Konbentzioaren Gerra Euskal Herrian

XVIII. mendean jazotako gatazka militarra

Konbentzioaren Gerra 1793-1795 bitarteko gatazka militarra izan zen, Euskal Herrian oso eragin handia izan zuena; gerraren beste gunea Katalunia izan zen, Pirinioen inguruan. Espainietako Koroa eta Frantziako Errepublika elkarren kontra jarri zituen gerra hori Lehen Koalizioko Gerra zabalagoan kokatu zen, eta bere ezaugarri bereziak izan zituen Euskal Herrian, bertako gobernu, lege eta ohituren gaineko tentsioak eta jarrera desberdinak tarteko. Gerrarekin, itzulbiderik gabe galdu ziren foruak Ipar Euskal Herrian, eta koloka batean gelditu Hego Euskal Herrian.

Konbentzioaren Gerraren bilakaera orokorra Euskal Herrian

Ipar Euskal Herrian, Izua eta errepresio gogorra ekarri zituen Lapurdiko herritarren eta euskaltasunaren kontra eta, Bidasoaz hegoaldera, Frantses Errepublikaren aldeko zein kontrako mugimenduak eragin zituen, Gipuzkoako Errepublikaren aldarrikapenean eta Arrasateko gerra diputazioan gorpuztuak (1794). 1795eko udaberriko erasoaren ondorioz, Euskal Herri ia osoa frantses armadaren eskuetan geratu zen, Pancorboren atarian. Ataka horretan, Manuel Godoy Espainiako ministro ahalguztidunak Basileako Bakea hitzartzea erabaki zuen, Frantziari Hispaniolako mendebaldea emanez Euskal Herriko lurraldeen trukean.

Gerra honen ondorio nagusietako bat armada arrotzen etorrera izan zen, 1719tik gertatzen ez zena. Horrek herritarren, jabetzen eta foru ogasunaren kalte eta galera larriak eragin zituen eta, nahasmenaren erdian, talde armatuak sortu ziren Pirinioez hegoaldera, XIX. mendean Karlistaldietan luzatu zen fenomenoa. Konbentzioaren Gerrak liberalismoaren eta tradizionalismoaren arteko oposizioa finkatu zuen, foruen gaia tartean zela. Garai berri bati eman zion hasiera Euskal Herrian, Mendebaldeko zibilizazioaren testuinguruan 1776tik 1917 arte "mende luzea" deitu izan dena (nazio estatuen eraketaren aroa, E.J. Hobsbawmen arabera)[1] eta, Euskal Herrirako, "hondamendiaren zikloa", 1792tik 1876rako aldiari Julio Caro Barojak garratzago deitu izan dion bezala.[2]

Aurrekariak aldatu

1789an, Luis XVI.ak Estatu Orokorrak deitu zituen Parisera Frantziako Koroaren finantza arazoetarako funtsak bildu nahian. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ordezkariak, sei bana, Parisera bertaratu ziren. Hirugarren Estatua, baina, Batzar Nazionala bihurtu zen, eta konstituzio bat diseinatu zen. Frantses ideia nazionalistak gailendu ziren, eta Luis XVI.a Frantzia eta Nafarroako errege izatetik "frantsesen errege" izatera pasa zen. Nafarrek beren herriaren subiranotasuna defendatu zuten Polverelen bitartez, baina ez zuen eragotzi 1790ko urtarrilean Parisen departamendu sistema onartua izatea (Nafarroa Beherea barnean zela), eta Euskal Herriko hiru lurraldeok, bertako ordezkarien oposizioaz, Pirinio Apalen departamenduan sarturik geratzea, biarnesekin batera.

 
1790eko Elizjendearen Konstituzio Zibilari buruzko karikatura bat
 
Insausti jauregia Azkoitian, Gipuzkoako ilustratuen biltokietako bat

1790eko uztailaren 12an, Elizjendearen Konstituzio Zibila onartu zuen Batzar Nazionalak. Lege horren alde zin egin ez zuten apaizak ordeztuak izan ziren: Uztaritzeko direktorioak 180 elizgizonetatik 26 bakarrik zenbatu zituen "konformisten" artean.[3] Herri batzuetan, haserreak piztu zituen, hala nola Sara, Itsasu eta Mugerren.[4] 1792ko abuztuaren 26an, frantses agintariek kanporatze ediktua eman zieten konstituzioari zin egin ez zioten elizgizonei: geldituz gero, berriz, Guyanara deportatuak izango ziren. Euskal Herriko elizgizonek, gehienean, Espainia-Frantziako muga zeharkatzea erabaki zuten: Calahorrako elizbarrutian, 1.500 elizgizonek hartu zuten aterpe. Apaiza izan gabe, Arnaud-Michel Abbadia gazteak, Ürrüstoiko abadia laikoaren oinordeko eta Anton Abadiaren aitak, Irlandara ihes egin zuen.[5]

Hego Euskal Herrian, bitartean, tentsioak handiak ziren diputazioen eta Karlos III.aren absolutismo ilustratuaren artean. Koroak erresumaren barne merkatu bat sustatu nahi zuen, Ebroko euskal lurraldeen aduanak itsasora eta Pirinioetara eramanez. 1766an, matxinadaren lorratzean, Koroak Jesusen Lagundi boteretsua kanporatu zuen Hego Euskal Herritik eta erresuma osotik, baita hura desjabetu ere. Une horretan, Espainietako erregeak Euskal Herriko elite ilustratuak babestu zituen, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zen.

Aldiz, 1778an, Karlos III.ak Liberalizazio Erregelamendua eman zuen (es), eta espresuki eragotzi zien Ameriketako merkataritza Caracasko Gipuzkoar Konpainiari eta euskal portuei. Harrezkero, Euskal Herriko itsas merkatariak atzerritartzat hartuak izango ziren Ameriketan (legez 1836 arte, de facto 1844 arte), eta Koroak estutu egin zuen Euskal Herriko lurraldeen gaineko presioa, salgaien aduanetako zergak areagotuz.[6] Euskal Herriko ekonomia ataka batean zen, eta Frantziarekiko salerosketa areagotu egin zen nabarmen.[oh 1] Donostian, hain zuzen, Bidasoaz iparraldeko hainbat euskal herritar eta biarnes merkatari finkatuak ziren, Borboiek Gaztelako Koroa eskuratu zutenetik bereziki (1715), Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren, baleazaleen arrantzaren eta kontrabandoaren epelean.[7][oh 2]

Frantziako eta Espainietako Koroak aliatuta zebiltzan Ingalaterraren kontra Ipar Amerikako matxinoak babestuz, Diego Maria Gardokiren gidaritzapean eta Euskal Herriko gerra hornikuntzaz (Soraluze herritik, batez ere).[oh 3] Aldiz, 1792an, frantses agintari errepublikar berriek, Konbentzio Nazionalak, erregearen burua eskatu zuten, eta hala izan zen hilarazia 1793ko urtarrilean. Agintari berriek Mendebaldeko Pirinioetako Armada sortu zuten nahitaezko errekrutatze bidez eta, Karlos IV.a Borboikoaren lehengusu Luis XVI.ari burua moztean, bi erresumen arteko tentsioa igo egin zen. Bi hilabeteren buruan, I. Frantziako Errepublikak gerra deklaratu zion Espainietako Koroari martxoaren 23an.

Gerrari buruzko jarrerak aldatu

Ipar Euskal Herria, oro har, ez zen azaldu Antzinako Erregimenaren amaieraren aurka, baina desadostasuna zegoen antolaketa politiko eta administratibo berriarekin.[8] Dena den, gerra piztu orduko, Iraultzaren aldeko herri-mugimendua sortu zen Garazi eta Baigorri aldean, muga babestea helburu zuena; izan ere, Arnegi-Aldude-Orreaga arteko muga finkatu berria zen, 1785eko Elizondoko itunaren bitartez,[9] eta jendea beldur zen “espainiarrek” (hots, baztandarrek eta erroibartarrek) ez ote zituzten berenganatuko bertako oihan eta bazkalekuak. Horrenbestez, herritarrak Euskaldun Xazurrak (edo Ehiztariak) izeneko infanteria konpainietan antolatu ziren. Kapitainetako bat Jean Isidore Harizpe baigorriarra zen, burges donostiar baten semea,[10] gerra honen ondoren ere karrera militar arrakastatsukoa.[4] Aldudarrak, berriz, aspalditik zeuden etsaiturik baigorriarrekin, Aldude mendiko bazkalekuak zirela-eta. Hortaz, gogo onez hartu zuten 1793ko espainiar okupazioa, eta herria Espainiako Koroari lotzeko eskatu zuten.[11][12] Lapurdin, muga ondoko herrietan batez ere, ez zuten berotasunik agertu gerraren alde; horren ondorioz, aristokraten eraginpean eta Iraultzaren aurka egotea egotzi zitzaien, eta errepresio gogorra jasan zuten.[8]

Nafarroa Garaian jarrera kontrajarriak izan ziren. Mendialdean eta Iruñean frantsesen aldeko giza talde sendoak zeuden;[oh 4] hegoaldea, berriz, espainiazalea zen. Izan ere, Erriberako lurjabe handiek aduanak desagertzea nahi zuten, ardoa, garia edota olioa Espainia aldera trabarik gabe esportatu ahal izateko. Eta, horrezaz gainera, Hego Euskal Herriko lau probintziak konfederatzearen aldeko iritzia ere zabaldurik zegoen. Gerra hasi zenean, agintari monarkiazaleak gizartea akuilatzen saiatu ziren frantsesen aurka altxa zedin; erlijioaren defentsaren ideia ere erabili zuten horretarako. Nafarroako Diputazioak boluntarioz osatutako bi batailoi eratu zituen, baina diruz saritu behar izan zituen gazteak izena eman zezaten. Errekrutatze horren aurka agertu zen erabat Iruñeko Udala. Mendialdeko herriek ere eratu zituzten miliziak.[13] Foruetan oinarriturik, nafar gudariek ez zuten onartzen espainiar armadaburuen agindurik, eta uko egiten zioten Frantziako muga zeharkatzeari.[14] Desertzioak ere ohikoak izan ziren, nafar instituzioen onarpenarekin. 1795eko uztailean, frantsesek Iruñea inguraturik zutela, Nafarroako Gorteek appellitum (berehalako defentsarako deia) deitu zuten, baina hilaren 22rako Basileako Bakea sinatua zen.[13]

Gipuzkoako gizartea ere zatiturik zegoen. Batetik kontserbadoreak zeuden, herrietako jauntxoak batik bat, foru autogobernua murriztearen aurkakoak, eta erregearen esku-hartzea gaitzesten zutenak. Merkatari burgesek, berriz, foruak ezeztatu gabe, askatasun handiagoa nahi zuten merkataritza operazioak egiteko, bai Espainian (koloniak barne), bai Europan.[15] Gehienen ideologia ez izan arren, entziklopedismoa nahiko hedaturik zegoen, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eta Bergarako Errege Mintegiaren inguruan batez ere. Frantziako Iraultzaren aldekoak ziren, besteak beste, Jose Hilarion Maiz eta Joaquín María Barroeta politikariak, Diego Lazkano elizgizona, eta José Fernando Etxabe ahaldun nagusia ere.[16] Bestalde, Donostian, Tolosan eta beste hiri batzuetan kokaturik zeuden Iparraldeko eta Biarnoko merkatariek garrantzi handia izan zuten ideia horien zabalkundean.[7] Gerra hasieran Batzar Nagusiek errekrutatu zituzten milizianoek nafarren antzera jokatu zuten, eta uko egin zioten probintziako mugetatik kanpo borrokatzeari.[16]


« Jeneral Caro jaunak bere samaldako soldaduakin batean nai zituzkean eraman Gipuzkoako mutilak, Franziako lurrera egiten zituen sarreraetan; bañan Probinziak erantzuten zion, ezin ausiko zebala Errege Jaunarekin egiña zeukan bainandea, eta an arkitzen zirala prest beren mugaurpeari eginal guztian kontu egiteko ill edo bizi. Bidezko errazoi indar andiko au bere arpegira ematean miñkaiztu zan lazki Jenerala; eta agindu zeban, ezik, Gipuzkoako irurki edo terzioai etzekiotela eman Erregegandik artzen zuten egunoroko ogia eta bitanza. »

— Iztueta, Juan Ignazio (1767–1845) Gipuzkoako probintziaren kondaira[17]


Indarrak aldatu

Gerra hasi zelarik, Mendebaldeko Pirinioetako frantziar armadak 9.000 soldadu zituen, infanteriako 14 batailoi eta erdi, infanteria arineko batailoi bat, 18 konpainia aske, eta artilleriako 15 konpainiatan antolaturik.[18] Ipar Euskal Herriko konpainia askerik garrantzitsuenak Euskal Ehiztariak izan ziren ("Eskualdun Xazurrak" deitzen zitzaien), 1793ko udaberrirako 10 baitziren, horietako zortzi Nafarroa Behereko mugaldean hedatuak. Boluntarioz osaturik zeuden, eta hasieran muga zaintzea zuten eginbeharra.[4][12] Ondoko hilabeteetan soldadu frantsesen kopurua emendatuz joan zen, Konbentzioak errekrutatze masiboa (frantsesez: Levée en masse) agindu baitzuen 1793ko abuztuan; horri esker, 1794an 60.000 gudari zituen Mendebaldeko Pirinioetako armadak.[19] Buruzagitzan aldaketa franko izan zen; Servan (1793ko maiatza-uztaila), Muller (1793ko urria-1794ko abuztua) eta Moncey (1794ko iraila-1795eko urria) jeneralek iraun zuten gehien karguan.


Konbentzioaren Gerrako zenbait militar eta buruzagi (1)


 
Argintzu tontorreko lepoa

Hegoaldean, berriz, 18.000-20.000 soldadu zituen espainiar armadak gerra hasieran, Ventura Caro jeneralaren esanera. Hauei gehitu behar zaie frantses iheslari erregezaleen armada (Légion Royale des Pyrénees), Saint Simongo markesa buru zuena.[12] Iheslarien armadak hildako anitz izan zituen Argintzuko guduan (1794ko uztaila), eta bizirik harrapatutako soldaduak gilotinatuak izan ziren.[20][21] Nafar gutxi mobilizatu ziren, 1.600 gizon inguru, gehienak Baztango muga defendatzeko helburuz.[13] Gipuzkoak 4.600 gizonez osatutako milizia antolatu zuen Joaquín María Egia Narrosko markesaren agindupean.[16] Espainiako armadak muga gotortu zuen, eta kanoi-bateriak ezarri zituen Hondarribitik Endarlatsaraino, eta Irun (Behobia, Aldabe), Bera, Zugarramurdi, Baztan eta Orreagako mendietan.[15]

Gerraren bilakaera aldatu

Atzera-aurrera Lapurdi eta Nafarroako mugetan aldatu

 
Konbentzioaren Gerra, Euskal Herriko Pirinioetako kanpaina
 
Donibane Garaziko zitadela
 
Gartzabalgo fortinaren hondakinak (Baztan). 1793an eraikia, Izpegitik 2,5 kilometro iparraldera, frantziarren esku gelditu zen 1794ko ekainaren 3an

1793an gatazkak ez zuen norabide jakinik izan. Gerra hasieran zuten nagusitasun militarraz baliaturik, espainiarrek hartu zuten iniziatiba, eta Hendaia eta Saran zeuden frantziar tropei eraso egin zieten apirilaren amaieran. Apirilaren 23an, bortizki kanoikatu zuten Hendaiako gotorlekua Hondarribitik eta inguruko muinoetatik, eta erabat suntsitu zuten denbora gutxiren buruan.[22] Zazpi egun geroago Sararantz jo zuten, Bera eta Lesakatik abiaturik; espainiar infanteria eta zalditeriaren aurrerabidea geldiarazi ezinik, frantziar soldaduek bertan behera utzi zuten bertako kanpamentua. Maiatzaren 31n, berriz, espainiar konpainia bat odol eta gar sartu zen Hendaian; herria deuseztaturik geratu zen. Erasoaldi horien ondoren, Bidarten ezarri zuen Lapurdiko kanpamentu nagusia Joseph Servan jeneralak. Hurrengo hilabeteetan eraso eta kontraeraso ugari izan zen behe Bidasoan.[22][23]

Nafarroa Behereko mugari dagokionez, apirilaren amaieran espainiarren esku zeuden Baigorri aldeko mendi lepo guztiak, Izpegitik Linduseraino. Horiek horrela, frantziarrak ohartu ziren eremu osoa defendatzeko adinako indarrik ez zutela; beraz, maiatzaren 27an, Luzaide eta Aldudetik atera, eta atzerantz egin zuten Baigorri eta Garaziraino. Aldudarrek ongi hartu zuten espainiar okupazioa, eta haien ondoan borrokatu ziren ondoko hilabeteetan.[23] Ventura Caroren ondorengo helburua Château-Pignon (Eiheralarre) izan zen; gotorleku estrategikoa zen, Garazi eta Orreaga arteko bidea zaintzen zuena. Frantziarren arreta desbideratzeko asmoz, Bankako burdinola eta Arrolako Harria eraso zituzten espainiarrek ekainaren 3an; Arrolan, alabaina, suharki egin zieten aurre Harizperen Euskal Ehiztariek. Hiru egun geroago, Caroren indarrek Château-Pignon hartzea lortu zuten, gerrako batailarik odoltsuenetako baten ondoren; hala ere, ez zioten onurarik atera garaipen horri, eta hilaren 18an gaztelutik erretiratu ziren.[12][23]

Ekialderago, Zuberoa eta Erronkaribarren arteko mugan, ekainaren amaieran hasi ziren liskarrak. Konbentzioaren soldaduak mugaren ondoan ikusi zituztelarik, Pedro Vicente Gambra alkate eta gerra-kapitainak ibarra mobilizatu zuen eta, nafar erregimentu baten laguntzaz, Santa Graziraino esetsi zituzten. Hurrengo asteetan, erronkariar andre eta gizonak mugazain ibili ziren. Urriaren 7an, berriz ere saiatu ziren frantziarrak Erronkariko bortuak okupatzen. Erronkariarrek, Gambra buru zutela, Santa Graziraino egotzi zituzten, eta su eman zieten herri horretako 7 etxeri. Eraso eta kontraerasoetan etxe eta borda gehiago suntsituak izan zirenez gero, Santa Grazi eta Erronkariko ordezkariek bakea sinatzea erabaki zuten, bi udalerrien arteko mugak errespetatuz, beti ere.[24]

Abuztuaren 7an, frantziar armadak Aldude berreskuratu zuen. Konbentzioaren mandatariek traizioa leporatu zieten bertako bizilagunei, eta hitz larriak izan zituzten haientzat —“aldudar zitalak, Aberri Amaren desertore koldarrak, esklabo ustelak, frantziar izena merezi ez dutenak”—, baina zigorra ez zen askoz haratago joan. Beti ere, uda amaieran herria berriz ere espainiarren esku zegoen.[12] Irailaren 13 eta 14an, Konbentzioaren gudarosteak Urdazubi herria, bertako monasterioa, burdinola, errota eta ospitalea erre eta arpilatu zituen. Horren ondorioz, premontretarrak Loiolako Santutegian kokatu ziren.[25][oh 5] 1794ko otsailaren 5ean, Caroren armadak eraso bortitza jo zuen Hendaia eta Urruñako zenbait helbururen aurka, baina atzera egin behar izan zuen.[18]

1794ko udaberrian, frantziar agintari militarrek Baztan hautatu zuten espainiarren aurkako eraso erabakigarria jotzeko. Ekainaren 3an, hiru zutabetan antolatutako 5.800 gizon haranaren iparraldeko eta ekialdeko mendi lepoak hartzera abiatu ziren; lehenbiziko zutabeak Aldude eta Berderizko lepoa hartu zituen, bigarrenak Izpegi, eta hirugarrenak Otsondo.[26] Uztailaren 10ean, Konbentzioaren aurkako frantziarrek Argintzu mendian zuten kanpamentuaz jabetu ziren.[12] Azkenik, uztailaren 23an, Bon-Adrien Jeannot de Moncey buruzagi zuen espedizioak Izpegiko lepoa gainditu eta Elizondo eta Doneztebe hartu zituen, Baztan haraneko guduan.

Lapurdiko errepresioa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Lapurtarren deportazioa (1794)»
 
Orbaizetako arma fabrikaren aztarnak; Konbentzioaren Gerran errea

Konbentzioak (Convention, Montagnards, alegia, Menditarrak) Jean-Baptiste Cavaignac eta Jacques Pinet bere mandatariak bidali zituen Baionara (Représentants en mission). 1794ko martxoaren 3an (haizekorraren 13an), mandatari horiek ignoble ("doilor") izendatu zituzten Sara, Itsasu eta Azkaine, baita agindu ere 3 eta 88 urte arteko herritar guztiak bertatik gutxienez "20 legoara" (80 kilometrora) kanporatu zitzatela, tokiko 47 gaztek beren gerrako postuak utzi eta Berara alde egin zutenean.[27][28][oh 6] Luze gabe, elizara behartu eta gero, 2.400 saratar Ziburu eta Donibane Lohizunera zuzendu zituzten (garai horretan "Chauvin-Dragon" izen berriaz deituak), 150 gurditan ilara luze batean. Konbentzioko iraultzaileek beste hainbeste egin zuten Lapurdiko herri askotan: Senpere, Ezpeleta, Azkaine, Kanbo, Makea, Lekorne, Luhuso, etab.[29][oh 7] Aldi berean, euskara "fanatismoaren mintzairatzat" jo zuten, baita aurrerabidearen eta Argien kontrakotzat ere, eta debekatu egin ziren frantsesez bestela idatzitako agiriak.[30]

 
Sarako Jondoni Martine elizako plaka oroigarria
 
Konbentzioak hainbat herriri aldatu zien izena, baita Donibane Lohizuneri ere: Chauvin-Dragon

Elizetan bildu zituzten biztanleak, gizon zein emakume, gazte zein zahar, 3.000 inguru;[31] kopuruei buruz, hala ere, askotariko estimazioak eman dira, gutxiago ere izan zirelakoan, orduko biztanleria kopuruaren arabera. Donibane Lohizunen eta Ziburun, Societé Révolutionnaire sortu berriko kideek irainka eta harrika hartu zituzten ilaran heldutakoak. Iparraldera bidean, herritar gehiago bildu zitzaizkien. 1794koa negu hotza izan zen, eta deportatuak ugari hil ziren bidean, bereziki zahar eta gazteenak.[29] Deportazio ilarako herritarrak hainbat departamendutan banatu zituzten Landetan, Bearnon, Pirinio Garaietan, Gers eta Lot eta Garonan. Hor, agintari iraultzaileen maiatzaren 24ko agindu batek hala ezarri baitzuen, erabilera publiko eta pribatuko lanetan jarri zituzten lanean. Elizetan pilatzen zituzten (229 Capbretonekoan), hotzez, janaririk gabe, arrotzen artean, eta agintari etsaiek zelataturik; handik irteteko debekua zuten.[29]


« Federalismoak eta sineskeriak behe bretoiz hitz egiten dute, emigrazioak eta Errepublikaren gorrotoak alemana, kontrairaultzak italiera, eta fanatismoak euskara. Hauts ditzagun kaltearen eta errorearen bitarteko horiek. »

Salbamen Publikoko Komitearen mintzairei buruzko txostena, "Rapport Barère", 1794[32]


Landetara heldutakoan, ilara luzera behartutakoak sexuaren arabera banatu zituzten,[28] eta familiak zatituak izan ziren. Capbrutus berrizendatutako Capbretongo eliza euskal herritarren espetxe bihurtu zen haizekorraren 24ko aginduz. Asko hil ziren bertan, egoera latzean giltzapetuak. Hariztoi abadeak ohartarazi zuen San Bisentseko elizan 300 euskal herritar emakume zeudela giltzapetuta. Herrietako agintariek estu eta larri ikusten zuten beren burua deportatuoi janari pixka bat helarazteko eta mantenurako.[33] Agintari berriek deportatuen jabetzak enkantean saldu, etxeak eta aziendak (10.000 abelburutik gora) desjabetu, eta altzariak inguruko herrietara eraman ziren, edo/eta erre egin zituzten,[28] edo (frantses) "abertzaleei" eman.[31][34][oh 8]

Deportatuek (tartean zela Martin Ithurbide, Sarako auzapez izandakoa) protestak eta eskaerak zuzendu zizkieten askotariko agintariei egoeraren bidegabeaz gogoraraziz; haatik, gehienetan, ez zuten erantzunik izan.[35] 1794ko sapadunaren 27an (apirilaren 16an), Konbentzioak probintzietako komite eta epaitegi iraultzaileak indargabetu zituen, Pinet eta Cavaignacen iritziaren kontra.[oh 9] Haatik, uda amaierarako atzeraezina zen jada deportatuen itzulera. Baudot eta Garrau herriaren ordezkariek III. urteko mahaxtearen 8 eta 10ean (irailaren 30ean eta urriaren 2an) agindu bana eman zuten, Uztaritzeko herritarrak itzultzeko eta haien ondasunen salerosketa gelditzeko; ordurako, ordea, txikizioa handia zen.[36] Besteak ere etxeratu ahal izan ziren.[4] 1.600 lapurtar hil ziren deportazioan, gehienak Sarakoak.[28] 1795eko martxoaren 4an, deportazio agindu suntsigarritik urtebetera, ikerketa batzorde bat eratu zen, ondorengoek osaturik: Dominique Garat Hiriarte, Dominique Halsouet zaharra, Courtelarre eta Etxegoien.[37]

Gipuzkoa zatituta aldatu

Gehiago jakiteko, irakurri: «Gipuzkoako Errepublika»

Baztan haraneko guduaren ondoren, frantsesek Bidasoan behera egin zuten, Hondarribia hartu, eta Donostiara aurreratu zuten, baita abuztuaren 3an Donostiara sartu ere; hiriak ateak ireki zizkien,[8] defendatzeko hornigairik gabe eta Espainiako Koroarekiko tirabira handien erdian. Filipinetako Konpainiak bertan behera utzi zuen bere jarduera Gipuzkoan 1794ko martxoan.[38] Martín Antonio Álvarez de Sotomayor, Colomerako konde eta Espainiar Armadako jeneralak gidatutako 4.000ko gudarosteak gogor egin zien frantsesei Tolosan, baina abuztuaren 9an erretreta egin zuen Lekunberrira.[39] Tolosa frantses armadaren eskuetan geratu zen: Gipuzkoa haien menpean zen salbu eta Tolosatik hegoaldera.


Konbentzioaren Gerrako zenbait militar eta protagonista (2)


Konbentzioaren indarrak Donostian sartzean, Foru Aldundiak ez zuen Godoyren esana bete, espainiar armadaren erretretarekin batera bere egoitza lekualdatzea; aldiz, hura Getariara eraman zuen. Donostiara sartzean, frantses armadako buruzagiek, Monceyk bereziki, hitz egiteko jarrera agertu zuten, Frantziako Errepublikaren barruan kokatzearen baldintzapean. Joaquin Barroeta-Zarauz Aldamar diputatua eta Fernando Etxabe-Asu Romero diputatu nagusia, ideia aurreratuko pertsonak, frantsesekin jarri ziren harremanetan.[39] Proposamen bat egin zieten: zazpi puntuko agiri bat, Gipuzkoaren independentzia aipatzen zuena, "1200 arte izan zen bezala", eta Gipuzkoako batzar nagusien deialdi bat, Getarian egitekoa. Manuel Godoy espainiar ministroak suminkor ikusi zuen gipuzkoar agintarien jarrera, baita Gipuzkoa "probintzia traidore" deitu ere; are, foruak kentzeko premia ikusten zuen.[8]


« Donostiako okupazioa ez zen armen bidezko ekintza izan. Hainbat gipuzkoar sasipolitikari Adrien de Moncey jeneralaren lilurak jota erori ziren, hitz eman baitzien herrialdea errepublika independente bilakatuko zuela. Gizon sinesberak haiek, hiria frantsesen esku utzi zuten..." »

— Manuel Godoy, Karlos IV.aren ministro ahalguztiduna


 
Gabriel Mendizabal, foru miliziako buruzagia

Abuztuaren 14an, Getariako batzar nagusia eratu zen, baina Arrasate eta beste bospasei udalerri ez ziren bertaratu.[39] Zortzi puntuko agiri bat bidali zitzaien frantses agintariei. Monceyk begiko zuen errepublika subiranoa osatzeko proposamena, baina ez zen onartua izan Osasun Publikoaren Batzordean.[8] Abuztuaren 19an, Pinetek eta Cavaignacek zehazki errefusatu egin zuten gipuzkoar ordezkarien proposamena (errepublika aparte bat), eta baldintza gabe Frantziarekin bat egitea beste aukerarik ez zieten eman; proposamena guztiz onartezina zen mandatarion pentsamolde jakobinoarentzat.[8][39][40] Bi egun geroago, Eibarko udalbatzak Gipuzkoa utzi eta Bizkaian sartzea eskatu zuen.[41] Abuztuaren 23ko agiri publiko batean, frantses mandatari horiek lurralde konkistatutzat jo zuten Gipuzkoa. Hura argitaratu eta bi egunera, frantsesek Getariako diputatuak atxilotu zituzten, 46 guztira (beste hainbeste herritakoak), eta Baionara espetxeratu,[40] Aldamar eta Romero izan ezik, bitartekari lanetan libre utziak.[39]

Abuztuaren 29an, frantses soldaduek Eibarko hainbat eraikin erre eta txikizioak eragin zituzten; herri hori izan zen Gipuzkoan gerratik kaltetuen atera zena.[42] Frantsesen hitzarmenerako ezintasuna, jarrera bortitza eta arpilatzeko joera irainak izan ziren gipuzkoar foralistentzat, eta okupatu gabeko herriak mobilizatzen hasi ziren haien aurka, foruen eta erlijioaren defentsan. Irailaren 1ean, 18 udalerrik gerrako batzar nagusi bat egin zuten Arrasaten, frantsesen kontrako gerra antolatzeko.[oh 10] Foru milizien erasoek mantsotu zuten Konbentzioaren armadaren aurrerabidea, eta atzera eginarazi zioten kasu batzuetan.[40][43] Bi hilabete geroago, azaroaren 28an, frantziar gudaroste iraultzaileak Bergara hartu eta arpilatu zuen, baina Gabriel Mendizabal buru zuten gipuzkoar boluntario foralistek hiria berreskuratu zuten abenduaren 2an. Frantsesak egotzirik, Gipuzkoako batzar nagusia Leintz Gatzagan kokatu zen.[43]

Urriaren 15 eta 17 artean, Monceyk ofentsiba zabala hasi zuen Nafarroako iparraldean: 46.000 soldadu abiatu ziren Baztandik eta Ibañetatik hegoalderantz, Iruñea hartzeko xedearekin; espainiarrak 13.000 besterik ez ziren. Gipuzkoan zegoen frantziar armada ere Iruñerantz abiatu zen, Lekunberrin barrena.[15] Hiru frantses batailoi iraultzaile, bata Donibanetik abiatuz, bigarren bat Orhiko lepotik eta hirugarren bat Larrañen behera, Orbaizetara, Itzaltzura, Otsagabira eta Hiriberrira heldu ziren. Orbaizetako ola defendatzen zuten 2.400 soldadu espainiarrek, frantses iraultzaileekin hala hitzartuta, tokia utzi zuten, eta frantses armada horrek, soldadu zituela baxenabartar eta zuberotar ez gutxi, ola kiskali zuen,[44] eta Eugiko arma ola ere suak hartu zuen.[12] Mezkiritz, Hiriberri eta Lekunberrin izan ziren borrokaldi nagusiak.[14] Espainiar armadako buruek, frantses armada heltzen ari zela ikusirik, Auritz hustu eta herriari su ematea erabaki zuten: herriko 46 etxetik 42 erre ziren.[44] Nagusitasuna eskuratu arren, ordea, frantsesek bertan behera utzi zuten erasoa, eta ihesi zihoazen soldadu espainiarrak Iruñera iritsi ahal izan ziren.[12] Haatik, ordurako erasotzaileek Orreaga eta Luzaide kiskali zituzten, baita sua hemen Aezkoako herri ugariri, zubiak bota eta elizak erre; kabaleak ugari ebatsi ziren, eta uztak galarazi.[44]

Frantsesen oldarraldia hego-mendebaldera aldatu

1794-1795eko negua latza izan zen armada frantsesarentzat: nekeak, janari urritasunak eta arta eskasak tifus izurrite ikaragarria eragin zuten Gers eta Deba ibaien artean, eta Monceyk milaka gudari galdu zituen.[12][23] Garaiko dokumentuetan “sukar ustel” deitutako izurri horrek gogor erasan zituen espainiar tropak eta zibilak ere.[45] Apirilean, Colomerako kondeak utzi zuen espainiar armadaren buruzagitza; Castelfrancoko printzeak ordeztu zuen. Udaberrian, 12.000 soldaduko errefortzua iritsi zitzaion Mendebaldeko Pirinioetako armada frantsesari eta, denbora luze gabe, berrekin zieten erasoei. Maiatza hasieran hiru frantziar batailoi kokatu ziren Itziarren, eta beste bi Aldaban, Azpeitia eta Tolosaren arteko bidea zaintzeko.[23] Elgoibar hartzeko erasoaldia giltzarri gertatu zen Konbentzioaren armadaren aurrerabidean. Maiatzaren 19 eta 23 bitartean, herri horren aurrean dagoen Muskirutxu mendia hartzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Arrakastarik gabeko beste eraso bat jo zuten ekainaren 15an eta, azkenik, hilaren 29an jabetu ziren Elgoibar eta Bergaraz.[46]

Uztailaren 2an, hiru zutabe abiatu ziren Tolosatik Lekunberrirantz; helburu bera zuen beste zutabe bat Doneztebetik irten zen. Biharamun egunsentian lau zutabeek inguraturik zeukaten Larraungo herria. Baina ordurako espainiarrak Irurtzun aldera bilduak ziren. Frantziarrak haien atzetik joan ziren, eta oso borrokaldi odoltsua izan zuten hilaren 6an. Besteak beste, Jean Isidore Harizpe larri zauriturik gertatu zen guduan. Azkenik, espainiar armada Iruñerantz erretiratu zen, eta frantsesek Irurtzun okupatu zuten.[15][23] Horiek horrela, Nafarroako hiriburua inguraturik geratu zen, bai iparraldetik, bai mendebaldetik, eta nahasmendua eta ezinegona nagusitu ziren bertan. Itxuraz, Espainiako gobernua prest zegoen Euskal Herriko mendebaldeko hiru probintziak, eta beharbada Nafarroa ere, Frantziaren eskuetan uzteko. Frantziaren eta Espainiaren arteko elkartrukearen pieza bat bihurtzea eragozteko, Nafarroako Gorteek mobilizazio orokorra (appellitum) deitu zuten, eta Castelfrancoko printzeak, gogoz kontra bazen ere, onartu behar izan zuen.[13]

 
Iruñerria Gaztelu mendiko gotorlekutik, magalean Arakil eta Oskiako igarobidea dituela

Elgoibarren zeuden frantziar batailoiek, 4.500 soldadu inguruk, mendebalderantz jo zuten uztailaren 12an. Espainiar osteek atzera egiteko agindua jaso zutenez gero, batere oztoporik gabe joan ziren aurrera frantsesak:[15] Eibar uztailaren 12an bertan hartu zuten, Ermua, Durango eta Legutio 13an. Egun horretan, beste 3.500 gudamutil abiatu ziren Irurtzundik eta, Sakanan zehar, Altsasuraino iritsi ziren, eta bertan Santa Eulaliari eskainitako baseliza erre zuten[47]. Arrasate uztailaren 16an erori zen, Gasteiz biharamunean, eta Bilbo bi egun geroago. Gipuzkoako batzar nagusiak Briviescan hartu behar izan zuen babes.[43] Uztailaren 22an, Gaztelu eta Erga mendi tontorretan gotortu ziren Konbentzioaren indarrak, Iruñetik hurbil, eta Miranda Ebro ere haien esku zegoen; Madrilgo gortean panikoak jota zebiltzan.[40] Egun berean, espainiarrek eta frantziarrek Basileako Bakea sinatu zuten, baina berria bi aste geroago iritsi zen. Armada frantsesa irailean erretiratu zen Hego Euskal Herritik.[12]

 
François de Barthélemy, Konbentzioaren ordezkaria Basileako negoziazioetan

Ondorioak aldatu

Izurria eta hondamena aldatu

Pirinioetako Gerra arrunt hondatzailea izan zen Euskal Herriarentzat, bi urtez milaka soldaduk hartu baitzituzten bertako mendi eta herriak. Herri asko izan ziren arpilatuak, eta suak erraustu zituen, besteak beste, Hendaia, Banka, Urdazubi, Auritz, Abaurrepea, Abaurregaina, Garaioa, Luzaide eta Otsagabia. Burdinola, borda, zubi eta errota ugari ere suntsituak izan ziren. Frantziar armadak aurrera egin ahala, herritarrek hegoalderantz egin zuten ihes. Luzaideko okupazioak, esate baterako, bi urte iraun zuen, eta urte bat Baztangoak. Bizilagun asko hil ziren, biztanleriaren %10 baino gehiago Iruñeko eta Zangozako merindadeetan; hiltze kopurua %20ra iritsi zen mugako udalerrietan, hala nola, Bera, Urdazubi, Zugarramurdi, Baztan, Luzaide, Erroibar eta Aezkoan. Gipuzkoak ere biztanleriaren %10 inguru galdu zuen.[48] Gerrak ekarritako miseriarekin batera, 1794-1795 bitartean gudarosteek hedatu zuten tifus epidemia izan zen heriotza gehienen arrazoia.[45][49]

Euskal gizarteko egiturak kolokan aldatu

Errepresioa ere pairatu behar izan zuten euskal herritarrek. Iparraldean, Konbentzioaren ordezkariek iraultzarekin bat egiten ez zuten guztien aurka jo zuten, eta exekuzioak eta espetxeratzeak ohikoak izan ziren. Espainiarren lagun zirelakoan, milaka lapurtar deserrituak izan ziren 1794ko martxoan. Hegoaldeko probintzietako biztanleei ere leporatu zitzaien “etsaiekin” elkarlanean aritu izana. Esate baterako, Nafarroa Garaiko jendeak, bertako instituzioen babesarekin, jarrera epela izan zuen gerrarako erroldatzeko tenorean, eta mendialdean errekrutatutako boluntarioek uko egiten zioten Frantziako muga igarotzeari; desertzioak eta diziplinarik eza ere maizkoak ziren.[8][13] Gertaera horiek aitzaki harturik, 1796an Karlos IV.ak indarrik gabe utzi zituen Nafarroako foruak. Ordutik aurrera, bai berak eta bai Fernando VII.ak, nafar gazteak sarrarazi zituzten Espainiako armada erregularrean, foruen xedapenen aurka.[14][oh 11] Lapurdiko deportazioaren agindu-emaileak eta arduradunak zigorrik gabe atera ziren Konbentzioak porrot egin zuenean ere.[8]

Mugaz bi aldeen arteko harremanen etena aldatu

ORROITZAPENAK[oh 12]
Ordu da egin dezon leku
tristeziak gozoari.
Nigar karatsak baditugu
aski luzaro ixuri.
Denbora da ganbiatu:
terroristak kargutarik
apartatuak jadanik,
begitarteak ilunik
doluan dire sartu.

Orroit zaitezte, lapurtarrak,
zenbat duzuen sofritu;
baldin terroristei indarrak
ez balitzaizkote kendu,
sekulan zuen nigarrak
ez zirela xukatuko.
Gauza horren frogatzeko
ez dut urrun joan beharko,
badaki bat bederak.

— Piarres Lafitte zenaren Poemes historiques

des basques (1749-1821) liburutik (Baiona, 1972)[50]

Arturo Campión-ek Pedro Mari ipuinean azaldu zuen bezalaxe, eta gaur egun, besteak beste, Xosé Estévez historialariak, gerraren ondorio politikorik negatiboena ordura arte nahiko baketsuak izan ziren Bidasoa eta Pirinioen alde banatako euskaldunen arteko erlazioen hondatzea izan zen,[51] Frantziako Errepublikak Ipar Euskal Herriko biztanleak beren Hegoaldeko senideen aurka armak hartzera behartu baitzituen.[oh 13][52]

Horren harira hauxe esan zuen handik urte gutxira Wilhelm von Humboldtek: “Hondarribia eta Hendaiako biztanleak eguneroko naturaltasunez bizi dira elkarrekin. Herri berekoak izaki, hizkuntza berekoak, dialekto desberdintasun txikiak besterik ez dutela, erresuma desberdinetako beste edozein mugakide baino batuago egon behar dute. Horixe da gure gudek gutxien erreparatzen dioten ankerkerietako bat, azpian hartzen dituzten herriei begirune eskasa dietenez, haien arteko elkartasunak zakarki eraitsi eta auzo herrietako bizilagun otzanenengan etsaigo eta gorroto hesiak eraikitzea, aurreko interes zein joerei erabat arrotz bazaizkie ere”.[53]

Kultura eta gizarte arloko ondorioak aldatu

Frantses iraultzaileen gizarte neurri hertsatzaileak Konbentzioaren Gerran hasi ziren hezurmamitzen Ipar Euskal Herrian, elizjendearen kontra arituz, herritarrak deportatuz eta euskara gaitzetsiz (nahitaezko frantses hezkuntza elebakarra ezarriz, besteak beste). Frantziako Konbentzio Nazionala 1795eko urrian gainbehera etorri arren, eragindako gizarte inpaktua geratzeko etorri zen, eta ekarritako kultura berriak euskaldunei frantses identitate politiko moderno bat eskaini zien, frantses hiritar gisa eta Frantziako nazio estatuan. Artean, euskaldunek kontzeptu horri gogor egin zioten arren, XIX. mendean euskal herriaren balioetan sartuz joan zen.[54]

Robespierreren irudiko, Antzinako Erregimena erregearen esana zen, eta legea herriaren ondarea, Konstituzioaren araberako Zuzenbide Estatua eta araua betetzea bihurtuta; Zuzenbide Estatu horrek, bada, erlijioa ordezkatu zuen, eta zuzenbide hori aginte politikoaren gainetik jartzen hasi zen.[55] Iraultza bihurtutako Ilustrazioaren balioek tokiko erlijio egiturei eraso egin zieten, eta horrek erreakzio bat piztu zuen euskaldun askoren artean, eraso hori beste gehiegikeria askori lotuta ikusi baitzuten, espedizio militarren eta liberalismoaren abusuak, adibidez. Robespierreren unibertsalismo eta Dantonen nazio frantses hertsatzaileak tokikoaren aldarrikapena piztu zuen, erlijio ohiturak ere tartean.[56] Alde horretatik, Hego Euskal Herrian erresistentziak erlijio-gurutzada kutsua hartu zuen eta, harekin batera, sentimenduen espainiatartze bat, Konbentzioko frantsesen ateismoari aurkajarria (askotan propagandaren eraginez, okupatu gabeko eskualdeetan).[57]

Beste eragin bat erbestea eta armadaren intsumisioa izan zen. Bi horiek areagotu egin ziren Konbentzioaren Gerraren ondoren, foru sistema hondatu eta nazio estatuek indar handiagoa hartu ahala. Ipar Euskal Herrian, hainbat herritarrek Saint Simongo markesaren Errege Legioarekin borrokatu zuten. Beste batzuek, euskal idazleak ere tartean (elizgizonak askotan), Hego Euskal Herrira ihes egin zuten: Martin Duhalde (1733-1804), Andre Baraziart (1738-1826), Salvat Monho (1749-1821) eta Jean Robin (1738-1821); iheslariok Oiartzun inguruan finkatu ziren.[58] Era berean, Gipuzkoan, Pedro Antonio Añibarro idazle bizkaitarra Zarauzko komentuan atxilotu eta Baionara espetxeratu zuten; Joan Batista Agirre Asteasuko erretore eta idazleak Oñatin hartu zuen aterpe. Pirinioez iparraldeko idazleen isuriak erreakziozko euskal literatura hauspotu zuen Hego Euskal Herrian, hiru hamarkadatan euskaraz argitaratu gabe egon ondoren: Juan Antonio Mogel (1745-1804), Bizenta Mogel (1782-1854), Pedro Antonio Añibarro, Joan Batista Agirre, etab. Haietako idazlan asko Frantsestearen ondoren plazaratu ziren.[58][oh 14]

Oharrak aldatu

  1. Rodrigo Rodríguez Garraza historialariaren arabera, XVIII. mende amaieran, Nafarroak bere kanpo salerosketa osoaren % 37,2 "Frantziako aldearekin" zuen, % 62,3 "Euskal Herriko gainerako lurraldeekin", eta % 0,5 bakarrik "Espainiarekin"; ikus Esparza Zabalegi, Jose Mari. 2012, 57. or.
  2. Donostian finkatutako Bidasoaz iparraldeko euskal herritar eta biarnes merkatari familiez gain (Aragorri, Larralde, Duistegi, Betbeder), Espainiatik Inkisizioaren eta Estatuaren jazarpenetik ihes egindako pertsonaia ugarik Baionan hartzen zuten aterpe (adibidez, Jose Marchena, Miguel Rubín de Celis, Vicente María de Santibáñez), Bilbo, Donostia, Baiona eta Bordele arteko harremanak eta negozioak dinamizatuz. Orduko Baionako auzapezak, Jean-Pierre Basterretxek, harreman estuak zituen Hego Euskal Herriko eta Espainiako merkatariekin, Iraultzaren aldeko agertu zen 1790ean, eta oso ongi zekien gaztelaniaz; ikus Aragón Ruano, Álvaro. 2011, 175-185. or.
  3. Euskal Herriko enpresaburu eta industrialariak matxinoen alde jarri ziren; Gardoki eta haren kontrabando sarea izan zen ipar-amerikar matxinoak arma eta munizioen hornitzaile nagusietako bat, tartean Caracasko Gipuzkoar Konpainia zela. 1783ko Parisko Itunean Hamahiru Kolonien independentzia onartu zen nazioartean eta, 1787an, Estatu Batuetako konstituzioa deklaratu zuten, historiako lehen errepublika demokratikoan; euskal herritarrek, bestalde, itsas salerosketa isuri oparoa zuten Ipar Amerikako Hamahiru Koloniekin, kontrabandoz hango arrantzaleen bakailaoa inportatuz, Bilbotik nabarmen (XVII. mende erdialdetik), eta Hondarribia-Lapurditik; ikus Untzi Museoa. 2018, 25-27, 32-37, 43, 53. or.
  4. Manuel Godoy eta Francisco Zamora erregearen Nafarroako komisarioaren arteko ezkutuko gutun elkartrukeak (1795ko martxoa-1795ko urria) eta Monceyren gutunek hori uzten dute agerian. Godoyk espainiar armadaburuen jokaerari egozten zizkien, neurri handi batean, porrot militarrak; Francisco Zamorak, berriz, zuzenean hego euskal herritarrei ("vasco-navarros") egozten zien errua, frantsesekin bat egitea leporatuz; adibidez, Iruñeko ordezkari bakar bat aipatzen du hiribildu horretan espainiar erregearen zalea: Barreda delako bat. Canovas del Castillok, mende bat inguru geroago, kasua aztertzean, bat egin zuen Zamoraren ikuspegiarekin; ikus Rodriguez Garraza, Rodrigo. 1990. 115-118. or.
  5. Loiolako Santutegia hutsik zegoen, Karlos III.a erregeak jesuitak Espainiatik kanporatu baitzituen 1767an.
  6. De la Cerdak euskal herritarren kontrako iraultzaileen jarrera oldarkorraren aitzakiatzat jotzen du desertzioa; ikus 102. or.
  7. Jean-Martin Monduteguyk, Pinet eta Cavaignacen ordezkariak, koordinatu zituen deportazio lan guztiak, irmo eta gogor jokatuz, horretarako berariaz sortutako Komite Berezian; gainera, Lapurdiko izenak aldatu zituen iraultzaileen taldean parte hartu zuen; ikus Chico Comeróna, Cirilo. 2011, 66-67. or.
  8. "Les biens de internés seront donnés à titre de colons partiaires, aux patriotes qui sont restés et aux patriotes de Biriatou, Hendaye, Urrugne et Subernoa"; ikus De la Cerda, Alexandre. 2016, 87. or.
  9. Pierre-Laurent Monestier haien kideak Baionako Salbamen Publikoko Komiteak hartutako neurriak zuritu zituen, eta salatu bertako biztanleak "egoistak, fanatikoak, azpijanera eroriak eta aristokratak" zirela; ikus De la Cerda, Alexandre. 2016, 104. or.
  10. Leintz-Gatzaga, Elgeta, Eskoriatza, Aretxabaleta, Elgoibar, Antzuola, Urretxu, Itsaso, Zumarraga, Ezkio, Gabiria, Arrasate, Bergara, Segura, Zegama, Legazpi, Ormaiztegi eta Oñatiko ordezkariek hartu zuten parte Arrasateko batzar nagusian.
  11. Manuel Godoy ministro ahalguztiduna izan zen neurri horien eragilea. Argigarria eta ezaguna da Francisco Zamora Nafarroarako errege ordezkariak Godoyrekin Basileako Ituna sinatu berritan izandako gutun trukea, lehenak bigarrenari proposatuz Filipe V.ak Aragoirekin egin zuen bezala Nafarroarekin egiteko: Bake honen ondotik, Probintzia hauek gainerako Nazioari elkartuko balitzaizkio, hartatik banantzen dituzten eta Erresumako kide hil bat egiten duten foruen trabarik gabe, berorrek Cisneros kardinaletik edo Filipe V.a handitik ikusi ez dugun obra handietako bat egingo luke. Garai hauek baliatu behar dira monarkiaren indarra eta funtsak handitzeko. Bilbo eta Donostiako aduanak eta Nafarroako mugak Erresumako finka onenetakoak izango lirateke. Hiru probintziotako katastro ekarpenak, behetik asko jota ere, berrehun mila eurotik gorakoak izango lirateke nire kalkuluen arabera. / Pentsa daiteke hortik gutxienez zazpi mila gizon atera genitzakeela tropetarako. Badira legezko argumentuak operazio horretarako: "haiek kale egin dute funtsean beren betebeharrei, kostu bat du Monarkiarentzat bere lurraldearen zati bat berreskuratzea". Godoyk honela erantzun zion: "Beste une baketsuago batean, mendean hartuko dugu faltan den bazter hori". Ikus Martínez de Muniain, Emilio V. 1993, 168-169. or.
  12. Azken eta azken aurreko ahapaldiak.
  13. Ipar euskal herritar asko gerrara beharturik joan zirela nabarmendu nahian, Maisu Juanen eta baigorriar desertore baten arteko solasaldi hau sartu zuen Juan Antonio Mogelek Peru Abarka lanean (1802). Iheslaria izan arren, baigorriarra beldurrez eta gordeka ibili omen zen Hego Euskal Herrian, frantses izateagatik:
    — Maisu Juan: Etzara gerraan ibilli igaro dirian urteetan? Baigorrikuak ots egiten ebeen, ta eukeezan gaistotzat. — Basco Frances: Gerla zer dan ez dut jakin. Ihes egin nuen andik, ta ebildu naz Españako iri euskaldunetan nola ala ezkutuz edo ageriz. Beldur izigarrietan irago nituen asko egun. Maiz bihillatua izandu nintzan pranzes izena gatik. Behein baño gehiagotan egin nuen lo basoan bizkaitarren beldurrez. Pranziara ez nuen joan nai, gerlara eramana izan ez nindin. Zorionez bukatu zan gerla gaizto ura, ez dakit nola biziaz irten nintzan Franzian ta Españan, Baigorri ta Bizkaian, nor nai ardiak ta haunzak, arkume ta haunztxumeak, onak eta gaiztoak. Baziren Baigorrin ezin bestez, edo indar utsez ta portxaz gerlara zijoazenak. Nai duzu enzun urte txar aietako Baigorritarren kanta soñuekin lagundua? Ona emen.

    Gerlara ethorri ginean
    Gure bizien perillean,
    Gure agintariak pranzes,
    Alons, chasseurs, avancez;
    Guk euskara eranzutea,
    Diabriak eraman bazinzez.

    Biba Nafarroako
    Bolontarioak,
    Asanblean dezuiez
    Kontrarioak;
    Egin zaizue gerla
    Biotzez ta gogotik;
    Gu ere elduen gera
    Zuen ondorendik.

    Asto bizkarmendi
    Mendi famoso,
    Españarra an dago
    Beti sendo sendo;
    Franzesa joaiten bada
    Geldi, eta manso
    Koko ezur andiak
    Etorriko franko.

    Otsondoko mendian
    Nor bizi, nor bizi.
    Ustez Asanblearen;
    Joan ziren ihesi,
    Mutuia izan eta
    Itz bat ez bihurtu
    Urdatxuri aldeko
    Bihorrak izutu.

    Eguberri eguna
    Eguna bai triste;
    Ez genduen guk beintzat
    Alakorik uste;
    Mezaren enzuteko
    Libertade gabe,
    Fusilak arturikan
    Zentinelan daude.

    Onla itz egiten zutenak, etziren ez biotz gogorren jabeak. Naiagoko zuten beren etxeetan lanzan ari, ezen ez gerlaan Españarren odola issurtzen. Nola nai, orain adiskide gera. Nai dezu zuk izan nerekin?

    — Maisu Juan: Bai pozik bere.

  14. Hogeita hamar urtetik gora euskaraz argitaratzeko oztopo handiak jasan ondoren, Pedro Pablo Abarca de Bolea Madrilgo Errege Gorteko ministroak hala ezarrita; bakarrik Juan Antonio Ubillosen Cristau doctriñ berri-ecarlea argitaratu zen aldi horretan; ikus Rodriguez, F. 2014, 64, 75-76. or.

Erreferentziak aldatu

  1. Rodriguez, F. 2014, 23-24. or.
  2. Agirreazkuenaga, J. 1990, 188. or.
  3. De la Cerda, Alexandre. 2016, 43-44
  4. a b c d Goienetxe, Manex. Frantziako iraultza eta Euskal Herria, kronologiaren harian. Jakin 51, 1989ko martxoa-apirila, 55-67. orrialdeak, jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-9).
  5. De la Cerda, Alexandre. 2016, 45-46
  6. Artola, Miguel (ed.). 2001, 46-47. or.
  7. a b Aragón Ruano, Álvaro. (2011). «La Guerra de la Convención, la separación de Guipúzcoa y los comerciantes vasco-franceses y bearneses» Pedralbes (31): 170-175. ISSN 0211-9587. (Noiz kontsultatua: 2018-12-09).
  8. a b c d e f g h «Konbentzioaren Gerra Euskal Herrian - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-11).
  9. Capdevilla i Subirana, Joan. Historia del deslinde de la frontera hispano-francesa. Instituto Geográfico Nacional, Ministerio de Fomento, Gobierno de España, ub.edu (Noiz kontsultatua: 2018-11-25).
  10. (Frantsesez) Xipirons, Tom. «Baigorriko ondarea - Baigorriko Herriko Etxeak» www.baigorry.fr (Noiz kontsultatua: 2022-02-02).
  11. Chabagno, Albert. Les Aldudes ou Pays-Quint en Basse-Navarre. amisvieillenavarre.fr (Noiz kontsultatua: 2018-11-25).
  12. a b c d e f g h i j Etcheverry-Ainchart, Jean. La Vallée de Baïgorri sous la Révolution. Eusko Ikaskuntzaren VIII. Kongresua (8. 1954. Baiona, Uztaritze), Donostia, Eusko Ikaskuntza, 2003, 207-216. orrialdeak, ISBN 84-8419-932-0, hedatuz.euskomedia.org (Noiz kontsultatua: 2018-11-10).
  13. a b c d e Rodriguez Garraza, Rodrigo. Actitudes políticas en Navarra durante la guerra de la Convención (1793-1795). Príncipe de Viana, ISSN 0032-8472, 51. urtea, 189. zenbakia, 1990, 113-118. orrialdeak, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2018-11-9).
  14. a b c Guerra contra la Convención. Gran Enciclopedia Navarra, enciclopedianavarra.com (Noiz kontsultatua: 2018-11-12).
  15. a b c d e Chico Comerón, Cirilo. Actitudes políticas en Guipúzcoa durante la Guerra de la Convención (1793-1795). Universidad Nacional de Educación a Distancia (España). Facultad de Geografía e Historia. e-spacio.uned.es (Noiz kontsultatua: 2018-11-29).
  16. a b c Zabala Unzurrunzaga, José Antonio. Guipúzcoa ante la invasión de los convencionales: actitudes divergentes. Eusko ikaskuntzen nazioarteko aldizkaria, RIEV, ISSN 0212-7016, 34-1 zenbakia, 1989, 51-72. orrialdeak, http://hedatuz.euskomedia.org+(Noiz kontsultatua: 2018-11-30).
  17. Iztueta, Juan Ignazio. Gipuzkoako probintziaren kondaira. 3. zatia, 21. kapitulua, klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-13).
  18. a b 1794 - Guerre d'Espagne. Armée des Pyrénées occidentales. France Militaire, books.google.es (Noiz kontsultatua: 2018-11-11).
  19. Balparda, Gregorio. Bosquejo histórico. hedatuz.euskomedia.org (Noiz kontsultatua: 2018-11-26).
  20. Péronnet, Michel; Jourdan, Jean-Paul. La Révolution dans le département des Basses-Pyrénées: 1789-1799. 128. orrialdea, Horvath, gallica.bnf.fr (Noiz kontsultatua: 2018-11-27).
  21. Hugo, Abel. Prise du poste d'Arquinzun. France militaire: 1792-1837, 291. orrialdea, books.google.es (Noiz kontsultatua: 2018-11-27).
  22. a b Sanchez, Pedro; Thillaud, P. L.. Hendaye, 1813…mais aussi 1793: Le temps de tous les malheurs. oroitza-histoire-d-hendaye.fr (Noiz kontsultatua: 2018-12-6).
  23. a b c d e f Beaulac. Mémoires sur la dernière guerre entre la France et l'Espagne dans les Pyrénées occidentales. books.google.es (Noiz kontsultatua: 2018-12-6).
  24. Estornés Lasa, Bernardo. Valle de Roncal - Erronkari (Historia). Auñamendi Entziklopedia (on line), 2018, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-9).
  25. Lopez de Gereño Sanz, María Teresa. El Monasterio premonstratense de San Salvador de Urdax: Génesis y evolución Histórico-Artística. Príncipe de Viana, 57. urtea, 207. zenbakia, 1996, 19-60. orrialdeak, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2018-11-10).
  26. Labouche, Capitaine. Le Chef de brigade Harispe et les chasseurs basques. Pau, Société des Sciences, Lettres et Arts, 1893?, memoriadigitalvasca.es (Noiz kontsultatua: 2018-11-11).
  27. (Frantsesez) De la Cerda, Alexandre. (2016). La Déportation des Basques. Éditions Cairn, 39 or. ISBN 978-2-35068-355-3..
  28. a b c d Etxegoien (Xamar), Juan Carlos. (2009). The Country of Basque. Pamiela, 23 or. ISBN 978-84-7681-478-9..
  29. a b c De la Cerda, Alexandre. 2016, 39-41
  30. (Gaztelaniaz) Torrealdai, Joan Mari. (2009). El Libro Negro del Euskera. Ttarttalo, 20-28 or. ISBN 978-84-8091-395-9..
  31. a b Watson, C. 2003, 56-57. or.
  32. (Gaztelaniaz) Torrealdai, Joan Mari. (2009). El Libro Negro del Euskera. Ttarttalo, 20 or. ISBN 978-84-8091-395-9..
  33. De la Cerda, Alexandre. 2016, 90-100
  34. De la Cerda, Alexandre. 2016, 85-87
  35. De la Cerda, Alexandre. 2016, 101. or.
  36. De la Cerda, Alexandre. 2016, 107-109. or.
  37. De la Cerda, Alexandre. 2016, 108-109. or.
  38. Díaz-Trechuelo, Lourdes. (2003). «La Real Compañía de Filipinas en Guipúzcoa» Itsas Memoria (Donostia) 4: 375-376. (Noiz kontsultatua: 2018-11-17).
  39. a b c d e Chico Comerón, Cirilo. 2011, 39-48. or.
  40. a b c d (Gaztelaniaz) «Mondragón y la Gipuzkoa española» El Diario Vasco 2009-04-19 (Noiz kontsultatua: 2018-11-21).
  41. (Gaztelaniaz) «La Guerra de la Convención, la destrucción de Eibar, y el guerrillero "Marruko"» Egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  42. Chicón Comerón, Cirilo. (2011). «La guerra de la Convención en Guipúzcoa (1793-1795): daños causados por las tropas francesas» Espacio, Tiempo y Forma. Serie IV 24: 180-181. (Noiz kontsultatua: 2018-11-18).
  43. a b c Kasper, Michael. La guerrilla en Gipuzkoa (1808-1835). Zumalakarregi Museoa, 1992, zumalakarregimuseoa.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-12).
  44. a b c Xamar. (2018). Etxera bidean. Pamiela, 50-62 or..
  45. a b Erkoreka, Anton. Epidemiak Euskal Herrian. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, oeegunea.eus (Noiz kontsultatua: 2010-12-14).
  46. Cendoya Echániz, Ignacio. Elgoibar. Auñamendi Entziklopedia (on line), 2018. (Noiz kontsultatua: 2018-12-15).
  47. Carasatorre, Rafael. (2013-07-22). «Textos Históricos Navarros: Alsasua, Urdiain: 1820: despoblado de Zangitu y propiedad de su iglesia de Santa Eulalia» Textos Históricos Navarros (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).
  48. Erkoreka, Anton. Epidemiak Euskal Herrian. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea.
  49. García-Sanz Marcotegui, Angel; Zabalza Cruchaga, Miguel Angel. Consecuencias demográficas de la Guerra de la Convención en Navarra. La crisis de mortalidad de 1794-1795. Príncipe de Viana, ISSN 0032-8472, 168-170. zenbakiak, 44. urtea, 1983, 63-88. orrialdeak (Noiz kontsultatua: 2010-11-12).
  50. Zavala, A. 1989, 118-120. or.
  51. Estévez, X., Historia de Euskal Herria II. Del hierro al roble. Txalaparta, Tafalla, 1999. 243-244. orrialdeak.
  52. Mogel, Juan Antonio. Peru Abarka. Diálogo sexto.. klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-31).
  53. von Humboldt, Wilhelm. Euskaldunen herrian barrena. Zumalakarregi Museoa, CC BY-SA 3.0, gipuzkoakultura.net (Noiz kontsultatua: 2010-11-12).
  54. Watson, C. 2003, 58-59. or.
  55. Rodriguez, F. 2014, 64, 72-73. or.
  56. Rodriguez, F. 2014, 63, 75. or.
  57. Kasper, Michael (1992). 27-30. or.
  58. a b Rodriguez, F. 2014, 64, 75-78. or.

Bibliografia aldatu

  • Agirreazkuenaga, Joseba. «La vía armada como método de intervención política: Análisis del pronunciamiento carlista (1833)» in Arrizkuenaga, Joseba 150 Años del Convenio de Bergara y la Ley del 25 -X - 1939. 3 Vitoria-Gasteiz: Eusko Legebiltzarra / Parlamento Vasco 1990, 177-267 or..

  • Esparza Zabalegi, Jose Mari. (2012). Euskal Herria kartografian eta testigantza historikoetan. Txalaparta/Berria ISBN 978-84-936037-9-3..
  • Estévez, Xoxé (1999). Historia de Euskal Herria II. Del hierro al roble. Tafalla: Txalaparta.

  • Martínez de Muniain, Emilio Valerio. (1993). La historia de Navarra de 1445 a 1814; Entre la tradición y la modernidad. Donostia: Txertoa ISBN 84-7148-281-9..
  • Rodriguez, Fito (2014). Gontz garaia (Ipuinak kontatu ezin dituztenei). Donostia:Utriusque Vasconiae. ISBN 978-84-941044-8-0
  • Untzi Museoa (2018). Zoriontasunaren bilaketa / La búsqueda de la felicidad [Erakusketako gidaliburua]. Donostia: Untzi Museoa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Orain Kultura.

  • Watson, Cameron. (2003). Modern Basque History: Eighteenth Century to the Present. University of Nevada, Center for Basque Studies ISBN 1-877802-16-6..
  • Etxegoien (Xamar), Juan Carlos. (2009). The Country of Basque. Pamiela ISBN 978-84-7681-478-9..
  • Xamar (2018). Etxera bidean. Iruñea: Pamiela. ISBN 978-84-9172-063-8

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu