Ireki menu nagusia

Frai Juan Zumarraga,[1] O.F.M. (Durango, 1468 - Mexiko Hiria, 1548ko ekainaren 3a) fraide bizkaitarra izan zen, frantziskotar ordenatuta.

Juan Zumarraga
Juan-de-Zumarraga.jpg
Artzapezpiku katolikoa

1546ko otsailaren 12a - 1548ko ekainaren 3a (egutegi gregorianoa)
Elizbarrutia: Mexikoko Artxidiozesia
Apezpiku diozesiarra

1530eko abuztuaren 20a - 1546ko otsailaren 12a
Elizbarrutia: Mexikoko Artxidiozesia
apezpiku katoliko

Bizitza
Jaiotza Durango, 1468 (egutegi gregorianoa)
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza Mexiko Hiria1548ko ekainaren 3a (79/80 urte)
Hobiratze lekua Mexiko Hiria
Hezkuntza
Hizkuntzak gaztelania
Jarduerak
Jarduerak apaiz katolikoa eta misiolaria
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa Erromatar Eliza Katolikoa
Erlijio-ordena Anaia Txikien Ordena

EAEn, sorgin-ehizen prozesuetan parte hartu ostean, Mexikoko lehenengo apezpiku bilakatu zen 1528an, Espainiar Inperioaren hastapenetan, Karlos V.a enperadorearen garaian. Karlos V.ak izendatu zuen Zumarraga Espainia Berriko II. Apezpiku 1528an (Julián Garcés-en ostera), baina, horretarako, Espainiara joan behar izan zuen Mexikotik zeremonia ofizialera, eta hori 1533ko apirilaren 27an izan zen, Valladolideko San Frantzisko komentuan.

1536tik 1543ra Inkisizioaren kargudun jardun zuen eta, indigenen aurkako abusuengatik hainbat salaketaren berri izan zuelarik, haien babesle aritu zen. Bestalde, Real y Pontificia Universidad de México delakoaren sortzaile nagusia izan zen, gaur egungo Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoa dena. 1533ko apirilaren 27an kontsakratua izan zen eta, hamalau urteren ostean, 1547an, artzapezpiku.

Azkenik, Gure Ama Guadalupekoaren agerpenekin lotu izan dute, Hego Euskal Herrian sorgin-ehizan jardun zuen garaian.

BiografiaAldatu

 
Durangoko (Juan Zumarragaren jaioterria) Ezkurdi Parkean bere omenean dagoen monumentua

Juan Zumarraga 1468. urtean jaio zen, Durangon, garai hartako Bizkaiko jaurerrian (gaur egungo Bizkaia), Gaztelako koroaren parte zena. Ama Muntsaratz familiako kide zuen, Abadiñoko (Bizkaia) Muntsaratz Dorretxean bizi zena.

Frantziskotar Familian sartu zen (Anaia Txikien Ordena izenarekin ere ezaguna), Valladolidetik gertu dagoen El Abrojo-ko Scala Coeli monastegian bizitzera pasaz. Garai hartan Valladolid Gaztelako hiriburua zen, Concepción-eko probintzia frantziskanoan kokaturik, non Aita Zaindari izan zen.

1527. urtean, 60 urte zituela, Karlos I.a ezagutu zuen, Aste Nagusia Juan Zumarraga zegoen konbentuan pasa zuenean. Enperadoreak, joateko momentuan, limosna handi bat eman nahi izan zion Juan Zumarragari, ezetz esan ezin zuenean, onartu eta pobreei eman ziena.[2]

Mexikoko I. ApezpikuaAldatu

Juan Zumarragak Karlos I.arekin izandako elkartzearen ondorioz, Nafarroako Bisitadore izendatuko dute, Frai Andrés de Olmos-ekin batera sorgin-ehizarekin erlazionaturiko prozesu batean parte hartzeko. Mexikoko Artxidiozesia sortzen denean Mexikoko Hirian, Hernán Cortés-ek lurraldea konkistatu eta gutxira, Karlos I.a-k Frai Zumarraga proposatzen du apezpiku modura bai eta, bere botereen barruan, Indioen Babesle, 1527ko abenduaren 12an. Hasierako erresistentzia baten ostean, frantziskanoek onartu egiten dute erabakia eta, behin kargua onarturik, Ameriketara joaten da, Frai Andrés de Olmos eta Mexikoko Entzutegiko lehen kideekin batera (Nuño de Guzmán eta hainbat entzule: Parada, Maldonado, Matienzo eta Delgadillo). Hala, 1528ko urtarrilean Espainiatik atera eta urte berdineko abenduaren 6an Mexikora iritsiko dira.[2][3]

Parada eta Maldonado entzuleen heriotzaren ondorioz, iritsi eta gutxira, Entzutegia irregulartasun-periodo batean sartzen da. Errudun Zumarraga agertuko da, Indioen Babesle modura iristen zitzaizkion gehiegikeri-kexa guztiei erantzuteko zituen mugatze guztien ondorioz. Tira-biren puntu gorena 1530. urtean iritsiko da, Nuño de Guzmánek preso batzuk elizatik kanporatzen dituenean (garaiko babes-eskubidea urratuz). Honi erantzunez, Zumarragak entzule oro eskumikatuko du, hiriko ohikunea bertan behera utziz. Gatazka hauen testuinguruan eta kexei erantzuteko ezintasunaren ondorioz, Zumarraga Karlos I.arekin kontaktuan jartzen saiatuko da. Hasieran lortu ez bazuen ere, azkenean, zituen arazoen berri eman zion enperadoreari. Hala, Karlos I.ak Mexikoko Erregeorderria sortuko du, Antonio de Mendoza erregeorde izendatuz, bai eta Ramírez de Fuenleal buru zen bigarren Entzutegi bat osatuz. Era berean, Gorteetara arazoen berri ematerako deia jasoko du eta, hala, 1532ko maiatzean Espainiarantz bueltatuko da.

1533ko apirilaren 27an, Karlos I.aren eta Aita Santua den Klemente VII.aren arteko hitzaldiaren ostean, Valladolideko San Frantzisko komentuan sagaratua izango da. 1534ko ekainean Espainia Berrirantz egingo du buelta, urte berdineko urrian iritsiz. Itzultze-bidai hau zenbait artisau-familiekin burutuko du, bere hasierako ideia hogeita hamar bat fraide frantziskotarrekin itzultzea bazen ere. Juan Zumarraga Mexikora itzuliko da, apezpiku sagaratu modura baina Indioen Babeslearen kargua galdurik.

1535ean, Inkisidore Apostoliko izendatuko dute, 1543. urterarte kargua mantenduko duelarik. Inkisidore bezala, jainkoaizunkeriaren inguruko 183 kasu eraman zituen, gehiengoak buruzagi indigenen aurka, bai eta enplastero eta hainbat espainolen aurka. Azkeneko hauek, jabetza handien jabe, konfiskatu egiten zitzaizkien jabetza hauek.

1537an, Paulo III.ak indioen bataio kolektiboak onartuko ditu, 1539. urtean Zumarragak Oaxaca-ko, Michoacán-eko zein Guatemalako Apezpikuak Prelatuen Biltzar batera deitzen ditu, Paulo III.aren erabakiaren inguruan legea egiteko.

1539. urtean, Carlos Chichimecatecuhtli Ometochtzin-en (Carlos Ometochtzin modura ezaguna) aurkako prozesu bat edukiko du. Carlos Ometochtzin, Texcoco-ko Nezahualpilli-aren (buruaren) semea, arnegaritzat akusatuko dute, bai eta jainkoaizunkeriaren sustatzaile izateaz zein giza-opariak egiteaz ere; errealitatean, indigenen Erregeorderriaren aurkako matxinadaren sustatzaile zen, soilik. Carlos Ometochtzin erruduntzat jo zen eta 1539ko azaroaren 30ean Mexiko Hiriko Enparantza Nagusian erre zen, bizirik zegoelarik. Erabaki hau Karlos I.aren zein Inkisidore Nagusiaren belarrietara heldu zen, modu argian erabakia kritikatu zutelarik. Izan ere, Inkisizioak soilik katolikoen aurka jotzen zuela ulerturik, jurisdikzio inkisitiboaren mugak non zeuden eztabaidatu zen, indigenak infidelak baino neofitoak zirela zehaztuz.[3] Erabakiaren ondoriozko amonestazioek Zumarragan eragin handia izango dute, azkenean erabakia bertan behera utzi bazuen ere, Mexiko utzi eta Txinara joatea pentsatzen aritu zelarik.

1544an, Bisitadore zein Inkisidorea zen Francisco Tello Sandoval Mexikora iritsiko da, 1542ko Lege Berriak ezartzera. Lege hauek indioak esklabo bihurtzea debekatzen zuen, bai eta, printzipioz, enkomienden betikotasuna ere (azkeneko hau legetik ezabatua izan zen ostera). Zumarragak Espainia Berriko erregeordearen eskaera onartu zuen, tenporalki aipaturiko Lege Berriak bertan behera uzteko eta beharrezkoak ziren kontsultak egiteko, Legearen ondoriozko enkomenderoen haserrearen ondorioz.

1548ko uztailaren 8an, Paulo III.a, oraindik Aita Santua, Mexikoko I. Artzapezpiku izendatuko du, bulda Mexikora iritsi zenerako Frai Juan Zumarraga jada hilik zegoelarik.[3]

Juan Zumarraga Mexiko Hirian hil zen 1548ko ekainaren 3an, gaur egun Mexiko Hiriko katedraleko kriptan hilobiraturik dagoelarik (Artzapezpikuen Kripta modura ezaguna).

Inprimategi eta eskolakAldatu

1533. urtean, Indietako Kontseiluari inprimategi eta paper-sorta bat eskatu ostean, Mexikon inprimategi bat eraikitzeko, Karlos I.ari gutun bat idatziko dio, testuak inprimatzeke zeudela esanez, paperaren prezio altuaren ondorioz ezinezkoa zelarik testu hauek inprimatzea.

1539an, Juan Zumarragak Juan Cromberger-i Sevillako inprimategiaren filial bat Mexiko Hirian sortzea eskatuko dio, Zumarragaren jabetzan. Inprimategi honen buru, halaber, Juan Pablos jarriko du. Mexikoko inprimategi honetan editaturiko lehen obra Breve y más compensiosa doctrina cristiana izango da, espainolez zein mexikaneraz idatzitakoa. Hala, Amerika osoko lehen inprimategia sortuko da.[4]

Tlatelolcoko Santa Kruz eskolaren eraikitzean modu aktiboan hartuko du parte, 1536. urtean ateak zabalduko dituena. Eskola hau. halaber, azteken formakuntzara bideraturik egongo da. Ostean, Letraneko San Juan eskola ere fundatuko du, bai eta Mexikoko lehen ospitalea, Amor de Dios izena jarri ziona. Era berean, Mexikoko lehen unibertsitatea sortzeko kudeaketekin hasi zen ere, bai eta San Frantziskoko Komentuan Amerikako lehen liburutegia ere sortuko du.

KontrobertsiakAldatu

Frai Juan Zumarraga, Wade Davis-en ikerketen arabera, azteken kodex askoren erretzearen errudun litzateke. Kodex hauek, halaber, peiotearen erabilera erritualaren ingurukoak lirateke, zeinetan peiotea eta beste landare batzuk erabilera medizinal eta sakratu modura erabiltzen diren benetako fede-ekintza batean.

Era berean, Zumarragarentzat indigenen kulturan zuen interesak Frai Andrés de Olmosi indigenen antigoaleko gauzei buruz ikertzen hastea eragin zion.

IdazlanakAldatu

1537an, bere arrebari idatzitako gutuna Euskaltzaindiak argitaratu zuen Euskera aldizkarian [5]. Eskutitza euskaraz (bizkaieraz) eta gaztelaniaz idatzita dago, eta prosazko euskal testurik zaharrenen artean dago.[6]

Erlijio-liburuak, berriz, gaztelaniaz idatzi zituen osorik:

  • 1543an, Doctrina breve muy provechosa de las cosas que pertenecen a la fe católica y a nuestra cristiandad en estilo llano para común inteligencia eta Doctrina breve para la enseñanza de los indios idatzi zituen;
  • Hiru urte geroago (1546), Doctrina cristiana cierta y verdadera;
  • Eta, 1547an, Regla cristiana.

Ama Guadalupekoaren agerpenakAldatu

Tradizio katolikoaren arabera, Ama Guadalupekoaren agerpenen lekuko nagusia Juan Zumarraga dugu.

Kontaerak dioenez, 1531ko abenduaren 9 eta 12aren artean, Tepeyac-eko muinoan, Ama Guadalupekoa agertu omen zitzaion, behin baino gehiagotan, Juan Diego Cuauhtlatoatzin-i. Lehen agerpenean, Ama Guadalupekoak Juan Diegori agindu zion Juan Zumarragaren bila joatea, bere nahia zen muino horretan zehatz jainkotegi bat eraikitzeko esanez. Kontaerak jarraitzen duenean, Juan Diego behin baino gehiagotan joan zen Zumarragaren bila, honek sinesten ez ziolarik. Azkenean, jainkotegiaren eraikitzea mirari baten agerpenarekin baldintzatu zuen Zumarragak; hala, Juan Diegok Gaztelako arrosa bat muinotik ekartzeko agindua jaso zuen. Juan Diego, orduan, muinorantz joan zen, ulertu gabe nolatan lortuko zuen halako arrosa bat muino hareatsu batean eta, gainera, abenduan. Birjinaren azkeneko agerpenean, 1531ko abenduaren 12an, miraria eman zen: Tepeyacen arrosak agertu ziren. Hala, Juan Diegok arrosak moztu eta bere ayate-an apezpikuaren etxera eraman zituen. Zumarragaren aurrean zegoela, ayatea ireki eta, loreak erortzeaz gain, ayatearen larruan Birjinaren irudia agertu zen estanpaturik.

Halere, Zumarragaren idatziek ez dute gertaera honi erreferentziarik egiten. Hala, bere gutun, nota zein oroitidazkietan ez da halakorik agertzen; zeinetan ez den, ez Birjinari, ez Juan Diegori buruz hitz egiten, ez Tepeyacen tenplu bat eraikitzearen inguruan ere. Gainera, hala idatzi zuen Zumarragak bere Regla Cristianan: «Ya no quiere el Redentor del mundo que se hagan milagros, porque no son menester, pues está nuestra santa fe tan fundada por tantos millares de milagros como tenemos en el Testamento Viejo y Nuevo»[7] Tepeyacen, halaber, Tonantzin-en santuario autoktonoan, Ama Guadalupe Birjinari eskeinitako ermita bat eraikiko da, XVI. mendearen lehen erdialdean.

Istorio hau benetakotzat hartzen dutenek, bestalde, oinarri modura Nican Mopohuan idatzirik agertzen diren kontakizunak hartzen dituzte. Liburu hau, halaber, testu indigena bat omen da, ustez, agerpenak eta gero idatzitakoa.

ErreferentziakAldatu

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. a b (Gaztelaniaz) Iraburu, José María. () Hechos de los apóstoles de América Fundación Gratis Date ISBN 8487903002 PMC 434788809 . Noiz kontsultatua: 2019-11-16.
  3. a b c (Gaztelaniaz) «Biografia de Juan de Zumárraga» www.biografiasyvidas.com . Noiz kontsultatua: 2019-11-16.
  4. Zulaica Gárate, Román. (1991) Los franciscanos y la imprenta en México en el siglo XVI (1. ed. facsimilar. argitaraldia) Instituto de Investagaciones Bibliográficas, Universidad Nacional Autónoma de México ISBN 9683619959 PMC 29525382 . Noiz kontsultatua: 2019-11-16.
  5. Antonio Tovar, Enrique Otte, Koldo Mitxelena: «Nuevo y más extenso texto arcaico vasco: De una carta del primer obispo de México, Fray Juan de Zumarraga», Euskera, XXVI. zenbakia, 1981.
  6. (Gaztelaniaz) «Académico vasco estudia semejanzas entre el georgiano y el eusquera» El País 1981-08-07 ISSN 1134-6582 . Noiz kontsultatua: 2019-11-16.
  7. de Zumárraga, Fray Juan (1994). Regla Cristiana Breve. Ediciones Eunate.

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo loturakAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Juan Zumarraga