Trebiñu

Trebiñun dagoen Burgoseko udalerria
Artikulu hau Trebiñuko udalerriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Trebiñu (argipena)».

Trebiñu[1] (ofizialki Condado de Treviño) Burgos probintziako (Gaztela eta Leon, Espainia) ipar-ekialdeko udalerri bat da, Gasteizen hegoaldera dagoena. Udalak zenbaitetan izenaren balizko bertsio elebiduna —Condado de Treviño/Trebiñuko Konderria— erabiltzen du;[2] baina Euskaltzaindiak Udalaren izen ofizialaren euskal ordaina Trebiñu Konderria dela zehaztu du.[1]

Trebiñu
Trebiñu
Espainiako udalerria
Administrazioa
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Gaztela eta Leon
Probintzia Burgosko probintzia
AlkateaAdolfo Estavillo Musitu (Treviño Dia a Dia)
Izen ofizialaCondado de Treviño
Jatorrizko izenaTrebiñu
Posta kodea09215, 09216, 09217 eta 09294
INEk ezarritako kodea09109
HerriburuaTrebiñu
Geografia
Koordenatuak42°44′05″N 2°44′50″W / 42.734722222222°N 2.7472222222222°W / 42.734722222222; -2.7472222222222
Map
Azalera260.71 km²
Altuera552 m
MugakideakArgantzon, Iruña Oka, Gasteiz, Bernedo, Lagran, Urizaharra, Zanbrana, Berantevilla, Armiñon, Erriberabeitia eta Erriberagoitia
Demografia
Biztanleria1.479 (2023)
51 (2022)
alt_left 597 (%40,4) (%50,4) 745 alt_right
Dentsitatea5,67 bizt/km²
MatrikulaBU
condadodetreviño.es

260,71 kilometro koadro[3] eta 1.479 biztanle ditu (2023)[4], hainbat herrixkatan banaturik. Geografikoki Araban egon arren eta bere biztanle gehienek Arabako parte izatearen aldarria hainbatetan azaldu arren, administratiboki Burgosko parte da. Argantzonekin batera Trebiñuko barrendegia osatzen du. Udalerri burua izen bereko herria da.

Izena aldatu

Trebiñu izenaren jatorriari buruzko hainbat teoria daude, baina onartuena —Julio Caro Barojarenaerromatarren garaiko trifinium (hiru muga) hitzetik datorrela da, bertan kokatzen baitzen barduliar, karistiar eta autrigoi tribuen arteko muga. Hala ere, toponimo hori herria bera deitzeko erabiltzen zen hasieran, eta ondoren hedatu zen eskualde osora. Hori baino lehen, eskualdearen izena Uda zen[5].

Geografia aldatu

 
Trebiñuko udalerria.

Ingurune naturala eta klima aldatu

Erliebea aldatu

 
Trebiñuko barrendegiko erliebea.

Trebiñuko erliebeak ez du garaiera handiko mendirik, baina oso gorabeheratsua da ia udalerri osoan. Ihuda ibaiaren arroaren goiko aldean egonik, mendilerroz inguraturik dago mendebaldean eta hego-mendebaldean izan ezik. Erliebea berdintzen den toki nagusia Añastro inguruak dira, ipar-mendebaldean, Argantzonekin muga egiten duen tokian.

Udalerriko tontorra Butxisolo mendia da (1.146 m),[6] Kapilduiren mendigunean, ipar-ekialdean. Punturik baxuena, berriz, udalerriko mendebaldeko ertzean Zadorra ibaiak muga egiten duen tokian dago, Erriberabeitia udalerriko Manzanos eta Trebiñuko Burgeta herrien artean (470 metro).

Mendilerro nagusia Gasteizko mendiak dira: iparraldeko muga ia modu perfektuan markatzen dute. Garaiera txikiagoa du mendebaldean; ekialderantz joz gero, mendi apur bat garaiagoak daude. Bertako mendi nagusietako batzuk hauek dira, mendebaldetik ekialdera: Iruña Oka, Gasteiz, Trebiñu eta Argantzon arteko muga laukotzetik gertuko San Migel (943 m),[7] Bustuko gana (978 m),[8] Zaldiaran (978 m),[9] Arrieta (1.000 m),[10] Pagogan (1.029),[11] Gasteiz, Bernedo eta Trebiñu elkartzen diren lekutik ez oso urruneko Zalbizkar (1.046 m)[12] eta Butxisolo.

Udalerriaren ekialdean, Ihuda ibaiaren lehen ibaiadarrak Bernedoko udalerriaren baitan daude, nahiz eta geografikoki Trebiñuko haran berean egon. Izartza, Okina, Urarte, Markiz eta Arluzea herrien lurrak dira. Eskualde horretako hegoaldean, aldiz, Trebiñuko udalerria Izki ibaiaren bailaran sartzen da, hain zuzen Obekuri eta Baxauri herrien inguruan.

Hegoaldeko mugetan Zabalateko mendilerroa eta Jaundengo mendilerroa osatzen duten zenbait mendi daude. Horrela, hego-mendebaldean, muga politikoak eta arroaren mugak bat egiten duten aldean, bi mendi nagusi daude Zabalateko mendietan: Urizar (836 m, Berantevilla, Trebiñu eta Zanbrana udalerrien arteko muga hirukoitzetik hurbil)[13] eta Moratza (1.058 m, Zanbrana, Trebiñu eta Urizaharra elkartzen diren puntutik gertu)[14]. Ekialderantz, hiru herri daude (geografikoki Ihuda ibaiaren arroaren zati dira, baina Urizaharreko udalerrikoak): Zumentu, Baroja eta Faidu. Zonalde horretan muga politikoaren inguruneak itxuratzen duten hainbat muino daude: Zabala (794 m),[15] Bigarramendi (725 m),[16] Krutzia (787 m),[17] Los Valletes (877 m)[18] eta Urkiza (846 m),[19] besteak beste. Jarraian, Trebiñu eta Arabako mendialdearen arteko muga politikoa Jaundengo mendilerroak osatzen duen muga topografikora hurbiltzen da berriz. Hor, La Rasa (977 m),[20] Jaunden (1.035 m)[21] eta Avellano (964 m)[22] mendiak daude.

Udalerriko mendebaldean beste bi mendilerro daude, Ihuda ibaiaren bi alboetan, ibaia udalerritik irteten den ingurunean. Ibaiaren ipar-mendebaldean San Formerioko mendilerroa dago: gailurra San Formerio (752 m)[23] mendia da, hain zuzen udalerriaren patroia denaren baseliza dagoen tokia; eta hego-ekialdean Cogollako mendilerroa dago, Cerro (901 m)[24], La Culebra (885 m)[25] eta La Cogolla (874 m)[26] muinoekin.

 
Gasteizko mendiak, Arrieta herritik.

Hidrologia aldatu

 
Ihuda ibaiaren arroa, Trebiñutik igarotzean.

Ihuda ibaia Bernedo udalerrian, Izartza eta Okina herriak kokatutako ibarrean jaiotzen da,[27] eta azken herri hori iparraldetik hegoaldera zeharkatu ondoren,[28][29] berehala Trebiñun sartzen da Saseta paretik. Segidan, hegoalderantz doa eta Urarten,[30] Arluzea eta Markizko Molino erreken[31] urak jasotzen dituen lekuan, mendebalderantz egiten du.

Ondoren, udalerria zeharkatzen du ekialdetik mendebaldera, hurrengo herrietatik oso gertu: Paritza, Albaita, Fuidio, Samiano, Torre, Argote, Franku, Trebiñu. Azkenik, Burgeta parean udalerritik irten eta Berantevillan sartzen da.

Trebiñu herria bera Ihuda ibaiaren ertzean dago, muino baten pean. Ibaiaren adar nagusiak, Trebiñuko udalerriaren barruan, hauek dira: iparraldetik Saratsu, Ibia, Askartza eta Arrieta ibaiak; hegoaldetik Barruntia eta Riorrojo ibaiak.

Mendebaldeko muturrean, Zadorra ibaiak muga egiten du Trebiñu eta Erriberagoitia eta Erriberabeitia artean.

Trebiñun urtegi nagusi bat dago, Arrietako urtegia, batez ere nekazaritza lurrak ureztatzeko erabiltzen dena. Bertako urak muinoetan estrategikoki kokatutako erregulazio baltsen bidez banatzen da nekazarien artean.

Landaredia aldatu

 
Trebiñuko landaredia.
██ Ameztiak██ Artadiak██ Hariztiak██ Pagadiak██ Erkameztiak ██ Karraskalak██ Baso landaketak██ Ipurudi eta sastrakak██ Txilardiak ██ Pretxilardiak██ Larre eta belardiak██ Parkeak██ Hiri eta herriak

Trebiñuko landaredia hiru faktore nagusik baldintzatzen dute:

Trebiñuko mendilerroak ekialdetik mendebaldera luzatzen dira, nagusiki ipar-mendebaldekoak diren haizeen aurrean hesi modura jokatuz. Hori dela eta, itsasotiko euri-fronteek euria mendien ipar isurialdean uzten dituzte gehienbat, eta hegoaldeko mazeletara prezipitazio gutxiago iristen da, Foehn efektuaren ondorioz. Horren eraginez, mendietako iparraldean hezetasun gehiago behar dituzten basoak daude: pagadiak eta hariztiak, eta hegoaldean, artadiak, karraskalak eta erkameztiak. Baxauri eta Obekuri inguruetan ameztiak daude, alboko Izkiko natura parkean bezala.

Ihuda ibaiaren eta bere adarren ibarretako lurrak nekazaritzarako luberritu ziren, eta orain udalerriaren azalera gehienean laboreak ereiten dira. Hala ere, XX. mendeko nekazaritza krisiaren eraginez, lursail asko, batez ere gune malkartsuetan daudenak, utzi egin dira. Toki horietan landaredia leheneratzen hasi da, eta ipurudiak, sastrakadiak eta txilardiak sortu dira. Beste toki batzuetan, udalerriko muino askotan adibidez, mota bereko landaredia dago, baina kasu horietan higaduraren eraginez da.

Mendiko gune batzuetan, Gasteiz mendietan, abeltzaintzarako erabiltzen diren larreak eta belardiak daude. Bestalde, Gasteiz mendietan eta Izki inguruko mendietan zura ekoizteko egin diren baso landaketak ikus daitezke.

Klima aldatu

Trebiñu klima ozeanikoaren eta klima mediterraneoaren arteko trantsizio gunean dago, Araba gehiena bezala. Gehiago zehaztuz, Trebiñuko klima submediterraneoa da, alegia, klima epela baina iparralderago baino euri gutxiagorekin.

Udalerriaren garaieraren ondorioz, tenperaturak iparralderago eta hegoalderago baino apur bat baxuagoak dira oro har. Bestalde, itsasotik hurbil ez dagoenez, klimak ezaugarri kontinentalak edukitzea eragiten du, hau da, oszilazio termikoa itsasotik hurbilagoko eskualdeetan baino handiagoa da urtean zehar.

2008tik 2011ra (3 urte) Trebiñu herriko estazio meteorologikoan egin diren neurketen batez bestekoak hauek dira:

      Datu klimatikoak (Trebiñu)      
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura (ºC) 4.04 5.04 7.47 10.85 13.34 16.39 19.02 19.09 15.7 12.01 7.9 4.1 11.2
Pilatutako prezipitazioa (mm) 83.5 80.6 55.8 80.7 73.2 80.3 25.0 8.1 60.7 117.9 110.0 136.4 912.2
Iturria: Gaztela eta Leongo Junta[32]

Kontuan izan balio hauek ez direla oraindik esanguratsuak, normalean 30 urteko datuak erabiltzen baitira batez bestekoak kalkulatzeko. Prezipitazioari dagokionez, fidagarriagoa izan daiteke Gasteizko eta Miranda de Ebroko estazioen datuei erreparatzea, Trebiñun bien arteko balioa baitago. Gasteizen batez beste urtean 823 mm prezipitazio botatzen du, eta Mirandan 521 mm.

Udalerri mugakideak aldatu

Trebiñuko udalerria Ihuda ibaiaren haranean dago, eta ibaiaren arroa izan da, hain zuzen, udalerriaren mugak hein handi batean baldintzatu dituenak.

Muga naturalak dira iparraldean, Gasteizko mendien mendilerroa, ekialdean, Izkiko mendien ingurua eta hegoaldean, Ihudaren arroa ixten duen Jaundengo mendilerroa. Trebiñutik iparraldera Gasteiz udalerria dago. Ekialdera berriz, Bernedo. Hegoaldean eta ekialdetik mendebaldera, Arabako Mendialdeko Lagran munizipioa, Urizaharra, Lagran eta Lañuko Arabako lur komunalak eta Urizaharra udalerria kokatzen dira.

Mendebaldean ere, udalerriaren muga, oro har, Zadorra ibaiak zehazten du. Ipar-mendebaldeko izkinean ordea, Argantzon udalerria kokatua dago, zeinek ibaiaren bi ertzak okupatzeaz gain, Trebiñuko lurrak eta Zadorra urruntzen ditu. Ibaiaren beste aldean, Añanako kuadrillako Erriberagoitia eta Erriberabeitia daude.

Hego-mendebalderantz, berriz, muga ez da horren naturala, Trebiñuk Zadorra eta Ihuda ibaien beheko atalaren arroetan kokaturik dauden Armiñon, Berantevilla eta Zanbrana udalerriekin muga egiten baitu.

Historia aldatu

 
Trebiñuko elizaren ataria

Historiaurrea aldatu

Udalerriko lurretan Paleolito garaiko hondakinak aurkitu izan dira. Lañu herriko Mendiguri izeneko tokian Behe Paleolitoko Acheulear kulturako tresneria aurkitu da[33]. Torre herriko Murba aztarnategian, berriz, Erdi Paleolitoko Mousteriar kulturakoak diren hondarrak aurkitu dira[34]. Kasu honetan, aire zabaleko lantegi bat zen, harrizko tresnak egiteko erabiltzen zena.

Mesolitoan sartuta (duela 10.000 urte), Saseta inguruetan dagoen Mendandia aztarnategia aipatu behar da. Oso aztarnategi garrantzitsua, bertan harrizko tresnen 18.000 hondar eta zeramikako zatien 1.000 hondar aurkitu [35]. Toki honetan bi arotako aztarnak daude, zaharrenak Mesolitokoak eta berrienak Neolitokoak, orain dela 7.200-6.400 urte ingurukoak. Bigarren multzo honetan daude zeramikako piezak, datazioen arabera Iberiar penintsulako lehenak direnak.

Neolitokoak dira (duela 6.000 urtekoak) Sanmartinzar herriko San Quilez inguruan aurkitu diren aztarnak[36]. Kasu honetan hileta-tumuluak dira aurkitutakoak. Hileta-tumulu hauen egiturak eta inguruko lurretako (Arabako Lautada eta Errioxa) hileta-tumuluenak oso desberdinak dira, baina bi eskualde horien artean zegoen hutsune bat bete zuten. Halaber, zenbait ehorzketatako hondakinak eta etxeko hornidura gutxi batzuk ere berreskuratu ziren.

Lehen indoeuroparrak aldatu

Goi Brontze Aroan (Kristo aurreko 1.000 urte inguruan) eskualdera lehen tribu indoeuroparrak iritsi ziren, eta haiekin batera, metalurgia iritsi zen[5]. Talde nagusia zeltak izan ziren, K. a. 800. urte inguruan. Kultura honen bereizgarri diren kastroak eraiki zituzten Santuste (Ozilla) eta San Formerio (Pangua) bezalako gune garaietan, babes modura.

Erromatarrak iritsi zirenerako, dirudienez Trebiñuko populazioan bi kultura bizi ziren elkarrekin: jatorrizkoa, glaziazioen ondoren kantauriar kostaldetik bertaratu zena; eta indoeuropar jatorrikoa, herrixketan bizi zena, kultura material aurreratuagoa zuena, eta jatorrizko populazioaren gainean nolabaiteko nagusitasuna zuena[5].

Antzinako Erroma aldatu

Erromatarren garaiko aztarnak aurkitu dira Argoten eta Uralden[37]. Sasoi hartan Trebiñu Burdigala (Bordele) eta Asturica Augusta (Astorga) lotzen zituen Iter XXXIV erromatar galtzadaren eta inguruko hiri handiena zen Veleiaren eraginaren pean zegoen, eta bertan asentamendu erromatar txikiagoak sortu ziren. Dirudienez, sasoi hartakoa da Trebiñu toponimoaren jatorria izan daitekeen trifinium hitza, baina orduan bailarako herri nagusia deitzeko soilik erabiltzen zen, ez bailara osoa. Trifinium hitzak eskualdean hiru tribuk (karistiarrek, barduliarrek eta autrigoiek) muga egiten zutela esan nahi du, itxura batean.

Argoten K.o. I. mendetik V. mendera arte egon zen erromatarren presentzia. Etxeko tresnen hondarrak aurkitzeaz gain, dolium eta amphora izeneko edukiontziak, eta eraikuntzarako materialak aurkitu ziren. Horrez gain, aldare-harri bat ere aurkitu da. Urarten, bestalde, zenbait hondakindegi aurkitu ziren, nekazaritzara dedikatutako establezimendu nahiko handi batenak izan daitezkeenak, I. mendetik V. mendera arte okupatuta egon omen zena. Etxeko hornidurak, eraikuntzarako materialak, animalien hondarrak, etab. aurkitu ziren bertan.

Goi Erdi Aroa aldatu

Goi Erdi Aroan datatutako aztarnategien artean, ezagunena Lañuko Las Gobas eta Santorkaria izeneko guneetan existitzen diren koben multzoa da. Herri honetako haitz labarretan gizakiak eginiko koba batzuk existitzen dira, eta bere jatorriari buruzko hipotesi tradizionala Erdi Aroan sortutako mugimendu zenobitikoaren ondorioz ermitauen bizileku zirela izan da. Agustin Azkaratek 2007an gidatutako lanetan, hala ere, beste hipotesi batzuk indar gehiago zutela ondorioztatu zuen[38]. Alde batetik, kokagunearen sorrera VII. mendean omen dago, eta hainbat mendez erabili zen, IX. mendearen amaieran utzi egin ziren arte. Harrian egindako koba hauen inguruetan beste eraikin batzuen aztarnak aurkitu dira, mendi mazeletan. IX. mendetik aurrera kobak bizileku modura utzi eta hilerri gisa erabiltzen hasi ziren. Bertako bizilagunak Lañu herria sortu zutenak izango omen ziren. Beren funtzioari dagokionez, ez da baztertzen haietako koba batzuk ermitauen bizileku izatea, baina kasu gehienetan baserritarren asentamenduak zirela ondorioztatu da. XVI. mendean berriro okupatu ziren, orduan nekazaritzarako erabilera emateko.

Udalerriaren mendebaldeko beste herri batzuetan eta ingurukoetan ere sasoi honetan okupatuta egon ziren koba artifizialak aurkitu dira: Faidun, Sarratxon, Urarten eta Markizen[39].

Goi Erdi Aroaren hasieratik, Erromatar Inperioaren erorketaren ondoren, jadanik ez da antzinako tribuez hitz egiten kronika zaharretan, eta Trebiñu eta Araban bizi den jendeari buruz aritzean, baskoiez hitz egiten da. Aro honetan eskualde osoa bazterreko kokapenean geratu zen, iparraldean bizi ziren frankoen eta hegoaldean zeuden bisigodoen artean, eta euskararen presentzia asko indartu zen. Donemiliagako goldea agirian ageri den Trebiñuko herrien izenetan ikusten denez, XI. mendean Trebiñuko herri askoren izenek euskal jatorria zuten, batez ere udalerriaren ekialdekoek[40]. Trebiñuko aipamena (eskualdeak Rigo de Ivita, egungo euskaran "Ihuda ibaia", izena dauka dokumentu horretan) hauxe da:

« Rigo de Ivita, XXXV regas: Prango et Prango, duas regas. Armendihi una rega. Atazaval; una rega. Betruz, una rega. Argote, una rega. Sancti Meiano, una rega. Torre, una rega. Sancti Martini, una rega. Galbari, una rega. Cimentu, una rega. Barolha, una rega. Loza, una rega. Alma, una rega. Paldu, una rega. Mesanza, una rega. Savastian, una rega. Bergilgona, una rega. Langu, una rega. Guzkiano, una rega. Guzkiano de suso, una rega. Bustia, una rega. Gogate, una rega. Agellu, una rega. Pudio, una rega. Barizahaza, una rega. Sagassaheta, una rega. Orzalzan, una rega. Uarte, una rega. Marquina de iuso, una rega. Carrelucea, una rega. Marquina de Suso, una rega. Bassahuri, una rega. Hobecori, una rega. Hassarte, una regga. »

Trebiñuren fundazioa aldatu

 
Trebiñu Nafarroako erresumaren mende egon zela adierazten duen oroigarria.

XI. eta XII. mendeetan Udako lurraldea Nafarroako erresumaren mende egon zen. 1161. urtean Antso Jakituna Nafarroakoak eman omen zion hiribildu titulua. Hala izatekotan, Nafarroako Erresumaren hiribildu arabar zaharrena litzateke[41]. Aipatutako muinoaren gailurrean, gaur egun telekomunikazio-antena andana jasotzen dituen horretan, Nafarroako Erresumaren gaztelu bat zegoen, 1199. urteko eraso gaztelarrak konkistatu ezin izan zuena[42]. Fundazio hau Nafarroaren eta Gaztelako Erresumaren arteko tirabiretan ulertu behar da, sasoi hartan eskualdea mugako tokian baitzegoen.

1200an Gaztelako Alfonso VIII.ak Nafarroako mendebaldean sartu eta Gipuzkoa eta Araba anexionatu zituen. Trebiñuren kasuan, erasoa pairatu zuen, baina gaztelauek ez zuten lortu hura konkistatzerik. Orduan Antso VII.a Nafarroakoak eta Gaztelako erregeak ituna egin zuten, eta Trebiñu Gaztelaren esku geratu zen Nafarroak Miranda Arga, Mendavia, Larraga eta beste herri batzuk mantentzearen truke.

Konderriaren sorrera eta Arabako Ermandadea aldatu

1366ko apirilaren 8an Henrike II.a Gaztelakoak Pedro Manrique I.a Larakoari eman zizkion dohaintzan Udako lurraldeak, jaurerri gisa goberna zezan. 1453an Pedro Manriqueren birbiloba batek, Diego Gómez Manriquek, Trebiñuko konde izendapena jaso zuen Gaztelako erregearengandik.

1417an Trebiñuk, Gasteizek eta Agurainek ermandade baten sorrera sustatu zuten, nobleziaren gehiegikerien eta gaizkileen aurka egiteko. Arabako lehen ermandadea izan zen hau. Hala ere, batasun honek ez zuen iraun eta laster desegin zen. Arabako Ermandadea sortzeko behin betiko saialdia 1458an izan zen, baina orduan Trebiñuk ez zuen parte hartu eta, horrela, gaur egungo Arabako probintziaren ernamuina izan zenetik kanpo geratu zen.

XIX. mendea aldatu

 
Trebiñuko guduaren koadroa, Francisco Oller margolariarena.

XIX. mendearen lehen erdialdean Trebiñu Burgosko probintzian sartu zuten. Sasoi horretan probintziak sortzeko hainbat saio egin ziren Espainian[43]. Azkenik, 1833. urtean gaur arteko banaketa administratiboa izango zena egin zen, eta horretan Trebiñuko konderria, Argantzonekin batera, Burgosko probintziaren mende geratu zen.

XIX. mendean Trebiñu Gerra Karlisten jokaleku izan zen bi aldiz. Lehen Gerra Karlistan, Zumalakarregik Trebiñu hartzeko setioa antolatu eta bi eguneko erasoen ondoren menderatu zuen, 1835eko maiatzaren 11n. Hirugarren Gerra Karlistan, 1875eko uztailaren 7an, Trebiñuko gudua deitu zena izan zen, oso ospetsua egin zena zalditeriaren oldarraldiagatik[44].

Espainiako Gerra Zibila aldatu

Espainiako Gerra Zibilean Trebiñu nazionalen aldean geratu zen, Araba bezala, eta frontetik urruti. Horren ondorioz, ez zituen zuzenean pairatu guduak. Hala ere, nazionalen errepresioa jasan behar izan zuten errepublikaren aldeko trebiñarrek.

Añastron 3 lagun hil zituzten, besteak beste herriko medikua eta maisua (Godofredo Colina, Antonio Paredes eta Luis Velasco). Dordonizen 4 lagun hil zituzten 1936ko abuztuan: Angel Corcuera Puelles, Gregorio Corcuera Echevarria, Jeronimo Ortiz eta Jesús Velasco. Trebiñu herrian sei izan ziren hildakoak: Ricardo Landa, Alejandro Landa, Fortunato Arrieta, Fausto Arrieta, Moises Ruiz Monje eta Vicente López Moraza[45].

Ekonomia aldatu

Trebiñu nekazaritzari eta abeltzaintzari lotutako eskualdea izan da tradizionalki. Gaur egun sektore horren garrantzia gero eta txikiagoa da, eta beste fenomeno bat sortu da ekonomiari dagokionez: gero eta trebiñar gehiagok udalerritik kanpo egiten dute lan, batez ere Gasteizen. Barrendegi osoko langileen % 73k Gasteizen egiten du lan, %22k barrendegian, % 2k EAEko beste toki batzuetan eta % 2k Burgosko beste toki batzuetan[46], batez ere Miranda de Ebron.

1999ko nekazaritza zentsuaren arabera[47], Trebiñun 212 nekazari eta abeltzain ziren. Horietatik, gazteak (34 urte arte), 28 ziren soilik. Nekazariak langile guztien % 14 dira, langile arruntak % 21 dira eta enplegatuak % 33 dira[46].

Trebiñarren lan jarduera honela zegoen banaturik 2007ko ikerketa baten arabera[48]:

Jarduera Ehunekoa
Bere kabuz lanean % 21
Besteren kontura % 45
Langabe % 4
Etxeko lanak % 5
Ikaslea % 11
Erretiratua % 14

Banaketa administratiboa aldatu

Trebiñu udalerriaren barnean hainbat herri edo biztanlegune dago[49].

Baita hainbat herri desagertu ere:

Demografia aldatu

 
Doroñun XX. mendearen bukaeran eta XXI. mendearen hasieran egindako etxebizitza multzo berriak.

Bere kokapen geografikoagatik, Trebiñu beti izan da eskualde ia erabat nekazaria. Hala ere, XX. mendeko industrializazio prozesuak ez ziren oharkabean igaro biztanleriari dagokionez, baina ez zentzu positiboan, negatiboan baizik: Trebiñuko herrixketako jende asko garapen lekuetara —besteak beste, Gasteiza— aldatu zen lan hobearen bila. Despopulazio prozesu honetan eragina izan zuen, baita ere, nekazaritzaren munduan XX. mendearen erdialdean gertatu zen iraultzak, eta batez ere mekanizazioak, lehen eskulan asko behar zen tokian langileak soberan egotera igaro baitzen.

XX. mendetik eta XXI.era bitarteko aldaketaren bueltan, Miranda de Ebrorekin eta batez ere Gasteizekin lotzen zituen errepideak hobetzean, Gasteizko etxebizitzen prezioak neurrigabeki haztean eta automobil pribatua ugaritzean, Trebiñu biztanleria erakartzen hasi zen. Hala ere, biztanle berri horietako gehienek ez zuten bertan lan egiten, eta nahiz eta Trebiñuko erroldan egon, bizia (lana, haurren eskola, erosketak, aisialdia...) udalerritik kanpo egiten zuten.

Trebiñuko biztanleria

Beraz, Trebiñuko udalerrian, barrendegi osoan bezala, jendeen hiru multzo aski desberdin bereiz daitezke[48]:

  • Bertan jaiotakoak, gaur egun biztanleriaren laurdena dena, gehienek bertan lan egiten dutenak, nekazaritzan, eta 50 urtetik gora dutenak.
  • XXI. mendearen hasieran Gasteiztik iritsitakoak, gehienak 30-50 urte bitarteko bikoteak eta haien seme-alabak, oro har Gasteizen lan egiten dutenak.
  • Bigarren multzokoak baino lehenago iritsi zirenak eta haien seme-alabak, biztanleriaren herena inguru.

Politika aldatu

 
Trebiñuko udaletxea, Maria Diaz de Ure plazan

1995eko udal hauteskundeak aldatu

1995an PPko Ernesto Argote hautatu zuten alkate.[57]

1998ko apirilean, Ernesto Argote alkateak dimisioa aurkeztu zuen eta PPtik baztertu zen, urte bereko martxoaren 8an Trebiñuko auziari buruzko kontsulta bat antolatu eta egin ondoren, bere alderdiak egin zizkion kritikengatik. Alkatearekin batera, udalbatzarrean PPk zituen beste hiru zinegotziek ere beraien postuak utzi zituzten.[58][59]

Horren ondorioz, hiru zinegotzi independenteetako bat, Javier Villareal, jarduneko alkate bilakatu zen.[60][61]

1999ko udal hauteskundeak aldatu

1999ko ekainaren 13ko hauteskundeetan lortutako gehiengo absolutuaren ondorioz Juan Carlos Aguillo izendatu zuten alkate. Trebiñu Araban sartzearen aldeko Agrupación Electoral Independiente (AEI) elkartearen lau botoekin atera zen garaile.[62][63][64] Alderdi Popularrak 3 zinegotzi lortu zituen.[65]

2003ko udal hauteskundeak aldatu

2003ko udal hauteskundeetan, Trebiñu Araban integratzearen aldeko Agrupación Electoral Independiente Condado de Treviño (AEICT) hautes-elkarteak 5 zinegotzi lortu zituen eta PPk 4. Beraz, Juan Carlos Aguillok Alkate segitu zuen.[66][64]

2007ko udal hauteskundeak aldatu

2007an PPk 4 zinegotzi eskuratu zituen, AEICT taldeak 3 eta PSOEk eta EAEk bana. Hori zela eta, PPko Inmaculada Ranedo atera zen alkate.[67]

2011ko udal hauteskundeak aldatu

2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz, PPk 3 zinegotzi lortu zituen, Agrupación Ciudadanos Condado de Treviño (ACUDE) taldeak 2 zinegotzi, AEICT elkarteak beste 2 zinegotzi, EAJk eta Bilduk zinegotzi bana.[68] Aurreko alkateak legegintzaldiaren hasieran ACUDE elkartearekin gobernu akordio bat lortzea nahi izan zuen arren,[69] talde honen alkatetza lortzeko eskaerak ez zuen aukera hau posible egin. Beraz, PPko Inmaculada Ranedok jarraitu zuen alkate, bere partiduaren botoei esker.

2012ko abenduan AEICT, Ciudadanos del Condado (CDC) eta Bilduren zinegotziek zentsura mozioa aurkeztu zuten alkatearen kontra, eta haren ondorioz,[70][71] AEICT taldeko Ignacio Portilla hautatu zuten alkate.[71][72] AEICT, CDC eta Bildu Trebiñu Araban integratzearen aldekoak dira, eta arrazoi hori izan zen ekimenaren arrazoi nagusietako bat. Alkate berriak Trebiñu Arabara batzeko prozesua hasiko zuela esan zuen lehen adierazpenetan.[71][73][74]

Horrela, 2013ko martxoaren 8an, bozketa bidez, Burgostik bereizteko eta Araban sartzeko tramiteak hasteko eskatu zuen udalbatzak, aldeko 6 botorekin eta 3 abstentziorekin.[75][76]

2014ko otsailaren 6an Eusko Legebiltzarran Trebiñuk Arabarekin bat egiteko eskaera Espainiako Kongresura eramateko eskaera onartu zen, EAJ, EH Bildu eta PSEren aldeko eta PPren aurkako bozkekin.[77] 2014ko abenduaren 27an, berriz, PPko bi zinegotzik dimisioa eman zuten Trebiñun.[78][79]

2015eko udal hauteskundeak aldatu

2015eko udal hauteskundeetan zazpi talde aurkeztu ziren: 2011n alkatetza lortzen saiatu ziren guztiak (PP, AEICT, CDC, PSOE eta EAJ), gehi EH Bildu (Bilduren ordez) eta Condado para Todos (CPT) izeneko berri bat. Inmaculada Ranedok (PP), Ignacio Portillak (AEICT) eta Ernesto Argotek (CDC) beren alderdien buru izaten segitu zuten. Aldi berean, PSOEren izenean Javier Mardones[80] eta EH Bilduren partez Iker Garcia de Eulate aurkeztu ziren lehen aldiz goiko postuan. Azkenik, aurreko hauteskundeetan EAJren zinegotzia izandako Roberto Bajos CPT elkarte berriaren buru gisa agertu zen. Horren ondorioz, EAJko lehen postua Enrique Barbadillok bete zuen.[81]

Alderdi Popularrak botoen erdia eta zinegotzi bat galdu zituen, bi lortuz, herritarren hautes-elkarteen onurarako. CDC eta AEICT alderdiei dagokienez, bakoitzak beste bi zinegotzi lortu zituen. Bestalde, EAJ, EH Bildu eta CPT alderdiek eserleku bakarra lortu zuten. CDC elkarteko Ernesto Argote hautatu zuten alkate.[82]

Hala ere, 2016ko abenduan, Ernesto Argote alkateak bere postua utzi zuen, Arabako eta Burgosko aldundiek hasitako elkarrizketetan ez zelako lurraldetasunaren gaia eztabaidatuko, eta gai hori barrendegiko alderdientzat funtsezkoa zelako.[59][83] Egun batzuk geroago udalbatzarreko AEICT talde independenteko burua zena, Ignacio Portilla, alkatearen salaketari batu zitzaion, bere dimisioa aurkeztuz.[84] Hori zela eta, CDC alderdiko Elena Ramirezek hartu zuen kargua.[85][86]

2019ko udal hauteskundeak aldatu

2019ko hauteskundeetara zazpi talde aurkeztu ziren berriro, 2015ean aurkeztutako guztiak, PSOE izan ezik, gehi beste berri bat. Lehenengo aldiz Trebiñuko udalerrian Herritarrak - Herritarron Alderdia (C's) aurkeztu zen. Aurreko udal hauteskundeekin konparatuz, ia zerrenda guztietako buruak aldatu ziren. Horrela, Adolfo Estavillo (CDC), Maria Eugenia Galarreta (AEICT), Enrique Barbadillo (EAJ), Oscar Arbaizar (PP), Ritxar Astegieta (EH Bildu), Roberto Bajos (CPT) eta Jose Maria Ruiz (C's) izan ziren bere alderdien zerrendetako lehenak.[87]

EAJ alderdiak botoak irabazi zituen eta berdinketa hirukoitza gertatu zen CDC, AEICT eta EAJ taldeen artean. Bi zinegotzi lortu zituen alderdi bakoitzak. Alderdi Popularrak zinegotzi bat galdu zuen eta EH Bilduk eta CPT elkarteak bereei eutsi zieten. EAJ alderdiko Enrique Barbadillok eskuratu zuen alkatetza, AEICT hautes-elkartearen eta Bildu alderdiaren botoei esker.[88][89]

Udal hauteskundeen emaitzak aldatu

Trebiñuko udalbatza

Alderdia

2019ko maiatzaren 26a

2015eko maiatzaren 24a

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Ciudadanos del Condado (CDC)
2 / 9
125 (% 18,97)
2 / 9
149 (% 22,07)
Agrupacion Electoral Independiente Condado de Treviño (AEICT)
2 / 9
124 (% 18,82)
2 / 9
144 (% 21,33)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
2 / 9
123 (% 18,66)
1 / 9
63 (% 9,33)
Alderdi Popularra (PP)
1 / 9
111 (% 16,84)
2 / 9
111 (% 16,44)
Euskal Herria Bildu (EH Bildu)
1 / 9
79 (% 11,99)
1 / 9
71 (% 11,41)
Condado para Todos (CPT)
1 / 9
59 (% 8,95)
1 / 9
99 (% 14,67)
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak Espainiako Barne Ministerioaren webgunean

Alkateak aldatu

Hauek izan dira Trebiñuko azken alkateak:

Alkatea Agintaldi hasiera Agintaldi amaiera Alderdia[90]
Alfredo Gonzalo Ochoa[90][91] / Alfredo Gonzalez Ochoa[92] 1979 1983 Zentro Demokratikoaren Batasuna
Abel Oraá Bajos[90] 1983 1987 Independenteak
Jesus Dulanto Martinez[90][91] 1987 1991 Independenteak
Ernesto Argote Roa[90][91] 1991 1995 Alderdi Popularra
Ernesto Argote Roa[90][57] 1995 1998 a[58][59] Alderdi Popularra
Javier Villareal[58][60][61](Jarduneko alkatea) 1998 1999 Independenteak
Juan Carlos Aguillo Ramirez[90][62][63][65][64] 1999 2003 Agrupacion Electoral Independiente
Juan Carlos Aguillo Ramirez[90][66][64] 2003 2007 Agrupacion Electoral Independiente Condado de Treviño
Inmaculada Ranedo Gomez[90][67] 2007 2011 Alderdi Popularra
Inmaculada Ranedo Gomez[90] 2011 2012 b[70][71][72] Alderdi Popularra
Ignacio Portilla Moraza[90][71][73][74][81] 2012 2015 Agrupacion Electoral Independiente Condado de Treviño
Ernesto Argote Roa[90] 2015 2016 c[59][83][84] Ciudadanos del Condado
Elena Ramirez Izquierdo[90][85][86] 2016 2019 Ciudadanos del Condado
Enrique Barbadillo Ayala[90][88][89] 2019 2022 d[93][94][95][96] Euzko Alderdi Jeltzalea
Adolfo Estavillo Musitu[90][97][98][99] 2022 2023 Ciudadanos del Condado
Adolfo Estavillo Musitu[100][101][102][103][104] 2023 Jardunean Treviño Dia a Dia

a 1998ko apirilean Ernesto Argote Roa alkateak dimisioa aurkeztu zuen eta PPtik baztertu zen.

b 2012ko abenduan zentsura-mozio batek Inmaculada Ranedo Gómez alkatetzatik bota zuten.

c 2016ko abenduan Ernesto Argote Roa alkateak dimisioa aurkeztu zuen.

d 2022ko uztailean Enrique Barbadillo Ayala alkateak dimisioa aurkeztu zuen.

Garraioa aldatu

Araba Bus sareko   eta   lineek ematen diote zerbitzua herri honi:

  Araba Bus
 Zerbitzua   Hasiera   Ibilbidea   Amaiera ⁠
7 Gasteiz
(geltokia)
Gasteiz (Bastiturri)Gasteiz (epaitegiak)Gasteiz (unibertsitatea)Armentia TrebiñuArgoteAlbaitaBaxauriObekuriNavarreteBernedoVillafriaVillaverde Lagran
9 Gasteiz
(geltokia)
Gasteiz (Bastiturri)Gasteiz (epaitegiak)Gasteiz (unibertsitatea)Armentia TrebiñuArgoteAlbaitaBaxauriObekuriNavarreteBernedoMeanuriMeanoEkoraOionLogroño (Portales)
Gasteiz (Bastiturri)Gasteiz (epaitegiak)Gasteiz (unibertsitatea)Armentia TrebiñuUrizaharraLeza (ospitalea)GuardiaGuardia (hotel-gasolindegia)Logroño (Portales)
Logroño
(geltokia)

Gainera, Eskualdeko Garraioa sareak lau linea ditu udalerrian:

  Eskualdeko Garraioa
 Zerbitzua   Hasiera   Ibilbidea   Amaiera ⁠
16 Armentia T.
Trebiñu
ArluzeaMarkizSasetaUrarteParitzaLañuAlbaitaFuidioFaiduMesantzaSamianoSan Martin GalbarinTorreArgoteAxarteAgiluMarauriOgetaSaratsuPedruzoSan VicentejoImiruriUzkio Armentia T.
Trebiñu
17 Armentia T.
Trebiñu
Billa ToberaToberaSanturdeMijancasOzanaAraikoGrandivalBurgetaPanguaSan EstebanMorgasBustuOzilla-LadreraZurbituGolernioMeaDoroñuArrietaAskartzaKutxuAñastroUraldeMoskatorDordonizFrankuArmentia Armentia T.
Trebiñu
20 Urizaharra
Armentia T.
Trebiñu
FaiduPipaonLotzaMontoriaPagoetaMorazaBarojaTaraveroSanmartinzarArana Urizaharra
Armentia T.
Trebiñu
21 Bernedo
Armentia T.
Trebiñu
PipaonLagranVillaverdeVillafriaDurruma KanpezuKintaUrturiAngostinaNavarreteObekuriBaxauriAlbaita Bernedo
Armentia T.
Trebiñu

Azpiegiturak aldatu

Errepideak aldatu

Trebiñun garraiorako modu nagusia automobil pribatua da. Bi errepide nagusik zeharkatzen dute udalerria, gurutze bat osatuz:

  • A-2124 errepide probintzialak iparretik hegora zeharkatzen du udalerria. Trebiñuren mendebaldeko eta erdialdeko herriak Gasteizekin lotzen ditu iparralderantz, eta hegoalderantz Errioxaraino iristen da Herrera mendatetik.
  • BU-741 errepide lokalak ekialdetik mendebaldera doa, eta Argantzon - Armentia Trebiñu - Bernedo lotzen ditu.

Bi errepide horiek bat egiten dute Armentia Trebiñu herrian, hain zuzen Ventas de Armentia ("Armentiako bentak") izeneko tokian.

Horrez gain, garrantzi gutxiagoko errepideak daude:

Hezkuntza aldatu

Barrendegiko 2007ko datuen arabera, haurren laurdenak (% 25) besterik ez zuen barrendegian bertan ikasten. Gainerakoetatik, gehienek (% 67k) Gasteizen ikasten zuten, % 5ek Mirandan, eta % 2k beste zenbait lekutan.

Bi eskola daude Trebiñun. Bata 0 eta 3 urte arteko haurtzaindegia da eta Armentiako urbanizazio batean dago. Hezkuntza elebiduna eskaintzen du (gaztelania-euskara). Bestea Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola da (3 urtetik 12 urtera artekoa), Trebiñu herrian bertan dago eta hezkuntza elebiduna (gaztelania-ingelesa) eskaintzen du.

Bigarren Hezkuntza jasotzeko, Trebiñuko gazteek Gasteizera edo Mirandara jo behar dute.

Osasuna aldatu

Trebiñu herrian osasun zentroa dago, baita farmazia bat ere. Azken urteetan hitzarmenak sinatu dira Arabaren eta Trebiñuren artean, Trebiñuko barrendegiko biztanleek Arabako ospitaleetan eta, oro har, EAEko osasun sisteman artatuak izan daitezen.

Kultura aldatu

Euskara aldatu

 
Trebiñuko kale izena euskaraz eta gaztelaniaz.

2012ko azterketa soziolinguistikoaren arabera[105], Trebiñuko biztanleen % 21,5 elebidunak ziren urte horretan eta % 16 elebidun hartzaileak. Elebiduntasunaren joera goranzkoa da, 2007an[48], % 14,5 elebidun eta % 12 elebidun hartzaile baitziren, hurrenez hurren. Aurreko azterketak, 2002an egindakoak, zehaztu zuen orduan Trebiñuko enklabeko herritarren % 10ek soilik hitz egiten zekiela euskaraz, eta % 8 zela elebidun hartzailea.

Datu eta joera horiek bat datoz Araban gertatzen ari den berreuskalduntzearekin.

Ondasun nabariak aldatu

Argazki galeria aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b Euskaltzaindia. 150. araua: Arabako herrien izendegia. ikus 20. oin-oharra. Udalaren izen ofizialaren euskal ordaina Trebiñu Konderria dela zehazten da (Noiz kontsultatua: 2010-08-10).
  2. Trebiñu 2011 Treviño Batzordea eta Trebiñuko Konderriko Udala (antolatzaileak), Trebiñuko Konderriko Ikasketa Historikoen I. Kongresua[Betiko hautsitako esteka], Euskal Herriko Unibertsitatearen webgunea. Eskuratze data: 2011-07-28. Ikus «Organizadores / Antolatzaileak» atala: Trebiñuko Udalak euskaraz eta gaztelaniaz erabiltzen du udalaren logoa.
  3. Espainiako Estatistika Institutua (INE).
  4. (Gaztelaniaz) «Población según municipio y sexo» INE (Noiz kontsultatua: 2024-01-31).
  5. a b c (Gaztelaniaz) González de Viñaspre, Roberto. (1999). Trebiño: Claves para un contencioso inacabado. Txalaparta ISBN 978-84-8136-129-2. (Noiz kontsultatua: 2023-08-23).
  6. (Gaztelaniaz) «Butxisolo (1146 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-08-26).
  7. (Gaztelaniaz) «San Miguel (943 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-08-31).
  8. (Gaztelaniaz) «Bustuko Gana (976 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-08-26).
  9. (Gaztelaniaz) «Zaldiaran (978 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-08-26).
  10. (Gaztelaniaz) «Cuervo (1000 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-08-26).
  11. (Gaztelaniaz) «Pagogan (1029 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-08-26).
  12. (Gaztelaniaz) «Zalbizkar (1046 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-08-25).
  13. (Gaztelaniaz) «Urizar (836 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-08-31).
  14. (Gaztelaniaz) «Moratza (1.058)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-08-25).
  15. (Gaztelaniaz) «Zabala (794 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-08-26).
  16. (Gaztelaniaz) «Bigarramendi (725 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-09-02).
  17. (Gaztelaniaz) «Krutzia (787 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-08-26).
  18. (Gaztelaniaz) «Valletes, Monte los (877 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-09-02).
  19. (Gaztelaniaz) «Urkiza (846 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-09-04).
  20. (Gaztelaniaz) «La Rasa (977 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-08-25).
  21. (Gaztelaniaz) «Jaunden (1035 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-09-04).
  22. (Gaztelaniaz) «Avellano (964 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-09-04).
  23. (Gaztelaniaz) «San Formerio (752 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-08-25).
  24. (Gaztelaniaz) «Cerro (901 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-08-25).
  25. (Gaztelaniaz) «Culebra, La (885 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-08-30).
  26. (Gaztelaniaz) «Cogolla, La (874 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2023-08-30).
  27. (Gaztelaniaz) «El Valle Perdido (I): Okina-Izartza» Diario de Noticias de Álava 2017-01-04 (Noiz kontsultatua: 2023-08-28).
  28. «Okina» Bernedoko Udala • Ayuntamiento de Bernedo (Noiz kontsultatua: 2023-08-28).
  29. (Gaztelaniaz) «Okina: el bello entorno natural del desfiladero del río Ayuda» Gasteiz Hoy 2021-07-24 (Noiz kontsultatua: 2023-08-28).
  30. «Urarte» Bernedoko Udala • Ayuntamiento de Bernedo (Noiz kontsultatua: 2023-08-28).
  31. «Markinez» Bernedoko Udala • Ayuntamiento de Bernedo (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
  32. (Gaztelaniaz) Datos recogidos del año medio en la estación BU102 - Condado de Treviño (Burgos) 2011-08-01ean kontsultatua
  33. (Gaztelaniaz) Sáenz de Buruaga, Andoni (2000), El Paleolítico Inferior y Medio en el País Vasco: síntesis de datos y algunas reflexiones. 2011/07/21ean kontsultatua
  34. (Gaztelaniaz) Baldeón, Amelia (1990), El Paleolítico Inferior y Medio en el País Vasco. Una aproximación en 1990..2011/07/21ean kontsultatua
  35. (Gaztelaniaz) Alday Ruiz, A. El campamento prehistórico de Mendandia: Ocupaciones mesolíticas y neolíticas entre el 8500 y el 6400 b.P (before present)
  36. (Gaztelaniaz) Alday, A. et al. (2008), El túmulo funerario Neolítico de San Quílez. San Martín Zar – Treviño: un dispositivo y unos ritos originales en el cuarto milenio a. C. 2011/07/22an kontsultatua
  37. (Gaztelaniaz) Gil, E. (1997) El poblamiento en el territorio alavés en época romana 2011/07/25ean kontsultatua
  38. (Gaztelaniaz) Azkarate, Agustin. Excavaciones arqueológicas en el exterior de los conjuntos rupestres de Las Gobas (Laño, Burgos). (Noiz kontsultatua: 2011/07/28).
  39. (Gaztelaniaz) Saenz de Urturi Rodriguez, Francisca. La Arqueología Histórica (Medieval) en Alava en los últimos 25 años.. (Noiz kontsultatua: 2011/07/28).
  40. (Gaztelaniaz) La Reja de San Millán (1025). Toponimia alavesa del siglo XI. Celtiberia.net
  41. (Gaztelaniaz) Expertos del campus de Vitoria descubren que Trebiño es la villa 'navarra' más antigua en Álava
  42. SAGREDO, Iñaki. Navarra. Castillos que defendieron el Reino. Tomo III. Lehenengo argitaraldia. Iruñea: Pamiela, 2007. 125. orr. ISBN 978-84-7681-536-6
  43. (Gaztelaniaz) Burgueño, Jesús. (1995). «Euskadi, Navarra y La Rioja en la reodenación provincial del Estado (1800-1850)» Lurralde 18: 85-111. (Noiz kontsultatua: 2011/08/01).
  44. (Gaztelaniaz) Quirós Castillo, Juan Antonio. (2008). Informe de la primera campaña de excavación del castillo de Treviño. (Noiz kontsultatua: 2011/08/02).
  45. (Gaztelaniaz) Ahaztuak en Trebiñu: recuperando la verdad. (Noiz kontsultatua: 2011/09/01).
  46. a b Eusko Jaurlaritza (2007), 10. orr. Trebiñuko enklabeari buruzko azterketa soziolinguistikoa 2011/07/30ean kontsultatua
  47. (Gaztelaniaz) INE. 1999ko nekazaritza zentsua.. (Noiz kontsultatua: 2011/07/28).
  48. a b c Eusko Jaurlaritza (2007), Trebiñuko enklabeari buruzko azterketa soziolinguistikoa 2011/07/30ean kontsultatua
  49. a b c d e f g h i j k l m n Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordea. (2002-07-04). Barrendegien izendegiak. Gasteiz, 87 or. (Noiz kontsultatua: 2023-11-12).
  50. a b c (Gaztelaniaz) «La Reja de San Millán (1025). Toponimia alavesa del siglo XI.» Celtiberia (Noiz kontsultatua: 2023-11-13).
  51. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x y z aa ab ac ad (Gaztelaniaz) López de Guereñu Galarraga, G.. Toponimia alavesa seguido de Mortuorios y despoblados y Pueblos alaveses. (Noiz kontsultatua: 2023-11-10).
  52. Lekuona Etxabeguren, M.. Idaz-lan guztiak: 7. Kondaira (E). , 28 or. (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  53. a b «Arceña» Auñamendi Eusko Ikaskuntza (Noiz kontsultatua: 2023-11-12).
  54. «Atazabal» Aunamendi Eusko Ikaskuntza (Noiz kontsultatua: 2023-11-12).
  55. a b «Berguisona» Auñamendi Eusko Ikaskuntza (Noiz kontsultatua: 2023-11-12).
  56. (Gaztelaniaz) «Caricedo» Auñamendi Eusko Ikaskuntza (Noiz kontsultatua: 2023-11-13).
  57. a b (Gaztelaniaz) «Dos alcaldes parientes pero 'enemigos'» El País 1997-01-07 ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-08-12).
  58. a b c (Gaztelaniaz) «El alcalde y los ediles populares de Treviño materializan su dimisión 49 días después» El País 1998-05-26 ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2023-08-22).
  59. a b c d (Gaztelaniaz) «El alcalde de Treviño dimite» La Vanguardia 2016-12-16 (Noiz kontsultatua: 2020-03-26).
  60. a b (Gaztelaniaz) «Los alcaldes de Treviño critican el "total desamparo" en que vive el enclave» El País 1998-08-20 ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2023-08-22).
  61. a b (Gaztelaniaz) «Los cuatro candidatos del PP en el Condado de Treviño renuncian a tomar posesión de sus cargos» El Mundo 1999-02-02 (Noiz kontsultatua: 2023-08-22).
  62. a b (Gaztelaniaz) «Treviño entra en una nueva etapa con dos alcaldes independientes» El País 1999-07-03 ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
  63. a b (Gaztelaniaz) «Treviño- Álava-Alcaldes» EFE Servicios 1999-11-28 (Noiz kontsultatua: 2020-08-17).
  64. a b c d (Gaztelaniaz) «Muere Juan Carlos Aguillo, agricultor y exalcalde de Treviño» Diario de Noticias de Álava 2023-06-04 (Noiz kontsultatua: 2023-08-20).
  65. a b (Gaztelaniaz) «Treviño se niega a anular tres convenios firmados con Álava» El País 2002-03-08 ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
  66. a b «Trebiñuko alkateak ez daude etsitzeko prest» Berria 2003-07-26 (Noiz kontsultatua: 2020-08-17).
  67. a b (Gaztelaniaz) «Una burgalesa en el corazón de Álava» Público 2011-05-07 (Noiz kontsultatua: 2020-03-24).
  68. (Gaztelaniaz) «Acude exige la Alcaldía para pactar con el PP en Condado de Treviño» El Correo de Burgos 2011-05-24 (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
  69. (Gaztelaniaz) «Ranedo confía en alcanzar un pacto de gobierno con ACUDE» El Norte de Castilla 2011-05-23 (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
  70. a b «Alkatea aldatuko dute Trebiñun, independenteek eta Bilduk bat eginda» Berria 2012-12-01 (Noiz kontsultatua: 2020-03-23).
  71. a b c d e (Gaztelaniaz) «Ignacio Portillo, nuevo alcalde de Treviño: “Se inicia hoy la cuenta atrás para la integración en Álava”.» El Correo de Burgos 2012-12-14 (Noiz kontsultatua: 2023-08-20).
  72. a b (Gaztelaniaz) «Una moción de censura acerca Trebiñu a Araba tras pasar más de cinco años en manos del PP» Naiz 2012-12-13 (Noiz kontsultatua: 2020-03-23).
  73. a b «Trebiñu Arabara batzeko prozesua hasiko du alkate berriak» EITB 2012-12-14 (Noiz kontsultatua: 2020-03-23).
  74. a b (Gaztelaniaz) «El nuevo alcalde de Treviño asegura que 'ha comenzado la cuenta atrás' para anexionarse a Álava» RTVCYL 2012-12-14 (Noiz kontsultatua: 2022-09-10).
  75. (Gaztelaniaz) «Treviño quiere ser vasco» Público 2013-03-08 (Noiz kontsultatua: 2020-03-23).
  76. «Trebiñuk eta Argantzunek Araban sartzea onetsi dute» Berria 2013-03-09 (Noiz kontsultatua: 2023-08-23).
  77. «Trebiñuk Arabarekin bat egin dezala eskatuko dio Eusko Legebiltzarrak Espainiako Kongresuari» Berria 2014-02-06 (Noiz kontsultatua: 2020-03-23).
  78. «PPko bi zinegotzik dimisioa aurkeztu dute Trebiñun» Berria 2014-12-28 (Noiz kontsultatua: 2020-03-23).
  79. (Gaztelaniaz) «Dimiten dos concejales del Partido Popular en Treviño» El Correo de Burgos 2014-12-28 (Noiz kontsultatua: 2023-08-20).
  80. (Gaztelaniaz) «Condado de Treviño y Castilla y León, una relación entre dos aguas» Diario de Burgos 2015-05-17 (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
  81. a b (Gaztelaniaz) «Siete partidos lucharán por la Alcaldía en Condado de Treviño, uno más que en 2011» Diario de Burgos 2015-04-22 (Noiz kontsultatua: 2020-03-24).
  82. (Gaztelaniaz) «El empate de PP, CDC y AEICT denota la atomización de Treviño» El Correo de Burgos 2015-05-26 (Noiz kontsultatua: 2023-08-20).
  83. a b (Gaztelaniaz) «Treviño se queda sin alcalde hasta principios de año» El Correo de Burgos 2016-12-17 (Noiz kontsultatua: 2023-08-20).
  84. a b ««Konpromiso faltari», planto» Berria 2017-01-07 (Noiz kontsultatua: 2020-03-23).
  85. a b (Gaztelaniaz) «Eligen a Elena Ramírez nueva alcaldesa de Condado de Treviño» El Correo de Burgos 2016-12-30 (Noiz kontsultatua: 2023-08-20).
  86. a b (Gaztelaniaz) «El ‘voto vasco’ arrasa en las urnas del Condado de Treviño» El Correo de Burgos 2019-06-02 (Noiz kontsultatua: 2023-08-23).
  87. (Gaztelaniaz) «EH Bildu y PNV vuelven a presentarse en Treviño y La Puebla» Diario de Burgos 2019-04-24 (Noiz kontsultatua: 2020-03-26).
  88. a b (Gaztelaniaz) «Bildu logra la Alcaldía de La Puebla y el PNV la de Treviño» Diario de Burgos 2019-06-15 (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  89. a b (Gaztelaniaz) «Alcaldías en Álava: Labastida, Zigoitia y Laguardia para el PNV, Samaniego para EH Bildu» Gasteiz Hoy 2019-06-15 (Noiz kontsultatua: 2020-03-14).
  90. a b c d e f g h i j k l m n o «Base de datos de Alcaldes y Concejales:: Ministerio de Política Territorial y Función Pública ::» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2020-03-22).
  91. a b c (Gaztelaniaz) González de Viñaspre, Roberto. (1999). Trebiño: Claves para un contencioso inacabado.. Txalaparta ISBN 978-84-8136-129-2. (Noiz kontsultatua: 2023-08-23).
  92. «CONDADO DE TREVIÑO» Auñamendi Eusko Ikaskuntza (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
  93. (Gaztelaniaz) «Enrique Barbadillo, del PNV, anuncia su dimisión como alcalde de Treviño» El Correo 2022-06-06 (Noiz kontsultatua: 2022-07-02).
  94. (Gaztelaniaz) «Relevo en la Alcaldía de Condado de Treviño» Diario de Noticias de Álava 2022-06-07 (Noiz kontsultatua: 2022-07-02).
  95. (Gaztelaniaz) «El alcalde de Treviño retrasa su dimisión» El Correo 2022-06-21 (Noiz kontsultatua: 2022-07-02).
  96. (Gaztelaniaz) «Dimite el alcalde de Treviño» El Correo 2022-07-01 (Noiz kontsultatua: 2022-07-02).
  97. (Gaztelaniaz) «El PNV pierde la alcaldía de Condado de Treviño» Crónica Vasca 2022-07-15 (Noiz kontsultatua: 2022-08-06).
  98. (Gaztelaniaz) «El PNV pierde la simbólica alcaldía de Condado de Treviño de manos de una agrupación independiente» El Diario 2022-07-15 (Noiz kontsultatua: 2022-08-06).
  99. «Adolfo Estavillo independenteak ordezkatu du Trebiñuko EAJko alkatea - Trebiñu» Alea 2022-07-19 (Noiz kontsultatua: 2023-06-08).
  100. (Gaztelaniaz) «El PNV arrebata La Puebla de Arganzón a EH Bildu pero pierden Condado de Treviño» Gasteiz Hoy 2023-05-28 (Noiz kontsultatua: 2023-09-22).
  101. «Eskuz aldatu dira alkatetzak, baina Trebiñuk Araba izan nahi du - Trebiñu» Alea 2023-05-29 (Noiz kontsultatua: 2023-08-20).
  102. (Gaztelaniaz) «Las candidaturas ciudadanas y el nacionalismo vasco arrasan en Treviño» El Correo de Burgos 2023-05-29 (Noiz kontsultatua: 2023-08-20).
  103. (Gaztelaniaz) «Estavillo repite como alcalde del Condado de Treviño gracias al apoyo del PP» El Correo 2023-06-17 (Noiz kontsultatua: 2023-08-23).
  104. (Gaztelaniaz) «Todos los alcaldes y alcaldesas de Álava, pueblo a pueblo» Diario de Noticias de Álava 2023-06-18 (Noiz kontsultatua: 2023-09-22).
  105. Eusko Jaurlaritza (2012), Trebiñuko enklabeari buruzko azterketa soziolinguistikoa 2020/03/23ean kontsultatua

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa