Bearno edo Biarno[1][2] (bearneraz: Bearn [beˈar] edo Biarn ['bjar]; frantsesez: Béarn) Gaskoiniako eskualde historikoa da (Okzitania). Gaur egun Akitania eskualdea eta Pirinio Atlantikoak departamendua (Frantzia) osatzen du Ipar Euskal Herriarekin batera. 350.000 biztanle inguru ditu. Hiriburua Paue da eta hiri nagusiak Oloroe, Ortheze, Leskarre, Mourenx, Morlaàs, Nabarrengose eta Noguères.

Bearno
 Frantzia
Administrazioa
HiriburuaPaue
Deuseztapen data1790 (juliotar egutegia)
Geografia
Koordenatuak43°18′00″N 0°22′00″W / 43.3°N 0.3667°W / 43.3; -0.3667
Demografia
Hizkuntza ofizialabiarnesa
Ordu eremuaEuropa Erdialdeko Ordua
Ipar Euskal Herria (berde ilunez) eta Bearno (berde argiz) Pirinio Atlantikoen departamenduan.

Ekonomia

aldatu

Ekonomia jarduera nagusia nekazaritza da. Industria Paue, Lacq eta Mourenx aldeetara bildu da nagusiki. Lacqeko gas hobiak (1951n aurkituak) oso garrantzitsuak dira (200.000 milioi m3). Turismoak ere badu garrantzia Pirinioetan. Administrazioaren aldetik, Zuberoa Bearnori (Oloroe-Donamaria) lotua egon da (eta hala dirau maila askotan) Frantziako Iraultzaz geroztik. Zuberoa Baionako Merkatari Ganberari lotua gelditu zen 1991n, Lapurdi eta Nafarroa Beherearekin.

Geografia

aldatu

Mendebaldean Ipar Euskal Herria (Zuberoa eta Nafarroa Beherea), iparraldean Landak eta Armañac (Gers departamendua), ekialdean Bigorra (Pirinio Garaiak) eta hegoaldean Aragoi ditu.

Fisionomia

aldatu

Erdialdean altuera apaleko mendi eta muinoak daude. Iparraldeko lurrak lauak dira, eta Pirinioetatik jaisten diren erreka eta ibai ugarik zeharkatzen dituzte (Paueko uhaitza eta Oloroeko uhaitza, Aturriren ibaiadarrak).

Eskualdean ipar-ekialdetik sartzen, ipar-hegoalderantz doazen muinoak daude: Montanérès, Vic-Bilh eta Soubestre muinoak. Bertan Aturriren zenbait ibaiadarrek dute iturri: Gabas, Luy de France edo Luy de Béarn; Paueko uhaitzaren harana (Ortheze, Artix, Paue, Nay) biztanle gehien duen eskualdea da, baina Oloroeko uhaitzaren haranak (Oloroe-Donamaria, Nabarrengose, Salbaterra Bearno) ere biztanle asko ditu. Hegoaldean Pirinioak ditu, tartean Bearno Garaiaren hiru haran nagusiak: Ossauko harana (Pourtalet, 1.794 m. eta Midi d'Ossau (2.884 m); Aspe (Somport, 1.650 m) eta Baretos.

Mendirik altuenak Pic Palas (2.974 m, Akitania osoko garaiena) eta Auñamendi (2.504 m) dira.

Historia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Bearnoko bizkonderria»

Erromatarren garaian Beneharnum (Paue eta Lacq arteko lurraldea) zen Bearno, eta erromatar probintzietako baten barnean egon zen (Akitanian). Bisigodo eta frankoen erasoak jasan zituen lurraldeak. Nahiz eta 843an Verdungo Hitzarmenak Ekialdeko Frantziako erresuman kokatu, orduko bere egoera eztabaidatsua da. Bearnoko Bizkonderria IX. mendearen erdialdean osatu zen (Centulo I.a Lupo, 841). Bere lehendabiziko legebiltzarra, Cour Major izenekoa, 1080. urtean sortu zuten, hau da Ingalaterrakoa baino 185 urte aurrerago. Bearnok Akitaniako dukerria osatu zuen, Leonor Akitaniakoaren bitartez Ingalaterrako Erresuma mende baten zehar (1242-1347) osatu zuena. 1290ean Bearno Foixko konderriaren eskuetan geratu zuten; 1347an ingelesak Akitaniatik joan zirenean, Gaston III.a Foix-Bearnokoa erregeari Foix konde moduan gorazarre egin bazion ere, ez zuen Bearnoko bizkonderriagatik egin bere burujabetasuna aldarrikatuz. Orduan Paue bizkonderriko hiriburu bilakatu zen. Laster jaraunspenen ondorioz Nafarroako erregeek lortu zuten eskualdea. Hauek Hego Euskal Herriko lurraldea galdu zutenean Bearno mantendu zuten.

Bearnoko Bizkondeek gero eta lurralde gehiago eskuratu zituzten: Bigorra, bolada batez (XI. m.); Oloroe, Gabardan (XII. m.); Brulhois, Zaragoza eta Uncastillo, bolada batez (XII. m.); Marsan, Foix, Rosselló eta Andorra (XIII. m.); Albi, Lautrec eta Nébouzan (XIV. m.) eta Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Albret XV. mendean. Nafarroako errege ere bihurtu ziren mende horretan. Leskarre, Morlaàs (841), Ortheze (1194) eta Paue (1464) izan ziren Bearnoko antzinako hiriburuak. Gaskoinia eta Guienako dukeen mende egon ondoren, Ingalaterrako koroarekiko loturak hautsi zituen Bearnok XIII. mendean. Zuberoa, Amikuze eta Oztibarre bereganatzeko alferreko saioak egin eta gero, Bearno Foixko konderriaren mende geratu zen ezkontza baten bidez.

Foix eta Bearnoko kondeen garaian indartsua izan zen Bearno, Gaston III.a Foix-Bearnokoa deituaren agintaldian nagusiki (1343-1391). Foixko konde eta Bearnoko bizkonde zen Gaston IV.a Nafarroako errege bihurtu zen Eleonor Nafarroako erreginarekin ezkondu ondoren (1436). Nafarroako koroa Pauen egokitu ondoren 1483an, Foixko kondesa, Bearnoko bizkondesa eta Nafarroako erregina Katalina, Joanes Albretekoarekin ezkondu zen eta harrezkero, Albreteko etxeak Foix, Bearno eta Nafarroa bere mendean izan zituen.

Gaztelak 1512an Nafarroa Garaia konkistatu arren, Albretekoek iraun zuten Nafarroako errege. 1527an, Nafarroako erregea zen Henrike Albretekoa Frantzisko I.aren arreba Margaritarekin ezkondu zen eta era horretan bi koroen arteko harremanak estutu ziren. 1548an Nafarroako erregina Joana Albretekoa Antoine Bourbonekin ezkondu zen eta ezkontza hartatik jaio zen Henrike Bearnotarra Nafarroako Erregea, Henrike IV.a izenaz Frantziako errege izan zena (1589-1610). Henrike III.a Nafarroakoa Frantziako errege bilakatu zenean, ez zizkion bere herrialdeak koroari lotu. 1620an berriz, bere heriotzatik hamar urte pasa zirenean, oinordekoak Frantziako koroapean batu zituen bai Bearnoko bizkonderria bai Nafarroa Beherea.

Bearnoren nortasun politiko berezia indarrik gabe utzi zuten Frantziako Iraultza baino lehen (1789ko abuztuak 4), Ipar Euskal Herria eta Bearno departamendu bakar batean sartzea erabaki baitzuten. XVIII. mendearen bukaeran, Frantziako Iraultzak frantsesa hizkuntza ofizial bakarra bilakatzeaz gain, bertako Parlamentua eta foruak indargabetu zituen. Bearnok Ipar Euskal Herriarekin batera Behe Pirinioak departamendua osatu zuen, gero Pirinio Atlantikoak izango zena.

Hizkuntzak

aldatu

Euskara edo euskararen familiako hizkuntza bat (akitaniera) bide zen bertako mintzaira, Bearnoko eskualdea (Benearnum latinez) historia idatzian sartu zenean (K.a. I. mendea). Euskarak argi ditzakeen toponimo asko daude Bearno osoan. Erromanizazioaren ondorioz, Erdi Aroan noizbait, familia erromanikoaren barnekotzat hartzen den dialekto berezi bat sortu zen, bertan eta aldameneko herri batzuetan: gaskoia. Bearnesa, Bearnoko mintzaira, gaskoiaren dialekto bat da.

Euskara ez bezala, azkar sartu zen bearnesa literaturan eta hizkuntza idatzian. Nafarroako gortean gaskoiez idazten zuten, beharbada baita mintzatzen ere. Behe Erdi Arotik aurrera, Nafarroako nahiz Bearnoko foruak hizkuntza horretan idatzi ziren (Paue Nafarroako erregeen egoitza izan zen XV. mendetik aurrera[erref. behar]). Egun, ordea, hezkuntza eta kultura bide guztietatik kanpora geratu da, eta landan baizik ez da erabiltzen.

Zuberoako muga herrietan, euskara-bearnes elebidun asko izan da aspaldidanik eta Bearno barneko bi herritan hitz egiten da euskaraz (Eskiula eta Jeruntze). Bearnon euskal toponimia erruz topa daiteke, mendebaldean batez ere.

Hizkuntzei dagokienez, frantsesa da bertan nagusia eta ofiziala, baina bearnes (okzitaniera) hiztunak ere badaude. 1970eko hamarkadatik aurrera, bertakoak okzitaniera berpizten saiatu dira, batez ere calandreta edo eskola elebidunak sortuz.

Biztanleria

aldatu

Egun, 350.000 biztanle inguru ditu, 387 udalerritan. Hiriburua Paue bada ere, baditu zenbait udalerri nagusi:

Barneko haranetatik emigrazio handia irtean da; adibidez, Aspek 2.500 biztanle besterik ez ditu.

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindiaren 149. araua, Euskal Herri inguruko exonimoak. Kontuan izatekoa da arau horretan bertan lehentasuna ematen zaiola Bearno formari: aipatzen den lehenengo forma izateaz gain (hori alfabetoaren hurrenkeran ere halaxe litzateke, dena dela), eskualde izenaz beste, arau horretako gainerako toponimoetan Bearno da aukera bakarra (Castetnau-Camblong = Gazteluberri Bearno; Sauvaterre-de-Béarn = Salbaterra Bearno). Eta Euskal Onomastikaren Datutegian ere, Bearno formari ematen dio lehentasuna Euskaltzaindiak. Herritar izentzat ere, bearnotar arautu du Euskaltzaindiak, biarnotar aukera onartu gabe. Beraz, toponimoetarako terminologia lanik zorrotzena eskatzen duten lanetan —hala nola entziklopedietan— behintzat, Bearno ala Biarno jarri erabaki behar bada, badirudi lehenaren alde egin beharko litzatekeela.
  2. Euskaltzaindia. (2008-05-30). 154. araua: Europako eskualde historiko-politiko nagusiak. .

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu