Fermin Muguruza
Fermin Muguruza [1]Ugarte (Irun, Gipuzkoa, 1963ko apirilaren 20a) euskal musikagilea, abeslaria eta ekoizlea da.[2]
Fermin Muguruza | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Irun, 1963ko apirilaren 20a (61 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Familia | |
Haurrideak | |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | abeslaria, musikagilea, gitarra-jotzailea, kantugilea, film-zuzendaria eta zinema gidoilaria |
Parte-hartzailea
| |
Jasotako sariak | ikusi
|
Influentziak | Miguel Angel Gallardo, Wim Wenders eta Spike Lee |
Kidetza | Kortatu Negu Gorriak Fermin Muguruza Dub Manifest Fermin Muguruza eta Dut |
Genero artistikoa | punk rapa reggaea dub music (en) rock ska musika elektronikoa |
Musika instrumentua | gitarra ahotsa |
muguruzafm.eus | |
|
Iñigo Muguruza anaiarekin eta Mattin Sorzabalbererekin (gerora Treku Armendariz sartuko zen) 1982an Kortatu[3] punk-ska musika taldea sortu zuen. 1989an taldea desegin zen, baina Fermin eta Iñigo, Kaki Arkarazorekin elkartu ziren berriro 1990ean, Negu Gorriak[4] osatzeko. 1997an Dut[5] taldearekin aritu zen. Hala ere hainbat disko atera ditu bakarlari gisa.[6]
Musikatik kanpo, zinema arloan nabarmentzen ari da azken urteotan, dokumentalgile moduan.
Bizialdia
aldatuHastapenak
aldatu1983. urtean sortu zuen Fermin Muguruzak bere lehen musika taldea, 20 urte besterik ez zuela: Kortatu. Iñigo Muguruza anaia txikia eta Javier Armendariz Treku izan zituen bidaide lau urte iraun zuen abentura hartan. Talde mitiko harekin punk, rock eta ska giroak jorratu zituen, nerabezaroaren sukarraz dibertsioa eta aldarrikapena uztartuz.[7]
Kortatu desegin eta gero, 1989. urtean, Negu Gorriak sortu zuen, berriz ere Iñigorekin, baita Kaki Arkarazo (M-ak) gitarrista eta soinu hartzailearekin ere. Geroago, Mikel Kazalis (Anestesia) eta Mikel Abrego (BAP!!) batu zitzaizkion hirukoari. Sekulako astindua ekarri zion taldeak euskal rockari, eta eragin handia izango zuen geroago sorturiko hainbat talderen artean. Negu Gorriak aitzindaria izan zen mestizajearen bidetik musika era ezberdinak nahasten eta teknologia berriak erabiltzen.
Taldea maila gorenean zela, 1996. urtean, Negu Gorriak desegiteko erabakia hartu zuen bostekoak, eta bakarkako bideari ekin zion Muguruzak. Lehen saioa Dut hiruko taldearen alboan egin zuen. Negu Gorriaken hainbat kontzertutan aritutakoa zen Dut, eta bi disko zituen kalean, Esan Ozenki diskoetxearen eskutik. Isiltasunean eta sekretupean landuriko proposamen hori Muguruzak gustukoak dituen efektu kolpe horietako bat izan zen. Musikalki, Negu Gorriaken gogortasunaren jarraipen gisa har daitekeen arren, ñabardurak eta berezitasunak zituen elkarlan berriak. Nagusiki rock indartsu eta hardcore giroetan murgildu zen Muguruza, Joseba Ponce (baxua), Galder Izagirre (bateria) eta Xabi Strubell (gitarra) musikariekin batera. 1997. urtean, Xabi Pery (Itoiz) soinu teknikariaren estudioan Ireki ateak (Esan Ozenki) grabatu zuten, eta nazioarteko kontzertu bira abiatu zuten diskoa aurkezteko: Kuban, Argentinan, Uruguain, Kolonbian, Venezuelan, Espainian (Madrilgo Festimad jaialdian, besteak beste) eta, noski, Euskal Herrian aritu ziren, baita New Yorkeko CBGB areto mitikoan ere. Gaitzerdi antzerki taldeak landutako eszenografia ikusgarria erabili zuten Euskal Herriko emanaldietan.
Fermin Muguruza eta Duten arteko elkarlanak iraungitze data zeukan, eta kontzertuekin amaitu eta gero, bakarkako bideari ekin zion Muguruzak. Ordutik aurrera, bide horretan bidelagun asko izan dituen arren, horien artean baten bat nabarmentzekotan, Jamaikako sustraiko musika nabarmendu behar da. Izan ere, reggaea eta haren aldaerak (ragga, roots, dub, rock-steady, dance-hall...) jorratu ditu Muguruzak azken hamarkadako lan guztietan. Reggaea presente egon da Muguruzaren ibilbidean Kortaturen lehen garaietatik ("Sarri, Sarri" kantua, Toots & The Maytalsen moldaketa bat da), eta Negu Gorriaken "B.S.O." kantuan aldarrikatzen zuenez, bere sustraiak "rock, rap, reggae" ziren.
Bakarkako lana
aldatuBrigadistak Sound System diskoak (Esan Ozenki, 1999) ederki islatzen du Muguruzaren filosofia. Nazioarteko hainbat lekutan grabatu zuen (Los Angeles, Erroma, Montreal, Habana, Paris, Bartzelona...), hainbat urtetako biretan harreman estua izandako tokian tokiko musikariekin: Todos Tus Muertos, Hechos contra el Decoro, Angelo Moore (Fishbone), Amparanoia, Manu Chao... Hizkuntza eta kulturen bat-egitea ekarri zuen lan horrek, eta geroztik kaleratu dituen disko guztiek brigadistaren espiritua eraman dute modu batera edo bestera barneraturik.
Hurrengo lanak, FM 99.00 Dub Manifest izenekoak (Esan Ozenki, 2000), sendotu egin zuen Muguruzaren bide berria, eta horren karira nazioarteko bira handietara itzuli zen irundarra. Mundu zabaleko musikariz osatutako taldea eratu zuen, Dub Manifest izenekoa, non haize atalak hartzen zuen garrantzia eta teklatu jotzailearen presentzia nabarmendu zitezkeen. Diskoari izena ematen dion kantu ezagunean islatu zuen Muguruzak taldearen izaera eta norabidea: "Emangailu FM-a, uhinetan barrena duintasuna musikatuz irratia, hitzen Internazionala, Sound System Mundiala, zeharkatzen isiltasun itsasoak...".
In-komunikazioa diskoan (Metak-Kontrakalea, 2002) trikitiaren sonoritatea erantsi zion Muguruzak bere musikari. Diskoa Euskal Herrian grabatu zen, lagun zahar bat soinu teknikari zuelarik, Kaki Arkarazo, eta musikarien artean Joseba Tapia eta Gorka Benitez zeuden. Zuzenekoetarako, Kontrabanda taldea osatu zuen, Begoña Bang Matu, Sorkun Rubio (Kashbad), Eva Reina, Jon Elizalde, Aritz Lonbide, Igor Ruiz, Zigor Lampre DZ (Selektah Kolektiboa), Xabi Solano (Etzakit), Andres Belmonte, Alfonso Arias eta Mikel Abrego musikariekin. Horietatik, Sorkun eta Abrego bakarrik aritu ziren Dub Manifesten, eta Muguruzaren ondorengo proiektu guztietan ere parte hartu dute.
Nazioarteko bira luzea prestatu zuen diskoa aurkezteko (Uruguai, Txile, AEB...), eta zenbait jaialdi ospetsutan parte hartu zuen; Japoniako Fuji Rocken eta Roskilden (Danimarka), esate baterako. Euskal Herrian, besteak beste, Bizi Gara makrojaialdian eta Artozki herrian (Nafarroa) jo zuen, Itoizko urtegiak azpian hartu aurretik. Kontrabandarekin eginiko birako azken emanaldia Bilboko Aste Nagusian egin zuen Muguruzak, eta haren ostean kontzertu birak eskaintzeari utziko ziola adierazi zuen. Alta, ez zuen hitza bete, eta urte batzuk geroago itzuli zen taula gainera.
Brigadistak Sound System diskoak bezala, nahasketa berriz eginiko diskoa ekarri zuen In-komunikazioak ere. Oraingoan, Bristol hiriko (Ingalaterra) musikariek hartu zituzten Muguruzaren kantuak, haien gaineko ikuspegi berria eskaintzeko Irun meets Bristol Komunikazioa diskoan (2003). Lanaren lehen tirada Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren sortutako Egunero egunkariarekin batera saldu zen, eta bildutako dirua euskarazko kazeta berriaren proiektua (Berria[8]) laguntzeko erabili zen.
Tartean, lagun zaharrei kasu egiteko denbora ere atera zuen Muguruzak. Kortaturen garaietatik landuriko laguntasun harremanak zirela medio, Manu Chao musikariarekin batera Jai-Alai Katumbi Express egitasmoa sortu zuen. Radio Bemba Sound System taldea lagun zutela, areto txikietan kontzertu bira egin zuten Chaok eta Muguruzak. Kortatu, Negu Gorriak, Mano Negra eta bi musikarien bakarkako kantuak modu bero eta sutsuan nahasten zituzten taula gaineko emanaldi luzeetan. Jai-Alai Katumbi Expressen biran hasi ziren Espainiako zenbait komunikabide eta talde ultraeskuindarren presioa nabaritzen Muguruza eta Chao. Izan ere, Malagan (Espainia) eman behar zuten kontzertua bertan behera geratu zen. Geroago, Kontrabandaren biran, zentsura pairatu zuen berriz ere Muguruzak, beste zenbait euskal talderen aurka (Berri Txarrak, Soziedad Alkoholika, Su Ta Gar) antolatutako kanpaina mediatikoaren barruan. Baina Bartzelonako bi emanaldiak bertan behera uzteko saioak porrot egin ostean, hiri horretako Apolo aretoan emandako kontzertuak aukeratu zituen Muguruzak zuzeneko diskoa grabatzeko, Komunikazioa Tour (Metak-Kontrakalea, 2004).
Kontrabanda geldirik zegoela, gertuko zenbait musikari lagun harturik (Sorkun, Xabi Solano, DZ eta Mikel Abrego), Basque Fire Department talde akustikoa osatu zuen. Gaztetxe, leku txiki eta erdi tamainako aretoak izan dira suhiltzaile horien jomuga, nahiz eta Argentina eta Italiara ere eraman duten proposamena. Era berean, disko jartzaile saioak eskaini izan ditu Muguruzak, DJ Laia izenpean.
Euskal Herria Jamaika Clash diskoan (Talka, 2006) gorena ukitu zuen Muguruzak. Jamaikako sustraiak inoiz baino argiagoak diren lan hori, hain zuzen, Jamaikan bertan sortu zen. Jon Elizaldek, Xabier Solanok eta Xabi Peryk lagundu zuten Karibeko uharte mitikora, eta han grabatu ziren disko berriaren kantuak. Horretarako, gonbidatu asko bildu zituen Tuff Gong International estudioetan, Euskal Herriaren eta Jamaikaren arteko musika senidetze horretan. Diskoan parte hartu zuten, besteak beste, U-Royk, I Threes hirukoak, Lucianok eta Fermin Muguruzaren bidean garrantzi handia izan duen Toots Hibbert-ek. Kantu zerrendaren barruan, "La línea del frente" kantuaren reggae moldaketa zekarren disko horrek, Kortatuk kantua idatzi eta 20 urte geroago. Metak diskoetxea desagertu ostean, Talka Records zigilua sortu zuen Muguruzak bere lanak argitaratzeko.
Hasieran diskoaren zuzeneko aurkezpenik ez zela egongo adierazi bazuen ere, 18/98 sumarioan auzipetuen aldeko kontzertuaren karira hamabost laguneko talde bat osatu zuen Muguruzak, Kuba, Jamaika eta Euskal Herriko musikariekin. Emanaldi gogoangarri hura 2006ko azaroaren 11n ospatu zen, Barakaldo[9] BEC aretoan. Kontzertu horretarako bakarrik osatu zen taldea, baina hilabete batzuk geroago munduko bira bati ekin zion Afro-Basque Fire Brigadek. Bi ordu eta erdiko kantu zerrenda prestatu zuen Muguruzak, Kortatu, Negu Gorriak eta bakarkako bideari errepaso zabala egiteko.
Fermin Muguruzaren azken diskoa 2008an atera zen argitara: Asthmatic Lion Sound Systema (Talka). Mundu osoko hainbat hiritan -Tokio, New York, Berlin, Kuala Lumpur...- eta hainbat musikarirekin -Dave Hillyard, Manu Chao, Maria de Medeiros, Palestinako DAM taldea,[10] Dana Leong...- teknologia berritzailea erabiliz grabaturiko kantuak jaso zituen Muguruzak. Bere azken lana ordea, Checkpoint Rock. Canciones desde Palestina (2009) film dokumentala zuzentzea izan da. Javier Corcuera zuzendari perutarraren laguntzaz, road-movie bat filmatu zuen Muguruzak, Palestinako kantariak eta musikariak ezagutzera emateko. Filma Donostiako Giza Eskubideen Zinema Jaialdian estreinatu zen 2009ko apirilean, eta egun berean filmean parte hartu zuten musikari palestinar batzuekin kontzertua eman zuen Muguruzak Donostian.
Euskaldunberria
aldatuKomunikazio tresna gisa euskara aukeratu zuen Muguruzak bakarkako bideari ekitean. Kortaturen hasieran, gaztelania izan zuen hizkuntza. Alta, euskara ikasteko konpromisoa argia zen, eta maila bat lortu bezain pronto, euskara eta Euskal Herria mundu zabalera zabaltzea izan du xede.[11] Euskararekin izan duen konpromisoa beste hainbat alorretara ere zabaldu du bere ibilbide profesionalean. Ildo horretan, ugariak izan dira Muguruzaren ibilbidean arrazoi jakin baten alde eskainitako emanaldiak edo babestutako ekimenak: euskal preso, Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeetako auzipetu, Iparraldeko ikastola eta 18/98 makro-sumarioko auzipetuekiko elkartasuna musikatu izan du Ferminek. Kantuak egin ditu Milaka Bilaka herri ekimenaren alde ("Milaka bilaka"), Korrikarako ("Big Beñat"), 2004ko Itsasondoko Gazte Topagunerako ("Bideak") eta AHT Gelditu! Elkarlana taldearentzat ("Gelditu AHT"). Halaber, hamaika kantariren diskoetan kolaboratu du: Anje Duhalde ("Bakezaleak" kantuan), Oskorri ("Euskaldun berriaren balada"), M-ak, Tijuana in Blue, Albert Pla, Amparanoia, Reincidentes, KOP, Peret, Fundamental, Radici Nel Cemento, Desorden Publico... batzuk aipatzearren. Halaber, kantuak eta hitzak idatzi ditu Anestesia, Sorkun eta Afrika Bibang abeslarientzat, besteak beste. Horietako asko 1984-1998 Amodio eta gorrotozko kantak disko liburuan (Esan Ozenki,[12] 1998) eta Fermin Muguruza 99-04 CD-DVD bilduman (Metak-Kontrakalea, 2004).
Zinema eta antzerkia
aldatuAzken urteotan, zinema eta antzerkira zabaldu du Muguruzak musika sorkuntzarako esparrua. Hain zuzen, Ane Muñozen Basurdea eta Beamon jauzia film laburretako eta Mirant al cel (Jesus Garay) film luzeko musika ondu du, baita Xomorroak antzezlanerako ere.
Musika sortzeaz gain, eragile izan da beste zenbait arlotan ere. 1990eko hamarkadaren hasieran, Esan Ozenki diskoetxea sortu zuen beste zenbait lagunekin batera, diskogintzaren hedapen autogestionatua eta "egin zuk zeuk" filosofia lantzeko. Esan Ozenkitik, zenbait talderen diskoak ekoitzi zituen Muguruzak; Wemean, Garage H eta Todos Tus Muertos taldeenak, esaterako. Esan Ozenkiko arduraduna izan zen Muguruza, diskoetxeak 2001ean agur esan zuen arte.
Komunikabideetan ere aritua da. Egin irratian Igo bolumena musika saioa gidatu zuen zenbait urtez, eta iritzi artikuluak idatzi ditu Argia aldizkarian eta Egin egunkarian. Zutabe horietatik zabaldu izan ditu gogoeta eta egitasmo berriak.
Diskografia
aldatuKortatu
aldatu- Kortatu/Cicatriz/Jotakie/Kontuz Hi! (1985)
- Kortatu (1985)
- A Frontline Compilation
- El estado de las cosas (1986)
- Kolpez kolpe (1988)
- Azken Guda Dantza (1988)
Negu Gorriak
aldatu- Negu Gorriak (1990)
- Gure Jarrera (1991)
- Gora Herria (1991)
- Borreroak Baditu Milaka Aurpegi (1993)
- Hipokrisiari Stop! Bilbo 93-X-30 (1994)
- Ideia Zabaldu (1995)
- Ustelkeria (1996)
- Salam, agur (1996)
- 1990-2001 (DVD + Live CD) (2005)
Fermin Muguruza eta Dut
aldatu- Ireki Ateak (1997)
Fermin Muguruza
aldatu- Amodio eta gorrotozko kantak (1984-1998) (1998)
- Brigadistak Sound System (1999)
- erREMIXak (1999)
- FM 99.00 Dub Manifest (2000)
- Korrika. mundu bat euskarara bildu (2001)
- In-komunikazioa (2002)
- Irun Meets Bristol. Komunikazioa (2003)
- Sala Apolo, Barcelona 21/01/04 (2004)
- 99-04 (2005) DVD + CD
- Xomorroak (Bizitza lorontzian) (2005)
- Euskal Herria Jamaika Clash (2006)
- BASS-que Culture (2006) DVD + Remix CD
- Afro-Basque Fire Brigade Tour (2007) Argazki liburua + DVD
- Mirant al cel (2007)
- Asthmatic Lion Sound Systema (2008)
- Remix + beste harribitxi batzuk (2009)
- Radar FM 1999.2013 (2013, Talka)
- No More Tour (2013, Talka Records & Films) - DVD
- Irun meets new Orleans (2015, Talka Records & Films)
- Black is Beltza ASM Sessions (2016, Talka Records & films / Kasba Music)
- B-Map 1917 + 100 (2017, Talka Records & Films / El Segell)
Filmografia
aldatu- Bass-que culture (Talka, 2006).[13]
- Checkpoint Rock (Filmanova/K2000, 2009).[14]
- Next music station (Aljazeera, 2011).[15]
- Zuloak (Talka, 2012).[16]
- Nola? (Talka, 2015).[17]
- Black is Beltza (Talka, 2018).[18]
- Black is Beltza II
- Bidasoa 2018-2023
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ Abizena Muguruza idaztea, euskal herritar horren aukera pertsonala da. Izan ere, Euskaltzaindiak, euskara baturako, Mugurutza onartu du deitura horren grafiatzat. Ikus Euskal Onomastikaren Datutegia
- ↑ «RADIOCHANGO :: Música y Revolución ::» www.radiochango.com (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
- ↑ «Menú de LA FACTORIA DEL RITMO: Música Vasca (Indice General)» www.lafactoriadelritmo.com (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
- ↑ «MTV España» web.archive.org 2007-09-28 (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
- ↑ «Dut» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
- ↑ «Tumatxak. Fermin Muguruza» EITB (Noiz kontsultatua: 2022-10-21).
- ↑ Otamendi, Koldo. Badok.info. Berria - CC-BY-SA-3.0 lizentziapean (Noiz kontsultatua: 2010-03-03).
- ↑ Berria.eus. «Berria - Euskal Herriko euskarazko egunkaria» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
- ↑ «Ayuntamiento de Barakaldo - Portal Ayuntamiento Barakaldo» www.barakaldo.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
- ↑ «Musikazuzenean agenda Topo + Rock Dam» musikazuzenean.com (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
- ↑ Garitaonandia, Ane. KORRIKA KANTUZ KANTU: FERMIN MUGURUZA. (Noiz kontsultatua: 2022-03-30).
- ↑ www.esanozenki.com (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
- ↑ "Bass-que culture" dokumentala (Fermin Muguruza, 2006).
- ↑ "Checkpoint Rock" (Fermin Muguruza, 2009).
- ↑ "Next music station" diaporama.
- ↑ [ http://www.muguruzafm.eus/es/zuloak "Zuloak" (Fermin Muguruza, 2012).]
- ↑ "Nola?" dokumentala (Fermin Muguruza, 2015).
- ↑ "Black is Beltza" dokumentala (Fermin Muguruza, 2018).