 2014an Espainia mailan diru-bilketa handiena izan zuen Ocho Apellidos Vascos filma estreinatu zen. San Telmo ermitan, Zumaiako lekurik esanguratsuenetariko batean, pelikularen amaierako eszenetako bat grabatu zen. Arrantzaleen ermita txiki hau flyschen arroka laminen gainean eraikita dago. 1540. urtean, eraikin hau bertan zegoen jada.[6]

Game of thrones eta Ocho apellidos vascos produkzioez gain, Zumaia beste hainbat filmazioen eragin-gune izan da. Esaterako,  Zipi y Zape 2, Handia edo Lasa eta Zabala.

Proiektu artistiko hauen grabaketek bisiten igoera eragin dute. Zumaiako turismo bulegoaren arabera, 2017ko Aste Santuan 2.252 pertsonen bisita jaso zuten 10 egunetako oporraldian. Horretaz gain, aipatzekoa da ere Geoparkea osatzen duten hiru herriek antolatutako bisita gidatuen igoera. 57 bisita egin ziren eta guztira 1.416 pertsonek hartu zuten parte; 2016an baino 893 gehiago.[7]

IbilbideakAldatu

 
Flyscheko ibilbidea

Zumaia eta Deba arteko paisai bukoliko eta muino berdeez gozatzeko, hainbat ibilbide daude txangozaleentzat. Famatuena Zumaiako San Telmo ermitatik Debako hondartzaraino doana da. Ibilbide honen zailtasun bakarrak distantzia eta etengabeko maldak dira. Bideak egokiak dira eta marka txuri eta gorriz bereiz daitezke. Gezi horiak ere aurki daitezke. 13,1 Km-ko ibilbidea da eta 5 ordutan egin daiteke.[8][9]

Nola iritsiAldatu

Marearteko zonalderako ekialdeko sarrera Zumaiako San Telmo baseliza azpian dagoen Algorriko kalatik egin daiteke. Zumaiara A8 autobidea hartuta irits daiteke, eta behin herrian sartuta Itzurun hondartzarako bidea hartu behar da (ondo seinaleztaturik dago). Hondartzaren ezkerraldean dago ermita, amildegiaren gainean, eta are ezkerrerago Algorrira daraman bidexka. Algorrira eskailera batzuetatik jaitsi daiteke. Bertan dago, hain zuzen, Kretazikoa eta Tertziarioa bereizten dituen K/T mugaren arrastoa.

ElorriagatikAldatu

Elorriagatik naturagunearen erdira irits daiteke. Zumaia eta Deba arteko N-634 errepidea hartu behar da, Elorriaga auzora iristeko. Arroatik 3 km ingurura dago Elorriagarako bidegurutzea. Autoa auzoan bertan edo aurrerago dagoen parkean utz daiteke. Hain zuzen, pare horretatik irteten da Endatara jaisten den bidea.

SakonetatikAldatu

Sakonetako hondartzara iristeko Itziarko Itxaspe auzorako bidea hartu behar da (N-634 errepidean dago bidegurutzea, Itziarren bertan), eta auzora iritsi aurretik eskuinera hartu. Errepidea trenbideraino iristen da, eta handik aurrera jarraitzea debekatuta dago. Bertan bada autoa uzteko lekua. Handik hondartzara 5 minutu inguru daude oinez.

KutsaduraAldatu

Itsasoen kutsadurak Gipuzkoako kostaldea ere ukitu izan du hainbat momentutan. 2018ko urrian flyschetan pilatutako zabor guztia erakusten zuen bideo bat zabaldu zen sare sozialetan.[10]

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ingurumen zuzendaritza 2016tik Life Lema izeneko proiektuan murgilduta dabil, Surfrider eta Aztirekin batera. Itsasoaren garbiketan eta kontzientziazio hiritarrean lan egiten dute. Azkenengo datuen arabera, hondakinen bilketa %18 bat jaitsi da populazioaren laguntzari esker.

ErreferentziakAldatu

  1. a b Turrau, Cristina (2010-7-5) El 'flysch' de Zumaia ya es referente internacional de la historia de la Tierra Diario Vasco . Noiz kontsultatua: 2011-1-31.
  2. Mutiozabal, Aritz (2007-06-21) Zumaiako 'flysch'-ari eman diote Paleozenoko estratipo izendapena nazioarteko adituek Berria . Noiz kontsultatua: 2011-1-31.
  3. International Commission on Stratigraphy (ICS) CONSOLIDATED ANNUAL REPORT FOR 2007 ICS 2007-12-21 199. or. . Noiz kontsultatua: 2011-1-31.: 61. orrialdea: The Danian/Selandian boundary will be placed at the base of the Itzurun Formation in the Zumaia section at San Telmo Beach.
  4. International Commission on Stratigraphy (ICS) CONSOLIDATED ANNUAL REPORT FOR 2007 ICS 2007-12-21 199. or. . Noiz kontsultatua: 2011-1-31.: 61. orrialdea: The Selandian/Thanetian will be placed at the base of magnetochron 26n in the same section.
  5. (Gaztelaniaz) «Comienza el montaje para la grabación de 'Juego de Tronos' en Zumaia» www.eitb.eus . Noiz kontsultatua: 2019-03-21.
  6. (Gaztelaniaz) «Zumaia inspiró el pueblo ficticio de 'Ocho apellidos vascos'» www.eitb.eus . Noiz kontsultatua: 2019-03-21.
  7. (Gaztelaniaz) «Zumaia sigue atrayendo a turistas. Noticias de Gipuzkoa» Noticias de Gipuzkoa . Noiz kontsultatua: 2019-03-21.
  8. 1976-, Martín Álvarez, Ibon, ([2003-2004]) Rutas para descubrir Euskal Herria Travel Bug ISBN 8460770117 PMC 433097442 . Noiz kontsultatua: 2019-03-21.
  9. Asier., Hilario Orús, (LG 2012) Flysch biotopoa : bidaia bat bizitzan eta denboran zehar: biotopo oso geologiko baten sekretuak eta ibilaldiak ulertu ahal izateko gidaliburua. Gipuakoako Foru Aldundia, Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismoko Departamentua = Departamento de Innovación, Desarrollo Rural y Turismo ISBN 9788479076832 PMC 863195433 . Noiz kontsultatua: 2019-03-21.
  10. «Zumaiako Flisch-ak plastikoz beteta» Argia . Noiz kontsultatua: 2019-03-21.

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgunea