Bilboko itsasadarra Ibaizabalen urak eta Kantauri itsasoarenak batzen dituen itsasadarra da. Bilboko Abusu auzotik pasatuz eta Abrako golkorainoko tartea hartzen du ibai horretan, eta guztira 16 bat kilometroko luzera dauka. Itsasadarraren eskuinaldean, Erandio, Leioa eta Getxo udalerriak daude; ezkerraldean, Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi eta Zierbena. Itsasadarra Abrarekin elkartzen den tokian, ezkerraldean Muskizko haitzak daude, eta eskuinaldean Getxoko itsaslabarrak.

Bilboko itsasadarra
MotaEstuario
Geografia
Map
Koordenatuak43°22′N 3°03′W / 43.37°N 3.05°W / 43.37; -3.05
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
Hidrografia
Ibaiadarrak
Bilboko itsasadarra espaziotik ikusia

Izena aldatu

Bilbotar gehienentzat, batez ere erdaldunak direnentzat, baina baita ere euskaldun askorentzat, itsasadarraren izena Nerbioi (gaztelaniaz, Nervión) da. Hala ere, Euskaltzaindiak argitara emandako lanek garbi diote Ibaizabal dela Abran itsasoratzen den ibaiaren izen egokiena.

Izatez, mendez mende herriak erabilitako izena, bai euskaraz bai erdaraz, Ibaizabal izan zen XIX. mendearen amaiera arte. Besteak beste, Miguel Unamunok eta Bilboko alkatea izan zen Javier Ybarrak Ibaizabal deitzen zioten. Ikerketa batzuen ondorioz, egiaztatu zen Begoñako udalerriko biztanleek betidanik Ibaizabal esan diotela Urbi (Basaurin) eta Abusu (Bilbon) arteko tarteari. Hortik aurrera, bilbotarrek itsasadarra esaten zioten, besterik gabe. Abusu auzoaren izena bera ere, Ibaizabal izan zen garai batean. Jakina da Ibaizabal eta Nerbioi ibaiak Basaurin elkartzen direla, Urbi izeneko inguruan hain justu.

Euskaltzaindiak, arrazoi historikoez gain, geografiari lotutakoak ere hartu ditu aintzakotzat Ibaizabal izena hobesteko. Horietako bat ibaien norabideen menpekoa da: Ibaizabalek lerro zuzena egiten du, gutxi gorabehera, Durangaldetik Abraraino; Nerbioik, aldiz, ez. Mapan begiratuta, Nerbioi Ibaizabalen sartzen dela dirudi. Bestetik, Ibaizabalen arroa, gutxigatik bada ere, luzeagoa da Nerbioirena baino, eta Nerbioik baino ur-emari handiagoa dakar.[1]

Nerbioi izena XIX. mendean hasi zen indar hartzen, zenbait entziklopediatan batez ere. Haietan esaten zenez, Nerbioi zen izenik egokiena, herri xeheak Ibaizabal erabili arren. Gaur egun, Ibaizabal izena euskaldunek erabiltzen dute, baina haien artean ere oso zabalduta dago Nerbioi hitzaren erabilera, gaztelania zaindutik zabaldu den eragin horrengatik. Aldiz, erdaldunek nekez deitzen diote Ibaizabal Bilbo zeharkatzen duen ibaiari.[2]

Hidrologia aldatu

 
Bilboren eta Bilboko itsasadarraren ikuspegi orokorra.

Ibaizabalek Abusutik itsasoraino egiten duen ibilbidean, hainbat errekaren emaria jasotzen du. Erreka horietako batzuek, gainera, bokaletik gertu daudenez, itsasadar itxura dute era berean.

Erreka hauek dira:

  • Buiako erreka
  • Kadagua ibaia. Azpiadar hauek ditu:
    • Otxarango erreka
    • Artxola erreka
    • Gabekogorta erreka
  • Asua ibaia. Azpiadar hauek ditu:
    • Derioko erreka
    • Loiuko erreka
  • Galindo ibaia. Azpiadar hauek ditu:
    • Errekatxu erreka
    • Nozedal erreka
    • La Cuadra erreka
  • Gobela ibaia. Azpiadar hauek ditu:
    • Eguzkitza erreka
    • Udondo erreka

Uholdeak aldatu

Bizkaiko foru aldundiak, Bilboko itsasadarren ertzetako lurren uholde maila neurtu zuen. Honen arabera, itsasadarraren ertzetan uholde bat gertatzeko aukerak aztertu ziren, hauek gertatzen ziren gutxi gora beherako denbora tartea zehaztuz.

Azterketa honetan, uholdeak gertatzeko probabilitate gehien duten guneak, honakoak dira: Zazpikaleetako Bilboko auzoa, Uribitarte, Abandoibarreko tarte bat, Deustuko San Pedroren itsasadar ondoko gunea (Botika Zaharra), Zorrotzaurreren ekialdea, Kadagua ibaia Ibaizabal ibaiarekin batzen den gunea, eta Barakaldoko Burtzeña auzoa.

Itsasadarraren historia aldatu

 
San Anton eta Alde Zaharra

Bilboko itsasadarraren historia, Bilbon bertan hasi zen hiria sortu eta berehala, Ibaizabal ibaiaren alboetan kaiak eraiki ziren, hiriaren merkataritza nahiak asetzeko. Hiria garatuz joan zen bitartean merkataritza ere garatu zen, Gaztelako koroako gaiak Bilbotik irteten ziren Europako hainbat lekutara. Garai hartan Erriberako gunean baino ez zeuden kaiak.

Bilbok bezala, inguruko herri eta elizate batzuek ere merkataritza garatzeko nahi hori ere izan zuten, Abandoko Elizatea eta Portugaletek esaterako. XVIII. mendearen amaieran Abandoko Elizatea Bilbo aurkari izan ziren, eta Frantziaren inbasioaren aurretik Abando, "Pakearen Portua" izenekoa lortzeko zorian egon zen. Portu hau arerio latza izango litzateke Bilboren asmoetarako. Itsasadarraren kanpoaldean, Portugaleten eta Santurtzin, portu bana eraiki ziren.

Bilbok Abando anexionatu aurretik ere, Uribitarteko gune guztian zehar industria ezberdinak garatuak ziren, ontziolak esaterako. Dena dela, Bilbok Abandoko Elizatea anexionatzean azkartu egin zen portu jarduerak garatzeko prozesu hura. Industrializazioa azkarra gertatu zen XIX. mendearen erdi eta amaieratik aurrera. Itsasadar guztitik zehar fabrika eta industriak ezarri ziren, Barakaldo, Sestao eta Erandion, Bilbo udalerriaren mugez gaindi.

Espainiako Gerra Zibilaren aurretik, Deustuko Kanala eraikitzeko egitasmoa aurkeztu zen, gerrak ordea proiektua eten egin zuen. Dena dela, 1950eko hamarkadatik aurrera kanal artifiziala eraiki zen, ordura arte Deustuko orturik emankorrenak izan zirenetan. Bitartean itsasadarraren kanpoaldean, kai berriak eraiki ziren, eta 1960ko hamarkadan Santurtzin kanpoaldeko portu berria, Punta Luceroko kai berriarekin batera.[3]

Kutsadura eta 1983ko uholdeak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «1983ko uholdeak»

Jarduera industrial masibo hark, eragin latza izan zuen ingurugiroan. Ur zikin guztiak itsasadarrera botatzearekin batera, bertan bizi ziren arrain eta animalia guztiak hil egin ziren. 1950eko hamarkadan egoera okertuz joan zen eta itsasadarrak ondorengo hamarkadetan ageria izango zen kolore horia hartu zuen. Ur zikinez gain, mota askotako gai kimiko eta metal astunak ere jaurti ziren Ibaizabalera. Gai kutsagarri hauek ibaiaren hondoan eta itsasadarraren kanpoaldeko hondoan daude.

1970eko hamarkadaren amaieran argi zegoen neurriak hartzea beharrezkoa zela. Horrela, Bilbo Handiko Uren Partzuergoaren bitartez, inbertsio handiak egin ziren osasunbide sarea berriztu eta araztegiak eraikitzeko. Araztegirik garrantzitsuena, Galindon dago, Sestaoko udalerrian. 1983an uholdeek eragin latza izan zuten itsasadarreko bi aldeetan. Bilboko alde zaharrean kalte ekonomiko handiak izan zirelarik.[4] Bost lagun desagertu ziren.[5] Galera ekonomikoak 200 000 milioi pesetakoak izan ziren, horietatik heren bat Bilbon.[6]

Itsasadarra gaur egun aldatu

 
Uribitarteko gune berriztua

1990eko hamarkadatik aurrera kanpoaldeko portua handitzeko proiektua garatzen joan da. Portu berri horren eraikitzeak, itsasadar barruko hainbat gune berreskuratzea ahalbidetu du: Abandoibarra, Uribitarte eta, etorkizunean, Zorrotzaurre. Horrez gain, Bilboz kanpoko udalerriek ere onura atera diote portuko jarduerak kanpora ateratze horri, Barakaldok esaterako.

Etorkizunari begira, hainbat gauza geratzen dira egiteko. Oraindik, Sestao eta Erandioko abandonaturiko gune asko berreskuratu beharra dago. Horrez gain, Lamiakon Leioan, araztegi berri bat eraikiko da. Gaur egun itsasadarraren inguruan bizi ziren biztanleen ur zikinen %100 jasotzen da.

Museoa aldatu

Itsasadarretik ibilbidea aldatu

Portugalete eta Getxo aldatu

 
Bizkaia Zubia

Bilboko itsasadarrak badu sarrera ikusgarri bat, Bizkaiko Zubia. Portugalete eta Getxoko udalerriak batzen dituen zubi esekiak itsasadarrean barrena abiatzen diren itsasontziak agurtu izan ditu XIX. mendearen amaieratik. Itsasadarraren egitura klasista argi eta garbi ikus daiteke puntu honetan. Alde batetik, Getxoko etxebizitza baxu eta burgesak, eta bestetik Portugaleteko nahaste urbanistikoa. Langileria eta Espainiatik zetozen etorkinak egokitzeko ez zen behar besteko denborarik izan, eta horrela garapenkeriako gehiegikeriekin batera, inolako plangintzarik gabe eraiki ziren langileriaren auzoak.

Langileri izaera hori dena den, ez da Portugalete osoan ageri. Bizkaiko Zubiaren ondoko gunean, itsasaldearen eskuinaldeko etxebizitza eta jauregi burgesak ageri dira. Eraikin garrantzitsuenen artean, Puente Colgante hotel berria, eta La Canillako antzinako trenbidearen geltoki berriztua daude. Horrez gain, Benediktako kaian, Rialia museoa dago, itsasadarra, industria eta Portugaleteko historiari buruzko topagunea.[8]

Sestao aldatu

 
Portugaleteko udalerria

Itsasadarrean barrena eginez, Sestaoko udalerria dago, bertan oraindik antzinako industria astunaren oinordeko diren ACB eta La Naval enpresek diraute, itsasadarraren ondoan. Industria hauen gainean, muino batean kokaturik, Sestaoko udalerria, urbanistikoki Portugaleteren antz handia dauka Sestaok. Bien bitartean, aurrez aurre, Lamiako dago, ustiatu gabeko padura gune hau, Leioako udalerrian dago.

Lamiakon etxebizitza berriak ageri dira gaur egun, eta Bilboko metroaren geltokia. Leioako etorkizun urbanistikoan garrantzia handiko gunea izango da hau. Horrez gain, Galindoko araztegiaren lana errazteko Bilbo Handiko Uren Partzuergoak araztegi berria eraikiko du bertan.

Erandio eta Barakaldo aldatu

 
Erandio eta Barakaldo lotzen dituen barkua

Erandio, itsasadarreko klasismotik at dagoen udalerri bakarra da. Eskuinaldean kokaturik egon arren, bertako bizilagunak beti egon izan dira beste aldeko enpresetara lotuago. Pertsona horiek, barku txiki edo gasolinoek garraiatzen zituzten itsasadarraren alde batetik bestera. Garraiobide hau nahiko arrakastatsua izan zen XX. mende osoan zehar. Hala ere, industriaren gainbeherarekin batera, barku hauen gainbehera ere suposatu zuen, horrela, gaur egun zerbitzu hori eskaintzen duten bi barku baino ez daude, bata Portugaletetik Getxorako zerbitzua egiten duena, eta bestea Erandiotik Barakaldora.

Arrontegi Zubia, itsasadarreko bi aldeak errepidez batzen dituen azken puntua da, itsasoaren aurretik. 1970eko hamarkada hasieran eraiki zen azpiegitura hau, itsasadarretik 50 metrora altxatzen da. Barakaldon alde batera utzitako gune industrialak dira nagusi itsasadarraren alboan, Lutxana, eta Burtzeñan. Gune hauek pixkanaka berriztuz doaz, etxebizitza berriak eta parkeak eraikitzen ari baitira. Lehen industria nagusi zen tokietan, gaur egun zerbitzuek dute garrantzia guztia.

Bilbo aldatu

 
Zisneak Bilboko Itsasadarrean

Ondoren, itsasadarrari izena ematen dion Bilbon sartzen gara. Iparraldean, Zorrotzaurre eta Zorrotza daude. Orain dela gutxi arte Bilboko industria apurra biltzen zituzten hiriko bi auzoak. Dena den, Zorrotzaurren jadanik ez da inolako portu jarduerarik, eta Zaha Hadid arkitektoak auzoa berrizteko plan bat aurkeztu zuen 2004ean. Plangitza horren barnean, sei zubi berri eraikiko dira itsasadarreko bi aldeak batzeko.

Itsasadarrean barrena joanez, Deustura helduko gara, eta ondoren Abandoibarrera. Abandoibarraren aurrean Campo Volantina dago, antzina burgesiaren jauregiez betea zegoen alderdi hau, Bilbotarren aisialdirako gune garrantzitsua izan da XIX. mendearen amaieratik. Itsasadarraren ondoko guneen berriztapenarekin batera, zubi berriak eraiki dira, Pedro Arrupe pasabidea eta Zubizuri. Horrez gain, eraikin moderno berriak eraiki dira, Guggenheim Bilbao Museoa eta Euskalduna Jauregia.

 
Guggenheim Bilbao Museoaren inguruak

Uribitarten, hiriaren zilueta aldatu duten eraikin berriak daude, Isozaki Ateko dorreak. Hiriko eraikinik altuenetakoak dira. Hiriaren gune historikora ailegatzen gara orduan, Bilboko udaletxea, eta Areatzako parkera. Areatzako parkea, hiriko parke bakarra izan zen XVIII. mendean eraiki zen arte. Hartara gune hura "Bilboko hondartza" izan zen. Hortik datorkio Areatza izena.

Zazpikaleen alboan hiria sortzetik egondako portu jarduerez ezer gutxi geratzen da gaur egun. Horren ordez, pasealekuak eta bilbotarren gozamenerako oinezkoen alderdi berriak nagusi dira. San Antongo zubia gaindituta, itsasadarraren azkenengo zatia topatuko dugu. Abusuko auzoa Bilboko hegoaldean dago kokatua. Marea bizienek ere ez dute inoiz lortzen, auzo bereko Pontoiaren zubia gainditzea. Bertan itsasadarra, ibai bihurtzen delarik.

Fauna aldatu

Azken urteotako biziberritzeari esker, gero eta animalia gehiago topa ditzakegu inguru honetan.

Arrainei dagokienez, lupiak, mihi-arrainak, txitxarroak, muxarrak, barbarinak, aingirak, soldadutxoak, oilar eskuinak, korrokoiak eta hareatako zarboak bizi dira itsasadarrean.

Krustazeo artean, karramarroak, nekorak eta izkirak ditugu.[9] [10]

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. «onomastikaz» www.santurtzieus.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-25).
  2. «Ibaizabal itsasadarra: Ur garbiagoa zementuzko horma artean» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-10-25).
  3. (Gaztelaniaz) «Itsasadarra, Bizkaiko ardatz ukaezina» Bizkaia Talent (Noiz kontsultatua: 2020-10-24).
  4. (Gaztelaniaz) «El Gobierno estima en 554.343 millones las pérdidas por las riadas» El País 1983/09/01.
  5. (Gaztelaniaz) eitb.com. 30 años desde que Euskal Herria se ahogó. .
  6. (Gaztelaniaz) «La mayor catástrofe de Euskadi, las inundaciones de 1983, cumple 30 años» elEconomista.es (Bilbo) 2013-8-26.
  7. «Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa - Bizkaia.eus» web.bizkaia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-24).
  8. r01e00000ff26d465bca470b813ace4356db5b18d, r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f. (2005-05-30). «Portugaleteko Zubia» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-24).
  9. «Faunaren berreskurapena Bilboko itsasadarrean» Zientzia Kaiera 2020-09-21 (Noiz kontsultatua: 2020-10-23).
  10. «Albisteak eta Ekitaldiak - Zientzia eta Teknologia Fakultatea» www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-24).[Betiko hautsitako esteka]

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu