Espainiako Gerra Zibila

Espainiako gobernua babesten zuten errepublikanoen eta eskuindar matxinatuen arteko gerra, 1936tik 1939ra iraun zuena

Espainiako Gerra Zibila[oh 1] 1936. eta 1939. urteen artean Espainian, Hego Euskal Herria barne, jazotako gerra izan zen. Espainiako armadako militar batzuek Bigarren Errepublikako gobernu demokratikoaren aurka eginiko estatu kolpe batez hasi zen. Gerra hartako aldeek Altxamendu Nazionala, matxinada faxista, Gerra Nazional-Iraultzailea, Herrialdearen Askapen-Gurutzada ere deitu izan diote.

Espainiako Gerra Zibila
Data1936ko uztailaren 17a1939ko apirilaren 1a
LekuaEspainia penintsularra, Espainiar Maroko, Espainiar Sahara, Kanariak, Balear Uharteak, Espainiar Ginea
EmaitzaNazionalen (frankisten) garaipena, Bigarren Errepublika desagertzea, Espainian demokrazia galtzea eta Francoren diktadura ezartzea
Gudulariak
Espainiako Errepublika

Nazionalak

Buruzagiak
Manuel Azaña
Julián Besteiro
Francisco Largo Caballero
Juan Negrín
Indalecio Prieto
Vicente Rojo Lluch
José Miaja
Juan Modesto
Juan Hernández Saravia
Buenaventura Durruti
Lluís Companys
Jose Antonio Agirre
Francisco Franco
José Sanjurjo
Gonzalo Queipo de Llano
Emilio Mola
Juan Yagüe
Manuel Goded Llopis
Miguel Cabanellas
Indarra
450.000 gudari
350 hegazkin
200 bateria
(1938)
600.000 gudari
600 hegazkin
290 bateria
(1938)

Haren sorburua izan zen Espainiako eskuindarrek ez zutela onartu ezker alderdien Fronte Popularrak, 1936ko otsailaren 16ko hauteskunde orokorren bidez, Espainiako agintea eskuratu izana. Uztailaren 17an eta 18an, Espainiako armadaren zati handi batek estatu kolpea jo zuen Errepublikaren gobernuaren aurka eta, porrot egin zuenez, herrialdea bitan zatitu zen. Hurrengo hiru urteetan, milioi erdi bat gizabanako hil ziren: guda zelaian, 300.000; eta errepresioaren ondorioz, 200.000. Guda zelaietatik at gertatutako hilketa horietatik, 50.000 errepublikanoen kontrolpeko eremuan izan ziren (gerra zibilaren lehen bost hilabeteetan izan zen kontrolik gabeko garaian, gehienak) eta gainerako 150.000ak frankistek kontrolatutako eremuan gertatu ziren. Errepublikako agintariek, beren kontrolpeko eremuan, hilketa horiek gerarazteko ahalegin handiak egin zituzten; agintari frankisten aldetik, berriz, aurkariak eta balizko aurkariak hiltzea beren gobernua sendotzeko erabilitako estrategia izan zen.[1] 1939ko apirilaren 1ean gerra hura irabazitzat jo ondoren, Francisco Franco jeneralak bereganatu zituen estatuko aginpide guztiak, Caudillo titulua hartuta.

Hala ere, hainbat gudari errepublikanok gerrillaritzat borrokatzen jarraitu zuten, mendietan eta basoetan ezkutatuta; Guardia Zibilak izan zuen haien aurka borrokatzeko ardura nagusia. Eta frankisten gerrako makinaria judizial errepresiboak gutxienez 1948 arte[2] lanean jarraitu zuen. Beraz, Arnau Fernández Pasalodos historialariaren iritziz, gerra 1952an bukatu zen, Guardia Zibilak urte horretan adierazi baitzuen gerrillarien partida gehienak deuseztatu zituela.[3]

Gerra hark Hego Euskal Herria ere zatitu zuen. Alde batetik, eusko abertzaleak eta ezkerreko alderdiak errepublikaren alde agertu ziren. Bestetik, Alderdi Karlistak, Euskal Herriko zenbait gunetan oso indartsua zenak, eskuindarren alde jo eta berehala Nafarroa eta Araba gehiena eskuindarren ondoan lerrokatu ziren. Bizkaian, Gipuzkoan eta Arabako zati txiki batean, EAJk gidatuta, Eusko Jaurlaritza eratu zen. Urtebete geroago, Mola jeneralaren indarrek militarki okupatu zuten Hegoalde osoa. Euskal Herrian, gerra hartako gertaera ezagunena Gernikako bonbardaketa izan zen. Gernika foruen ikur garrantzitsua izateak eta Picassoren Gernika margolanak eman diote ospea bonbardaketa hari.

Gerraren ondoren, Bizkaia eta Gipuzkoa "probintzia traidoreak" (provincias traidoras) izendatu zituen Francok eta ordu arte izan zuten ekonomia ituna kendu zien; Arabak eta Nafarroak, ordea, mantendu egin zuten.

Aurrekariak

aldatu

Espainia XIX. mendeko zurrunbiloan

aldatu

XIX. mendea oso mende gatazkatsua izan zen Espainian. Espainiako gobernua aldatzeko gogoa zuten liberalek askotan talka egin zuten kontserbadoreekin, erreformarik ez egitea nahi zutenak. Liberal batzuek, 1812ko Espainiako Konstituzioarekin hasitako tradizioa jarraiki, Espainiako monarkiaren boterea mugatu eta estatu liberal bat ezarri nahi izan zuten. 1812ko erreformek ez zuten aurrera egin, eta Fernando VII.ak Riegok ezarritako Hirurteko Liberala amaitutzat eman zuen. 1814 eta 1874 bitartean hamabi kolpe arrakastatsu eman ziren[4]. 1850eko hamarkadara arte Espainiako ekonomia nekazaritzan oinarritzen zen. Ez zegoen ia industria burgesiak ez klase-komertzialik. Lurjabeen oligarkia oso boteretsua zen, latifundio oso handietan oinarritzen zen sistema babesten zuen pertsona talde oso murritza zegoen, botere-postuak betetzen zutenak, hain zuzen ere[5]. Euskal Herrian zein Katalunian, gainera, bi Karlistaldi izan ziren garai honetan.

1868an emandako altxamenduek Elisabet II.a Espainiakoaren erregealdiarekin amaitu zuten, Borboi etxekoa. Bi faktore garrantzitsu egon ziren altxamendu honen atzean: alde batetik hiritar-matxinadak eta, bestetik, Joan Primek gidatutako klase-ertaineko militarren mugimendu liberala, monarkiaren ultra-kontserbadurismoaren aurka. 1873an, Elisabel II.a ordezkatzera iritsi zen Amadeo I.a Savoiakoak abdikatu zuen, presio politiko handia zela eta, eta Espainiako Lehen Errepublika eratu zen[5]. 1874an Borboien errestaurazioa etorri zen, baina karlistak zein anarkistak monarkiaren oposizio bezala agertu ziren[5]. Alejandro Lerrouxek, Espainiako Alderdi Erradikalaren buruak, errepublikazaletasuna aurrera ekarri zuen Katalunian, non pobrezia nabarmena zen[5].

XIX. mendetik Espainiako Gerra Zibilera hedatzen den tartean ohiko bilakatu ziren militarren adierazpenak eta kolpeak: denbora tarte honetan 52 aldiz gertatu ziren horrelakoak Espainian, militarren gai politikoetan parte hartzen zuten grinaren erakusle. XIX. mendean iraultza burgesa gertatuko ote zen zen kezka, eta XX. mendean kezka iraultza sozialagatik zen[6]. Baldomero Espartero jeneralaren erregentzia, Ramón María Narváezen gobernu moderatua, Joan Prim jeneralak gidatu zuen 1868ko Iraultza edo ondoren aipatuko dugun Primo de Riveraren diktadura honen adibide dira.

Alfontso XIII.aren erregealdia

aldatu
 
Alfontso XIII.a eta Primo de Rivera, 1930eko martxoan.

1874tik 1923ra arte iraun zuen borboitarren berrezarkuntzak baimendu zuen oligarkiek euren pribilegioak mantentzeko kontsentsu bat aurkitzea. Garai horretan gertatzen ari zen industrializazioaren ondorioz sortutako langile eta burgesia txiki klaseentzat, ordea, bazterketa ekarri zuen turnismo horrek. Korronte sozialista, komunista eta anarkistak indartu ziren XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, baina ez zuten panorama politikoan boterera iristeko aukerarik. Bartzelonako Aste Tragikoa, 1909an, horren adibide ere bada. Aldi berean, mugimendu abertzaleak sortu ziren Euskal Herrian zein Katalunian. 1923tik 1930era Primo de Riveraren diktadurak egoera okertu zuen: burgesiak eta aristokraziak, Alfontso XIII.aren babesarekin, ofentsiba abiatu zuten, adibidez pistolerismoarekin. Nukleo industrialetan grebak eta mobilizazioak biderkatu ziren, eta erreakzioa ere gogorra izan zen. Tentsio egoera horretan, 1930ean Primo de Rivera Parisera joan zen, deserrira. 1931n monarkak bide bera hartu zuen, Espainiako Bigarren Errepublikaren proklamazioarekin.

Alfontso XIII.aren Espainiak, baina baita ondoren sortuko den Errepublikak iraganeko arazoak jaso zituen: Andaluzia, Gaztela-Mantxa eta Extremadurako latifundismoa; industrializazioaren ondorioz planifikaziorik gabe hazitako hiriak; diferentzia handiak Asturias, Bilbo Handi industrializatu eta Kataluniako langile antolaketaren eta nekazal-inguruetako antolaketaren artean; nazionalismoen sorrera periferiatan; Industria Iraultzarik ez ematea Gaztelan eta, amaitzeko erlijioaren inguruko gatazkak, Eliza Katolikoa argiki lerratu zelako klase agintariekin[6].

Espainiako Bigarren Errepublika

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Espainiako Bigarren Errepublika»

Errepublikaren proklamazioa eta hasiera

aldatu

1930eko urtarrilean Miguel Primo de Riverak ezarritako diktaduraren porrota onartu eta dimisioa aurkeztu zuen[7]. Alfontso XIII.ak, orduan, Dámaso Berenguer izendatu zuen gobernuko presidente, baina horrek ez zuen monarkiak nahi zuen «normaltasun konstituzionala» berreskuratzea lortu (garai horri «Dictablanda» deitzen zaio, gaztelaniazko hitz jokoa eginez: diktadura hitzeko dura —"gogorra"— eta blanda —"biguna"— bukaerez) eta 1931ko otsailean Juan Bautista Aznar almiranteak hartu zuen presidente kargua, apirilaren 12an udal hauteskundeak deituz[8]. Hauteskundeak 1930eko Donostiako Ituna sinatu zuten indar errepublikazale-sozialistek irabazi zituzten, eta apirilaren 14an Alfontso XIII.ak erbesterako bidea hartu zuen, Guardia Zibilak eta Armadak ezin zutelako errepublikaren aldeko manifestazio jendetsuak geratzerik ziurtatu. Madrilen errepublikazale-sozialistek osatutako «batzorde iraultzaileak» errepublika aldarrikatu zuen eta Niceto Alcalá-Zamorak osatutako behin-behineko gobernuak boterea eskuratu zuen[9]. Ezaguna da aurreko egunean, apirilaren 13an, Eibarren errepublika aldarrikatu zela, aldarria egin zuen lehen instituzioa izanik[8]. Sahagún eta Jacak jarraitu zioten, baina 13an egin zuten udalerri bakarrak izan ziren.

 
1931ko Konstituzioaren azala.

Espainiako Bigarren Errepublikaren lehen biurtekoan 1931ko Espainiako Konstituzioa onartu zen (  1931ko Espainiako konstituzioa osoa Wikitekan). Manuel Azañako zuzendutako ezkerreko errepublikazale eta sozialistek gobernuak behin-behineko gobernuak hasitako erreforma ekonomiko, sozial, politiko eta kulturalekin jarraitu zuen. Partido Republicano Radicaleko kideek ez zuten parte hartu gobernu horretan, sozialistek parte hartzearen aurka baitzeuden. Espainiako Errepublikako presidentea Niceto Alcalá Zamora izan zen garai horretan.

Azañaren gobernuak ezarritako hainbat erreformek erresistentzia handia izan zuten botere faktikoen aldetik: lurjabeak, enpresari handiak, finantziari eta enpresariak, Eliza katolikoa eta hainbat orden erlijiosok, erregezaleek eta "afrikar" militarismoak oposizioa egin zioten. Azkenhonek José Sanjurjorekin Sanjurjada izeneko estatu-kolpe saiakera eginzuen, 1932ko abuztuan.[10] Baina, aldi berean, kontrako norabidean mugitzen zen mugimendu iraultzaile handia ere izan zen, batez ere anarkismoaren aldetik. CNTk eta FAIk uste zuten Errepublikak «burgesiaren ordena» ordezkatzen zuela, eta Diktadura eta Monarkiarekin ez zela oso ezberdina; bere aurka hasi ziren «komunismo libertarioa» ezartzen saiatzeko, 1933ko urtarrila eta abenduan eman ziren altxamendu anarkistekin. Errepresio gogorra jaso zuten altxamendu hauek[11].

Biurteko atzerakoia

aldatu

Azañak gidatutako koalizioa desegin zen eta 1933ko azaroan hauteskundeak deitu ziren berriro. CEDA eskuma katlikoak eta Alejandro Lerrouxen Partido Republicano Radicalek irabazi zituzten hauteskunde horiek. Lehen aldiz emakumeek botorako eskubidea izan zuten. Gobernu berriak aurreko bi urteetako erreformak "zuzentzeko" helburua hartu zuen, baina ez deusezteko; helburua Errepublikaren alde eskuin "akzidentalista" jartzea zen, hau da, monarkiazale irekia ez zena. CEDAk zein Partido Agrariok ordezkatzen zuten ikuspuntu hori[11].

Fronte Popularraren gobernua

aldatu

1936ko otsailaren 16an, hauteskundeak egin ziren eta Fronte Popularra, ezkerreko alderdiek (tartean Eusko Abertzale Ekintza) osatutako koalizioa nagusitu zen[12]. Horren ostean, Emilio Mola jeneralak egitasmo zehatz bat prestatu zuen gobernuaz jabetzeko, eta Fronte Popularraren eskuinaldera zeuden talde guztiak, Euzko Alderdi Jeltzalea izan ezik, bildu zituen bere inguruan. Konspirazioaren buru José Sanjurjo jenerala izatekoa zen, Portugalen erbesteratua zegoena. Molaren egitasmoak armada buruzagitzako gehienak zituen aldeko, brigadako jeneral gutxi batzuk, dibisioko jeneral asko, eta ofizial ugari. Konspirazioaren helburua gobernua botatzea baino ez zen hasieran, eta mezu politiko zehatzik ez zuen, haren alde ahalik eta indar gehienak biltzearren. Alabaina, Manuel Goded jenerala izan ezik, armadako beste buruzagiak eta polizia buruak edo zalantzan egon ziren edo errepublikaren alde iraun zuten.

Biolentzia politikoa Espainiako Errepublikan zehar

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «1934ko Iraultza Asturiasen»

Estatu-kolpea

aldatu

Estatu-kolpea uztailaren 18rako pentsatuta zegoen,[oh 2] baina egun eta erdi aurreratu zen, halabeharrez, eta 1936ko uztailaren 17an hasi zen Marokoko Protektoratu Espainiarrean, jeneral buruzagirik gabe. Hilaren 18an, Franco jenerala, garai hartan Kanarietako komandante nagusia zena, errepublikaren kontra altxatu zen. Aldi berean, Gonzalo Queipo de Llanok armadako buruzagi kargutik kendu zuen Villa-Abrile jenerala Sevillan. Errebelatuek, Marokotik presaka etorritako oste batzuen laguntzarekin, Cádiz eta Algeciras hartu zituzten. Itsas armadako ofizialek matxinadaren alde egin zuten, baina marinelek gerra ontziez jabetu eta errepublikaren alde jarraitu zuten. Marokoko armada bakarrik eta bereiz geratu zen, eta Iberiar Penintsulako matxinatuei laguntzeko aireko zubi ahul bat besterik ez zuen, oso hegazkin gutxirekin. Madrilen errepublikaren aurka altxatu ziren militarrek ez zuten beren helburua lortu. Aldiz, Asturias, Bizkaian, Gipuzkoan eta Katalunian izan ezik, militarren matxinadak arrakasta izan zuen penintsulako iparralde guztian.

Estatu-kolpearen porrota

aldatu

Uztailaren 19a: Bartzelonako gudua

aldatu

Operazio militarrak

aldatu
 
Espainiako Gerra Zibilaren (1936–1939) mapa orokorra.

     Hasierako Eremu Nazionala – 1936ko uztaila      Nazionalen aurrerabidea 1936ko iraila arte      Nazionalen aurrerabidea 1937ko urria arte      Nazionalen aurrerabidea 1938ko azaroa arte      Nazionalen aurrerabidea 1939ko otsaila arte      Errepublikaren kontrolpeko azken eremua      Nazionalen gune nagusiak
     Errepublikazaleen gune nagusiak

  Lehorreko guduak
  Itsas guduak
  Bonbardatutako hiriak
  Kontzentrazio esparruak
  Sarraskiak
       Iheslarientzako eremuak

Emakumeen gerrako rolari buruzko azalpena Zientzia Astean

Militar matxinatuen asmoa estatu kolpe azkar bat ematea zen berez. Baina ikusi zutenean gatazka luzerako zihoala, hegoaldeko eta iparraldeko armadak bateratzea izan zuten aurreneko helburua, eta horretarako Extremadura hartu zuten lehenik. Madril hartzea izan zuten bigarren helburua; Madrilek, ordea, gogor eutsi zion erasoari eta guduak 1937. urtearen hasiera arte iraun zuen. Francok Madril azkar ez zela eroriko konturatu eta Iberiar Penintsulako iparraldea mendean hartzeari ekin zion. Batetik, oso eskualde interesgarria zen frankistentzat, Bizkaiko industria-ekoizpena eta Asturiasko mineral baliabideak zirela eta. Bestetik, bertako errepublikanoak politikoki banatuak eta txarto hornituak ziren. Hori zela eta, Francok Madrilgo frontean zuen armadak defentsa posizioa hartzea eta zituen baliabide erabilgarri guztiak iparraldera eramatea erabaki zuen[13]. Haiekin batera, italiarren eta alemaniarren osteak eta armak ere bidali zituen. Euskal gudarosteek gogor egin zuten borroka, baina soldadu frankistek eta karlistek askoz ere arma egokiagoak zituzten, eta nahi adina gainera. Hala, armen aldetik zegoen alde ikaragarriak garaipena eman zien errebelatuei.

Errepublikako buruzagiek Brunete eta Teruelgo erasoak jo zituzten, eta hasieran arrakasta handia izan bazuten ere, atzera egin behar izan zuten berehala. Francoren hurrengo helburua Mediterraneoa izan zen. Francoren gudarosteen erasoak bitan banatu zuen errepublikaren lurraldea, eta Katalunia eta Valentzia bereizirik geratu ziren. Alderdi hartan Franco egiten ari zen presioa lasaitzearren, 1938an Rojo jeneral errepublikazaleak erasoaldi gogor bati ekin zion Ebroko frontean. Ebroko guduak hiru hilabete eta erdi iraun zuen eta bi alderdietako soldadu asko hil ziren. 1938ko azaroan gauzak lehenean zeuden, errepublikarrek erasoaldia egin aurretik zeuden bezalaxe alegia. Orobat, 1938ko bukaera aldean buruzagi errepublikanoek beste eraso bat jo zuten Extremaduran, baina hark ere ez zuen ondorio aipagarririk ekarri. Hala, armada errepublikanoa indarrak ahituta geratzen ari zen, eta horrek bidea erraztu zien Francoren gudarosteei Katalunia hartzeko. Aldi berean, Municheko Konferentzian Frantziak eta Ingalaterrak amore eman zioten Hitler-i, eta Francoren garaipena onartu zuten, isilean izan bazen ere.

1939ko martxoan Casado koronelak estatu kolpea eman zuen Negrínen errepublikar gobernuaren kontra. Hark beste gerra berri bat piztu zuen lehengoaren barruan, eta errepublikaren eta gerraren amaiera ekarri zuen. Martxoaren 28an Francoren armada Madrilen sartu zen eta apirilaren 1ean Francok bukatutzat eman zuen gerra

Bi armadak

aldatu

Bi alde nagusi izan ziren elkarren aurka gerra-borrokan. Espainiako Bigarren Errepublikaren legea eta gobernu demokratikoa mantentzearen (edo Errepublikak ekarri zituen aldaketetan sakontzearen) aldeko alderdiari errepublikazalea deitu izan zaio nagusiki. Gobernu demokratikoa kendu eta Espainiara errepublikak ekarritako aldaketa nagusiak ezeztatu nahi zituen alderdiari, berriz, nazionala deitzen zaio.

  • Errepublikazaleen alderdian, Bigarren Errepublikako legea mantentzearen aldekoekin bat egin zuten zenbait talde iraultzailek, komunistek eta anarkistek, esate baterako. Demokraziaren aldekoak eta errepublikak egindako zenbait ekarpen balioesten zuten beste zenbait talde ere izan ziren alde horretan, kristau demokrazia ideologiakoak, EAJ kasu. Errepublikazaleek zailtasun handiak izan zituen kanpotik laguntza lortzeko. Stalinek bakarrik bidali zituen armak, gerrako materiala eta gizonak, baina Alemaniak eta Italiak baino askoz ere gutxiago. Beste estatu bakar batzuek ere bidali zituzten armak, baina oso gutxi.

Espainiako gatazka nazioarteko arazo bilaka ez zedin, ez parte hartzeko batzorde bat eratu zen, eta borrokan ari ziren bi aldeetako bati nola edo hala laguntza ematen zioten estatu guztiek parte hartu zuten bertan. Hala ere, batzorde hura alemaniarren eta italiarren eskakizunetara makurtu zen beti, eta errepublikaren kalterako izan zen.

1936ko uztaila-urria: Madril eta Gipuzkoa

aldatu

1936ko azaroa-1937ko martxoa: Madrilgo gudua eta Malaga

aldatu

1937ko martxoa-azaroa: Iparraldeko frontea, Belchite eta Brunete

aldatu

1937ko abendua-1938ko azaroa: Terueletik Ebrora

aldatu

1938ko abendua-1939ko martxoa: Kataluniaren aurkako ofentsiba

aldatu

1939ko martxoa: Errepublikaren porrota

aldatu

Itsas-guduak

aldatu

Airetiko operazioak eta herrien bonbardaketak

aldatu

Altxatutako lurraldeen eboluzioa

aldatu

Defentsa Nazionalerako Batzordea

aldatu

Franco jenerala, generalísimo eta caudillo

aldatu

1937ko bateratze dekretua

aldatu

"Estatu Berria"ren jaiotza

aldatu

Errepublikaren lurraldeen eboluzioa

aldatu

Gobernuaren erantzuna altxamenduari

aldatu

1936ko iraultza soziala eta José Giralen gobernua

aldatu

Largo Caballeroren gobernua

aldatu

Juan Negrínen gobernua

aldatu

Azken helburuaː eustea.

« Fronteko gabeziak bizi dituzten horiek, aldi labur batean izan bada ere, biztanleria zibilaren nekeak beren begiekin ikusi dituzten horiek, ebakuatutako umeen, emakumeen eta zaharren nekeen aurrean lotsa eta atsekabea sentitu duten horiek, onartzerik izango al dute, besterik gabe eta ahulezia-une batean, hainbeste miseria eta atsekabe alferrikakoak izan direla? (...)

Eustea zen eta eustea da gaur egun garaipenerako bidea. Egunero, eustea zen eta eustea da gure joko-kartarik onena.

»

—Juan Negrinen hitzaldia, 1938ko ekainaren 18a.


Nazioarteko interbentzioa

aldatu

Erresuma Batuaren eta Frantziaren ez-partehartze jarrera

aldatu

Altxamenduaren aldeko babesa

aldatu

Errepublikaren aldeko babesa

aldatu

Gerraren finantziazioa eta "Moskuko Urrea"

aldatu

Elizaren jarrera

aldatu

Batez ere Euskal Herriko apaizak eta apezpikuak ados ez zeudelako, Espainiako apezpikuek ezin izan zuten gutun bateratu bat idatzi, iparraldeko frontea erori zen arte. Hala eta guztiz ere, behean agertzen den gutuna, 1937ko Espainiako Eliza Katoliko zati handienaren adierazgarri da.

« (...) Eta gaur, arazo zaila izanik ere, Espainiako gerrari buruzko iritzi kolektiboa ematen dugu, batetik, gerra izaera politiko edo sozialekoa izan bada ere, eragin kaltegarriak izan dituelako arazo erlijiosoan eta, gainera, oso argi geratu delako hasieratik borrokako alde batek erlijio katolikoa desagerrarazi nahi zuela Espainiatik. Beraz, horren aurrean, gotzain katolikoak ezin ginen uzkurtu (...).

Honako hauek baieztapen horren ondorioak dira:

1. Eliza, bake-jarrera izanda ere, gerrarik nahi ez arren eta kolaboratu ez duen arren, ezin zen borrokan ezer egin gabe geratu: doktrinak eta espirituak, irauteko senak eta Errusiako esperientziak geldiarazten zuten. Alde batetik, Jainkoa ezabatzeko arriskua zegoen, baina Eliza munduan Haren lana egiteko dago; gainera, Historia osoan erakunde batek pairatutako min guztia baino handiagoa egingo zitzaien jendeari, gauzei eta eskubideei; bestetik, gizakiaren akatsak edozein izanda ere, antzinako espiritu espainola eta kristaua gordetzeko ahalegina zegoen.

2. Eliza, hala ere, ezin izan da jarri gaur egun edo etorkizunean mugimendu nazionalaren eite jatorriagatik, ekintzengatik eta helburuengatik zintzoa dena desnaturalizatu lezaketen jarrera, joera edo helburuen alde.

3. Matxinada zibil-militarrak herritarren gogoan sustrai sendo bi egin dituela baieztaztzen dugu: batetik, aberri-sena, Espainia altxatu eta betiko hondamenditik ateratzeko bide bakarra omen delako eta, bestetik, erlijio-sena, Jainkoaren etsaien ezintasuna zapaltzeko indarra delako eta fedea eta erlijioa praktikatzen jarraitzeko bermea ematen duelako (...)

»

—48 gotzainek sinatzen dute, Isidro Gomá kardinala, Toledoko apezpikua, buru dutela)"


Pio XII.a Aita Santuak Franco jeneralari hurrengo telegrama bidali zion:

« Bihotza Jaunarengana altxatuta, zinez eskertzen dugu, nahi zen garaipen katolikoa Espainian. Bakea lortuta, herri maite hori handi egin zuten lehenengo tradizio kristauei gogor heltzea opa dugu. Sentimendu onak Bere Gorentasunari eta herri espainiar zintzo osoari gure bedeinkapen apostolikoa. Pio XII,a Aita Santua. »


Francok Aita Santuaren telegramari hurrengo hau erantzun zion:

« Emozio beroa eragin dit Bere Santutasunaren telegramak gure armen garaipen biribila dela eta, gurutzada heroikoan Erlijio, Herri eta zibilizazio kristauaren arerioen aurka borrokatu dira eta. Espainiako herriak, hainbeste jasanda, Bere Santutasunarekin bihotza Jaunarengana altxatzen du, Hark Grazia bidali ziolako. Eta babesa eskatzen dio etorkizuneko lan handirako, eta nirekin batera Bere Santutasunari eskerrik beroena adierazten dio esaldi maitagarriak eta bedeinkapen apostolikoarengatik. Gogo handiz hartu ditu eta Bere Santutasunarenganako deboziorik handienaz. Francisco Franco, Espainiako Estatuaren Buruzagia". »

ABC, Madril, 1939ko apirilak 2.


Zapalkuntza eta izua fronteetatik at

aldatu

Bi aldeetan izan zen zapalkuntza, baina matxinatuek etsaitzat zeuzkatenen izu eta deuseztapen sistematikoa praktikatu zuten. Errepublikaren lurraldeetan, erretagoardiako errepresioa fokalizatuagoa eta kontrolgabeagoa izan zen. 1936ko udakoa bereziki gogorra izan zen. Bi eragile nagusik piztu zuten matxinadaren sua; batetik arrazoi politikoak zeuden eta bestetik mendeku hartu nahia. Errepublikaren aurka matxinatu ziren errebelatuek eman zioten hasiera errepresioari. Aurreneko egunetan matxinadarekin bat etorri ez ziren jeneralak eta gobernadore zibilak hil zituzten. Ondoren herriko jendea hiltzen hasi ziren: eskola maisuak, langileak, errepublikazaleak, euskal eta katalan abertzaleak, etab. Bereziki gogorra eta odoltsua izan zen errepresioa Badajozen, 4.000 preso inguru hil baitzituzten han, zibilak gehienak.

Errepublikaren aldetik alderdi politikoek eta sindikatuek eragin zuten zapalkuntza, eta estatua ez zen gai izan hura kontrolatzeko. Aristokraziak, aginpide ekonomikoa bere esku zuen burgesiak eta Fronte Popularreko kide ez ziren militarrek eta politikoek pairatu zuten, batik bat. Apaizen eta Elizaren aurkako zapalkuntza ere izan zen: 283 moja, 6.549 apaiz eta fraide eta 12 apezpiku hil zituzten.

Izua eta errepresioaren ildotik, gaztelaniaz hitz berri bat asmatu zuten: saca. Espainiako Gerra Zibilean erabili zen hitza; beste espetxe batera eramateko aitzakiaz, presoak kartzelatik ateratzeari eta, gero, hiltzeari esaten zioten horrela. Bi bandoek sarritan egin zuten. Errepublikanoen artean, Paracuellos del Jaraman egin zutena da ezagunena.

Gehienbat errepublikanoen aurka (baina baita alderantziz ere) egindako hilketa mota bat izan zen. Alderdi edo pertsona zehatz batzuk bilatu, bahitu, "paseoan" eraman, hil eta bide-ertzean edo hobi komunean botatzeko jarduera izan zen.

Depurazio batzordeak

aldatu

Frankisten aldekoen garaipena jazo eta berehala, bere aurkari politikoen aurka lege gogorrak ezarri zituzten, gizartea "depuratzeko" edo garbitzeko aitzakiaren izenean.

« Depuraziorako batzordeek (...) testuan, irudietan edo estanpetan ideia nahasleak, kontzeptu inmoralak, doktrina marxisten propaganda eta gure Armada loriatsuaren duintasunaren aurreko errespetua hautsi, Aberriaren batasuna borrokatu, Erlijio Katolikoa mesprezatu edo gure Gurutzada Nazional handiaren esanahi eta helburuen aurka doan zernahi argitaraturiko liburu, liburuxka, aldizkari, agerkari, grabatu eta inprimakiak erretiraraziko dituzte. »
Kultura eta Hezkuntza Batzordearen Agiria, Estatuko Aldizkari Ofiziala, 1937ko irailaren 17a

Errepresioa Badajozen

aldatu
« Abuztuaren 17an, astelehena, Le Populairek hau zekarren lehenengo orrialdean: "Mila miliziano fusilatu dituzte faxistek Badajozen". Egun horretan bertan, Le Tempsek ere Jacques Bertheten kronika argitaratu zuen, Badajozeko borroka eta errepresioei buruzkoa: "Une honetan -abuztuak 15, gaueko 22:30- mila eta berrehun pertsona inguru fusilatu dituzte (...) Komandantzia Militarraren espaloiak odolez zikinduta ikusi ditugu (...) Atxiloketek eta exekuzioek ez dute etenik zezen plazan. Hiriko kaleak balaz josita daude, beiraz, teilaz eta bertan behera utzitako gorpuz beteta. San Juan kalean bakarrik hirurehun gorpu daude.


Mario Neves, bere egunkaria eta bere Gobernua bezala, matxinadaren aldekoa zen. Aldizkaria zentsuratuta zegoen, Portugalgo Gobernuak Espainiako gerra zibilean parte aktiboan hartzen zuen eta. Abuztuaren 15ean, larunbatez, Mario Nevesek zera idatzi zuen: "Izua eta hondamendia matxinatuek konkistatu duten hirian (...). Hondamendia eta ikara besterik ez dut ikusi, ez dut erraz ahaztuko (...) Komandantzia Militarreko hormen ondoan, kalea odolez zikinduta dago (...). Lurrean hilotzak ageri dira (...), katedralaren erdiko nabean, bi gorpu lur hartzeko zain daude (...). Gerra preso asko al zegoen galdetu genion (Yagüeri). Baietz erantzun zigun (...).
Eta fusilamentuak (...) diogu guk. Bi mila egon omen dira.
Yagüe komandanteak (...), harrituta galdera zela-eta, esan zuen: Ez dira hainbeste izango (...).
Azkar (...) idatzi ditudan ohar hauek ez dute islatuko nik ikusi dudan hondamendia eta izua (...) Hiria isil-isilik dago, amesgaizto ikaragarri batetik iratzarri eta gero"
Abuztuaren 16an, igandez, Mario Nevesek beste artikulu bat idatzi zuen Diario de Lisboan: "Justizia militarrak zorrotz eta tinko jazartzen du (...). Atzotik ehunka lagun hil dira Extremadurako hiriburuan (...) eta ez da astirik egon lur emateko (...). Gero, hiriko hobi komunera hurbildu gara eta gorpuz beterik dago: gaur goizean fusilatu dituztenak dira (...)"

»

—Tenorio R.: "Las matanzas de Badajoz", in Tiempo de Historia, 56. alea, 1979.


Gerra Euskal Herrian

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian»

Gerra Zibila Euskal Herrian ere izan zen 1936 eta 1937 urteen artean. Bertan, Espainian eztabaidan zeuden printzipio sozio-ekonomikoei eta ideologikoei gehitu behar zaio abertzaletasunaren inguruko eztabaida.

Estatu kolpea

aldatu

Uztailaren 19an Emilio Mola matxinatu zen Iruñean eta aginteaz jabetu zen karlisten laguntzarekin. Nafarroan biztanleriak zapalkuntza guztiz gogorra nozitu zuen (3.000 inguru hildako), eta eskuindar matxinoen kontrako edozein ahots berehala isilarazi zuten. Araban militarren matxinadak oso erresistentzia gutxi izan zuen; hala ere, ezkerrak oso zapalkuntza gogorra pairatu zuen han ere. Gipuzkoan uztailaren 21ean oldartu ziren militar errebelatuak, baina Donostiako kaleetan egun gutxi batzuetan borrokan aritu ondoren, errepublikaren aldeko indarrak atera ziren garaile. Aginpidea, ordea, askoren artean banatuta geratu zen, alderdi politikoen eta sindikatuen mendeko batzorde armatu bakoitzak bere gudarostea baitzuen; junta edo batzorde bakoitzak barruti jakin bat zuen bere esku, baina ez zuten koordinaziorik elkarren artean. Bizkaian ez zen matxinadarik izan, armadako eta poliziako buruzagi gehienek errepublikaren alde egin baitzuten leial, eta matxinatuen aldeko ofizialak garaiz atxilotu zituzten

Bilakaera politikoa

aldatu

1936ko urriaren eta uztailaren artean alderdi eta sindikatu ezkertiarren esku egon zen batez ere gerra Gipuzkoan eta Bizkaian, eta politikan ere haiek izan zuten benetako indarra. 1936ko urriaren 7tik aurrera, ordea, euskal gobernu autonomoa eratu zen, Jose Antonio Agirre abertzalea buru zela. Egun hartatik aurrera euskal nazionalismoak bere gain hartu zituen gerraren eta politikaren erantzukizun guztiak gobernu berriaren esku zeuden lurraldeetan. Eusko Gobernuak hornidura ziurtatu zuen, ordena mantendu zuen herrian, euskara bultzatu zuen, medikuntza fakultate bat sortu zuen. Ez zituen enpresak eta bankuak nazionalizatu. Itsas merkataritza eta janarien banaketa, ordea, bere gain hartu zituen. Elizak zabalik egon ziren eta 1937ko aste santuko elizkizunak gorabeherarik gabe egin ziren. Eusko Gobernuak armada bat antolatu zuen, Eusko Gudarostea, 1936ko azaroan 40.000 gudari bildu zituena. Itsas armada, Eusko Itsas Gudarostea, ere eratu zuen. Euskal gudarien osteek Gasteiz eta Legutiotik barrena Mirandaren kontrako erasoaldian parte hartu zuten.

Errebelatuen alderdian berriz sistema militarista eta diktadura ezarri zen. Alderdi politiko eta sindikatu guztiak debekatuak izan ziren eta ezkertiarrak eta sindikalistak kartzelan sartu eta asko fusilatuta hil zituzten. Dena den, herriaren parte handi batek onartu eta laguntza eman zion Francoren sistema berri hari, eta asko izan ziren errekete delakoekin bere borondatez joan zirenak.

Ekintza militarak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Gipuzkoako kanpaina» eta «Bilboko gudua»

Gipuzkoako kanpainaren hasieran, Emilio Mola jeneralak, Espainiako Gobernuari Frantziatik zetorkion laguntza eteteko, Irun konkistatzea zuen helburu, eta baita Donostian setiaturik zeuden matxinatuei laguntzea, baina kanpaina desbideratu egin behar izan zuen, errepublikaren aldekoek Endarlatsako zubia bota zutenean. Gipuzkoan miliziano errepublikanoek Nafarroatik sartutako erreketeen kontra egin zuten borroka. Oso gizon gutxik parte hartu zuten ekinaldi hartan eta arma sotilak erabili zituzten bi alderdietan. Erreketeen beste oste batzuek, matxinatuen armadako ofizialak buru zituztela, Oria ibaiari jarraituz sarturik, Beasain (uztailaren 25ean) eta Tolosa (abuztuaren 11) hartu zituzten. Nazionalak ez ziren, hala ere, garaiz iritsi Donostiako matxinadari laguntza emateko, Oiartzundik Irunerainoko bidea oso makal eta neke handiz egin baitzuten, milizianoek gogor egin zietelako aurre. Irailaren 5ean erori zen Irun, borroka latz baten ondoren (Irungo gudua, abuztuaren 19tik irailaren 4era iraun zuena)[14]; irailaren 13an Donostia, eta irailaren bukaerarako, Gipuzkoa osoa zegoen matxinatuen esku.

 
Bilboko Burdin Hesiko metrailadore-gotorlekua, Mikoletan (1937).

Borroka gogorren ondoren, Gipuzkoaren eta Bizkaiaren arteko mugan eutsi zieten errebelatuei gudaroste errepublikarrek eta nazionalistek arma txekiarrei esker. 1936ko azaroaren 30ean, euskal gudarosteek erasoaldi bati ekin zioten Legution, Araban. Atzera egin behar izan zuten, ordea, eguraldi txarraren erruz, batetik, eta euskal osteak zailduak ez zeudelako eta buruzagien artean koordinaziorik egon ez zelako, bestetik. Azkenik, 1937ko martxoaren 31n, Mola eta Franco jeneralen soldaduek erasoari ekin zioten Bizkaian. Matxinatuen armada oso indartuta zegoen italiar soldaduekin eta alemaniar Kondor Legioa izeneko osteekin. Alemaniarrek, batez ere, artilleria eta gerrako hegazkinak ekarri zituzten eta horiek funtsezko armak gertatu ziren gerra irabazteko, euskal armadak ez baitzuen batere. Halaber, taktika berria erabili zuten matxinatuek: aurrena hegazkinek bonbardatzen zituzten etsaiaren lerroak; ondoren, artilleria bidaltzen zuten eta haren atzetik, infanteria. Aldi berean, airez ere izua eragin zuten herritarren artean; hala, Durango eta Gernika bonbardatu zituzten eta 2.000 herritar inguru hil ziren bonbardaketa haietan.

Francoren osteak 1937ko ekainaren 19an sartu ziren Bilbon. Santanderrerako errepidea ihesean zihoan jendez bete zen eta hegazkin frankistek tiro egin zioten jende multzo hari. Errepublikaren gudarostea Santanderren errenditu zen (Santoñako hitzarmena). Hala ere, euskal ezkertiarren gudarosteek borrokan segitu zuten Asturiasen, harik eta probintzia hura urrian erori zen arte.

Eragina Ipar Euskal Herrian

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Bigarren Mundu Gerra Euskal Herrian»

Gerraren hasieratik bertatik, Ipar Euskal Herriko apaizgoa, politikariak eta herriaren gehiena Agirreren aurkako jarrera hartu zuten, eta matxinatuen alde. Komunikabide gehienek, baita euskaraz argitaratzen zuen Eskualduna egunkariak ere, Francoren erregimenaren bertuteak goraipatzen zituzten aho batez. Baionako Sud-Ouest izan zen errepublikaren alde egin zuen egunkari bakarra.

Beraz, Ipar Euskal Herrian, oro har, oso harrera txarra egin zieten gerratik iheska muga igarotzen zutenei. Agintariek ere neurri zorrotzak hartu zituzten hegoaldeko erbesteratuen kontra: 1937ko urriaren 1ean erabaki zuten 1936ko uztailaren 18az geroztik Espainiatik etorritako guztiak mugaz bestaldera bidaltzea berriro, etxeetan edo elkarte baten babesean zeudenak edota erietxean gaixo zeudenak izan ezik.

Ondorioak

aldatu

Gerraren ondorioz, 300.000 pertsona inguru hil ziren. Gerra bukatu zenean, 270.000 preso zeuden kartzeletan, kontzentrazio esparruetan gatibu zeudenak kontatu gabe. Horrez gainera, 300.000 pertsona erbesteratu ziren zapalkuntzari iheska. Irabazle frankistek 30.000 pertsona inguru hil zituzten 1939. eta 1950. urteen artean, eta zapalkuntza politiko arrunt gogorra ezarri zuen. Pentsamendua eta ideologia zapaltzeko, Eliza Katolikoaren laguntza izan zuen.

Ekonomikoak

aldatu

Biktimak

aldatu

Errepresioa gerra-ostean eta frankismoan

aldatu

Milaka lagun jasan zuten frankismoaren errepresioa, gerra osteko lehen urteetan gehienbat[15]. Kalkulatu da, esate baterako, Nafarroa Garaian 3.507 lagunek galdu zutela bizitza errepresioaren ondorioz. Sartaguda herriko errepresioa izan zen, proportzioan, gogorrena; gerra osteko lehen urteetan, Sartagudako biztanleriaren 67.63 ‰ galdu baitzuen bizitza.[16]

Ondorioak Euskal Herrian

aldatu

Produkzio baliabideen jabetza, enpresa handienen eta banku handienen jabetza, polizia indarrak, indar militarrak, hezkuntza sistema, osasun sistema, erlijio sistema, hedabideak... Sistema politiko eta ekonomikoa gerra irabazleen menpe geratu zen. Hiru botereak, —botere judiziala, exekutiboa eta legegilea—, gerra irabazleen menpe geratu ziren. Irabazleek sistema produktibo kapitalista non ekoizpen-bideen jabetza gerra irabazleen esku zeuden ezarri zuten. Sindikatu bertikala ezarri zen, errepublika garaiko sindikatuak ordezkatzeko. Hezkuntzan eta erlijioan nazionalkatolizismo deitu izan den ideologia sustatu egin zen, non euskal kultura gutxietsi edo debekatu egin zen, behin eta berriro, non, kasurik onenean, euskara dialekto erregionaltzat jotzen zen eta folklore balioa besterik ez zitzaion ematen, hezkuntza sisteman eta hedabideetan baztertuz edo debekatuz.

Estatuak disidenteen errepresioa eta hedabideen zentsura praktikatu zuen. Hego Euskal Herrian diktadura frankista ezarri zen.

Gerra irabazleek Bizkaia eta Gipuzkoa probintzia traidoretzat jo zituzten. Alkate, gobernadore eta goi mailako kudeatzaile politiko guztiak gerra irabazleen aldekoak ezarri zituzten. Espainia estatu zentralista bezala antolatu zen, non Araba eta Nafarroa Garaian foru zaharren berezitasun formalak ozta-ozta gorde ziren eta Bizkaia eta Gipuzkoa beste probintzia espainiar guztiak bezala gobernatuko ziren, aitzineko lege zahar guztiak erabat ezabatuz.

Ondorioak Katalunian

aldatu

Nazioarteko harremanak

aldatu

"Suntsitutako Eskualdeak"

aldatu

Hizkuntzarende jazarpena

aldatu
« Gaztelania inposatu zen eta gainerako hizkuntzak jazarriak izan zirenː

Salbamen honen merezidun izan nahi badugu, eta salbatu gaituena ohoratu, espainiar guztiok hiru gauza egin behar dituguː Francok ezala pentsatu, sentitu eta hitz egin. Eta Francok noski, hizkuntza nazionalean jardunez inposatu du bere garaipena.Luis de Galinsoagaː Francok bezala hitz egitea.

»

—La Vanguardia, 1939.


« Orain dela gutxiko xedapenaren arabera, debekatuta geratu da Kataluniako probintzietan kalalana bigarren hizkuntza fizial gisa erabiltzea. Hemendik aurrera, espainiera soilik hitz egin ahal izango da Kataluniako probintzietako hizkuntza ofizial gisa. »

— El Faro egunkaria, Lleida, 1938ko apirila.



Memoria historikoa

aldatu

Espainiako Gerra Zibila artean

aldatu

Zinema

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Espainiako Gerra Zibila zineman»

Literatura

aldatu

Eleberriak

aldatu

Ipuinak

aldatu

Haur eta gazte literatura

aldatu

Poesia

aldatu

Antzerkia

aldatu

Musika

aldatu

Aldizkari satirikoak

aldatu

Pintura eta eskultura

aldatu

Arte grafikoak, kartelak eta aldizkariak

aldatu

Argazkigintza

aldatu

Bideo-jokoak

aldatu

Kronologia

aldatu
 
Espainiako Gerra Zibileko azken guda-agiria, Francok izenpetua (1939-04-01).

Oharrak

aldatu
  1. Frankistek Gurutzada (La Cruzada), karlistek Laugarren Gerra Karlista eta errepublikarrek Altxamendua izena eman zioten gerrari.
  2. Kolpistek "Altxamendua" deitu zioten, Alzamiento, eta hala ezagutu zen luzaro gaztelaniaz.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Tereixa CONSTENLA: «España masacrada», El País, 2011-03-27.
  2. Apaolaza Avila, Urko. «Josu Santamarina Otaola: “Lubaki bat induskatzean, gerraren izaera kriminala ikusten duzu zuzenean”» Argia 2021-06-01 (Noiz kontsultatua: 2024-09-13).
  3. (Gaztelaniaz) Fernández Pasalodos, Arnau. (2024). Hasta su total exterminio: la guerra antipartisana en España, 1936-1952. (1. argitaraldia) Galaxia Gutenberg ISBN 978-84-19738-81-3. PMC 1435815389. (Noiz kontsultatua: 2024-09-13).
  4. Beevor, Antony, 1946-. (2006). The battle for Spain : the Spanish Civil War 1936-1939. Weidenfeld & Nicolson ISBN 9780297848325. PMC 64312268. (Noiz kontsultatua: 2019-07-01).
  5. a b c d Preston, Paul. (2007). The Spanish Civil War : reaction, revolution and revenge. W.W. Norton & Co ISBN 9780393329872. PMC 85830725. (Noiz kontsultatua: 2019-07-01).
  6. a b Vilar, Pierre, 1906-. (1986). La guerra civil española. (2.a ed. argitaraldia) Editorial Crítica ISBN 8474232856. PMC 15814097. (Noiz kontsultatua: 2019-07-06).
  7. Queipo de Llano, Genoveva García, 1945-. (1997). El reinado de Alfonso XIII : la modernización fallida. (1. ed. argitaraldia) Historia 16 ISBN 8476793189. PMC 36512379. (Noiz kontsultatua: 2019-08-23).
  8. a b Andonian, M. R.; Barrett, A. S.; Vinogradov, S. N.. (1975-12-15). «Physical properties and subunits of Haemopis grandis erythrocruorin» Biochimica Et Biophysica Acta 412 (2): 202–213.  doi:10.1016/0005-2795(75)90035-5. ISSN 0006-3002. PMID 84. (Noiz kontsultatua: 2019-08-23).
  9. Hernández-Rivera, Patricia. (2016-02-13). «Serendipia: Historias de científicos que revolucionaron la Odontología» REVISTA BIOMÉDICA 27 (1)  doi:10.32776/revbiomed.v27i1.15. ISSN 2007-8447. (Noiz kontsultatua: 2019-08-23).
  10. Aróstegui, Julio. (1997). La Guerra Civil, 1936-1939 : la ruptura democrática. Historia 16 ISBN 8476793200. PMC 36837830. (Noiz kontsultatua: 2019-08-23).
  11. a b Gil Pecharromán, Julio.. (1997). La Segunda República : esperanzas y frustraciones. Información y Revistas ISBN 8476793197. PMC 36702248. (Noiz kontsultatua: 2019-08-23).
  12. 1936ko Espainiar Hauteskunde Orokorretako emaitzak Guerracivil.sabanet.es
  13. Hugh Thomas, "The Spanish Civil War", (2001)
  14. Pedro BARRUSO: La Guerra Civil en Gipuzkoa Gipuzkoa1936.com
  15. «3.507 lagun hil ziren Nafarroan errepresio frankistagatik 1936 eta 1948 artean» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-09-21).
  16. «FDMHN» memoria-oroimena.unavarra.es (Noiz kontsultatua: 2021-09-21).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu