Zeramika (grezieratik κεραμικός keramikos, erretako substantzia) buztinez edo portzelanaz ontziak sortzeko artea da, baita sortutako elementuen izena ere. Silikatoz eginiko hainbat produktu industrialez gainera, beroaren bidez sorturiko estalkiei ere deitzen zaie.

Antzina eginiko zeramikazko ontziak

Zeramika egiteko prozesuan, lehenik buztina edo beste ekaiak txikitu edo ehotzen dira eta urarekin nahasten dira orea egiteko; orea estutu eta moldatu egiten da nahi den tankera emateko, gero lehortzen uzten da eta labean egosten da oso tenperatura handian. Zeramika-gaia apaindu ahal izateko, lehenengo kanpoaldetik berniza eman behar zaio. Zeramika gaiek ezaugarri hauek dituzte: erregaitzak dira, ez dute beroa eta elektrizitatea eroateko gaitasun handirik eta erresistentzia handikoak izaten dira, hauskorrak badira ere. Silizea (SiO2) da zeramikaren oinarrizko gaia. Gaur egun, silikatoez gainera, beste ekai asko erabiltzen dira.

Historia aldatu

Zeramika antzina-antzinako artea da, historiaurreko gizakiek dagoeneko erabiltzen zutena. Aztarna zaharrenak (K.a. 6000. urtekoak) Irango Hotu eta Belt haitzuloetan eta Jerikon aurkitu dira. Garai hartan eltzeak eskuz egiten zituzten, labe irekietan egosi, eta eguzkitan lehortzen zituzten. Zeramikaren garapenak buztina moldatzeko tornua eta buztina egosteko labe itxia ekarri zituen. Gai beiratuak ere erabiltzen hasi ziren, gero zeramika apaindu ahal izateko. Tornua egiptoarrek sortu zuten K.a. 3000. urte inguruan, eta handik Mesopotamiara, Kretara, Greziara eta gero Europa osora hedatu zen. Garai hartan Greziako zeramika margotuak goi-maila jo zuen Txinakoarekin batera; txinatarrek beiratzearen teknika hobetu eta portzelana asmatu zuten. Arabiarrek txinatarren aurkikuntzak zabaldu zituzten Mendebaldean Espainiatik barrena eta zeramika polikromatua landu zuten. K.o. XIII eta XIV. mendeetan Andaluzian azulejoak landu ziren gehienbat, eta Valentzian (Manises), toska. Errenazimentuaren garaian, Italian hormak mosaikoz apaintzeko zeramikak ospe handia izan zuen; aipagarriak dira Faenza, Forli, Siena, Gubbio eta Pesaroko lantegiak. XVII. mendean hasi ziren Europara iristen Txinako portzelanak, Europan bertan teknika berriak eragin zituztenak. Garai hartan sortu ziren Frantzian Mennecy, Chantilly eta Vincennesko eskolak, Sèvresko portzelana egiten zutenak. Alemanian portzelana gogorra asmatu zuten, eta XVIII. mendean berehala zabaldu zen Europa osoan. XX. mendean, artista ezagun batzuek, Picasso, Gaudí, Miró eta Llorens Artigasek besteak beste, zeramikazko artelanak egin izanak berrikuntza handia ekarri dio zeramikari.

Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu