Caracasko Gipuzkoar Konpainia

Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia, Caracasko Gipuzkoar Konpainia edo Gipuzkoar Konpainia (gaztelaniaz sortua, Real Compañía Guipuzcoana de Caracas edo Compañía Guipuzcoana izenaz) gipuzkoar merkataritza-konpainia bat izan zen 1728tik 1785era, eta monopolioa izan zuen Venezuelarekiko merkataritzan. Tabakoa, kakaoa eta kolonietako beste hainbat gai ekarri zituen Venezuelatik, eta hara hainbat produktu eta tresna esportatu. Konpainiak esklabuen trafikoan jardun zuen ere, Hugh Thomasen arabera, 1754 eta 1765 urte artean Caracaseko portuan 12.000 esklabu egindako pertsona sartu zituen.[2]

Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia
MotaMerkataritza-elkarte publikoa
Sorrera1728
Desagerpena1785
EgoitzaDonostia; Madril
PresidenteaFrantzisko Munibe Idiakez, Peñafloridako kondea (1750 arte)[1]
AkziodunakEspainiako erregea, Donostiako Udala, Gipuzkoako Aldundi Nagusia, inbertsore pribatuak
Kronologia
Filipinetako Konpainia

Europako merkataritza-trafikorako garrantzi handikoa izan zen, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sorrera bultzatu zuen. Modu erabakigarrian eraman zituen Ilustrazioko ideiak Venezuelara, Hego Amerikaren independentzia-mugimenduaren atarian eta, ordu arteko kontrabandoko itsasbideak baliatuz, Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerrako matxinoak armaz hornitu zituen. Donostiako Amara auzoan, Konpainiaren izena eta izana gogorarazten duen kalea dago.[3]

Sorreraren testuingurua aldatu

Testuingurua aldatu

 
Donostia XVII. mende erdialdera Pedro Teixeira kartografoaren arabera.

Konpainiaren sorrera Borboiak garai honetan egiten ari ziren erreformetan kokatu behar da, tartean zela baimenik gabeko merkataritza kontrolatzeko gogoa, bereziki tabakoarena, Orinoko ibaian barra-barra baitzebilen kontrabandoa. Espainiarekiko legezko tabako-garraioa Venezuelako Andeetan barrena egiten zen mando gainean Barinas eskualdetik, Orinokoko bidea baino mantso eta bihurriagoa.[4] Orinokoko merkataritzatik, herbeheretarrek, ingelesek eta frantsesek ateratzen zuten etekina; izan ere, kazike-lurjabeek (gehienak kanariar jatorrikoak) nahiago zituzten kanpotar horiek salerosketan aritzeko: Venezuelako domeinuak eta horko agintari kreolek metropolitik aparte jarduten zuten. Venezuelako kolonia-sistemak lotsagarri uzten zuen espainiar-gaztelar koroa aginte-kontrolaren eta diru-sarreren aldetik. 1700dik 1728ra, bakarrik bost itsasontzi atera ziren Espainiatik Venezuelara.[5]

Euskal Herrian, XVII. mendetik zetorren krisialdia, hiru arrazoirengatik: Euskal Herriko burdinolak teknologiaz atzeratuta geratu ziren ipar Europako beste lurralde batzuekiko lehian, bereziki belgikar eta suediarrekiko. Gainera, Gaztela, Aragoi eta Nafarroako artilearen esportazioak behera egin zuen nabarmen. Azkenik, Erregeak bere gerra-gastuetarako diru-partaidetza handiagoa eskatu zien gipuzkoarrei, eta azken hauek, berriz, nahi ez. Tirabira horretan, zergek portuko trafikoa garestitu zuten, merkataritzaren kaltetan.[6] Egoera kaskar horri aurre egiteko, hainbat gipuzkoar eragile elkartu eta 1682an Donostiako kontsulatua sortu zuten, Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren oinarria izango zena.[6] Hala ere, itsas merkataritza eta balea arrantza beheraldi larri batean sartuak ziren Utrechteko itunaz geroztik (1713ko martxoa/apirila).

Konpainia Filipe V.a Gaztelakoak (Espainiakoak) Gipuzkoa eta Bizkaiko euskal lurraldeetako matxinadaren kontra kanpaina militar odoltsua egin ostean sortu zen (1718). Filipe V.a saiatu arren, aduanak Ebron geratu ziren, eta Gipuzkoako aldundia eta Espainiako erregea negoziazioetan hasi ziren. 1726an, matxinadako hainbat buruzagik amnistia eskuratu zuten, eta Gipuzkoako aldundiak proposamen bat egin zuen Venezuelarekin merkataritza berrezartzeko, espainiar erregearen eta gipuzkoarren interesetan izango zen tratua. Herbeheretar eta ingeles merkatari-elkarteetan oinarritu zen ideia berri hori.[7] Plana onartua izan zen, eta euskaldunek merkataritza horren gaineko kontrol esklusiboa lortu zuten.[8]

Sorrera aldatu

Gipuzkoar aberatsen talde batek bultzatu zuen konpainiaren sorrera 1728an.[9] Hasiera batean, Donostian oinarritu zen, eta 1728ko irailaren 25ean jaso zuen sorrerarako errege-dekretua (zedula).[4] Ekimen hori sortzeko erabakiak Gipuzkoako Batzar Nagusien onarpena eta laguntza jaso zituen. 1728tik 1750era Peñafloridako kondea izan zuen burutzat eta, 1760 arte, akziodunak, Espainiako Erregea salbu, jaioterriko lurraldean bizi diren euskaldunak izan behar ziren.[10]

 
Konpainiaren akzio bat (Madril, 1752ko ekainaren 1a)
 
Konpainiaren egoitza La Guairan, Vargas estatua
 
Venezuela probintziako kapitaintza, 1742tik Santa Feko Erregeorderritik bereizia
KONPAINIA SORTZEKO AGIRIAREN GIPUZKOAKO SINATZAILEAK (1728)
Frantzisko Munibe Idiakez (aita),
Peñafloridako kondea
Juan Ramon Arteaga Lazkano,
Valdemedianoko markesa
Jose Areizaga Corral Frantzisko Inazio Lapaza Zarauz
Lehenengo Zuzendaritza Batzordeko kideak
1. Zuzendaria: 2. Zuzendaria: 3. Zuzendaria: 4. Zuzendaria: 5. Zuzendaria: Idazkaria:
Joseph Vildosola Domingo Gregorio Ibarbia Joseph Loepola Juan Antonio Claesens Joseph Aiert Nicolas Etxebeste

Euskal konpainiaren helburu garrantzitsu bat herbeheretarrek Caracasko Kapitaintza Nagusian zeukaten kakao-merkataritzaren monopolioa haustea izan zen, izaera militarreko zereginetan jaun eta jabe eta haien kostuan arituz: ia autonomoki jokatzen zuten. Alde horretatik, koroak, merkataritzan aritzeko baimena ez ezik, kortso zeritzan agiria ere eman zion Caracasko Gipuzkoar Konpainiari; hots, gobernuaren babesean kortsario gisa erasoaldiak egiteko baimena eman zion, horixe baitzen kortso agiri hura.[11]

Gipuzkoar konpainia zen, halaber, Caracas eta Maracaibo probintzietako salgaiak Europan saltzeko eta nekazaritzako produktuak Espainiara esportatzeko baimendu bakarra. Hala ere, Venezuelako produktuen monopolioa ez zen berehala hasi, 1742an baizik, eta Maracaibokoena 1752an.[12] 1743tik aurrera, Konpainiak eskubidea jaso zuen Frantziako koroaren ikurra zuten barkuak Venezuelarekin merkataritzan zuzenean aritu ahal izateko;[13] Lapurdi, Baiona ere tartean, erabaki horren onuraduna izan zen zalantzarik gabe. Euskal Herritik erresumako beste lurraldeetara bidalitako ondasunek ez zuten aduana-zergarik ordaindu behar Ebro pasata, eta konpainia libre zen Europan barrena merkataritzan aritzeko, Filipe V.arekin hitzartutakoaren arabera.[14] Gainera, konpainiak burdinazko produktuak esportatuko zituen Venezuelara.

Caracasko Gipuzkoar Konpainia akzioetan oinarritutako Espainiako koroako lehen konpainia izan zen: euskal akziodunak eta Espainiako erregea. Hasierako kapitala 2.250.000 erreal zen 7.500 errealeko akzioetan banatuta eta, akzio horietatik, 200 Erregeak harpidetu zituen.[15] Hasieran, ez zuten akzio askorik saldu, baina izandako mozkinek eta ondoren eginiko inbertsioek guztiz elkarte ahaltsua bihurtu zuten. Konpainia Venezuelako ekonomiaren eragile bihurtu zen, batik bat kakaoan oinarrituta. Gipuzkoako konpainiak Caracas, Cumaná, Trinidad, Guyana eta Margaritarako (egun, Venezuela) trafikoaren monopolioa eskuratu zuen, kakaoa batez ere, baina baita kontrabandoaren aurkako aginpide bereziak eta legez harrapaturiko ontzietako guztia gordetzeko ahalmena ere. Erregeak Donostia eta Pasaiatik Venezuelara nahi beste itsasontzi bidaltzeko baimena eman zien, baina sei izaten ziren. Bueltarakoan, berriz, Sevillatik pasa behar ziren lehendabizi, eta Cadizetik gero.[16]

Bilakaera aldatu

1750 arte, lehenengo zuzendaritza-batzordearen burua Peñafloridako kondea izan zen, Donostian. Konpainiaren ibilbidea bi alditan zatitzen da: 1728tik 1749 (1750) arte eta 1750etik 1785ean desegin arte.[12]

Venezuelako ezarpena eta loraldia aldatu

 
La Guaira koloniaren garaian
 
Casacoiman, Konpainiaren egoitza eta Errege Tabako Etxe izandakoa

Lehenengo itsasontziak Pasaiatik La Guairara abiatu ziren 1730eko uztailaren 15ean: San Joaquin, San Ignacio, eta La Guipuzcoana; urrian, Santa Rosa gehitu zitzaien.[12] Bi fragata eta galera bat ziren lehenengo hirurak, guztien artean 561 marinel eta 86 kanoi zeramatzatela. 84 bat egun behar ziren Venezuela eta Pasaia arteko ibilbidea egiteko. Itzulitako bi ontziek 80.000 anega kakao ekarri zituzten, anegako 45 pesotan salduta, Irabazia oso handia izan zen: soldatak, zergak eta gainerakoak kenduta, 738.000 peso garbian. Hiru urteren buruan, Konpainia sortzeko inbertsioa kitatu zuten.[17]

Negozio biribila zen, San Miguel eta Santiago ontzietako itsasgizon batek hilero 8 peso irabaz zitzakeen eta, 5 anega kakao bazeraman, Caracasen guztira 80 peso ordainduko zituen, baina Penintsulan, berriz, anega bakoitza 55 pesotan sal zitzakeen eta, trukean, 275 peso poltsikoratu. Horrela 195 pesoko irabazia izango zuen: 2 urtetik gorako soldata beste.[6] Pasaiako portuan izaten zen konpainiak burutzen zuen merkataritza jarduera nagusia. Jardueraren inguruan sortutako azpiegitura anitza zen eta jende askori eman zion lana. Konpainia 30 ontzitik gorako flota bat izatera heldu zen, eta ontzirik handiena San Jose izenekoa zen, 778 tonakoa. Gipuzkoak eta, batez ere, Donostiak, urte oparoak izan zituzten: bertako burdingintza eta armagintza suspertu ziren, Donostia merkataritza leku garrantzitsu bihurtu zen, eta Pasaia lehen mailako portu. Garai hartakoak dira ondoko esaldiak:


« Hirian ez dago inor, kasu bakanen batean izan ezik, haren [Konpainiaren] mende ez dagoenik.[18] »


Euskaldunak Venezuelako lurraldean finkatzen hasi ziren etxalde aberatsetan, eta soro- eta nekazaritza-ekoizpena asko handitu zuten. Hala ere, bertan lehendik finkatutako lur-jabe kreolek arranguraz hartu zituzten, konpainiari saldu beharreko prezioak merkarazi zizkietelako.[13] Euskaldunek biziguneak sortu, kaiak eraiki eta gotorlekuak altxa zituzten. Konpainiak gizarte kreolak eskatzen zituen kontsumo-ondasunetarako bitartekari-lanak egin zituen: oihalak, liburuak, irina, ardoa eta patarra, alegia. Euskal Herrira itzultzean, berriz, kakaoa eta beste produktu kolonial batzuk ekartzen zituzten, esate baterako, tabakoak eta anilak ontziratzen zituzten.[19] Konpainiak esklaboen salerosketan ere interesa zuen.[20]

Europar indar inperialistekin zeuden borrokak gorabehera, Konpainiak beste arazo larriagoak zituen Amerika barneko produktuen salerosketa-bideei lotuta; izan ere, venezuelarrak ohituta zeuden inguruko beste lurraldeekin elkartruke komertzialetan aritzen, metropolira beharrik gabe. 1733an, Martin Lardizabal gobernadoreak deskubritu zuen La Guairatik ateratako kakaotik 17.700 anega Espainiara joan zirela, baina 26.400 Mexikoko Veracruzera.[21] Ondorioz, debekatu egin zuen merkataritza hori, baina kreolek nahiago zuten lehengo baldintzetan jarraitu. Bere aldera erakartzeko, konpainiak ekoizleei gehiago ordaintzeko agindu zuen: 11 pesotik 14ra. Aldiz, Erregeak hori debekatu zuen. Ondorioz, ekoizleak gero eta okerrago zeuden, eta haien ekoizpenaren herena nahi bezala erabiltzeko eskubidea aldarrikatu zuten. Espainiako erregeak, ordea, hori ukatu egin zuen.[22] Bestalde, 1735etik aurrera, Konpainiaren egoitza nagusia Madrilen zegoen. Hala ere, merkataritzaren zuzendaritza Donostian egoten jarraitu zuen 1751n Madrilera lekualdatu arte.[23]

Gerrak eztanda aldatu

 
Karibe inguru osoko merkataritzaren mapa (1741)
 
La Guairako ingeles-erasoren grabatua (1743)

1743rako, kontrabandoari buruzko tentsioa oso areagotu zen. Holandarrek ematen zuten lanaz gain, ingelesak eta Espainiar Inperioko beste lurrak (Espainia Berria, egungo Mexiko) liskarrak sortzen hasi ziren, interesak baitzituzten Venezuelarekiko kontrabandoan, gipuzkoarren kaltetan. Tartean zen ingelesen esklabo-monopolioaren auzia ("asentua"), 1713ko Utrechteko itunaz geroztik. Konpainiak guardiak jarri nahi izan zituen Venezuela inguruan zebiltzan ingelesen itsasontzietan, baina ingelesek protesta egin zioten espainiar erregeari, eta Erregeak atzera egiteko agindu zion Konpainiari.[17] Azkenean, ordea, Asentuaren Gerra piztu zen (ingelesez: War of Jenkins' Ear), eta ingelesek La Guairari eraso egin zioten. Hala ere, Gabriel Jose Zuloaga brigadier hondarribiarrak portuaren defentsa prestatu eta ingelesek atzera egin behar izan zuten. Ingelesek esklabo-monopolioa galdu zuten, baina espainiarrek kalte-ordain gogorrak pagatu behar izan zizkieten, Erretiro Onaren Itunean.

XVIII. mendearen erdialdean, Venezuelako kakao-ekoizleen haserrea gorenera heldu zen. Erregeak ez zien salgaien gaineko eskubiderik onartu eta, gainera, Venezuelara kanariar gehiago heltzeko debekua eman zuen.[24] 1749ko apirilean bertan, errebolta piztu zen Panequiren, eta Juan Francisco de León jarri zen erreboltaren buru; izan ere, Panaquireko justiziako arduradun izatetik kargugabetu zuten eta, haren ordez, Konpainiako Martin Etxebarria euskalduna jarri. De León, orduan, altxa egin zen Konpainiaren kontra: bera bezalako kanariar jatorriko 3.000 kreolen buruzagitza hartu zuen, eta setioa jarri zion Caracasi, goiburu hartuta "gora Errege, jo eta bertan hil bizkaitarrak [euskaldunak]!".[25] Euskaldunen kontrako arrazakeria aditzera ematen duten beste aldarrikapen batzuk ere bota zituen:

« [Venezuelako] Probintzia honetan, [euskal] arraza horretako pertsona bat ere ez litzateke geratu behar. Guztiak badian agertzen den lehen ontzian edo itsasontzian abiatu behar lirateke edo, hori ezean, lehenbailehen ateratzeko antolatutako ontzi batean, bizkaitarrek [euskaldunek] berek ordainduta. »

—Juan Francisco de León, Konpainiaren kontrako erreboltaren burua, 1749[26]


Venezuela "konpainiaren probintzia bat" bihurtu zela salatu zuen. Herbeheretarrek, Tuy ibaiko babeslekuetatik, kreolak babestu zituzten euskaldun eta Espainiako koroaren kontra. Bere eskaerak Erregeari helaraziko zitzaizkiola aginduta, De Leónek setioa altxa zuen, eta eztabaida piztu zuen Madrilen. Bazeuden gortean Konpainia desegin behar zela ziotenak ere, Espainian egon baitzeuden tentsioa bere aldera ekartzeko prest ziren merkatari interesatuak.[24] Madrilgo gorteak Venezuelara mandatari bat bidaltzeko deliberoa hartu zuen, erreboltaren nondik norakoak eta herbeheretarren inplikazioa argitzeko; horretarako, Julian Arriaga bidali zuten, euskalduna. Mandatua eman zitzaion, halaber, Konpainia euskalduna ez zelako ideia zabaltzeko, Madrilgo akziodunak ere bazituelako.[27] Horrenbestez, Arriagak aurkitu zuen herbeheretarrek erreboltariak armaz hornitzen zituztela. Arriagak berarekin Espainiako koroaren 1.000 gerlari eraman zituen, baina Espainiako koroaren indar asko altxatuen alde jarri ziren.

Nolanahi ere, Espainiako koroaren iritzirako, errebolta baten indarrez eskaria onartzea ahuldadea izango zen, eta ezin zion uko egin Konpainia babestuz bere buruaren interesak zaintzeari. Espainiako koroaren indarrek eta euskaldunek gogor egin zieten altxatutakoei, eta De Leónen altxamendua 1752an izan zen zapaldua.[28]

Konpainia birmoldatuta aldatu

 
Kakao landarea eta fruitua

1749az geroztik, euskaldunen presentzia handitu egin zen,[29] baina Espainiar Koroak kolpe gogorra eman zion aldi berean Konpainiaren autonomiari, zuzendaritza Madrilera lekualdatuz, mugimendu horren aurrean Gipuzkoak protesta egin zuen arren. Gainera, Erregek hiruko zuzendaritzan nahitaez espainiar bat egon behar zela ezarri zuen.[30] Erregek Konpainia berregituratzen zuten beste neurri adierazgarri batzuk ere ezarri zituen: hiruko zuzendaritza-batzordeak (gobernadorea, Konpainiako ordezkaria, eta Kabildoko diputatu bat) prezioak ezarriko zituen bere interesen arabera, baina adostasunik ez egonez gero, Erregek izango zuen azken hitza.

Bestalde, salgaien seiren bat portuko agintaritzari laga behar zitzaion eta, Konpainiaren gogoz kontra, Venezuelako akziodunen kapitala onartu behar zuten,[31] baita esportatutako prezioak garesti mantendu eta, Espainiatik agindutako prezioan, Espainiako produktuak Venezuelara esportatu beharra ere: olioa, irina, ehunak, etab. Kontrol zorrotzeko neurri gogor horiek Konpainia itotzen joan ziren.[32]

Gipuzkoar Konpainiak ingelesak urrun mantendu zituen, eta Venezuela Guyanaren moduko ingeles kolonia bihurtzea eragotzi. Aldi berean, herbeheretarrak Puerto Cabellotik kanporatu zituzten. 1767an, kotoi-soroak sortu zituzten, baita anilena ere, ordu arte ezezaguna, Antonio Arbide bizkaitarrak gidatuta; 1774rako, Venezuelatik produktua esportatzen ari ziren. Azukre-kanaberen ekoizpena sustatu zuten Aragua eta Tuy haranetan, tindu-landareen plantazioak eta abeltzaintza.[33] Defendatu da, nolanahi ere, eskumen militar, ekonomiko eta administratiboak bere gain hartuz, Konpainiak kontrabandoa uxatu eta ekonomia moderno, eraginkor eta errentagarri baten oinarriak jarri zituela Venezuelan.[34] Bestalde, Orinoko ibaiaren esplorazioa bultzatu zuen.[35][36]

Aldiz, 1776an, Karlos III.ak Venezuelarekiko trafikoan beste konpainia batzuk aritzeko baimena eman zuen eta, 1778an, Gobernuak merkataritza librea aldarrikatu zuen. Espainiako gobernua merkataritza-politika liberalizatua erabiltzen ari zen Amerikari buruzko tratuetan irabazi politikoak eskuratzeko, Douglassek dioenez.[30] Konpainiari eskumenak kendu zizkion. Ordurako Konpainia finantzen aldetik larri zebilen; izan ere, konpainiaren interesak barreiatu eta haren kapitala zein kemena sakabanatzeak erdipurdiko emaitza izan zuen, eta ez zen gai beste konpainia oso espezializatu eta oldarkorrekin lehiatzeko.[37] Bitartean, Ebroko aduana-zergei buruzko euskal aldundien eta Espainiako gobernuaren arteko tentsioak areagotu ziren.

Konpainiaren amaiera aldatu

 
Karlos III.a merkataritza libreko dekretua sinatzen

1779ko apirilean, Ingalaterrarekiko gerra berpiztu zen. Nolanahi ere, Rodney britainiar almiranteak zuzendutako itsas armadak egundoko kolpea eman zion Konpainiari gerrako lehendabiziko urtean: Kantauriko kostaldea blokatu eta 25 itsasontzi atzitu zizkion.[38] Nuestra Señora de la Asunción (Guipuzcoano) ontzia ere harrapatu zuten.[39] Atzipen hori latza izan zen Konpainiarentzat, merkataritza-kanpaina hasi berria baitzen; hurrengo urteetan, Konpainiaren koloniekiko trafikoa erabat moteldu zen. 1782an eta 1783an, Konpainiak Herbehereetako ikurrarekin egin zituen bidaiak.[11]

Aldi berean, 1778ko liberalizazio-erabakiak efektu kaltegarriak edukitzen hasi zen Konpainiarekiko, Espainiako portuak erabat libre aritu baitzitezkeen Venezuelarekin, baina legegileek Konpainiaren kalterako interpretatu zuten liberalizazio-erabakia, Bilbo eta Donostia euskal probintzia salbuetsietan zeuden aldetik.[40] Estatuak aduanak Ebrotik kentzeko presioa egiten jarraitu zuen eta, bitartean, euskal lurraldeak atzerritartzat hartuak izango ziren eta, aduanan, Ebroz behera eta Aragoira ateratako produktuek zerga larriak ordainduko zituzten, baita Ameriketatik ekarritako kakaoak ere (1780tik aurrera). 1783an, Espainiako administrazioak euskal lurraldeek aduanak kostaldean jartzeari uko egin izana eman zuen aitzakiatzat euskal lurraldeok baztertzeko. Donostia merkataritza-bide nagusietatik kanpora geratu zen.[41]

Ingalaterrarekiko gerra hiru urtez luzatu zen 1783 arte. 1784an, Konpainia zorrek itota zegoen, eta desegin egin zen. Enpresaren ondasunen eta hartzekoen zati bat gordailuan jarrita zegoen San Carlos Bankuan.[38] Orduan, Frantzisko Cabarrús baionesak, konpainiaren akziodun eta zuzendaritza-batzordeko kideak, proposamen bat egin zuen Konpainia berregituratzeko (1784), euskal Habanako Konpainiarekin eta San Fernando Konpainiarekin bateratuz. Konpainia berria Filipinetako Konpainia bilakatu zen, 1788an hezurmamitua, eta Filipinekin trafikoaren monopolioa eskuratu zuen.[42]

Ondorioak aldatu

Euskal Herrian eta Espainian aldatu

Konpainiak euskaldun eta, bereziki, gipuzkoar asko baliatu zituen eskifaian. Horregatik eta bestela ekarritako oparotasunagatik, Donostian, Venezuelako itsasontzien etorrerak kalean ospatzen ziren. Soraluzeko arma-fabrika sendotu zuen eta ezin da ahaztu Donostiako Santa Maria Korukoa eliza eraikitzeko, Konpainiaren funtsak erabili zirela[12] eta, egun ere, eliza barruan Konpainiaren armarria dago.[43] Konpainiaren itsasontziak neurri handiko kroskoak ziren eta, beraz, portu egoki ia bakarra Pasaia zen, orduan Donostiaren udalerrian kokatuta. Horrenbestez, Konpainiak Pasaian bertan ontziola espezializatuak egitea erabaki zuen, eta zazpi izatera heldu ziren.[44] Ontziolei eta itsas trafikoari buruzko erreminta-tailerrak eta -dendak ere sortu zituen.

 
Soraluzeko armarria, bere armagintzaren erakusgarri
 
Vicente Bolivar, Konpainiako kide nabarmena Caracasen

Kakaoa produktu oso estimatua zen, urrearen hurrengoa. Konpainiak ez zuen aukera pasatzen utzi eta hainbat txokolate-fabrika sortu zituen.[45] 1750z geroztik, konpainiaren jarduera handitu egin zen, nola Mundu Berria delakoan, hala Mundu Zaharrean. Beste lurralde batzuetara hedatu zuen bere eragina, beste ekimen batzuk bultzatuz: Lizarra eta Vianako distilategiak sortu zituen, Nafarroa Garaiko basoen gaineko monopolioa lortu ontzigintzarako, bakailao-arrantza eta balea-ehizarako ontzigintzan aritu zen, eta partaidetza zuen konpainia horietan, esklabo-merkataritzan aritu zen, eta Valdenoceda-Leongo eta Errioxako ehungintza-fabriken jabetza zuen.[12] 1775 eta 1777. urteetan, Konpainiak Ameriketara bidaltzeko arma-horniketa sorta oso handiak ekoizteko mandatua jaso zuen Erregerengandik, Soraluze eta Tolosako arma-fabriketan egitekoak.

1765ean, Caracasko Gipuzkoar Konpainiak babestuta eta Gipuzkoako Ilustrazioaren hegalpean Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zen: Peñafloridako konde Frantzisko Xabier Munibe izan zuen bultzatzaile nagusia.

Venezuelan eta Ameriketan aldatu

Konpainiaren azken urteetan, haren jarduna eta eremu geografikoa dibertsifikatzen joan zen. 1775an, Britainia Handiko agintarien kontrako altxamendua hasi zen Ameriketako hamahiru kolonietan, eta Caracasko Gipuzkoar Konpainia harremanetan hasi zen independentziaren aldeko matxinatuekin. Bilbo oinarri hartuta eta konpainiaren itsasontzi azpiegitura eta armagintza ahalmenaren bidez, euskal merkatariek George Washingtonen independentziazaleak armaz hornitu zituzten, behar izan zituzten gehienez, horretarako baliatuz Soraluzeko Armen Errege Fabrika.[46] Harreman eta transakzio horietan, protagonismo berezia hartu zuen Diego Maria Gardoki euskal merkatari eta diplomatikoak.

1777an sortutako Venezuelako Kapitaintza Nagusiaren eta euskal gobernadoreen bitartez, Konpainia Venezuelako barne-politikarako mesedegarria izan zen. Gainera, Ramon de Basterrak adierazi duen bezala, beste ekarpen handi bat egin zion Hego Amerika guztiari: Venezuelan Entziklopedismoa eta Ilustrazioa sartu zituen eta, hain zuzen, Venezuelan hedatu ziren Montesquieuren errepublikar printzipioak (botere-banaketa, adibidez), La Fontaine, merkataritzaren teoria eta praktikari buruzko tratatuak, etab. Caracas inguruan lurrak zituzten aberatsek ideia horien inguruan eztabaidatzen zuten, Espainian galarazita zegoen garaian.[35] Tartean zen Simon Bolivarren aita, Vicente Bolivar, Errege Entzutegiko kidea eta Konpainiaren erabaki-batzarreko lur-jabe aberatsa.[47]

Gainera, Venezuelako gipuzkoarrek frantses ohiturak eta modak zabaldu zituzten.[48] Konpainiak ideietan ere zubi-lana egin zuen Venezuelarekin. Gipuzkoarrek eramandako ideia, liburu eta irakaspenetan dago amerikarren independentzien hazia, Caracasen ernatua eta, gero, Hego Amerika osora zabaldua. Horren adierazgarria da Venezuelaren ereserkiko esaldi bat: "Seguid el ejemplo que Caracas dio".[35]

Erreferentziak aldatu

  1. Cierbide, Ricardo. (1997). «La Compañía Guipuzcoana de Caracas y los vascos en Venezuela durante el siglo XVIII» RIEV (Vitoria-Gasteiz) 42 (1): 66, 74..[Betiko hautsitako esteka] Hala ere, hemen eta beste iturri batzuetan Jose Iturriaga aipatzen da Konpainiaren lehenengo zuzendaritzat.
  2. «Nola engainatu gaituen kapitalismoak» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-05-31).
  3. 1962ko maiatzaren 21eko udalbatzan onetsia. Enpresaren jarduerek zuzeneko eragina izan zuten hiriaren merkataritza-, gizarte- eta erlijio-bizitzan, eta Koruko Andre Maria zuen zaindari; ikus Amarako kaletegia. .
  4. a b Zubimendi, Joxe Ramon (zuz.). 2007, 67. or.
  5. Douglass, William A. Bilbao, J. 2005, 87. or. Cierbidek dioenez (1997), zehazkiago, 1706tik 1728ra itsasontzi bat ere ez zen Venezuelara atera.
  6. a b c Zubimendi, Joxe Ramon (zuz.). 2007, 68. or.
  7. Zubimendi, Joxe Ramon (zuz.). 2007, 66. or.
  8. Douglass, William A. Bilbao, J. 2005, 87. or.
  9. Kurlansky, Mark. 2000, 122. or.
  10. Cierbide, Ricardo. 1997, 66. or. "Bascongados que siguen habitando en su país de origen" dio, gaztelaniaz idatzita baitago.
  11. a b Miguel Artola: «III Zoriaren gurpila: 1700-1864», Donostiaren historia, Donostiako Udala, 2001.
  12. a b c d e Cierbide, Ricardo. 1997, 67. or.
  13. a b Douglass, William A. Bilbao, J. 2005, 90. or.
  14. Kurlansky, M. 2000. 123. or.
  15. Cierbide, Ricardo. 1997, 66. or.
  16. Cierbide, Ricardo. 1997, 66. or.; aipatzen da ere Konpainiak Cádizen euskal apaiza zeukan kapelautza bat ezarri zuela euskal lau lurraldeetako euskaldunei zerbitzua emateko, eta Jesuiten Ikastetxean jarduten zuela.
  17. a b Zubimendi, Joxe Ramon (zuz.). 2007, 70. or.
  18. Sada, Asier. Sada, Javier. 1995, 56. or.
  19. Are, horiez gain, beste hainbat produktu aipatzen dira: larruak, azukrea, kafea, kotoia, endalarra, zur-olioa, kanpetxe-zura, gatza, zilarra eta urrea; ikus Sada, Asier. Sada, Javier. 1995, 58. or.
  20. Egungo Venezuelako lurraldean, gutxienez XVII. mendetik erabiltzen ziren esklaboak, Afrikatik Gineako Konpainiak eta Ingeles Asentuak garraiatuak. XVIII. mende amaierako Marti apezpikuaren txosten batek aipatuta, esklaboek gizartean betetzen zuten espazioa txikia zen. Caracas inguruko kakao-soroetan biltzen ziren batez ere, eta aipatzen da ere komentuetan (Klarisen komentu batean, adibidez) eta ospitaleetan zerbitzurako erabiltzen zirela; ikus Cierbide, Ricardo. 1997, 65. or.
  21. Ordu arte ohituraz egiten zuten bezala, bestalde; izan ere, era horretan, ez zioten Erregeari zergarik ordaindu behar; ikus Cierbide, Ricardo. 1997, 70. or.
  22. Zubimendi, Joxe Ramon (zuz.). 2007, 72. or.
  23. Díaz-Trechuelo, Lourdes. (2003). «La Real Compañía de Filipinas en Guipúzcoa» Itsas Memoria (Donostia) 4: 369. (Noiz kontsultatua: 2018-11-17).
  24. a b Douglass, William A. Bilbao, J. 2005, 91. or.
  25. Douglass, William A. Bilbao, J. 2005, 91. or.
  26. Douglass, William A. Bilbao, J. 2005, 91. or. Ez zen hor geratu, hauek ere: "Ez dugu Bizkaiko [euskal] justiziarik nahi! Uhartekoak [kanariarrak] edo kreolak nahi ditugu, baina bizkaitarrik [euskaldunik] ez"; ikus ere Cierbide, Ricardo. 1997, 64. or.
  27. Douglass, William A. Bilbao, J. 2005, 92. or. Hori egia-erdia zen, Erregeaz gain, Bartolo José de Urbiba baitzen Gipuzkoaz kanpoko akziodun bakarra, eta Gasteizen bizi zen. Arriagak dioenez, "apenas dago moja, apaiz edo monjerik Konpainiari mespretxua ez dionik".
  28. Douglass, William A. Bilbao, J. 2005, 92. or.
  29. R. de Basterrak dioenez, Venezuela lurralde euskaldundu [baskonizatu] bat bilakatu zen, estatu bat estatuaren barruan, ikus Cierbide, Ricardo. 1997, 67-69. or.
  30. a b Douglass, William A. Bilbao, J. 2005, 93. or.
  31. Caracaseko 300 akziodun eta La Guairako 100; ikus Zubimendi, Joxe Ramon (zuz.). 2007, 73. or.
  32. Zubimendi, Joxe Ramon (zuz.). 2007, 73. or.
  33. Cierbide, Ricardo. 1997, 66-67. or.
  34. Cierbide, Ricardo. 1997, 68-69. or.
  35. a b c Zubimendi, Joxe Ramon (zuz.). 2007, 74. or.
  36. Francisco Iturriaga Konpainiako kide nabarmenak espedizio bat zuzendu zuen; 1954an, berriz, Juan Jose Elhuyar minerologistari bidaia pagatu zioten; ikus González-Ripoll Navarro, Mª Dolores. 2000, 70. or.
  37. Douglass, William A. Bilbao, J. 2005, 93-94. or.
  38. a b Artola, Miguel (ed.). 2001, 81. or.
  39. Britainiar armadak eskifaia preso hartu zuen, baldintza gozakaitzetan giltzapetu, eta asko hil egin ziren; José Joaquín Ferrer izan zen bizirik ateratako bat; ikus González-Ripoll Navarro, Mª Dolores. 2000, 120. or. Ontzi hori HMS Prince William izenez bataiatu zuten berriro 1780. urtean.
  40. Artola, Miguel (ed.). 2001, 81-82. or.
  41. Artola, Miguel (ed.). 2001, 82. or.
  42. Douglass, William A. Bilbao, J. 2005, 94. or.
  43. Gainera, Koruko Andra Mariaren irudia, jatorriz Venezuelako Coro herrian du jatorria beharbada; ikus Sada, Asier. Sada, Javier. 1995, 60-61. or.
  44. Donostiak Pasaiako itsas garraio-trafikoarengatik dirutza handia sartzen zuen zergen bitartez bere kutxetan eta, beraz, Pasaia Donostiako zati izatearen gaiak berebiziko garrantzia zuen; ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 80. or.
  45. Artola, Miguel (ed.). 2001, 80. or.
  46. «Untzi Museoak gertakari historiko ia ezezagun baten berri ematen du» ORAIN Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2018-03-13).
  47. Cierbide, Ricardo. 1997, 72. or.
  48. Alexander von Humboldtek 1800 inguruan komentatzen duenez, "Caracaseko hainbat familiatan kulturarako sen bat aurkitu dut. Literatura frantses eta italiarreko idazlanak ezagutzen dituzte; musika gustuko dute, trebetasunez landua eta Arte Eder guztiak bezala, gizarte-klaseak elkartzen ditu" eta, gainera, "gipuzkoarrek frantsesez solas egiteko moda berria erakusten zuten"; ikus Cierbide, Ricardo. 1997, 69. or.

Bibliografia aldatu

  • Aizpurua Aguirre, Ramón (2006), El corso de la Compañía Guipuzcoana: los casos de la lancha San Fernando y de la balandra Nuestra Señora de Aránzazu. Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 5. zkia. Itsasoko gerra, kortsarioak eta itsaslapurrak. Donostia: Untzi Museoa-Museo Naval
  • Amezaga y Aresti, Vicente. Hombres de la Compañía Guipuzcoana. Capítulo II: El Director principal: José de Iturriaga. Caracas: 1963 (cit. en GRASES, 1968, tomo I, 91).
  • Artola, Miguel (2001), «III Zoriaren gurpila: 1700-1864». Donostiaren historia. Donostiako Udala.
  • Astigarraga, Jesús (2009), Sociedades económicas y comercio privilegiado. La Sociedad Bascongada, la Compañía de Caracas y la vertiente marítima de la ilustración vasca. Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 6. zkia. Itsas eta ibai ondarea. Donostia: Untzi Museoa-Museo Naval.
  • Baglio, Assunta (1996), La Guaira, puerto Comercial de la Colonia. Infometro, XVIII(150): 17-19.
  • Basterra, Ramón de (1925), Una empresa del siglo XVIII. Los Navíos de la Ilustración. Caracas: Imprenta Bolívar (Reedición en Cultura Hispánica, Madrid, 1970).
  • Cierbide Martinena, Ricardo (1997), «La Compañía Guipuzcoana de Caracas y los vascos en Venezuela durante el siglo XVIII»[Betiko hautsitako esteka], Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, 42, 1, 63-75. or.

  • Douglass, William A.; Douglass, Bilbao, J.. (2005). Amerikanuak: Basques in the New World. University of Nevada Press ISBN 0-87417-625-5..
  • Díaz-Trechuelo, Lourdes (2008), La Real Compañía de Filipinas en Guipúzcoa, San Sebastian, ciudad marítima. Donostia: Untzi Museoa (Gipuzkoako Foru Aldundia).

  • Kurlansky, Mark. (11 March 2011). Basque History Of The World. Knopf Canada ISBN 978-0-307-36978-9..
  • Ramos Pérez, Demetrio (1946), El Tratado de límites de 1750 y la expedición de Iturriaga al Orinoco. Madrid: Consejo Superior de Investigaciones Científicas; Instituto Juan Sebastián Elcano de Geografía.
  • Sada, Javier. Sada, Asier (1995), Historia de San Sebastián. Donostia-San Sebastián: Editorial Txertoa, ISBN 84-7148-429-1.
  • «Real Compañía Guipuzcoana de Caracas», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  • Vivas Pineda, Gerardo.Botín a bordo. Enriquecimiento ilícito del corso guipuzcoano de Venezuela durante el siglo XVIII. Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 5. zkia. Itsasoko gerra, kortsarioak eta itsaslapurrak. Donostia: Untzi Museoa-Museo Naval, 2006
  • Thomas, Hugh (1997). The Slave Trade. The Story of the Atlantic Slave Trade 1440-1870. Phoenix.

  • Zubimendi, Joxe Ramon, ed. «Caracasko Konpainia Gipuzkoarra» Gipuzkoa Mundi. 4 Gipuzkoako Foru Aldundia (argitaratze data: 2007ko maiatza), 66-75 or..

Konpainiari buruzko fikziozko liburuak aldatu

  • Amezaga Iribarren, Arantzazu. Rebelión contra La Guipuzcoana. Donostia: Ttarttalo, 2003.
  • Castellano, Rafael. Gabai : gure herriaren historia 6. Bilbao: Lur, 1990.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu