Ireki menu nagusia

Juan Etxebarria Zurikaldai (Bilbo, Bizkaia, 1875eko apirilaren 14a - Madril, Espainia, 1931ko ekainaren 8a) fauvismo estiloko margolaria izan zen. Parisen egin zituen ikasketak, Cézanneren eta Gauguinen jarraitzaileen postinpresionismo garaian. Erretratu lanak (Migel Unamuno, Valle-Inclán, Pio Baroja), eta genero koadroak egin zituen, orobat ikuspegiak (Gaztelan, Euskal Herrian).

Juan Etxebarria
Juan de Echevarria.jpg
Bizitza
Izen osoa Juan de Echevarria Zuricalday
Jaiotza Bilbo1875eko apirilaren  14a
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza Madril1931ko ekainaren  8a (56 urte)
Hezkuntza
Heziketa Académie Julian Itzuli
Hizkuntzak gaztelania
Jarduerak
Jarduerak margolaria
Lan nabarmenak Pampliegako ikuspegia
Genero artistikoa erretratua

1887an batxilergoko ikasketak hasi zituen Anguleman. Gero, 1892an, Ingalaterrara joan zen, Etongo eskola ospetsura, ikasketak sakontzera, eta, azkenik, ingeniaritza ikasi zuen Saxonian. 1897. urtean industria ingeniari titulua eskuratu ondoren, Europan ibili zen bidaian, siderometalurgiari buruzko teknika berriak ikasten. Hurrengo urteetan familiaren industrian zuzendari lanetan jardun zuen, baina ama hiltzean (1902), enpresa-negozioak eta industria zuzendaritza bertan behera uztea eta bere benetako bokaziora dedikatzea erabaki zuen, pinturara alegia.

BizitzaAldatu

Bilbon bertan hasi zituen margolaritza ikasketak (1903), Manuel Losada bizkaitar margolariaren zuzendaritzapean. Handik gutxira Parisa joan zen, Paul Cézanneren eta Paul Gauguinen jarraitzaileen postinpresionismo garaian. Francisco Iturrinorekin joan zen, eta beste euskal herritar artista batzuen ezagutzak egin zituen han: Zuloaga, Francisco Durrio, Uranga, Arteta, eta abar. Parisen pintura ikastera joan zen Julien akademia ezagunera, pintore-estudio bat prestatu zuen etxean, eta modelatzen ere ikasi zuen, Francisco Durrio bizkaitar eskultore eta zeramikagile handiaren zuzendaritzapean.

1905ean Euskal Herrira itzuli, eta Europan zehar bidaiatzera abiatu zen. Hiriburuz hiriburu ibili zen Herbehereetan, Alemanian eta Errusian, besteak beste, bere kultura zabala are gehiago aberasten.

Juan Etxebarriak ez zuen sekula Nazio Erakusketetan parte hartu, nahiz eta garai hartan era horretako erakusketak izan pintore batek bere burua ezagutarazteko zeukan ia bide bakarra.

1911n Parisko IX. Udazkeneko Aretoan aurkeztu zituen bere koadroak, eta Guillaume Apollinaire, joera berrien alde (fauvismo, kubismo, arte beltz, arte näif) egin zuen idazle eta arte kritikariaren arreta erakarri zuten.

1914an egonaldi bat egin zuen Granadan, eta handik aurrera asko argitu zen Etxebarriaren margotzeko modua, Andaluziako argitasuna bereganatu balu bezala.

Izan ere, Etxebarriaren obran hiru etapa bereizi ohi dira: iluna, Pariskoa; argia, Granadatik aurrerakoa; eta literarioa, Madrila joan (1915), bertan estudioa prestatu, eta Madrilgo intelektualekin harremanetan izan zenekoa. 1916an Madrilgo Ateneoan aurkeztu zuen bere koadroen bilduma, eta 1923an, berriz, Madrilgo Sociedad de Amigos del Arte elkartean, adiskide zuen Valle-Inclán galiziar idazlearen eskutik.

Juan Etxebarriaren artelana fauvismoarekin lotu ohi da, kolorearen erabileragatik, baina arte higikunde horrekin zerikusirik badu ere –kolorea erabiltzeko askatasunean, besteak beste–, Etxebarriaren margokera fauvistena baino leunagoa eta harmonikoagoa da, eta marrazkia zehatzagoa.

Etxebarriaren koadroetan ez da bere jatorriaren islarik. Esango litzateke, bizibidez aldatu zenean, are aldaketa sakonagoa izan zela bere baitan, ezagutzen zuen gizartetik –Bilboko burgesia– aldendu nahi bat edo. Izan ere, haren lanetan azaltzen diren gaiek ez dute zerikusirik ez Euskal Herriarekin, ez eta burgesiarekin ere.

Ijitoak (Errusiakoak eta Andaluziakoak), Gaztelako paisaiak, izadi hilak eta batez ere loreak zituen pintatzeko gai kutunenak.

Bestalde, erretratugile bikaina zen. Bere garaiko intelektualak ezagutu zituen, eta haiei egindako erretratuak ditu lanik aipagarrienetako batzuk: Pío Baroja, Salaberria, Valle-Inclán (behin baino gehiagotan), Juan Ramón Jiménez, Azorín, Ramiro de Maeztu, Luis Bello, García Bilbao, eta abar. Bilboko Arte Modernoko Museoan bere koadro ederrenetako batzuk ikus daitezke, hala nola Un paria segoviano eta Un serrano. Horiez gainera, aipagarriak dira ere, beste askoren artean, Gitana, Gitana con una niña, Gitana con dos niñas, Gitanas rusas, Flores, Naraja y limones, La merienda, Una muchacha granadina, Guethary, Aldeano Vasco, Gitanos en el Albaicín, Naturaleza muerta, La mujer del pescador, eta abar. Bilboko Arte Ederren Museoan Paisaje de Pampliega ikus daiteke, bestetik.

Margolan hautatuakAldatu

ErreferentziakAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Juan Etxebarria