Energia berriztagarrien ustiapena Euskal Herrian

Energia berriztagarriak Euskal Herrian» orritik birbideratua)

Energia berriztagarrien ustiapena aldatu egiten da Euskal Herriko alde batetik bestera. Nafarroa Garaiak kontsumitzen duen energia elektrikoaren erdia inguru lortzen du energia berriztagarriak argindar bihurtzeko sistemen bidez; Euskal Autonomia Erkidegoak, aldiz, kontsumitutako energiaren % 5 baino ez du lortzen kutsadura txikiagoko sistema horien bidez. Kontuan izan behar da herrialde garatuetan energia elektrikoa kontsumitutako energia guztiaren % 20 inguru dela; beraz, Nafarroa Garaiak kontsumitutako energiaren % 10 inguru lortzen du energia berriztagarrietatik; eta Euskal Autonomia Erkidegoak, % 1 inguru.

Euskal Herrian bada energia berriztagarrien bidez argindarra sortzen eta erosten dutenen kooperatiba bat, Goiener. 2017. urtearen amaieran 17 langile zituen.

Energia eolikoaren ustiapena

aldatu
 
Espainiar Estatuko energia eolikoaren zentroa Iruñerriko Sarriguren auzoan.

Energia eolikoa Nafarroa Garaian garatu zen lehen aldiz 1990eko hamarkadan. Energia berriztagarriek ekar zezaketen onuraz oharturik, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak EHN enpresa publikoa sortu zuen 1989an[1]. 1994ko abenduan, Euskal Herriko lehen parke eolikoa eraiki zen Erreniega mendilerroan, guztira sei aerosorgailu. Urtebete beranduago, 1996ko ekainean, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak energia eolikoa garatzeko plangintza onartu zuen eta urte gutxitan instalaturiko potentzia hamarkoiztu egin zen. 2003an, gobernuak EHN enpresaren akzioen erdiak Acciona eraikuntza enpresari saldu zizkion.

Euskal Autonomia Erkidegoko lehen parke eolikoa Nafarroa Garaian baino sei urte geroago eraiki zuten, Elgea mendian.[2] Lehen parke horrek 40 aerosorgailu eta 27 megawatt ekoizteko gaitasuna zuen. Urte batzuk beranduago, Urkillako parkea eta Oiz mendikoa zabaldu ziren (2001 eta 2004 urteen artean).

2007 urtea amaitzean, Nafarroa Garaian zeuden ehunka aerosorgailuek Europar Batasunaren energia eoliko guztiaren % 1,62 ekoizten zuten,[3] 917 megawatt guztira. Kopuru hori Belgika, Suedia, Irlanda edo Polonia bezalako herrialdeak ekoiztutako energia eolikoaren gainetik dago. 2007an energia eolikoak Nafarroa Garaiak behar izan zuen energiaren % 45 ekoitzi zuen.[4]

2008. urtearen amaieran, instalaturiko potentzia eolikoa 958,77 megawatt zen Nafarroa Garaian eta 152,77 megawatt Euskal Autonomia Erkidegoan.[5]

Eguzki energiaren ustiapena

aldatu
 
Eguzki energi "zelaia" Monte Alton.
Sakontzeko, irakurri: «Eguzki-energia Euskal Herrian»

2007ko martxoaren 17an Acciona enpresak Nafarroa Garaiko Milagro udalerrian dagoen Monte Altoko "eguzki ortua" inauguratu zuen. Bertan, eguzkiaren izpiak energia bihurtzen duten ehundaka eguzki panel daude. 2007an instalazioak zabaldu zituenean, 14 milioi kilowatt ekoizteko gai ziren, eguzki ortu bateko eguzki panelek ekoitzitako energia kopururik handiena.

Proiektuan 753 pertsonek hartu dute parte, bakoitzak panel bat edo gehiago erosi dituelarik, horrela pertsona bakoitza panel baten jabe izango da urte jakin batzuetan. Egindako inbertsioa energia saltzeagatik lortutako dirutan jasoko dute. Inbertsioa guztira 65 milioi eurokoa izan zen.

Bestalde, 2014tik goiti Ipar Euskal Herriko I-Ener herritar sozietateak, herriko etxeekin elkarlanean, eraikin publikoetako teilatuetan eguzki-plaken instalazioak egin ditu. Orain arte 16 egitasmo burutu ditu, eta eraikinen ezaugarrien arabera, instalazio bakoitzak 9.000 eta 110.000 kilowatt arteko ekoizpena du urtero[6].

Itsas uhinen energiaren ustiapena

aldatu

2007an Eusko Jaurlaritzak, olatuen indarra energia elektrikoa sortzeko aprobetxatzeko asmoarekin, probatzat, aparatu batzuk jarri zituen Mutrikuko portuko kaietako batean.[7] 2011n Jaurlaritzak lanean jarri zuen indarretxe gisa, eta olatuek sortutako argindarra sarean erregulartasunez injektatzen duen munduko instalazio komertzial bakarra da (ez da prototipoa).[8] Hala ere, instalazioaren helburu nagusia ez da produkzioa, baizik eta energia sorkuntza mota berri honen baliagarritasuna frogatu ahal izatea, bide batez akatsak egiteko aukera izan eta horietatik etorkizunerako ikasteko.[9]

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu