Filipinetako Konpainia

Filipinetako Errege Konpainia (gaztelaniaz: Real Compañía de Filipinas) Ilustrazio garaian sortutako merkataritza konpainia izan zen, 1785eko martxoaren 10ean Karlos III.aren Errege Zedula baten bidez eratua. Francisco Cabarrúsek sortua, Caracasko Gipuzkoar Konpainia ordezkatu zuen, eta kide asko euskaldunak zituen.

Filipinetako Errege Konpainia
Filipinetako Batzarra, Francisco Goya, 1815
MotaMerkataritza-elkarte publikoa
Sorrera1785
Desagerpena1834
EgoitzaMadril
Kronologia
Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia

Espainiar Inperioaren itsas indarraren amaierarekin eta Latinoamerikako herrialdeen independentziarekin batera, Konpainiaren gainbehera etorri zen. Hala ere, Fernando VII.a erregearen interesei lotuta jarraitu zuen bere jarduera hura bizi artean. Liberalek Maria Kristina erreginordea agintera altxa zutenean (1833), luze gabe dekretuz eman zioten amaiera eredu merkantilistako Filipinetako Konpainiari, 1834ko irailean.

Aurrekariak aldatu

XVIII. mendearen bigarren erdialdean, indarra hartzen joan ziren Ameriketako komertzioaren monopolioaren kontrako jarrerak. 1765eko otsaileko dekretuak ireki egin zizkion Antilla Handietako eta Margarita eta Trinidad uharteetako portuak Cádiz, Sevilla, Alacant, Cartagena, Málaga, Bartzelona, Santander, A Coruña eta Gijóndik zihoan trafikoari, Ameriketako portuotako (palmeo bidezko) zergak kenduz eta, trukean, salgai aleen gaineko % 6-7ko zerga bateratua ezarriz. Koroa, eredu horren irabaziez ohartuta, neurri hori Amerika guztira zabaltzen joan zen (1774 eta 1776ko aginduak).[1]

Filipinetako Konpainiaren aurrekari zuzena Caracasko Gipuzkoar Konpainia izan zen. 1778ko urriko liberalizazio ediktuak erabat ahuldu zuen haren Venezuelarekiko itsas merkataritza. Era berean, Frantziarekiko etsaigoak egoera oso gaiztoan utzi zuen Caracasko Gipuzkoar Konpainia, Lourdes Díaz-Trechuelo Konpainiari buruzko adituaren iritziz.[1] Nolanahi ere, gerrak galgarriak ziren beti merkataritza konpainia hauentzat.

Filipina Uharteen Iberiar Penintsularekiko merkataritza, bestalde, zulo ekonomikoa zen; izan ere, metropoliak kolonia harekiko merkataritza Acapulcoren bitartez egiten zen, orduko Espainia Berrian, Manilako Galeoia delako itsas ibilbidea baliatuz. Ondorioz, koloniaren eta metropoliaren artean zuzeneko merkataritza formula bat probatzea aztertzen hasi ziren. 1773an egin zen horrelako konpainia bat sortzeko lehen ahalegina, baina orduan ez zuen aurrera egin.

Sorrera aldatu

 
Frantzisko Cabarrús baionesa, Konpainiaren lehendabiziko zuzendaria

Frantzisko Cabarrúsek Amerika eta Asiako merkataritza lotzeko proposamena egin zuen, Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren salbabide gisa. Aukera hori Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren Batzorde Nagusiaren hirugarren bilkuran aztertu zen 1784ko uztailaren 6an, José Gálvez Indietako Ministro Unibertsala bilkura buru arituz. Hortik, Filipinetako Konpainia sortu zen, 1785eko martxoaren 20an Karlos III.a Borboi erregeak sinatutako zedula bidez. Bertan, ezartzen zenez, 25 urtez irauteko sortu zen.[2] Konpainiak Caracaskoaren Donostiako eta Pasaiako ontziolak eta instalazioak hartu zituen bere gain, konpainia berriaren garrantzitsuenetakoak.[2]

Zuzendaritza-batzordea eta akziodun asko berdinak zituen, hala nola, Gipuzkoako probintzia, Donostiako kontsulatua (merkatarien batzordea), Donostiako Udala, Oñatiko Unibertsitatea, baita inbertitzaile pribatuak ere: Zuaznabar, Lopeola, Arbaiza, Goikoa, etab. Tartean ziren, hala ere, Espainiako koroa eta Madrilgo bost gremio ere. Filipinetako Konpainiak Caracasko Konpainiaren Soraluzeko arma-fabrika eta Bizkaiko ontziolak ere bereganatu zituen. Konpainiak 2.822 kide erabiltzen zituen eskifaietan. Hasierako kapitalak 8 milioi pesoko balioa zuen.[3]

Funtzionamendua aldatu

Bere helburua Filipinak eta metropoliaren arteko merkataritza bultzatzea zen, mendebaldetik Esperantza Oneko lurmuturretik, eta ez Acapulco-Mexikotik; horretarako, ibilbide horren monopolioa eman zitzaion. Filipinetako Konpainiak bazituen pizgarri batzuk, adibidez, Manilan zein Cádizen ez zuen zergarik ordaindu beharko, baina aldi berean, bere irabazien % 4 Filipinen sustapen ekonomikoan inbertitu behar zuen. Gainera, Espainiako estatuak haren diru-kutxan eskua sar zezakeen bere beharrizanen arabera, Konpainiaren maileguen bitartez, eta premia horiek areagotu egin ziren Espainiako koroa gerra gehiagotan murgildu ahala.[4]

1787an Filipinetatik heldutako lehen bidalketan, Konpainiak 17.115.347 erreal marabedi atera zituen garbian, egundoko zenbatekoa garai hartan. Espainiako beste ezein konpainiak baino irabazi gehiago zituen, 1785-1790eko urteetarako bere kideek harro eta ozen aldarrikatzen zutenez. Aldi horretan, Konpainiak % 27ko irabazi garbia eskaini zien bere inbertsiogileei. Konpainia, ordea, ez zen merkataritzan Filipinekin bakarrik aritzen. Hasierako oparoaldian, Filipinetako Konpainiaren 42 espedizioetatik, 12 bakarrik izan ziren Filipinetara. Amerikarekin harreman komertzial handiak zituzten.[4]

Konpainiaren itsasontzietako asko Pasaian eraikitzen ziren, haren fabrika nagusia izateraino, Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren azpiegitura oinarri hartuta. Haietako askok santuen izenak izaten zituzten gaztelaniaz, hona hemen batzuk: Nuestra Señora de la Concepción, Rey Carlos ere deitua, presa batean hiru hilabete eta erdian eraikia; Santo Domingo (1797); Nuestra Señora de los Dolores; Nuestra Señora de las Nieves; Santa Isabel (1792).[5]

Bilakaera aldatu

 
Filipinetako Konpainiaren akzio baten irudikapena.

Errendimendu ekonomikoa eta operatiboa aldatu

Manilan agenteak jarri zituzten eta, horien buru, euskaldun bat aritu zen: Juan Frantzisko Urroz. Inbertsioak egin zituzten abeltzaintza sustatzeko, tresnak banatuz, dirua ere aurreratuz, eta ehundegiak ere sortu zituzten. Filipinetako ekonomia kolonialean eragina handia izan zuen. Espainiako Errege Elkarte Ekonomikoarekin batera, soroen ekoizpen industriala landu zuten: tindua, azukrea, arroza, kotoia eta piperra. Aldiz, Manilako merkatariak biziki kontra zituen, batez ere (Acapulcoko) Galeoiarekin merkataritzan aritzea nahiago baitzuten.[6]

Bestalde, merkatua ez zuten behar eraginkortasunez kudeatu, eta ohiko prezioa baino gehiago ere ordaindu zuten batzuetan, adibidez, Asiako merkatuetan piperra peculeko 13,5 peso ordaintzera heldu ziren (pecul bat = 117 librako pisua), Sumatran 3 edo 4 pesoren truke erosteko modua zutenean.[6] Gehiegizko konfiantza ere izan zuten, eta etorkizuneko estimazioak ez ziren bete. Lehenengo bi hamarkadetan, inbertsiogileak espainiar edo euskal herritar izan behar ziren Espainiako koroaren aginduz: kapital falta nabarmena zen, eta horrek Konpainiaren kontra jokatu zuen, esperientzia faltarekin batera.

1803rako, Karlos IV.ak Konpainiaren baimenaldia berritu zuen eta, era horretan, abantaila berriak ere eskuratu zituen: Espainiako erresumaz kanpoko inbertsiogileak onartzeko baimena eman zuen, baldin eta haien errege-erreginak Espainiako koroarekin gerran ez bazeuden; gainera, Konpainiak Asiako beste toki batzuetan fabrikak irekitzeko baimena zuen, baita Ameriketako zenbait porturekin (Buenos Aires, Lima, etab.) salerosketan aritzekoa ere, mugatuta bada ere.[6]

Asiako negozioen eta merkatuen ezagutza asko hobetu zuten, eta geografia eremu horretako merkatuak ireki zizkion Espainiako koroari. Une honetan, ehunak ugari inportatu ziren Indiatik batez ere eta, hartara, Espainiak gutxitu egin zuen Alemania eta Frantziako lurraldeekiko arlo horretan zuen menpekotasuna.

Konbentzioaren Gerra aldatu

Nolanahi ere, nazioarteko egoera aldakorra eta etengabeko gerrak kaltegarriak izan zitzaizkion Konpainiari. 1793an, Konbentzioaren Gerra piztu zen Frantziarekin. 1794ko abuztuaren hasieran, frantses armada Hondarribi, Pasaia eta Donostiara heldu zen, eta Konpainiaren Donostiako Sailari eragin zion: bertan behera utzi zuen bere jarduera. 1794ko martxoan jada, La Guairatik zetorren barku bat Cadizen porturatu eta berriz abiatu zen, Euskal Herrira gabe.

Juan Ignacio Lopeola Donostiako Saileko zuzendariak planak egin zituen hainbat arma eta nabigazioko tresnak eta paperak Pasaiatik Donostia, Lekeitio eta Elgoibarrera lekualdatzeko. Esteban Cabarrús laguntzailea bakarrik geratu zen Pasaian. Abuztuaren 6an, Donostia frantsesen kontrolpean geratu ondoren, errege agindu batek Konpainiari lotutako Soraluzeko su armen fabrika eta Tolosako arma zorrotzena husteko ezarri zuen eta, bertako langileekin batera, La Cavadara lekualdatzeko (Santander).[5]

Penintsulako Gerratik Fernando VII.era aldatu

 
Jose Luis Munarritz, konpainiako zuzendariaren erretratua (Goyak egina, 1815)

1803an Konpainiaren baimenaldia berritu eta gutxira, itsas armada aliatu espainiar eta frantsesek porrot historikoa izan zuten Trafalgarko guduan Britainia Handiaren kontra (1805eko urria). Espainiako itsas armada handiarenak egin zuen. 1809an, Juan Manuel Gandasegiren zuzendaritzapean, Konpainia Britainia Handiko ikurraren pean funtzionatu zuen Ameriketako portuekin, baina gutxi iraun zuen, Ameriketako independentzia erreboltak luze gabe piztu baitziren (Buenos Aires, 1810).

Iberiar Penintsulako gerraren ostean, Espainiako koroaren finantzak lur jota zeuden, eta zorpean, gainera, Konpainiarekin. Fernando VII.aren Diruzaintzak, orduan, maileguak itzuli ez eta, Ameriketako independentzia gerrak direla medio, Konpainiaren diru-funtsetan eskua sartu zuen berriz. Konpainiak ezin zien aurre egin bere hartzekodunei.[7]

Amaiera aldatu

1815ean berriz ireki ziren Filipinak nazioarteko merkatuarentzat eta, aldi berean, Galeoiaren ibilbidea itxi egin zen. Horrek azken bultzada bat eman zion Filipinetako Konpainiari, baina ez luzerako.[8] 1820ko Hirurteko Liberalaz, Espainiako Gorteek bertan behera utzi zituzten Filipinetako Konpainia gaizkituaren pribilegioak eta monopolioa 1821ean, baita 1785eko sorrerako eta 1803ko berrespeneko errege zeduletan espresuki zehazten zirenak ere, baina akziodunei jasaten zituzten galerak ordaintzeko ere adostu zuten. Dena den, egoera kaotikoa zen Espainian, eta lege agindu horiek ez ziren bete.[5]

Legez, Fernando VII.aren eta haren erregimen absolutistaren itzulerak luzatu egin zuen kolokan zen konpainiaren iraupena. 1833an Fernando erregea hil berritan eta Maria Kristina Borboikoaren erregeordetzan, Indietako Kontseilua 1834ko martxoan desegin zen, eta konpainiaren aferak Errege Kontseiluaren eskumenean geratu ziren. Azken horrek, berriz, ofizialki desegin zuen konpainia urte bereko irailaren 6an, dekretuz.[7][5] Desegiteko, likidazio batzorde bat eratu zen, akziodunek, Espainiako Errege Ogasunak eta Erregeak eratua. Konpainiaren historialari M. Lourdes Díaz-Trechuelo Spinolak XVIII. mendeko ideia ekonomikoen gainbeherarekin eta liberalismo ekonomikoaren igoerarekin uztartu du Konpainiaren azken patua.[9]

Erreferentziak aldatu

  1. a b Díaz-Trechuelo, Lourdes. (2003). «La Real Compañía de Filipinas en Guipúzcoa» Itsas Memoria (Donostia) 4: 370-371. (Noiz kontsultatua: 2018-11-17).
  2. a b Díaz-Trechuelo, Lourdes. (2003). «La Real Compañía de Filipinas en Guipúzcoa» Itsas Memoria (Donostia) 4: 374-378. (Noiz kontsultatua: 2018-11-17).
  3. De Borja, Marciano R.. (2005). Basques in the Philippines. Reno: University of Nevada Press ISBN 0-87417-590-9.. 71-73. or.
  4. a b De Borja, Marciano R. (2005), 72. or.
  5. a b c d Díaz-Trechuelo, Lourdes. (2003). «La Real Compañía de Filipinas en Guipúzcoa» Itsas Memoria (Donostia) 4: 374-378. (Noiz kontsultatua: 2018-11-17).
  6. a b c (Ingelesez) Borja, Marciano R. De. (2012-06-12). Basques in the Philippines. University of Nevada Press ISBN 978-0-87417-891-3. (Noiz kontsultatua: 2020-10-24).
  7. a b Auñamendi Eusko Entziklopedia. Real Compañía de Filipinas. .
  8. De Borja, Marciano R. (2005), 74. or.
  9. «REAL COMPAÑÍA DE FILIPINAS - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-24).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu