Artikulu hau geologiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Higadura (argipena)».

Higadura lurrazaleko gaien karraskatze eta suntsitzea da (lurra, lokatza, arroka eta beste) agente geologikoen eraginpean. Etengabeko marruskatze-lana ibaiek, euri urek, haizeak, izotzak edo itsasoak eragiten dute, grabitazioa edo izaki biziek direla-eta. Kanpo eragile geologikoek (haizeak, glaziarrak, gainazaleko urak, itsasoak) aire zabalean dauden arrokei zatiak erauztea (askatzea) eta herrestan (arrastaka) eramatea da. Materialak jatorrizko lekutik kentzea, gastatzea, alegia.

Bardea, basogabetzearen ondorioz higadura handia izan duen lurralde bat.

Higaduraren ondorioz askatutako harri puskak ez dira toki berean gelditzen, agente berak egiten duen mugimenduari esker lekualdatzen dira, hau da, garraiatu. Garraioa burutzen duten agenteak honako hauek dira: grabitatea, ibaiak, errekak eta uharrek daramaten ura, glaziarretako izotza, itsasoko ura eta haizea.

Azkenik harri zati horiek malda edo agentearen abiadura txikitzen delako leku egonkorrago batera iristen direnean, bertan metatzen dira. Prozesu horri sedimentazioa edo jalkitzea deritzo.

Higatutako mineralak, gehienetan uretan disolbaturik, gerora garraiatzea eragile indartsuenetako bat da lurrak sortzeko orduan, eta harri sedimentarioak eratzeko lehen urratsa izango genuke.

Beraz, eragile geologiko motel baino indartsu hau erliebearen modelatzaile nagusienetako bat dugu.

Higadura-eragileak aldatu

Hainbat faktorek eragiten dute higaduran :

Ura aldatu

Ura: meteorizazio naturalaren protagonista nagusia dugu. Urratzaile (uretan dabiltzan partikulen bidez) eta disolbatzaile gisa jokatzen du, disoluzioan eta gatzen metaketan parte hartzen du, eta erreakzio kimikoak sortzen ditu, bai hidrolisi bidez eta bai oxidazio bidez ere. Bestetik, mineralen arrakaletan barneratzen den urak, izoztean, palankarena egin eta harria hainbat puskatan leher dezake. Gainera, disolbatutako gaien garraio-modu nagusia da.

Haizea aldatu

Haizea: haizeak partikula solidoak garraiatzen ditu esekipenean, eta horiek benetako liz-paper baten gisa jokatzen dute harrien gainazalaren gainean. Horretaz gain, zenbait gas atmosferikok, zenbait gas naturalek eta industria-jardueratik datozen beste batzuek kimikoki erreakzionatzen dute harrien mineralekin. Garraio-elementu gisa, haizea bigarren mailan dago urarekin alderatuz.

Klima aldatu

Klima: uraren izoztearekin loturik, klimak higaduran parte hartzen du, batez ere tenperatura-aldaketa bortitzen bidez, harria disgregatu dezakeen dilatazio- eta kontrakzio-prozesu bat eragiten baitute horiek. Mekanismo higatzailea areagotu egiten da baldin eta harriaren mineralek tenperaturaren aurrean modu desberdin batez erreakzionatzen badute.

Gatzak aldatu

Gatzak: urak garraiatutako gatz-substantziak, artesietan pilatzean, kristalizatzeko joera dute, eta prozesu kimiko honek izotzaren antzeko dilatazio bat eragiten du, eta ondorioak ere antzekoak dira.

Jarduera biologikoa aldatu

Jarduera biologikoa: landareen sustraiak, harrien artesietatik barneratzen direla, higadura-elementu garrantzitsua dira landaretza handiko inguruetan. Animalien meteorizazio-eragina ez da hain garrantzitsua.

Giza jarduera aldatu

Giza jarduera: gizakiaren obrak eta eraikuntzak, betidanik, higadura-eragile garrantzitsuak izan dira. Gaur egun, atmosferara botatzen diren gai kutsakorrek areagotu egin dute atmosferaren meteorizazio kimikorako gaitasuna. Horren adibide garbi bat "harriaren gaitza" deiturikoa dugu, hondamen garrantzitsuak eragiten baititu eraikinetan.

Hidrolisia aldatu

Hidrolisia: uraren molekula deskonposatu egiten da eta bere atomoek erreakzionatu egiten dute harriek dituzten mineralekin, konposatu berriak eratuz.

Higadura eta ingurumena aldatu

 
Makhtesh Ramon (Negev), Israel

Higadura prozesu motel eta naturala da, etengabean gertatzen ari dena eta gure planetaren dinamika geologikoaren parte dena. Nolanahi ere, giza jardueraren edo klima aldaketen ondorioz zenbait eskualdetan higadura hori areagotu izana mehatxu larria da eragindako gune horien oreka ekologikoarentzat.

Lurraren higadura-erritmoa iraganean sekula iritsi ez den mailaraino iritsi da gaur egun. Horren arrazoi nagusia lurrazaleko hedadura handien baso-soiltzea da. Landare-geruza babesle hori desagertzen denean, higadura-eragileek indar handiagoz egiten dute beren lana, eta beren eragina guztiz hondatzailea izan daiteke. Izan ere, mundu osoko lurralde zabalak, antzina inguru emankorrak baziren ere, egun desertu bihurtzeko arriskuan daude, baldin eta larrialdiko neurriak hartzen ez badira.

Horregatik Euskal Herrian neurri batzuk hartzen ari dira, esate baterako: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak Euskadiko Lurzoruen Higaduraren Mapa egin du. Lana 2005. urtean egin zen eta honako helburu hau dauka: Autonomia Erkidego osorako lurzoruen higadura neurtzeko kartografia egitea.

Higadura kontrolatzeko programen funtsezko alderdietako bat gehiegizko higadura sor daitekeen leku eta garaien aurreikuspena da. Leku eta une jakin batean higaduraren ondorioz lurzorua galtzea faktore askoren menpe dago, eta faktore-multzo horri "lurzoru-galeraren ekuazio unibertsal" deitu zaio. Ekuazio hori gaur egun mundu osoan erabiltzen da higagarritasun-mapak egiteko. Euskal Autonomia Erkidegoko higaduraren mapak urak eragindako higadura laminarra ebaluatzen du. Higadura horren eragilea euri-ura da, eta lurzoruko partikulak astiro-astiro desagerrarazten ditu, baina eragina epe laburrean ez da agerikoa izango.

Euri-ura hegaletatik dabilela, ur-jarioa sortzen da. Ur-emari horrek partikulak arrastaka daramatza eta poliki-poliki desagerrarazten ditu. Ur-jarioa puntu zehatz batean biltzen denean eta hortik aurrera ubide naturaletik doanean, higadura ez da laminarra izango.

Higadura laminarra iragartzea eta zenbatekoa den jakitea oso inportantea da, horretaz ez baikara ohartzen higadura larria den arte. Lurzoruan eragina nabarmena denean, higadura handiagoa izan da eta horrek eragingo ditu gerora lubaki edo sakanak. Higadura laminarra iragartzeak prebentzio arloko politikak ezartzeko aukera ematen du. Hala, lurzoru baliabidea ez da galduko degradazioaren aztarnak agerikoak ez direnean.

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu