Esteve Materra

euskal idazlea

Esteve Materrafrantsesez Materre— (? - ?) XVII. mendeko euskal idazlea izan zen, Frantzian jaioa. Saran, Axularrekin segur aski, ikasi zuen euskara. Etxepareren eta Leizarragaren liburuak argitaratu eta gero, Materrarena da Iparraldean euskaraz argitaratu zen hurrengoa.

Esteve Materra
Bizitza
Herrialdea Frantziako Erresuma
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea
MugimenduaSarako Eskola
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Erlijio-ordenaAnaia Txikien Ordena

Literaturaren Zubitegia: 616
Esteve Materraren Doctrina Christiana liburuaren lehen argitaraldiaren azala (Bordele, 1617).

Frantziskotarra izan zen; 1617an, abade zen La Réoleko komentuan, eta 1623an Okzitaniako Tolosan. 1617an liburuxka bat atera zuen, lapurtera klasikoan idatzia, Bordelen, Doctrina Christiana izenburuarekin. Liburua marinelentzat eginda dago, eta kristau ikasbidea eta otoitz bereziak erakusten ditu. Urte hartan argitaraturiko ale bakarra ezagutzen da, Aziti Bihia elkarteko hizkuntzalari eta filologo gazteek 2015ean Danimarkako Errege Liburutegian aurkitua.[1] Villasanteren ustez garrantzi handia izan zuen Materrak garai hartako idazleentzat. 1623, 1648, 1693, 1704. urteetan berrargitaratu zen; 1693koan, izenburua aldatuta: Bouqueta Lore Divinoena bereciac eta Duronea apeçac Aita Materren liburuari emendatuac. Euskaraz idazteari ekin aurretik, Materrak bazituen beste bi liburu frantsesez argitaratuak: L’horloge spirituel (1606) eta Saint exercice sur les dimanches (1606). Materra Sarako Eskolako partaidetzat hartzen da.

Materre ala Materra?

aldatu

2015 arte, Materre idatzi izan dute beti Doctrinaren egilea aipatu duten ikerlariek. Hala egin zuten Larramendik, Vinsonek edo, berrikiago, Mitxelenak, Arkotxak, Oihartzabalek eta Salaberrik ere, besteak beste. Hala ageri da, orobat, frantziskotarrek historian zehar egin dituzten katalogoetan, autoreak berak frantsesez idatzi zituen obretan, euskarazko Doctrinan berak edo bestek frantsesez zein latinez idatzitako hitzaurre, eskaintza edo baimenetan eta edizio guztien azaletan, lehenean izan ezik.

Hain zuzen ere, 1617ko lehen edizioak «Materra» dakar azalean eta, are gehiago, Bertrand Etxautzi zuzenduriko euskarazko eskaintza ere hala sinatu zuen egileak berak. Hori ez eze, beste batzuek euskaraz idatzitako baimenetan «Materra» diote salbuespenik gabe, hala nola Axularrek, I. Migelenak eta F. Gilantenak. Halaber, 1623ko argitalpenean ageri diren euskarazko baimenetan «Materra» gorde da, eta gauza bera gertatu da ondokoetan ere, horretan oinarritu baitziren.

Horiek horrela, «Materra» jo da egilearen deituraren euskarazko forma egokitzat.

Bizitza

aldatu

Materraren bizitzaz ezer gutxi dakigun arren, egile gakoa da euskal literatura klasikoan; zehazki, XVII. mendearen hasieran Lapurdin loratutako Kontrarreforma katolikoari eta lapurtera klasikoari dagokionez. Aurreko mendeko erreformari erantzuteko, Kontrarreformaren haizeek indar bizia hartu zuten, gizaldi horretan, Lapurdi aldean: katolizismo ortodoxoa ahalik eta zabalen ezartzeko hainbat lan, itzulpen eta moldaketa agertu ziren latina ez beste hizkuntzetan. Euskarazko lanek fededunengana haien ama hizkuntzan iristeko aukera ematen zuten, eta horietan lehenengoa izan zen aspaldian eta orain arte galdua egon den Materraren Doctrina Christiana (P. de la Court, Bordele, 1617). Nabarmentzekoa da, lehenengoa ez ezik, hamarkada batez eskuratu eta euskaraz irakur zitekeen egile bakarra izan zela. Gerora etorri ziren Etxeberri Ziburukoa, Argaiñaratz, Haranburu, Harizmendi, Gazteluzar, Axular eta beste.

Materraz dakigun gehiena bere obretatik ateratako informazioa da: frantziskotarra zen, 1617an La Réoleko komentuko zaindaria zen, eta 1623an, dotrinaren bigarren edizioa kaleratu zenerako, Tolosa Okzitaniako frantziskotarren komentuan zegoen. Bere 1628ko obra batean aipatzen denez, Rouezeko Cordeliers komentuan zegoen orduan. Bertrand Etxautzen esanari jarraikiz, Saran (Lapurdi) euskara denbora gutxian ikasi ondoren eman zuen argitara bere Doctrina Christiana, hain zuzen ere Etxautzi eskainia, eta besteak beste Axularren oniritzia dakarrena. Eskolako haurrentzat elkarrizketa gisa prestatutako lana da, eta egileak bere asmoak azaldu zituen: dotrina kristaua zabaltzea eta euskaraz irakurtzen eta idazten ikasten laguntzea. Errata gutxiko edizio zaindu batean argitaratu zen eta arrakasta betea lortu bide zuen, 1623an kaleratu baitzen bigarren argitalpena (I. Millanges, Bordele, 1623). XVII. mendean bertan beste bi argitalpen izan zituen: I. de Gayau-rena (Agen, 1648) eta P. Dussarrat-ena (Baiona, 1693), eta XVIII. mendearen hasieran berrargitaratu zen azkenekoz (Maffre, Baiona, 1704). Nolanahi ere den, 1623az geroztiko berrargitalpenetan hainbat aldaketa eta material erantsi dago.

Ematen du Materra ez zela nolanahiko elizgizona izan bere garaian; izan ere, euskarazko dotrinaz gain, frantsesez ere zenbait lan idatzi, itzuli eta moldatu zituen, guztiak ere erlijioaren ingurukoak. Mende hasieran, L'Horloge spirituel (C. Seuestre, 1606) eta Saint exercice sur les dimanches (Chaudière, 1606), Diego de la Vegaren lan baten itzulpena, kaleratu zituen Parisen, eta handik urtebetera agertu zen Juan Márquezen obraren itzulpena, Frantziako hiriburuan bertan: Les deux états de la spirituelle Hiérusalem militante et triomphante (N. du Fossé, 1607). Badirudi 1608an bertan berrargitaratu zela De la Vegaren lanaren itzulpena: Emploi et saint exercice sur les Évangiles des Dimanches de l'Année (N. du Fossé, 1608). Geroagokoak dira, bestalde, Recueil de prières en temps de contagion (A. Gransaigne, Rodez, 1628) eta Le Directeur familier (J. Foude, Tolosa, 1645).

Badirudi horietatik guztietatik L'Horloge spirituel eta Doctrina Christiana lanak izan zirela arrakastatsuenak, horiek aipatu baitzituen Waddingek Scriptores Ordinis Minorum (1650, 320. orrialdea) zabalean. Obra horretako aipua berreskuratu zen gerora, XVIII. mendearen hasieran, Bibliotheca Universa Franciscana obran (1733, III. liburukia, 108. orrialdea).

 
Esteve Materraren Doctrina Christiana liburuaren bigarren argitaraldiaren azala (Bordele, 1623).

Euskaraz

aldatu

Frantsesez

aldatu
  • L'Horologe spirituel (C. Seuestre, 1606).
  • Saint exercice sur les dimanches (Chaudière, 1606), Diego de la Vegaren lan baten itzulpena. Urtebete geroago Emploi et saint exercice sur les Évangiles des Dimanches de l'Année izenburuarekin berrargitaratua (N. du Fossé, 1608).
  • Les deux états de la spirituelle Hiérusalem militante et triomphante (N. du Fossé, 1607).
  • Recueil de prières en temps de contagion (A. Gransaigne, Rodez, 1628).
  • Le Directeur familier (J. Foude, Tolosa, 1645).

Erreferentziak

aldatu

Bibliografia

aldatu

Kanpo estekak

aldatu