Foruen monumentua
Foruen monumentua edo Foruen estatua Nafarroako foruen aldeko monumentua da, Iruñeko Sarasate pasealekuaren ekialdeko muturrean dagoena, Nafarroako jauregiaren aurrealdean eta Gazteluko plazaren aldamenean.
Foruen monumentua | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Iruñea |
Koordenatuak | 42°48′57″N 1°38′37″W / 42.81571°N 1.64367°W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1903ko ekainaren 4a |
Izena | Fueros de Navarra (en) |
Arkitektura | |
Materiala(k) | brontzea, haitzurdina eta harria |
Dimentsioak | 23,4 () m |
1893-1894ko Gamazadaren ondoren eraiki zen, Nafarroako herritarrek eta erakundeek ordaindurik, eta 1903an amaitutzat utzi bazen ere, ez da inoiz inauguratu.[1] Monumentuaren goiko muturrean, emakumezko estatua bat du, Nafarroaren alegoria, Rosa Oteizan oinarritua.
Gamazada
aldatu1893ko maiatzaren 10ean, Germán Gamazo Espainiako Ogasun ministroak prestatutako aurrekontuen proiektuan honako hau irakur zitekeen: "Gobernuak, 1877ko uztailaren 11ko Legearen 8. artikuluak ematen dion ahalmenaz berehala baliatuz, ezarriko dizkio Nafarroari bertze probintzia guztietako kontribuzioak, errentak eta zergak, bai gaur egun erresuma osoan indarrean daudenak, nola lege berri honek sortzen dituenak". Horren arabera, zerga-sistema foral berezia, 1841eko Hitzarturiko legeak ezartzen zuena, bertan behera geldituko zen.[1]
Berehala hasi ziren erreakzioak. Maiatzaren 16an bertan erabaki zuen Diputazioak ordezkaritza bat aurkeztea Gorteetan bere arrazoiak azaltzeko. Hilaren 19an, Iruñeko Udalak eman zion sostengua ordezkaritza horri, prentsan kanpaina sutsu bat hasten zen bitartean Gobernuaren asmoen kontra. Hurrengo egunetan, Nafarroa osoko bertze udal anitzek beren atxikimendua bidali zioten Diputazioari. Eta ekainaren 4an, oso manifestazio jendetsua egin zen Iruñean, 15.000 lagun inguru bildu zituena.[1]
Afera korapilatuz joan zen hurrengo hilabeteetan. Baina, Espainiako Parlamentuan Gamazoren proiektua onartu bazuen ere, 1894ko martxoaren 8an Gobernua krisian lehertu eta Gamazok ministerioa utzi zuen. Ondoren ere saiatu ziren legea aurrera eramaten baina, hurrenez hurren etorri ziren krisiei esker, bazterturik geratu zen.[1]
Monumentuaren eraikuntza
aldatu1893eko ekaineko giroan jaio zen Foruen monumentuaren ideia. Ekainaren 4ko manifestaziotik bi egunera gutun bat argitaratu zuen Manuel Jimenok, "ideia bat" proposatuz: plaka bat kokatzeko Nafarroako Jauregiaren fatxadan, ekintzaren oroimenez. Egun eta espiritu berean, Fiacro Iraizotz idazleak monumentuaren ideia aireratu zuen: "Alegoria artistiko bat, monumentu apal bat", "eguratsean" altxatu eta haren aurrean urtero "Foruen jaia" egiteko; eraikuntzari dagokionez, "utikan subentzioak eta sakrifizio garestiak; ez ote da herriarentzako? Bada, herriak berak egin behar. Herri diru-bilketa eta denon gogo beroa, aski".[1]
Bederatzi egunen buruan eraturik zegoen batzorde bat, bere egin zituena bien ideiak eta lanean hasteko asmoz. Hilaren 16an plazaratu zituzten dena aurrera eramateko egin beharrekoak eta diru-bilketarako oinarriak: 25 zentimotik 25 pezetarainoko emaitzak egin zitzaketen penintsulako nafar guztiek, eta nahi adina diru talde kolektiboek, nola itsas haraindiko nafarrek; kolektak antolatzeko laguntza eskatu zien prentsari, hiriburuko dendari batzuei, probintzia osoko alkateei, parrokoei eta aisialdi-elkarte guztiei.[1]
Ekainaren 28an, Esteban Perez Tafallak bere kontuz eta poltsaz argitaratu zuen Nafarren Ohorezko Liburua, Gamazoren proiektuaren kontrako 120.000 nafarren sinadurak biltzen zuena. Edizio luxuzkoa izan zen, eta Nafarroako udal guztiei oparitu zitzaien tokian tokiko artxiboetan betiko gorde zezaten. Aldi berean, Tuterako eta herri askotako udalek deliberoa hartu zuten Foruen izena jartzeko karrika edo plaza garrantzizkoei, gaur egun edonon ikus ditzakegunak.[1]
Giro beroa bazegoen ere, diru-bilketa nahi baino motel eta apalagoa zihoan Manuel Martinez de Ubagok egindako proiektua aurrera eramateko. 1894ko uztailaren 3an jaitsi behar izan zituen batzordeak emaitza gutxienekoak "5 zentimora" eta mugarik gabe ireki gehienezkoak. 1895eko urtarrilean 40.000 pezeta omen zituen batzordeak, nahikoa ez, eta Diputazioari eta hiriburuko Udalari eskatu zien dirua jar zezatela. Egileak berak monumentua merkatzeko erreformak planteatu arren, bertze 30.000 pezeta lortu behar. Ez ziren oso azkar mugitu bi instituzioak, eta urrira arte ez zuten erabaki euren ekarpena, 10.000 pezetakoa Diputazioarena, 5.000koa Udalarena.
Lanak azaroan hasi ziren, Nafarroako jauregiaren aurrean, baina laster eta maiz gelditu behar izan zituzten diru faltagatik. Tartean, obrak oztopoak eta higiene-arazoak eragiten zituen karrikan, eta elkarrekiko kargu-eskaerak Udalaren, Diputazioaren, batzordearen eta arkitektoaren artean. 1898ko azaroan, Diputazioak bere gain hartu zuen lanen jarraipena, baina 1900ko martxoan berriro geldirik zeuden. El Eco de Navarra egunkari liberalak, ironia zorrotz eta gordinean, hauxe proposatu zuen: zimentarrien gain-gainean plaka bat jar zedila idazkun batekin: "Foruen aldeko gogo-uholdeak lorturiko maila".[1]
1902ko foru aurrekontuetan diru-partida bat jarri arte, ezin izan zuten eraikuntza lanetan segi. Honi esker egin ahal izan ziren monumentuko estatua osoak, 27.000 pezeta kostatu baitzuen Nafarroaren goiko alegoriak. Monumentua, guztira, 200.000 pezeta inguru. 1903ko urrian bukatutzat eman zuten arren, 1905 arte ez zituzten jarri bortz plakak, Hermilio Olorizek paraturiko testu foruzale eta euskaltzaleekin, hiru gaztelaniaz eta bi euskaraz.[1]
1909ko martxoan, Eustaquio Etxabe-Sustaeta Iruñeko alkateordeak Gazteluko plazaren erdialdera aldatzea proposatu zuen, eta urte horretako Sanferminetan inauguratzea. Baina lekualdatu eta inauguratu gabe geratu zen.[2]
Monumentua
aldatuForuen monumentua Manuel Martinez de Ubago arkitektoaren lehenbiziko lan garrantzitsua izan zen. 23,4 metroko luzera dauka, eta honako elementu hauek osatzen dute:[2]
- Oinarri pentagonalak bost mailadi ditu, eta haien artean, zutarrietan bermaturik, Nafarroako armarria sinbolizatzen duten kateak.
- Lehenbiziko gorputza, Almandozko haitzurdinez egindakoa, 5 metro garai eta 7 metro zabal da. Haren bost aldeetan, brontzezko xafletan, Nafarroaren askatasuna goraipatzen duten idazkunak daude, hiru gazteleraz eta bi euskaraz, hauetako bat iberiar karaktereekin eginda. Euskarazkoek hauxe diote:[3]
« | Gu gaurko euskaldunok, gure aitasoen illezkorren oroipenean, bildu gera emen gure legea gorde nai degula erakusteko. | » |
« | Guk, euskaldunok, ez dugunok beste jaunarik Jainkoa besterik, atzerritarrari ostatu gozoa eman ohi diogu, baina ez dugu bere uztarria jasan nahi. Entzun ezazue ongi, gure seme-alabok | » |
- Prisma pentagonal horren angeluetan, kapitelen gainean, bost alegoria sinbolizatzen dituzten estatuak daude: Historia (Klio musa), Justizia (ezpata eskuan duen emakumea), Autonomia (aingeru hegalduna, lemari eusten diona), Bakea (olibondo adarra duen emakumea, bularraren kontra martin arrantzale bat estutzen duena) eta Lana (mazoa eskuan duen arotza). Zati hau Angulemako harriarekin egin zen.
- Bigarren gorputza ere prisma pentagonala da. Harri zuriz eginik dago; zutabeetan Aizkorbeko marmol gorria erabili zen, eta brontzea kapiteletan. Aldeetan Nafarroako eta merindade historikoetako armarriak zizelkaturik ditu eta, horien azpian, hogei hiribildu eta herritakoak.
- Bigarren atalaren gainean marmol gorriko zutabe bat dago, kapitel zurikoa, eta, denen buru, bost metroko garaiera eta 5.000 kiloko pisua duen brontzezko estatua: Nafarroaren alegoria. Modu klasikoan jantzitako emakume bat da, jarrera adoretsu eta irmoa duena. Buruan erregina koroa darama, gerrian ezpata, eskuineko eskuan Nafarroako armarriko kateen zati bat, eta ezkerrekoan Foru Legea. Oin azpian zapalduta, berriz, almohadeen armarria eta turbante bat ditu, Antso Azkarrak Navas de Tolosako guduan lortutako garaipena gogora ekarriz. Jose Martinez de Ubagok, Manuelen anaiak, egin zuen eskultura. Modeloa Rosa Oteiza iruindar gaztea izan zen, Joserekin harreman sentimentala izan zuena.[4]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f g h i Serrano Izko, Bixente. Foruen monumentua: Ehun urte foru jauregiari gibela emanda. Argia, 2003ko abenduak 7, CC BY-SA 4.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-17).
- ↑ a b Azanza, José Javier. Foruen monumentua. esculturas.pamplona.es (Noiz kontsultatua: 2022-06-18).
- ↑ Nafarroa. kondaira.net (Noiz kontsultatua: 2022-06-18).
- ↑ (Gaztelaniaz) Giménez, Iván. (2010-12-19). «El rostro olvidado de los Fueros: Rosa Oteiza» Diario de Noticias de Navarra (Noiz kontsultatua: 2024-07-12).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Iruñea |