Eguzki-lorea[1] Carlina generoko bi landare espezieren izen arrunta da: eguzki-lore luzea (Carlina acaulis) eta eguzki-lore laburra (Carlina acanthifolia).

Eguzki-lorea, Lapurdiko Senpere udalerriko baserri bateko atean.

Eguzki-lorearen ezaugarriak

aldatu

Bi urtean behingo landare bat da (ereiten denetik lorea ateratzen den arte gutxienez bi urte igarotzen dira), zurtoin zurrun eta murritzekoa. Ia lurrari itsatsita hazten da eta, formari dagokionez, nahiko modu zentzugabe eta desordenatuan, hosto arantzatsu zabal eta haragitsuekin, kardu bat bezala.

Behin lorea aterata, haren harmonia eta simetria ikusgarriak dira. Lorearen burua hosto-arrosetaren erdian dago. Lorearen burua erabat loratu baino lehen, arantzazko-armazoi batek babesten du. Eguzki-lore guztiek bereizgarri bitxi bat dute: ez dira zimeltzen eta lehortzen direnean ere, edertasun guztia mantentzen dute.

Funtsezko propietate gisan, errotik destilatutako berezko olioa du, flabonoideak eta substantzia antibiotikoak dituen usain oso berezi eta atsegina dituena, eta ekzemak eta aknea tratatzeko eta larruazala zaintzeko erabiltzen da.

Mitologia

aldatu

Euskal Herriko mitologian, eguzki-loreak Eguzki Amandrearen ikurra garrantzi handia du. Haren itxurak eguzkia irudikatzen duenez, antzinako sineskerei jarraituz, Eguzki Amandre ahaltsuaren indarrari esker baserriak eta bordak sorgin eta izpiritu edo izaki gaiztoetatik etxea babesteko asmoz, atean eguzki-lorea jartzeko ohitura zegoen. Bestalde, sorginkeria, aztikeria eta madarikazioen aurkako babesa ere ematen omen zuen. Egun ere, baserri giroko leku askotan jartzen da. Sineskera horien arabera, eguzki-lorearen babes ahalmena Donibane eguneko goizaldean urte osoan baino indartsuagoa izan ohi zen.

Sineskera hori Mendebaldeko Europako herrialde askotan jasotzen da: adibidez, Pirinio mendietako bi alboetan, Aragoin eta Alpeetako eskualdean, betiere sorgin eta izaki gaiztoen inguruko babesletzat. Aragoin, Cardo de bruixas edo Cardo machico deitu ohi zaio; eta Alpeetako zenbait lekutan, Alpeetako eguzkia.

Kondaira

aldatu

Eguzki-lorearen kondaira[2] oso zaharra da eta belaunaldiz belaundali transmititu izan da; horrek sinismenez eta sinbolismoz beteriko lore bilakatzea ekarri du.

Orain dela milaka urte, gizakia Lurrean bizitza egiten hasi zenean, ez zegoen ez Eguzkirik ezta Ilargirik ere. Hori horrela, gizakiak iluntasunean bizi ziren; izaki misteriotsu, espiritu eta sorginez inguratuta. Hori dela eta gizakiek Lurrari laguntza eskatzea erabaki zuten. Lurrak laguntza horri erantzun bat emateko izaki argitsu bat sortzea erabaki zuen: Ilargia. Gizakiek hasiera batean izu handiz hartu zuten Ilargiaren sorrera eta egun asko igaro zituzten Ilargiaren beldur; beraien haitzuloetatik atera gabe, baina pixkanaka gizakia ohitzen joan zen izaki berri horren sorrerara.

Kontua da gizakiak ohitu ziren modu berean, sorgin eta gaueko izaki misteriotsuak ere ohitu egin zirela, beraz, gizakiek berriro jo zuten Lurrari laguntza eske. Oraingo honetan, Ilargia baino zerbait indartsuagoa eskatu zioten Lurrari; gaueko sorgin eta izaki misteriotsuek ez erasotzeko. Lurrak orduan, gizakien beharrei kaso egin eta Ilargia baino zerbait indartsuagoa eta argitsuagoa sortu zuen: Eguzkia.

Lurrak Eguzkia sortu eta gero hau esan zien gizakiei: Eguzkia egunean zehar egongo da, Ilargia, berriz, gauean. Eguzkiari esker, ingurunea asko aldatu zen: landareak, zuhaitzak, fruituak, kolore biziak… Eta gainera, izaki misteriotsu eta sorginak ez ziren ohitu Eguzkiaren argira, gizakiek egin zuten bezala, hortaz, soilik gauez irten ahal izaten ziren, Ilargiarekin batera. Gizakiak hirugarren aldiz joan ziren Lurrari laguntza eske, guaean oraindik kaleetan ibiltzen baitziren izaki misteriotsu eta gaizkileak. Lurrak, hirugarren aldiz kasu egin eta izaki horiek itsutuko zituen landare bat sortuko zuela aitortu zion gizakiei; landare hori Eguzkia zela pentsatzeko. Beraz, Lurrak Eguzki-lorea sortu zuen; egun horretatik aurrera Eguzki-loreak gure etxeak babesten ditu gaueko izaki misteriotsuak uxatuz.

Kokapena

aldatu

Eguzki-lorea Europa erdialdean, Pirinioetan eta Kantauriar mendietan aurki daiteke batez ere, ekain eta irail artean. Normalean, mendi-hegaletan, larreetan edo belardietan hazten da. 800 metroko altitudean egoten da eta leku horietan haizea egoten da, haziak zabaltzen dizkiona.

Egun, landare babestua denez, debekatuta dago moztea edo ateratzea. Klima aldaketak eta gehiegizko kontsumoagatik ez dira asko ikusten eta hazien zabalketa oztopatzen dute. Hori dela eta, eguzki-lorea landare “arraro” edo “arriskuan dagoen lorea” gisan katalogatu da. Nolanahi ere, laborantza naturaleko eguzki-lorea lor daiteke edota artisau baten kopia erosi.[3]

Erabilera

aldatu
 
Eguzki-lorea ate batean.

Gaur egun, orokorrean eguzki-lorearen erabilera nagusia apaintzekoa da, hain zuzen ere etxeko ateetan ezartzeko. Ohitura hori eguzki-lorearen kondairan oinarritzen da, sorginak urruntzeko eta etxeak babesteko balio zuela baitio istorioak.

Hala ere, landare horrek bestelako funtzioak ditu, iraganean usu erabilia: propietate antibiotikoak dituenez, izurriaren pandemia bat sendatzeko erabili izan zuten Karlomagnoren garaian. Hori dela eta, haren latin-izena Karlina da, Karlomagnoren izenean.

Horretaz gain, haren sustraietatik propietate antibiotikoak dituen olioa atera daiteke, ekzemak, aknea-eta orokorrean sendatzeko balio duena. Gainera, usain oso berezi eta atsegina dauka. Horregatik, askok lorearekin kremak egiten dituzte.[4]

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuaren arabera, bereizita idatzi behar da, marratxoarekin edo gabe. Beraz, eguzki-lore edo eguzki lore.
  2. (Gaztelaniaz) Maghú. (2017-07-23). «La leyenda de la Eguzkilore» Maghú Eguzkilore (Noiz kontsultatua: 2021-11-01).
  3. (Gaztelaniaz) «Eguzkilore, la planta protectora del pueblo vasco.» Turismo País Vasco 2018-10-29 (Noiz kontsultatua: 2021-11-01).
  4. (Gaztelaniaz) Maghú. (2017-07-22). «Eguzkilore, “Carlina acanthifolia”» Maghú Eguzkilore (Noiz kontsultatua: 2021-10-31).

Kanpo estekak

aldatu