Beaumontarrak[1] Beaumont Nafarroako Erresumako antzinako leinuaren jarraitzaileak izan ziren; Nafarroa Beherean, lüküzetar deitu zitzaien, Lüküzeko jauna izan baitzen haien buruzagia.[2] Agaramontarren etsaiak, Vianako printzearen alde jarri ziren Nafarroako Gerra Zibilean (1451-1464), eta Fernando II.a Aragoikoaren alde Nafarroako konkistan (1512-1521).

Beaumont etxearen armarria.

Historia

aldatu

Agaramontarren eta beaumontarren arteko gatazkak Nafarroa Beherean hasi ziren XIV. mende an, Lüküze eta Agaramont familiak etsai bihurtu zirelarik. 1384. urtean, Donibane Garaziko elizan elkartu zituen Karlos III.a Nafarroakoak bi etxeetako buruzagiak, eta bake iraunkorra hitzeman zioten elkarri.[3] Baina gerra giroa Zuberoara igaro zen eta, geroago, Nafarroa Garaira.

1425ean, Karlos III.a erregea hil zenean, erregetzarako gutizia nahasi zen bi alderdien arteko gatazkan. Karlos erregearen alaba eta Aragoiko Joan II.a erregearen emazte Zuriaren esku geratu zen koroa. Zuria erregina 1441ean hil zen, Vianako printzea, bere semea, ondorengotzat utzi ondoren. 1439ko testamentuan, hala ere, Vianako printzea adin nagusiko izan artean Joan II.a Aragoikoa erregeorde izan zedin gomendatu zuen Zuria erreginak.

Horiek horrela, 1451. urtean gerra zibila hasi zen; Beaumont eta Lüküze etxeek bat egin zuten Vianako printzea legezko erregegaiaren alde, eta ordura arteko lüküzetarrek beaumontar izena hartu zuten. Joan Aragoikoaren alde jarri ziren, bestalde, Agaramont, Peralta eta Nafarroako etxeak. Kanpoko indarrek ere esku hartu zuten gerran, Gaztelako Koroak Vianako printzearen alde, eta Aragoikoak Joanen alde. Bestalde, ganboatarrak agaramontarren aliatuak izan ziren, eta oinaztarrak beaumontarrenak. 1451n, agaramontarrek beaumontarrak garaitu eta Vianako printzea atxilo hartu zuten Oibarren. Beaumontarrak kataluniarren alde borrokatu ziren Aragoiko erregearen aurka, eta agramontarrek Aragoiko erregeari lagundu zioten (1460).

Printzea 1462an hil bazen ere, pozoitua dirudienez, gerra ez zen amaitu. 1471. urtean, Leonor erreginagaiaren aurka altxatu ziren beaumontarrak, eta Nafarroa bi alderditan banatu zen aurrerantzean. 1479an hila zen Joan erregearen semeak, Fernando Aragoiko erregeak, gerra zibil haiek ekar ziezaioketen onurez konturatuta, sua kitzikatu baizik ez zuen egin. Era horretan, Nafarroa, ahuldurik eta gidaririk gabe, Gaztela-Aragoiko Koroaren esku geratu zen 1512an, Nafarroa Beherea izan ezik. Beaumontarren laguntzak biziki erraztu zuen okupazioa; agaramontarrek, berriz, errepresioa jasan zuten. 1513ko martxoan, Nafarroako erregeordeak, Fernando Aragoikoaren izenean, Nafarroako Gorteen aitzinean foruen zina egin zuenean, beaumontarrak baino ez ziren bertaratu.[4]

Nafarroako Koroa Donibane Garazin kokaturik, agaramontarren eta lüküzetarren arteko gatazkak XVI. mendean zehar luzatu ziren. Erlijio Gerretan, Joana Albret erregina kalbinistaren sustengatzailea izan zen Antonio Agaramont, eta haren aurkako alderdi katolikoaren buruzagia Karlos Lüküzekoa.[3]

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia: Hiztegi Batua.
  2. Estornés Zubizarreta, Idoia. Beamonteses. Auñamendi Entziklopedia [on line],aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-2-17).
  3. a b Estornés Zubizarreta, Idoia. Agramonteses y Beamonteses. Auñamendi Entziklopedia [on line],aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-2-17).
  4. Martínez Gárate, Luis María. Las cortes de 1513. nabarralde.eus (Noiz kontsultatua: 2020-2-17).

Bibliografia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu