1766ko matxinada

Gipuzkoan gertatu zen matxinada

1766ko matxinada Gipuzkoan gertatutako errebolta izan zen, urte hartan zerealak zuen salneurri handiak, eta merkatariek biltegietan zeukatena saldu nahi ez izateak eragindakoa[2]. Testuinguru orokorrago batean, Antzinako Erregimenaren gainbehera eta aldaketa ekonomiko sakonen ondorioa izan zen, eta Madrilgo Esquilacheren aurkako matxinadaren jarraipen gisa ikus daiteke. Jauntxo lokalen gehiegikerien, librekanbismoaren eta aldatzen ari zen nekazaritza munduaren arteko talka ikusteko balio izan zuen[3].

1766ko matxinada
Euskal Herriko matxinadak (XVII - XIX. mendeak)
1766ko matxinadaren ibilbidea, Gipuzkoan eta mugako hainbat herritan.[1]
Data1766ko apirilaren 14tik maiatza erdialdera
LekuaGipuzkoa eta mugako herri batzuk,
EmaitzaMatxinadaren zapalkuntza
Gudulariak
Matxinatuak Gipuzkoako noblezia
Buruzagiak
Herritarrak Vicente Kindelan
Narrosko markesa
Peñafloridako kondea
Manuel Antonio Arriola Corral
Indarra
Herri bakoitzean altxatutakoak Hibernia batailoiko 300 soldadu
1.200 herritar
Galerak
Hildako 1
Ehunka atxilotu eta zigortu
-

Matxinadak hildakorik eragin ez zuen arren, deserrira edo kartzelara zigortu zuten hainbat herritar. Jesuitak egozteko eta haien ondasunak konfiskatzeko baliatu zuen Espainiako Koroak, eta Gipuzkoako liberalek onura handiak lortu zituzten erbeste horren ondorioz.

Aurrekariak eta testuingurua

aldatu
 
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
1766ko matxinadaren gaineko zortzi datu.

Testuinguru ekonomikoa

aldatu
 
Magdeburgeko arpilaketa, 1631. Alemaniako hiri hau, XVII. mendeko krisiaren muturreko kasu bat da. 30.000 biztanle izatetik, 5.000 baino gutxiago izatera pasa zen arpilaketa horren ondorioz. Hogeita Hamar Urteko Gerraren amaieran, ia bostehun biztanlera ere ez zen iristen.

XVII. mendeko krisiaren eraginez, politika ekonomikoa zeharo aldatu zen Europan. Espainiak pisua galdu zuen Europako politikan, eta asko kostatu zitzaion krisialdi horretatik ateratzea[4]. Elikagaien prezioan eta banaketan ere eragin handia izan zuen Erdi Aroko feudalismotik burgesiak kontrolatutako ekonomia batera pasatzeak. Antzinako Erregimenak ogiaren beharra zuen, eta garia edo irina funtsezko elikagaiak ziren biztanleriaren gehiengoarentzat. Familia normal bati gastuaren %60 eta %75 artean joaten zitzaion elikaduran, eta diru sarreren herenaren eta erdiaren artean garia erosteko erabiltzen zen[5]. Horregatik, monarkiak rol garrantzitsua zuen irinaren eta ogiaren prezioaren kontrolaren gainean[6]. Espainia modernoan ohikoa zen gariaren prezioaren gora-beherek eragin larria izatea herritarrengan, goseteak eragitea eta matxinadak sorraraztea[5]. Gainera, Espainiak ez zuen errepide sistema onik, eta kostaldean garia lortzea posible bazen ere, barnealdeko merkataritza oso mugatua zen[7]. Honela, XVIII. mendearen erdialdean Mediterraneo inguruko hirietan elikadura-krisiak ia desagertu baziren ere, ez zen egoera bera barnealdean edo Gaztelaren gariaren dependentzia zuten herrietan[5]. Herri eta hirien hornikuntzaz arduratzen ziren obligaziodunek eta herrietan sortutako udal bihitegiek garrantzi handia zuten gariaren banaketan.

Bi eredu ekonomiko ezberdin zeuden lehian Antzinako Erregimenaren amaiera fase horretan. Alde batetik ekonomia morala deitutakoa zegoen[8]. Haren oinarria da morala eta ekonomia loturik daudela, eta ez dela bidezkoa soberakinak dituen ekoizle batek berauek kanpoan saltzea garestiago sal dezakeelako, haren inguruan norbaitek beharra badu[9]; hortik dator prezio justuaren nozioa. Nekazariek pentsatzen zuten beharrezko elikagaien prezio justu hori garrantzitsuagoa zela merkatu librearen nozioa baino. Bestetik fisiokraziaren kontzeptua garatzen ari zen Frantzian, gariaren liberalizazioa (besteak beste) bultzatzeko asmoz. Indibidualismoa eta Laissez faire ideiak bultzatzen zituzten, Txinako ereduetan oinarrituta[10]. Fisiokratek ondasun guztia lurretik zetorrela pentsatzen zuten, eta horregatik hori zela liberalizatu behar zen gune nagusia[11]. Esku ikusezinaren ideia defendatzen zuten, alegia, eskaintza eta eskaria naturalki erregulatzen zirela. Geroago, Espainian desamortizazioa ekarri zuen pentsaera horrek, baina lehen pausoa gariaren liberalizazioa izan zen. Proto-liberal haiek gobernura iritsi ziren Espainian eta Frantzian, despotismo ilustratu izena hartu zuen sistema politikoan.

Gariaren liberalizazioa

aldatu
 
Francisco Goyak Esquilacheren matxinadari buruz egindako margolana.

Gariaren liberalizazioa 1765eko uztailaren 11ko Errege Pragmatikarekin eman zen lehengoz Espainian[12]. Frantzian Anne Robert Jacques Turgotek jarri zuen martxan 1763 eta 1764 artean, baina bertan behera geratu zen. 1774an Turgotek berriro abiarazi zuen neurri hori, eta irinen gerra deitutako altxamendua eragin zuen[13]. Egoera hartan, arrazoi ezberdinak zirela-eta, ohikoak izan ziren Europa osoan janari-matxinada deitutakoak. Adibidez, Esquilacheren aurkako matxinada testuinguru berean gertatu zen[14].

Madrilgoaren ostean, hainbat altxamendu izan ziren Espainia osoan 1766an. Martxoaren 31n Alacanteko Tobarran, apirilaren 6an Cuencan eta Zaragozan. Hilabete horretan, Aragoi eta Kataluniako hainbat herritan. Eta apirilaren 14a baino lehen Elxen ere[15]. Gipuzkoako matxinada eta gero ere, Béjar, Salamanca, Hervas, Lorcan, Mancha Realen eta, ondoren, Jaénen. Apirilaren 26an Toboson eta Campo de Criptanan, ondoren Totanan[15] Guztira, ehun altxamendu baino gehiago izan ziren 1766an, eta historialari batzuek proposatu dute Esquilacheren aurkako matxinada ezin dela gertakari isolatu gisa ulertu[16].

Liberalizazioaren bultzatzaileen ustez, gariaren prezioa askatzeak ez zuen desagerraraziko gosea edo espekulazioa, baina bai lortuko zuen irabaziak gari produktoreengana joatea, eta haien ustez baxua zen ogiaren prezioa igotzea[17].

Gariaren eskasia

aldatu
 
Gaztelako anega erdia. Anegaren tamaina aldakorra zen herrien eta usadioen arabera. Donostiako anega, adibidez, handiagoa zen Azpeitikoa baino. Matxinadaren epaiketan aipatu zutenez, erosteko Donostiako anega erabiltzen zuten, eta saltzeko Ávilakoa, txikiagoa zena[18].

Eguraldi txarra zela eta[17], 1761 eta 1765 artean oso gari gutxi jaso zen Gaztela osoan, eta prezioa bikoiztu zen: anega batek 843 marabedi balio zuen hasieran, 1.657 amaieran[19]. Hamarkadako lehen urteetan, eguraldiak eragin handia izan zuen gariaren eta beste aleen uztan. Garaiz kanpoko hotzak, gehiegizko beroak, eurite handiek, izozte latzek (1766an izoztu egin ziren Arga ibaia Iruñean eta itsasoa Bizkaiko kostaldean) eta elurte izugarriek, garia ez sortzeaz gain, ezin inportatzea ekarri zuten[17]. Izotz Aro Txikiaren gertakarietako bat izan zen[20].

Herrietako biztanle eta langileek, eta baita nekazariek ere, garauan ordaindu behar izaten zizkieten errentak jauntxoei, eta hauek garau hori gordetzen zuten beranduago saldu ahal izateko; espekulazio prozesu horrek pobretzea handiagotzen zuen. Frantzian, antzeko prozesu batean, konspirazio teoria bat sortu zen, garaua berariaz garestitzen ari zela defendatzen zuena: Pacte de Famine delakoa[6].

Aurretik aipatu dugun gariaren liberalizazioaren ondorioz, arazoak biderkatu ziren. Uzta txarra izango zela pentsatuz, tokian tokiko autoritateek udal-bihitegiak betetzeko erosketak egiten hasi ziren baina, ordurako prezioen mugarik ez zegoenez, inflazioak gora egin zuen etengabe. Biltegiak betetzeko egindako esfortzuak gehiago garestitu zuen prezioa, eta espekulatzaileek aukera gehiago izan zituzten garia gordetzeko[17].

Egoera Gipuzkoan eta Azpeitian

aldatu
Ohar anonimoa matxinada gertatu aurretik

Azpeitiaco jaun guciac, adi zazute au ondo, bana eguin bizate onec diona, bestela galduac guera eta. Billazen dituzten caballero ero jaunak ere bi falta dira, cergatik chit contrarioa zan jendiaren il emen dituzte guizonac ero machino oriec, eta neu ere larri egon naiz. Docena bat guizonec artu naute erdian, erabili naute joca, estocaraca, azquenian navaxarequin belarria ere ia qendu ziraten, dituranac ere agertu ta navaga batez pusca bat quendu ciraten, eta oraindik ere ecin picha edo chisa eguin derala nago, mericoac curacen diratela; eta esa ciraten emendican dozena bat et' erdi egun bano lenago pasatuco zala beste pestari Azpeitian eta ciudade oneta jendi'au murazen ez bazan edo gauza onec onela biar badeu, onela esan cirate, eta emen dabilza asco chit berriac xaquiten cein diran contrarioac. Orain da bulicio eme, chit aguiz iru milla guizon omen daude plantaturic eta Azpeitiaraco ere milla eta berreun omen daude eta dabilza esquian, belebilza bezela berriac jaquiten baita or ere, biraldu neba mutil bat, or ete zan bulucioric eta cion mutillac edo pagiac aec jo cituen bi anche cebillela berriac jaquiten. Jaunac arren garie eta artua mercatu bihar dituzte a 24 oguia faneguia eta artua a 16 r. faneguia, yagur jauna, ez ditut esan nahi guciac.

Para todos los señores de Azpeitia a 9 de Abril de 1766 Azpeitia San Sebastían.

Anonimoa[15]

Elikagai horniketa ziurtatu asmoz, Gipuzkoako Foruak gariaren esportazioa debekatzen zuen, eta inportazioa baimendu[21]. Oro har, janariaren esportazioa gaizki ikusia zegoen, lehenago ez bazen herrian bertan salgai jartzen, edo gosetea izanez gero. 1755eko haragiaren matxinadak ere arrazoi bera izan zuen, jendeak haragia kanpoan saltzea espekulazioa eginez[22]. Diferentzia handiarekin: haragi-ekoizleek euren behiak eta idiak saltzen zituzten ez zutelako modurik garia ematen jarraitzeko[23]. Gainera, 1718ko matxinadaren ondorioz, Bizkaia eta Gipuzkoako portuek ez zuten aduanarik; Donostiako merkatariek egoera hau probestu zuten, eta Gaztela edo Galiziara eramaten zuten Gipuzkoa elikatzeko ekarritako gariaren parte bat[24].

1765eko alearen liberalizazioak ondorio larriak ekarriko zituela uste zuten azpeitiarrek, esportazioa baimendu arren, inportazioa bultzatzen ez zuelako[19]. Herritarrek, gainera, uste zuten (eta kasu batzuetan hala zen) jauntxoek aleak gordetzen zituztela garestiagoa zenean espekulatu ahal izateko[19]. Donostian, jaiotzen ari zen burgesiak garia erosi eta kanpora esportatzen zuen, eta horrek eskasia areagotzen zuen. Ez zen, beraz, nekazari-eremuaren eta hiri-eremuaren arteko gatazkarik, baizik eta gari produktoreen eta gari espekulatzaileen artekoa. Izan ere, Gipuzkoako baserri gehienetan ekoizten zen garia errentak ordaintzeko erabiltzen zen hein handi batean[22].

Jaiotzen ari zen burgesia berri horrek proto-kapitalismoa babesten zuen. Eta ez zuen bakarrik garia salgai gisa ikusten, arrainak ere hala ikusten zituzten kostaldean. Adibidez Getariako Sardinazaleen Errege Konpainia sortu zuten 1764an, Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren eredua jarraituz[25]. Xabier Munibe Peñafloridako kondeak eta Azkoitiko Zalduntxoek sortutako Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ordezkatzen zuen burgesiaren eta euskal pentsamendu librekanbista eta liberala. Beste helburu batzuen artean, kapitalaren kontzentrazioa babesten zuten. Lehen aipatutako sardinaren kasuan, gazitzearen monopolioa eskuratu nahi zuten, Getaria, Zumaia edo Zarautzen zeuden hamalau arrantzaleen elkarteen aurka[25].

1766an burdinolak erabateko dekadentzian eta baserritarrak Erdi Aroaz geroztik egoera gorrienean zeuden. XVIII. mendean bost baserritatik lau maiztertzan emanak zeuden herri hartan[26][20]; ugazabek nahiago zuten errenta garitan kobratu eta aletegiak lepo eduki, maizterrek eguzkia gosaltzen zuten bitartean. Ondare kontzentrazio izugarria zegoen: Azpeitiko bederatzi lurjabek –tartean, noski, enparandarrak, Narrosko markesa, Basazabal alkatearen familia...– herriko errentaren ia erdia pilatzen zuten[26]. Azpeitia zen, garai hartan, Gipuzkoako burdinolen zentro nagusia. Burdina Bizkaitik etortzen zen, barkuan, Zumaiaraino, eta bertatik eramaten zen Azpeitiraino. Baso komunaletako egurra erabiltzen zen ikatza egiteko[27].

Herritarren artean gosea zabalduta zegoen, eta askok liberalismoari egozten zioten gosete hori. Iñigo Aranbarrik Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna entseguan aipatzen duenez, Peñafloridako kondeak El borracho burlado Bergaran estreinatu zuen egunean, 1764ko irailaren 11n, aberatsek eta jauntxoek pobreen goseaz barre egiteko espektakulua antolatu zuten plazan: donibane-zuhaitz koipetu batzuen gainean janaria jarri, eta eurek balkoitik ikusten zuten nola saiatzen ziren janaria eskuratzen, txokolatea edaten zuten bitartean[28].

Bitartean, Donostiak eta Bilbok euren boterea handitzen zuten etengabe. Bertan esportazio eta inportazioetan aritzen zen klase burgesak botere handia zuen, eta baita instituzioen kontrola ere[25].

Gertakariak

aldatu
 
Azkoitiako Egurbide baserriaren multzoa. Inguruan zegoen errota eta burdinola, baseliza eta baserri-dorrearen ondoan.

Apirilaren 13an Azkoitiako apaizak bere igandeko sermoian aberatsei eskatu zien ez ateratzeko garaurik ezta jakirik kanpoan saltzeko, eta herritarrei ez baimentzeko janaririk kanpora atera zedin[28]. Hurrengo egunean, bi emakumek gidatutako gurdi batek Leturiondo etxean alea bildu eta Azkarateko bidea hartu zuen. Laster iritsi ziren Egurbide Burdinolara. Bertan, buelta emateko eta ale guztia hartutako lekuan uzteko eskatu zien gizon talde batek. Gizonak herrira jaitsi ziren, eta goiz hartan bertan adostu zuten alearen prezio berria jauntxoekin[28].

Apirilak 14: Azkoitia eta Azpeitia

aldatu

Alea jatorrizko etxera itzuli eta gero, kanpaiak jo zituzten, eta inguruko baserrietako jendea Azkoitiko plazara jaitsi zen. Jauntxoak laster agertu ziren plazan eta, zer nahi ote zuten galdetuta, garia 30 errealetan anegako eta artoa 20tan jartzeko eskatu zieten baserritarrek. Eskariari kasu egin, eta jendea lasai geratu zen. Arratsaldean, ordea, albisteak Azpeitira iritsi ziren: alde batetik matxinatuen bidetik, lortutakoa azalduz; bestetik, jauntxoen aldetik, arriskua zegoela ohartaraziz. Bigarrenek euren jabetza defendatzeko hainbat baserritar deitu zituzten, armak eskuetan, herria babesteko.[29]

Arratsalde hartan bertan, Azkoitiko alkateak mezua bidali zion Loiolako Santutegiko erretoreari, bertan zituen langileak armatu eta herrira bidaltzeko Azpeitia defendatzera. Baina langileei zer gertatu zen azalduta, Azkoitikoen alde jarri eta ez zirela joango esan zioten erretoreari[29]. Are eta gehiago, «Azpeitiaren aurka etorriko zirela esan zuten, baina ez bere alde»[oh 1][15] Iluntzean, ikusita dena bakean zegoela, Azpeitiko jauntxoek etxera lasai bueltatzeko esan zieten baserritarrei; baina hauek jakin nahi izan zuten, orduan, zergatik deitu zieten. Zergatia jakinda, Azkoitikoekin ados zeudela esan eta alearen prezioa jaisteko matxinatu ziren haiek ere. Jendetza biltzen hasi zen, kanpaiak jo zituzten eta Urrestillako matxinoak ere jaitsi ziren herrira[29].

Arratsaldeko zazpietan, txirula eta danborra hartuta, Loiolara joan ziren. Bertako langileak hartu eta Azkoitiraino abiatu ziren, bertakoekin Azpeitira bueltatu eta indarra egiteko asmoz. Azkoitian gauzak erre eta biolentzia erabiltzeko mehatxua egin zuten, eta gauean lortu zuten azkoitiarrek Azpeitira laguntzea. Garaiko iturrien arabera, 2.000 bat matxinatu ziren, eta aurrean jauntxo bat eta hiru apaiz jarri zituzten, aizkora eta banderekin[29].

Gau hartan bertan alondegia hustu zuten, okindegi eta tabernetara sartu eta gau osoa pasa zuten jaten eta edaten. Apaizak jendea lasaitzen saiatu ziren, baina matxinatuak jauntxoen etxeetara sartu eta leiho eta balkoiak apurtu zituzten. Elizaren hamarrena jasotzen zuen Antonio Gorostiza alkandora hutsean aterarazi zuten kalera, su hartu ez zuen tiro bat bota, eta herritik barrena paseatu zuten. Sartu ziren denda eta etxe guztietan aurkitutako anega neurriak suntsitu zituzten, lehen aipatutako bi neurrien aurkako protesta gisa. Gau osoan zehar jo zuten kanpaiek[29]. Eliz-gizon batzuek matxinadan parte hartu zuten, adibidez Frantzisko Oronozek bi baseliza zaintzen zituen Azkoitian, eta matxinadaren ondorioz kondenatua izan zen[30].

Apirilak 15: Kapitulazioak

aldatu

Goizean jendea Azpeitiko plazan bildu zen eta aldarrikapenak egiten hasi ziren. Herriko ordezkariak bertan biltzera behartu eta, Azkoitian bezala, 26 erreal gari anegako eta 16 arto anegako prezioak ezartzera derrigortu zituzten. Elizaren hamarrena ere erregulatzeko eskatu zieten, eta zeuden bi neurriak suntsitu eta berri bakarra egiteko proposatu. Neurri hauei Azpeitiko kapitulazioak izena eman zaie, eta aurrerantzean beste herri askotan erabili ziren eskariak egiteko. Dokumenturik ez da gordetzen, hala ere, eta Mutrikun egun batzuk geroago onartutako kapitulazioa irakurri behar da ideia bat egiteko[29].

«
Mutrikuko kapitulazioa
  1. Lehenengo eta behin eta hemendik aurrera kalitate oneko gari anega 26 errealetan sal dadila, ogia horren arabera, eta artoa txanpon bereko 15 errealetan, betirako.
  2. Bere lurrean errenta ordaindu ahal izateko nahiko gari anega ez dituen maizterrak, bakarrik ordaindu behar izatea 22 erreal falta den anegako bere Nagusiari. Era berean, eta onura publikoaren alde, orain arte erabilitako neurri guztiak desagertzea adostu zuten, eta berriak egitea, guztiak neurri zaharraren tamainakoak, eta ikusten bada norbaitek neurri zaharra erabiltzen duela 20 dukateko isuna jartzea eta duen gariaren erdia galtzea.
  3. Herriak kudeatzea hasikinak, enkantera atera gabe, eta kudeatzeko izendatzen den pertsonari ehuneko hamarra ordaintzea.
  4. Herriko gaztain-aleak herritar eta bertan bizi diren guztien artean banatzea, haien ardura izanik jasotzea, eta bi pertsona izendatzea Erregimentuak gaztainak jasotzeko, haien lana ordainduz.
  5. Hortik aurrera ez ordaintzea hamarrenik gaztaina komunalagatik ez partikularragatik, baina bai hasikinak.
  6. Gariaren hamarrenetik ken dadila ordaintzerako garaian ereindako zatirako behar dena, eta ez ordaintzea hamarrenik txerriak izateagatik.
  7. Ahuntzak libreki larratu ahal izatea lur komunal zein partikular guztietan.
  8. Portu honetara itsasontziren bat iristen bada alearekin, laguntza ematea eta baimena nahi beste egun bertan geratzeko.
  9. Inongo apaiz edo apaizgairik ezin izatea bi kapilautza baino gehiago, eta dituztenek lagapena egitea ez dutenei.
  10. Medikuaren errentarentzat Herri honetan eskatzen den imurtxikada kentzea, eta horren ordez Udalak ordaintzea haren soldata. Hau da, ezin zaiela pertsonei dirua eskatu medikuan.
  11. Mendaroko bailaran ez balego inor txakolin pitxarra 20 kuartotan saldu nahi duenik, bertako herritarrek aukera izatea nahi dituzten kanpoko ardoen tabernak jartzeko.
  12. Bideak konpontzeko egiten diren auzolanetan herritar eta bizilagun guztiak deitzea, baina ez bigarren aldiz guztiek egin arte, eta langile eta itzainei dagokiena ordaintzea.
  13. Biatikoak gurutzatu behar dituen erreka nagusi guztietan zubiak eraikitzea, eta bi udalerriren mugan baldin badaude, bien artean egitea.
  14. Zahi anega ez saltzea 32 kuartotan ez bada; arrautza bakoitza bi marabeditan; esne pitxarra maiatzetik uztailera 6 kuartotan, eta hortik aurrera 8 kuartotan.
  15. Probestuari ez ordaintzea baserrietara egiten dituen bidaiengatik bi erreal baino gehiago, eta bakarra kartzela-gastuengatik.
  16. Lan genero guztietan itzainei ordain dakiela 8 erreal euren kontura badaude, eta bost eta erdi nagusiak mantentzen baditu, eta mandatuak egiten dituztenei 8 erreal eta ardo laurden bat, usadio zaharra zen bezala.
  17. Su bakoitzari urtero hiru karga egur ematea sukalderako, eta gehiago behar dutenek horiek ordaintzea, baina ez lehenengo hiruak.
  18. Inor ez dadila sartu egurra moztera herri lurretara, 15 errealeko zigorraren azpian aldi bakoitzean, eta berdina ulertzen da orbela jasotzen dutenentzat.
  19. Herriguneko etxe bakoitzean behi bat eduki ahal izatea, beti ere ordainduz sor dezakeen kaltea.
  20. Oiloa 3 errealetan eta kapoia 4 errealetan sal dadila; hostoan egindako mina ez dadila aztertu mozketatik mozketara ez bada; eta azterketa hori egin dadila 3 errealetan kargako, eta ez gehiago.
  21. Hemen esandako guztia eska dadila lehen Batzar Orokorrean, konfirmatzeko, eta alondegietan zein burdinoletan dauden pisuak berdinak izan daitezela.
  22. Lurjabe zein maizterrek itxiturak egitea, eta bestela ez eskatzea ordainketarik azienda bertan sartzen bada.
  23. Herrira iristen diren barku espainiarrek ez ordaintzea inongo zergarik.
  24. Gaurko Herri honetara ez bada iristen eta ez bada eskatzen dutenen aurrean aurkezten Alkatea, Txurrukak ordain dezala matxinoen lotarako lekua, eta bestela zortzi, hamar edo hamabi kide geratuko direla.[31]
»


Azpeitiko kapitulazioa honen antzekoa izango zatekeen, neurri zehatz batzuk aldatuta. Kapitulazioa onartuta, arratsalde hartan bertan prozesio bat antolatu zuten Loiolako Santutegira, herriko handikiak bertaratzera derrigorturik. Te Deum bat errezatu ostean, herrira itzuli ziren eta arratsalde osoa garaipena ospatzen eman zuten[29]. Garaipena ospatzearekin batera, lorpenaren albistea azkar hedatu zen inguruko herrietara[27].

Debabarrena

aldatu

Matxinada laster mugitu zen Azpeitia eta Azkoititik Debabarrenara. Orokorrean, matxinatuak ondoko herrira joaten ziren, eta han pizten zutenean errebolta, matxinatu berriak mugitzen ziren hurrengo herrira[22].

Elgoibarrera apirilaren 16an iritsi zen matxinada[22]. Egun horretako arratsaldez, herritarrak udalean bildu ziren, eta apaiz eta agintariak San Bartolome parrokiako hilerrian. Jauntxoak euren bileratik atera ziren, protesta gelditzeko eskatuz, baina herritarrek kasurik egin ez eta agintarien etxeetara joan ziren, janari bila[32]. Gau osoan zehar kanpaiek jo zuten, eta goizean baserritar ugari hurbildu ziren zer gertatzen zen jakitera[33]. Goizean, udalera bueltatzerakoan, kapitulazio propioa erredaktatu zuten matxinoek[32]. Agintari, apaiz eta frantziskanoei sinarazi ostean, herriko plazara jaitsi ziren eta aurreko ordenantzak erretzea erabaki zuten[33].

Elgoibarren arrakasta lortu ostean, Mutrikura joatea erabaki zuten, itsasotik sartzen zen garia hartzeko asmoz. Laster izan ziren bueltan: Mutriku, Ondarroa eta Berriatuan ere altxamendua martxan zegoela esan zieten, eta 2.000 pertsona zetozela, oinez, Elgoibarrerantz. Agintariek matxinatuen liderrari eskatu zioten geldiarazteko, eta eurak joango zirela Bergara eta Gasteizera, garauaren inguruko legeak aldatzera. Matxinatu batzuek onartu zutela uste da, apirilaren 20an 300 gizon heldu baitziren, eta ez 2.000[33].

Apirilaren 20an jendetza bildu zen Eibarko udaletxeko pleno-aretoan. Hainbeste ziren, ezinezkoa zela gerturatutako guztien izenak idaztea. Bertan Azpeitian hartutako neurriak irakurri ziren, probintziak idatzitako gutun baten bidez. Eibarrek ere neurri berberak hartzea proposatu zen, eta bai justiziak bai Elizak bat egin zuten neurri horiek hartzearekin, matxinada ekiditeko[34]. Azpeitiko kapitulazioa inongo aldaketarik gabe hartu zen Eibarren[22]. Eibarrek alea erosten zuen prezioan baino merkeago saltzen zien herrikideei, eta horrekin dirua galtzen hasi zen. Udalak armak zituela ohartarazi zuen, edozein matxinadari aurre egiteko[35]. Hilaren 27an, Eibarrek eta inguruko herriek garaurik ez zutela ohartarazita, alkateak Diputazioari eskatu zion portuetan edo Donostian zegoena bidaltzeko[22].

Apirilaren 21ean Elgoibarren hainbat herritar bildu eta Bergarara oinez joatea erabaki zuten, matxinada han pizteko. Martxa horretan Altzola eta Mendaroko baserritarrei eskatu zitzaien agertzea, edo bestela isuna izango zutela[33]. Bergarara bidean, Soraluzen gelditu ziren, matxinada pizteko asmoz. Baina bertan bazekiten helduko zirela, bergararrek esanda, eta beraz bolborarekin hartu zituzten. Bergarara iritsi zirenak atxilotu zituzten[33].

Eibarren, udaletxea okupatu zutenen aurkako jazarpena hasi zen hurrengo egunetan, eta hainbatek herritik ihes egin zuten. Maiatzaren 4an berriro buelta zitezela eskatu zuen Udalak, eta prezioa berriro berrezarriko zela esan zen bertan[22]. Matxinada osorik piztu ez bazen ere, herritarrek apaizaren etxea harrikatu zuten[34]. Maiatzaren 10ean beste pleno bat egin zen, Erregearen eta Probintziaren alde. Udalak 30.000 erreal bildu behar izan zituen egindako kalteak ordaintzeko[34], Zumaran alkate indianoak berak mailegatu zuen dirua[22]. Ihes egindakoak atxilotu zituzten eta soldaduak egon ziren Eibarren zein Elgoibarren maiatzaren 23tik abenduaren 17ra arte[34].

Debagoiena

aldatu

Debagoienan matxinadak eragin txikiagoa izan zuen, baina saiatu ziren matxinoak hainbat herritara heltzen. Bergaran, adibidez, Elgoibartik etorritako 700 bat pertsona herrian sartzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Bergarak, gainera, 13 matxino atxilotu zituen eta probintziak eskertu zion. Espainiako erregeak ere mezua bidali zien Bergarako jaunei, egindako defentsagatik[36]. Bergara merkataritza gune nagusia zen, eta zentzu horretan liberalek indar handia zuten eremua[37].

Antzuolaraino ez zen matxinada iritsi, baina bai matxinadari aurre egiteko neurriak hartzeko gutuna. Gutunaren gomendioz, okinari prezio baxuagoan saldu zitzaion garia[38]. Arrasaten, matxinada iritsi ez zedin, armatara deitu zituen udalak herritarrak. Bergara defendatzeaz gain, alkateak kapitulazioak ez sinatzeko neurriak hartu zituen[39]. Hala ere, emakume talde batek apaiza iraindu eta matxinatuen alde hitz egin zuen; andre horietako bat atxilotu zuten, eta 2 urtez deserriratzeko mehatxua egin zioten, matxinadaren alde hitz egiten segitzen bazuen[23].

Matxinatuek Oñati eta Arantzazuko santutegirako bidea hartu zuten. Arantzazun, hala ere, fraideek ez zieten utzi santutegian sartzen[40].

Gipuzkoako kostaldea

aldatu

Debara apirilaren 17an iritsi ziren matxinoak, Elgoibartik[22] eta, Itziar zeharkatuz, Zestoatik[41]. Itziarren eta Deban neurriak hautsi zituzten, eta ondoren Mutrikurako bidea hartu zuten[42]. Deban, Antonio Eizagirre alkateari kanpaiak joarazi zizkioten matxinoek batzarra deitzeko, eta Zestoako kapitulazio bera sinatzera behartu zuten[43]. Kapitulazioak euskarara itzuli zituen alkateak, herritarrek uler zitzaten[41]. Deban sinatutako kapitulazioan, espresuki aipatu ziren apaizak egindako sexu-gehiegikeriak, eta horiekin jarraituz gero plazan zikiratzeko neurria onartu zuten.[28]

Mutrikura goiz berean iritsi, eta etxeetan sartu ziren. Euren buru Elgoibarko Antonio Bentura Agirre zihoan[41]. Bertan lehen osorik aipatu dugun kapitulazioa sinatu zen.

Zestoa eta Arroatik iritsi zen matxinada Getariara, apirilaren 20a baino lehen. Arroako Antonio Getariara sartu zenean, jauntxoei euren ileordeak kenarazi zizkien[25]. Juan Baptista Ezenarrori, Sardinazaleen Konpainiako kapitainari, ontzian zeraman gari guztia atera eta Getarian bertan saltzera behartu zuten. Itziarko Ignazio Lazkano Begibeltz-ek apaizak eta hiribilduko ordezkariak kapitulazioa sinatzera derrigortu zituen, eta bete ezean mendekua egongo zela esan zien. Manuel Txakartegi zumaiarrak Manuel Agote[oh 2] derrigortu zuen jantzi dotoreen ordez baserritar jantziak jartzera eta plazan dantzatzera, bestela etxea erreko ziola esanez[25], jauntxoek herri kultura erabiltzen zutenean lotsatzen zirela ikusi baitzuen[44]. Matxinatuek Sardinazaleen Konpainiako etxola suntsitu nahi izan zuten, ez baitzeuden pozik konpainia horrek sortutako lan-egoera berriarekin[25].

Apirilaren 20an Getarian kapitulazio berriak sinatu ziren, Azpeitikoak oinarri hartuta, baina kostako herri baterako beharrezkoak ziren eskari berriak sartuz. Honela, Armadak behartutako itsasoratzeei buruzko eskariak sartu zituzten, derrigorrez deitutako marinelen soldatak igotzea, barrualdeko biztanleei marinelek utzitako postu libreak hartzea debekatzea edo Caracasko Gipuzkoar Konpainiak marinelak ez zirenak ez hartzea Ameriketara joateko. Beste neurri zehatzago batzuk ere sartu zituzten, adibidez, harrapatutako baleen gaineko zergarik ez jartzea udalak, Sardinazaleen Kofradiaren etxola berriro erabilera publikokoa izatea edo itsasoz inportatutako gariaren eta gatzaren prezioa ezartzea[25].

Apirilaren 18an Zarautzera iritsi ziren Aiatik etorritako hainbat matxinatu, eskopeta eta makilekin[45]. Ignazio Esnal zen alkate eta epaileak, eta berak ikusi zuen nola Aiatik etorritako horiek kanpainak jotzea eskatu zuten, Frantzisko Madariaga Kapitanek gidaturik. Herriko plazara iritsita, mahai batera igoarazi zuten Erregearen ordezkari Frantzisko Ignazio Alzuru, eta Azpeitiko kapitulazioa irakurtzera behartu zuten. Neurri guztiak apurtu zituzten plazan, eta ordezkariak bidali zituzten zegoen garia atera eta behar zen prezioan saltzera. Ondoren, frantziskotarren komentuko apaizari mantua kendu eta sasietara bota zuten. Dena lasai zegoela pentsatu zutenean, matxinatu batzuk Narros jauregian zeudela ohartu ziren, bertako janaria eta edaria hartzen. Handik ateratzea lortu zuen, tabernan nahi adina ardo, bakailao eta ogi ematearen truke. Ondoren, Asentzio Alkortaren etxea erre nahi izan zuten, eta alkatea hara joan zenean "hemen ez dago gu baino alkate gehiagorik" esan zioten. Hiru pertsona atxilotu zituzten, baina hurrengo goizean askatu eta herritik kaleratu zituen[45].

Donostia eta inguruak

aldatu
Donostian jarritako kartela

Oh jaunak, nire arimaren anai jaunak, Esquilache deserriratuz ez dira gure min guztiak amaitzen, hemen Donostian bakarrik Esquilache batzuk baimentzen dira, eta hauek ez badira konpontzen, eurak kondenatuko dira eta gu biziko gara mortifikaturik: zer etsai handiagorik, zer Deabrurik, Hiri honetako Kapitularrak berauek baino, ogia bost laurdenetan saldu beharrean hamarretan ematen digutenak, eta hau konpontzen dutenak ile-ordeetarako hautsak eta galoiak ekarrita, edo Jazintaren tertuliara joanez. Oh Espainiaren pobrezia, noraino jaitsi dituzten zuren interesak eta ohoreak...

Anonimoa[oh 3][22]

Matxinada ez zen Donostiaraino heldu, baina agintarien kezka handituz joan zen albisteak jaso ahala. Donostian atxilotutako bat Antonio Zubillaga izan zen, behinola aguazil izandakoa[25]. Epaiketan adierazi zutenez, bera Donostia inguruan ibili zen esanez matxinoen alde zegoela eta, Donostian matxinada lehertuz gero, bera ez zela azkena izango batzen. Beste batzuetan bezala, Donostian Esquilache asko zeudela ere esan zuen. Agintariek, asaldatuta, horrelakoak esatea ere zigortuko zuten epaiketatan[25]. Apirilaren 15 eta 16 artean, baziren Donostian matxinadaren berri zutenak, eta emakume bat atxilotu zuten azokan haren alde hitz egiteagatik[25]. Matxinada pizteko saiakeran, Donostiako kaian kobratzen ziren prezioei buruz hitz egin zuen Zubillagak, beste lekuko baten arabera[25]. Matxinadarekin bat etortzeko susmopean, Zubillaga lau urte espetxeratu zuten Iruñean, eta beste hamar urtez deserriratu zuten[25].

Apirilaren 20an, Hernani eta Oiartzungo alkateen arteko mezu-trukea egon zen. Urduri zeuden, matxinada etorriko ote zen, eta armak eskuetan euren interesak defendatzeko prest zeudela adierazi zioten elkarri. Egun hartan bertan, Urnietara iritsi ziren matxinatuak, Usurbiletik. Bertan, Miguel Antonio Iriarte alkateari aginte-makila hautsi, haren eskribaua mahai batera igoarazi, eta Azpeitiko kapitulazioak irakurtzera behartu zuten. Herriko jauntxoek gaizki ikusi zuten egoera, eta hurrengo egunean bolbora kintal bat, bi mila bala eta laurehun "txispadun harri" erosi zituzten, eta defentsa bateratua egitea adostu zuten Andoain eta Hernanirekin[46].

Apirilaren 21ean Hernanira iritsi ziren matxinatuak, inguruko baserri eta basoetan ezkutuan gaua pasa eta gero. Hala ere, ez zuten lortu herrian sartzea, eta laster pairatu zuten matxinadaren errepresioa.

Tolosaldea eta Goierri

aldatu

Dokumentazio gutxi dago Tolosaldea eta Goierrin matxinadak izandako paperaren inguruan. Datu gehiago daude egindako ibilbideari buruz: Azpeititik Errezilera, hortik Bidania eta Albizturrera eta Albizturretik Ordizia eta Beasainera. Idiazabal eta Lazkaoraino iritsi zen matxinatuen ibilbidea[1]. Apirilaren 15 eta 19 bitartean hainbat gatazka izan zen herri horietan, eta baita Alkiza eta Zizurkilen ere[38]. Tolosak ez zuen parte hartu matxinadan, eta tolosarren aurkako jarrerak matxinatutako asko euren etxeetara bueltatzea eragin zuen[47].

Gipuzkoatik kanpo: Bizkaiko ekialdea eta Araba

aldatu

Debagoienetik Aramaio, Betoñu, Gasteiz eta Aguraingo bidea hartu zuten matxinatuek, baina bertan gatazka txikiak baino ez ziren izan[1][40].

Debabarrenetik, ordea, Bizkaiko ekialderako bidea hartu zuen, eta Markina, Berriatua eta Ondarroara iritsi zen[1][40][48]. Markina-Xemeinen 58.632 errealeko kalteak eragin zituen[49].

Ondorioak

aldatu

Errepresioa

aldatu

Aurreko matxinadek ez bezala, errepresio latza izan zuen 1766koak. Orokorrean, 1718ko matxinada zapuztu zuten familia berberek zuzendu zuten 1766koaren aurkako zapaltzea[50]. Errepresio indarrak Donostiatik atera ziren, garaiko oligarkiak eta jauntxoek antolatuta, eta helburu nagusia Azpeitia izan zen[27]. Errepresioaren finantziaziorako Donostiak 151.832 erreal jarri zituen, Caracasko Gipuzkoar Konpainiak 5.000 peso eta Kontratazio Etxeak beste 4.000 peso[51]. Hibernia batailoiko 300 soldadu irlandarren buru Vicente Kindelan militarra zegoen[oh 4], Fleigneseko kondearen eskariz[53]. Haiekin batera zihoazen beste 1.200 herritar, donostiarrak gehienak, baina asko Oiartzun, Errenteria, Hernani eta Urnietan errekrutatuak[27]. Bidean Narrosko markesa eta Peñafloridakoa gehitu zitzaizkien, soldadu arrunt gisa jardun zutenak[53]. Tropa guztien antolaketa Donostiako alkateak egin zuen, Manuel Antonio Arriola Corral[1], Arriola familia boteretsuko kidea eta Donostiako oligarkiako agintarietako bat denbora luzez[54][oh 5].

Apirilaren 24an iritsi ziren militarrak Azpeitira[oh 6], eta ehun pertsona atxilotu zituzten guztira: 75 Azpeitian eta 25 Azkoitian[51] Haien aurka Foruen 28. tituluko 4. legea aplikatu zen, ganboatar eta oinaztarren leinu guduen aurka egindakoa[51]. Egun hartan bertan, militarrak Azkoitian zirela, Loiolako Santutegira jo zuten, eraikuntza lanean ari zirenen aurka egitera. Mila langile baino gehiago ziren, eta lantegi osoa atxilotu nahi izan zuten. Eztabaida handia izan zen agintarien eta Jesusen Lagundiaren arduradunen artean, leku hori sakratua baitzen eta, beraz, ezin zirelako bertara inor atxilotzera sartu. Azkenean, 74 pertsona atxilotu zituzten, baina bila ari ziren matxinoetako batek ihes egitea lortu zuen, leihotik behera jauzi eginda. Gertakari horrek eragin nabarmena izan zuen ondoren Jesusen Lagundia Espainiatik kaleratzeko hartutako erabakian[27].

Maiatzaren 1ean Elgoibarrera iritsi zen armada. Bertatik bi dibisio atera zituen, bata Eibar eta Soraluzera joan zen; bestea, Mutriku eta Debara. Maiatzaren 4an Azpeitira iritsi zen Donostiako alkatea eta hurrengo egunean Azkoitian eta Azpeitian zituen 70 presoak Donostiara eramateko eskatu zuen. Egun hartan bertan heldu ziren Tolosara, hurrengo egunean Andoainera eta hilaren 8an Hernanira[1]. Hernanira sartu zirenean, Juan Bautista Urreta, Azkoitiko zapataria, istripuz hil zen, nahiz eta istripu hori zer izan zen ez dagoen argi[1]. Maiatzaren 10ean Eibarrera iritsi ziren irlandar soldaduak, baina artean kanpoan zeuden atxilotu nahi zituzten matxinatutako batzuk[22].

Herri askotan abendura arte geratu ziren armada horiek, eta haien ostatu-gastuak udalek ordaindu behar izan zituzten[34].

Epaiketak

aldatu

Arriolak berak egin zituen epaiketak, horretarako baimena eskatuta[18]. Matxinatuek ekonomia moralaren defentsa egin zuten, eta gariaren liberalizazioaren eta prezioen igoeraren aurka hitz egin zuten[18]. Erregimen Zaharreko ekonomiaren gainbeheraren ondorioz gertatutako elikagaien matxinaden epaiketetan ohikoa zen argudio hori, baina liberalismoak ez zuen moral hori onartzen[56]. Matxinatuen alde hitz egin zuten, gainera, Azpeitiko eta Azkoitiko hainbat aberatsek[18]. Euren defentsa indartzeko asmoz, gipuzkoarrak izanda aitoren seme zirela adierazi zuten matxinatuek; hala ere, ez epaileak, ez akusatzaileak, ez Arriolak berak, ez zuten ordurako sinisten kaparetasun unibertsalaren ideian, eta ez zuten onartzen goi eta behe klasekoek eskubide berberak izatea[18].

Eibarren atxilotutakoak Azpeitian epaitu zituzten. Matxinadaren arduradunen artean herriko izen nabarmen batzuk zeuden, tartean aurretik kargu publikoak izandakoak ere[22]. Gainera, 175 matxinaturi isun kolektiboa jarri zitzaien, bakoitzak 4 dukat ordaindu behar zituen, baina norbaitek dirurik ez balu, guztien artean ordaindu behar zen; matxinada kolektiboa izan zen seinale[22]. Eibarrek ere bere gain hartu behar izan zuen militarren egonaldiak eragindako gastua[1].

Sententziak gogorrak izan ziren guztientzat, nahiz eta ez zen egon heriotza zigorrik. Jauntxoek heriotza zigorrak eskatzen zituzten, eta Barreda korrejidoreak horretarako baimena eskatu zuen Valladoliden[57]. Zazpi matxino urkatu nahi zituzten, eta dena prestatu zuten horretarako[58]. Deserriratzeak Gipuzkoatik kanpora, 200 dukat arteko isunak, Afrikako iparraldean armadan zerbitzatu beharra eta kartzelatzeak ezarri zitzaizkien kondenatuei, epaileen hitzetan, «Gipuzkoa garbitzeko»[18]. Zigorretako batzuk fisikoak izan ziren; adibidez, zaldiek lurretik herrestan eramatea zigortua eta makilakadak jasotzea, edo urkabearen azpitik pasatzea, agertzen dira sententzietan[59] Bartolome Olanoren aurkako sententzian heriotza zigorra ere proposatu zuten, eta bera izan zenez lehenengoa ezkila jotzen, haren burua moztu eta kanpaian jartzea nahi zuen Barredak[60][oh 7].

Zarauztik ihes egindakoen ondasunez administrazioa jabetu zen [45], eta deserriratzen asko egon ziren han-hemenka[25].

Jesusen Lagundiaren aurkako neurriak

aldatu
 
Bergarako Errege Mintegia, Jesusen Lagundiarena izan zen eraikinetako bat, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari eman zion Espainiako erregeak.

1767an Jesusen Lagundia Espainiatik eta bere lurralde guztietatik kaleratu zuten. Sei urte geroago, Karlos III.a Espainiakoak lortu zuen Klemente XIV.a aita santuak Jesusen Lagundia osoa ezeztatzea. Pedro Rodríguez de Campomanes fiskalaren aginduz 2.641 jesulagun kaleratu zituzten Espainiatik eta 2.630 Ameriketatik. Euren 146 eraikin estatuaren esku geratu ziren[61]. Jesusen Lagundiaren aurkako neurriak hartu zituzten hamarkada horretan hainbat herrialdek: Portugalek 1759an bota zituen, Frantziak 1764an eta Napoles eta Parmak 1768an[62].

Karlos III.ak Joaquín de Eleta frantziskotarra izendatu zuen konfesore, eta haren eraginez antijesuitismoa indartu zen[17][63]. Manuel de Roda justizia ministroak ere Jesusen Lagundiaren aurkako irizpideak zituen; hark Zesarea Operazioa deitu zion jesuitak kaleratzeko planari[64]. Guztien artean Esquilacheren aurkako altxamenduan Jesusen Lagundiak izandako papera aipatu eta baita asmatu ere egin zuten. 1766ko matxinadetan Isidro Lopez jesulaguna zegoela ahomentatu zuten, eta Gasteizko euren eskola batean klandestinoki inprimatutako esku-orriak zeudela; bigarren hau faltsua zen[62][65].

Loiolako Santutegia eraikitzen ari ziren langileek matxinadan izandako jokabidea ez zitzaien gustatu agintariei. Eta matxinada zapaltzera sartu zirenean jesulagunek eremu sakratua zela aldarrikatzea ere deitoratu zuten. Gertakari hau ere erabili zen kaleratzeko arrazoien artean[66]. 1769ko abuztuaren 17an, Jesusen Lagundiarena izandako Bergarako etxea Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari eman zion Karlos III.ak, eta bertan sortu zuten Bergarako Errege Mintegia[19].

Ondorio politikoak

aldatu

Egile batzuek aipatu dute 1766ko matxinada (1632ko matxinada eta 1718ko matxinada bezala) Foruen aurkako neurriekin ere lotu behar dela. XIX. mendean Karlistaldiak ekarri zituzten mugimenduen eta sakoneko interpretazioen lehen zertzeladak izan ziren matxinada hauek[27].

Plano juridikoan, ordena zaharreko "ekonomia moralaren" amaiera suposatu zuen. Gerora, beste epaiketa batzuetan ekonomia moralari buruzko argudio horiek erabili ziren, baita irabaziak bizitzaren gainetik jartzen ziren kasuetan ere. Jauntxoek, lehen aldiz Gipuzkoan, argudio hau guztiz ukatu zuten, liberalismoaren ordena juridikoa zaharraren gainetik jarriz[18].

Udaletan bi kargu berri sortu ziren, etxe-jabe ez ziren herritarren beharrei aurre egiteko: herri-diputatu (Diputado del Comun) eta herri-sindiko (Sindico Personero del Comun) izenekoak. Hauek aukeratzeko herritar xumeek ere zuten eskumena, lehenengo aldiz nobleziatik kanpo utziz hauteskunde bat[22].

Literaturan

aldatu

Iñigo Aranbarrik bi liburu idatzi ditu gaiaren inguruan. Apirila, eleberri formatukoa, eta Txanton Garrote eskenatokitik jaitsi zen eguna, entsegu historikoa. 2018an Imanol Eliasek idatzitako antzezlana aurkeztu zen Azpeitian[67].

2020an David Zapirainek "Eburniko kattana" argitaratu zuen, garaiko gertakarietan oinarritua[68].

Memoria historikoa

aldatu

Azpeitiko kale batek 1766ko matxinada izena darama, gertakariak eta «galtzaleen borroka» gogoratzeko.[69]

Oharrak

aldatu
  1. Respondieron que vendrían contra la Villa de Azpeitia, pero no a favor de ella
  2. Manuel Agote ezagunagoa izan zen beste Manuel Agote baten aita-pontekoa izan zen. Espainiako monarkiarekin oso erlazio ona zuten. Seme-bitxiak Filipinekin negozioak egin, Ameriketatik ekarritako zilarrezko txanponekin gainezka bete zuen Txina, haien negozio tradizionalak suntsitzeko asmoz eta hainbat kartografia egin zituen. Merkatu librearen aldekoak ziren, nahiz eta belaunaldi pare bat atzerago haiek ere baserritarrak ziren.
  3. O señores hermanos de mi alma, con desterrar a Esquilache no se acavan todos los males, solo aquí en San Sebastian se permiten varios Esquilaches y si a estos no se remedian ya, se condenarán ellos y viviremos nosotros mortificados: Pues que maiores enemigos o Demonios que los mismos Capitulares de esta Ciudad que en lugar de prober en cinco cuartos el pan nos proben en diez y esto se remedia con traer muchos polvos en las pelucas y galones, y con acudir a la tertulia de Jacinta. O pobreza de Espania, adonde se an arrastrado tus intereses y onores…
  4. XVII. eta XVIII. mendeetan ohikoa izan zen Irlandako militarrek atzerriko estatu katolikoen alde aritzea, Erresuma Batua protestantearen alde egon beharrean. Espainiak izan zituen hainbat tropa bere alde, Amerikan zein Iberiar Penintsulako Gerran[52]
  5. Arriola familiak 1718ko matxinadan ere paper garrantzitsua izan zuen. Familia honek botere ekonomiko handia zuen, eta endogamia handikoak ziren. Horrela jasotzen du Otazuk[55]:
    « El diputado Arana se había casado, a su vez, con la hermana de su cuñado (Josefa de Arriola), por lo que resultaba que el parentesco de Aranas y Arriolas venía a ser doble. Pero lo curioso es que, fieles a las prácticas endogámicas que se daban en abundancia entre miembros de la oligarquía, el hijo y heredero del Diputado asesinado, Domingo de Arana y Arriola se casó con su doble prima hermana, Josefa de Arriola y Arana; e incluso, y en la misma generación de Manuel Antonio, el nieto del Diputado asesinado, su homónimo Enrique de Arana, Arriola y Arana se casó con Joaquina de Arriola, Corral y Arana (hermana del alcalde de San Sebastián) (…) En cuanto a la familia de su madre, los Corral, poco hay que decir. A través de ellos, Arriola estaba emparentado con la poderosa familia de los Idiáquez, a la cual pertenecía la mayor parte de los fundadores de la Sociedad Bascongada, empezando por Peñaflorida »


    Gainera, interes bereziak zituen horrelako matxinada baten aurka. Alde batetik, Zeanuriko hamarrena jasotzen zuen, eta hainbat maiorazko kudeatzen zituen. Peñafloridako markesaren ahaide gertukoa zen, eta oraindik gertuago Narrosko kondearena. Hori gutxi balitz, Nafarroako Eslava familiari lotuta zegoen, amaren aldetik[27].

  6. Doctor Caminoren arabera apirilaren 24an iritsi ziren militarrak Azpeitira; Gurruchagaren arabera 21ean.
  7. Mateo Garate eta Antonio Irigoieni buruz honakoa dio sententziak:
    « condenados a que sean sacados por las calles públicas de esta villa por caballeros en bestia menor de alabarda, atados de pies y manos con soga de esparto a la garganta, publicando su delito a voz de pregonero, y les sean dados doscientos azotes por el oficial verdugo en la forma ordinaria, y llevados de esta suerte a la plaza pública se les pase por debajo de una horca formada y puesta para el efecto en ella, y ejecutado lo susodicho a que sirvan a S[u] M[ajestad] por espacio de diez años en uno de los presidios cerrados de África, y cumplidos no salgan sin expresa licencia del Real y Supremo Consejo de Castilla pena de muerte; [Manuel de Irigoyen y Francisco de Oronoz] condenados a que igualmente sean sacados por las calles de esta villa a pública vergüenza por caballeros en bestia menor de alabarda, atados de pies y manos con soga de esparto a la garganta y traídos con voz de pregonero que publique su delito, y así ejecutado en otros diez años de presido cerrado de África, y que cumplidos no salgan sin precedente expresa licencia de dicho Supremo Consejo pena de muerte »

    —Archívo Histórico  Nacional, Consejos, lg. 570/8


    Bartolomé Olanoren sententzia proposamenak honakoa zekarren:

    « Que de la cárcel y prisión en que se halla en la ciudad de San Sebastián sea trasladado con segura custodia a la cárcel pública de esta villa [Azpeitia], y ejecutado así sea sacado de dicha cárcel por caballeros en bestia menor de alabarda, atado de pies y manos con soga de esparto a la garganta y traído por las calles públicas y acostumbradas de esta villa, con voz de pregonero delante quien manifiesta su delito hasta llegar a la plaza de ella donde estará hecha una horca de la cual será ahorcado hasta que naturalmente muera, y estando muerto se le corte la cabeza y entrándola en una jaula de fieras se ponga en la torre donde está la campana que fue la primera que por este reo y su compañero Domingo Zelaiaran… se tocó a rebato en esta Provincia, y de donde así se pusiese ninguna persona lo quite sin mi licencia o de quien me sucediera en este corregimiento »

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g h (Gaztelaniaz) Otazu, Alfonso. (1982-01-01). La burguesía revolucionaria vasca a fines del siglo XVIII: (dos estudios complementarios). Editorial Txertoa ISBN 9788471481054. (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
  2. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa
  3. «XVIII. mendeko suminduak» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
  4. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (2012-01-15). «Tribuna | El largo siglo XVII» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
  5. a b c (Ingelesez) Reher, David S.. (2001/12). «Producción, precios e integración de los mercados regionales de grano en la España preindustrial1» Revista de Historia Economica - Journal of Iberian and Latin American Economic History 19 (3): 539–572.  doi:10.1017/S0212610900009319. ISSN 2041-3335. (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
  6. a b (Ingelesez) Andress, David. (1999-06-12). French Society in Revolution, 1789-1799. Manchester University Press ISBN 9780719051913. (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
  7. Gonzalo., Anes Alvarez,. (1981). Economía e "ilustración" en la España del siglo XVIII. (3. ed., rev. argitaraldia) Editorial Ariel ISBN 8434408279. PMC 8369616. (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
  8. 1924-1993., Thompson, E. P. (Edward Palmer),. (1993). Customs in common. New Press ISBN 1565840747. PMC 30559109. (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
  9. (Ingelesez) Götz, Norbert. (2015-05-04). «‘Moral economy’: its conceptual history and analytical prospects» Journal of Global Ethics 11 (2): 147–162.  doi:10.1080/17449626.2015.1054556. ISSN 1744-9626. (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
  10. Ina., Baghdiantz McCabe,. (2008). Orientalism in early modern France : Eurasian trade, exoticism, and the Ancien Régime. Berg ISBN 9781847884633. PMC 423067636. (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
  11. (Gaztelaniaz) «Fisiocracia y liberalismo económico en el siglo XVIII» Andalán.es 2017-08-01 (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
  12. (Gaztelaniaz) Real Pragmatica por la qual su magestad se sirve abolir la tasa de granos, y permitir el libre comercio de ellos en estos reynos. 2010-01-29 (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
  13. (Gaztelaniaz) «José Carlos Rodríguez - Turgot» Club de Libertad Digital (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
  14. (Ingelesez) Nuevatribuna. «Los motines de 1766» Nuevatribuna (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
  15. a b c d Iñigo., Aranbarri,. (2016). Txanton Garrote : agertokitik jaitsi zen eguna. Pamiela Argitaletxea ISBN 9788476819326. PMC 950249831. (Noiz kontsultatua: 2018-09-11).
  16. (Gaztelaniaz) Olaechea, Rafael. (2013-07-04). «Resonancias del motín contra Esquilache en Córdoba (1766)» Cuadernos de Investigación. Geografía e Historia 4 (1): 75–124. ISSN 0210-3664. (Noiz kontsultatua: 2018-09-12).
  17. a b c d e Gallego, José Andrés. (2003). El motín de Esquilache, América y Europa. Fundación Mapfre Tavera ISBN 8400081331. PMC 53153889. (Noiz kontsultatua: 2018-09-12).
  18. a b c d e f g Rilova Jericó, Carlos. «La economía moral de la oligarquía. San Sebastían y su gobierno municipal de la machinada de 1766 a la revolución de 1917» Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastían (Kutxa) 36.
  19. a b c d (Gaztelaniaz) «La Machinada contra "los caballeritos" | España Fascinante» España Fascinante (Noiz kontsultatua: 2018-08-31).
  20. a b (Gaztelaniaz) Eitb. «La Matxinada De Los Cereales (1766) Y Mecurio, El Planeta Maravilloso | La Mecánica Del Caracol (2015-2016) 25/04/2016 | Radio a la carta | EITB Radios» www.eitb.tv (Noiz kontsultatua: 2018-09-21).
  21. Liberalismo y fuerismo en el País Vasco (1808-1876). Fundación Sancho El Sabio 2002 ISBN 8493190020. PMC 51612084. (Noiz kontsultatua: 2018-09-19).
  22. a b c d e f g h i j k l m n Burgoa, Gotzon Iparragirre. (2008-10-30). Debarroko Oasi Liberala. Aitzindarien bila. Eibar, 1766-1876. (Noiz kontsultatua: 2018-11-29).
  23. a b 1965-, Iñurritegui Rodríguez, José María,. (1996). Monstruo indómito : rusticidad y fiereza de costumbres, foralidad y conflicto social al final del Antiguo Régimen en Guipúzcoa. (1 ed. argitaraldia) Universidad del País Vasco ISBN 8475858260. PMC 41171803. (Noiz kontsultatua: 2018-11-29).
  24. (Ingelesez) Xabier, Alberdi Lonbide. (2012). Conflictos de intereses en la economía marítima guipuzcoana. Siglos XVI-XVIII. (Noiz kontsultatua: 2018-11-30).
  25. a b c d e f g h i j k l m Lonbide, Xabier Alberdi. (2010). «Matxinada Barrualdean?: Donostiari eta 1766ko matxinadari buruzko ikuspegi berriak» BOLETIN DE ESTUDIOS HISTORICOS SOBRE SAN SEBASTIAN (43) ISSN 0210-2889. (Noiz kontsultatua: 2018-09-21).
  26. a b «XVIII. mendeko suminduak» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-09-19).
  27. a b c d e f g Nueva Síntesis de la historia del pueblo vasco. ISBN 9788498432312. (Noiz kontsultatua: 2018-09-24).
  28. a b c d Iñigo., Aranbarri,. (2016). Txanton Garrote : agertokitik jaitsi zen eguna. Pamiela Argitaletxea ISBN 9788476819326. PMC 950249831. (Noiz kontsultatua: 2018-09-21).
  29. a b c d e f g (Gaztelaniaz) Gurruchaga, Ildefonso. (1933). «Funtsak: La Machinada del año 1766 en Azpeitia» catalogo.sanchoelsabio.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-24).
  30. (Gaztelaniaz) Sorondo, Antxon Aguirre. (2013). «Diaconisas, beatas, seroras, ermitaños, santeros y sacristanes» Boletín de estudios históricos sobre San Sebastián (46) ISSN 0210-2889. (Noiz kontsultatua: 2018-12-02).
  31. Bergara, Ayuntamiento general del 21 de Abril de 1766. .
  32. a b (Gaztelaniaz) «250 años de la rebelión contra los jauntxos» El Diario Vasco 2016-04-16 (Noiz kontsultatua: 2018-12-04T23:49:26Z).
  33. a b c d e Pello, Arrieta Soraiz,. (2014). Elgoibar, garai gatazkatsu baten kronika (1765-1825) = Elgoibar, crónica de una etapa conflictiva (1765-1825). Elgoibarko Udala ISBN 9788461729357. PMC 907032615. (Noiz kontsultatua: 2018-12-04).
  34. a b c d e (Gaztelaniaz) «1766ko matxinada» Eibar. Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  35. GAO, JD IM 1/6/24, 1766, ''Correspondencia de los pueblos con motivo de las carestia de los granos y el tumulto''
  36. «Bergara - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-24).
  37. «Matxinadak - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-29).
  38. a b Telleria, Iñigo Ramirez De Okariz. (2016-09-11). «IRINMODO (1307-2018): 1766ko MATXINADA ANTZUOLAN» IRINMODO (1307-2018) (Noiz kontsultatua: 2018-09-24).
  39. (Gaztelaniaz) «Udaletxeko fusilak - Mondraberri» mondraberri.com (Noiz kontsultatua: 2018-11-29).
  40. a b c Aginpidea, urrialdia eta zergak: gizarte gatazka. Lur Entziklopedia Tematikoa 2011-07-13 (Noiz kontsultatua: 2018-12-02).
  41. a b c «Debako euskararen historia soziala — Debako udala» www.deba.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-29).
  42. Autos de oficio sobre los atentados que cometieron en la villa de Motrico los días 17 y 18 de abril de 1766, los amotinados de las villas de Cestona, Deva, Elgoibar y Motrico. Gipuzkoako Artxibo Orokorra, 162 or..
  43. Sumario de los sublevados de la villa de Deva. Gipuzkoako Artxibo Orokorra 1766/06/15, 1-8 or..
  44. Peter, Burke,. (D.L. 2014). La cultura popular en la Europa moderna. (3ª ed. act. argitaraldia) Alianza Editorial ISBN 9788420690872. PMC 894644274. (Noiz kontsultatua: 2018-11-30).
  45. a b c «Zarautz - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-30).
  46. «HERNANI (HISTORIA) - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-30).
  47. (Gaztelaniaz) «Tolosa - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-02).
  48. (Gaztelaniaz) Porres, Ascension Pastor; Aguilar, Beatriz Salaverri. (2014-10-01). Breve Historia de Vizcaya y sus Instituciones. Ediciones Atxular Atea, S.L ISBN 9788494248092. (Noiz kontsultatua: 2018-12-02).
  49. «MARKINA-XEMEIN - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-02).
  50. (Gaztelaniaz) Vicente, Iñaki Gil de San. «2011 Resumen y propuesta de historia marxista vasca» www.abertzalekomunista.net (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
  51. a b c de., Camino Orellana, Joaquín Antonio. (2009). Historia civil, diplomática, eclesiástica, antigua y moderna de la ciudad de San Sebastián : con varias noticias particulares concernientes a la provincia de Guipúzcoa. Editorial Maxtor ISBN 8497616855. PMC 503049902. (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
  52. G., McLaughlin, Mark. (1980). The Wild Geese : the Irish brigades of France and Spain. Osprey ISBN 0850453585. PMC 10096048. (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
  53. a b (Ingelesez) «Vicente Kindelan Luttrell» studylib.es (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
  54. 1959-, Martínez Gorriarán, Carlos,. (1993). Casa, provincia, rey : para una historia de la cultura del poder en el País Vasco. Alberdania ISBN 8488669089. PMC 31967338. (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
  55. «ENDOGAMIA INTERESBIDE, ADIBIDE BAT: ARRIOLA» apirila 2015-02-07 (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
  56. 1924-1993., Thompson, E. P.. (imp. 1979). Tradición, revuelta y consciencia de clase : estudios sobre la crisis de la sociedad preindustrial. Crítica ISBN 8474230934. PMC 434563418. (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
  57. «JAUNTXOAK HERIOTZA-ZIGOR ESKE» apirila 2015-03-18 (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
  58. «DENA PREST MATXINOEI HERIOTZA EMATEKO» apirila 2015-03-19 (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
  59. «ZIGOR ZENTZAGARRI BAT» apirila 2015-05-19 (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
  60. «BARREDA KORREGIDOREAREN SENTENTZIA PROPOSAMEN BAT» apirila 2015-05-20 (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
  61. Domínguez Ortiz, Antonio. (2005). Carlos III y la España de la Ilustración. Alianza ISBN 8420659703. PMC 82811466. (Noiz kontsultatua: 2018-09-22).
  62. a b «COMPAÑÍA DE JESÚS» Auñamendi (Eusko Entziklopedia) (Noiz kontsultatua: 2018-09-22).
  63. Luengo, Manuel. Diario de 1773: el triunfo temporal del antijesuitismo. ISBN 9788497172752. PMC 870967183. (Noiz kontsultatua: 2018-09-22).
  64. Diccionario histórico de la Compañía de Jesús : biográfico-temático. Institutum Historicum 2001 ISBN 8484680363. PMC 50561782. (Noiz kontsultatua: 2018-09-22).
  65. «Erraldoi bat Loiolan» uztarria.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-22).
  66. (Gaztelaniaz) Cervantes, Biblioteca Virtual Miguel de. «Desde Guipúzcoa hacia el exilio. El viaje de los jesuitas desterrados (1767) / Inmaculada Fernández Arrillaga | Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes» www.cervantesvirtual.com (Noiz kontsultatua: 2018-09-22).
  67. «"Gariaren matxinada" oinarri hartuta, herri-antzerkia egingo dute Azpeitian larunbatean» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-10-24).
  68. «Eburniko kattana Archives» etzi.pm (Noiz kontsultatua: 2020-04-20).
  69. «'1766ko matxinada' izena jarri diote Azpeitiko kale bati» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-08-30).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu