Bergarako Errege Mintegia

Eraikitako euskal ondare nabaria Bergaran

Bergarako Errege Mintegia Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak sortu zuen 1776an, Real Seminario Patriótico Bascongado de Bergara izenarekin eta jesuiten ikastetxea izandako eraikuntza berean kokatu zuten. Gaur egungo Plaza Nagusian kokatua dago, Jauregi etxearen eta Izagirre Moiua jauregiaren artean, eta Bergarako udaletxearen aurrean, Bergarako Alde Zaharran.

Bergarako Errege Mintegia
Seminario de Nobles de Vergara
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Alde Zaharra (Bergara)
Bergarako Errege Mintegia aurrealdea.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaBergara
Koordenatuak43°07′03″N 2°24′50″W / 43.11763°N 2.41377°W / 43.11763; -2.41377
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1776
Erabileranobleen apaizgaitegia
Suntsipena1930
Arkitektura
EstiloaArkitektura neoklasikoa
Ondarea
EJren ondarea7

Hezkuntza eta ikerketa zientifikoaren esparruan ikastegi garrantzitsua izan zen Europa mailan. Frantzisko Xabier Munibe, Peñafloridako X. kondea, izan zuen zuzendari, eta horregatik, hain zuzen, Munibe Bergaran bizitzera joan zen. Mintegiko kimika-laborategian Elhuyar anaiek wolframa bakartu zuten 1783an. Ilustrazioak Euskal Herrian izan zuen eraginaren erakusgarri garbia da, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearekin batera.


Seminarioaren egoitza izandakoa, San Martin Plazan dagoen XIX. mendeko fatxada duen eraikin zabala da. Gaur egun UNEDen eta Aranzadi ikastolaren egoitza da.

Bergarako herrian "Seminarixoa" izena ematen zaio, baina ofizialki hainbat izen izan ditu: Real seminario de Vergara, Real seminario patriótico de Vergara eta geroago, Seminario de Nobles de Vergara.

Seminarioko hezkuntza eta zientzia bilduma

aldatu

Mintegiak XVIII. eta XIX. mendeetako zientzia eta teknika instrumentu asko gorde zituen. Bilduma hori herrian bertan dagoen Laboratorium Bergara museoan gordetzen eta erakusten da gaur egun.

Hezkuntzarekin eta zientziarekin lotutako erakundea

aldatu

Bergarako Errege Seminarioa edo Mintegia, Gipuzkoak eta Euskal Herriak historian zehar izan duen hezkuntza eta Zientzia-erakunde garrantzitsuenetakoa da. XVI. mendearen bukaeratik gaur egun arte beti izan da goi mailako hezkuntza-erakundea eta, bere ibilbide luzean zehar, baita lehen mailako Zientzia ikerketa gunea ere. Horretaz gain, Gipuzkoako lehenengo lorategi botanikoa Seminariokoa izan zen; Gipuzkoako lehenengo behatoki meteorologikoa Bergarako Mintegian antolatu zuten; ingeniariak formatzeko Euskal Herriko lehenengo eskola industriala Bergarakoa izan zen; eta helburu zientifikoekin osatu ziren lehenengo herbarioak, naturalizatutako animalia- eta mineral-bildumak Seminarioan egin ziren.

Historia

aldatu

Sorrera

aldatu

1593. urtean jesuiten eskola-etxea sortu zen. eta bertan egon ziren Jesusen konpainiakoak Espainiatik erbesteratu zituzten arte[1] [2].

1776. urtean Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Bergaran sortu zuen irakaskuntza eta ikerketarako erakunde moduan. Frantzisko Xabier Munibe Idiakez Peñafloridako Kondea eta Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko lehendakaria izan zen erakunde horren bultzatzaile nagusia.

Esan bezala, 1767. urtean egotzi zituzten jesuitak Espainiako koroatik, eta euren egoitzak uztera behartu zituzten. Bi urte geroago, 1769. urtean Karlos III.a Espainiako erregeak ordura arte jesuitena zen eraikuntza eman zion Euskal Herriko Adiskideen Elkarteari. Jesusen Lagundikoek 1593. urtetik zeuden hor, Oñatitik etorri zirenetik. Urte batzuen ostean, 1775ean, Euskal Herriko Adiskideek egoitza nagusia Bergaran ezartzea erabaki zuten. Asmo handinahi haien arabera, gai klasikoez gainera (Latina, Erlijioa, Hizkuntzak, Matematika, Filosofia), Kimika, Mineralogia, Fisika, Natur Zientziak, Metalurgia, Marrazkia eta Musika ere irakasten hasi ziren Mintegian eta, horrela, Bergarakoa lehen mailako ikasketa eta ikerketa zentro bihurtu zen Espainiako Estatuan. Atzerriko irakasle eta ikerlari ospetsuak ekarri zituzten eta fisika eta kimika arloak landu ziren bereziki, Euskal Herriko burdin eta altzairugintza eraberritu asmoz.

 
Fausto Elhuyar

Ilustratuen zientzia-aurkikuntza garrantzitsuak

aldatu

1776-1777. urteetan, eta urte askotako lanen ostean, Real Seminario Patriótico Bascongado delakoa ireki zuten Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País (RSBAP) erakundekoek.

Seminarioan irakasle eta ikertzaile bikainak zeuden, XVIII. mendean izandako Kimika, Mineralogia eta Metalurgia katedrei (katedra esperimentalak) lotuta. Louis Joseph Proust frantsesa izan zen lehen Kimika katedratikoa. Bergaran egin zuen lan aipagarriena Laboratorium Chemicum delakoa muntatzea izan zen, Europako onenetarikoa.

 
Pierre François Chabaneau

Pierre François Chabaneau izan zen Kimikako katedratikoa ondoren, eta bere lorpen handiena platinoa purifikatu eta xaflakor bihurtzeko metodoa aurkitzea izan zen, Bergarako mintegian egin zuena eta Kimikaren historian lekua egin diona. [3]. Ordura arte ez zitzaion funtzionalitate handirik ikusten platinoari. Chabenauk, ordea, aurreikusi zituen platinoak izan zitzakeen askotariko aplikazioak eta horren ondorioz metal horren garrantziak gora egin zuen. Bere aurkikuntza, ordea, sekretupean gordetzea agindu zuen Erregeak eta horrek bere zabalkuntza mugatu zuen.

1783. irailaren 28an, Fausto Elhuyar eta Juan José Elhuyar, Elhuyar anaiek, wolframa bakartu zuten bertan Seminarioko laborategian. Orduan Fausto Elhuyar Mineralogia eta Metalurgia katedratikoa zen, 1781-85 urteetan zehazki. Aurkitutako elementu kimiko berriaren izenaren berri Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko Batzar Orokorrean eman zuten han aurkeztu zuten lanean.

Mundu mailan sona handiko aurkikuntza izan zen, eta gainera, Seminarioak sustatzen zuen irakaskuntza eta ikerketa lanen garaipen gisa har daiteke[4], Wolframa baita, Euskal Herrian eta Estatu Espainolean aurkitu den elementu kimiko bakarra.[5]

N. Thunborg suediarra izan zen, 1788-1794 urte bitartean, Mineralogia eta Metalurgia katedratikoa. Honek, sekretua zen eta Chabaneauk urte batzuk lehenago lortua zuen platinoa purifikatu eta xaflakor bihurtzeko metodoa berraurkitu zuen.

Kanpotik ekarritako teknologia berriak eta bertan eginiko saio baliotsuek ez zioten, ordea, nekazaritzari halako berrikuntzarik ekarri. Natur Zientzietako eta Hezkuntzako ikusmolde berriek lehen lekuan ezarri zuten Bergarako Mintegia Espainiako Estatuko Irakaskuntzan. Mintegia Gipuzkoako aitonen-semeen ikastegia izan zen batez ere.

Konbentzio gerla ostean

aldatu

1794an frantses gudarosteak Gipuzkoan sartu ondoren Mintegia Gasteiza eraman zuten baina, handik gutxira, 1798an, berriz ere Bergaran egokitu zen. Gainbeheraren abiada izan zen hura. 1804. urtean Estatuak hartu zuen Errege Mintegiaren gidaritza eta Real Seminario de Nobles izena eman zion. 1822an Bigarren Irakaskuntzako Unibertsitate bihurtu zuten eta hurrengo urtean, Fernando VII.a Espainiakoa errege zela, Real Seminario de Nobles egin zuten berriro ere. XIX. mendean Mintegiak ez zuen hasierako garrantzi hura eskuratzerik izan: Gipuzkoako Bigarren Irakaskuntzako Goi Mailako Institutua izan zen (1845). 1851-1860 urte bitartean Real Seminario Científico Industrial izena eman zioten eta, Espainiako Estatuko lehen industria eskola bilakatu zen. Ingeniarien eskola hau bakarra zen Euskal Herrian. Estatu mailan soilik lau zeuden 1850 urtean: Madrilen, Bartzelonan, Sevillan eta Bergaran. Bilboko Escuela de Ingenieros Industrialesen (1897an sortua) iturburuan dago Bergarako Eskola Industriala.[6]

1880an domingotarrek zuzendutako Lanbide Eskola bihurtu zen. 1938 eta 1944aren artean apaiz seminarioa izan zen eta 1975etik aurrera Urruneko Unibertsitatearen (UNED espainieraz) egoitza da.

UNEDeko Gipuzkoako ikastetxe elkartuak bere egoitza dauka mintegian gaur egun. Tenpluan, berriz, ikus-entzunezko Seminarixoa aretoa dago, 2017. uretan inauguratu zena[7] .

 
Bergarako seminarioaren debora lerroa

Egoitzaren arkitektura

aldatu

Jesusen lagundiak, apurka eraiki zituzten erakinaren zati garrantzitsuenak. Konpainiak "Gela berria" izena eman zioten eraikuntza jaso zuten 1604 eta 1630 urteen artean. Gaur egun, Seminarioaren elizaren atzean dago kokatua. Ondoren tenplua erantzi zioten 1628 eta 1677 urteetan, eta azkenik, "Ikasketen etxea", 1979. urtean bukatu zutena. Elizaren ondoan zegoen eta bien artean Bergarako plaza nagusiaren mugatu zuten mendebaldetik.

Multzoaren lehenengo fatxada barrokoa zen baina egungoa 1867koa da, M.J. Laskurainek, azken arkitekto neoklasiko handietako batek, egina.

Mintegiari lotutako pertsonaiak

aldatu

Zientzialari eta ilustratu askok izan zuen erlazioa erakunde honekin, zuzena zein zeharkakoa; bestek beste: Joseph Louis Proust, Tobern Olof Bergman, Juan josé Elhuyar, Fausto Elhuyar, Antoine Laurent Lavoiser, Carlos Uriarte Furira, Mariano de la Paz Graells, Juan González Arintero, Richard Bowdler Sharpe.


Ikus gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. 1767ko apirilaren 2ko erregearen pragmatika.
  2. «Errege Mintegia - Bergarako artxiboa» www.bergarakoartxiboa.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-10).
  3. «Chabaneau, Pierre François - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
  4. «Wolframaren aurkikuntza: Elhuyar anaien aurkikuntza paregabea | Laboratorium Bergara Zientzia Museoa» www.laboratorium.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
  5. (Gaztelaniaz) aberron. (2013-06-23). «La tabla periódica por países (¡devolvednos medio Vanadio!)» Naukas (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
  6. «Bergarako Errege Seminarioa: berrikuntzaren eragile! | Laboratorium Bergara Zientzia Museoa» www.laboratorium.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-30).
  7. «Bergarako Errege Seminarioa | Turismoa» www.bergaraturismo.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-30).

Bibliografia

aldatu
  • AGUILAR PIÑAL, Francisco. 1980. "Los reales Seminarios de Nobles en la política ilustrada española", in, Cuadernos Hispanoamericanos, 356 (1980ko otsaila), 329-349 or.
  • ARANBURU ZINKUNEGI, Xabier; ERRAZKIN, Rosa eta IRIZAR, Iñaki. 2013. Bikaina, aberatsa, aurrera begira : Bergarako Errege Seminarioaren gida. Bergara: Bergarako Udala.
  • SAHLIN, Karl. "Historia del platino en Suecia", Munibe. 1964, 16 lib. 1 – 2 faszikulua. 49-55 or. <ikusi online hemen> [ikusia: 2020-05-21]

Kanpo estekak

aldatu