Burdinola edo ola burdin-minerala lantzeko eta burdina ekoizteko antzinako lantegia da.[1] Euskal Herriko historian garrantzi handiko jarduera izan zen, bereziki XIV. mendetik XVIII. mendera. Horren lekuko dira euskal mitologian burdingintzari buruzko testigantza ugariak. XVIII. mendetik aurrera, ordea, Industria Iraultzarekin batera, burdinolen gainbehera hasi zen, eta labe garaien sorrerak eman zien azken kolpea.

Burdinola batean lanean.

Burdina purua nola lortuAldatu

Burdina naturan oso ugaria den arren, gehienbat oxido eran (burdin mea) aurkitzen da; horregatik, burdinoletan erredukzio-erreakzio bat erabili behar izaten zen burdina purua oxigenotik eta gainerako elementuetatik banatzeko. Erreakzio horretan erreduktorea karbono monoxidoa (CO) zen, eta hauspoek emandako airearekin ikatza berotuz lortzen zen.[2]

Kimikaren aldetik ez da prozesu sinplea. Ikatzaren karbonoak aireko oxigeno-molekulekin (O2) erreakzionatzean karbono dioxidoa (CO2) sortzen da. Erreakzio hau oso exotermikoa da, hau da, bero asko askatzen du. Karbono dioxidoak karbonoarekin erreakzionatzen du eta karbono monoxidoa lortzen da. Karbono monoxidoak erreduktore bezala jokatzen du: burdin oxidoak erreduzitu eta burdina purua ematen du.[2]

Burdinoletan erabiltzen zen burdin mea hematitea (Fe2O3) zen gehienbat. Baina zaila da hematitea guztiz erreduzitzea; horregatik, magnetitaren (3O4) eta wüstitaren (FeO) arrastoak agertzen dira gainerako ezpurutasunekin batera. Burdin oxido horiek metal purua lortzeko tarteko erreakzioetako produktuak direlako agertzen dira.[2]

Olagizonek birrindu egiten zuten burdin mea labean sartu aurretik; hala, erreakzio-azalera handitzen zuten eta karbono monoxidoa errazago iristen zen oxidora. Ondoren, egur-ikatza eta birrindutako mea labean sartzen ziren nahasian. Erreakzio-andana hori gertatzeko, ezinbestekoa zen labean tenperatura altuak lortzea. 1.400 °C ingururaino berotzen zuten labea, burdinaren urtze-puntutik (1.538 °C) gertu, eta bospasei orduz tenperatura horretan mantentzen zen. Horretarako, etengabe ikatza gehitu behar izaten zuten. Horregatik, ikatzaren hornikuntzan arazoak izanez gero, lan egiteari utzi behar izaten zion burdinola askok.[2]

1.100 °C-tik gora burdina ez beste konposatu guztiak urtu egiten dira. Hortaz baliatzeko, zeharzuloa zuten labeek, urtutako ezpurutasunak labetik kanpora ateratzeko. Hala azalduta burdina eta ezpurutasunak banatzeak erraza dirudi, baina, tamalez, labeko tenperatura ez zen homogeneoa izaten eta zenbait ezpurutasun (zepa) burdinari itsatsita geratzen ziren, agoa osatuz. Burdina purua zepatik askatzeko, agoa mailuaz kolpatzen zuten.[2]

Aurrekari historikoakAldatu

Metalgintzaren historian izugarrizko iraultza ekarri zuen burdinak, ordura arte ezagutzen zen metalik sendoena, brontzea, baino gogorragoa baitzen. Baina burdina erauzteko oso tenperatura altua behar denez, eta tenperatura hori luzaroan mantendu behar denez, teknologia oso aurreratua eskatzen zuen metalgintzaren alorrean. Burdina erabiltzeak zituen abantailak ikusirik, burdingintza erraz zabaldu zen. Eta Brontze Aroak Burdin Aroari egin zion leku.[2]

Burdin Aroaren sorrera Asia Txikian kokatzen da K. a. 1200 aldean. Hala ere, oraindik ez dago garbi non eta noiz erauzi zen burdina lehenengo aldiz. Badirudi burdina erauztea leku desberdinetan eta aldi berean lortu zutela, hala nola, Europan, Asia Txikian eta Txinan. Afrikan ere K. a. V. menderako burdina erauzteko gai ziren herri asko; horretarako, haizeola txikiak erabiltzen zituzten. Indian ere indar handia hartu zuen burdingintzak, eta Antzinateko burdin-ekoizle handienetako bat izan zen; horren adierazgarri, Delhin K. a. 400. urteko burdinazko zutabe bat dago.[2]

Burdin Aroa K. a. 600. urtetik aurrera garatu zen Euskal Herrian. Kultura hau, ziur asko, zelta edo indoeuropar jatorriko herriek ekarri zuten, hauetako asko Pirinio mendien mendebaletik sartu zirenean. Garai hartako indusketa arkeologikoetan, ohikoa da bai burdinazko objektuak, bai azpiproduktuak (mea zatiak, zepak) topatzea. Burdinaz egiten ziren, besteak beste, nekazaritzako lanabesak (igitaiak, golde-muturrak...), zura lantzeko trintxak eta gubiak, aiztoak, iltzeak eta armak (lantza-puntak).[3][4]

Lehen burdinolak: haizeolakAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Haizeola»
 
Haizeola baten irudikapena.

Lehenbiziko burdinolak haizeola izenekoak ziren.[oh 1] Mendietan egoten ziren, bertan baitzeuden burdin-mea eta egur ikatza egiteko beharrezkoa zen egurra. Labeak harrizkoak ziren, buztin hezearekin sendotuak,[5] eta lur azpikoak. Zaharrenak katilu-formakoak ziren, lurrean egindako barrunbeak; geroago, labe eboluzionatuagoak eta eraginkorragoak egin zituzten erromatarrek, kono-enbor formakoak.[6] Barne diametroa 40-70 zentimetro artekoa izan ohi zen.[7] Labearen bidez burdina erreduzitzen zuten; hau da, beroaren bitartez mineralak banatu eta burdina garbia ateratzeko erabiltzen zituzten labeak. Ez zuten galdatzen, garai hartan ez baitziren tenperatura altu horietara iristen. Ekoizten zuten totxoarekin gero errementariak objektuak egiten zituen.[8]

Euskal Herriko lurretan, K.a. V. mendetik XV. mendera arte funtzionatu zuten, zeharrolak (burdinola hidraulikoak) iritsi eta gero ere. Haiei buruzko dokumentu idatzirik ez badago ere, arrasto franko dago gure mendietan, zepategiak eta labeen paretak, batez ere. EHUko arkeologia talde bat 1999an hasi zen halako aztarnategi arkeologikoen inbentarioa egiten eta, 2018ra bitartean, 300 haizeola baino gehiago katalogatu zituen: 170 Bizkaian, 150 Gipuzkoan eta 25 Araban. Ipar Euskal Herrian, berriz, 74 atzeman dira Errobi eta Aldude ibarretan. Prospekzio horiei esker, Europan parekorik ez duen labe-mota bat deskribatu zuten: aho zabaleko ontzien itxurakoa da eta, gainerako labeak ez bezala, goiko aldetik sartu eta ateratzen da karga; hori da berezi egiten duena.[6][8]

Egur ikatzaren errekuntza egokia egiteko, airearen injekzioa modu ezberdinetan egiten zen (Erdi Aroko olagizonek hauspoak erabiltzen zituzten).[5] Etimologiagatik, pentsatu izan da haizeolak mendi gainetan jartzen zirela, eta haizeak egiten zuela hauspo lana. Baina EHUko ikerleek meteorologia datuak aztertu dituzte, eta ez dute harremanik aurkitu toki haizetsuen eta haizeolen kokapenaren artean.[8] Askotan mendi mazeletan egoten ziren, eta ezinbestekoa zuten ura (errekak edo iturburuak) hurbil izatea. Ura, besteak beste, minerala garbitzeko eta labe barneko buztin-geruza bustitzeko baliatzen zuten.[6]

Burdinola hidraulikoakAldatu

 
Bediako presa.

Erdi Aroan burdinola hidraulikoak garatu ziren, ibai eta erreketako uraren indarraz energia eskuratzen zutenak, alegia. Haizeolen ekoizpen txikiaren aldean (labekada bakoitzeko kilogramo bat inguru burdin), gurpil hidraulikoen eta hauspoen erabilpenak instalakuntzak eta ekoizpena handitzea ekarri zuen: XIV. mendean eraikitako ola batzuek 15 kg inguru atera zezaketen, eta burdinolen azken garaian burdin totxo handiak (12-15 arroa bitartekoak) ateratzen ziren.[1]

Ekoizpena handitzearekin, baina, mea denbora gehiago egoten zen ikatzaren eraginpean; horrek, hauspoen bidez sartutako haizearekin batera, burdinaren zati bat urtzea eta karbonoz asetzea ekartzen zuen, forjatu ezinezko arrabio bihurtuz. Horrela, arrabioa burdinolen hondakintzat hartu zen Europan, harik eta XIV. mendean labe garaietan prozesatzen hasi arte.[9] Pirinioetan, ordea, XIX. mendera arte iraun zuen mearen erredukzio prozesu zuzenak, alegia, burdinoletako labe apal irekietan egiten zenak.[10]

Frantziar ikerlarien arabera, XII. mendetik aitzinera hedatu ziren burdinola hidraulikoak Europan zehar, Zistertar Ordenaren eskutik; haatik, Katalunian IX. eta X. mendeetako zenbait aipamen bildu dira, siderurgia gune batzuetan egiten zen uraren aprobetxamenduari buruzkoak. Horrezaz gain, 1990eko hamarkadan XI. mendeko burdinola hidrauliko baten geldinak atzeman ziren Fabregadan (Sant Esteve de la Sarga, Lleida).[10]

Euskal Herriari dagokionez, Antso VI.a Nafarroakoak 1290ean Segurari emandako hiri-gutuna da burdinola hidraulikoak (masuqueras) aipatzen dituen lehenbiziko agiria:[11]

« (…) E por / les faser mas bien e mas merçed, tengo por bien que las ferrerias que son en Legazpia masuqueras que estan en yermo que los fazen robos los malos omes e los robadores que / vengan mas cerca de la villa se Segura que las poblen porque sean mas abondadas e mas en salvo (…) »

1316ko agiri baten arabera, ordaindu beharreko zergaren zati bat barkatu zitzaien Doneztebe haraneko burdinolei, ur-eskasia (mengoa de agua) izan zutelako; beraz, orduko indar hidraulikoa erabiltzen zuten burdinolak zeuden Nafarroa Garaiko eskualde horretan ere.[12] Segurako beste agiri batek, 1335eko data duenak, hiru burdinola mota aipatzen ditu: masuqueras, de mazo de agua eta de omes; hidraulikoak lehenbiziko biak, eta ez hidraulikoa hirugarrena. Izan ere, haizeolak ez ziren berehala desagertu, eta XIV. mendean bederen erabili ziren:[11]

« (…) por razón e manera que avemos ferrerias masuqueras e otras de / maço de agua e de omes nos e otros en Necaburu e en Legazpia e en otros logares que labran la vena de Necabru e de Hayzpuru e de Çamora e de Otannu e de Barbaria (…) »

Lau aldi nagusi daude burdinola hidraulikoen garapenean:[11]

  • Lehenbiziko belaunaldiko burdinola hidraulikoak (XII-XIV. mende bitartekoak) kalitate oneko burdin meategien ondoan eraiki ziren, emari ertaineko erreka baten bazterrean. Zurezkoak izan ohi ziren, bai presa, bai eraikin gehienak. Era horretakoak ziren Bengola (Gerrikaitz, XIII. mendekoa), Meazuri (Irun, 1290-1410) eta Arditurriko (Oiartzun 1300-1430) olak. 10 kilogramo inguruko agoak erdiesten zituzten, 30 zentimetro diametroko barretan, eta han bertan ekoizten zituzten burdinazko erremintak.
  • XV. mendetik aurrera, erreka handien eta ibaien bazterretara lekualdatu zituzten burdinolak, ur-emari sendoagoen bila. Presa eta eraikinak harrizkoak ziren, eta bi gurpil izaten zituzten, hauspoei eragiteko bata (hauspo-gurpila), eta gabia higitzeko bestea. Tailerrean, bergamazo izeneko harrizko murru batek bereizten zuen labea hauspoetatik. Garai hartan hasi ziren bereizten burdinola nagusiak (masukerak), burdin mea erreduzituz totxoak produzitzen zituztenak, eta burdinola txikiak, lantegi nagusietatik zetozen totxoak tiratzen (luzatzen) eta lantzen zituztenak.[13] XIV-XVI. mendeetan, 220 burdinola inguru eraiki ziren Gipuzkoan, eta 400 baino gehiago Bizkaian.[11]
  • XVI. mendearen hasieran gabi txikia asmatu zenetik, are gehiago bereizi ziren burdinola nagusiak eta txikiak. Gabi txikiak erritmo handiagoan lan egiten zuen, ardatzean sei maisukari zituelako, gabi handiaren lauren ordez.[14] Era horretako gabi lasterren erabilpena hedatuz joan zen burdinola txikietan, bai burdin totxoak tiratzeko (mehartzeko), bai produktu landuak ekoizteko. Askotan burdinola txikia nagusiaren aldamenean egoten zen, baina beste batzuetan bereizirik zeuden.[15] Horrezaz gain, hauspoen ordez haizearka baliatzen hasi ziren burdinola txikietako labeetan haizea sartzeko.[11]
  • 1765 aurrera, burdinaren ekoizpena hobetzeko zenbait berrikuntza egin ziren Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eskutik. Esate baterako, oholezko hauspoak ezartzeko saiakerak egin zituzten, larruzkoak baino askoz merkeagoak baitziren. Garai bertsuan, burdinola txikietan ohikoa zen haizearka burdinola nagusi batzuetan erabiltzen hasi zen. Horri loturik, 1776an Gasteizen egindako batzar nagusian, hauxe erabaki zuen Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak: "mila errealeko sari bat ematea, ezagunak diren hauspo desberdin horietatik, larruzkoak ala zurezkoak ala haizearkak, hiruetatik zein den onena, kalkulu eta zehaztapen geometrikoz, esperientzian oinarriturik, zehaztasun guztiz adierazten duenari". Bestalde, labe bakan batzuetan, harrikatza erretzen hasi ziren egur ikatza beharrean. XVIII. mendearen amaieran, 180 burdinola zeuden Bizkaian, 94 Gipuzkoan eta 20 Araban.[11]

Burdinola hidraulikoen egituraAldatu

Burdinola hidraulikoen zati edo elementu nagusiak hauek ziren:[14][11]

  • Atal hidraulikoa
    • Presa. Erdi Aroan egurrezkoak izaten ziren. Xinpleenak, nasa-baldoak, ibai zolan sartutako hesola lerro bat edo biz osaturik zeuden, zuhaitz adarrekin txirikordatuak eta harri kaskailuz beteak. Askoz sendoagoak ziren ahardi-ordotsak[oh 2] deitutakoak, ongi zimendatutako zurezko egitura konplexu batez osatuak.[16] Aro Modernoan, harrizko presek ordeztu zituzten egurrezkoak. Hiru motatakoak eraiki ziren: grabitate presak, arku-presak eta hormabulardunak.
    • Ubidea, oso malda txikikoa, presak bildutako ura erregulazio-biltegiraino eramaten zuena. Sekzioa trapezoide-formakoa edo laukizuzena izaten zuen, alde bat mendiko mazelan hondeatua, eta bestea murru edo lur-ezponda batek itxia. Hustubide bat edo gehiago izan zitzakeen. Batzuetan tunelak edota akueduktuak egin behar izaten ziren.
    • Antapara edo urarka. Ubidearen amaierako zatia zen, erregulazio-biltegiaren eta ibaiaren artean eraikia, eta haiekiko perpendikularra. Amaiera itxia zeukan, gainezkako isurbide batekin. Hasieran zurezkoak izaten ziren, harrizko egitura baten gainean kokatuak, baina XVII. mendetik aurrera harriz egindakoak nagusitu ziren. Zorua oholezkoa edo harrizkoa izan zitekeen, eta bertan txinbo izeneko zulo tapoidunak zeuden, ura gurpiletara igarotzen uzten zutenak. Txinboen bidez ur-emaria erregulatzen ahal zen.[17]
    • Tunel hidraulikoa eta gurpilak. Tunel hidraulikoa antapararen azpian kokatutako korridore bat zen, gurpil hidraulikoen ardatzak ezartzeko arku pare bat edo bi izaten zituena. Antaparako zulo bakoitzaren azpian gezurraska izeneko hodi bat zegoen, ura gurpilera bideratzen zuena. Gurpilak zurezkoak izaten ziren, burdinazko indargarriekin, 2,5 eta 3 metro arteko diametrokoak. Gabiaren gurpilak 25-30 bira ematen zituen minutuko, eta hauspoenak 16-20 bitartean.[14]
    • Ardatza, gurpil hidraulikoaren higidura gabiari edo hauspoei transmititzen ziena. Zurezkoa zen, pieza bakarrekoa, eta fusiformea, alegia, lodiagoa erdian muturretan baino. 7 metrorainoko luzera eta 70-100 zentimetroko diametroa izan zezakeen, eta uztai batzuek ematen zioten sendotasuna. Mutur bakoitzean pujoi izeneko burdinazko barra bat zeukan sarturik, eta haien gainean biratzen zen. Buru bat gurpil hidraulikoan zegoen txertatua, eta beste muturrean lau edo bost hortz handi zituen, maisukariak, erro handi batean sarturik, eta haiek eragiten zieten gabiari edo hauspoei beren mugimendu zirkularretan.[14][17]
  • Tailerra
    • Haize-harria edo bergamazoa: sutegiaren eta hauspoen arteko pareta, tailerra bi gelatan banatzen zuena. Handiena gabitegia zen, eta bertan egoten ziren labea eta gabia. Bestean hauspo handiak zeuden, labeko sua bizkortzeko erabiltzen zirenak. Hauspoen haizea labera sartu ahal izateko, tobera izeneko haizebideak zeharkatzen zuen haize-harria.
    • Labea. Haize-harriari erantsirik zegoen, eta lau hormez eratutako esparru laukizuzena zen; lauak ziren hiru horma, baina laugarrena labearen barru aldera ganbila edo konkorduna. Haize-harriaren aldeko horman, zolatik hurbil, hauspo-muturren irteerak zeuden. Alboko paretetako batek zulo bat zeukan beheko aldean, zeharzuloa, urtutako ezpurutasunak, zepagaia, labetik kanpora ateratzeko.[2] Ohikoa zen burdinolek tximiniarik ez edukitzea eta, keari irteera emateko, sabaian zulo soil bat besterik ez zuten izaten.
    • Hauspoak. Burdin mineralaren erredukzioa egur ikatzez egiteko, prozesu kimikoan beharrezkoa zen airea zurez eta larru tolestuz eginiko bi hauspo handiren bitartez sartzen zen labean. Ardatzaren higidura maisukarien bitartez iristen zitzaien hauspoei, eta horiek txandaka hartzen zuten airea. Hauspoen aire-irteerak toberan, sutegiaren sarreran, elkartzen ziren eta, era horretan, haizea indartsu eta etenik gabe sartzea lortzen zuten.[18]
    • Haizearka, labeko sua bizitzeko hauspoen ordezko sistema zen. Antaparatik behera kokatutako hodi bertikal bat zen, goialdean mehargune bat zuena. Gune estu hori zeharkatzean, uraren presioak behera egiten zuen, eta airea xurgatzen zen zulo txiki batzuetatik. Ura, aire burbuilekin nahasia, ontzi itxi batera erortzen zen, eta handik laberaino eramaten zen hodien bidez. Sistema horrek zabalpen handia izan zuen Kataluniako Pirinioetako oletan. Euskal Herrian, berriz, burdinola txikietan XVII. mendetik aurrera ezarri bazen ere, burdinola nagusi gehienetan hauspoak erabiltzen segitu zuten.[19]
    • Gabia, mailu hidrauliko handia, agoa ingudearen gainean jotzeko erabiltzen zena.[17] Behin eta berriz kolpatuz, zepak eta ezpurutasunak kentzen zitzaizkion, eta labetik ateratako masa porotsua trinkotu egiten zen. Horrezaz gain, beharrezkoa zen burdin totxoak lantzeko ere. Burua 400-600 kiloko burdinazko pieza izan ohi zen, eta giderra zurezkoa, 4 metro edo gehiago luze eta 30-40 zentimetro lodi, burdinazko uztai batzuekin sendotua.[20][14] XVI. mendean gabi lasterra asmatu zen, ardatzean lau maisukari beharrean sei zituena. Harrezkero, gisa horretako mazo txikiak (200-400 kilo artekoak) ezarri ziren burdinola txikietan.[10]

Ekoizpen zikloaAldatu

 
Mirandaola burdinola, Legazpi, Gipuzkoa.

Urteko lan kanpaina euriaren araberakoa izaten zen burdinoletan eta, ondorioz, ibaietako ur-emariak baldintzaturikoa; horregatik, azaro aldera hasi ohi zen, eta apirila nahiz maiatz aldean amaitzen zen.

Urriaren bukaera aldera olagizonek idi gizen bat, inguruetako gizenena, hiltzeko ohitura zuten, urteko lan-kanpaina hasi aurretik, eta gaziturik, zezinan egiten zuten beren otorduetarako. Gainerako urte zatian, berriz, gehienetan beste lan hauek egiten zituzten: zuhaitz eta txara nahiz sasiak moztea basoan, labe eta sutegietan behar zuten ikatza egiteko; meategietatik burdinkia ateratzea, urtzea eta oletara eramatea.

Lonjak eta errenteriakAldatu

Itsas portuetan eta ibaiak itsasoratzen diren tokietan baziren etxe berezi batzuk, errenteria izeneko saltokiak, adibidez: Errenterian (hain zuzen, hortik datorkio izena herriari), Donostian, Orion, Zestoako Beduan, Bilboko San Anton zubiaren ondoan eta abar; batez ere, burdin eta gainerako ekoizpenak bertan pilatzeko izaten ziran, baita ikertzaileek aztertu ondoren hainbat destinoetarako ontziratzeak ere.

LangileakAldatu

Bertako langileak izenez olagizonak ziren, eta hauek izaten ziran gehienetan:

  • labeak zaindu eta burdina urtzeaz arduratzeko, bi urtzaile;
  • beste bi jotzaile edo tiratzaile, ieleak;
  • laguntzaile edo peoi bat, deituraz pealea, baina baita gatzemaile ere, bere esku zuelako eltzea gazitu eta zaintzea.

Olajaun delakoarekin egiten zuten iele eta urtzaileek beren lanituna, gehienetan ateratako burdin kintal bakoitzeko erreal bina, larunbatetan pisatuta. Urteko lan-aldiaren amaieran egiten zuten ordainketa, baina tartean ere ordaindu ohi zuten gerokoa aurreratuz.

Galdaketa prozesuaAldatu

Urtzaileak bere lan berezia egiteko, meatokitik ekarritako burdinkia bereizi behar izaten zuen lehenik, labea betetzeko behar zuen tonaerdia osotu arte. Mailuz joka zatitu edo txikitu behar zituen, bakoitza sei zentimetro baino handiagoa izango ez zen moduan utziz; berehala galbahetu egiten zen, hauts, apur eta zentimetroa baino txikiagoko puskak alde batera bereizteko. Lan honetan laguntzaile izaten zuen pealea.

Ondoren labea bete ohi zuen, burdin mea eta ikatza txandaka sartuz; labea piztean, berriz, haizea eman behar zion hauspoz, indartsu eman ere, su-gar urdinak ateratzea lortu arte.

Lehen ere esan dugunez, gasek murrizten eta aldatzen zuten burdin mea, benetan burdinki edo burdin bihurtu arte.

Adierazi den bezala, Gasek murrizten zuten burdin mea edo burdin oxidoa honako egoeretatik igaroz:

  • lehenik, oxido magnetiko egoerara,
  • ondoren, protoxido egoerara
  • eta, azkenik, haren metal edo burdin egoerara.

Baina burdinki ez zen guztia bereizi eta, ordu pare baten ostean, ziar-zulo zeritzan zuloan barrena kanporatzen zuten ziarrak edo zirelakoak.

Berotasun oso handian eta murrizketa giroan, burdinak ikazkaia bereganatzen duelako, edota biak elkartzen direlako, burdina hoztu eta gogortzean zatikor edo hauskor gertatzen da. Horregatik, trebetasun eta esku bereziak behar zituen urtzaileak, kako luze baten bidez burdinkiak elkarri itsasteko eta labeko bazterrik oxidatzaileenera biltzeko: horrela lotzen zuen burdinari ikazkaia murriztea eta agoa burdintsuago bihurtzea.

Agoaren eraketaAldatu

Labea piztu eta lauzpabost ordura hasi ohi zen urtzailea, burruntzi edo su-hagaren bídez, labean barrena sakabanaturik zeuden burdinki puska harro-harroak bata besteari itsasten; horrela pilatu eta itsatsitako mukulu edo pila gori-goria zen agoa, ehun eta berrogeita hamar kilotik berrehunerako burdin konkorra.

Bost olagizonek burdinaga eta kurrikak izeneko suhatz handiez atera, eta gabiaren ingude gainera eramaten zuten; hantxe gabiaren mailukadaz lantzen zuten, ziarrak kendu eta burdinari purutasun handiagoa emanez.

Gaur egungo labe garaietan ez bezala, burdina urtu gabe lantzen zuten zeharroletan, galdaketa prozesu edo fasetik pasa gabe.

Forjaketa eta kalibreakAldatu

Gabiaren ingude gainean ipini orduko agoa, 900º eta 1.000º bitarteko berotasuna galdu baino lehen hasten zen ielea joka hura lantzen eta tiratzen, trinkotu heinean arbastatze karratu nahiz totxo tankera emanez.

Atera behar zuen burdinazatia lodia bazen, berotu aldi batez burutu ohi zuen bere lana; baina ebaketa txikiagoko burdin profilak atera behar zituenean, totxo gorituak taiel batez mozten zituzten; eta gelditutako zatiak ondoren behar adina bider gorituz forjatzen zituen.

Emaitza: burdina gozoa eta altzairuaAldatu

Egiten zituzten haga edo barrak bitarikoak izan ohi ziren: burdina gozoa edo burdina biguna batetik eta altzairu naturala bestetik, karbono proportzioa %0,2-%1era bitartean alda zitekeelarik.

Denbora. Kontsumoa eta errendimenduaAldatu

Burdingaia labean kargatzetik, forjaketan burdina profilak atera bitarteko lanaren ziklo osoa, aldakorra izaten zen zeharrolak zuen garrantziaren arabera; gehienetan bospasei orduko lana izaten zen. Tonaerdi bat burdinki eta ia beste hainbeste ikatz kontsumitzen zen. Hala, bataz beste, ehun eta berrogeita hamar kilo burdina lortzen zen.

Ekoizpena. Kalitatea manufakturarakoAldatu

Zeharroletan landutako burdina kalitate oso onekoa zen erabilitako materialen purutasunagatik eta ganga fosfororik gabea izateagatik; baina baita sufrerik gabeko egur-ikatzetan goritzen zutelako ere. Bestalde homogeneotasun gutxikoa eta garbitasun gutxia ere izaten zen, zilarrak guztiz kentzea zailegi gertatzeaz gain, karrakaz jateko zailak ziren altzairu-zati gogorrak izaten zituelako tartetan. Alderantziz, altzairu gozoa, karbono gutxikoa zenez, erraza gertatzen zen forjaketarako nahiz beroketa eta soldadura goria egiteko, aingurak bezalako pieza handietan.

KostuaAldatu

Neke handikoak, garestiak eta errendimendu txikikoak ziren antzina burdina-lanak, gure gaur egungo ikuspegiaz alderatuta. Beraz, hasierako zeharrola haietan, erregaien edo ikatzaren kontsumoa, ateratzen zuten burdina-kopuruari zegokionean, %300 eta %500 bitartekoa izaten zen; burdina bera ere sartutako ikatzaren erdira jaitsi ohi zen pisuan. Hain zuzen ere, zepa arre harro pilak, burdinaz aberats eta burdinoletako meatzeetan eta ibaiertzetan pilatzen zituztenak berriro erabili egiten ziren, XX. mendean ere.

Aro Modernoko burdinola bereziakAldatu

FanderiakAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Fanderia»

Fanderietan edo ijezketa-lantegietan burdinazko totxoak xafla bihurtzen zituzten. Hau lortu ahal izateko, burdinazko barrak bi zilindro lauren artean estutzen ziren. Horren ondoren, zilindro ildaskatu baten bidez, zerrenda finetan mozten zen xafla. Sistema honen asmakizuna Leonardo da Vincirekin lotzen da, geroztik garatu egin zen. Iberiar penintsulan ezagutu zen lehen fanderia Durangon eraiki zen, eta 1591. urtean hasi zen lanean.

Oreretan 1769. urtean eraiki zen fanderia da Gipuzkoako lehen eredua. Irandako Markesaren laguntzaz egin zen eta horretarako Alemaniatik ekarri behar izan ziren langileak. Euskal Herriko Hiztegi Historiko-Geografikoan aipatzen denez, mota horretako enpresatan bakarra zen bera, erreberberozko bi labe zituena. Hori zela-eta, lana bikoiztu zitekeen. Enpresa horren garaikidea zen Egaña idazleak dio, 150.000 libra xafla baina ez zituela saltzen, eta kopuru hori astean atera zitekeenaren herena zen.

AingurakAldatu

Aingurategiak Gipuzkoan kokatu baziren, Juan Fermin Guillisastik erakutsitako trebetasunari esker izan zen. Izan ere, honek benetako industria-espioitza egin ondoren, ainguragintzan Holandan erabiltzen zen metodoa ekarri zuen. Eta, hala, metodo hori Orioko San Pedro auzoko Arrazubia burdinolan erabili zuen.

Jarduera berri horren ekarpenez, armadarako aingurak egiteko enpresa sortu zen Hernanin, Urumearen eskuinaldeko ibaiertzean. Lantegi hori Fagollagan 1751. urtean hasi zen lanean. Aingurak, berriz, Urumea ibaian zehar garraiatzen ziren Donostiako Santa Katalina porturaino.

Aingura-enpresa izan zen tokian porlan-enpresa baten aztarnek ikus daitezke gaur egun.

Kanoien zulaketaAldatu

Kanoientzako ginbalet-lantegiak asko izango ziren, ziur asko. Mota honetako enpresa hidraulikoei buruzko ikerketa egiteke egon arren, ezagutzen dira hainbat kokagune, Deba ibarrean eta, zehatzago esateko, Arrasaten eta Elgoibarren. Horrez gain, jakin badakigu halako enpresak arma-enpresei loturik zeudela. Gertakizun horren data modernoa da, dirudienez; izan ere, idatzietan XVIII. eta XIX. mendeetako aipamenak baino ez dira egiten.

Burdinolen gainbeheraAldatu

XVIII. mendean burdinolak desagertzen hasi ziren Euskal Herrian. 1820 inguruan, artean, Jose Antonio Ybarra merkatariak 100 burdinolari baino gehiagori hornitzen zien mea Kantauriko kostaldean bere Somorrostroko meategietatik. I. Karlistaldian, zaila izan zen mearen hornikuntza, Bizkaian Bilbo inguruarekin zegoen zatiketa zela eta. Horregatik, burdinola askok behea jo zuten, eta beste batzuek ekoizpena asko gutxitu.

Gerra amaitu ondoren, olagizonek bikoiztu egin zituzten gerra aurretik zituzten zorrak; izan ere, ikatza eta mea erregaia garestiak ziren, eta lehiatu ezinik zebiltzan. Hain zuzen, zor horiek izan ziren 1828an sortutako Ybarra, Mier y Compañía Itsasadarreko mea-hornitzaile eta merkatarien konpainiaren diru sarrera nagusiak, hasieran. Mendea bukatzerako, ez zen jada burdinola bakarren bat besterik gelditzen.

Burdinolak erabat desagertzeko arrazoirik nagusienak hauek izan ziren:

  • Labeak berotzeko behar zen egur-ikatza egiteko landatuak ziren basoak etengabe eta neurrigabe moztea.
  • Behar ekonomikoek eraginda, burdina eta altzairua ateratzeko burdingintzan harrikatza erabiltzen hasi izana.
  • Burdin oxidoz aberatsak ziren meategi-haztegiak agortu izana.
  • Ibaien goi-ibarretako arroa estuetan garraiorako zailtasunak.
  • Totxoak edo arrobioak egiteko labe garaiak kokatu izana, eta
  • beste kontrako baldintza zenbait.

Monumentu izendaturiko burdinolakAldatu

OharrakAldatu

  1. Haizeola, Gipuzkoako Goierri eskualdean dokumentaturiko hitza da batik bat. Agorrola eta jentilola terminoak ere erabili izan dira euskaraz.
  2. Mihiztadura adierazteko erabiltzen zen ahardi-ordotsa esapidea. Kontuan hartu ahardia zerri emea dela, eta ordotsa zerri arra. Beraz, gaztelaniazko "machiembrado" hitzaren baliokidea izanen zen.

ErreferentziakAldatu

  1. a b Harluxet Hiztegi Entziklopedikoko sarrera
  2. a b c d e f g h Rementeria Argote, Nagore. Burdina, metal preziatua. Elhuyar aldizkaria, 189. zenbakia, 2003ko uztailak 1, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus Noiz kontsultatua: 2020-11-7.
  3. Peñalver Iribarren, Xabier; San Jose Santamarta, Sonia. Burdin Aroko herri harresituak Gipuzkoan. Bertan, 20, 2003, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia, ISBN: 84-7907-422-1, bertan.gipuzkoakultura.net Noiz kontsultatua: 2020-11-7.
  4. San Jose Santamarta, Sonia. Metalurgia Burdin Aroan. Euskonews, 691. zenbakia, euskonews.eus Noiz kontsultatua: 2020-11-7.
  5. a b Franco Pérez, F. Javier. Arqueología y Paleosiderurgia Prehidráulica en Bizkaia (Siglos III-XIII). Tras las huellas de los antiguos ferrones, Universidad del País Vasco - Euskal Herriko Unibertsitatea, 2017, addi.ehu.es. Doktore tesia, Noiz kontsultatua: 2020-11-8.
  6. a b c Ahanzturatik atera dituzte Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban 2.000 urtez gaindi ibilitako haizeolak. Campusa, 2018ko maiatzak 17, ehu.eus Noiz kontsultatua: 2018-11-08.
  7. I coloquio de arqueología experimental del hierro y paleosiderurgia. Coloquio abierto.. Kobie Anejo 13, 2014, 209-218, orrialdeak, bizkaia.eus Noiz kontsultatua: 2018-11-08.
  8. a b c Aramendia Iparragirre, Eihartze. Ezkutuko ondarea. Berria, 2018ko ekainak 6, CC BY-SA 4.0, berria.eus Noiz kontsultatua: 2018-06-06.
  9. Temin, Peter; Fisher, Douglas Alan. (1965). «The Epic of Steel.» The Economic History Review 17 (3): 627. doi:10.2307/2592669. ISSN 0013-0117. Noiz kontsultatua: 2019-08-10.
  10. a b c Urteaga, Mertxe. La cultura metalúrgica del hierro en el Pirineo durante la Edad Media. Trabajos de Arqueología Navarra (TAN), 30, 2018, 237-262ISSN: 0211-5174, ISSN-e: 2530-5816, culturanavarra.es Noiz kontsultatua: 2020-11-16.
  11. a b c d e f g Urteaga, Mertxe. El homo faber (I). La cultura del hierro en el País Vasco: de don Julio Caro Baroja a la actualidad. Cultura y patrimonio de los pueblos de España, Seminario conmemorativo del centenario de don Julio Caro Baroja, academia.edu Noiz kontsultatua: 2020-11-16.
  12. Mugueta Moreno, Íñigo. La primera industrialización en Navarra: las ferrerías en la Baja Edad Media. Huarte de San Juan, 16. zenbakia, 2009, 9-58. orrialdeak, academica-e.unavarra.es Noiz kontsultatua: 2020-11-16.
  13. Palacios Mendoza, Victorino; Rodriguez Fernandez, José. Ayarako koadrillako ondare arkitektonikoa. Aiarako Koadrila /Cuadrilla de Ayala, researchgate.net Noiz kontsultatua: 2020-11-18.
  14. a b c d e Cabezón, Xabier. Ferrerías hidraúlicas. leitzaran.net Noiz kontsultatua: 2020-11-18.
  15. Aragón Ruano, Álvaro. Las ferrerías guipuzcoanas ante la crisis del siglo XVII. Cuadernos De Historia Moderna, 37, 73-102, revistas.ucm.es Noiz kontsultatua: 2020-11-19.
  16. Prieto Gil de San Vicente, Mikel; Irixoa Cortés, Iago. La construcción de presas fluviales en Gipuzkoa a comienzos de la Edad Moderna. En torno a tres tipologías:la «ardiordosa», la presa de «gailur-astoak» y la de «nasas y baldos». aranzadi.eus Noiz kontsultatua: 2020-11-7.
  17. a b c Garmendia Larrañaga, Juan; Mendiguren Bereziartu, Xabier. Juan Garmendia Larrañagaren Hiztegi etnografikoa. Eusko Ikaskuntza, 2009, Juan Garmendia Larrañaga Bilduma, 55, ISBN: 978-84-8419-121-6, core.ac.uk Noiz kontsultatua: 2020-11-18.
  18. Korkostegi Aranguren, Inaxio. Agorregiko burdinola. Elhuyar aldizkaria, 108. zenbakia, 1996ko ekainak 1, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus Noiz kontsultatua: 2020-11-30.
  19. El Pobal burdinola: Haize-arka. bizkaikoa.bizkaia.eus Noiz kontsultatua: 2020-11-30.
  20. El Pobal burdinola: Gabia. bizkaikoa.bizkaia.eus Noiz kontsultatua: 2020-12-2.

Kanpo estekakAldatu