GoiEner

Energia berriztagarrien kontsumo kooperatiba

Goiener energia berriztagarria sortu eta salerostea helburu duen kontsumo kooperatiba bat da, irabazi asmorik gabekoa. Kooperatibaren helburu nagusia % 100 energia berriztagarriko iturburua duen elektrizitatea merkaturatzea da, eta, horrekin batera, eredu energetikoa aldatzea, sentsibilizazio eta trebakuntza-lanak eginez[1].

Goiener, S.Coop
EsloganaHerriarentzat (argi)indarra (Power to the people)
MotaKooperatiba
SektoreaElektrikoa
Sorrera2012
EgoitzaOrdizia
Langileak55
Webguneahttps://www.goiener.eus

Kooperatiba honek lan egiten du herritarrek energiaren kontsumo eta salmentaren kontrola berreskuratu dezaten, kontsumo arduratsu eta jasangarria bultzatuz, energia berriztagarriak erabiliz.

Goienerren ustez, gaur egungo ereduan energia-instalazioak kudeatzen dituzten enpresek dirua irabazteko asmoa dute gehienbat, eta horregatik, kontrako planteamendua bultzatu nahi du, alegia, sorkuntza-instalazio asko erabili (txikiak eta lurralde osoan banatutakoak), tokiko garapen ekonomikoa sustatuz. Horrez gain, helburuen artean ditu, baita ere, energiaren ekoizpena deszentralizatzea eta jasangarritasun energetikoaren inguruan gizartea informatzea eta prestatzea.

Goiener S.Coop., Nafarkoop Energia Gizarte-ekimeneko Kooperatiba, Energiarekin S.Coop. S.Coop eta Goiener Elkarteak, Goiener Taldea osatzen dute.

Nola bermatu energia berdea izatea?

aldatu

Goienerreko bazkideek kontsumitzen duten energia elektrikoa berriztagarria dela bermatzeko, elektrizitatea merkatuan erosten duenean, energia berriztagarria soilik ekoiztearen berme-ziurtagariak (JBZ) lortzen ditu elkarteak. Erositako elektrizitatearen % 100ak jatorri berriztagarria izan behar du; beraz, kantitate horren adinako JBZ agiri eskuratzen ditu. Horrez gain, energia-sorkuntzarako instalazio txikiak (fotovoltaikoa, biomasa, biogasa eta eolikoa) bultzatzen ditu, horrela, etorkizunean bazkide guztien energia-eskaria autohornitzeko asmoz.

Energiaren banaketarako, Goienerrek sare elektriko konbentzionala erabiltzen du dagokion ordainsaria ordainduz.

Goiener 2012-2017

aldatu

Bi mila eta hamabigarren urtearen amaieran sortu zen Goiener Gipuzkoan, eta "Euskadiko Kooperatiben Erregistroan" sartu zen. Hasieratik elkarlana bultzatu du beste elkarte batzuekin, eta atxikimendu ugari lortu ditu: udaletxeak, Ner Group, Gipuzkoako Foru Aldundia, Udalbiltza, Argia, HUHEZI...

Urtez urte indarra hartuz joan da elkartea. Bere ibilbidean, estatuko "Union Renovables" eragilearen bultzatzaile nagusia izan zen 2016an eta Europako zenbait topaketetan parte hartu du 2017an. Europako REScoop.eu berriztagarrien sareko kide ere bada.

Gaur egun, hogei mila argindar kontratutik gora kudeatzen ditu eta hamabost mila bazkidetik gora ditu[2]. Bazkideak honelaxe daude banatuta lurraldearen arabera:

Sorkuntza proiektuak

aldatu

2018ko ekainean %100 jatorri berriztagarriko argindar sorkuntza proiektu propioak abian jartzeko bazkideen artean dirua biltzen hasi zen kooperatiba, Sorkwhtza izeneko ekimenarekin. Goiener Taldeak sorkuntza proiektu horiek aurrera ateratzeko 2015ean sortutako Nafarkoop kooperatiba baliatu zuen. Ekimen honetako lehen proiektuak izan ziren: Hernaniko Fagollaga zentral hidraulikoaren erosketa eta iparraldeko I-Ener kooperatibaren instalazio fotovoltaikoak finantzatzea.[3] Gero etorriko zen Oñatiko Ur Jauziak erakundeko bazkide bihurtzea % 10eko parte hartzearekin.[4]

2020ko martxoan Goiener Taldeak bere bazkideen artean 400.000 euro biltzeko deialdia egin zuen eta hiru aste beranduago helburua lortua zuen, bost ikastolatan autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak egiteko. Instalazioak egingo diren eraikinak Nafarroan Argia Ikastola (Fontellas) eta Andra Mari Ikastola (Etxarri Aranatz), Gipuzkoan Laskorain Ikastola (Tolosa), Bizkaian Eleizalde Ikastola (Bermeo) eta Araban Armentia Ikastola (Gasteiz). Guztira 359 kWp instalatuko dira eta urtean 410.000 kWh-tik gora argindar sortuko dira gutxi gorabehera.[5]

Erreferentziak

aldatu
  1. https://www.elcorreo.com/zurekin/goiener-argindarren-euskal-20220616122632-nt.html
  2. «Bazkide mapa» GoiEner (Noiz kontsultatua: 2021-01-09).
  3. «Berriztagarriak sortzera goaz bazkideen laguntzarekin» GoiEner (Noiz kontsultatua: 2018-06-30).
  4. «Azken jauzia» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-07-09).
  5. «5 ikastoletan instalazio fotovoltaikoak egiteko finantzazioa lortu dugu» Nafarkoop (Noiz kontsultatua: 2020-04-08).

Kanpo estekak

aldatu