Abadia jauregiafrantses grafiaren eraginez sarri Abbadia izenaz aipatua— Hendaiako (Lapurdi) itsaslabarren gainean dago, Santa Ana muturraren eta Ondarraitz hondartzaren ondoan. Anton Abadiak eta Virginie Vincent de Saint Bonnetek eraikiarazi zuten 1860ko eta 1880ko hamarkadatan, Eugène Viollet-le-Duc eta haren jarraitzaile Edmond Duthoit arkitektoen zuzendaritzapean, estilo neogotikoan, eta Ingalaterran XIX. mendean egin ziren gazteluen eredura.

Abadia jauregia
 Monumentu historikoa
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Lapurdi
HerriaHendaia
Koordenatuak43°22′39″N 1°44′57″W / 43.3775°N 1.7492°W / 43.3775; -1.7492
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1884
Inaugurazioa1879
JabeaAnton Abadia
KomisarioaAnton Abadia
Arkitektura
ArkitektoaEugène-Emmanuel Viollet-le-Duc
Estiloaarkitektura neogotikoa
Ondarea
Mérimée IDPA00084395 eta MI011
Webgune ofiziala

Anton Abadiaren paperen arteko 1865eko aurrekontu batzuetan, gaztelua egiteko aurreikusiriko gastuen guztizko kopurua ageri da: 172.887 libera, altzariak kontuan hartu gabe[1]. Hil aurretik, Frantziako Zientzien Akademiari utzi zizkion Anton Abadiak jauregia, lorategia eta lursail osoa[2].

1984ko abenduaren 21ean Abadia jauregia monumentu historiko izendatua izan zen.[3]

Eraikuntzaren bide luzea

aldatu

Abadia jauregiaren eskumeneko lursailen lehen atala Aragorri izeneko etxalde edo baserrian dago. Anton Abadiak 1849an erosi zuen[4], Etiopiatik itzuli zenean Euskal Herrira. Aitaren heriotzaz geroztik Abadia Urrustoi familiaren ondasunak bere esku zituen Antonek (soroak, basoak, mahastiak eta abelburu ugari) eta horien ustiapenaz ondare handi bat eraikia zuen. Hori gutxi balitz bezala, Etiopian ibili zen urteetan (1837-1848) bere ondarea zabaltzeko aukerak profitatu zituen, oraindik feudalismo giroan bizi zen Afrika ekialdeko lurralde haietan[5]. Horrez gain, eta azkenik, Virginie Vincent de Saint Bonnet andrearekin ezkondu zelarik 1859an, finantzabide osagarriak erantsi zituen Abadia jauregiaren proiektuari ekiteko.

Bestalde, 1853an, Anton Abadiak aurrez erosia zuen Audauxeko gaztelua (Gassion jauregia) saltzeari ekiten dio, salmenta horretatik diru kopuru handi bat ateratzeko itxaropena baitzuen, Aragorri etxaldearen lursailak zabaldu eta Abadia jauregia eraiki ahal izateko. Alabaina, gaztelua saltzea zail gertatu zen, alde batetik, halako eraikuntza handi bat erosteko prest zegoen aberatsen bat aurkitzea ez baitzen erraza; eta, bestetik, eraikinaren egoera zalantzagarria baitzen. Horren ondorioz, Abadia jauregiaren proiektua sei urtez atzeratu behar izan zuen[6].

Eraikuntzaren hastapena 1855ean erabaki zuen Abadiak, Clément Parent arkitektoa ezagutzearekin batera. Jauregi osoaren aurreproiektua eskatu zion, baina aurrekontua (120.000 libera) gehiegizkoa zitzaionez une hartan, astronomia behatokia soilik egiten hastea deliberatu zuen, berarentzat funtsezko garrantzia baitzuen halako behatoki bat edukitzeak, zientziaren eta ikerketaren aitzindari. Jakina, geroago jauregi osoaren barruan integratu beharko zen behatokia.

Jauregiaren proiektua egiteko, Parenten proposamena garestiegitzat iritzita, Auguste-Joseph Magne arkitektoari, 1861ean, 100.000 liberako proiektu bat egiteko agindu zion Abadiak. Ordurako, baina, Abadiak berak argi zeukan bere buruan nolako jauregia nahi zuen: zientzia leku bat nahi zuen, behatokia eta liburutegia hartuko zuena; bizitoki bat nahi zuen, elite burgesen eredura; eta, azkenik, erlijioari lotutako gune bat nahi zuen.

 
Eugène Viollet-le-Duc

Magneren proiektua eraikitzen hasi zen, 1862tik aurrera, bereziki astronomia behatokiaren oinegiturari dagokionez, baina Abadiaren eta arkitektoaren elkar ulertzea ez zen bide onetik abiatu, Magnek ez baitzuen bertatik bertara ezagutzen Aragorriko lursaila. Gorabehera ugari eta Abadiaren haserre asko gertatu ziren hurrengo bi urteetan, eraikuntza lanetan akatsak eta ezusteak gertatu baitziren, ia etengabe. Horrela, Magneren zuzendaritza bazterturik, azkenik, Viollet-le-Duc arkitektoak hartu zuen bere gain jauregiaren proiektua, 1864ko maiatzean. Berehala hartu zuen proiektua berregiteko langintza bere esku, Abadiarekin etengabeko harremanetan, eta lanen jarraipena bertatik bertara egiteko agindua eman zion bere jarraitzaile Edmond Duthoit arkitektoari. Eraikuntza prozesua gorabeheraz beterik egon zen, era guztietako arrazoien eraginez, besteak beste: kalkulu okerrak, arkitektoen aginduak oker edo erdizka betetzea, langileen arduradunen utzikeria, Lapurdiko itsasaldean hasitako beste lan publiko handiek eskulangile guztiak erakartzea (bereziki, trenbideak), langile mugimenduaren grebak, eta abar.

Astiro-astiro bada ere, behatokiaren eta jauregiaren eraikuntza, oro har, goratzen joan zen, zalantza guztien gainetik. 1877ko udaberrian, eraikuntza lanaren zati nagusiak —eta, ziurrenik, zailenak— azkendurik baziren ere, amaiera urrun ikusten zuen oraindik Abadiak. Viollet-le-Ducen lansariak ordaindu behar izan zituen, 1869ko apirilean, 150.000 liberako zenbatekoaz[7]. Hogeita hamar bat urtez luzatu zen eraikuntza prozesu zail, konplexu, gorabeheratsu eta etenduraz betetako baten ostean, zaila da data zehatz bat ematea obraren amaieraz, baina barne dekorazioaren alderdi batzuk eta bizitokia hornitzeko altzari batzuk alde batera utzita, esan daiteke Abadia jauregia eraikitzeko jarduera arkitektonikoa 1884an amaitu zela guztiz[8][9]. Hamar urte lehenagotik ordea, 1874an, bertan ezarri zuten bizitokia Antonek eta Viriginiek[10].

Estiloa

aldatu

Erdi Aroan arnasa hartzen badu ere[11], eraikinaren estiloak Ingalaterrako arkitektura neogotikoaren aldaera pintoreskoenera jotzen du, zehazki Strawberry Hill House jauregiaren aldaerara, hura izan baitzen Abadia jauregiaren ez soilik inspirazio iturri nagusia, baizik eredua ere. Ulergarriago litzateke, jakina, halako erreferentzia bat Ingalaterran aurkitzea; Hendaian ikusteak, ordea, nolabaiteko deslotura bat sortzen du arkitekturaren eta inguruaren artean, baina ziurrenik horixe nahi izan zuen Anton Abadiak.

 
Abadia jauregia, 1906ko posta txartel batean

Eraikinaren estilo neogotikoak[12], dena dela, beste eredu batzuetatik ere edaten du, esate baterako, Beaune-eko katedrala edo Behe Languedoc-eko elizak. Gotikoaren azken muinaren bila, bai Abadia bera, bai arkitektoak, eraikin ideal bat sortzen saiatu ziren, Viollet-le-Ducen arabera «egiazkoa» eta «estilo» propioa izan behar zuena[13].

Apaingarriak

aldatu

Barne eta kanpo dekorazioari dagokionez, mendebaldeko eta ekialdeko eraginak ageri dira nahas-mahas. Batzuk, Abadiaren ameskerien emaitza dira, baina beste asko Duthoit arkitekto aholkulariaren joera eklektikoari zor zaizkio. Alde batetik, hormetako margolanak daude, Viollet-le-Ducek eraikitako Pierrefonds-eko katedralaren edo, are eta gehiago, Pariseko Notre-Dameren gisara; bestetik, arabiar eta bizantziar elementuak daude, garai hartako orientalismoaren eredura moldatutakoak[14]; azkenik, etiopiar jatorriko osagaiek[11][15] izatasun berezi bat ematen diote Abadia jauregiari. Duthoit ez zen mugatu jatorri desberdineko osagaiak elkarren ondoan jartzera. Arrazoibide bat bilatu zuen beti, harmonia bat: inspirazio iturri anitzeko elementuen arteko kontraesanak azpimarratu ordez, elkarren artean osagarri izatea nahi zuen. Horretan, esan daiteke mestizaje artistikoa izan daitekeela Abadia jauregiaren dekorazioa definitzeko termino egokia: jatorri eta izaera aniztasunak eraikin bakan bat sortzen du, nortasun beregaina duena. Horretan datza Abadia jauregiaren oreka berezia, ametsaren eta arrazoiaren artean berdindutako oreka[16].

Animaliak

aldatu

Aipamen berezia egin behar zaie eraikinaren kanpo dekorazioan animalien irudiei. Erdi Aroko arkitekturaren usadioari jarraitu nahi izan zion Viollet-le-Ducek, eraikinaren kanpo dekorazioan era guztietako animalien eskulturak ezarrita.

Ez dago inon frogarik Viollet-le-Ducek inoiz eskulturarik egin zuenik, baina gauza jakina da hari esker estilo berri bat agertu zuela Pierrefonds-eko katedralean. Ildo bereko hurrengo urratsa, hain zuzen ere, Abadia jauregian azaldu behar zuen. Bertan bildu zuen fauna bitxia sortzerakoan, bere irudimen eta gaitasun artistiko guztiak jokoan jarri zituen. Batean historialari prestu, fantasiaz beteriko apaintzaile bestean, antikuario zehatza eta ameslari argitua hurrengoan, gaztelua estatuaz mukuru bete zuen, zalantza gabe ikuslea txundituta uzteko xedeaz.

Fauna zabala kausitzen dugu Abadian; animalia jostakinak, katu eta gasteropodo zizelkatuak, Pierrefonds-eko zooan agertzen den umore beraz kokatuak, animalia fantastikoak, basanimaliak, etiopiarrak eta afrikarrak, lehoinabarrak, krokodiloak, elefanteak, sugeak eta abar. Abadian zizelkaturiko eskultura multzoa egiteko, Viollet-le-Ducek bi iturburu izan zituen gogoan: alde batetik, bertako fauna irudikatzen zuen Erdi Aroko bestiarioa; eta, bestetik, alegietako zenbait animalia eta Etiopiako fauna. Iruditeria horren bitartez bete nahi izan zituen Anton Abadiaren aginduak.

 
Krokodilo baten irudia, sarreran

Abadiako atarian, bi krokodilo ageri dira eskaileraren aldeetako baranden gainean. Tamaina handiko narrastiok, ahotzarra zabal-zabalik irudikaturik, egoitzaren zaindari basatiak direla ematen du. Hemen, Viollet-le-Ducek Pierrefonds-en jadanik erabilitako antolaketa errepikatu zuen, animalia grotesko edo munstro itxurakoak angeluko mailadian barandan ezarri baitzituen, lekuaren handitasuna azpimarratzeko. Atarian badira, halaber, beste animalia txiki anitz. Hala, gangaduran zehar barakuiluak ikus daitezke mantso-mantso dabiltzala. Eta, atariko itzuliaren eta hegalen artean moldaturiko angeluetan, igelak ageri dira.

 
Barraskilo baten irudia

Fauna ikusgarri hori bertan azaltzeak bitxi ematen badu ere, Viollet-le-Ducek Erdi Aroko eskulturaren gaiak berrerabili besterik ez zuen egiten. Halako motiboek apaintzen dituzte Amienseko katedraleko zutabeetako zokaloak XIII. mendetik. Baina batez ere gotiko flamigeroaren garaian aurkitzen ditugu barraskiloak, adarrak tente, herrestan dabiltzala atezangoetako kanaladuretan eta arku konopialetan barna[17].

Zeinuen eta kolorearen hizkuntza

aldatu

Polikromiaren mundura murgiltzen gara Abadiako ezkaratzera sartu orduko. Eskailera nagusia hartzen duen erdigune zabal horren dekorazioak, hein batean, Ponpeiako etxeena dakarkigu gogora.

Behe aldeko hormetan egitura faltsu bat margoturik ageri da, zerrenda urdin bizi eta urre-horiz inguratua. Friso hori eskaileraburuan den zurezko estatua batek aurkezturik ageri da. Ume beltz argi-emailearen tradizioari datxekion eskultura horrek Abdullah irudikatzen du.

 
Jangelako kadira bat

Abadian gela bakoitzak du bere koloreen harmonia. Jangela hori-gorria da. Areto handi bat da, dekorazio sendo eta bakunekoa, bufalo larruzko panel handiek estalia, esmeralda koloreko belusezko zerrendak barne hartzen dituztela. Ehun bereko estalkiz hornitutako aulkiak lerroan ezarririk daude hormaren luzera osoan. Bizkarrean, karaktere kufikoz brodatutako letra bana daukate aulki horiek. Guztiak ordena egokian emanik, mezu hau irakur daiteke: Ez ahal da sekula traidore bat izanen mahai honen inguru. Jesusen azken afariaren eta Judasen traizioaren zeharkako aipamena, zalantzarik gabe. Mahaia eta buffeta, Erdi Aroko arasaren erreferentzia, dira gelako beste altzarien osagarri. Habeetan etiopierazko inskripzioak ageri dira. Hain zuzen ere, halako idazkiak, hizkuntza batean edo bestean emanak, era sistematikoan erabili dira egoitza osoan. Forma horiek, Abadiaren filosofiaren adierazgarri izatearekin batera, tokiaren jabeak berak aukeratu zituenez, erabat adosten dira gainerako ornamentazioarekin. Praktika hau garaian ohikoa bazen ere, hemen aldez aurretik erabakitako asmoa da eta gehiegikeriaren mugatik hurbil dabil.

Dorreko areto handia urdina da. Halako irrealitate izaera orokor bat jalgi da poesia kutsuko gela honetatik, ezen Erdi Aroko amets gauzatua da bete-betean. Dekorazioa Robert Buchanam ingeles olerkariak inspiratua dela dirudi, horrenak baitira habe eta erlaitzetan idatzita dauden bertso-lerroak. Hormak, beraz, gau-urdinez margoturik daude, eta hor-hemen barreiaturik, izarrak bailiran, ezkontideen monogramak ageri dira. Tximinia da areto honen apaingarri nagusia. Altzariak, Duthoiten marrazkien arabera eginik, gotiko berantiarra dakarte gogora. Ukitu exotiko bat, ordea: Txinako armairua eta oinetan elefante buruak zizelkaturik dituen mahaia.

 
Abadiaren ikurburua, gainen suge baten irudiaz

Bisitariei harrera egiteko, arabiar estiloko aretoa erabiltzen zuten Anton Abadiak eta Virginie Vincent de Saint Bonnetek. Gorria da nagusi bertan: landare dekorazio inprimatua duten zeta gorrizko oihalez estaliak dira hormak. Hiru diban ageri dira horman moldaturiko sartunean. Ekialdetik etorria zen dibana, guztiz modakoa 1860ko hamarkadan, barne erromantiko guztietan aurkitzen da. Poesia kutsu handiko gela da hau, arbel koloreko marmolezko tximinia batek berotua, zeinetan Irlandako hirustak plakatan zizelkaturik azaltzen diren. Dekorazioa suburuaren apaingarri diren latinezko bi inskripzio handien inguruan eratzen da. Lehenak, Antonen ikurburua agerrarazten du: Plus estre que paraistre (izana eta ez izena); bigarrenak, lana ongizatearen iturburua dela oroitarazten digu: In labore felicitas. Duthoit izan zen, itxura guztien arabera, areto honen moldaketaren arduraduna. Hala, berebiziko moduan eta Atlantikoaren hegian berean, gauzatu egin zuen, Anton Abadiaren konplizitatearekin, mundu exotikoaz zuen ikuskera.

Abadiako gela bakoitzak, korridore bakoitzak bere izaera eta giro berezia du. Formak, koloreen aukera edo bizitasuna, apaingarrien eskala, dena, zuhurtasunez neurtua da. Zeren eta xehetasun txikienak ere Viollet-le-Ducek eta bere ordezkari Duthoitek berariaz ezarriak baitira. Joritasun horregatik beragatik, ornamentazioaren eta polikromiaren gune berezia da Abadia jauregia, antze horiek XIX. mendean ulertzen ziren moduan. Zail da halako multzo bat toki bakarrean aurkitzea. Uste izatekoa ez bada ere, apaingarrien eta koloreen pilaketa oparo horrek berealdiko giro-batasuna dakar, kakofonia eragin beharrean[18].

Eraikinaren ezaugarriak

aldatu

Hiruki aldekide perfektu batean inskribatzen da gaztelua; era sinbolikoan, Abdullah etiopiar argi-emailearen estatuak hirukiaren zentro geometrikoa markatzen du. Gaztelua lau mailatan eraikia da: zerbitzurako soto ba; bizitegirako bi solairu; eta azken solairua, ganbara eta gelak biltzen dituena. Hiru hegaletan antolaturik dago, eta horietako bakoitzak bere funtzio nagusia du: ikasketa, debozioa, harrera.

Hego-ekialdera dago orientatuta, itsasoari gibela emanik, landaredia eta fauna aberatsa duen 350 hektareako ordeka eder baten erdian. Diseinu poligonaleko erdiko atal nagusitik hiru hegal ateratzen dira, bakoitzak bere xede berezia duela:

  • ipar-mendebaldeko hegala: ikerketari eskainia zaio, gazteluaren gune zabalena den honek astronomia behatokia gordetzen du;
  • hegoaldeko hegala: harrera eta bizitokia dira bertan;
  • ekialdeko hegala: San Antonioren adbokazioari eskainitako kapera.

Barneko dekorazioa eta altzariak orientalismoaren estilora lerratuak dira orobat[14], eta Anton Abadiak bere txangoetatik bildutako objektu asko gordetzen ditu, gehienak ongi zainduak[19].

Lurzoruaren berezko malda dela eta, erdi lurperaturik dago, baina irekia iparraldean. Sukalde handia eta biltegia daude, etxe atal nagusian ezarririk, ingeles ohituraren arabera.

Ikatza hegoaldeko hegalean gordetzen zuten, eta egurra dorre zirkularrean. Janaria ekialdeko hegalean gordetzen zuten, zazpi upategirekin batera. Hegal hori kaperan amaitzen da. Kaperaren azpian, sotoan beraz, dira ehortzirik Anton Abadia eta Virginie Vincent de Saint Bonnet bere emaztea.

 
Dorrearen ikuspegia

Beheko solairua

aldatu

Gazteluko sarrera nagusiaren ataritik antolatzen da bizigune osoa. Gune horrek biltzen ditu sarrerako atondoa, eskailera nagusia eta Antonen gelarako bidean den areto txikia.

Hegoaldeko hegalean, egongela nagusia, arabiar aretoa eta jangela daude, batetik bestera erretzaileen gelatxotik igarotzen dela. Jangelaren alboan sukalondoa dago, zerbitzurako gelatxo bat, non mahaizainak sukaldetik zuzen hartzen baitzituen jakiak igogailu txiki baten bidez.

Ekialdeko hegalean, komunak eta zerbitzuko eskailera daude. Hegal horren luzapenak gela nagusia hartzen du, kapera eta sakristiarekin batera.

Ipar-mendebaldeko hegala Anton Abadiari bereziki eskainia zaio, bertan jarri baitzuen behatokia. Alde autonomoa da hori, Antonek nahitara familia bizitzaren gunetik kanpo ezarria.

Lehen solairua

aldatu

Liburutegiak hartzen du, gehienbat, etxe atal nagusia. Hegoaldeko hegalak harrera funtzioa betetzen jarraitzen du, gonbidatuentzako hiru gela baitaude: Etiopiakoa eta Jerusalemgoa (zein bere bainugelaz hornitua), eta Enperadorearen gela.

Ekialdeko hegalean, kaperari begira, Virginieren gela ageri da, andre-gelatxo atsegin batez horniturik.

Bigarren solairua

aldatu

Gazteluaren teilatupean ganbarak daude, erdiko atalekoak, mirabeen egonleku gisa prestaturik.

Eskailerak

aldatu

Hiru eskailera daude solairu batetik bestera ibiltzeko. Eskailera nagusia sarrerako ataritik ezkerrera abiatzen da, hormak fresko ederrez hornituta, eta ezkaratz buruan kanpoko argia ematen dion beirate margodun handi bat duela. Senar-emazteek eta haien lagunek soilik erabiltzekoa zen.

 
Zurubi baten ikuspegia

Bigarren eskailera sototik abiatzen da, ekialdeko hegalean, ipar aitzindegiko zerbitzuko atearen aurrean. Zerbitzuko eskailera zen; mirabe eta zerbitzariek, izan ere, ez zuten ikusgai izan behar. Zerbitzuko eskailera hori eraikuntzaren egiazko bizkarrezurra da: gazteluko oin guztien arteko lotura egiten du eta zerbitzuko aterako zein eskailera nagusirako bidea da.

Dorreak badu hirugarren eskailera bat, zurubi modukoa, baina hori gela meridianoaren eta liburutegiaren arteko joan-etorrietarako baizik ez zen erabiltzen.

Hego eta iparraldeko hegaleko dorre txikietan zurubi bana dago, Erdi Aroko tradizioaren oroigarri.

«Ohartzea» astronomia behatokia

aldatu
 
Leiar meridianoa, 2007ko irudian

Abadiak bere gazteluan sortu zuen astronomia behatokia, Ohartzea izena eman ziona[20], apala da neurrietan eta ahalmenean, baina garai hartan bakarra zen Euskal Herrian edo Frantzian, baita Europa ere, tresneria guztia sistema hamartarrean doitua zuenez.

Leiar meridianoa, leiar astronomiko hamartarra, erregulatzaile astronomiko siderala, erregulatzaile astronomiko hamartarra, zeru-globoa ezarri zituen behatokian. Baita ere, nadir bat ipintzeko hamar metroko zuloa eginarazi zuen, gazteluaren azpian, lurraren mugimenduak neurtzeko.

Errefrakzioaren konstantea gazteluko behatokitik ikertu nahi izan zuen Anton Abadiak. Hartarako, pausodun teleskopioa zeru-lerroko punturik garaienera zuzendu behar zuen, hau da, Larhun mendiaren gailurrera. Behatokiaren aurkako norabidean dagoenez Larhun mendia, Abadiak gazteluko horma guztiak alderik alde zulatzeko agindua eman zuen.

 
«Ez ikusi, ez ikasi»

Esperimentuak ez zuen emaitza onik izan, difrakzioaren ondorioz argia guztiz galtzen baitzen horma lodietako zulo-segida hartan. Hutsegitea ezkutatu ordez, Anton Abadiak bere hartan utzi zituen ageriko zuloak eta atariko horman, zuloaren inguruan, hitz hauek grabatu zituen: ez ikusi, ez ikasi[21].

1870. urtean Abadiak leiar meridianoa ezarri zuelarik Hendaiako gazteluan, ordurako unibertsoa 300.000 milioi izarrez osaturik egon zitekeelako iritzia nagusi zen; baita unibertso erraldoi haren tamaina 8.000 argi-urte ardatz luzeenean eta 1.500 argi-urte ardatz motzenean zela ere. Tamaina hori kalkulatzeko gure inguruan dauden izarrekiko distantzia zehatzak kalkulatzea ezinbestekoa zen, eta horretarako izarrak posizio zehatzean kokatu behar ziren ortzean. Horrelako lanik egin zitekeen, neurri apalean bazen ere, Hendaiako etxean zuen tresneriarekin[22].

Liburutegia

aldatu

Anton Abadiak liburutegi handia bildu zuen bere gazteluan. Liburutegia da —esan daiteke— jauregiaren bihotza, argi eta garbi erakusten baitu Antonen izpiritu zientifikoa. Jauregia eta lursail guztiak Frantziako Zientzien Akademiari laga zizkionean, 11.000 bat ale zituen; horietako asko gaur egun Frantziako Liburutegi Nazionalean gordetzen dira. Funtsen artan ziren 234 eskuizkribu, Ge'ez hizkuntzaz idatzitako izkribu ugari, eta abar. Gai zientifikoak ziren nagusi, baina euskarazko nahiz euskarari buruzko 960 liburu eta dokumentu zituen.

Sarrerako eta eskailera nagusiko hormetan, fresko handietan Etiopiako bizitzari buruzko irudiak ageri dira. Etiopiarrak oso era duin eta modernoan irudikaturik daude, Abadiak estimu handitan baitzituen, haien lurretan hamabi urte igaro ondoren.

Gazteluan bisitari ospetsuak izaten zituen maiz Abadiak, Pierre Loti besteak beste. Azken horrek, bere Ramuntcho eleberria Virginie Vincent de Saint Bonnet Abadiaren emazteari eskaini zion[23].

Ohorezko egongela, egongela tipia

aldatu

Egongela nagusi edo ohorezkoaren hormak urdinez daude margoturik, AA eta VV (Anton Abadia eta Virginie Vincent) anagramak hizki gotiko urrekaretan agertzen direlarik. Erdi Aroko estilora egindako tximinia da aretoaren hornigai nagusia, Angulemako harriz egina, Edmond Duthoiten diseinu baten arabera. Kanpaiaren goiburuan Anton Abadiaren armarria eta haren ikurburua ageri dira, filakteria edo xingola batean idatzirik: Plus estre que paraistre (izana eta ez izena); eta kanpaian latinezko esaldi bat: Transit vita sicut fumus (bizitza kea bezala doakigu). Donejakuerako erromesaldiari buruzko irudi batek biribiltzen du dekorazio multzoa[24].

 
Tawalda Madhin, Adrien Guignet-ek margotua, 1854. urtearen inguruan.
 
1984an lapurtutako koadroaren irudi bat.

Bi koadro erakusten ziren hormetan: batean, Anton Abadia ageri zen etiopiar ordezkariekin, 1893an etorrian berarengana, baina, zoritxarrez, koadro hori lapurtu egin zuten 1984an; bestean, Tawalda Madhin ageri zen, Abadiak Etiopian izandako irakaslea, Adrien Guignet-ek margotua, 1854a baino lehenago[25]. Asto bat ere dago, Korana irakurri ahal izateko. Alboan, erretzaileen gelatxoak aukera ematen zuen narguillé edo ur pipa baten inguruan elkartzeko.

Gelaren sarreratik begiratuta, ezker horman ageri da lore-jokoak antolatzen zituen Donostiako Itz-Jostaldien Batzarrak 1881ean Anton Abadiari emandako esker agiria[26]; bertan ikus daiteke erakunde horren zigilua, «Bizi bedi euskara» Abadiak lore jokoetarako asmatutako ikurburuaz.

Egongela tipiak (arabiar egongela gorria) otomandar estiloko dekorazioa du[27].

Jauregiaren bizitokiak gela hauek ditu: ohorezkoa, Etiopiakoa, Jerusalemgoa, dorreko gela (Napoleon III.aren gela) eta Abadia anderearen gela. Guztiak Frantziako Monumentu Historikoen artean daude zerrendaturik.

Ohorezko gela

aldatu

Oihal gorriz estalitako oholez daude dekoratuak hormak, erdian erroseta bana dutela, arabiar kaligrafiaz hornitua. Sabaiko erlaitzetan zehar, arabiar poema bat ageri da idatzirik[28]. Gela honetan dago baldakina duen ohe bakarra jauregian[29]. Frantses zaharrean izkiriatutako idazkun bat erakusten du: Doux sommeil, songes dorés, à qui repose céans, joyeux réveil, matinée propice (Izan ditzala lo gozoa, amets urrezkoak, hemen atseden hartzen duenak, iratzartze alaia, goiz egokia). Tximinia apaindurik dago lauza horiz eta urdin turkesaz, gainean kaligrafiaturik ageri delarik arabiar erran hau: Ez jauzi harririk ura edaten duzun putzuetara.

Etiopiako gela

aldatu

Persiar zeta urdinez dago dekoratua[30], xingola horizontal loredunez apainduta, kolore urrekara nagusitzen dela.

Jerusalemgo gela

aldatu

Tximiniaren gainean hiri sainduaren mapa bat erakusten du, latinezko esaldi honekin: Zuen prentsamenduak sugarrarekin batera goratzen dira. Gelaren hormetan Nekaldia eta Donejakueko erromesaldia irudikatzen dira.

Dorreko gela

aldatu

Enperadorearen[31] gela esaten zaio. Altzari ederrez hornitua dago, madariondoaren zur beltzen tindatuaz egina, estilo neogotiko berantiarraren eredura. Armairua aitorleku baten irudira egina dago. Ohearen gainaldea fantasiazko animalien irudiz (herensugeak eta hontzak) eta latinezko idazkun batez apaindua dago: Bidaiariek atsedenezko pausaleku bat aurkitzen dute etxe abegizko batean. Tximinia ederraren goialdean, Anton abadearen eskultura bat ageri da, eta zurajean barrena ingelesezko laudun bat ageri da idatzita: Far from the bully toils of life ; Far from the world, its cares strife ; In solitude more pleased to dwell ;The hermit calls you to his Cel (Bizitzaren eginbehar astunetatik urrun; munduaren kezka guztietatik urrun; nahiago bakardadean gorde; eremutarra deika duzu bere ziegatik).

Abadia anderearen gela

aldatu

Belus urdinez eta Persiako zetaz ederki apainduta, balkoi txiki bat du, kaperara ateratzen dena. Iparrera, leiho batek itsasoko ikuspegia zabaltzen du; hegora, mendialdea ikusten da. Ispilu handi batek estaltzen du haitzurdin beltzezko tximiniaren hegala, gainean idatzita duelarik latinez: Foveo, sed uro, sed neco (berotzen dut, baina erretzen dut, baina hiltzen dut). Albo banatan, Antonen eta Virginieren erretratuak daude.

Kapera

aldatu
 
Abadia gazteluko kaperaren ikuspegia

Zientzialari grinatua zen arren, sinesmen tinkoa zuen Abadiak[32], eta bere gazteluaren hirugarren hegalean elizatxo edo kapera egitea deliberatu zuen[33].

Ekialdeko galeriaren bitartez iristen da kaperara; habearte laukizuzen bat da, aldare nagusian alde poligonal batez hornitua. Dekorazioa orobat Edmond Duthoit arkitektoari zor zaio.

Habearteak areto laukizuzen eder bat eratzen du, Abadia jauregiaren lurretan bizi ziren baserritar guztiak mezatara hartzeko adinakoa. Aldareari hiru beiratek ematen diote argi: erdian, Jesukristo; ezker eskuin, Elizaren doktore bi, Tomas Akinokoa eta Agustin Hiponakoa. Koruaren mendebaldeko hormetan freskoak daude margoturik, Paulo egiptoar eremutarra eta Anton abadea irudikatuta. Egituraren arkuek zurezko sabai margotu bat dute. Horma gorriak trompe-l'œil eran daude margotuta, S.A. anagramaz (san Anton abadea)[34]; horrek erakusten du kapera san Antonioren adbokazioaz egin zela.

Aldarearen aurrez aurre, balkoi txiki bat dago, Virginieren logelara lotzen duena; horrela, meza entzun zezakeen, bertatik atera behar izanik gabe. Balkoiaren alderik alde, margolan batek irudikatzen ditu, ezkerrean, Anton abadea eta, eskuinean, Paulo egiptoarra[35].

Anton eta Virginie aldarearen azpiko kriptan dautza hilobiratuta.

Idazkunak eta ikurrak

aldatu

Bizitokiaren gela guztietan, baita liburutegian eta gazteluaren atarian ere, esaldiak idatzirik ageri dira 14 hizkuntzatan. Euskarazko bakarrak liburutegian dira.

 
Sarrerako atalburuan, gaelikoz idatzirik, «ongi etorri»

Gazteluaren sarrerako atalburuan esaldi bat ageri da gaelikoz idatzita, hirustaz inguratuta, jabearen irlandar jatorria adieraziz: Cead mile failte (ongi etorri).

Gaztelu barruko horma zein habeetan irakur daitezkeen idazkun guztien artean berezi behar da Abadiaren ikurburua, frantses zaharrean idatzia: Plus estre que paraistre (izana eta ez izena).

Ekialdeko hegaleko dorrean den egongela nagusiko hormak urdinez dira apainduak, eta habeetan nahiz erlaitzetan Robert W. Buchanan ingeles olerkariaren bertso lerroak irakurtzen ahal dira: Izarrak, heda itzazue zuen izpi fresko eta leunak. O Ilargi, zabiltza bakean zure zilarrezko bidean (…) gau eta misterioaren ahotsa, kanta apalago. Hormetan, gau-urdinaren gainean izarrak irudi, AA (Anton Abadia) eta VV (Virginie Vincent) anagramak ageri dira. Tximiniaren gainean, Abadia eta Vincent leinuen ikurrekin batera, ohiko ikurburua ageri da: Plus estre que paraistre; tximinia buruan, berriz, latinez: Transit vita sicut fumus (bizitza kea bezala doakigu).

Liburutegian dira gaztelu barruko euskarazko lau idazkun bakarrak, dirudienez Arnaud Oihenarten Atsotitzak eta neurtitzak liburutik hartuak. Horietatik bi dira bizitzaren eta izatasunaren inguruko irakaspenak:

  • Erho bat aski da harrikantombaten puzura egosteco, bana sei zuhur behar dira haren hantik itoiteco (Ero bat aski da harri bat putzura jaurtitzeko baina sei zuhur behar dira hura handik ateratzeko)
  • Sapar edoceinec du bere izala (Lahar txikienak ere badu bere itzala)

Liburutegiko beste bi idazkunak erlijio kutsukoak dira:

  • Jaincoac bera languile on izangati nahi du lankide
  • Ago Jaincoarequi, Jainco dukek hirequi

Abdullah

aldatu
 
Abdullahren irudia

Eskailera nagusiaren buruan, gazteluko sarrera nagusia zaintzeko eginkizuna balu bezala, Abdullahren irudi bat dago, zurez zizelkatua. Abadia Etiopian bizi izan zelarik, Ras Ali agintariak Abadiari eskaini esklabo txiki bat zen Abdullah.

Abadia Euskal Herrira itzuli zenean, ez zuen haur hura bertan uzteko bihotzik izan; libre utzi eta berarekin eraman zuen.

Gazteluko bizitza lasaia ez zuen atsegin, eta Abadia utzita Frantziako armadan sartu zen, turkoak deitu kanpotarren gudarostean. Adoretsua, bere herrikide guztiak bezala, balentria handiak egin zituen Magentako guduan.

Parisko Komunan, 1871n federatuen lerroetan (hau da, communardekin batera) harrapatu zuten. Zergatik ulertu gabe, frantsesek fusilatu egin zuten. Alphonse Daudetek kontatu zuen historia hori bere Contes du lundi obrako Le turco de la Commune izenburuko narrazio laburrean[36].

Lorategia

aldatu

Gaztelu edo jauregi bat betidanik egon izan da lurraren jabetasunari loturik. Alderdi horretan, Abadia jauregiak, bere laurehun hektareaz inguraturik, ez da salbuespen. Jakina, lursail zabal baten ideiak berarekin dakar, nahitaez, antolamendu eta zaintza baten beharra.

Eugène Bühler 1852an ezagutu zuen Anton Abadiak, haren anaia Charlesen bitartez; izan ere, orduan hura Baigorriko Etxautz gazteluaren jabe baitzen. Artean, Bühler paisajista gazte bat zen ez oso ezaguna, baina lursail handien jabeen artean ospe apur bat irabazia zuena; bere anaia Denisekin batera, itzal handiago bat hartu zuten, 1850eko hamarkadaren amaieran lorategi publiko eta pribatu ugari egitera iritsi ziren arte, batik bat Bretainian, baita Frantziako beste eskualde askotan ere[37].

 
Abadia jauregia, Larhun mendiaren itzalean

Bühler bere proiektua lantzen joan zen, Abadiak jauregiaren proiektua garatzen zuen bitartean eta, batez ere, lursail gehiago eransten zion neurrian, hastapeneko Aragorri etxaldearen sailari. Hendaiakoa ez zen inguru txarra, ezta gutxiagorik ere, lorategi bat diseinatzeko: kareharrizko labarren gainean, itsasoaren ertz-ertzean, baserri barreiatu ugarirekin, eta erliebe gozo batez hornitua, hegoaldera Larhun mendiaren itzalera. Hitz batera, Abadiaren lursailak natura gune otzandu baten irudi ezin hobea eskaintzen zioten paisajista bati, bere lana nahieran garatzeko. Horretan saiatu zen Bühler: lursailaren ezaugarriak nabarmendu, natura basati baten irudia aditzera eman nahirik, lorategi ingeles baten eredura. Lehenik, jauregiaren inguruko lurretan ziren bide eta bidexkak hartu zituen lorategiaren bizkarrezurtzat, gizakiaren eta naturaren oreka bilatu nahirik; bigarrenik, zuhaizti edo baso multzoak landatu zituen, bideak kontuan hartuz eta itsasoaren ikuspegia ez oztopatzeko irizpideak gailenduz; eta, azkenik, eraikitzen ari zen gazteluarekiko lotura zaindu zuen, ez bakarrik etxearen ikuspegia ilundu ez zedin, baizik, alderantziz ere, etxetik lorategiaren ikuspen eder bat egon zedin. Orotara, laurehun zuhaitz, landare, lore eta labore mota landatuz osatu zuen proiektua.

Lorategiaren bitartez, Anton Abadiak amets bat betetzen zuen: bere lursailetan elkartzea paisaia, nekazaritza eta zientzia[38].

Abadia jauregia eta inguruaren ikuspegi panoramikoa

Abadia jauregiaren dohaintza

aldatu

Jauregiaren eraikuntza prozesuak ia hogei urte behar izan zituenez, Anton eta Virginie adinean aurrera joanak ziren, bertara bizitzera aldatu zirenerako. Berehalako kezka izan zen, bientzat, halako ondare baliotsua noren esku gelditu behar ote zen, senar-emazteak hiltzen zirenean. Sema-alabarik izan ez zutenez, ikuspegi juridiko hutsaz begiratuta, Antonen bi anaiak (Arnauld eta Charles) eta bi arrebak (Eliza eta Selina) ziren jauregiaren eta lursail zabalen oinordeko. Alabaina, Eliza 1876an hil zen, Selina 1891n, eta Arnauld 1893an, azken hori bederatzi seme-alabaren aita zelarik. Gauzak gehiago korapilatzeko, gainera, bizirik gelditu zitzaion anaia bakarrarekin harremana etena zuen.

 
Jauregiaren sarrera nagusia

Antonen buruhausteak bi ziren: alde batetik, Abadia jauregiaren, behatoki astronomikoaren eta lursailen jarraitutasuna bermatzea, bera hil ondoren ere; bestetik, Virginie emaztearen ondasuna eta egoera ziurtatzea. Bi xede horiek bultzaturik, erabaki zuen, lehenik, Virginie emaztea izendatzea bere ondasun guztien jaraunsle unibertsal; eta, bigarrenik, ondasun horien dohaintza egitea Frantziako Zientzia Akademiari, betiere Virginie emaztea bizi zen artean ondasunen gozamena hari lagata[2].

Hautu hori ez zen inola ere arrunta XIX. mendearen amaieran, baina Anton Abadiak bere ekintzaren bitartez zientziaren aurrerapena bultzatzeko xede garbia zuen. Horrela, dohaintza agirian idatzia utzi zuen Zientzien Akademia zela «eliteko lantalde hori, iragana, oraina eta geroa bere baitan dituena»[39].

Abadia jauregiaren lursailak gaur egun

aldatu

Anton Abadiak apurka-apurka erosi zituen jauregia egiteko lursailak. Bera hil zenean, Parisen 1879an, jauregiaren eskumeneko lursailek 415 hektarea hartzen zuten. Bertan, badira oraindik lanari jarraitzen dioten baserriak (besteak beste, Larretxeaberri, Nekatoenea, Asporotsttipi), gaur egun Conservatoire de l'espace littoral et des rivages lacustres (CELRL) erakundearen mende. 1910ean, golf zelai bat ezarri zen lursailetan, hamazortzi zulokoa, aldakuntza sakonak sortu zituena. Bigarren Mundu Gerran, Atlantikoko Harresiak itxuraldaketa handiak sortu zituen jauregiaren lursailetan, zuhaitz asko b9ta baitziren, bunkerrei leku egiteko. Gerra ostean, ordea, nekazaritza lanak berriro hasi ziren.

 
Lorategiaren ikuspegi bat

Itsasertzaren eta laku ertzen kontserbatorioa (CELRL)

aldatu

Lapurdiko itsasaldean, euskal erlaitza da gelditzen den naturagune zabal bakarra. Itsasoaren aurreko gain honen paisaia «naturalak», itsaslabarren gainean, ikusgarriak dira, ozeanoaren ikuspegi desberdinak ukaiteko aukera ematen baitute, Larhun eta Jaizkibel mendien itzalpean. Abadia jauregiaren lursailen zati bat, 84 hektarea zehazki, CELRL erakundearen esku gelditu zen, Hendaiako eta Urruñako udalek kudeaturik.

Zehazki, Kontserbatorioko Administrazio Batzordeak, 1977ko ekainean, Abadia etxalde bikaina erostea erabaki zuen, gaztelua eta gertuko ingurunea salbu, horien jabetza Zientzia Akademiari baitagokio betiere. Hain zuzen ere, etxaldea osatzen duten belardi, otalur eta basoen gestio ekologikoa bermatzea zen helburua, gune horien kalitatea eta berezkotasuna babesteko, baina baita tokia ibiltzaileei zabaltzeko ere[40].

Lehen lursailak erosirik, 2000. urtean kudeaketa hitzarmen bat izenpetu zuen CELRL erakundeak Hendaiako udalarekin. Geroztik, udalaren mendeko hiru langileko lantalde batek kudeatzen ditu soroak, manex ardi burugorrien artalde baten laguntzaz. Lursailen zati bat ehiza babeslekua da. Orobat, Abadia jauregiaren eskumeneko lursail guztiak sailkaturik daude, Frantziako 1930eko maiatzaren 2ko Legearen arabera eta 1986ko urtarrilaren 3ko Legeak, itsasaldeari buruzkoak, babesten ditu[41].

Lursailen zati horrek ZNIEFF motako babes-sailkapena du[42], hau da, ekologia, fauna eta landaredi balioko naturagune babestua da. Izan ere, Abadiak natura osagai ugari ditu: itsaslabar landaretsuak, lahar formazioak, zuhaitz heskaiak, itsasaldeko belardiak, soro belartuak, hariztiak, lizardiak, haltzadiak, errekastoak eta abar. Badira, baita ere, Mediterraneoko espezieak (besteak beste, karraskila, endalarra, Korsikako haltza, kanabera eta abar), baina guztien gainetik nabarmentzen dira espezie exotikoak, berariaz ezarriak jauregiaren lorategian, besteak beste Txinako palmondoa, eukaliptoa, hortentsiak; edo espezie inbaditzaileak, hala nola panpa-lezka edo baccharisa.

 
Jauregiaren lursailak

Euskal erlaitzak babesleku egoki bat eskaintzen die hegaztiei Pirinioak zeharkatu aurretik (kurlinta, miru gorria, txirri grisa, atalarra eta abar). Espezie batzuk bertan igarotzen dute negua edo egiten dute habia, besteak beste, erroiak, belatz handiak eta belatz gorriak. Iparraldeko suge leuna oso bakanetan ikusi ohi bada ere Euskal Herrian, Abadia jauregiaren lursailetan ageri da; ugariak dira etxe-untxia, katagorria, erbinude arrunta, katajineta edo azeria[43].

Fruitu baratza

aldatu

Abadia jauregiaren eremuan, hektarea bateko lursailean, garai batean batez ere Ipar Euskal Herrian eta Biarnon landu ziren fruta-arbolak landu eta biltzen dira. Mintegi hori Akitaniako Landare Kontserbatokiko parte da.

Ipar-mendebaldetik datozen haize indartsu eta gazietatik ongi babestua dagoen lursail batean artoa egiteari uztea erabaki zen, eremuari balio biologiko eta ondarezkoak aberasteko asmoz. Landare gune berri honek 500 arbola baino gehiago ditu une honetan; besteak beste, 100 sagarrondo mota baino gehiago, 50 bat gereziondo mota baino gehiago, aranondoak, mertxikondoak, mizpirondoak eta baita mahatsondoak ere.

Bertan lantzen eta gordetzen diren fruitu mota ugarien artean daude udare sagarra, jinko sagarra, negu sagarra, estiroxia, peasa, ustagorria, apez sagarra, gerezi beltza... Sagar mota batzuk sagardoa egiteko erabiltzen dira[44].

Kulturari emana

aldatu

Zientzien Akademia

aldatu

Frantziako Zientzien Akademia da Abadia jauregiaren eta hurbileko lorategien jabe. Anton Abadia oso loturik egon zen Akademiarekin 1867az geroztik, eta 1892an Akademiaren buru izan zen[45]. Haren xedea izan zen Ohartzea Astronomia Behatokiaren lanei jarraitutasuna aurkitzea. Behatokia itxi zenean 1976an, Antoine d'Abbadie astronomia saria ezarri zuen Akademiak[46]

Jauregiaren kudeaketa komertziala Anton Abadia Fundazioak[47] ziurtatu izan du, 2011ra arte. Geroztik, Hendaiako Udalak eta haren turismo bulegoak kudeatzen du, zerbitzu publikoaren emakida baten bitartez.

Monumentu historikoa

aldatu
 
Jauregiaren marrazki bat (Popular Science Monthly, 54. alea)

Jauregia monumentu historikotzat sailkatua izan zen 1984ko abenduaren 21ean[3]. Behatokiko tresneria ere monumentu historikotzat sailkatua izan zen 2001eko urriaren 25ean.

Altzariak eta eraikuntzaren barne dekorazioaren osagaiak monumentu historikoen artean sartu ziren 2003ko apirilaren 1ean (sailkapen erabakia, 2003ko irailaren 10ekoa).

Jauregian berrikuntza lan sakonak garatu dira 1997tik 2008ra bitarte, Akitania Berriko eskualdeko Kultura zuzendaritzaren, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluaren, Rhône-Poulenc Fundazioaren[48] eta mezenas baten laguntzaz.

Maison des Illustres

aldatu
 
Jauregiaren hego-mendebaldeko aitzindegiak

Maisons des illustres izenaz ezagutzen da Frantziako Kultura Ministerioak 2011n sortutako izendapen bat: Frantziaren historia politikoan, sozialean edo kulturalean nabarmendu izan diren gizon-emakumeen bizileku izandako etxeak dira, haiek iraunarazi eta memorian gaurkotuak izan daitezen[49]. Abadia jauregiak 2012an jaso zuen izendapen hori[50]. Izendapen horrek bost urteko iraupena du lehenengoz, eta besterik ezean berritzen da urtean gutxienez 40 egunez publikoarentzat zabalik diren eraikinentzat.

Abadia jauregia irekirik izaten da urtarrilaren 27tik abenduaren 30era bitarte[51].

Abbadiako Adixkideak

aldatu

Abbadiako Adixkideak elkarteak ondareari buruzko jarduerak antolatzen ditu, eta 1994az geroztik, Abadia jauregiak urtean bi artista hartzen ditu babesean, bertan sorkuntza lana egin dezaten.

Ikastegiak eta era guztietako elkarteak egiten dute bisita, lekuaren jite pedagogikoaren lekuko[52].

Berrikuntza lanak

aldatu

Jauregian eta lorategietan berrikuntza lan sakonak egin dira, 2020ra bitarte, besteak beste atzindegien zaharberritzea eta lorategiak berroneratzea, Eugène Bühlerrek egindako diseinuaren arabera[53].

Iruditegia

aldatu

Bibliografia

aldatu

Artikulu hau idazteko erabilitakoa

aldatu

Bibliografia osagarria

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Sylvie de Frettes, Abbadia : un rébus géant, 18. or.
  2. a b V. Delpech (2012), 221-228 or.
  3. a b Mérimée, Frantziako Kultura Ministerioa. Classement du château d'Abbadie. .
  4. J-L Davant, 73. or.
  5. J-L Davant, 72. or.
  6. V. Delpech (2012), 174. or.
  7. V. Delpech (2012), 177. or.
  8. V. Delpech (2012), 192-213 or.
  9. Sylvie de Frettes, Abbadia : un rébus géant, 15-18 or.
  10. V. Delpech (2012), 221. or.
  11. a b MT. Paliza Monduate (1998).
  12. Sylvie de Frettes, Abbadia : un rébus géant, 26-27 or.
  13. V. Delpech (2012), 509. or.
  14. a b I. Cardaillac-Hermosilla (1998).
  15. Claude Lepage, Abbadia : un rébus géant, 45. or.
  16. V. Delpech (2012), 510. 0r.
  17. Sylvie de Frettes, Abbadia : un rébus géant, 36-37 or.
  18. Sylvie de Frettes, Abbadia : un rébus géant, 19. or.
  19. Sylvie de Frettes, Abbadia : un rébus géant, 31. or.
  20. V. Delpech (2012), 385. or.
  21. Alain Poignant, Abbadia : un rébus géant, 4. or.
  22. M. Telletxea (1993).
  23. «À Madame V. D’Abbadie, qui commença de m’initier au Pays Basque, en l’automne 1891. Hommage d’affectueux respect, Ascain (Basses-Pyrenées), Novembre 1896» (D'Abbadie andereari, bera hasi baitzitzaidan Euskal Herria ezagutarazten, 1891ko udazkenean. Errespetuz eta adeitasunez, Azkainen, 1896ko azaroan). Cfr. Pierre Loti (1897) Ramuntcho. Kontsultatutako edizioa: Aubéron argitaletxea, 1994ko urtarrilak 1. ISBN 978-2-908650-16-7
  24. Château-Observatoire Abbadia. Bisita birtuala.
  25. V. Delpech (2014), 187. or.
  26. P. Urkizu (1998).
  27. V. Delpech (2014), 6. or.
  28. V. Delpech (2014), 210. or.
  29. V. Delpech (2012), 331. or.
  30. V. Delpech (2014), 166. or.
  31. Napoléon III. etorri behar zuen jauregiaren azken harria ipintzera, baina ez zen inoiz etorri, Sedango borrokaren ondorioz.
  32. Marc Agostino, Abbadia : Un rébus géant, 42. or.
  33. MC Berger (1998).
  34. Bideoa, Château - Observatoire Abbadia : La Chapelle
  35. V. Delpech (2014)
  36. Sylvie de Frettes, Abbadia : un rébus géant, 23. or.
  37. (Frantsesez) Tissot, Janine. Les frères Bühler. .
  38. V. Delpech (2012), 230-251 or.
  39. V. Delpech (2012), 222.or.
  40. Marine Musson, Abbadia : Un rébus géant, 60. or.
  41. Légifrance
  42. Inventaire National du Patrimoine Naturel
  43. CPIE Euskal Itsasbazterra
  44. M. Estonba, 1993.
  45. Canal Académie, Antoine d'Abbadie.
  46. Académie des Sciences, Le château-observatoire d'Antoine d'Abbadie à Hendaye
  47. Fondation Antoine d'Abbadie
  48. UNESCO Archives AtoM Catalogue.
  49. Maisons des illustres, Ministère de la Culture.
  50. Carte des Maisons des illustres, Ministère de la Culture
  51. Château-Observatoire Abbadia, Informazioak
  52. Jean-François Sibers (1993)
  53. A. T. «Les jardins du château observatoire Abbadia», Le Figaro Magazine, 2020-08-07, 6. orria.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Lapurdi