Euskal Iztundea (gaztelaniaz: Academia de Declamación Vasca, egungo euskaran: Euskal Deklamazio Akademia) Donostiako Udalak sortutako antzerki ekimena izan zen. Erakunde honi esker euskal antzerkiak indar handia hartu zuen. Erakunde publikoa zen, eta katedra eskuratzeko deialdi irekia egin zen; postu hori Toribio Altzaga idazleak eskuratu zuen. Euskal Iztundeak praktikan antzerki-taldetzat funtzionatu zuen, eta antzezlan asko taularatu zituen Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroa Garaian eta, behin, Lapurdin.

Toribio Altzaga eta bere taldea.
Katalina Eleizegik Euskal Iztundean lan egin zuen.
Loreti lanaren antzezpena.

Historia aldatu

Lehen garaia (1915-1936) aldatu

1915ean, Donostian, antzerkigintza berpiztuko zuen Euskal Iztundea jaio zen. Ekimena Donostiako Udalatik sortu zen. Udalak lehendabizi Antzerkirako Batzorde Laguntzailea sortu zuen. Abelino Barriolak, zinegotzia eta idazlea, txosten bat prestatu zuen eta, haren ondorioz, Euskal Deklamazioaren Udal Katedra sortzea erabaki zen. Antzerki eskola baten modukoa izango zen Euskal Iztundea, baina hori baino gehiago ere izan zen: antzerkiaren inguruan zebilen jendearen bilgunea, baita obrak sortzekoa, entseguak egitekoa...

Iztundea zuzentzeko katedra lortzen lehena Toribio Altzaga (1861-1941) izan zen; hainbat motatako testuez gain, batez ere antzerki lanak idatzi zituen (osorik euskaraz idatzitako lehena, Aterako gera (1888)). Altzagak haren katedra Donostiako Udal Musikaren Akademian kokatu zuen eta lehen urterako lan hauek zituen haren errepertorioan: Lagun txar bat eta Gai dagoenaren indarra, biak Barriolakoak, Dollorna eta Atzertokiya, Jose Elizondokoak, Barrenen arra, Martzelino Soroakoa, Mikelatxo Jose Ganboarena, eta Bernaiñoren Larriyak, Axentxi ta Kontxesi, biak Altzagarenak.[1]

Euskal Iztundeak sustatutako lanak Donostia eta Gipuzkoa osora hedatu ziren, baita Bizkaira ere gero, Resurrecion Maria Azkueren eskutik. Hogeita bi urtetan 51 antzezlan desberdinak prestatu zituzten, tartean arrakasta handia izan zuten Pierre Lotiren eleberrian oinarritutako Ramuntxo, Katalina Eleizegiren Garbiñe eta Ezer ez ta festa. Taldearen errepertorioko lanak gehien batean komediak ziren baina baziren ere drama batzuk.[2]

Altzaga euskal antzerkiaren maila altxatzen saiatu zen. Horrela ulertu behar da, esaterako, 1925ean prestatu zuen William Shakespeareren Macbeth lanaren bertsioa, Irritza izenburuarekin. Altzagararen bertsioan antzezlanak hiru ekintza zituen, bosten ordez, eta, orokorrean, lana erraztu zen. Zoritxarrez, garaiko publikoa oraindik ez zegoen prestatuta.

1936ko gerra osteko urteetan, frankistek Euskal Iztundea itxiarazi zuten, eta Altzaga Ondarretan kartzelan sartu.[3]

Bigarren garaia (1953-1981) aldatu

Maria Dolores Agirrek (1903-1997), euskaltzale sutsua, Altzagaren bidea jarraitu zuen talde berria antolatu zuen. Talde hori, Agirre antzezle nagusia zelarik, euskal antzerkiaren historian gehien iraun zuena izan zen. Bigarren aldi horretan, lehen aipatu dugun Pierre Lotiren eleberrian oinarritutako Ramuntxo lanarekin hasi zen bere ibilbide oparoa, 1953ko abenduaren 21ean, Donostiako Kursaal zaharrean. Euskal Iztundeak antzerki ugari egin zuen, batik bat 50 eta 60ko hamarkadetan, 92 emankizunetan 33 antzezlan ezberdin jokatzera helduz.

Antzezpenak ez ziren Donostian soilik eman, Bergara, Zarautz, Tolosa, Bilbo, Azpeitia, Irun, Elizondo, Andoain eta Hernanira ere iritsi ziren. José Monleónen[4], Espainiako antzerki-kritikari ospetsuaren hitzak baliatuz, egileak ikusita, Eskuinaren Antzerkia ote zen pentsa dezakegu, Alejandro Casonaren moldaketak ez ziren falta eta, Txalupak jaberik ez kasu. Bestelako moldaketarik ere bazen ordea, adibidez Molière, Gheon, Pierre Loti, Tagore, García Lorca, Antonio Buero Vallejo, Pio Baroja eta Arturo Campionenak; eta egile tradizionalen lanak, besteak beste, Soroa, Alzaga eta Barriola, edo Piarres Lartzabal eta Telesforo Monzon berrienak. Hortaz, eta egoerari begira, Erresistentziaren Antzerkia zela esan daiteke, eta egoera gaitz hartan biziraute hutsa arrakasta handia izan zen. Gainera, euskarari eusteko lantegian ekarpen nahikoa positiboa egin zuen.[5]

Bibliografia aldatu

  • Patri Urkizu: "Teatro vasco", Teatro y cine vasco liburuan. Lasarte-Oria: Etor-Ostoa, 2002. 8-54-55 or.

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

  • Idoia Gereñu Euskal Iztundeaz eta Espainiako Errepublikaren garaiko antzerkiaz hitz egiten.