Artikulu hau ekosistemari buruzkoa da; ontziari buruzkoa beste hau da: «Edalontzi».

Basoa zuhaitzez betetako lur eremua da[1], non beste hainbat zuhaixka, landare eta bestelako izaki bizidunak bizi ahal diren. Landare-komunitate horiek Lurreko eremu handiak estaltzen dituzte, eta funtzio ugari betetzen: animalientzako habitata, fluxu hidrologikoen modulatzailea, lurzoruaren kontserbatzailea eta abar. Horregatik, Lurraren biosferaren osagai nagusietakoa da eta 4 mila milioi hektarea hartzen zuten 2006ean mundu osoan, gutxi gorabehera lur lehorraren %30[2].

Iratiko oihana: Euskal Herriko baso handiena (hostozabalen baso misto epela).
Koniferoen baso bat suitzar Alpeetan.

Basoak munduko eskualde gehienetan aurki daitezke, baldin-eta zuhaitzak hazi badaitezke, baso-mugaraino, salbu-eta sute naturalaren maiztasuna handiegia bada edo inguramena kaltetua badago prozesu naturalengatik edo giza jarduerengatik. Basoek, batzuetan, zuhaitz-espezie asko izaten dituzte eremu txiki baten barruan (oihan tropikalean edo hostozabalen baso epelean kasu) edo espezie gutxi inguru handietan (adibidez, taigan).

Basoa animalia eta landare-espezie askoren bizileku eta Lurreko ekosistema nagusia da[3]. Basoak Lurreko biosferaren ekoizpen primario gordinaren %75 dira, eta Lurreko landare-biomasaren %80 dute. Ekoizpen primario garbia urteko 21,9 gigatonatan kalkulatzen da baso tropikaletan, 8,1 baso epeletan eta 2,6 baso borealetan[3].

Gizarteak eta basoek elkarri eragiten diote, modu positiboan zein negatiboan. Basoek zerbitzu ekosistemikoak eskaintzen dizkiete gizakiei, eta hauen osasunean ere eragin dezakete. Giza jarduerek, baso-baliabideen erabilera jasanezina barne, eragin negatiboa izan dezakete baso-ekosistemetan, deforestazioa eragiteraino.

Hitza aldatu

Euskaraz, "baso" eta "oihan" hitzen esanahiak zenbait kasuetan nahastu edo ondo zehaztu gabe agertzen dira. Gainera bien arteko ezberdintasunak aldatzen dira euskalki batetik bestera zein eskualdez eskualde. Antza, garai batean, oihanak edo ohiarrak basoaren esanahia zuten euskararen zabalpen eremu guztian, toponimoen ugaritasunak agerian uzten dutenez.

Egun "baso" hitza batez ere mendebaldeko euskalkietan erabiltzen da, eta "oihan" ordea ekialdekoetan, nahiz eta bigarrena Euskal Herriko idazle guztiek erruz erabili aspalditik[4]. Euskara batuan, oihan hitzak adiera bereizgarria hartu du, baso guztiz handia eta basatia adierazteko[5]. Horrela, klima epeletako zein tropikaleko baso handiak izendatzeko erabiltzen da, hala nola Iratiko oihana, Oihan Beltza (Alemanian) eta Amazoniako oihana (Hego Amerikan).

Baso- osagaia ‘basoa’renak adierazteko, eta hau ere, salbuespenak kenduta, loturik: basoilar, basoilo, basolan, basomutil, basozain... Basa- osagaia ‘basati’ esanahiarekin erabiltzen da hitz-elkarketan[6].

Espeziaren arabera zuhaizti eta basoak izendatzeko, -di atzizkia erabiltzen da, adibidez harizti, pagadi, pinudi eta urkidi.

Motak aldatu

Basoak hainbat modutan sailka daitezke, hainbat espezifikotasun-mailarekin. Modu horietako bat biomaren araberakoa da, espezie ugarienen hostoen bizitza-luzerarekin konbinatuta (hostogalkorrak ala hostoiraunkorrak izan). Beste sailkapen bat da basoak nagusiki zuhaitz hostozabalek, koniferoek edo mistoek osatzen dituzten.

Landarediaren arabera aldatu

Sailkapen bat basoen osaera nagusiaren arabera ezartzen da, hosto motaren arabera: hostozabalak, koniferoak edo biak.

  • Hostozabalen basoa, angiospermoak nagusi dira eta koniferoena baino bioaniztasun handiagoa dute.
  • Koniferoen basoa, gimnospermoak nagusi diren basoak dira.
  • Baso mistoa, non bi zuhaitz moten arteko oreka dagoen.

Klimaren arabera aldatu

 
Baso moten kokapena klimaren arabera, 2020[7]

Giza eraginaren arabera aldatu

 
Baso-paisaia ukigabeak (berdez) eta ukigabeak ez diren basoak (horiz)[8].

Basoen historiaren eta eraldaketa-mailaren ikuspegitik, basoak honela sailka daitezke:

  • Baso primarioak: gizakiaren esku-hartzerik jasan ez dutenak, bioaniztasunaren jatorrizko patroiak baino ez dituztenak.
  • Baso antropogenikoak: gizakiek eragindakoak edo sortutakoak, basoaren patroietan eraldaketa handiak eragiteko moduko maiztasun edo intentsitatearekin. Maiz, baso mota horietan espezie exotikoak daude.
    • Baso sekundarioak: lehen mozketa partzial edo oso baten ondoren birsortu direnak.
    • Baso artifizialak edo landaketak: gizakiak edozein helburutarako landatu dituenak.

Biomaren arabera aldatu

WWF erakundeak 8 baso mota bereizten ditu beste bioma moten artean:

Ekosistema aldatu

Baso-ekosistema bat baso eremu bat da, bertako landare, animalia eta mikroorganismo guztiek (faktore biotikoek) osatua, inguruko osagai bizigabeekin batera (faktore abiotikoak) lan egiten dutena.

Baso-ekosistemak, zuhaitzak garatzeko gai diren eskualde guztietan aurki daitezke, baso-mugaraino iristen diren altitudeetan, suteen edo bestelako perturbazioen maiztasun naturala handiegia denean izan ezik, edo giza jarduerak ingurumena aldatu duenean izan ezik.

Ekuatoretik 10°I eta 10°H latitudeen arteko eskualdeak oihan tropikalez estalita daude gehienbat, eta 53°I eta 67°I arteko latitudeek baso boreala dute. Oro har, angiospermoak nagusi diren basoak espezie gehiago dituzte gimnospermoak nagusi direnak baino: zuhaitz-espezie asko izaten dituzte eremu txiki baten barruan (oihan tropikal eta hostozabalen baso epeletan bezala), edo espezie gutxi inguru zabaletan (adibidez, taiga eta konifero menditar idorren basoak). Basoek animalia eta landare espezie asko izan ohi dituzte, eta metro karratuko biomasa handia dute beste landare-ekosistema batzuekin alderatuta. Biomasa horren zati handi bat lurrazpian dago, sustraietan eta erdi-deskonposatutako orbelean. Basoetako zurezko osagaiek lignina dute, poliki-poliki deskonposatzen dena beste material organiko batzuekin alderatuta, zelulosa edo karbono hidratoak kasu.

Osagaiak aldatu

Baso batek osagai asko ditu, bi kategoriatan banatuak: osagai biotikoak (bizidunak) eta abiotikoak (ez bizidunak). Bizidunen artean daude zuhaitzak, zuhaixkak, igokariak, belarrak eta beste landare belarkara batzuk (ez zurkarak), goroldioak, algak, onddoak, intsektuak, ugaztunak, hegaztiak, narrastiak, anfibioak bai eta landare-animalietan eta lurzoruan bizi diren mikroorganismoak.

Geruzak aldatu

Baso bat geruza (edo estratu) ugariz osatuta dago. Baso mota guztietako geruza nagusiak bost dira: lurpeko-geruza, goroldio-geruza, belar-geruza, zuhaixka-geruza eta zuhaitz-geruza. Geruza bakoitzak landare eta animalia multzo ezberdina du, eguzki argiaren, hezetasunaren eta elikagaien eskuragarritasunaren arabera.

  • Zuhaitz-geruza[9]: 8m garai baino gehiagoko zuhaitzek osatua
  • Zuhaixka-geruza[9]: zuhaitz txikiek eta zuhaixkek osatua, goiko geruza 2 et 7m garai artean eta behekoa 0,3 et 2m artean.
  • Belar-geruza[9]: belar eta landare ez zurkarek osatua, 1m garai arte
  • Goroldio-geruza (edo kriptogamikoa): goroldio eta likenek osatua, milimetro gutxi batzuk
  • Lurpeko geruza (edo azpikriptogamikoa): lurrazpiko landare eta mikrofaunak osatua, batez ere 20cm lurpean

Beheko hiru edo lau geruzek batzuetan "oihanpe" izena hartzen dute[9].

Batzuetan, beste sailkapen batzuk ere erabiltzen dira, adibidez herrialde anglosaxoietan, non geruza horiek erabili beharrean hauek darabilten: zorua (forest floor), oihanpea (understory), adaburua (canopy) eta gainekoa (emergent layer).

Basoa eta gizakia aldatu

Basoek zerbitzu ekosistemikoak eskaintzen dizkiete gizakiei, horien artean:

  • karbono dioxidoa oxigeno eta biomasa bilakatzea. Zuhaitz heldu batek 100 kg oxigeno ekoizten du urtean[10].
  • karbono putzu izatea. Horrela, beharrezkoak dira klima aldaketa leuntzeko. Adibidez, industriaurreko mailatik 1,5 °C baino gorago berotzea sahiesteko, beharrezkoa litzateke 10 milioi km2 (Kanadaren azalera) baso berri ladatzea 2050 baino lehen[11].
  • klima doitzen laguntzea. Adibidez, basoek euria eginarazten dute eta, moztuz gero, lehortea sorrarazi.
  • ura araztea.
  • hondamendi naturalak leuntzea, hala nola uholde eta luiziak.
  • gordailu genetikoa izatea.
  • zura ekoiztea eta aisia-gunea izatea.
  • sutarako egurra eta janaria ekoiztea.

Basoen ustiapena eta kudeaketa basogintza da.

Oro har, gizakiek baso kopurua murriztu dute mundu osoan. Basoei eragin diezaieketen faktore antropogenikoen artean daude egur-mozketa, hiri-barreiatzea, gizakiak eragindako baso-suteak, euri azidoa, espezie inbaditzaileak, nekazaritza ibiltaria eta erretura-nekazaritza. Basoen mozte-birlandatzeak bi baso mota bereiztea eragiten du: baso primarioak eta baso sekundarioak. Era berean, faktore natural askok aldaketak eragin ditzakete basoetan denborarekin, besteak beste, baso-suteek, intsektuek, gaixotasunek, klimak, espezieen arteko lehiak eta abarrek. 1997an munduko jatorrizko basoen %20 bakarrik jarraitzen zuen ukitu gabeko baso-eremu handietan[12]. Baso horien %75 baino gehiago hiru herrialdetan daude: Errusia eta Kanada (baso boreala) eta Brasil (oihan tropikala).

Basogabetzea aldatu

 
Oihana erretzen landa-lurrak lortzeko Mexiko hegoaldean.
Sakontzeko, irakurri: «Basogabetze»

Basogabetzea edo deforestazioa gizakiaren jarduerak eragindako baso eremuen soiltzea da. Munduko baso eremua 17 milioi hektareatan (Ingalaterra, Gales, eta Ipar Irlanda, denak batera baino eremu handiagoa) murrizten da urtean. 1980 eta 1990 bitartean Asian eta Pazifikoan % 1,2 murrizten zen urtero baso eremua, Latinoamerikan % 0,8, eta Afrikan % 0,7. Europan eta Ipar Ameriketan, baso eremuak ez du, oro har, gorabehera handirik aspaldian.

Ez dira nahastu behar basogabetzea (deforestazioa) eta basoaren degradazioa; azken horrek basoaren kalitate mailaren murrizketa adierazten du. Bi prozesuek baina elkarrekin zerikusia dute eta zenbait arazo ekartzen dituzte. Lurra higatu eta geruza freatikoen egonkortasuna galaraz dezakete, eta uholdeak edo lehorteak gertatzea erraztu, eta bioaniztasuna murrizten dute (habitat, landare mota eta tipo genetikoen aniztasuna). Herri askotako kultura eta jakintza basoarekin harremanetan sortu eta bilakatu da, eta basoarekin batera ari dira galtzen. Munduan 200-500 bat milioi pertsonak basotik eskuratzen dute janaria, berogarria eta erregaia, eta baso galerak bizimodua aldatzera behartuko ditu. Baso galerak eta degradazioak, bestalde, desorekak eragin ditzake eskualde jakin bateko edo munduko kliman. Basoak, gainera, garrantzi handikoak dira karbonoa metatzen dutelako. Baso eremua murriztuz gero, karbono dioxido gehiegi izango zen eguratsean, eta Lur osoaren berotzea eragingo luke. Beroketaren ondorioak oso larriak izango lirateke. Gaur egun baso galera arazo handitzat daukate gobernuek, baina lehen nazioaren aurrerabidea azkartzen zuela uste zuten. Lurreko eskualde epeletako nekazaritza, basoa suntsitu eta lurraren emankortasuna baliatuz azkartu da.

Ingalaterrako baso eremu handienak 1350ean galdu ziren. Europako gainerako herrialdeetan eta Ipar Ameriketan, XVIII eta XIX. mendeetan gertatu zen baso galera handiena, lur sailak zabaldu eta landu beharrez, industria hiriak elikagaiz, erregaiz eta eraikuntzarako materialez hornitzeko. 1900ean, Britainia Handian, baso eremua lurralde eremu osoaren % 5 besterik ez zen, eta gaur egun % 10 da. Baso galeraren prozesuak suntsitzaileagoak dira tropikoetan. Tropikoetako basoetako lurrak, oro har, eskualde epeletakoak baino askoz meheagoak dira, ez hain emankorrak, eta errazago higatzen dira, lixibiazioz. Kolonizazio garaiko politikak, «baso oparoa, lur emankorrak» okerreko ustean oinarrituta, produktu komertzialak lantzeko soildu zituen basoak, eta horren ondorioz, leku askotan, lurra ahitua dago. Tropikoetako baso galera 1950 ingurutik aurrera azkartu zen batez ere, makina astunen laguntzarekin.

Basoak munduan aldatu

Baso gehien duten 10 herrialdeek mundu osoko %67 baso azalera dute. Errusiak bakarrik munduko %20 du[13].

Sailkapena Herrialdea Azalera - Baso eremua (milaka hektarea) Herrialdearen ehunekoa Munduko baso eremuaren ehunekoa
1   Errusia 814.931 50 20
2   Brasil 493.538 59 12
3   Kanada 347.069 38 9
4   AEB 310.095 34 8
5   Txina 208.321 22 5
6   Kongoko Errepublika Demokratikoa 152.578 67 4
7   Australia 124.751 16 3
8   Indonesia 91.010 53 2
9   Peru 73.973 58 2
10   India 70.682 24 2
  Guztira 2.686.948   67
Iturria: 2015 - FAO

Euskal Herrian aldatu

 
Iratiko oihana Koixtako igoeratik

Euskal Herriko basorik handiena Iratiko oihana da, Europako pagadi-izeidi handienetan bigarrena (Alemaniako Oihan Beltza baizik ez da handiagoa).[14] Guztira 17.000 bat hektarea ditu,[14] Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Nafarroa Garaian. Iratiko oihanaren eremu bat, Lizardoia izenekoa, Aztaparretarekin batera, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen 2017an[15][16], Europako beste pagadi batzuekin batera.

Gainerakoan, hostoerorkorren basoak bereziki eremu hauetan daude: Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldean, Sakanatik Aezkoaraino; Arabako ekialdean —Mendialdea eskualdean— eta ipar-mendebaldean —Aiaraldean eta Añanako kuadrillaren iparraldean—; Zuberoa osoan; Nafarroa Beherea osoan; eta, Gipuzkoan, Urola Erdian eta Goierrin (Aralar inguruan).

Bizkaian ez dago berezko baso askorik, hostoiraunkorren landaketak baitira nagusi ia probintzia osoan (% 66), pinudiak batez ere; Enkarterriko inguru batzuk eta Durangaldean Urkiolako natur parkea dira salbuespen nagusiak, han badagoelako basoa. Gipuzkoan ere konifero landaketak dira nagusi (% 56), baina Araban % 28 baino ez dira.

Erreferentziak aldatu

  1. Baso hitza Euskaltzaindiaren hiztegian
  2. (Ingelesez) Forest definition and extent. Nazio Batuen Ingurumen Programa (UNEP) 2010-01-27 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2010-07-26) (Noiz kontsultatua: 2014-11-16).
  3. a b Pan, Yude. (2013). Annu. Rev. Ecol. Evol. Syst.: 593–62.  doi:10.1146/annurev-ecolsys-110512-135914..
  4. Oihan sarrera Euskaltzaindiaren Orotariko Hiztegian
  5. Oihan sarrera Euskaltzaindiaren Hiztegian
  6. basa-/baso Euskaltzaindiaren "Euskara Batuaren Eskuliburua".
  7. Global Forest Resources Assessment 2020 – Key findings. FAO  doi:10.4060/ca8753en. ISBN 978-92-5-132581-0..
  8. Potapov P., Yaroshenko A., Turubanova S., Dubinin M., Laestadius L., Thies C., Aksenov D., Egorov A., Yesipova Y., Glushkov I., Karpachevskiy M., Kostikova A., Manisha A., Tsybikova E., Zhuravleva I. (2008) [Mapping the World’s Intact Forest Landscapes by Remote Sensing]. Ecology and Society 13 (2):51
  9. a b c d Gure Basoak - Glosarioa. (Noiz kontsultatua: 27-09-2020).
  10. (Ingelesez) Luis Villazon. How many trees does it take to produce oxygen for one person?. Science Focus (Noiz kontsultatua: 2019-08-12).
  11. (Ingelesez) GLOBAL WARMING OF 1.5 °C an IPCC special report on the impacts of global warming of 1.5 °C above pre-industrial levels and related global greenhouse gas emission pathways, in the context of strengthening the global response to the threat of climate change, sustainable development, and efforts to eradicate poverty Summary for Policymakers. Intergovernmental Panel on Climate Change 2018-10-6, 22 or. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
  12. World Resources Institute (1997). The Last Frontier Forests: Ecosystems and Economies on the Edge
  13. (Gaztelaniaz) FAO. (2016). (PDF) Evaluación de los recursos forestales mundiales 2015. ¿Cómo están cambiando los bosques del mundo?. , 54 or. ISBN 978-92-5-309283-3. (Noiz kontsultatua: 2017-01-09).
  14. a b «Iratiko Oihana» Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuaren webgunea (Noiz kontsultatua: 2018-02-01).
  15. Tubia, Iker. (2017-09-13). «Bi tanta baso zabalean» Berria CC BY-SA 4.0 lizentziapean.
  16. (Frantsesez) Forêts primaires et anciennes de hêtres des Carpates et d’autres régions d’Europe Unescoren fitxa

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu