Balea
Baleak itsas ugaztunak dira, zetazeoen taldekoak. Talde parafiletikoa dira, bere barruan sailkatzen diren guztiak ez direlako familia berekoak.
Biologia
aldatuGaur egungo animaliarik handiena da; guztietan handiena, balea urdina, 30 metro luze izatera iristen da, eta 190 tona pisatzera. Larrua leuna, ilerik gabea du, eta haren azpian 50 zentimetroko gantz-geruza du. Hori dela eta, balea urdinek -1 °C eta 30 °C arteko tenperaturak jasan ditzakete.
Baleak, beste zetazeoek bezala, uraren azalera igo behar izaten du arnasa hartzera, ugaztuna izaki, oxigenoa airetik hartzen du eta. Aurreko gorputz-adarrak hegats bihurtuak ditu igeri egiteko, gorputzaren alde banatara. Isatsa etzana du eta ez zutik, arrainek ez bezala. Ahoan ez du hortzik; haien ordez, adarkizko xaflak eta bizarrak ditu, eta mihi luzea ere bai.
Balea batzuek bizarrak dituzte ahoan; beste batzuek, hortzak.
Bizarrak dituzten baleen elikagaiak hauek dira: oskoldun txikiak, algak eta planktona. Horretarako, bizarretatik barrena ura xurgatu eta kanporatu egiten du atzera; hala, urarekin batera sartzen zaion janaria bereganatzen du. Bizarren eginkizuna janariari eustea da; horregatik dute sarearen tankera.
Arnasa hartzeko, baleak bi zulo ditu buru gainean. Ur azpitik azalera igotzen denean, indar handiz jaurtitzen du kanpora biriketako airea bi zulo horietatik. Jaurtitzen duen ur-zorrotadari esker jakiten zuten arrantzaleek balea non zegoen. Balea ur azpian luzaro egon daiteke, bihotzaren taupadak moteltzen dituelako eta giharretan mioglobina ugari duelako.
Baleek entzumen fina dute, eta soinuak igortzeko ere gai dira —batzuetan, ultrasoinuak ere—, elkarren artean komunikatzeko.
Ugalketa
aldatuEmeak kume bakarra izaten du, balekumea, alegia, eta amak duen muskulu-mekanismo berezi batek bere ahora proiektatutako esneaz elikatzen da. Baleek bi urtean behin dituzte kumeak, eta haien prestakuntza sei hilabetekoa da. Normalki, kume bat ekartzen dute, baina kasu berezi batzuetan, bi. Jaiotzen denean, zenbait metro luze izaten da. Heldutzat hartzen da 4 edo 5 urte dituenean.
Balearen ekonomia eta arrantza
aldatuBalearen parte guztiak aprobetxatzen dira. Hala, lumera, gihar eta hesteetatik xaboiak egiten dira; gibeletik, olioa; guruinetatik, intsulina, kortisona eta beste hormona batzuk lortzen dira; eta baleakia jateko oso estimatua da. Gaur egun, garai bateko eskuzko arpoiaren ordez, arpoi leherkaria jaurtitzen zaio kanoi berezi batez. Kanoi hori 1860an asmatu zen; ordurako, ordea, hainbat balea espezie galtzen hasiak ziren.
Nazioarteko hainbat hitzarmen izenpetu dira balea arrantza debekatzeko. Gaur egun, ia munduko herrialde guztiek akordio horiek sinatuta dauzkate; hala ere, balea harrapatzen segitzen da eta galtzeko arriskuan dago. Norvegia, Japonia eta Groenlandia herrialde arrantzari nagusiak dira.
Euskal Herrian ere, balea arrantzak garrantzi handia izan zuen XIII–XVI. mendeen bitartean (ikus «Euskal Herriko baleazale»).
Literaturan eta zineman
aldatuHerman Melville idazle estatubatuarrak Moby Dick eleberri famatua idatzi zuen 1851n, balearen harrapaketaren inguruan. Urteen joan-etorrian, lan hori behin baino gehiagotan zinemaratu dute, eta istorioa mundu osoan famatua da.
2002an The Whale Rider film zeelandaberritarra pantailaratu zuten: baleak maorien kulturan daukan garrantzi kulturala ondo islatzen du.
Euskal Herrian
aldatuBizkaiko golkoan, gaur egun ere zetazeo mota batzuk bizi dira, Euskal Herriko kostatik ez oso urrun.
Beste garai batzuetan, balea-espezie handiak arruntak ziren Euskal Herriko uretan. Herri arrantzaleek animalia haiekin lotura estua zuten: horren erakusgarri dira kostaldeko hainbat herritako armarriak, animalia hura ageri baita: adibidez, Bermeo, Lekeitio, Mutriku, Getaria (Gipuzkoa), Zarautz, Hondarribia, Hendaia, Getaria (Lapurdi) eta Biarritz.
Balea Kantauri itsasoetatik urrundu zenean, euskal arrantzaleak atzetik joan ziren; halaxe iritsi ziren Ternua eta Kanadaraino.
-
Bermeo
-
Biarritz
-
Hondarribia
-
Hendaia
-
Getaria (Gipuzkoa)
-
Getaria (Lapurdi)
-
Lekeitio
-
Zarautz
Espezieak
aldatu- Balea grisa (Eschrictius gibbosus).
- Balea groenlandiarra (Balaena mysticetus).
- Balea urdina (Sibbaldus musculus).
- Euskal balea edo sardako balea (Eubalaena glacialis).
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Arrizabalaga, Mikel. «Uliako xendak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).
- ↑ «Donostia.eus - [Berria Haurrekin egiteko planak»] www.donostia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).
- ↑ «Talaia ibilbidea: Pasai San Pedro - Donostia - Gipuzkoa Natura - Liferay» Gipuzkoa Natura (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ «ULIAN ZEHAR GEOGRAFIA IKASTEN | Pasaia Lezo Lizeoa» lizeoa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).