Juan Mari Beltran

musikari, musikologo eta irakasle gipuzkoarra

Juan Mari Beltran Argiñena (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1947ko martxoaren 22a) musikari, musikologo eta irakasle gipuzkoarra da.[1][2][3] 2024ko azaroan, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria irabazi zuen.[3]

Juan Mari Beltran

Bizitza
JaiotzaDonostia1947ko martxoaren 22a (77 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakmusikaria, musikologoa eta irakaslea
Lan nabarmenak
KidetzaArgia Dantza Taldea
Azala taldea
Txanbela (taldea)
Soinuenea
Udako Euskal Unibertsitatea

IMDB: nm7976619 Inguma: juan-mari-beltran-arginena Edit the value on Wikidata

Gazte-gaztetan, Etxarri-Aranatzen ibili zen txistulari. Ondoren, Argia dantza taldean musikari izan zen. Geroxeago, Hernaniko Musika Eskolan alboka, dultzaina, txalaparta, txanbela eta txistuaren irakasle ibili da hainbat urtez. Gutxienez 13 disko plazaratu ditu

Euskal Musika tradizionalaren gaur egungo ikertzaile garrantzitsuenetarikoa dugu. 2002an Soinuenea Museoa (Herri Musikaren Txokoa) zabaldu zuen Oiartzunen.[3]

« Nire ibilbidearen azken geltokia da Soinuenea. Topagune bat da, bilgune bat, erakusleiho bat, artxibo bat... nire ibilbidearen erremate bat, baina aldi berean abiapuntu bat ere bada. »

Juan Mari Beltran[3]


Biografia

aldatu
 
Juan Mari Beltran 2024an.

Musikari, ikertzaile eta irakasle, hiru hitz horiek erabili behar dira Juan Mari Beltranen biografia laburtzeko. Euskal Herriko musika-tresnetan aditu entzutetsua izaki, doinu eta kantutegi tradizionala pizteko lanetan emandako urteek euskal herri-musikan gaur egun dagoen aditurik garrantzitsuena bilakatu dute. Multinstrumentista iaioa da; hamahiru disko grabatu eta hamaika musikarirekin lan egin du 44 urteko ibilbidean.[1]

Zazpi urterekin bidali zuen amak herriko bandaren zuzendariarengana musika ikastera. Klarinetea jotzen ikasten hasi, eta zuzendariaren eraginez txistua jotzen ere ikasi zuen. Hamabi urterekin biak jotzen zituen, klarinetea herriko bandan eta txistua txistulari taldean. Hamabost urte zituela, Donostiara bizitzera joan zen familiarekin. Isidro Ansorenarekin jarraitu zuen ikasten, eta haren enkarguz ezkontza eta auzoetako festetan txistua jotzen hasi ziren, bera eta anaia Bixente.

Biak hasi ziren Argia dantza-taldean musikari gisara. Juan Antonio Urbeltzen eraginez taldean gertatutako bilakaera hurbiletik ikusi, eta Euskal Folklorearen Laborategiko partaide aktiboa gertatu zen Juanmari Beltran. Garai hartakoak dira bere lehen landa-ikerketa eta grabazioak. Zoritxarrez, gehienak galduak dira gaur egun; hala eta guztiz ere, orduan piztu zitzaion Beltrani gaurdaino itzali ez zaion herri-musikarekiko eta ikerketarekiko grina. Argia taldean ere hasi zen herri-musikako tresnak ezagutzen eta jotzen. Horretaz gain, Artze anaiekin txalaparta jotzen hasi eta 1964an eman zuten Beltran anaiek lehen txalaparta emanaldia, Elizondon (Nafarroa).

Euskal herri-musikaren izen funtsezkoak gertatu diren hainbat musikari ezagutu, tratatu eta estimatu zituen: Leon Bilbao albokaria, Maurizio Elizalde txistularia... Sekula ikerketa alde batera utzi gabe,

Musikari eta musikologoa

aldatu

1980an sortu zuen Azala taldea, eta taldean jarraitu zuen 1984a arte. Artean, euskal folk musikaren haize berrien adierazle zen diskoa grabatu zuen: Azala (IZ, 1983). Taldekideekin norabide musikalaren inguruko desadostasunak zituela-eta Azala utzi eta Txanbela taldea osatu zuen 1984an. Urte hartan bertan kaleratu zuten lehen lana, Txanbela (IZ, 1984). Hurrengo urtean, bere ikertzaile-senaren lekuko eta euskal etnomusikologiaren harribitxia den Euskal Herriko soinu tresnak (IZ, 1985) diskoa eta dokumentala plazaratu zituen.

Txanbelan askoz ere modu "libreagoan" gauzatu ahal izan zuen Beltranek herri-musikaz zuen ikuspegia; berreskuraketa eta artifiziorik gabeko berrinterpretazioa. Ikuspegi horren lekuko dira taldearekin plazaratutako beste hiru diskoak: Doinurik doinu (IZ, 1987), Hirugarren koskan (IZ, 1992) eta Arin arinketan (IZ, 1997).

1998an San Telmo Museoko soinu eta hots tresnak liburua argitaratu zuen Eusko Ikaskuntzarekin.[4]

Juan Mari Beltran Izturitzeko txirularen erreplika bat jotzen.

Berrikuntza eta esperimentazioa alde batera ez dituela uzten erakutsi zuen Joxan Goikoetxearekin izandako elkarlanean. 90eko hamarkadan indarrean zegoen "musika berrien" etiketa jaso arren, txalapartaren eta teklatuen arteko elkarrizketa mamitsua da Egurraren orpotik dator... diskoa (NO-CD, 1993). Suso Saiz musikari galiziarrak ekoitzi zuen bikotearen hurrengo lana, Beti ttun-ttun (NO-CD, 1999), aurrekoaren bidetik jotzen zuena.

Bakarkako ibilbideari ekin zion Juan Mari Beltranek urte hartatik aurrera. Bi disko kaleratu ditu orduz geroztik: Arditurri (Elkar, 2002), hori ere Suso Saizek ekoitzia, eta Orhiko xoria (Elkar, 2006). Bietatik edozein gerta daiteke Beltranen ikuspegi musikalaren gailurraren erakusgarri. Multinstrumentista preziatua izanik (alboka, dultzaina, txalaparta, txistua...), hainbat musikarirekin lan egin du azken 25 urteotan. Aipagarriena, agian, 1984tik aurrera Amasako Astiasaran Anaiekin egiten duena. Horren lagin bat Amasatik Arratera (Herri Musika Zaleak, 2007) diskoan bildu dute.[1]

 
Titika Rekalt, Jean Mixel Bedaxagar eta Juan Mari Beltran (txanbela jotzen) Pierre Caubet omentzeko saioan 2019ko otsailaren 16an.

Musika-irakaslea

aldatu

Ezin aipatu gabe utzi Juan Mari Beltranek euskal musika tresnak zabaltzeko hezkuntza alorrean egindako lana. 1985etik hainbat tresnaren irakasle da Hernaniko musika eskolan (dultzaina, txalaparta, alboka...), eta bera da azken hogei urtean Hernanin Euskal Herri osoko txalapartariak bildu dituen Txalaparta Festaren bultzatzaile eta antolatzaile nagusietakoa. Hain zuzen, txalapartari eskainitako liburu mardula kaleratu du, Txalaparta (Nerea-Syntorama, 2009), eta horren harira, Ttakun Ttan Ttakun ikuskizuna prestatu du Kukai dantza taldearekin.

1985etik 2000ra bitartean 14 hitzaldi edo ikastaro eman zituen Udako Euskal Unibertsitatearekin.[5]

Herri Musikaren museoa

aldatu
 
Juan Mari Beltran musikologoa Herri Musikaren Txokoan.

Herri-musikaren inguruan egindako lan guztia erakutsi eta zabaltzeko Oiartzuneko udalaren laguntzaz Arditurrin sortu zuen Herri Musikaren Txokoa. Museo eta interpretazio zentro horretan liburutegia, fonoteka eta herri-musikako hainbat tresna topa daitezke. 1996an martxan jarri eta 2002an zabaldu zen jendearentzat. Interpretazio zentroa izateaz gain, inguruan bestelako egitasmoak ere gauzatzeko plataforma bikaina da Herri Musikaren Txokoa. Herri Musika Zaleak elkartea da bertan sortutako egitasmo nagusia.

Museoak "HM Berriak" aldizkaria argitaratzen du.

Diskografia

aldatu
  •  
    Juan Mari (2017)
    Txanbela (IZ, 1984)
  • Doinurik doinu (IZ, 1987)
  • Hirugarren koskan (IZ, 1992)
  • "Egurraren orpotik dator..."; Joxan Goikoetxearekin batera (NO-CD, 1993)
  • Arin arinketan (IZ, 1997)
  • Beti Ttun-ttun (NO-CD, 1999)
  • Arditurri: gogoaren bidezidorretatik' (2002 - Elkar)
  • Orhiko xoria (2006 - Elkar)
  • Amasatik Arratera (2007 - Herri Musika Zaleak)
  • Txalaparta (2009 - NO-CD Rekords)[6]
  • Xirolarrua (2012 - Syntorama/Soinuenea) Fernando Jalon-ekin[7]
  • Hots-larretan (2014 - Syntorama/Soinuenea)[8]
  • Soinu-tresnak euskal herri musikan 1985-2010 (2017 - Elkar)[9]
  • Kostaldeko soinuak (2019 - NO-CD Rekords)[10]

Sariak eta errekonozimenduak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c Tolosa, Andoni. «Juan Mari Beltran» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-30).
  2. Juan Luis Zabala, «Egunsentitik gauera arteko hots, erritmo eta doinuak», Berria, 2014-12-12
  3. a b c d e Lizarralde, Mikel; Iridoy Alzelai, Urko. (2024-11-05). «Juan Mari Beltran musikari eta ikerlariak jasoko du Manuel Lekuona saria» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-11-06).
  4. Mari., Beltrán, Juan. (1998). San Telmo Museoko soinu eta hots tresnak. Eusko Ikaskuntza ISBN 8489516650. PMC 41052144. (Noiz kontsultatua: 2018-12-30).
  5. «Juan Mari Beltran Argiñena :: Inguma - Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea» www.inguma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-30).
  6. «Txalaparta» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  7. «Xirolarrua» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  8. «Hots-larretan» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  9. «Soinu-tresnak euskal herri musikan 1985-2010» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  10. «Kostaldeko soinuak» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).

Bibliografia

aldatu
  1. "Soinutresnak euskal herri musikan" ("Egin" biblioteka, 1996).
  2. "Dultzaina Gipuzkoan. 1950.eko hamarkada arte".
  3. "Txalaparta eta beste aldaera zaharrak. Lan erritmoetatik musikara".

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu