Barduliarrak[1] (latinez: vardulii) (antzinako grekoz: Ba′ ρδυ‑[(η′τ)‑αι] edo Ba′ ρδυ‑[(ι′τ)‑αι], bardietak edo barduetak)[2] antzinako erromatarrek Hispania lurraldearen iparraldean kokatu zuten jende bat da, baskoien mendebaldean eta karistiarren eta Deba ibaiaren ekialdean.[3]. Adituen artean, zalantzazkoa da baskoiekin lotura zuen akitaniar herria,[4] edo kantabri eta zeltiberiar herriekin lotura zuen herria zeltikoa edo indoeuroparra izan zen ala ez.[5] Eztabaida hori baskonizazio berantiarraren teoriarenari lotuta dago.

Talde etniko infotaulaBarduliar
Motatalde etniko historiko
EponimoaBardulia
Hedapen mapa
Basque tribes.png

EtimologiaAldatu

Idazle erromatar eta helenistikoek, konkistatzen zituzten herriak izendatzeko etnonimoak erabiltzen zituzten, hau da, leinu edo nazioa osatzen zuten jende multzoa izendatzen zuten, ez herrialdea bera. Hau da, Erdi Aroa arte ez da "Vardulia" bat existituko, eta beraz, Antzin Aroan, Vardulii ez dira Varduliako bizilagunak (Barduliarrak), baizik eta kultura edota egitura politiko bat partekatzen duten jendea (Ijitoak edo juduak esatea bezala, edo gaur egun Ameriketako jatorrizko herriak izendatzeko erabiltzen ditugun izenen antzekoak).

Ez da ziur ezagutzen hitz honen jatorria edota esanahia, baina proposatu da -bard erroa, indoeuroperazkoa batzuentzat eta aurre-indoeuroperazkoa beste batzuentzat[6], muga esan nahi duela.

Varduli etnominoa gero Goi Erdi Aroan Gaztela Zaharraren sehaska izan zen Bardulia izeneko eremuan agertuko da. Julio Caro Barojak, hori ikusita, esan zuen Vardulii izenak ez zuela euskal jatorririk.[7]

EremuakAldatu

Gaur egungo ia Gipuzkoa osoan (ipar-ekialde baskoia eta mendebal karistiarra izan ezik) eta Araba ekialdean bizi izan ziren barduliarrak. Deba ibaiak mugatzen zituen, mendebalean, karistiarrengandik. Egungo Trebiñu konderriko lur barduliarrek egiten zuten muga hegoaldean (Errioxan) bizi ziren beroiar zelten lurraldeekin, eta Oiartzun ibaiaren bokaletik hegoalderako mendizerrak mugatzen zituen barduliarren eta baskoien lurraldeak. Tito Livio, Estrabon, Ptolomeo, Ponponio Mela eta Plinio geografo eta historialari erromatarrek aipatu zituzten barduliarrak, antz handiko izen desberdinez, Kantauri aldeko ekialdean beti eta, lurralde horrez gainera, karistiar nahiz autrigoiarrei zegozkien lurraldeetako biztanleak bailiran.

HiriakAldatu

Egungo Gipuzkoako barduliar hirien aipamenik ia bat ere ez da jaso (Menosca izenekoa, Deba eta Oiasso arteko erdibidean; eta Morogi, egungo Astigarraga inguruan); badirudi ugariago zirela Araba aldeko barduliar hiriguneak, baita Goi Erdi Aroaan ere: Gabalaeca (Galarreta?), Gebala (Gebara), Tullonium (Dulantzi), Alba (Albeiza). Gipuzkoako Oiasso erromatar hirigunea baskoi lurraldean zegoen (gaur egungo Irunen). Deba ibaiaren bokalean zegoen Tritium Tuboricum hiriari buruzko aipamenak ere badira (Mela, Ptolomeo). Bisigodoen ondoren, barduliarrak baskoitzat (vascones) izan ziren izendatuak eskuarki.

HizkuntzaAldatu

Beharbada aitzineuskaraz hitz egiten zuten, baina orduko dokumentuetan ageri diren biztanlegune gutxien izenek ez dute euskararen antz handirik eta horrenbestez indoeuropar herri bat zirela aldeztu dute zenbait historialarik eta hizkuntzalarik. Haien iritzira, barduliarrak, karistiarrak eta autrigoiak ez ziren euskaldunak, eta baskoiak ziren gaur egun Hego Euskal Herria den eremu horretan garai hartan bizi zen euskal tribu bakarra. Erromatarren aurreko garaiez eginiko ikerketek adierazten dute, ordea, pareko kultura oinarriak zituztela egungo euskal herrialde guztietan. Toponimiak, bestalde, euskararen nagusitasuna adierazten du, barduliarren lurraldeetan; zelta jatorria dutenak eta (geroago) erromatar jatorria dutenak han-hemenka barreiaturik ageri dira. Bestalde, erromatar historialariek diote leinu horiek guztiek eta kantabriar nahiz asturiar indoeuropar herriek ez zituztela, oro har, ezaugarri berak.

Mapari begiratuta, barduliarren lurralde mugak eta gipuzkerarenak mendebaldean eta ekialdean bateratsu datozela ikusirik, euskalki horren jatorria barduliarren artean jarri zuten zenbait adituk behinola, baina gaur egungo datuek diote gipuzkera askoz geroago sortu zela, X. mendearen inguruan.

HistoriaAldatu

 
Bremenium erromatar gotorlekuko mendebaldeko atea, egun Ingalaterra iparraldeko High Rochester herrian. Barduliarren kohortea bertan kuarteleratuta egon zen II. mendean.

Erromatarren garaietan lehendabiziko aipamena Estrabonek egin zuen, Bardyetai izena eman ziena, eta kantabriarren eta baskoi artean kokatu zuen bere lurraldea; Ptolomeok, berriz, egungo Gipuzkoan kokatu zuen bere lurra eta Plinio Zaharraren Naturalis Historiaren arabera,[8] Flaviobriga, egungo Castro Urdiales zena, barduliar hiria izan zen. Ponponio Melak berriro baskoi eta karistiarren artean kokatu zuen bere lurra, kostaldean. Aldaketa hauen zergatia Kantabriar Gerren ondorioz sortutako herri-mugimenduan izan daiteke. Barduliar biztanleriaren lehenengo errolda Augustoren agintaldian egin zuten.[9]

Erromatarren konkista eta antolaketa administratiboaren ondorioz, barduloak komentu juridiko zesaraugustoarrean ala kluniarraren barruan sartu ziren eztabaidagai da.[10]

K. a. 114an, Gaio Mariok barduliar guardia pertsonal zuen, Erroman Barduaioí esklabo izendatua. K. a. 44. urterako, Ponponio Melak hala esana, barduliarrak Pirinioen aldean zeuden lurraldetan bizi ziren eta herri batua osatzen zuten. Kantabriarren porrotak ez zuen eraginik barduliarren artean gerretan parte hartu ez zutelako.Britanian bazeuden barduliar kohorteak: egungo Rochesterren (orduko Bremenium) zegoen aldare bateko idazkun batean barduliarrak aipatuak izan ziren eta Hadrianoren Harresiaren 19. gotorlekuan Barduliarren Lehenengo Kohorteak egindako aldare bat dago, Matres ama jainkosei eskainia. Barduliarren Lehenengo Kohorte hura Antoninoren Harresian, Durhamgo Longovicium, Northumberlandeko Bremenium eta Corstopitum gotorlekuetan eta Cappuckeko Dere kalean zeuden idazkunetan ere ageri da.[11]

 
Gure Jaunaren eta Varduliarren lehen kohortearen eta Bremeniumeko esploratzaileen taldearen estandartearen jenioari eskainitako aldarea, K.o 238-241 (High Rochester, Erresuma Batua), 1852an aurkitua.

Barduliarren azken aipamena Hidaziok egin zuen. Apezpikuak pirata heruloen erasoak aipatu zituen, 400. eta, berriro, 456. urteetan.

« Ad sedes propias redeuntes, Cantabriarum et Vardaliarum loca maritima crudelissime deproedatio sunt. »
Fontes Hispaniae Antiquae, IX, p. 74

Aditu batzuen ustez, karistiar, autrigoi eta barduliarren arteko harreman etniko, politiko eta linguistikoek herrien batasuna bultzatu zuten, Bardulia sortuz.[4]

Gipuzkoako armarriak honako legenda du: Fidelissima Bardulia, Nunquam Superata,[12] hau da, "Bardulia leialena, inoiz ez garaitua".

ErreferentziakAldatu

  1. Euskaltzaindia. (2015-1-30). 174. araua: Antzinateko herriak. Ekialdeko eta Europako herriak. , 3 or..
  2. (Frantsesez) Iglesias, Hector. (2008). "Les Vardules: exposé historique et linguistique concernant les “Guipuzcoans” de l’Antiquité et quelques autres peuples de l’Hispania et de l’Aquitania de l’époque romaine". Revista portuguesa de arqueologia. Instituto Português de Arqueologia, 163 or..
  3. Van Nostrand, John James Jr. (1916). «The reorganization of Spain by Augustus» University of California Publications in History (4): 122ff..
  4. a b Gurrutxaga, Ildefonso. Localización de algunas ciudades várdulas citadas por Mela y Ptolomeo. .[Betiko hautsitako esteka]
  5. (Gaztelaniaz) Urteaga, Mercedes. El puerto romano de Irun. .
  6. «VARDULIA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-06).
  7. (Gaztelaniaz) Caro Baroja, Julio. (1976). Los pueblos de España. .
  8. In Cluniensem conventum Varduli ducunt populos xiiii (Plinio iii.26); A Pyranaeo per oceanum Vasconum saltus, Olarso, Vardulorum oppida.... iv.110.
  9. Corpus Inscriptionum Latinarum vi, 1463, Van Nostrand 1916:123.
  10. (Gaztelaniaz) Beltrán Lloris, Francisco; Velaza, Javier. (2013). «El límite occidental del convento jurídico cesaraugustano» Cuadernos de Arqueología. Universidad de Navarra (Universidad de Navarra) (21): 51 – 71..
  11. Roman Britain Organisation. BREMENIVM Roman Fort & Marching Camps. .
  12. Gipuzkoako Batzar Nagusiak - Armarria eta bandera

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Barduliar