Bandera oihal zati bat da, normalean laukizuzena, alde batean masta batetik eusten dena eta batez ere gizataldeen ikur edo bereizgarritzat balio duena. Sinonimotzat erabili izan da ikurrin izena ere, baina gaur egun gutxi erabilia da esanahi horrekin,[1] ikurrina berez Euskal Herriko bandera izendatzeko erabiltzen baita.

Banderak NBEren egoitzan
Euskal Herriko bandera (Ikurrina) Mauleko gazteluan.

Banderek nazio, estatu, hiri, dinastia, elkarte eta abarren ikur izateko erabiltzen dira batez ere. Egoera juridiko, militar eta teknikoak (besteak beste) adierazteko ere balio izaten du. Horrez gain, banderak askotariko mezuak transmititzeko ere erabiltzen dira. Esate baterako, 1 Formulan, egoerak jakinarazteko erabiltzen dira.

Banderak aztertzen dituen zientzia bexilologia izenaz ezagutzen da.

Historia

aldatu

Banderaren jatorria ezezaguna da[2]. Antzinaroan, gerrako zutoihalak erabiltzen ziren, "bandera-antzeko" edo bexiloide gisa sailka daitezkeenak, antzinako Egipton edo Asirian sortuak[3]. Adibideen artean daude sasandarren Derafsh Kaviani gerra zutoihala, Zesar Augustoren X. legioaren arranoa edo sarmaziarren dragoi-zutoihalak. Azken hau, zaldun batek eramaten zuenez, haizeak eragiten zion oihal bat zuen, baina irudikapen batzuen arabera, dragoi-parpaila luze baten antz handiagoa zuen, bandera soil batena baino.

Gaur egun banderatzat ezagutzen direnak, hau da, gizatalde partikular bat irudikatzen duten oihal zatiak, Indiako azpikontinentean edo Txinako Zhou dinastian (K.a. 1046-256) agertu ziren lehen aldiz. Txinako banderek animalia koloretsuak zituzten, eta errege-banderak gobernari eskainitako antzeko errespetuz tratatu behar ziren. Indiako banderak hirukiak ziren askotan, eta apaintzeko osagarriak zituzten, hala nola jak isatsak edo estatu-aterkiak. Erabilera hauek Asia hego-ekialdera ere hedatu ziren, eta Europara iritsi mundu musulmanean barna, non kolore bakarreko banderak erabiltzen ziren islamaren aginduen ondorioz[3].

Europan, Goi Erdi Aroan, banderak nagusiki guduan erabili ziren erakusgai heraldiko bezala, zaldunak errazago identifikatu ahal izateko ezkutu gainean margotutako armarri soilekin baino. Behe Erdi Aroan, hiri-estatuak eta herrialdeak ere, Suitzako Konfederazio Zaharrekoak kasu, hasi ziren banderak erabiltzen landa-seinale gisa.

Nabigazio handien garaian, batez ere XVII. mende hasieratik, itsasontzien jatorria adierazten zuen bandera eramateko ohitura zegoen, gero legezko betebehar izango zena. Bandera hauek, batzuetan, gaurko bandera nazional eta itsas bandera bihurtu ziren. Era berean, banderak itsasoko komunikazio-bide gogokoena bihurtu ziren, hainbat bandera-seinalezko sistema garatuz.

Militarren edo itsasontzien testuingurutik kanpoko banderen erabilera XVIII. mende amaieran hasi zen, sentimendu nazionalistaren gorakadarekin, nahiz eta bandera batzuk lehenagokoak izan. Adibidez, Austria, Danimarka edo Turkia bezalako herrialdeetako banderak elezaharretatik sortu ziren, beste asko, Polonia eta Suitzakoak barne, Erdi Aroko ikur armarrietatik sortu ziren bitartean. XVIII. mendetik aurrera, bandera nazionalen sorrera areagotu zen, askotan borroka iraultzaileen ondorioz. Horien artean daude, adibidez, Frantziakoa eta AEBetakoa.

Aldaketa politikoak eta erreforma sozialak, jende arruntaren nazio-sentimenduaren areagotzearekin batera, mundu osoan estatu eta bandera berriak sortzea ekarri zuten XIX. eta XX. mendeetan[4]. Horien artea dago Euskal Herriko bandera, 1894an sortua.

Itxura eta diseinua

aldatu
 
Nepalgo bandera, laukizuzena ez den estatu-bandera bat.
 
Suitzako bandera, estatu-bandera laukia.

Banderak, oro har, laukizuzenak izaten dira (askotan 2:3, 1:2 edo 3:5 proportzioan), baina airean ibiltzeko edozein itxura edo tamainatakoak izan daitezke, laukia, hirukia edo enara-buztan itxurakoa barne. Estatu-banderen artean ezohikoena Nepalgoa da, bi hiruki gainjarriz osatua dagoena.

Ohiko diseinuen artean agertzen dira gurutzeak, marrak eta azaleraren banaketak ("eremuak") banda edo laurdenetan, batez ere heraldikatik eratorritako printzipioak jarraituz. Batzuetan armarriak erabiltzen dira banderak egiteko ia aldaketarik gabe, bandera heraldikoak sortuz, hala nola Nafarroako bandera (bertsio ez ofizialean) edo Kiribatiko bandera.

Koloreak izen arruntekin deskribatu ohi dira, "gorria" esaterako, baina gehiago zehaztu daitezke kolorimetriaz. Adibidez, Ikurrina deskribatzeko “gorria, berdea eta zuria” esaten da, baita testu ofizialetan ere, baina gehiago zehazteko gorrirako Pantone 485 C (% 100 magenta eta %100 horia) eta berderako Pantone 347C (% 100 ziana eta %100 horia) erabiltzen da[5].

Bandera asko aidez alde tindatzen dira, fabrikazio merkea izan dadin; horrela, ifrentzua (atzealdea) aurkiaren (aurrealdearen) irudi espekularra da.

Hainbat ezaugarri dituzte aurkia (aurrealdea) eta ifrentzua (atzealdea) definitzean (aurkia, normalean, makila ezkerraldean dagoenean da):

  • aurkia eta ifrentzua berdinak dira. Behatzailearen eta makilaren kokapenak ez dute eraginik. Diseinua guztiz simetrikoa bada, oihala aldez alde tindatu daiteke. Adibidez: ikurrina, Japoniako bandera, Kanadako bandera eta abar. Diseinua ez bada guztiz sumetrikoa, adibidez testua duelako, eta bi oihal elkarrekin josi behar dira. Adibidez: Brasilgo bandera.
  • aurkia eta ifrentzua simetrikoak dira (ezker-eskuin ispilukatuak). Adibidez: AEBetako bandera (izardun kantoia beti makilaren aldean), Frantziako bandera (urdina beti makilaren aldean) eta abar.
  • aurkia eta ifrentzua desberdinak dira (ikurra:  ). Gehienetan aldaketa txikiak dira. Kasu hauetan, ezin da oihala aldez alde tindatu, eta bi oihal elkarrekin josi behar dira. Adibidez: Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko bandera (ifrentzua guztiz gorria da), Paraguaiko bandera eta abar.

Atalak

aldatu

Bandera baten atal nagusiak honako hauek dira: oihala (bandera bera), kantoia (makilaldeko goiko laurdena), hondoa[6] edo eremua (oihalaren kolore nagusia, kantoiaren eta diseinu gehigarrien atzetik), makilaldea[erreferentzia behar] (bandera makilari lotzeko erabiltzen den ertza) eta haizealdea[erreferentzia behar] (makiletik urrunen dagoen ertza).

Makila edo haga bat erabiliz goititzen dira, haien goiko muturrean. Batzuetan, makila erdira edo haga erdira jeitsi daitezke, dolua adierazteko.

Erabilerak

aldatu

Banderek, askotan, gizataldeak edo lire aldean sinbolizatzen dituzte, hala nola jaietako banderak, bandera nazionalak edo hirietako banderak. Gainera, bandera nazionalak herrialdearen beste ezaugarri bat ere adieraz dezake, hizkuntza ofiziala kasu. Halaber, badira mezuak igortzeko banderak, seinale banderak adibidez, edo egoerei buruz informatzeko, hondartzan bainatzeko argibideak esaterako. Iragarkiak egiteko edo eraikinak, aretoak eta kaleak apaintzeko ere erabiltzen dira.

Bandera nazionalak

aldatu

Ia estatu edo nazio guztiek dute bandera nazional bat ikur nazional gisa. Bandera horien deskribapena konstituzioan bertan ezartzen da sarritan. Bexilologia modernoan, banderaren erabilera mota adierazteko ikur laukidun estandarizatuak erabiltzen dira (FIAV ikurra:  ). Erabileraren arabera, banderak honela sailkatzen dira:

  • Bandera zibila ( ) itsasontzietako banderetatik sortu zen, zeinen bidez nazionalitatea ezagutu ahal izaten zen. Gaur egun, herritar guztiek erabil dezaketen estatu-bandera adierazten du. Bandera nazionalaren aldaera hedatuena izan ohi da.
  • Merkataritza bandera ( ) merkataritza-ontzi baten txopan eramaten den bandera da. Nazio askotan, merkataritza bandera eta bandera nazionala berdinak dira.
  • Erakunde bandera edo instituzionala ( ) estatu bateko erakunde publikoek erabiltzeko bandera nazional berezia da. Oro har, bandera nazionaletik ezberdina da armarri nazionala duelako.
  • Gerrako bandera ( ) indar armatuen zerbitzuko bandera da, historikoki gerraontzien txopako banderan oinarritua. Zenbait naziok lurreko gerrako bandera (lurreko armadaren bandera  ) eta itsasoko gerrako bandera (itsas armadaren bandera  ) bereizten dituzte. Gerrako bandera batek ez du esan nahi gerra-egoera denik, adibidez maniobretan ere erabiltzen baita.

Estatuburuak askotan bere bandera dauka, tokian bertan dagoenean goratzen dena.

Seinale banderak

aldatu

Urrutitik ikusten direnez, banderen erabileran oinarritutako seinale-kodeak garatu dira urrutiko mezuak igortzeko: itsas seinale-banderak eta semaforo banderak. Orain arte, batez ere itsasoan erabili izan dira, baina beste arlo batzuetan ere aplikatzen dira:

  • burdinbide sisteman, adibidez, maniobrak egitean.
  • zaindutako hondartzetan, banderak soroslea bertan dagoela adierazten du. Batzuetan, zaintza eremua bandera bi banderen artean zedarritzen da[7]. Baina, batez ere, bainatzeko baldintzak adierazten ditu, itsasoaren egoeraren arabera. Euskal Herrian honakoak erabiltzen dira, besteak beste[7][8]:
    • bandera gorria: bainu librea
    • bandera horia: arretaz bainatu
    • bandera berdea: bainu debekatua

Kirola

aldatu
 
Lasterketaren edo entrenamendu-saioaren amaiera automobilismoan.

Kirol askoren arauek seinale-banderen erabilera definitzen dute, adibidez:

  • Automobilismoan, informazio jakin bat erakusten zaie parte-hartzaileei, adibidez arriskua, deskalifikazioa edo helmuga.
  • Futbolean marrazainek banderak darabilte. Zelaia mugatzeko ere erabiltzen dira.

Bestalde, ikusleek eta jarraitzaileek euren talde edo kirolariarekiko begikotasuna adierazteko erabiltzen dituzte. Ohikoak dira, adibidez futbol taldeen banderak futbol zelaietatik kanpo erabiltzea, balkoietan zintzilik esaterako.

Politika

aldatu

Mugimendu politiko askok, alderdiak barne, banderak erabiltzen dituzte, taldekide izatearen seinale edo ideia politiko gisa agertzen direnak. Bandera nazionalek bezala, kolore eta ikur adierazgarriak dituzte. Mugimendu edota alderdi politikoen bandera ezagunenen artea daude komunismoa eta sozialismoa adierazten duten bandera gorria.

Nazioarteko erakundeak

aldatu
 
Olinpiar Jokoetako bandera

Nazioarteko erakunde zibil eta militar askok edo gobernuz kanpoko erakunde askok beren banderak dituzte. Nazioarteko bandera garrantzitsuenen artean daude Nazio Batuen bandera, NATO, Batzar Islamikoko Erakundea, Europako bandera eta Olinpiar Jokoak. Nazioarteko banderarik garrantzitsuena, ziur asko, Gurutze Gorriaren bandera da, denbora luzez nazioarteko zuzenbide modernoan aitortuak izan baitira eta bandera horiekin markatutako lekuak ezin baitziren eraso.

Erreferentziak

aldatu
  1. «ikurrin», Euskaltzaindiaren Hiztegia (Kontsulta data: 2020-05-21).
  2. (Ingelesez) Inglefield, p. 39.
  3. a b (Ingelesez)Flag | heraldry. Encyclopedia Britannica. Kontsulta: 2019-2-15.
  4. (Ingelesez) Inglefield, p. 50.
  5. Ikurrina: Ezaugarri teknikoak, Eusko Jaurlaritza (Kontsulta: 2020-05-25)
  6. “Hondoa” ageri da, adibidez, Ikurrinaren bandera ofiziala izendatu zuen lehen dekretuan (1936ko urriaren 19an): Euzkadi'ko ikurriña, ondoz gorria izango da. (Ikurrina: ezaugarri teknikoak, Eusko Jaurlaritza)
  7. a b Bainatzeko eta itsas aktibitateetarako baldintzak Donibane Lohizuneko Herriko Etxearen webgunean (Kontsulta: 2020-05-30)
  8. Hondartza eta malekoia Zarautzen Zarauzko udalaren webgunean (Kontsulta: 2020-05-30)

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu