Anton Abadia

Irlandan sortu euskal idazle, esploratzaile, geografo, etnologo, hizkuntzalari eta astronomoa (1810-1897)

Anton Abadia Urrustoi[1][2]Anton Abbadia izen-abizenez ere ezaguna; frantsesez, Antoine Thompson d'Abbadie d'Arrast— (Dublin, 1810eko urtarrilaren 3a - Paris, 1897ko martxoaren 19a) geografoa, astronomoa eta euskal kulturaren eragilea izan zen. Arnaut Mitxel Abadia geografoaren anaia zaharra zen.

Anton Abadia

194. Frantziako Zientzien Akademiako lehendakari

1892ko urtarrilaren 1a - 1892ko abenduaren 31
Pierre Étienne Simon Duchartre (en) Itzuli - Henri de Lacaze-Duthiers (en) Itzuli

Hendaiako auzapeza

1871 - 1875
Jean-Baptiste Dantin (en) Itzuli - Jean-Baptiste Dantin (en) Itzuli
Bizitza
JaiotzaDublin1810eko urtarrilaren 3a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaParis1897ko martxoaren 19a (87 urte)
Familia
AitaArnaud-Michel Abbadia-Ürrüstoi
Ezkontidea(k)Virginie Vincent de Saint-Bonnet
Anai-arrebak
Hezkuntza
HizkuntzakIrlandako gaelera
frantsesa
euskara
Jarduerak
Jarduerakesploratzailea, numismatikaria, fisikaria, kartografoa, arkeologoa, politikaria, idazlea eta astronomoa
Jasotako sariak
KidetzaFrantziako Zientzien Akademia
Linzeen Akademia
MugimenduaEuskal Pizkundea
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Literaturaren Zubitegia: 477

Biografia aldatu

Zuberotar nobleziako familia batekoa zen. Bere aitona Jean-Pierre abade laikoa eta notarioa izan zen Zuberoan. Aita Ürrüstoin jaio zen. Ama, berriz, irlandarra zuen.

Gazterik atxiki zuten haren gogoa geografiak, astronomiak eta ekialdeko kulturek; jakintsu eta esploratzailearen bizimodu higitua izan zuen. Frantziako Zientzia Akademiaren esanetara, egonaldi luzeak egin zituen Brasilen, Egipton eta, batez ere, bere anaia Arnaut Mitxel Abadiarekin batera, Etiopian. Egipton ibili zen 1848 arte. Bidaiotatik jakintza zabala jaso zuen hizkuntzez, etnologiaz edo geografiaz, eta eskuizkribu nahiz objektu bilduma handia ekarri zuen. 1851n Norvegiarako espedizio batera batu zen eguzki eklipse bat aztertzeko, eta 1882an asmo berarekin joan zen Santo Domingora.

 
Virginie Vincent de Saint Bonnet

Virginie Vincent de Saint Bonnet andrearekin ezkondu zen 1859an.

Euskal Herriaren maitale sutsua izan zen, eta euskal hizkuntza, kultura eta izatea babesteko lan handia egin zuen.

Etiopiatik itzuli zenean, 1849an, 350 hektareako lursaila erosi zuen Hendaia eta Donibane Lohizune bitartean, Abadia izendatu zuena. Bertan bizi izateko, Abadia jauregia eraikiarazi zuen. Politikan ere sartu zen, Hendaiako alkate izan baitzen 1871-1875 bitartean.

Zientzialari eta esploratzailea aldatu

Ikasle gazte zelarik, Anton Abadiak jakingura handia erakutsi zuen hizkuntza zahar nahiz berriekiko. Etxean hiru hizkuntza ikasiak zituen (euskara, frantsesa eta ingelesa), eta bizitzan zehar 14 bat hizkuntza menperatu zituen hitz egiteko moduan.

Zientzia izan zen, alabaina, bere ikasbide nagusia: mineralogia, biologia, fisika eta, batez ere, astronomia ikasi zituen Parisko Sorbona unibertsitatean. Esploratzaile senak laster eramango du Afrika hobeki ezagutzeko bidaia prestatzera; Etiopiara jo nahi zuen, baina lehenago Brasilera joan behar izan zuen 1835an, Zientzia Akademiak eskatuta, lurraren magnetismoa aztertzera.

1837an, Anton eta bere anaia Arnaut Etiopia aldera abiatzen dira. Bidean era guztietako zailtasun eta oztopoak aurkituko dituzte, lurraldea mendean zuten jauntxoek elkarren arteko borrokaldietan frantsesen edo ingelesen laguntza inguratzen baitzuten; Abadiak estatu etiopiarraren batasunean laguntza funtsezkoa eman zuen[3]. Urte luzetan, 1848 arte, Anton Abadiak jakintza handia bildu zuen Etiopiako hizkuntzez, etnologiaz eta, batik bat, geografiaz: kartografia egiteko metodo berri bat sortu zuen eta aurkikuntza ugari egin zituen.

Eskuizkribu kopuru handia bildu zuen, Etiopiako hizkuntza askoren alfabetoa eta hiztegia finkatzeko balio handikoak; hizkuntza horien guztien artean, amhariko hizkuntza ikertu zuen bereziki. Abadiak argitaratutako amhariko-frantses hiztegia geroagoko bidaiari anitzek erabiliko zuten.

Orobat, Abadiak ongi beteak ikusi zituen Etiopiara eraman zuten lau helburuak:

  • Nilo ibaiaren iturburua aurkitzea.
  • Afrikako populazio beltzaren jatorrien inguruko datu berriak aurkitzea.
  • Etiopiarrak Eliza Katolikora hurbiltzea.
  • Frantziaren eragina handitzea eskualde horretan.

Bere lan zientifikoen aitorpen ugari jaso zituen Abadiak, besteak beste Geografia Elkartearen urrezko domina eta Frantziako Ohorezko Legioko intsignia. Horrez gain, Frantziako Zientzia Akademiako kide izendatu zuten 1862an, eta lehendakari 1892an.

Etiopiari buruzko mapak, katalogoak eta gainerako materialak argitaratu ondoren, beste bidaia asko egin zituen munduan barrena eguzki eklipseak aztertzeko: Jerusalem, Norvegia, Espainia, Aljeria... Ezkontzak ez zion eragotzi bidaiak egitea, bere emazte Virginie Vincent de Saint-Bonnetek beti laguntzen baitzion ateraldi luzeetan.

Azken espedizioa 1882an egin zuen, Antilletara, Venus planetaren ibilbidea behatzeko.

Euskaltzalea aldatu

Londresen Louis Lucien Bonaparte ezagutu zuelarik, Anton Abadia euskarari buruzko ikerketak eta lanak egiten hasi zen (1852).

Politikan, Hego Euskal Herriko karlisten alde aritu zen. Euskal letrak bultzatzeko asmoarekin, lore jokoak antolatu eta diruz lagundu zituen 1851tik hil zen urtera arte, 1897an. Lore joko horiek hamar urtez Urruñan (Lapurdi) antolatu ziren, gero 1864-1876 bitartean Saran (Lapurdi), eta handik aurrera urtero lekuz aldatu ziren. Jaietan, poesia lehiaketez gainera, herritar soilentzako kirol eta ikuskizunak izaten ziren.

Agosti Xahorekin batera euskal gramatika bat atera zuen. Beste lan asko ere argitaratu zituen euskararen gainean. Euskaraz idatziriko lan bakarra, berriz, Zuberoatikaco gutun bat (1864) izan zen.

Euskaldunez irudi mitikoa zuen Abadiak. Hala idatzi zuen: «Nous autres, Basques, nous sommes un secret, nous ne ressemblons pas aux autres peuples, fiers de leurs origines et pleins de traditions nationales. Si nous avons un fondateur, un premier aïeul, c'est Adam.»

Abadiak sortu zuen, euskaldunen irudi mitikoari jarraiki, Zazpi Uskal herriak bat edo Zazpiak bat esamoldea.

Jauregia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Abadia jauregia»
 
Abadia jauregia.

Abadia jauregia Hendaiako (Lapurdi) Santa Ana muturraren eta Ondarraitz hondartzaren ondoan dago 350 hektareako lur sail batez inguratuta. 1860 eta 1870 artean eraikia izan zen, Eugène Viollet-le-Duc eta haren jarraitzaile Edmond Duthoit arkitektoen zuzendaritzapean, estilo neo-gotikoan.

Hiru atal ditu:

Barneko dekorazioan Abadiak munduan barrena egindako ibilaldietatik ekarritako objektu asko gordetzen da.

Gazteluaren gela guztietako hormetan edo tximinia buruetan esaldiak idatzirik ageri dira 14 hizkuntzatan. Kaperan dira ehortziak Anton Abadia eta bere emazte Virginie Vincent de Saint Bonnet.

Baigorriko Etxauzko jauna ere izan zen eta harreman estua izan zuen herri horrekin; horregatik, han ere "Eskualdun Phestak" antolatu zituen 1905ean[4]. Hil aurretik, Abadiak Frantziako Zientzia Akademiari utzi zion jauregia, baita gainerako bere ondasun guztiak ere. Egun museoa da.

Lanak aldatu

Euskarazko lanak aldatu

  • Zuberoatikaco gutun bat. 1864

Euskarari buruzkoak aldatu

  • Études grammaticales sur la langue euskarienne. 1836
  • Le Dictionnaire de Chaho. 1854
  • Lettres sur l'orthographe basque. 1854
  • Travaux récents sur la langue basque. 1859
  • Sur la carte de la langue basque. 1868
  • Le basque et le berbère. 1873
  • Lettre sur la préservation de la langue basque. 1895

Historia eta esplorazio gaiak aldatu

  • Instructions pour les voyages d'exploration. 1867
  • L'Abyssinie et le roi Théodoros. 1868
  • Monnaie d'Éthiopie. 1868
  • Credo d'un vieux voyageur. 1884

Zientzia gaiak aldatu

Abadia lehen Zientzien Akademiako kide eta gero presidentea izan zen eta arlo horretan ere ekarpen inprotanteak egin zituen:

  • Catalogue raisonné de manuscrits éthiopiens. Paris, 1859
  • Résumé Géodésique des positions déterminées en Éthiopie. Paris, 1859
  • Géodésie d'Éthiopie ou Triangulation d'une patrie de la haute Éthiopie. 4 vol. Gauthier-Villars. Paris, 1860-1873 [5]
  • Notice sur les langues de Kamw. 1872
  • Observations relatives à la physique du globe, faites au Brésil et en Éthiopie. Gauthier-Villars. Paris, 1873
  • Recherches sur la verticale. 1881
  • Dictionnaire de la langue Amariñña. 1881
  • Reconnaissances magnétiques. Paris, 1890
  • Géographie de l'Éthiopie, ce que j'ai entendu, faisant suite à ce que j'ai vu. 1890

Kultura eragina aldatu

Ikus, gainera aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Anton Abadia  

Erreferentziak aldatu

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. «Egungo euskal grafia akademikoaren arabera Abadia izan behar luke. Izan ere, Abadia Ürrüstoi da haren oinetxearen izena, eta euskaraz horrela idazten da.»
    Pruden GARTZIA: «Euskal deituren sarrera nagusiez», Euskera, XLV, 2000, 1.
  3. Txomin Laxalt: Brèves de Pays basque, 2008.
  4. Mixel Oronoz: Oilandoiko ermita, 2001, Elkarlanean.
  5. Eskaneatutako alea deskarga daiteke Gallica.bnf.fr webgunetik.

Kanpo estekak aldatu