Liberalismo

ikuspegi politiko bat

Liberalismoa askatasun indibidualak azpimarratu eta gobernuen botere kolektiboaren mugatzea bultzatzen duen pentsamendu edo korronte filosofiko, sozial, ekonomiko nahiz politikoa da. Oinarri hauek ditu:

  • Gizabanakoaren askatasunaren garapena; horretatik abiatuz, gizartearen garapena.
  • Zuzenbide Estatua ezartzea eta defendatzea, non gizabanako guztiak lege beren mende egongo baitira.

Liberalismoaren egungo ulerkera

aldatu

Liberalismoak bilakaera bitxia izan du XX. mendean: arian-arian ahulduz joan da hauteskunde-indar gisa Mendebaldeko herrialde gehienetan, baina, hala eta guztiz ere, indartsu dirau teoria- edo proposamen-bilduma gisa, eta eragin handia du oraindik ideologian. Gaur egun, indar politiko asko liberalen hizkeraz baliatzen dira beren programak herritarrei eskaintzeko, eta, besteak beste, gizabanakoaren eskubideak, demokrazia eta merkatua aldezten dituzte, liberalen antzera. Aro liberal batean bizi garela esan daiteke: kontserbadoreek eta sozialistek, liberalen aurkari ideologikoak diren arren, bere egin dituzte hasiera batean liberalismoaren ezaugarri ziren postulatuetako batzuk (hala nola legearen nagusitasuna, botereen banaketa edo tolerantziaren defentsa). Balio liberalak Mendebaldeko Europako estatu modernoen eta sistema ekonomiko zein sozialen mamia eta azala dira eta, hain zuzen ere, horregatik du liberalismoak hain eragin handia beste joera politiko batzuetan. Ideologia liberala Mendebaldean sortu zen, baina, denboraren joanean, munduko beste alde batzuetara esportatu ditu bere balioak, leku guztietan arrakasta berdina izan ez badu ere.

Liberalismoaren hiru adarrak: filosofikoa, soziala eta politikoa

aldatu

Doktrina liberalaren oinarrizko ideia ulertzeko, idazle liberal garrantzitsuenak gogora ekarri ordez, hobe da ideologia horren osagaiak aztertzea. Izan ere, nahikoa erraza da autore liberalen zerrenda egitea (John Locke, Adam Smith, Montesquieu, Thomas Jefferson, John Stuart Mill, Lord Acton, T.H. Green, John Dewey, John Rawis); haiek guztiak zertan datozen bat azaltzea, aldiz, askoz ere lantegi zailagoa da. Beraz, liberalismoa aztertzeko saio honetan, azken zeregin hori landuko da nagusiki. Liberalismoaren doktrinan hiru osagai bereiz daitezke azterbidez (praktikan nahasirik ageri baitira hirurak): filosofikoa, soziala eta, azkenik, politikoa, aurreko bien ondorio.

Filosofia liberala

aldatu
 
John Locke.

Filosofiaren arloan, liberalek berdintasuna, askatasuna, indibidualismoa eta arrazionalismoa aldarrikatzen dituzte, eta atxikimendu ezin sendoagoa agertzen diete lau oinarri horiei. Haien arabera, berdintasunak esan nahi du ereduzko gizarte liberal batean gizabanako guztiek aukera berdina izango luketela norberaren gaitasun eta antzeak baliatzeko. Beste era batera esanda, liberalismoak estatus moral berbera ezagutzen die gizabanako guztiei eta, guztiek balio moral berbera dutenez, ez du zilegitzat jotzen politikaren zein legearen arloan inoren bereizkeriarik egitea; horretan datza liberalismoaren berdinzaletasuna. Lockek (1632-1704), liberalismoaren pentsalari nagusietako batek, honela dio pasarte honetan: "Printzeak, jaiotzez beste gizakien gainetik badaude ere, berez haien berdinak dira". Liberalen ustez, gizabanakoen arteko lehian aukera berdina izan behar dute denek; baldintza hori ezinbestekoa da lehiaren emaitza zuzena izan dadin, zeren eta gaitasun estimatuagoak dituzten gizabanakoek gizarteak hain estimu handitan ez dauzkan ahalmenen jabe direnek baino sari gehiago jasoko baitituzte. Merezi gabeko pribilejioek abantaila ematen diete gizabanako edo talde batzuei, besteen kaltean, eta, horregatik, liberalek ez dute batere gogoko gizartean horrelako pribilejiorik izatea.

Horixe da, beraz, berdintasuna liberalentzat, eta ezaugarri horrek sozialismotik eta beste joera politiko batzuetatik bereizten ditu. Izan ere, sozialistek gizabanako guztien maila ekonomiko, sozial eta kulturala ahalik eta berdinena izatea nahi dute (hau da, liberalek ez bezala, aukera-berdintasuna ez ezik, emaitzen berdintasuna ere lortu nahi dute). Dena dela, askatasuna da liberalismoaren oinarri nagusia. Askatasunak, batetik, norberaren nahiak gauzatzea ahalbidetzen die gizabanakoei, eta bestetik, berriz, gizakiaren behar iraunkorra da, gizakiaren “izaerak” edo “funtsak” berezko duen zerbait; liberal guztiak bat datoz horretan. Askatasuna, beraz, gizakiaren beharrizanik funtsezkoena da, baina, horretaz gaiera, beste helburu batzuk erdiesteko bidea ere bada. Jabetza da xede horietako bat. Horregatik, gizartean bizi diren gizabanako guzti-guztientzat ahalik eta askatasunik handiena lortzen saiatu dira liberalak historian zehar (Antzinako Erregimenak askatasunari jarri zizkion oztopoen kontra borrokatuz, besteak beste).

Liberalismoa, bestetik, indibidualista da: gizabanakoaren gailentasuna aldarrikatzen du. Liberalen ustez, gizabanakoa edozein gizarteren eskakizunen gainetik dago. Horregatik, sutsuki aldezten dituzte gizabanakoaren eskubideak, baina ez dituzte aintzat hartzen eskubide kolektiboak (esaterako, nazioen autodeterminazio-eskubidea).

 
John Stuart Mill (1806–1873), liberalismoaren aitzindarietako bat.

Azkenik, liberalek arrazionalismoa aldezten dute. Printzipio horren arabera, uste eta iritzi guztien azterketa kritikoa egin beharko litzateke, zenbaterainoko balioa duten neurtzeko, eta, azterketa horren ondorioz, uste eta iritzi horiek baztertu, ontzat eman edo neurri batean aldatu. Horri dagokionez, John Stuart Millek (1806-1873), beste pentsalari liberal handi batek, hau adierazi zuen: "Gizakiak gai oso baten ezagutzara hurbiltzeko duen bide bakarra gai horri buruzko iritzi desberdin guztiak entzutea da", eta "gai bati buruz bere jarrera baino ezagutzen ez duenak ezer gutxi daki gai horretaz". Bestetik, liberalen aburuz, gizabanakoak badaki zer nahi duen, eta gai da bere interes eta helburuak modu zentzuzko batez erdiesteko, hau da, haien on-gaitzak kontuan hartuz.

Liberalen ustez, lau printzipio horiek elkarrekin loturik daude. Hala ere, oso iritzi desberdinak agertzen dituzte lotura hori interpretatzeko orduan. Liberal batzuen iritziz, esaterako, askatasuna babestuko bada, Estatuak gizartean eta gure bizitzan esku hartzen jarraitu behar du, baina legea betearazteko eta ordenari eusteko bakarrik. Haien ustez, beraz, botere publikoek askatasuna, jabetza eta segurtasuna bermatzearekin zerikusirik duten eginkizunak soilik bete beharko lituzkete. Auzitegiak, polizia eta armada dira Estatuak finantzatu eta atxiki beharreko erakunde bakarrak. Beste liberal batzuen ustez, ordea, Estatuak nahitaez bermatu behar dizkie herritar guztiei hezkuntza publikoa, osasuna, langabezia-asegurua eta haien ongizaterako beharrezkoak diren beste baliabide batzuk. Liberal horiek diotenez, justizia sozialaz arduratzen ez den askatasuna askatasun formala da, erretorikoa, edukirik gabea. Hala ere, aldeak alde, liberal guztiek goian aipaturiko oinarriak aldarrikatzen dituzte; printzipio horiek gauzatzeko moduak bereizten ditu elkarrengandik, hau da, bide desberdinak proposatzen dituzte balio horiek sustatzeko eta gordetzeko.

Filosofo liberal ospetsuak

aldatu
  • John Locke (1632-1704). Ingeles filosofo eta politikaria. Obra aipagarriak ditu, besteak beste: Tolerantziari buruzko gutuna (1689), Gobernu zibilari buruzko bi saiakera (1689), Giza adierari buruzko saiakera (1690), Kristautasunaren arrazionaltasuna (1695), 1688ko ingeles iraultzaren ondotik argitara emanak guztiak. Aurretik medikuntza-ikasketak egin zituen Oxforden, eta Whig alderdiko (parlamentuak erregearen boterea murriztearen aldeko alderdia) Shaftesbury kondearen zerbitzuan lan egin zuen.
  • Montesquieu (1698-1755). Frantses filosofo eta politikaria, pentsamendu politikoan eragin handia izan duten garrantzi handiko hiru obraren egilea: Gutun persiarrak (1721), Erromatarren handitasunaren eta hondamenaren arrazoiei buruzko gogoetak (1734), eta batez ere, Legeen espirituaz (1748), zeinetan eman baitzuen aditzera gaur egun ezagutzen dugun botereen banaketaren ideia.
  • John Stuart Mill (1806-1873). Britainiar filosofo, ekonomialari eta estatu gizona. James Mill filosofoaren semea. Aitak hartu zuen haren hezkuntzaren ardura, Jeremy Benthamen laguntzarekin. Haren obren artean, azpimarratzekoak dira hauek: Logika-sistema (1843), Ekonomia politikoko hastapenak (1848), Askatasunaz (1859), Ordezkaritza-gobernuaz (1861), Utilitarismoa (1861), Emakumearen mendekotasuna (1869) eta Autobiografia (1873).

Gizarte liberala

aldatu

Ikuspuntu historiko batetik, honako hauek dira liberalismoaren sorreran eta garapenean eraginik handiena izan duten gertakariak: batetik, XVI. eta XVII. mendeetako erlijio-gerrak eta zientzia modernoaren bultzada, eta bestetik, berriz, mende horietatik XIX. mendera bitartean Europan kapitalismoak apurka-apurka feudalismoaren lekua hartu izana. Beraz, liberalismoak lau mende daramatza Mendebaldeko herrialdeetako eta haien eraginpeko erresumetako pentsaera politikoa inspiratzen.

XVI. eta XVII. mendeetan Europan gertatu ziren erlijio-gerrek eraginda, erlijio-guztien alderako tolerantzia eskatzeari ekin zioten hainbatek: gizartea osatzen duten gizabanako guztien sinesmenak errespetatu behar direla aldarrikatzen zuten, eta sinesmen horien praktika eta adierazpena ez direla inola ere zigortu edo esetsi behar. Halatan, Lockeren iritziz, "Erlijioarengatik mundu kristauan izan diren gatazka eta gerra guztien jatorria ez da izan iritzien desberdintasuna (saihestezina baita), ezpada bestela pentsatzen dutenak toleratzeko ukoa (uko premiagabea)". Horrenbestez, "ez da bidezkoa paganoei, mahomatarrei edo juduei haien erlijioa dela-eta Estatuaren gizarte-eskubideak kentzea", zeren, izan ere, "tolerantzia da benetako elizaren ezaugarri nagusia". Urteak joan eta urteak etorri, erlijio-sinesmen guztiak errespetatzeko eskatzeaz gainera, beste gizabanako edota gizarte-taldeen ideia politikoak eta praktika sexualak ere errespetatu beharrekoak direla aldarrikatzen hasi ziren tolerantziaren aldekoak. Horregatik, gizarte liberala tolerantea izaten saiatzen da, eta gaitzetsi egiten ditu beren disidentzia agertzen dutenak deuseztatu edo isilarazten dituzten gizarteak.

Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi liberalek erlijioaren, politikaren zein sexualitatearen arloko joera heterodoxo guztiak onartzen dituztenik, baizik eta, besterik gabe, gizabanakoari soilik dagokiola erabakitzea zer den berarentzat bizitza ona, bizitza zoriontsua. Haien ustez, gizabanakoek ideiak eta praktikak probatzeko aukera izanez gero soilik egiaztatu ahal da haien baliotasuna, eta, saio hori eginik, norberak erabakiko du pentsaera eta jokabide horiek onartzea, aldatzea edo, bestela, gizarteak ontzat daukan bizimoduarekin guztiz bat ez datozen beste aukera batzuk hobestea. Liberalen iritziz, kosta ahala kosta eragotzi behar da Estatuak edo gizarte-talde jakin batek gizarte osoari onartaraztea bizitza onari buruzko bere ustea, jokaera paternalista hori guztiz arbuiagarria baita. Hain zuzen ere, liberalek uste dute gizabanakoak okerrak egiteko aukera izan behar duela, haietatik ikasiko baitu.

Horren guztiaren ondorioz, liberalek merkatua aldezten dute. Haien ustez, merkatuak bere barnean biltzen ditu gizabanakoen gaitasunak eta ahaleginak, elkarrekin lehian jartzen ditu, eta norberaren ahalmenen araberako saria jasotzea ahalbidetzen du. Lanaren eta salgaien merkatu libreak dituen bertuteak ideien merkatu librearenak bezain desiragarriak dira (ideien merkatu libreak bizitza onari buruzko uste batzuk saritu eta beste batzuk zigortzen baititu). Gizabanakoek askatasun osoa izan behar dute bai ideiak trukatzeko eta bai gaiak zein zerbitzuak salerosteko. Ikuspuntu soziologiko batetik, XVIII. eta XIX. mendeetako klase ertainaren interesak daude merkatuaren eta inolako trabarik gabeko ekonomia-jarduera librearen defentsa horren oinarrian. Klase horrek aristokraziaren nagusitasun politikoa ezeztatu nahi zuen eta, haren ordez, merkataritzaren eta industriaren beharrizanetarako egokiagoa izango zen antolamendu politiko berri bat ezarri.

Politika liberala

aldatu

Liberalismoaren ideia politikoek aztertutako alderdi filosofiko eta sozial horietan dute jatorria. Estatua printzipio liberalen arabera antolatu nahia, berriz, erlijio-gerrek eta erregimen feudalaren gainbeherak ekarritako borroka politikoen ondorio da. Feudalismoaren garaian, gizartearen antolamenduak banakoen estatusa edo estamentua zuen oinarritzat (hiru estamentu zeuden: aristokrazia, kleroa eta herri xehea), baina feudalismoaren gizarte-antolamendu berezi hori ahulduz joan zen gizabanako berdinen arteko hitzarmenezko harremanak nagusitu ahala (liberalek berdintasunari ematen dioten zentzuan). Harrezkero, estatua —gizartea bera bezalaxe— borondatezko elkargotzat hartu zen, herritarren onespen librean oinarriturik baitzegoen.

Antolamendu politikoaren kontzepzio hori gizarte-hitzarmenaren teorian edo teoria kontraktualista delakoan dago laburbildurik; teoria horren arabera, gizabanakoek guztien onespenarekin eraturiko gobernuak haien bizitza, jabetza eta askatasuna bermatzearen truke onartzen dute, inork behartu gabe, ordena politiko jakin bateko kide izatea.

 
Karlos I.aren buru-moztea Ingalaterrako Iraultzan.

Politikaren ikuspegi liberalak Estatuaren eta gizartearen arteko bereizkuntza du ardatz.

Estatuaren eginkizun bakarra da gizartearen atal guztien baterako jarduna arautzea eta erraztea, eta inola ere ez gizartearen erakundeak kudeatuz banakoen ekimena ordeztea. Halatan, liberalismoak erabat gaitzesten ditu faxismoak edo Europako ekialdeko herrialdeetan hainbat urtez indarrean egon den sozialismoak gizabanakoen bizitza antolatzeko erabiltzen zituzten bideak, hala nola lantokia zuzenean kudeatzea, sindikatuez nahierara baliatzea, komunikabideak kontrolatzea edo olgetarako elkarteak eratzea.

Ideologia liberalaren osagai nagusiek hiru iraultza handi izan zuten iturburu: Ingalaterrakoa (1688), Estatu Batuetakoa (1776) eta Frantziakoa (1789). Hala ere, “liberal” adjektiboaren adiera politikoa berri samarra da Europako hizkeran (termino zaharra da, baina, lehen, eskuzabaltasuna, tolerantzia eta buruko irekitasuna adierazteko erabiltzen zen). 1810 eta 1820 bitartean hartu zuen esanahi politikoa. Garai hartan, Espainiako talde politiko bat, Frantziako Iraultzak eraginda, ordenamendu konstituzional bat ezartzearen alde agertu zen (Cadizko 1812ko Konstituzioa) eta prentsa-askatasuna eskatu zuen, eta "liberalak" deitu zieten. Antzinako Erregimenaren aldekoek jarri zieten izen hori, arriskutsutzat baitzeukaten haien erreformismoa.

Politika arloan "liberal" hitzari eman zioten zentzu gutxiesgarri hori Europa osoan zabaldu zen 1820tik aurrera. Legearen nagusitasunaren printzipioak berebiziko garrantzia zuen Ingalaterrako, Estatu Batuetako eta Frantziako iraultzen garaian idatziriko konstituzioetan. Beste era batera esanik, konstituzio haiek aginte mugagabe eta bidegabe oro deuseztatu nahi zituzten. Izan ere, Estatu liberalaren aldaera guztiek berezitasun bat dute: boterea eta gobernuaren agintea konstituzioan bilduriko arau eta jokabideek mugaturik daude, legearen babesean banakoen askatasuna eta berdintasuna bermatzeko.

Konstituzio liberalek, beraz, legearen nagusitasuna bermatu nahi zuten, eta bi irizpide erabili zituzten hori lortzeko. Lehenik, legearen aplikazioak aldekeriarik gabea izan behar zuen (inolako aurreiritzirik gabea, horrek azken emaitza akastuko bailuke), eta unibertsala (berdina jurisdikzio beraren mendeko gizabanako guztientzat, inolako pribilejiorik gabea, hau da, erregimen feudalekoaz bestelakoa, garai hartan lege desberdinak baitzeuden aitoren semeentzat, elizgizonentzat eta herri xehearentzat). Bigarrenik, legeek gizabanako guztiei bermatu behar zieten bizitzan norberak hautaturiko bidea egiteko eskubidea. Liberal gehienentzat, jabetza pribatua eta kontzientzia-askatasuna ziren babestu beharreko eskubide oinarrizkoak. Geroago, liberal batzuek hezkuntza, osasuna eta beste eskubide batzuk gehitu zizkieten hasierako bi haiei.

 
Charles Louis Secondat, Montesquieu baroia.

Konstituzio liberal guztiek botere-banaketaren printzipioa jasotzen dute. Horren arabera, gobernuaren eginkizun guztiek ez dute pertsona berberen esku egon behar. Locke eta gainerako pentsalari liberalak horren alde agertu ziren, baina, zalantzarik gabe, Montesquieuk (1689-1755) egin zuen printzipio horren defentsarik ezagunena.

Haren iritziz, "dena galdurik legoke pertsona bakar batek, jaun goren batzuek, aitoren seme banaka batzuek edo herritar-talde batek beren esku balituzte hiru botere hauek: legeak egitekoa, erabaki publikoak gauzatzekoa eta lege hausteak edo liskar pribatuak zigortzekoa". Bere formarik puruenean, botere-banaketak hau dakar berekin:

  • Konstituzioak erakunde desberdinen esku uzten ditu botere legegilea, betearazlea eta judiziala.
  • Gobernuaren ezein atalek ezin ditu bere gain hartu konstituzioak beste atal batzuei emandako ahalmenak. Esaterako, botere legegileak ezin du utzi botere betearazlearen esku legeak egiteko bere ahalmen guztia, eta botere legegileak eta betearazleak, berriz, ezin dituzte bete botere judizialaren eginkizunak.
  • Botere judizialak beste bi botereen eraginik jabe jardun behar du. Hala ere, praktikan, gaur egungo erregimen liberaletan botere batzuk beste botereen aginte-eremuan sartzen dira. Besteak beste, hainbatek salatu dutenez, botere legegileak ez du benetako autonomiarik, eta botere betearazleak proposaturiko legeak onartu besterik ez du egiten, edo, bestetik, botere betearazleak epaile batzuk hautatzeko ahalmena du.

Garai batean, liberalek esaten zuten ikasiek eta aberatsek soilik izan behar zutela bozkatzeko eskubidea, norberaren gizartearen patuan esku hartzeko bide gisa.

Ikuspuntu horren arabera, eskola gutxi edo ondasun urriak zituztenak ez ziren gai modu arrazoizko batean jokatzeko beren interesen alde. Hain zuzen ere, langileek eta emakumeek ez zuten bozkatzeko eskubiderik.

John Stuart Millek esan zuenez: "Pertsona edo klase bat erabat baztertzen duen sufragio-mota ez da zuzena; orobat, ez da bidezkoa bozkatzeko eskubidea lortu nahi duten pertsona heldu guztiei eskubide hori ez ematea". Dena dela, honakoa ere esan zuen: "Nire ustez, guztiz onartezina da idazten eta irakurtzen ez dakitenek eta, are gehiago esango dut, aritmetikaren legerik oinarrizkoenen berririk ere ez dutenek sufragioan parte hartzea".

Haren ustez, herritar guztien hezkuntza unibertsala sufragio unibertsala bera baino premiazkoagoa zen. Hori gertatu arte (eta berak hala gertatzea nahi zuen), ez zen egokia eskolagabeko herritar ugariei bozkatzeko eskubidea ematea. Mendebaldeko herrialdeek Lehen Mundu Gerraren ondoren soilik eman zieten herritar guztiei bozkatzeko eskubidea (langile eta emakumeei ere ezagutu zieten eskubide hori).

Ondorioa

aldatu
 
Robespierreren atxiloketa, Frantziako Iraultzan. Frantziako Iraultza izan zen historiako lehen iraultza liberala.

Pentsamenduaren beste joera batzuen aldean, liberalismoak bi berezitasun nagusi ditu: aginteari mugak jarri nahi dizkio, eta Estatuak gizabanakoen jardueren arloan esku hartzearen kontra dago. Horren ondorioz, berebiziko garrantzia ematen dio gizabanakoari eta ezinbestekotzat jotzen ditu estatuaren esku-hartzetik kanpo egon behar duen eremua mugatzeko balio duten askatasunak eta giza eskubideak. Hala ere, liberal batzuek ahal beste murriztu nahi dute estatuaren jardun-esparrua: ahalik eta neurririk txikieneko estatua soilik onartzen dute. Anarkokapitalistak edo neoliberalak deitzen zaie liberal horiei. Beste liberal batzuek, ordea, esku hartzeko eremu zabalagoa onartzen diote estatuari; besteak beste, hezkuntza, osasuna edo ingurumena sartzen dituzte eremu horretan. Nolanahi ere, hala liberalismoak berak nola askatasuna babesteko tresnei (konstituzioa, botere-banaketa, legearen nagusitasuna) ematen dien garrantziak eragin handia izan du gainerako ideologietan, hala nola kontserbadurismoan, sozialismoan, komunismoan edo anarkismoan (anarkismoa, neurri batean behintzat, muturrera eramandako liberalismotzat jo daiteke).

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu