Kepa Junkera

bizkaitar musikagilea

Kepa Junkera Urraza (Errekalde auzoa, Bilbo, 1965eko apirilaren 10a) Euskal Herriko musikaria da, gaur egun mundu osoan den trikitilaririk ospetsuenetarikoa. Munduko beste musika mota batzuekin bilatu dituen bat-egiteak hasiera-hasieratik ohikoak izan dira bere lanetan.

Kepa Junkera

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakPedro Junquera Urraza
JaiotzaBilbo1965eko apirilaren 10a (58 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakmusikagilea eta trikitilaria
Jasotako sariak
KidetzaSamurai Accordion (en) Itzuli
Musika instrumentuatrikitia

kepajunkera.com
IMDB: nm1589589 Facebook: KepaJunkeraOficial Twitter: kepajunkera Badok: kepa-junkera Spotify: 4zwrg6JzxdSWtvoF16tToh iTunes: 15033724 Musicbrainz: bb1f9b4a-adbc-465e-92d4-d3d225c72f7b Songkick: 82570 Discogs: 1015088 Allmusic: mn0000767899 Edit the value on Wikidata

Diskoez gain, hainbat kolaborazio egin ditu, bere hastapenetan Oskorrirekin (1983tik) eta denbora pasa ahala beste talde eta bakarlari handi batzuekin: The Chieftains, Carlos Nuñez, Tomas San Miguel, La Bottine Souriante, Alasdair Fraser, Hevia, Justin Vali, La Musgaña eta Xose Manuel Budiño, besteak beste.

Lur Soinuak musika-eskolaren arduradun nagusia da, bai eta Euskal Txalaparta Konpainiarena (ETXAK) eta BALEA grabatze-estudioarena ere.

Bizitza aldatu

Hastapenak aldatu

Lehen diskoa argitaratu zuenerako trikiti txapelketetan zaildua zegoen Kepa Junkera. 11 urterekin hasi zen soinu txikia jotzen, aititek panderorako eta amak euskal dantzetarako zuten zaletasunari erantzunez, Bilboko Errekalde auzoan. «Niri hasieratik esan zidaten jotzen nuen hura ez zela trikitia. Nire musika ez zela hemengoa, ezin zitekeela dantzarik egin nire musikarekin. Hori 16 urte nituela gertatu zitzaidan».[1]

Trikitira berrikuntzak ekartzea aldatu

Baina orduan ere, txapelketen garaian ere, trikitiari ezartzen zitzaizkion nolazpaiteko mugak gainditu nahi zituen Junkerak. 1988ko Euskal Herriko Trikitilari Txapelketako saio batean, Boni Iturbide pandero jotzailea aulkitik altxatu eta dantzan hasi zitzaien Junkera eta Joxe Mari Santiago Motrikuri; baina Iturbidek trikitia ez eta rock musika dantzatzeko imintzioak egiten zituen, protesta bezala. "Aniztasunak edo ideia ezberdinek ez al dute lekurik? Beti taldetxo baten ideiek agindu behar al dute? Ez al da zilegi aurrerakuntzak egitea? Zergatik ezin dira beste tonu batzuk erabili, edo pieza beste era batera hasi edo dantzari begira ez dauden piezak jo, jendeak entzun besterik egin ez dezan" (2). Junkerak hautu hori egin zuen hasieratik, eta horren erakusle dira bakarka egindako lehen bi diskoak, Triki up (Elkar, 1990) eta Trikitixa zoom (Karonte, 1991).

Soinu berrien bila egin du musika Junkerak, hasieratik. Bilaketa horretan, gitarra eta baxu elektrikoak eta teklatuak sartu zituen Kalejira al-buk diskoan (Elkar, 1994). Folk-rockaren bidetik eginiko disko hartan, gainera, David Edgar Passinghamek ingelesez eginiko hitzak musikatu zituen Junkerak. Diskoa, gainontzean, batik bat bertsolarien hitzen gainean josia zegoen (Andoni Egaña, Jon Sarasua), baina baita Edorta Jimenez idazlearen hitzetan ere.

Mugarik gabekoa izan da Junkeraren ibilbidea. Eta bilaketa horretan Euskal Herritik at egin zuen lehen diskoa Trans-Europe Diatonique (Silex, 1993) izan zen, John Kirkpatrick ingelesarekin eta Riccardo Tesi italiarrarekin osaturiko lana. Ibilbide horretako bigarren pausoa handik bi urtera eman zuen Junkerak, Julio Pereira portugaldarrarekin batera Lau eskutara (Elkar, 1995) lan sentibera eta akustikoa kaleratuta. Junkeraren ibilbidean mugarri bat ezarri zuen disko honek. Hurrengo urtean bikotekidea aldatu zuen, eta Ibon Koteron alboka jotzailearekin Leonen Orroak (Elkar, 1996) argitaratu zuen.

Nazioarteko arrakasta aldatu

Arrakasta komertziala eta nazioarteko aitortza ekarri zizkion diskoa 1998an iritsi zen: Bilbao 00.00h (Resistencia, 1998). Munduko soinuak ekarri zituen bi diskotan, Madagaskartik Quebecera, Europa erdialdetik Afrikara, Galiziatik Irlandara Portugaldik igarota... Horretarako, ikaragarrizko kolaboratzaile pila izan zuen lagun trikitilariak: Phil Cunningham, Hedningarna, Alasdair Fraser, La Bottine Souriante eta Paddy Moloney, beste askoren artean. Hurrengo diskoetan bide beretik jo zuen trikitilari bilbotarrak.

Nazioartean izan zuen arrakasta hari lotzen zaio Tricky! (Kaira Productions, 2000), Japonian bakarrik argitaratu zen diskoa. Bilbao 00.00h. lanaren arrakastak EMI multinazionalaren eskaintza ekarri zion, eta Maren diskoa argitaratu zuen (EMI, 2001). Bere alaba baten izena daraman disko horretan, Bilbotik Urdaibaira egin zuen trikitilariak. "Inguru hartan izan dira bikingoak, erromatarrak, zeltak... Kultura guzti horiek han utzi duten hondarra da nire musikaren bitartez eman nahi dudana", azaldu zuen promoziorako elkarrizketa batean (3). Bilbo 00.00h. diskoan, kantutik kantura egiten ziren herrialdez herrialdeko jauziak; Maren-en, berriz, abesti berean nahasten dira kulturak; esaterako, Albaniako abeslarien ahotsak eta Anton Latxarena (Oskorri) kontrastean entzun litezke. "Bok-espok" eta "Ny hira hira" abestien arrakasta itzela izan zen, eta lehen aldiz Grammy Latino sarietarako izendapena jaso zuen Junkerak, disko osoarengatik. Grammy saria bi urte geroago eskuratu zuen, folk disko onenaren atalean, Bilboko Arriaga antzokian grabaturiko K zuzeneko diskoarekin (EMI, 2003). Bere ohiko musikari taldeaz gain, La Bottine Souriante, Bulgarka, Patrick Vaillant eta Donostia abesbatza elkartu zituen Junkerak zuzeneko grabazio hartarako.

Hiri(Elkar, 2006) argitaratu aurretik, Athletic bihotzez diskoa egin zuen (Balea Musika Ideiak, 2004), futbol taldearen omenez. Euskal Herriko zein kanpoko hainbat abeslari eta musikari gonbidatu zituen (Francis Diez, Alex Sardui, Aitor Gorosabel, Faltriqueira, Tejedor...), euskarazko eta gaztelaniazko kantuak abestu zitzaten.

EMI multinazionala utzi eta bere hastapenetako diskoetxera itzuli zen, Lagun Aroren babesarekin, Hiri argitaratzeko. Aurreko bien aldean, artisau kutsuko diskoa egin nahi izan zuen. Kanpoan emandako urteetan ezagututako musikariak bildu zituen, eta hainbat hiritan izandako bizipenak eta sentipenak jaso zituen abestietan. Folk kutsuko bidaia kosmopolita horretan, Laponiako Kiruna, Marokoko Agadir herrixka, Finlandiako Kokkola hiria, Georgiako Tbilisi, AEBetako Reno, Frantziako Tatihou eta Japoniako Nagoya ekarri zituen diskora, baina baita Iurreta (Bizkaia) eta Ataun ere (Gipuzkoa).

Mugarik gabe abestiaren filosofiari eutsiz argitaratu ditu Kepa Junkerak hurrengo diskoak: Etxea (Warner Music, 2008) eta Kalea (Warner Music, 2009). Euskal abesti tradizionalen inguruko proiektu zabal baten lehen bi aleak dira horiek. Bertan, Euskal Herritik kanpoko kantari eta musikariak euskaraz abesten jarri ditu Junkera, eta batik bat ekoizpen lana egin du trikitilariak. Etxea-n, Estrella Morente, Loquillo, Ana Belen, Victor Manuel, Dulce Pontes, Miguel Bosé, Lluis Llach, Luis Eduardo Aute, Andrés Calamaro, Pedro Guerra, Miguel Ríos, Santiago Auserón, Jaime Urrutia, Ginesa Ortega eta Pau Donések hartu zuten parte, besteak beste. Kalea-n berriz, Juanes, Lila Downs, Pablo Milanés, Lito Vitale, Carlinhos Antunes eta beste batzuek abestu dute euskaraz.

Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza eztabaidatsua aldatu

Etxea, Kalea eta Herria diskoak aurrera ateratzeko, 2008ko azaroan, Kepa Junkerak Eusko Jaurlaritzarengandik 702.000 euroren dirulaguntza jaso zuen, «euskal musika berritu eta Euskal Herritik kanpo zabaltzeko» asmoz.[2] Laguntza hori zela-eta, 483 musikarik[3] manifestua[4] sinatu zuten, «administrazioaren jokabidea» salatzeko. 2008ko abenduaren 12an Junkerak prentsaurrekoa eskaini zuen proiektuaren nondik-norakoak azaltzeko. «Ez naiz damutzen» esan zuen prentsaurrekoaren hasieran. Dirulaguntzaren kontra sinatu zuten musikariez galdetuta, esan zuen «ona» dela «adierazpen askatasuna baliatuta bakoitzak uste duena esatea». Gainera, dirua jaso zuen lehena ez zela izan adierazi zuen, eta dirulaguntzak jaso zituzten gainerakoek ere hitz egin beharko luketela.[5]

Bere lanak besterekin berrinterpretatzen aldatu

Bere diskoetako kantu ezagunak beste musikari batzuekin berrinterpretatzeko asmoari ekin dio Junkerak. Lehen emaitza Provença Sessions da (Hiri, 2009), Melonious Quartet mandolina laukotearekin grabaturiko diskoa. 2018ko abenduan, kontzertu baterako Bruselan zela, iktus batek jo zuen eta ospitaleratua izan zen,[6] eta eszenategietatik kanpora ibili da harrezkero.[7]

Diskografia aldatu

Abestiak aldatu

Sariak aldatu

  • 2004an "Latin Grammy Award" saria eskuratu zuen.

Aste Nagusia aldatu

Bilboko Aste Nagusiaren "Badator Mari Jaia" abestiaren musika berea da. Halaber, 2007ko ekitaldiaren pregoilaria bera izan da.

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kepa Junkera