Euskal Herriko garraioa

Euskal Herriko garraio sarea» orritik birbideratua)

Euskal Herriko garraio sarea Euskal Herrian zehar pertsonak nahiz materiala garraiatzeko azpiegitura sarea da. Tradizionalki, errepide eta trenbide sareak eta aireportu eta itsasportuek osatzen dute garraio sarea.

Euskal herriko garraio sarearen garapena eta egoera ulertzeko, hainbat faktore hartu behar dira kontuan:

  • Bizkaiko golkoaren kostaldean egonik, lurraldearen barneko errepide sarea lehenik, eta trenbide sarea geroago, portu-trafikoari begira garatu dira.
  • Euskal Herria Iberiar penintsula eta gainontzeko kontinentearen arteko pasabide nagusietako bat da.
  • Orografiaren aldetik, ingurune menditsuek zeharo baldintzatu dute (Pirinioek ekialdean eta Euskal Herriko arkuak kostaldean).
  • Administrazio ezberdinetan banatua egonik, azpiegituraren garapena interes eta helburu ezberdinekin burutu da, askotan lurralde guztien arteko harremanak bultzatzetik urrun eta koordinazio handirik gabe.

Historia aldatu

Erromanizazio garaian hasi zen garatzen benetako garraio sare bat euskal lurraldeetan. Pirinioen ekialdeko muturrean eta Bizkaiako golkoan egonik ipar-hego eta mendebalde-ekialde norabidean gauzatzen zen komunikazioa. Bestalde, bertako lehengaiak ere erromatar inperioko beste tokietara eraman eta lurraldea kontrolatzeko garraio sare egonkor bat garatu nahi zen. Hori zela eta, erromatarrek galtzada sare bat eraiki zuten, eta arrantza portuak merkataritzarantz bideratu (Irunen eta Bermeon, adibidez).

Behe erdi aroan Donejakue bidea zen komunikazio bide nagusia, eta euskal lurretatik pasatzen zen. Gainera, gaztelako eta bertako produktuak kostaldera edo Parisera bideratu beharra zegoen. Merkataritza bideratzeko hiribilduen sorrera gertatu zen garai haietan. Bestalde, Pasaiako eta Baionako portuek garrantzia hartu zuten.

Industria iraultza izan zen garraio azpiegiturak irauli zituen hurrengo gertakari historikoa. Bilboko portuak berebiziko garrantzia hartzeaz gain, burdinbide sarea hedatu baitzen. Burdinari loturik, hala ere, errepide sarea ere hobetu zen, batez ere Bizkaia eta Gipuzkoan.

XX. eta XXI. mendeetan autoen agerpenak errepide sarearen garapen handia ekarri du, autobia eta autobide ugari eraiki direlarik. Aire-garraioa hedatu denez, aireportuak ere ikus ditzakegu euskal lurraldeetan.

Errepideak aldatu

 
Euskal Herriko errepide nagusiak.

Euskal Herriko errepide sarea ongi horniturik dagoen arren, ez ditu behar guztiak behar bezala asetzen. Pirinioetako mendiek eta bi estaturen arteko muga izateak guztiz oztopatu dituzte Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak. Gipuzkoaren eta Lapurdiren arteko iraganbidea da, Bidasoa ibaiaren gainean, errepide bidezko pasabide bizkorrena eta erabiliena, guztiz funtsezkoa Frantziako eta Espainiako estatuen arteko harremanetarako. Nafarroa Garaiaren eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren arteko bideak, ordea, guztiz bestelakoak dira; orografia eta klima oztopo handiak gainditu behar dituzte eta ez dira erosoak.

Errepide nagusiak aldatu

Errepide nagusiak honakoak dira:

  • Kostaldean, Bilbo-Behobia-Baiona bideak lotzen ditu kostaldeko hiri nagusiak. AP-8 autobidea Santurtzitik Behobiaraino doa eta bertan A-63 autobiarekin lotura egiten du, zeina Behobiatik Pessac-era doan.
  • Hegoaldean Ebroko pasabidetik datorren AP-68 autobideak Bilbo eta Tutera lotzen ditu, Miranda Ebro eta Logroñotik pasatuz. Autobide honek Zaragozaraino jarraitzen du, "Vasco-Aragonesa" izena hartuz.
  • AP-1 autobideak Gasteiz aipaturiko bi autobideekin lotzen du. Autobide hau Burgosetik dator eta Mirandan egiten du lotura AP-68arekin, gero Gasteiz igaro eta Eibarrera heltzen da, AP-8arekin lotura eginez.
  • Gasteiztik, gainera, A-1 autobia abiatzen da, Tolosan barna Donostiara heltzen dena edo A-10aren bidez AP-15rekin lotura egiten duena.
  • Tutera-Iruñea-Irurtzun-Donostia autobideak lotzen ditu Goi Nafarroako eta Gipuzkoako hiriburuak. Leitzarango autobia edo AP-15 autobidea ere deitzen da.
  • Azkenik, A-64ak Baiona eta Paue lotzen ditu eta Toulouseraino jarraitzen du. Lapurdiko hiriburutik Zuberoara hurbiltzeko erabili ohi da.

Eskumenak aldatu

Hegoaldeko probintziek eskumen handia dute errepide sareari buruzko gorabehera guztietan, bai sarea antolatzeko, bai kontserbatzeko eta zabaltzeko ere. EAE eta Nafarroako errepideak ez dira estatuko errepide sarean sartzen, eta komunitate autonomoek dute hauek aurreikusi, proiektatu, eraiki, mantendu eta ustiatzeko ardura[1][2]. Bilbo-Behobia autobidea eta EAE-tik igarotzen den AP-68 autobide zatia ustiatzeko baimena, ordea, Espainiako estatuak ematen du. Nafarroan, bestalde, Foru Gobernuak eta Espainiako Gobernuak, bien artean banatuta daukate Nafarroako Autobidearen administrazioa.

Ipar Euskal Herrian, berriz, errepide sarearen gaineko konpetentzia gehienak Frantziako estatuaren esku daude.

Kudeaketa aldatu

Autobideak kontzesio edo emakien pean zenbait enpresa pribaturen eskutan daude.

  • AP-8 autobidea Interbiak foru sozietateak kudeatzen du Bizkaian, eta Bidegik Gipuzkoan.
  • A-63 eta A-64 autobideeren Lapurdiko eta inguruetako eremuak ASF enpresaren esku daude.
  • AP-68 autobidea Avasaren ardurapean dago, Abertis taldearen menpean.
  • AP-1 autobidea Bidegik ustiatzen du Gipuzkoan, eta Araban berriz Bidelanek (Bidegi foru sozietatearentzat lan egiten duen enpresa).
  • AP-15 autobidea Autopistas de Navarra, S.A enpresak kudeatzen du.

Trenbideak aldatu

 
Euskal Herriko burdinbide nagusiak. Berdez bide nagusiak, urdinez bigarren mailakoak, gorriz euskal Y deritzona[3]. Gaur egun erabiltzen ez direnak ere ageri dira (marroiz eta lerro etenez).

Madril-Hendaia/Hendaia-Paris burdinbidea da ardatz nagusia, eta horri loturik ageri dira besteak: Bilbo-Miranda-Castejon, Altsasu-Iruñea-Tutera eta Baiona-Donibane Garazi. Bide estuko burdinbide bat ere bada Baiona eta Bilbo artean. Galduriko burdinbideak ere badira, Anglo-Vasco-Navarro trenbidea (Gasteiz eta Lizarra lotzen zituen), Bidasoako trena eta Urolako trena, adibidez.

Linea nagusiak aldatu

Lurraldeen arteko lotura bideratzen duten trenbideak:

Tokiko lineak aldatu

Tokiko izaera duten trenbideak:

Habiadura handiko lineak aldatu

Oraindik martxan ez badira ere, planifikatuak eta zenbait tartetan eraikiak dira abiadura handiko honako bi bide hauek.

  • Euskal Y-a: EAEko hiriburuak lotuko lituzkeen abiadura handiko linea da. 2006an hasi ziren eraikuntza lanak, eta 2010ean bukatzea espero zen[4]. Epea hainbat aldiz atzeratu ondoren, gaur egun (2019) 2023an bukatuko dela esaten da[5][6]. Hendaiarekiko loturari dagokionez, gaur egun ez dago akordiorik frantziar estatuarekin[7].
     
    Euskal herriko burdinbide sarea XX. mende hasieran.
  • Nafarroako korridorea: Iruñetik Zaragozara joateko linea azkar bat egiteko planak dira. Eraikuntza lan batzuk 2009an hasi baziren ere, bidearen zati gehiena finkatu gabe dago eta baimen eta lege arazoek geldiarazita izan dute[8][9]. Euskal Y-arekin lotura burutzeko planak ere badira, batere zehaztugabeak, ordea[10].

Gaur egun erabiltzen ez direnak aldatu

  • Puyoô-Maule trenbidea: Baiona eta Maule lotzen zituen. Donapaleura zihoan adar bat zuen.
  • Anglo-Vasco-Navarro trenbidea: Bergara, Gasteiz eta Lizarra lotzen zituen. 1889tik 1967ko abenduaren 31 arte jardun zuen.
  • Plazaolako trena: Leitzaran bailaran zehar Donostia eta Iruñea lotzen zituen. 1904tik 1958 arte erabili zen.
  • Bidasoko trena: Irun eta Elizondo lotzen zituen. 1916an martxan hasi eta 1956ko abenduaren 31ean itxi zen.
  • Urolako trena: Urola haranean zehar Zumaiatik Zumarragaraino zihoan, 1926an inauguratu zuten. 1986an zerbitzua eten, eta 1988an itxi zuten.
  • Iruñea-Zangotza trenbidea: Irati ere deitzen zitzaion, eta bi udalerri horiek eta Agoitz lotzen zituen. 1911ko apirilean hasi zuen zerbitzua, eta 1955eko abenduaren 31ean ibili zen azken trena.
  • Arrosa-Baigorri linea: Baionatik Donibane garazirako trenbidearen adarra zen.
  • Castro Urdiales-Traslaviña burdinbidea, Santander eta Bilbo lotzen zituen burdinbidearen adarra zen.
  • Debako trena: Eibar eta Zumarraga lotzen zituen.
  • Durango-Elorrio Burdinbidea: Bizkaiko Durango, Elorrio eta Arrazola lotzen zituen.
 
Tren ttipia San Inazio lepotik Larrunera bidean.

Bestelakoak aldatu

Egiazko burdinbideak izan arren, erabilera biziki zehatza eta mugatua dutelako edo beste ezaugarri bereziak dituztelako zerrenda bereizi batean eman dira honako hauek:

Aireportuak aldatu

 
Miarritzeko aireportua.

Bost aireportu dira Euskal Herrian. Miarritzekoa Lapurdin, Hondarribiakoa Gipuzkoan, Loiukoa Bizkaian, Forondakoa Araban eta Noaingoa Goi Nafarroan. Aireportu kopurua nahiko handia da, biztanle kopuruari erreparatuz gero[11][12]. Horregatik, agian, erabilera bi aireportutan kontzentratzen da: Miarritzekoak eta batez ere Bilbokoak dute bidaiari kopuru handiena, besteekin alderatuz.

Merkatal produktuen mugimenduari dagokionez, aipatzekoa da Forondakoan gertatu den bidaiari kopuru apaltze nabarmena (krisia tarteko, Noain eta Hondarribiakoek ere sufritu dute jeitsiera erabileraren aldetik)[11].

Miarritze-Angelu-Baiona aireportua aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Biarritz Pays Basque aireportua»

"Biarritz-Pays Basque Aireportua" du izen ofiziala 2015etik, eta aitzina Parmeko aireportua ere deitu izan zaio. Miarritze eta Angeluren artean kokatua da, eta batez ere Lapurdi, Gipuzkoa eta Landetako biztanleek erabiltzen dute (Gipuzkoan aireportua baden arren, Lapurdikoak nazioarteko hegaldi eskaintza zabalagoa du). Bilbokoaren ondoren gehien erabiltzen den aireportua da.

 
Hondarribiko aireportua Txingudiko badian.

Aireportuaren kudeaketa Syndicat mixte pour l'aménagement et l'exploitation de l'aérodrome de Biarritz-Bayonne-Anglet taldeari dagokio 2007tik. Talde hau Baiona-Euskal Herriko Merkataritza Ganbarak, Euskal Hirigune Elkargoak, Pirineo Atlantikoetako departamentuak, Landetako departamentuak eta Donibane Lohitzuneko udaletxeak osatzen dute[13]. 2018 urtean milioi bat bidaiari ukan zituen[14]. 2.250 m-ko pista bakarra du.

Donostia-Hondarribia aireportua aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Donostia-Hondarribia aireportua»

Ofizialki "Donostiako Aireportua" Hondarribian kokatua dago, Txingudiko Badiaren hertzean, Donostiatik 22 Km-ra. Dagoen tokiagatik lurreratze pista mugatua du, herrigunetik hurbil eta ur hertzean baita, eta hegazkinek frantziar estatuaren menpeko aire-espazioa gurutzatu behar dute lur hartu edo aireratzeko[13]. Hori dela eta hainbat istilu sortu dira, bai frantziar estatuarekin, bai Hondarribiako bizilagunekin ere.

Aenak kudeatzen du. Aireportu txikia izanik eta zabaltzeko zailtasunak dituenez, bidaiari kopurua apala da. 2018. urtean 289.000 bat bidaiari ukan zituen[15]. 1754 m-ko pista du.

 
Bilboko Aireportuaren lurreratze pista eta terminala (eskuinean).

Bilbo-Loiu aireportua aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Bilbo-Loiu aireportua»

Ofizialki "Bilboko Aireportua" dena Loiu, Sondika eta Derioko lurretan kokatua dago, Bilbotik 12 Km-ra. Euskal Herriko aireportu erabiliena da, alde handiz[13], eta kantauriar kostaldeko handienetako bat. Bertako terminala, la paloma deitua, famatua da Santiago Calatravaren diseinuarengatik.

Aena enpresa publikoak kudeatzen du. 2018. urtean 5,5 milioi bidaiari ukan zituen[16][15]. Bi pista ditu, bata 1.910 m-koa, eta bestea 2.600 m-koa.

Gasteiz-Foronda aireportua aldatu

 
Forondako Aireportuaren irudia.
Sakontzeko, irakurri: «Gasteiz-Foronda aireportua»

Ofizialki "Gasteizko Aireportua" Foronda eta Andetxa herrien artean kokatua dago, Gasteizetik 8 Km-ra.

Aena enpresa publikoak kudeatzen du. 2018. urtean 141.000 bat bidaiari ukan zituen[15]. 3.500 m-ko pista du.

Iruñea-Noain aireportua aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Iruñea-Noain aireportua»
 
Noaingo Aireportuaren irudia.

Ofizialki "Iruñeko Aireportua", Noain eta Ezkirotz udalerrietako lurretan kokatua dago, Iruñetik 6 Km-ra.

Aena enpresa publikoak kudeatzen du. 2018. urtean 205.000 bat bidaiari ukan zituen[15]. 2.207 m-ko pista bakarra du.

Itsas-portuak aldatu

Portu anitz dira euskal herrian, baina hiru dira merkataritza portu nagusiak: Bilbokoa, Pasaiakoa eta Baionakoa.

Pasaiako badia aldatu

Badia natural handia da, historian zehar garrantzia eman diona. Bertan dira Pasai San Pedro, Pasai Donibane, Pasai Antxo eta Trintxerpeko kaiak. Frantziako mendebaldeko kosta eta iberiar penintsulako iparraldearen arteko lotunea egin du, tradizionalki. Horregatik, eta Gipuzkoan industriak eta arrantzak duten garrantziagatik, portu arrakastatsua da gaur egun ere. Siderurgia materiala da bertatik igarotzen den merkantzia nagusia, kopuruari dagokionez[17].

Gaur egun Pasaiako Portuko Agintaritzak kudeatzen du. Aitzinako arrantza jarduerak asko apaldu diren arren, merkataritza portu bezala indartsu dirau. Baiona eta Bilbokoekin alderatuz, portua zabaldu ezina du desabantaila nagusia[18]. Trafiko emariari begiratuta, Euskal Herriko 3. portua da.

Aturriko bokalea aldatu

XII. mendean aturri Baionan itsasoratzen zen, baina zenbait fenomeno natural tarteko, ibairen norabidea aldatu eta zenbait kilometro iparralderago heltzen zen itsasora. XVI. mendean buruturiko lanek ibaia jatorrizko ibilbidera itzuli eta Baiona berriz hasi ahal izan zen portuaren abantailak gozatzen.

Gaur egun Baiona-Euskal Herriko Merkataritza Ganbarak kudeatzen du. Batez ere merkantziari bideratutako portua da, petroleotik eratorritako produktuak eta siderurgia materiala dira bertatik pasatzen diren merkataritza produktu nagusiak[19]. Euskal Herriko 2. portua da, eta Frantziar Estatuko 9.a.

Bilboko itsasadarra aldatu

Bilboko Zorrotzaurre auzotik, Zierbenako udalerrira doan tartea hartzen du. Itsasadarrean zehar eta bokalean hamaikatxo kai daude banaturik. Industrializazio garaian izan zuen loraldia.

Bilboko Portuaren Agintaritza arduratzen da portuaren kudeaketaz. Euskal Herriko portu garrantzitsuena da trafikoari begiratuz gero, eta Espainiar estatuko bost handienetako bat[20].

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) «Ley Foral 5/2007, de 23 de marzo, de Carreteras de Navarra» BOE 99 - BON 42 (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  2. (Gaztelaniaz) «Ley 2/1989, de 30 de mayo, reguladora del Plan General de Carreteras del País Vasco» BOPV 109 - BOE 60 (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  3. (Ingelesez) Open railway map. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  4. (Gaztelaniaz) Bermejo, Roberto. Análisis de rentabilidad del proyecto de la ‘Y’ vasca y bases para una estrategia ferroviaria alternativa. (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  5. (Gaztelaniaz) Hernandez, Jesus. (2019-02-08). «Urkullu: «Si el TAV no está terminado en 2023, no será nuestra responsabilidad»» el correo (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  6. «Eusko Jaurlaritzak eta Estatuko Administrazio Orokorrak Euskal Y-aren eraikuntzarako hitzarmena aldatu eta enkomenda eguneratuko dute» euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  7. Petxarroman, Iñaki. (2014-11-06). «Parisek dudak ditu Akize-Hendaia AHT zatia egiteko, 2032tik aurrera ere» berria (Noiz kontsultatua: 2019-11-04).
  8. «Nafarroako AHTren "irregulartasunak" azaleratu ditu Madrilgo Justizia Auzitegiak», Argia, 2013-08-01.
  9. «Comptos califica el convenio sobre el TAV con el Estado de «incompleto y desfasado»» Naiz.eus 2016-11-22 (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
  10. Martin VICIOSO: «AHTk Nafarroan 70 kilometroko tarte bakartua izango du», Argia, 2013-05-13.
  11. a b «Aireportuak» gaindegia (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  12. «euskal herriko aireportuak» Zuzeu.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-06).
  13. a b c (Gaztelaniaz) Martínez Artola, Alberto. «Aeropuertos en Euskal Herria» Auñamendi Entziklopedia.
  14. (Frantsesez) «Statistiques du trafic» Aéroport Biarritz-Pays Basque (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  15. a b c d (Gaztelaniaz) «TRÁFICO DE PASAJEROS, OPERACIONES Y CARGA EN LOS AEROPUERTOS ESPAÑOLES» (pdf) Aena.es (Noiz kontsultatua: 2019-09-11).
  16. (Gaztelaniaz) «Estadisticas de tráfico aéreo» Aena.es (Noiz kontsultatua: 2019-11-09).
  17. «Trafikoa: siderurgia» Pasaiaport.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-04).
  18. (Gaztelaniaz) Rodríguez, Natividad. «El País Vasco y sus Puertos» Euskonews (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
  19. (Frantsesez) Port de Bayonne. Trafic 2018. (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).[Betiko hautsitako esteka]
  20. (Gaztelaniaz) Los puertos más importantes de España. (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).

Kanpo estekak aldatu