Hezkuntza Euskal Herrian

Hezkuntza Euskal Herrian nolakoa den ikusteko Euskal Herrian bi hezkuntza sistema oso bestelakoak daudela jakin behar da, Espainia eta Frantziakoa. Espainiako estatuaren barne dauden Hego Euskal Herriako EAE eta Nafarroak hezkuntzaren gainean arauak sortzeko eskumena dute. Bertan euskarak ofizialtasun estatusa dauka EAE osoan eta Nafarroako iparraldeko zenbait lurraldetan. Ipar Euskal Herrian, ordea, Frantziako estatuak ez ditu hezkuntza eskuduntzak bertako erakunde politikoekin partekatzen eta frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra.

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Euskal hezkuntzaren historia azaltzen duen bideoa.

Euskal Herriko hezkuntza sistemetan alde batetik hezkuntza publikoan dabiltzan ikastetxeak daude, hau da, erakunde politikoen, hezkuntza sailen, organigraman daudenak, eta beste aldetik badaude sistematik autonomoagoak diren hezkuntza pribatuko edo itunpekoa beste ikastetxe batzuk.

Ohiko Hezkuntza Sistema

aldatu
 
Oñatiko Unibertsitatea, Goi-Hezkuntzako lehenengo ikastetxea Euskal Herrian.

Euskal Herriko hezkuntza sistema frantses estatuko eta espainiar estatuko administrazio eta legediaren menpe daude. Ondorioz EAEn, Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian egitura ezberdinak atzeman ditzakegu.

Haurtzaindegiak eta Haur Hezkuntza

aldatu

Haurtzaindegietan 3 urte arteko haurren zaintza eta hezkuntza burutzen da. Erregularizaturik dauden arren, haurtzaindegiak ez dira eskola arautuaren barnean sartzen, ez hegoaldean ezta iparraldean ere.

Haur eskola 3 eta 6 urte arteko haurrentzat izaten da euskal lurralde guztietan. Ipar Euskal Herrian haur eskola derrigorrezkoa bilakatu da 2019ko sartzetik landa; hots derrigorrezko hezkuntza 3 urterekin hasten da[1][2][3]. Hegoaldean aldiz, gurasoek haien umeak haur eskolara ez igortzea erabaki dezakete.

Lehen Hezkuntza

aldatu

Hego Euskal Herrian, derrigorrezko hezkuntza Lehen Hezkuntzarekin hasten da. Iparraldean zein Hegoaldean, Lehen Hezkuntza 6 urterekin hasten dute haurrek. Hegoaldean LH-k 6 urte irauten ditu, eta haurrek 12 urterekin bukatu ohi dute. Iparraldean aldiz, Lehen Hezkuntzak 5 urte irauten ditu eta beraz, haurrek normalean 11 urterekin bukatzen dute.

Bigarren Hezkuntza

aldatu

Bai Hegoaldean eta bai Iparraldean, Bigarren Hezkuntzaren zati bat derrigorrezkoa da eta beste zati bat, hautuzkoa. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza nerabeak 16 urte dituelarik bukatzen da. 2020tik goiti Iparraldean Bigarren Hezkuntza osoa derrigorrezkoa bilakatuko da[3].

Hegoaldean, Bigarren Hezkuntza institutu deitutako ikastetxeetan ematen da. Ikasleek 12 urterekin hasi ohi dute DBH, eta 4 urte irauten ditu. Batxilergoak (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren Ondorengoak) aldiz, 2 urte irauten ditu eta bukatzean selektibitatea deituriko azterketa pasatzen dute unibertsitatera sarbidea egin nahi duten ikasleek.

Iparraldean, Bigarren Hezkuntza kolegio eta lizeoetan ematen da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 11 urterekin hasi ohi dute ikasleek, eta kolegioan lau urte egin ondotik, brebeta deituriko azterketa pasatzen dute. Brebeta ukan ala ez, ikasleek derrigorrezko urte bat gehiago egin behar dute. Baina brebetako emaitzek lizeo batean edo bestean onartua izatea baldintzatzen dute.

Lizeoan derrigorrezko lehen urte bat egin behar dute ikasleek, “bigarrena” (“seconde”) deitua. Hurrengo bi urteak (“lehena” eta “terminala”) hautazkoak izan dira 2019/2020 ikasturte arte, baina 2020/2021 ikasturtetik landa bortxazkoak bilakatuko dira[3]. Lizeoa bukatzean, ikasleek baxoa (frantsesez, “baccalauréat”) izeneko azterketa pasatzen dute.

Selektibitatea, baxoa edo baliokideren bat lortzea beharrezkoa da Euskal Herriko unibertsitateetan ikasketak egiteko.

Unibertsitateak

aldatu

Unibertsitateari dagokionez, Euskal Herriko Unibertsitatea da EAEko zentro publiko nagusia. Deustuko Unibertsitatea, ordea, pribatu nagusia da, Bizkaian batez ere. Gipuzkoan, Mondragon Unibertsitatea zentro pribatua da. Nafarroan, Unibertsitate publiko eta pribatua daude. Ipar Euskal Herrian Universite de Pau et Pays de l'Adour unibertsitateak kanpusak ditu BABen. Lurralde osorako, Udako Euskal Unibertsitateak irakasten du euskaraz, eta Euskal Unibertsitatea izeneko egitasmoak 2010eko hamarkadan guztiz euskaraz funtzionatuko duen goi mailako hezkuntza eman nahi du. 2021ko azaroan Gasteizen Euneiz izeneko Unibertsitate pribatu berri bat sortzea onartu zuten agintari politikoek.[4]

Lanbide Heziketa

aldatu

Hegoaldean derrigorrezko hezkuntza egin ondoren honako lanbide heziketak aurki daitezke: Oinarrizko Lanbide Heziketa (16 urte bete eta DBH bukatu gabe lan mundura doazenentzat), Erdi-mailako Hezkuntza Zikloak (DBH gainditu dutenentzat) eta Goi-mailako Hezkuntza Zikloak (batxilergoa burutu dutenentzat). Horrez gain, badira beste motako lanbide heziketak ere, langabezian den jendearentzat antolatzen direnak, edo langileentzako Etengabeko Ikaskuntzak adibidez.

Iparraldean, ikasleak lizeoan Bide Profesionala hartzeko hautua egin dezake.

Euskararen irakaskuntza

aldatu
 
Euskararen zonifikazioa irakaskuntza publikoan.
██ Euskarazko irakaskuntzarik ez ██ G eta A ereduak ██ G, A eta D ereduak ██ Ereduen politikarik ez, ikus testua ██ X, A, B eta D ereduak
Sakontzeko, irakurri: «Euskara hezkuntza sistemetan»

Euskal Herria hiru administrazioren menpe egoteak eta euskara lurralde osoan ofiziala ez izateak euskararen irakaskuntza baldintzatu egiten du.

Gaur egun, ikastetxeetan euskarari esleitzen zaion garrantzia eta ikastordu kopurua oso ezberdina da. Lau aukera nagusi daude:

  • Euskara irakaskuntzako hizkuntza bakarra izatea. Ikasgai guztiak euskaraz lantzen dira, erdaren ikaskuntzara bideratutako ikasgaiak ezik (gaztelania, frantsesa edo ingelesa nagusiki). Euskal Herri osoan mota honetako irakaskuntza bermatzen duen eskola mota bakarra ikastola da, baina EAEn eta Nafarroako Eskualde Euskaldunean zein Eskualde Mistoan eskola publikoetan ere topa daiteke eredu hau.
  • Euskara ikasgai batzuetako hizkuntza izatea, erdara bat edo gehiagorekin batera. Euskarazko ikasgaiei esleitzen zaien ordu kopurua nabarmen aldatzen da eredu batetik bestera. Mota honetakoa eskola pribatu zein publikoetan topa daiteke.
  • Euskara ikasgai gisa izatea. Eredu honetan Euskara ikasgai bakarrean ikasten da, hizkuntza horri buruzkoan hain zuzen.
  • Euskara ikasgai gisa ere ez irakatsia izatea. Eredu hau Trebiñun, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan eta Nafarroako Eskualde Ez-euskaldunean ematen da.

Ereduak gorabehera, Euskal Herri osoan ikasten duten hiru ikasletik bik ez dute lortzen euskara ondo jakitea euren derrigorrezko hezkuntza bukatutakoan, hau da, 2005ean ikasten zuten ikasleetatik 297.055 ikaslek ez zuten behar bezalako euskara maila erakutsi[5].

Araba[6] Bizkaia[6] Gipuzkoa[6] Nafarroa[7] Ipar Euskal Herria3[8]
1996 2000 2003 2006 1996 2000 2003 2006 1996 2000 2003 2006 1996 2000 2003 20072,[9] 2003
G eredua1 318 0 0 0 2.467 1.950 1.900 1.880 753 0 0 0 51.449 36.974 49.356 50.686 38.430
A eredua 34.190 24.015 18.167 19.859 112.670 75.169 54.675 58.835 34.512 20.069 13.404 17.208 6.584 9.944 15.680 16.966 4.343
B eredua 8.646 10.868 12.308 14.789 26.365 31.024 32.812 36.383 28.526 25.946 22.795 21.307 143 131 0 114 4.504
D eredua 9.960 11.121 12.419 15.735 53.850 62.070 67.923 80.126 55.504 59.544 65.139 75.293 10.314 12.083 16.949 21.312 1.945
  1. G ereduaren baliokidetzat hartu da X eredua.
  2. Lanbide Heziketako datuak barne.
  3. Baliokideak diren eskolen matrikulazioak eredutzat harturik.

Hego Euskal Herrian

aldatu

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan hizkuntza ereduen politika dago martxan. Honen arabera, hizkuntza eredu ezberdinak ditugu aukeran. Oro har, D eredua eskaini den lekuetan goraka joan da denboran zehar, elebiduna izateko aukera gehien eskaintzen duen eredua delako, alde batetik, eta euskararen normalkuntza dela eta, bestetik.

Euskararik ez duten ereduak

aldatu
 
Euskararik ez duten eredu motak.██ X eredua██ Dagoen eredu bakarra██ G eredua zein baliokidea har daiteke

Euskararik ez duten ereduek izen ezberdinak hartzen dituzte. G eredua da Nafarroan hartzen duen izena. Trebiñun eta Villaverde Turtziozen irakaskuntza publikoan dagoen eredu bakarra da, eta bai EAEn bai Nafarroako alde euskaldunean eta mistoan X ereduan ikas daiteke. Eredu hau ez da zertan izan G ereduaren antzekoa, baina kasu batzuetan hala izaten da. Eredu honetan euskara ez da ikasgaietako bat ere, beraz bertan ikasten dutenek ez dute lortzen euskararen ezagutzarik eskolaren bitartez. 2003/2004 ikasturtean Euskal Herri osoko ikasleen %20,7k horrelako eredu batean ikasi zuen[8]. 2000ko hamarkadan, gainera, Nafarroan I, J eta British eredua ezarri dira, nahiz eta nahiko minoritarioak izan.

A eredua

aldatu

A eredua Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Eskualde Euskaldunean baino ezin da hautatu. Bertan gaztelaniaz egiten da irakaskuntza osoa, baina euskarazko ikasgai bat dago. Normalean euskarazko hezkuntza 4 ordura mugatzen da.[10] Eusko Jaurlaritzak eginiko azterketa baten arabera ikasle horietatik %100ek ez zuen euskara ondo jakitea lortzen.[5]

B eredua

aldatu

B ereduak hezkuntza elebiduna ematen du. Ipar Euskal Herrian Ikas-Biren bitartez ematen den eredua ere honen antzekoa da. Biak batuz gero, ikasleriaren %16,7k horrelako eredu batean ikasten zuen 2005ean[5]. Eredu honetan askotan ikasgai gehiago euskaraz ematen badira ere ikasgai komunak direnak (matematika, filosofia, historia...) gaztelaniaz eman ohi dira. Askotan D ereduan ere ikasgai horietako batzuk gaztelaniaz ere sartzen dira, legalki hori ez da B eredua. Eusko Jaurlaritzak eginiko azterketa baten arabera ikasle hauetarik %67k ez zuten euskara ondo jakitea lortzen.[5]

D eredua

aldatu

D ereduak hezkuntzako hizkuntza nagusi moduan euskara erabiltzen du, eta gaztelania ikasgai bat da. Ipar Euskal Herrian Seaskaren bitartez antzeko eredua ikasten da eta bertan frantsesa da bigarren hizkuntza. 2005ean ikasleen %32 zegoen eredu honetan ikasten. Eusko Jaurlaritzak eginiko azterketa baten arabera ikasle horietatik %32k ez du lortzen euskararen ezagutza maila egokirik.[5]

Ipar Euskal Herrian

aldatu

Frantses estatuan hizkuntza ofizial bakarra frantsesa izateak oztopo handiak sortzen ditu euskararen irakaskuntzan. Legez, euskara irakastea ez dago debekatua baina ez da derrigorrezkoa. 2013an aurrerapauso bat eman zen, estatu frantsesak “Loi pour la refondation de l’école de la République” deitu lege testuan, historian lehendabizikoz, eskola publikoan eredu elebiduna (Hegoaldeko B ereduaren parekoa) ezartzea onartu baitzuen[11]. Edonola ere, eskola publikoan murgiltze sistema ezartzea askoz konplikatuagoa da: 2008tik goiti lehen hezkuntzako hainbat eskoletan ikasgai guztiak euskaraz egiteko saiakerek aintzina egin badute ere[12][13], Bordeleko Akademia Errektoretzak eta Frantziako Hezkuntza Ministeritzak berak oztopo handiak ezartzen ditu[14]. Eskola publikoan sistema elebidunaren eta murgiltze sistemaren aldeko elkarteak Ikas-bi eta Biga bai dira.

Gaur egun, murgiltze sistema haur eskolatik lizeora bermatzen duten eskola bakarrak Seaskako ikastolak dira. Seaskako sistema hegoaldeko D ereduaren parekidea da, eta 1969tik landa dihardu eredu hau eskaintzen[15]. 2019ko irailean haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako 32 ikastetxe, derrigorrezko bigarren hezkuntzako 4 ikastetxe edo kolegio[16] eta derrigorrezkoa ez den bigarren hezkuntzako ikastetxe edo lizeo bat ditu.

Euskara irakaskuntza formalean sartu zuen lehen saila eskola pribatu giristinoa izan zen, 1964an[17]. Gaur egun ere irakaskuntza elebiduna eskaintzen dute, eta bertako irakasle eta burasoak Euskal Haziak deitu elkartean biltzen dira.

Azken 30 urteotan euskararen irakaskuntzak onarpen zabalagoa eta gorakada handia bizi izan badu ere, Ipar Euskal Herrian nagusi den irakaskuntza eredua, bai eskaintzan eta bai ikasle kopuruan, frantses hutsezkoa da[18].

Curriculuma

aldatu

Curriculumari dagokionez, hezkuntza ezberdina da Frantzian eta Espainian. Horrez gain, Frantziako ikastetxeek %10 herriko gaietara moldatu ahal dute. Espainian berezko hizkuntza duten autonomia erkidegoek %55 finkatu ahal dute, nahiz eta ahalmen hori beti guztiz ez den erabiltzen. EAEn, gainera, Euskal Autonomia Erkidegorako Euskal Curriculuma izeneko dekretua ere legezkoa da, Euskal Curriculuma eta Espainiako LOEren arteko nahaste bat da.

Ohiko hezkuntza sistematik at daudenak

aldatu

Euskal Herrian badira hiru eskola ohiko hezkuntza sistematik kanpo daudenak.

Tximeleta (Berriozar)

aldatu

Umeek kanpo laguntzarik gabe ikasten dute eta irakasleek ikasketak garatzeko baliabideak eskaintzen dituzte. 31 ikasle ditu. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, institutu arruntetara joaten dira bertako ikasleak. Gaztelania da bertako hizkuntza nagusia[19].

Bizi Toki (Behauze)

aldatu

Haurrak eta helduak batera ibiltzen dira eta helduek lan egiten duten bitartean haurrak ondoan egoten dira eurengandik ikasten[20].

Zingira (Aia)

aldatu

Haur bakoitzak unean uneko bere interesak garatzen ditu helduak eta beste umeak ondoan dituela, laguntzarik beharko balu ere. Umeek euren interes pertsonalaren araberako proiektuak garatzeko aukera eskaintzen da, eta askatasunak garrantzi handia du bertan[21].

Erreferentziak

aldatu
  1. (Frantsesez) «L'école maternelle est-elle obligatoire en France ?» droit-finances (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
  2. (Frantsesez) «Instruction obligatoire dès 3 ans : qu’est-ce que cela va changer ?» le Parisien (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
  3. a b c (Frantsesez) «Instruction obligatoire» service-public.fr (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
  4. Lete Urdalleta, Irati. «Eusko Legebiltzarrak Euneiz unibertsitate pribatua sortzea onartu du» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-11-15).
  5. a b c d e Bai eskolak euskalduntzeari![Betiko hautsitako esteka]
  6. a b c Eustat[Betiko hautsitako esteka]
  7. Instituto de Estadística de Navarra
  8. a b Aztikerren azterketa[Betiko hautsitako esteka]
  9. Gobierno de Navarra
  10. Eskolak euskaldundu behar du![Betiko hautsitako esteka]
  11. «Erakaskuntza publiko elebidunaren defentza» Ikas Bi (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).[Betiko hautsitako esteka]
  12. «Lapurdiko eskola publikoetan hedatzen ari da murgiltze eredua» Iparraldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
  13. Teyseyre Koskarat, Oihana. «Beste bi eskola publikotan murgiltze esperimentazioa jartzea onartu dute» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
  14. «Frantziak ez du eskola publikoetan murgiltze eredurik ezarriko» EITB (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
  15. «Seaskako Historikoa» seaska.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
  16. «Baionan Estitxu Robles Arangiz kolegioa estreinatu dute» Francebleu (Noiz kontsultatua: 2019-11-10).
  17. Le mouvement culturel basque 1951-2001: Filières bilingues. Seaska, AEK, ELKAR ISBN 2-913156-67-3..
  18. Teyseyre, Ekhi Erremundegi Beloki-Oihana. «ESKOLA ZAKUAN EUSKARA GUTXI» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-12-25).
  19. «Tximeleta. Hamahiru urtez hezkuntza berri baten bila»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2015-01-07
  20. «Bizi Toki. Alternatiba eskolari, eremu kolektiboan»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2015-01-07
  21. «Zingira. Euskaraz eta naturarekin bat», Berria, 2015-01-07

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu