Euskal literatura
Euskal literatura euskaraz egindakoa da, Euskal Herriko idazleek gaztelaniaz, frantsesez edo beste hizkuntza batez egindako produkzioa barne hartzen ez duena. Historikoki, XVI. mendeko bigarren erdira arte, literatura ahozkoa eta herrikoia izan zen, eta ezaugarri horiek haren hasieran nabarmenak dira oso.[1] Idatzizko literatura nahiko berantiarra izan zen, batez ere inguruko erromantze hizkuntzekin alderatuta. Euskara hutsean argitaratutako lehendabiziko liburua Bernart Etxepareren Linguae vasconum primitiae izan zen, 1545an kaleratua, euskal literaturaren hastapenetako idazki garrantzitsuena. Mende erdi geroago edo, Joan Perez Lazarragakoren eskuizkribua idatzi zen, (argitaratu bazen; ez da inprimaturiko alerik inoiz aurkitu); orduko euskara ikertzeko baliabide ezin baliotsuagoa zaigun arren, bere garaian eraginik gabekoa izan zela dirudi, dakigula 2004 arte ez baitzen argitaratu.
XVI. eta XVII. mendeetan, erlijio gaiak nagusitu ziren idatzizko literaturan; hala ere, amodiozko poesia, gramatika, kronika, apologia-testuak, eta abar egiteko saioak ere izan ziren. Historian zehar, euskal literaturak garatzeko oztopo handiak aurkitu zituen: euskararen aldaerek hizkuntz literario batua sortzea zaildu zuten, administrazioan ez zen inoiz hizkuntza ofiziala izan, eliteek axolagabetasuna erakutsi zuten eta, batez ere, XVIII. mendearen hasieratik aurrera, administrazioan eta hezkuntza arloan erabiltzea debekatu zen.[2] Frankismoan debekua gogorragoa izan zen, eta jendaurrean euskara erabili zutenek gorriak ikusi zituzten.[3]
Ezaugarri nagusiak
aldatuEuskararen izen-galtzeak bete-betean ukitu zuen euskal literatura idatzia, hori batez ere erabilitako gaietan eta lengoaiaren erabileran nabaritzen da. Horrexegatik lehendabizikoz argitaratutako liburuan euskararen aldeko aldarrikapena eta euskal idazleei ama hizkuntza erabiltzeko gonbidapena zen. Aipatzekoa da aita Larramendiren jarraitzaileek zenbait mende geroago gai bera erabiltzea. Hurrengo belaunaldiak, erromantizismoarenak, euskarari eta euskal literaturari lehenengo bultzada handia eman zien: Peru Abarka eleberri kostunbrista argitaratuz eta Iparragirre, Bilintx edo Agosti Xaho idazleak, besteak beste, sortuz.
Erromantizismoa zela kausa, jakintsu, pentsalari eta idazle atzerritar batzuek (tartean Wilhelm von Humboldt, Luis Luziano Bonaparte, Hugo Schuchardt, Wentworth Webster, Victor Hugo edo George Borrow) ordurako ahoz mantendutako euskal mito eta kondairak biltzeari ekin zioten. Hain izan ziren onak haien prozedurak eta mapak, ezen gaur egun ere erabiltzen baitira.
XIX. mendeko bukaeran, Euskal Pizkundea Sabin Aranaren abertzaletasunaren eta euskaltzaletasunaren hedapenaz batera etorri zen. Hego Euskal Herriko lau foru aldundiek Eusko Ikaskuntza sortu zuten, horrek beste jarduera batzuen artean, Euskaltzaindia sortu zuen. Anton Abbadiak euskal literatura bultzatzeko asmotan lore jokoak asmatu zituen. Orduan, hizkuntza batzeko lehendabiziko saiakerak egin ziren, nahiz eta proposamenak baino ez izan. Espainiako Gerra Zibilak mugimendu kultural horren desagerpena ekarri zuen: idazle eta intelektual batzuk, adibidez Aitzol edo Lauaxeta fusilatu zituzten, euskaltzale askok Ipar Euskal Herrira edo Amerikara ihes egin zuten babes bila edo Elizan ziren. Euskara 1960ko hamarkadara arte debekatu egin zuten eta argitalpenak kontrol zorrotz pean izan ziren.
Arantzazuko Biltzarrean (1968) berriro hasi ziren euskara batzeko proposamenak. Euskararen aldeko mugimendu kulturalek, ikastolek edo Ez Dok Amairu taldeak hizkuntza literarioaren eraberritze prozesua bultzatu zuten. Antzinako idazleen kostunbrismoa, abertzaletasuna eta puritanismoa bertan behera utzi zituzten eta Europan modan zeuden literatura mugimenduei hurbildu ziren. Jon Mirande, Ramon Saizarbitoria eta Txillardegik literatura erlijiosoaren patroi zurrunak hautsi eta Europara eraman zuten euskal literatura. Era berean, bertsolaritzak urrezko aroa bizi izan zuen. Bigarren Euskal Pizkundearen idazle nagusiak Bernardo Atxaga, Saizarbitoria, Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia eta abar izan ziren. Horiek guztiek gai askotarikoak erabili, teknikak berritu eta euskara batua finkatu zuten.
Ezaugarri komunak
aldatu- Euskara bezalako hizkuntza ofizialik gabe, batu gabe eta izen galdua erabiltzen du.
- Latinezko tradizioaren ondorengoak diren erromantze hizkuntzez ari diren estatuen artean jaioa da.
- Bere helburu nagusia hezkuntza erlijiosoa zen kristautze berantiarragatik[4] edo protestantismoen agerraldiengatik.
- Poesiak, bertsolaritzaren eraginez, prosa baino eragin handiagoa izan du.
- Inprimategiarekin arazoak izan ditu.
- Bere ikerketa nahiko berria da (XIX. mendeko bukaera).
Historia
aldatuBeste hizkuntzetan ez bezala, euskal literaturaren deborazko banaketa ez du parekorik Europako mugimenduekin erromantizismo arte, batez ere, Ipar Euskal Herria eta Hego Euskal Herriak bere historia propioa dutelako eta bien artean txandaketa bat sortu zelako, hau da, alde bateko idazleek beste aldera ihesi zuten bere lana jarraitzeko, adibidez, Frantziako Iraultzan edo Espainiako Gerra Zibilean. Hau da Ipar Euskal Herriko literaturan pizkundea asko zor zion Gaztelako Erresumak hasitako euskararen aurkako kanpainari eta, alderantziz, Espainiako Ilustrazioa.
Hasiera
aldatuEuskaraz idatzitako lehendabiziko hitzak, balio literariorik gabekoak, Akitaniako hilarrietan aurkitutako izenak dira: Sembe (gaur egungo euskaran, «seme»), Cison («gizon»), Nescato («neskato»), Anderexo («andere, andre»), Bihox («bihotz») eta abar. Erdi Aroan, Donemiliaga Kukulako glosetan Izioqui dugu eta Guec ajutu ez dugu hitzak ageri dira.
Lapurdiko espioi batek Filipe II.a Espainiakoari Frantzisko Xabierkoak bere amari eta frai Joan Zumarraga Mexiko Hiriko apezpikuak arrebari euskaraz idazten zietela esan zion.
Euskara testu literario batean lehenengoz 1542an François Rabelaisek erabili zuen, ondoko lanaren bertsioetan Pantagruel, roy des Dipsodes, restitué à son naturel, avec des faictz et prouesses espoventables, composez par feu M. Alcofribas, abstracteur de quinte essence. [Pantagruel, Dispodes-en erregea, molde naturalean kontatua, gertakari eta balentri izugarriekin, muinaren abstraktazaile zegoen Alcofribas jaun zenak apailaturik] tituluarekin, Pantagruel eta Panurge-en topaketaren pasartean. Panurge-ek baliatzen dituen munduko hizkuntzen litanian gehitzen dira parte bat ingelesez eta parte bat euskaraz.[5]
Testua, arkaikoa, fonetikoki idatzia eta kopiatzaileen akatsez betea, ulergaitza da. Bere egiazko erran-nahia eztabaidan da oraino.
Lehendabiziko zeharkako ahozko literaturaren aipamenak 1452ko Bizkaiko Foru Zaharrean agertu ziren. Honek emakumeei libelo sutsu moduko koplak abestea debekatu zuen.
Kopla hauek hileta-kantak edo eresiak ziren. Hileta-elizkizunetan eta gaubeilan erostatzaileek (Foru Zaharrean profazadas) bertsoak moldatzen zituzten jendearen aurrean.[6] Horiek, Lekuona edo Koldo Mitxelenaren aburuz, bertsolari mutuak ziren.[7]
Orduko kronistek mota honetako kopla asko bildu zituzten, batzuek herri tradizioan luzaroan zirauten eta beste asko transkribatuak ziren, adibidez:
- Milia Lasturkoren eresia (XV. mendea)
- Errodrigo Zaratekoaren eresia (XV. mendea)
- Peru Abendañokoaren kanta (1443)
- Martin Bañezen eresia (1464)
- Ahetzeko anderearen hirugarren kanta (1425)
Baladak
aldatuBaladak edo erromantzeak mota askotako gaiak (hilak, batailak, suteak, amodio eta desleialtasuna, eta abar) jorratzen zituzten beti epika arloan. Herri literaturak sortuak ziren eta oroimenak ekarri zigun gaur egunera arte. Zaila da esatea noizkoak diren balada hauek, nahiz eta batzuek ekintza historikoak (1448ko Arrasateko sutea) edo benetako pertsona famatuen bizitza (Bereterretxen khantoria) jorratzen duten. Gainera, daukagun transkripzioak mende ezberdinetakoak eta euskalki ezberdinetakoak izan ohi dira.
Egile ezezagunekoarenak izanda, ziur asko orduko koblakariek eginak ziren; koblakarien ohitura XIX. mendean Etxahun, Jose Maria Iparragirre edo Joan Ignazio Iztuetak mantendu zuten. Balada nagusiak honako hauek ziren:
- Ahetzeko anderearen lehenengo eta bigarren kanta (1425)
- Bereterretxen khantoria (XV. mendea)[8]
- Bretainiako kantorea (XV. mendea)
- Arrasateko erreketa (1448)
XVI. mendeko lehendabiziko liburuak
aldatuXVI. mendetik, gaur egun, zortzi dira euskal idazlan ezagunak: zazpi liburu inprimatu eta eskuizkribu bat (Lazarragarena). Zortzi horietatik biren originalik ez dugu, gainera.[9] Adituen ustez agian noizbait luzatu ahalko den zerrenda labur horren egiletzat ageri zaizkigu euskal literaturako lehendabiziko idazleak; eta, haien artean gailen, Bernart Etxepare, Joan Perez de Lazarraga eta Joanes Leizarraga.
Estreinako euskal idazlea dugun Bernart Etxeparerengan, XII. eta XIII. mendeetako proventzar literaturaren eragina nabari da. Honek 1545an Bordelen Linguae vasconum primitiae argitaratu zuenean bertsolaritzaren ereduak erabili zituen lau gai nagusiak lantzeko: erlijioa, amodioa, autobiografia eta euskararen gorespenak. Hurrengo mendean, Oihenartek bere L'art poétique basque liburuan Etxepareren moduko beste poeta bi bazirela aipatu zuen: Joan Etxegarai —pastoralen egile— eta Arnaut Logras.
Joan Perez de Lazarragak bere eskuizkribua utzi zigun, 1567tik 1602ra bitartean idatzia eta 2004an agertua. Gorteko lirika tradizionalaren, artzain eleberriaren eta euskal eredu tradizionalen eragina du. Lazarragak prosa eta poesia batzen ditu, antzinako Arabako euskalkia erabilita.[10]
1562an idatzi zen ezagutzen den euskarazko lehen hiztegia, Nicolao Landuchio italiarrak Gasteizen sortua adituen ustez, hiru euskaldunen laguntzaz. Arabako euskararen lexikoa ikertzeko idazki bakanetakoa da, Lazarragaren eskuizkribuarekin batera.
Joanes Leizarragak lan ikaragarri egin zuen Biblia euskaratzen: euskara batua bilatu zuen hiztun guztiek uler zezatela eta euskara jasoa erabili zuen, ordurako ezezaguna euskal literaturan. 1571ean, Arroxelan, hugonoteen hiriburuan, argitaratu zuen Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria.
- Atsotitz bildumak. XVI. mendeko euskaraz topatu diren dokumentuen artean hizkuntzalarientzat garrantzi berezia ematen zaie garai hartan egindako atsotitz bildumei. Atsotitz bilduma horien egileak nortzuk izan ziren ez dago beti jakiterik. Esteban Garibai arrasatearra atsotitz batzuen bildumagilea izan zela badakigu baina beste bilduma batzuen egilea edo egileak nortzuk izan ziren oraindik erabat argitu gabe dago. Bilduma horietan hizkuntzalariek garrantzi berezia ematen diote Refranes y Sentencias (1596) izenburuarekin ezagutzen den bildumari. Adituen arabera, nagusiki Bilboko edo Bilbo aldeko euskara jasotzen du.
Historikoki aro aztoratua batean bizi ziren. Aita Sainduak Fernando II.a Aragoikoaren alde egin zuen Gaztelak Nafarroako Erresuma inbaditu zuenean. Hori zela eta, Nafarroako Joana II.ak seigarren merindadera ihes egin behar zuen eta hantxe protestante bihurtu zen. Bitartean, Bizkaiko Foru Zaharrak euskal biztanle guztiak kapare bihurtu zuen, Ahaide nagusiak hor zeuden arren.
1596an Joan Perez Betolatza betolatzarrak ezaguna dugun euskarazko lehen dotrina kristaua idatzi zuen Bilbon, Doctrina Christiana en Romanze y Basquenze.
XVII. mendeko literatura erlijiosoa
aldatuAro modernoan, Katolizismoak Kontrarreforma aurrera eramateko bideratu eta mugatu zuen literatura. Iraultza kulturala batez ere Lapurdin gertatu zen, orduko Euskal Herriko eskualde aurreratuena zelako. Helburu nagusitzat herri xumeari irakastea zutenez, bai poesia eta bai prosa ahozko jardunetik hurbil ziren: prosa, sermolarien erretorikatik gertu; eta poesia, bertsolaritzatik gertu.
Trentoko Kontzilioaren helburuak finkatu nahian, hau da herria bere ama hizkuntzan kristautasunean hezi, Axular eta inguruko elizgizonek idatzizko euskararen oinarriak finkatu ziren. Hori esker, bere kontrakoek ere euskarak haiekin duen zorra aitortzen dute.
Batzuen ustez, kristau dotrina hedatzeko itsumena Euskal Herriko kristautze berantiarren ondorioa da, hala nola aita Barandiaranek. Hala ere, bazeuden Arnaud Oihenart edo Piarres Etxeberri bezalako idazle sekularrak, hurrengo mendeetan beste idazle euskaldunek hartuko duten bidearen esploratzaileak.
Batzuen ustez, XVII. mendea Axularrena da, besteentzat, berriz, Sarako Eskolarena. Era berean, eztabaidan dago Sarako Eskola benetako mugimendu literarioa zenentz. Ziur asko, garai horretako idazle gehienek elkar ezagutu zuten, adibidez, Bertrand Etxautz, Baionako apezpikuak argitaratu zenetik 43 urte geroago Gero goresten du eskutitz batean. Axularrek berak bere liburuaren hasieran "konpañia on batean, euskaldunik baizen etzen tokian" esaten du. Erraza da pentsatzea Lapurdi bezalako eskualde txikian inguruko elizgizon, mediku eta abokatuek elkar ezagutu zutela. Horrela euskaldunberri bi (Esteve Materra eta Silvain Pouvreau), poeta bi (Joanes Etxeberri eta Bernard Gazteluzar) eta itsasgizon bat (Piarres Etxeberri) agertu ziren.
Mende hartan bizi izan zen Pedro Agerre "Axular" (1556-1664). Liburu bakarra idatzi zuen arren —Guero, bi partetan partitua eta berecia (1643)—, eragin handia izan zuen. Nabari da Axular oratorian aditua zela, eta liburuaren edukia atsotitz bakarrean labur daiteke: Gero dioenak bego dio.
XVIII. mendeko aldaera
aldatuAipatu dugunez, euskal literaturan historia, aldaeren historia izan da eta mende berriak Hegoaldera eraman zuen euskal literaturaren ardatza. XVIII. mendeko idazle nagusia aita Larramendi jesuita eta euskaltzale sutsua izan zen. Hark, askotan gaztelania erabili arren, De la antigüedad y universalidad del bascuence en España (Salamanca, 1728) edo El imposible vencido (Salamanca, 1729) bere liburuei esker inguruan eskola bat sortu zuen, euskal literatura bultzatzeko. Garaikide izan zituen Joanes Etxeberri, Agustin Kardaberaz, Sebastian Mendiburu eta Peñafloridako kondea.
Ilustrazioaren ideiek Hego Euskal Herrira Literaturan ez ezik zientzia guztietan ere pizkundea eraman zuten: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea edo jadanik existitzen zen Oñatiko Unibertsitatea berpizten.
XIX. mendeko erromantizismoa
aldatuXIX. mendearen hasieran, euskal literatura, hizkuntzalaritza edo antropologia ez bezala, beheraldian zegoen, hala ere, Europatik zetorren erromantizismoak eta, politika aldetik, foruen desagerpenaren aurkako mugimenduak bultzada handia eman zion euskal literaturari. Euskaltzaletasuna eta, gero, abertzaletasunak erromantizismo eta kostunbrismo ekarri zizkioten euskal literaturari. Euskalki guztiek idazle aipagarriak zituzten, adibidez:
- Bizkaieraz: Juan Antonio Mogelek euskaraz eginiko lehenengo eleberria idatzi zuen (Peru Abarka), Frai Bartolome Madariaga, Pedro Antonio Añibarro, Jose Antonio Uriarte eta Evaristo Bustintza Kirikiño.
- Gipuzkeraz: Juan Bautista Agirre, Jose Ignazio Gerriko, Frantzisko Ignazio Lardizabal, Joan Ignazio Iztueta, Bizenta Mogel, Krispin Beobide, Jose Maria Iparragirre eta Bilintx.
- Nafar-lapurteraz: Jean Hiriart, Agosti Xaho, Joan Piarres Duvoisin, Grazian Adema, Joan Batista Elizanburu eta Mitxel Elizanburu.
- Ekialdeko nafarreraz: Frantzisko Laphitz eta Joan Batista Artxu.
XX. mendeko Euskal Pizkundea
aldatu1919an, Eusko Ikaskuntzak aurrea hartu zuen eta Hegoaldeko lau foru aldundiek dirua jarri zuten Euskaltzaindia sortzeko. Bere helburua euskararen ikerketa eta sustapena bultzatzea zen. Bere kideak, euskaltzainak, herrialde guztietakoak eta ideologia guztietakoak izan behar ziren, batez ere abertzale eta foruzaleak. Garai hartan, idatzizko euskara batzeko eztabaida egon zen. Euskara batzearen aldekoek indar handirik ez zutenez eta bide bakarra hautatu ez zenez, proposamena gerorako utzi behar zen.
Hala ere, askotan, XX. mendeko hasierako argitalpenetan eragin handi izan zuen balizko hizkuntz barneko logika aplikatzeko euskal morfologia eta jokoa aldatzen zuen teoriak. Idazle askok, purista zintzoek, antzinatik latinetik eta inguruko erromantze hizkuntzetatik hartutako maileguak utzi eta neologismo edo batek daki nondik hartutako hitzak erabili zituzten. Horrela, euskara euskaldunentzako ulergaitza volapuk moduko hizkuntza bihurtu zen: euzkera barria honek ez zuen hedapenik. Luzaroan iraun duten lanak klasikoak irakurri dituzten idazleenak ziren (zenbait seta izan arren): Resurreccion Maria Azkue, Orixe, Xabier Lizardi, Lauaxeta, Txomin Agirre eta Jean Etxepare hurrenez hurren. Aipagarriak Enrike Zubiri, Pablo Fermin Irigarai eta Salbatore Mitxelena saiakera-egileak eta Jose Manuel Etxeita, Augustin Anabitarte eta Tomas Agirre eleberri-egileak ere badira.
Normalean, euskal literatura eta artearen egoera Ipar Euskal Herrian Hego Euskal Herrian baino hobea izan da, iparraldekoek euskara idazteko eta irakurtzeko ohitura handia izan dutelako. Hori zela eta, 1887an Eskualduna astekaria Baionan agertu zen, bertoko idazleei kazetaritzaren lotsabako tankera emanez. J. Blaise Adéma euskaltzainak, Jean Hiriart-Urruty eta Jean Etxeparek hantxe argitaratu zuten. Ideologikoki xurien alde egin zuen eta 1941ez geroztik, Vichyko erregimenaren alde, eta epe honetan nazismoaren aldeko idazkiak argitaratu zituen. 1944an alemaniarrak garaitu ostean, frantziar agintari berriek Eskualduna itxi zuten, kolaborazionista izateagatik. Piarres Lafittek zuzenduriko Herria aldizkariak hartu zion lekukoa Iparraldeko euskal kazetaritzan; gaur egun arte, Baionan argitaratzen jarraitu da. Hegoaldean, Arturo Campion eta Damaso Intza aipatzekoak ziren ere.
Garai hartako libururik interesgarrienak Xabier Lizardiren Biotz-begietan (sinbolista eta intimista) eta Nikolas Ormaetxearen Euskaldunak (artzai-literatura[11]) poesiak eta Txomin Agirreren Kresala eta Garoa (eleberri-kostunbristak) ziren.
XX. mendeko bigarren euskal pizkundea
aldatuEspainiako Gerra Zibila eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren, euskal literaturak une latzak bizi izan zituen. Argitaratu zituzten lehendabiziko liburuak Telesforo Monzonen Urrundi (1945 Mexiko Hirian), Jokin Zaitegiren Goldaketan (1946 Mexiko Hirian) eta Salbatore Mitxelenaren Arantzazu (1949 Guatemalan).
1950eko hamarkadaren bukaeran, idazle-belaunaldi berria jaio zen, tartean Gabriel Aresti. Honek Harri eta Herri (1964) bere liburuan Europan modan zegoen gizarteko poesia jorratu zuen. Bere garaian libururiak salduena zen eta euskal herriaren isla berria erakusten zaigu: jadanik Orixeren Euskaldunak baserri-euskal herria aldendu eta "Euskal Hiria" sortuz. Arestik gaztelaniaz idatzi zuten euskal poetak zituen lagun, Blas de Otero edo Gabriel Zelaia, konpromiso sozial bere zutelako. Era berean, antzerkiari ekin zioten talde batzuekin edo Ez Dok Amairu, "Euskal Kantagintza Berria" izeneko mugimenduaren sortzaileekin ere harreman estuak izan zituen.
Eleberriei buruz, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua (1957) lehendabiziko euskal eleberri modernoa da, existentzialismo ereduak jarraitzen duena. Gero Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako eta Ehun metro (Nouveau Roman mugimenduaren eragina dutenak) eta Anjel Lertxundi agertu ziren.
Behin frankismoaren garaiak pasata, euskarazko argitaletxeak joritu ziren urtero 1.500 titulu argitaratzen, eta 300 idazle inguru izanda. Euskal literaturaren urrezko aro honetan, lehendabizikoz Euskal Herritik kanpo arrakasta izan duten idazleak agertu dira: Bernardo Atxaga (Obabakoak edo Behi euskaldun baten memoriak) edo Unai Elorriaga (SPrako tranbia).
Idazle nagusien zerrenda
aldatuIdazle klasikoak
aldatu- Bernart Etxepare. Nafarroa Beherea. (1480?-?): Linguae vasconum primitiae (1545).
- Joannes Leizarraga. Lapurdi. (1506-1601): Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria (1571).
- Joan Perez de Lazarraga. Araba. (1548? – 1605). Lazarragaren eskuizkribua (1602?).
- Pedro Agerre Axular. Nafarroa / Lapurdi. (1556-1644): Gero (1643).
- Tartaseko Joan. Zuberoa. (1610-?): Ontsa hiltzeko bidia (1666).
- Joan Antonio Mogel. Gipuzkoa. (1745-1804): Peru Abarka (1802an idatzia; 1881ean argitaratua).
- Bizenta Antonia Mogel. Gipuzkoa. (1782-1854).
- Joan Batista Elizanburu. Lapurdi. (1832-1898): Koplak (1855).
- Txomin Agirre. Bizkaia. (1864-1920): Kresala (1906) eta Garoa (1912).
- Kirikiño. Bizkaia. (1866-1929): Abarrak (1918).
- Orixe. Gipuzkoa. (1888-1961): Euskaldunak (1950).
- Xabier Lizardi. Gipuzkoa. (1896-1933): Biotz-begietan (1932).
- Resurreccion Maria Azkue. Bizkaia. (1864-1951).
- Lauaxeta. Bizkaia. (1905-1937): Bide barrijak (1931).
- Eusebio Erkiaga. Bizkaia. (1912-1993).
- Gabriel Aresti. Bizkaia. (1933-1975): Harri eta Herri (1964).
- Jon Mirande. Paris. (1925-1972): Haur besoetakoa (1959).
- Bitoriano Gandiaga. Bizkaia. (1928-2001).
- Juan Mari Lekuona. Gipuzkoa. (1927-2005).
Idazle garaikideak
aldatu- Ramon Saizarbitoria. Gipuzkoa. (1944-): "Egunero hasten delako" (1969) eta "Hamaika pauso" (1995).
- Arantxa Urretabizkaia. Gipuzkoa. (1947 -): "Zergatik panpox" (1979).
- Joan Mari Irigoien. Gipuzkoa. (1948-): "Lur bat haratago" (2000).
- Anjel Lertxundi. Gipuzkoa. (1948): "Hamaseigarrenean, aidanez" (1983) eta "Otto Pette" (1994).
- Mariasun Landa. Gipuzkoa. (1949 -): "Krokodiloa ohe azpian" (2002).
- Josemari Velez de Mendizabal. Araba. (1949-).
- Bernardo Atxaga. Gipuzkoa. (1951-): "Obabakoak" (1988).
- Koldo Izagirre. Gipuzkoa. (1953 -): "Non dago Basque harbour?" (1997).
- Laura Mintegi (1955-): "Sisifo maite minez" (2001).
- Xabier Montoia. Araba. (1955-): "Gasteizko hondartzak" (1997).
- Pello Lizarralde. Gipuzkoa. (1956-): "Larrepetit" (2002).
- Joseba Sarrionandia. Bizkaia. (1958 -): "Ni ez naiz hemengoa" (1985) eta "Lagun izoztua" (2001).
- Itxaro Borda. Lapurdi. (1959 -).
- Unai Elorriaga. Bizkaia. (1973 -): "SPrako tranbia" (2001).
- Fernando Morillo. Gipuzkoa. (1974-): "Gloria Mundi" (2004).
- Asel Luzarraga. Bizkaia. (1971-): "Karonte" (2005).
- Kirmen Uribe. Bizkaia. (1970-): "Bilbao-New York-Bilbao" (2008).
Herrialdeka
aldatuAraba | Bizkaia | Gipuzkoa | Lapurdi | Nafarroa | Nafarroa Beherea | Zuberoa |
Erreferentziak
aldatu- ↑ 2. Euskara eta literatura (Batxilergoa), 19-20 orr.: "...Etxeparek aukeratutako bide bertsolaritzako bide herrikoiak neurri eta errimetan akatsak zeuzkan (...) Bertsolaritzaren moldeak erabili izanagatik Oihenartek kritika zorrotza egin zion".
- ↑ Jimeno Jurio historialariak Navarra, historia del euskera liburuan azaltzen du nola inposatu zen gaztelania Nafarroako herri euskaldunetan. Hori frogatzeko zenbait dokumentu argitaratu zituen, hala nola, Arandako kondeak 1766an eginikoa [1]
- ↑ Iñaki Bazan, De Túbal a Aitor. Historia de Vasconia, 801. orr, La esfera de los libros, 2006. ISBN 84-9734-570-3.
- ↑ Jose Miguel Barandiaranek Hombre Primitivo en el País Vasco liburuan eta Martin Ugalde Síntesis de la historia del País Vasco honela zioen.
- ↑ 'Pantagruel, François Rabelais, 1542' artikulua Bilketa Euskal funtsen atarian
- ↑ Juan Maria Lekuona Ahozko literaturaren historia Euskal Herria. 1. liburukia, Donostia, Jakin.1, 1984
- ↑ Bertsozale Elkartea
- ↑ Luis Maria Mujikaren aburuz euskal lirikaren testu garrantzitsuenetariko bat (Historia de la Literatura Euskérica, Zarautz: Luis Haramburu, 1979 59.orr).
- ↑ Nerea Azurmendi: «Los cimientos de la literatura en euskera», 2008-01-19.
- ↑ 2. Euskara eta literatura. 13-14. orr.
- ↑ [2]
Bibliografia
aldatu- (Gaztelaniaz) Aldekoa Beitia, Iñaki: Historia de la Literatura vasca. Erein 2004. Euskal literaturaren historia. Erein. 2008.
- Axular Pedro Dagerre Azpilikueta: Gero Egin Biblioteka
- Azurmendi, Joxe 1976: Zer dugu Orixeren kontra?, Oñati, EFA.
- Azurmendi, Joxe 1977: Zer dugu Orixeren alde?, Oñati, EFA.
- (Alemanez) Azurmendi, Joxe 1997: "Die Bedeutung der Sprache in Renaissance und Reformation und die Entstehung der baskischen Literatur im religiösen und politischen Konfliktgebiet zwischen Spanien und Frankreich" In: Wolfgang W. Moelleken (Herausgeber), Peter J. Weber (Herausgeber): Neue Forschungsarbeiten zur Kontaktlinguistik, Bonn: Dümmler. ISBN 978-3537864192
- (Gaztelaniaz) Badiola Rentería, Prudencia eta López Sáinz, Josefina: La literatura en lengua vasca. Cincel argitaletxea, 1981. ISBN 84-7046-248-2.
- Intxausti, Joseba 1995: Leizarraga eta leizarragatarrak (1563-1571) Erreforma-Kontrarreformetako ilun-argitan, RIEV 40/1: 119-160.
- 1 Euskara eta Literatura (Batxillergo)/ 2 Euskara eta Literatura (Batxillergo). Elkar ISBN 84-9783-171-3/ ISBN 84-9783-214-0
- (Gaztelaniaz) Juaristi, Jon, Literatura Vasca, Madril, Taurus, 1987
- (Gaztelaniaz) (Ingelesez) Larrañaga Odriozola, Carmen: Del bertsolarismo silenciado (Silenced bertsolaritza) Eusko Ikaskuntza.
- Lekuona, Juan Maria: "Ahozko literaturaren historia" Euskal Herria. Vol 1, San Sebastián, Jakin, 1984.
- (Gaztelaniaz) López Gaseni, José Manuel: Historia de la literatura vasca. Acento argitaletxea, 2002. ISBN 84-483-0683-X.
- (Gaztelaniaz) Mitxelena, Koldo: Historia de la Literatura Vasca. Madril. 1960.
- Onaindia, Santiago: Euskal literatura (6 liburuki), Etor, 1972-1990.
- Sarasola Ibon:Euskal literaturaren historia, 1971, Lur.
- Sarasola Ibon:Euskal literatura numerotan, 1975, Kriselu.
- Sarasola Ibon:Euskal literaturaren gidaliburua, 1977, UEU.
- Sudupe, Pako 2011: 50eko Hamarkadako Euskal Literatura I: hizkuntza eta ideologia eztabaidak, Donostia, Utriusque Vasconiae ISBN 978-84-938329-4-0
- Sudupe, Pako 2011: 50eko Hamarkadako Euskal Literatura II: kazetaritza eta saiakera, Donostia, Utriusque Vasconiae ISBN 978-84-938329-5-7
- Sudupe, Pako 2011: 50eko Hamarkadako Euskal Literatura III: antzerkia eta hamarkadaren ikuspegi orokorra, Donostia, Utriusque Vasconiae ISBN 978-84-938329-6-4
- Sudupe, Pako 2012: "Ideologia eztabaidak 50eko hamarkadan" in Alaitz Aizpuru (koord.), Euskal Herriko pentsamenduaren gida, Bilbo, UEU. ISBN 978-84-8438-435-9
- (Gaztelaniaz) Urkizu, Patri (et al.): Historia de la Literatura Vasca.UNED. Madril. 2000.
- (Gaztelaniaz) Villasante, Luis: Historia de la Literatura Vasca.Ed. Aranzazu. Burgos. 1979.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskara |
Euskarari buruzko artikuluak |
| |||||||
Egizu klik euskalki bakoitzaren lurraldean haren orrialdera joateko.
|