Txirrindularitza edo ziklismoa aisialdirako jarduera eta hainbat diziplina (hala nola, ziklo-krosa, errepideko txirrindularitza eta pistako txirrindularitza#probak) barne-hartzen duen kirola da. Kirol gisa, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) arautzen du, baina badira beste hainbat erakunde ere, txirrindularitzako beste arloak kudeatzen dituztenak (UCI Pro Tour). Bereziki kirola denean, bi gurpileko bizikleta batean jarduten da, oinekin bi pedal sakatuz eta zangoekin indar eginez. Hala ere, txirrindularitza praktikatzeko badira bestelako zikloak, hala nola trizikloak eta monozikloak.

Noodleak banatzen dabilen txirrindularia, bizikleta esku bakar batez gidatzen. Tokio. 1935.

Pistan izaten diren lasterketak lastertasunezkoak edo erresistentziazkoak izaten dira. Errepideetan egiten direnak oso ezagunak dira, batik bat profesionalen artean egiten diren itzuli handiak. Ezagunak dira halaber astebete irauten duten itzuliak (Euskal Herriko Itzulia, Kataluniako Itzulia, besteak beste) eta baita egun bakarreko lasterketak ere (Milan-San Remo, Paris-Niza, eta Donostia Klasikoa, besteren artean). Txirrindularitza olinpiar kirola da 1896. urteaz geroztik.

1900. urtean sortu zen Nazioarteko Txirrindularitza Federazioa (Union Cycliste Internationale, UCI). Garai haietan hasi ziren itzuli handiak antolatzen: Frantziako Tourra (1903), Italiako Giroa (1908), eta Espainiako Itzulia (1935). 1965. urtean, txirrindulari profesionalen eta amateurren artean izandako gorabeherak zirela eta, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak txirrindularitza Olinpiar Jokoetatik kentzeko mehatxua egin zuen; hala, UCI zena bi elkartetan banatu zen: profesionalak biltzen dituen Fédération Internationale du Cyclisme Professionnel (Europako 10 herrialde biltzen dituena) eta Fédération Internationale Amateur de Cyclisme (munduan zehar 100 elkarte baino gehiago kide dituena).

Bizikletaren historia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Bizikleta»

Bizikleten sorrera aldatu

 
Draisina.

Lehen bizikleta aldatu

Karl von Drais alemaniarraren 1817ko bizikleta hartzen da aitzindaritzat. “Makina korrikalaria” (alemanieraz "laufmaschine") deitu zion eta Draisina bezala da ezaguna. Bizikleta hau egurrez egina zegoen eta hankekin bultza eginez mugitzen zen. Von Draisen helburua, erraz mantendu zitekeen garraiobide merke bat sortzea zen[1].

Pedaldun bizikletak aldatu

Kirkpatrick MacMillan errementari eskoziarrak 1839an sortu zuen lehen bizikleta pedalduna eta, ondoren, 1869an, Thomas McCall ingelesa hasi zen bizikleta hauek sortzen. Hainbat historialariren arabera, MacMillan ezin da bizikleta honen asmatzailetzat jo, ordea, 60ko hamarkada baino lehen ez baita horrelako modelorik aurkitu.[1]

60ko hamarkadatik aurrera pedaldun bizikletek arrakasta handia izan zuten eta modelo ugari atera ziren. Pierre Lallement izan zen lehena pedaldun bizikleta patentatzen. Modelo ugari atera ziren:

  • Bone shaker: pedalak soilik aurreko gurpilean zeramatzan bizikleta (60ko hamarkadan).
  • La Ariel: gurpil altuko bizikleta, guztiz metalez sortutako lehen bizikleta izan zena, garai hartako metalurgian emandako aurrerakuntzei esker (70eko hamarkadan).[1]

Bizikleten gurpilak gero eta handiagoak ziren eta, pedalkada bakoitzean, bizikletek distantzia gehiago egiten zuten; modelo batzuk 40 km/h abiadurara heltzeko gai ziren. Segurtasun falta zela eta, hiru eta lau gurpileko bizikletak egiten hasi ziren.[1]

Bizikleten bilakaera aldatu

80ko hamarkadan “segurtasunezko bizikletak” deiturikoak agertzen hasi ziren, aurreko modeloen erortze arriskua ekiditeko helburuarekin. “Rover” deiturikoa izan zen lehena, J.K. Starkley-ek sortua. Gaur egungo bizikleten oso antzekoak ziren, tamaina berdineko gurpilak eta diamante formako koadrodunak. 1888an John Dunlop-ek gurpil pneumatikoak asmatu zituen, erabiltzailearen ibilbidea erosoagoa bihurtuz eta 1889an Isaac R. Johnson-ek lehen bizikleta tolesgarria patentatu zuen.[1]

90eko hamarkadan, bizikletak masiboki fabrikatzen hasi ziren. Garai honetan, emakumeak bizikletak erabiltzen hasi ziren, sektore femeninoaren askatasun sinbolo bihurtuz. Horrez gain, bizikletaren erabilera mugimendu sufragistekin lotua egon zen.[1]

1920. urtetik aurrera, biztanleriaren nahierak aldatzen joan ziren eta bizikletaren moda murriztu zen, automobilak agertzen hasi zirelarik. Gainera, 30-40-50 hamarkadetako gerren ondorioz aldaketa ugari gertatu ziren munduan. Horregatik, 50-60ko hamarkadetan, automobila zen nagusi eta publikoarentzat gehien saltzen ziren bizikletak umeentzako ziren, ez nagusientzat.[2]

 
Bizikletak Txinan, 1999.

Arrakasta Txinan aldatu

Hala ere, Txinaren kasuan, 20ko hamarkadan bizikletarekiko gogoa handitu zen eta 30eko hamarkadan, atzerriko lehen bizikleta muntai-lerro fabrikak sortu ziren. 1949an, Txinako Errepublika Popularreko gobernuak erabaki zuen bizikleta hiri barruko oinarrizko ibilgailua izango zela. 1958an Txinak milioi bat bizikleta baino gehiago sortzen zituen urtero. Gaur egungo munduko bizikleta guztien %60 Txinan ekoizten da.[2]

Mundu gerren osteko bilakaera aldatu

Mundu Gerren eta Depresio Handiaren ondoren, 60ko hamarkada osteko garaiak esperantza eta askatasunez beteak egon ziren eta horrek bizikletaren bilakaeran eragin positiboa izan zuen; 1960 eta 1975 urte bitartea, bizikleta sortu zenetik izan dituen urte arrakastatsuenak izan ziren. Batzuek garai honi, “bizikletaren boom”-a deitu izan diote, urte horietan salmentak asko ugaritu baitziren.[2]

Garai honetan, Motocross txapeldunen diseinuan oinarritutako BMX delako bizikletak sortu ziren eta kultura popularrean arrakasta handia izan zuten. ET, Karate Kid eta BMX Bandits pelikula klasikoetan bizikleta hauen agerpenak, gazteen arteko ospean eragin handia izan zuen.[2]

Mendi bizikletak aldatu

1980. urtean lehen mendi bizikleta sortu zen. Esan daiteke, mendi bizikletak jada, aurreko mendetik sortuak zeudela, garai haietan ez baitzegoen errepiderik. 80ko hamarkadan sortutako bizikleta hauek Kaliforniako hippie talde baten diseinuan oinarritu ziren. Bizikleta modelo hau masiboki fabrikatzen hasi zen eta mendi bidezidorretatik, asfaltatu gabeko bideetatik eta zelaietatik ibiltzeko pentsatuta zegoen.[2]

Hamarkada honetan zehar, goi-mailako teknologia zuten material berriak integratzen hasi zitzaizkien, hala nola, aluminioa, malgutze-moteltzaileak, suspentsio-urkilak. Mendi bizikleten ohiko pneumatikoak ere erabiltzen hasi ziren, mendian bizikletari oreka eta egonkortasuna emateko.[2]

Gaur egun egoera aldatu

 
Errepideko ukrainar txirrindulari bat jarrera aerodinamikoan. 2018ko Innsbrucken jokatu zen Munduko Txapelketan.

Gaur egun, munduko hiri askok bizikleten erabilera sustatzen dute eta gero eta jende gehiagok erabiltzen du bizikleta, garraiobide ekologiko eta merke gisa hiriko kaleetatik mugitu ahal izateko. Gainera, osasuntsu mantentzeko modu ona izan daiteke. Europa eta Estatu Batuetako hiri askok bizikletak kalean hartu eta utzi ahal izateko programa ugari dituzte. Honek, kaleetako buxadurak modu erraz eta ekonomikoan ekiditea ahalbidetzen du eta norbere helmugara modu erosoan heltzea.[2]

Lehiaketak aldatu

Lehen lehiaketa aldatu

1868ko maiatzaren 31an historiako lehen bizikleta lasterketa burutu zen. Paris-eko Saint Claud parkean egin zen, 1.200 metrotako distantzia motzean. Zaldi-lasterketa egitera bideratutako hartxintxarrezko lurzorua zuen. Bi probaz osatutako lasterketa bat zen eta James Moore izan zen irabazlea.[3]

Lehiaketen bilakaera aldatu

1885ean, Renold ingelesak bizikletaren katea eta atzeko gurpilarekiko trakzioa asmatu zituen. Honi esker, Estatu Batuetan lehen erresistentzia probak jokatzen hasi ziren. Hurrengo urtean, pneumatikoen gehikuntza dela eta, sei eguneko lasterketak egiten hasi ziren. Saint Paul-en egin zen lehena, 1.500 km osatuz eta Albert Schoclt irabazle ateraz.[3]

1890ean, Dunlop-ek kamaradun pneumatikoak asmatu zituen eta lasterketen distantziak asko handitu ziren. 1893an, Schock-ek, Nueva Yorkeko Madison lasterketa irabazi zuen, sei egunetan 2.500 km eginez. Europan mota honetako lasterketak ez ziren egin, Berlineko lehen sei eguneko lasterketa egin zen arte (1909), probaren gogortasun hori ez baitzen onartzen.[3]

1896an bizikleta lasterketak Joko Olinpikoetan sartu ziren, errepideko erresistentzia probarekin.[3]

Bizikleta lasterketa handiak aldatu

Gaur egun, mundu mailako bizikleta lasterketa garrantzitsuenak hiru dira. Lasterketa hauei hiru asteko edo 21 eguneko lasterketa deitzen zaie. Garrantzia ordenaren arabera: Frantziako Tour-a, Italiako Giroa eta Espainiako Vuelta dira.[3]

Tour De France aldatu

 
Maurice Garin (eskuinean), Frantziako Tourraren lehen edizioa irabazi ostean.

1903. urtean, L’Auto egunkariko Henri Desgrange eta Geo Lefevre kazetariak, taberna batean batu, eta Frantziari bizikletan bira emateko aukera bururatu zitzaien. Urte bereko maiatzean burutu zen eta 6 etapa eta 2.428 km-ko ibilbidea izan zuen. Hasiera batean, soilik hamabost pertsona apuntatu ziren, baina sarien igoerari esker hirurogei pertsonak parte hartu zuten. Maurice Garin izan zen txapelketa honen lehen irabazlea.[4]

Gaur egun, Frantziako Tourra deiturikoa 21 etapaz osatzen da. Etapa hauen artean, mota ezberdinak daude, adibidez, lauak, erliebedunak edo mendiko etapak. Gainera, Tour-a ez da soilik Frantziatik pasatzen; 2022ko lasterketa, Danimarka, Belgika eta Suitzatik ere pasatzen da.[5]

Giro De Italia aldatu

Lehen Giroa 1909ko maiatzaren 13an hasi zen, Loreto de Milan plazan. Italiako Giroa beti La Gazzetta dello Sport aldizkariarekin lotuta egon da, berak izan baitu lasterketa honen antolaketa aurrera eramateko ekimena. Gainera, Italiako lasterketa sortu baino lehenago beste hainbat lasterketen antolaketan parte hartu izan zuen, adibidez, Milan-Monza-Lecco-Erba 1896ko lasterketan, aldizkariaren lehen edizioaren portada izan zena.[6]

Lehen txapelketa hartan, 127 parte-hartzaile egon ziren eta hauetatik 49k bakarrik lortu zuten 2.449 km burutzea.[6] Zortzi etapaz osatua egon zen eta 2-3 egunero egiten zuten hauetako bakoitza. Parte-hartzaile ia guztiak italiarrak ziren, lau frantses izan ezik, eta lau pertsonako taldeetan banatzen ziren. Luigi Ganna italiarra izan zen irabazlea.[7] Gaur egungo Giroa, 21 etapaz osatzen da.[8]

La Vuelta de España aldatu

1935. urtean izan zen lehen aldia eta Madrilgo hirian izan zuen hasiera. 50 parte-hartzailez osatu zen lasterketa eta 3.425 km burutu behar izan zituzten apirilaren 29 eta maiatzaren 15 artean, hamalau etapatan banaturik. Etapa hauetatik hamarrek 250 km-ak gainditzen zituzten. Gustaaf Deloor izan zen irabazlea.[9] Gaur egungo Vueltak, 21 etapa dauzka.[10]

Txirrindularitza modalitateak aldatu

Txirrindularitzak bizikleta gainean praktikatzen diren jarduera guztiak hartzen ditu barne, espezialitate ezberdinak bereiziz. Bizikletak era askotakoak izan daitezke, eta mota bakoitza espezialitate jakin batekin lotuta dago. Modalitate nagusiak, errepidekoa eta mendikoa dira, eta bakoitzaren barruan azpi-modalitate ezberdinak daude.

Errepideko bizikletak aldatu

Arruntak aldatu

Errepideko bizikletekin hasiz, errepideko bizikleta arrunta, eta erlojupekoan edo bakarkako lasterketetan erabilitako bizikletak daude. Errepideko bizikleta arruntak, pisuz arinak eta erosotasuna eta aerodinamika baimentzen dituzten bizikletak dira, txirrindularitza lasterketa luzeenetan erabiliak izaten direnak, esaterako, bira handietan (Tourra, Giroa eta Vuelta), edo lasterketa klasiko nagusietan (5 Monumentuak).

Erlojupeko arruntak aldatu

Bestalde, erlojupeko eta bakarkako lasterketan erabiltzen diren bizikletak, askotan gazteleraz “cabra” bezala ezagutuak, apur bat pisutsuagoak baina guztiz aerodinamikoak diren bizikletak dira. Hauek, esan bezala, bakarkako lasterketetan erabiltzen dira, bira handienetako erlojupekoetan, adibidez.

Pistako erlojupekoak aldatu

Erlojupeko bizikletak erabiltzen diren bestelako lasterketak ere badira, pistakoak esaterako. Modalitate honetan belodromo baten biraka jardutea da helburu, bira kopuru jakin bat betez. Aldagailu gabeko erlojupeko bizikletak erabiltzen dira, eta pedalek gurpilarekin batera biratzen dute. Frenorik gabekoak dira, eta bizikleta gelditzeko, pedalak atzerantz biratu behar dira. Bizikleta hauek abiadura altuetan ibiltzeko egokituak dira, lasterketa horiek iraupen baxuko eta abiadura handikoak izaten dira-eta.

Mendi bizikletak aldatu

Beste bizikleta multzo nagusia mendiko bizikletek osatzen dutena da, “cross country” lasterketek, maratoiek, enduroek, jaitsierek (Downhill), eta mendi bizikleta elektrikoek osatua. Multzo bakoitzean distantzia eta iraupen ezberdinez osatutako lasterketak daude.

 
Cross-country lasterketa bat 2016ko Udako Olinpiar Jokoetan.

Cross countriko edo ohiko bizikletak aldatu

Cross country-a modalitate nagusia da, eta 5-10 kilometro bitarteko zirkuitu batean bira kopuru zehatz bat ematean datza. Bizikleta hauek, pisua eta gogortasuna orekatzen saiatzen diren bizikletak dira, indargetzaile bat edo bi dituztenak.

Maratoietan cross country-an erabiltzen diren bizikleta berdinak erabiltzen dira, eta ezberdintasuna distantzian dago. Zirkuitu itxi batean praktikatu ordez, inguru natural zabal batean iragaten diren lasterketak dira, 50 km baino gehiagoko ibilbideekin.

Enduro bizikletak aldatu

Enduroak, cross country-an erabiltzen diren bizikletak baino astunagoak, gogorragoak eta jaitsietara bideratuagoak dauden bizikletak dira. Txapelketa hauetan jaitsiera segmentuak kronometratzen diren arren, eta jaitsieretan bizkorrena denak irabazten duen arren, igoerak ere egin behar dituzte. Igoerak egitea derrigorra da, eta igotzen bizkorrena izateak garrantzirik ez duen arren, denbora maximo baten azpitik igo behar da, jaitsiera burutu ahal izateko.

Downhill bizikletak aldatu

Downhill-a, “descenso” edo jaitsierak, aldapa behera egiten diren lasterketak dira. Eski alpinoarekin parekatzen den modalitatea da, mendi edo jaitsiera hasierara autoz edo teleaulkiz igo eta soilik beherantz aritzen dira. Aldapa beherako distantzia jakin horretan bizkorrenak irabaziko du. Modalitate hauetan erabiltzen diren bizikletak guztiz jaitsietara bideratuak dira, indargetzaile eta freno bereziekin, oztopoak gainditu eta ondo frenatzea izango baita garrantzitsuena.

Elektriko edo motordunak aldatu

Bukatzeko, azken urteetan garatzen joan den modalitatea, bizikleta elektrikoena da. Bizikleta hauek motor txiki batekin ekipatuak daude eta mendi lasterketa bakoitzerako bizikleta berezi bat dago. Modalitate honen lasterketak cross country eran egiten dira, hau da, zirkuitu batean biraka.

Ziklokros eta grabel bizikletak aldatu

Bi modalitate hauetan, errepidea eta mendia nahasten dituzten bizikletak erabiltzen dira, errepidean eta mendi-bide errazetan erabiltzeko gai direnak. Ziklokrosean lehiaketa zirkuitu batean biraka izaten da, eta bizikleta hauen geometria lehiaketara bideratuta dago. Aldiz, grabel bizikletak, terreno lauetara egokituta dauden arren, geometriari dagokionez erosotasun handiagoa dute, eta lehiaketara beharrean, egunerokotasunean erabiltzeko helburua dute.

Beste batzuk aldatu

Beste modalitate batzuen artean, BMX eta dirt bizikletak aurki ditzakegu. Bizikleta hauek skatepark-etan eta kaleetako oztopoetan erabiltzen dira. Hauek ere lasterketetan erabil daitezkeen arren, dibertimendu moduan skatepark-etan erabiltzeko oso aproposak dira.

Kalekoak aldatu

Bukatzeko, lasterketarik ez duen eta modalitate nagusienetakoa den hiri barruko bizikleta edo txirrindularitza dago. Hiri edo hirian zehar bidai txikiak erabiltzeko guztiz aproposak dira eta biztanleriaren gehiengoak bizilekutik mugitzeko erabiltzen dituzten bizikletak dira.

Txirrindulari esanguratsuak aldatu

Historian zehar izan diren txirrindulari ezagun edo esanguratsuen zerrenda luze bat egin daitekeen arren, gaur egun dauden txirrindulari ospetsuenak deskribatu dira hemen, erretiratuak daudenei aipamen txiki bat eginez. Esan bezala, modalitate bakoitzean txirrindulari ezberdinak daude. Hala ere, badira txirrindulari batzuk errepide, mendi edo ziklokrosean maila gorena lortzen dutenak, modalitate guztietan aurreko postuetan jardunez, esaterako Mathieu Van de Poel, Wout Van Aert, Tom Pidcock etab. Txirrindulari hauek espezialitate ugarietara egokitzeko duten ahalmena izugarria da, gutxi batzuen eskuetan soilik topa genezakeena.

Emakumezkoen artean Marianne Martin, Beryl Burton erretiratuak eta gaur egungo Anna Van der Breggen edo Annemiek Van Vleuten aipa ditzakegu, biak holandarrak eta mundu mailan aurreko postuetan dabiltzanak.

Errepidean aldatu

Errepideko bizikletan historian zehar ospetsuenak Eddy Mercks, Miguel Indurain euskalduna, Jacques Anquetil frantziarra, Vincenzo Nibali italiarra edota Alberto Contador espainiarra dira, aldiz, gaur egun aritzen direnen artean, Primoz Roglic eta Tadec Pogacar esloveniarrak gailentzen dira. Azken biak gazteak eta jatorria beste kirol batzuetan izan duten arren, gaur egun hiru bira handietan beste guztien gainetikako maila erakusten ari diren txirrindulariak dira.

Emakumezkoen artean indartsu eta ospetsuena Jeannie Longo izan zen, gaur egun aipatutako Anna eta Annemiek dira lekukoa jaso dutenak.

Mendian aldatu

Crosscountrian aldatu

Mendi bizikletan edo cross country-an, azken boladan Nino Shurter suitzarra izan da maila handiena erakutsi duena, baita Tom Pidcock ingelesa ere, azken joko olinpikoetan autoritatez gailendu zena. Estatu mailan ere maila handia izan da: Jose Hermida, Carlos Coloma edo David Valero txirrindulariak aipa daitezke, joko olinpikoetan dominak irabazi zituztenak. Txirrindulari hauek cross country zein maratoi probak konbinatzen dituzte, bietan maila handia erakutsiz, bi probek elkarbanatzen dituzten ezaugarriei esker.

Emakumezkoen artean Jolanda Neff eta Evie Richards dira gaur egun indartsuenak. Espainia mailan Rocio del Alba Garcia txirrindularia da emaitza onenak lortzen dituen emakumea, eta duen adin gazteari erreparatuz, etorkizunean txirrindularitzan poz handiak eman ditzakeen emakumea da.

Descenso edo jaitsieretan aldatu

Downhill-ean edo descenso-an, azken urteetan, Danny Hart edo indartsuago izan den Sam Hill daude. Modalitate honetan, Espainian ez dira maila handiko txirrindulari asko aurkitzen. Aldiz, Enduro modalitatean euskalduna den Markel Uriarte dago, munduko errekor aunitz bereganatu dituena eta mundu mailan, lehen postuak eskuratzeko gai dena.

Rachel Atherton, emakumeen artean munduko txapelketa gehien irabazi dituen eta besteengandik bereizten den emakumea da; jaitsieretan onena bezala ezagutua eta 39 urterekin indarrean jarraitzen duen kirolaria.

Ziklokrosean aldatu

Bukatzeko, ziklokrosean gailentzen diren bi gizon nagusiak Mathieu Van der Poel eta Wout Van Aert dira. Izugarria da ziklokrosak zein errepide-lasterketa klasikoak irabazteko duten gaitasuna, baita cross country lasterketetan parte hartu eta lehen postuengatik borrokatzekoa. Dituzten ezaugarriengatik “ziklista osoak” deitzen zaie, modalitate anitzeko lasterketak irabazteko gai baitira. Gurean, David Seco izan da espezialitate honetan nagusi. Euskal Herriko eta Espainiako txapelketen errekorra dauka.

Emakumezko ziklokrosean azken boladan indartsuenak Mariane Vos eta Lucinda Brand izan dira, munduko kopetako garaile eta aurreko postuak eskuratzera ohituta dauden emakumeak.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (2017-04-19). «Hace 200 años de la primera bicicleta: estos fueron los primeros modelos» Verne (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  2. a b c d e f g (Gaztelaniaz) «Historia de la bicicleta durante los últimos 200 años | Bikester.es» www.bikester.es (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  3. a b c d e (Gaztelaniaz) «Origen del Ciclismo - Carreras y Evolución | CurioSfera-Historia» CurioSfera Historia 2022-02-01 (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  4. Diario AS, S. L.. «Historia - Tour de Francia en AS.com» AS.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  5. (Gaztelaniaz) «El recorrido oficial - Tour de France 2022» www.letour.fr (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  6. a b (Gaztelaniaz) «El recorrido oficial - Tour de France 2022» www.letour.fr (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  7. (Gaztelaniaz) «El primer Giro de Italia de la Historia. ¿Cómo surgió? ¿Por qué?» elSuperHincha 2016-05-13 (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  8. (Gaztelaniaz) «Ruta y etapas del Giro de Italia 2022 | Giro d'Italia» Giro d'Italia 2022 (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  9. «Web Oficial de la Vuelta a España - Historia» historia.lavuelta.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  10. (Gaztelaniaz) «El recorrido de La Vuelta 22 - La Vuelta 2022» www.lavuelta.es (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).

Kanpo estekak aldatu