Vichyko gobernua

Vichyko[1] Frantzia, Vichyko erregimena edo Vichyko gobernua Frantzian 1940ko uztailetik 1944ko abuztura artean Frantziako Hirugarren Errepublika ordezkatu zuen gobernuari ematen zaizkion izenak dira. Bere buruari Frantziar Estatua (État Français) izena eman zion.

Frantziar Estatua
État français
1940 – 1944
Estatu autoritarioa

Frantziako bandera

Frantziako armarria

LocationVichyFrance.png
Geografia
Hiriburua Vichy
Kultura
Hizkuntza(k) frantsesa
Erlijioa Katolizismoa
Historia
Petain mariskalaren izendapena 1940
Frantziako askapena 1944
Aurrekoa
Flag of France.svgFrantziako Hirugarren Errepublika
Ondorengoa
Gobernu probisionalaFlag of France.svg
Petain eta Hitler, 1940ko urriaren 24an.

1940ko uztailaren 10ean Hirugarren Reichak Frantziako guduan Frantzia menderatzearen ondorioz, Biltzar Nazionalaren bozketa baten ondoren, Philippe Pétainek gobernu berria aldarrikatu zuen. Bozketa haren bitartez, Philippe Pétain Hirugarren Errepublikaren azken Lehen Ministroak (Président du Conseil) botere berriak bereganatu zituen, "Frantziar Estatuaren buruzagi" (Chef de l'État Français) bilakatzeko. Pétainek politika erreakzionarioa gidatu zuen, "Révolution nationale" izeneko mugimenduaren bitartez "Nazioa bere onera ekartzea" helburutzat zuena[2].

Alemaniar Wehrmachtak okupaturiko Frantzia iparraldean, tartean Ipar Euskal Herriko zati batean, Vichyko erregimenak nolabaiteko eragina zuen; hau da, lege alemaniarrenarekin kontraesanean ez zeuden bitartean, haren legeak oraindik indarrean zeuden. Vichyn hiriburua zuen hegoaldeko "alde askean", berriz, jaun eta jabe izan zen.

Pétainen gobernuak nahita kolaboratu zuen naziekin. Poliziak eta Miliziak (Milice) judu eta, alemaniarren ikuspegitik, "jendaila" zirenak harrapatzeko operazioak egin zituzten, bai iparraldean bai hegoaldean[3].

Charles de Gaulle jeneralak Pétainen gobernuaren legitimitatea zalantzan jarri, eta beretzat hartu zuen Frantziar gobernuaren jarraipena. Overlord operazioaren ondoren Aliatuek Frantzia konkistatu zutenean 1944ko ekainean, de Gaullek Behin-Behineko Gobernua (GPRF) aldarrikatu zuen. Abuztuaren 31n Paris askatu zutenean, GPRFek bertan kokatu zuen bere hiriburua eta Aliatuek 1944ko urriaren 23an GPRF onartu zuten Frantziako gobernu legitimotzat[4].

Aliatuek aurrera egin ahala, Vichyko buruzagi eta jarraitzaileek Sigmaringen-era ihes egin zuten, Alemanian. Handik, Fernand de Brinonek zuzenduriko erbesteko gobernua ezarri zuten, 1945eko apirilera arte iraun zuena. Harrapatutako kolaborazionistak GPRFek epaitu eta, asko, exekutatu egin zituen. Pétainek goi-mailako traizioa egiteagatik heriotza-zigorra jaso bazuen ere, azkenean, biziarteko kartzela jaso zuen[5].

HistoriaAldatu

1940an Wehrmachtak Frantziaren inbasioa burutu zuen, ekainerako Frantziako Armadaren desagertzea eraginez. Honen ondorioz, Philippe Pétain mariskala boterea hartu eta Alemaniari armistizioa sinatzea eskatzen dio. 1940ko ekainak 14an, Paris erortzean, frantziako gobernua Bordele hirian bildu zen eta bertan Paul Reynaud presidentearen dimisioa onartu zuen. Halaber, Pierre Laval aukeratu zen gobernu berri bat sortzeko. Honek bere aldetik Pétain ministro-kontseiluaren pesidente izendatzen zuelarik, "gobernuko botere guztiekin" armistizio bat sinatzeko Alemaniarekin. Izan ere, armistizio hau sinatzen ez bazen, Frantziak bake-baldintza gogorrakoak jasan beharko lituzke Alemaniaren partez.

Britaniarren ebakuazioak erresistentzia zailtzen zuen, eta frantziako armada ezin zuen alemaniakoa gelditu. Horrez gain, gobernua Aljeriara mugitzea eta bertan erresistentzia egitea proposatzen zuen plana baztertu egin zen. Ekainaren 17an, kongresuak eta senatuak botere guztiak eman zizkieten Laval eta Pétaini. Egun berean Charles de Gaulle generala, Defentsako ministrordea, Erresuma Batura ihes egin zuen bakearekiko errefusa adierazteko. Gobernu berriak hasieratik jarri zuen politika kolaborazionista bat, armistizioarekin hasiz, Erresuma Batua eta bere koloniak bakarrik uzten zituela Alemaniaren aurka gudan.

Armistizioaren ondorioz, alemaniak Frantziako iparraldea okupatu zuen, Paris barne, bai eta kosta atlantiko osoa, horren barruan Ipar Euskal Herriaren zati bat. Okupazio honek frantziako %60 hartzen zuen, eta bertan Wehrmachtak zeukan boterea, nahiz eta ofizialki Petainek frantzia osoaren gaineko agintea zeukan. Beste lurralde-aldaketak Alsazia eta Lorrena izan ziren, Alemaniak anexionatu zituena; eta Nord-Pas-de-Calais, Belgikako gobernu militarrak zuzenduko zuena.

Hiriburu berri bat bilatzerako orduan, hiru hiri nagusi zeuden: Bordele, Lyon eta azkenik Vichy. Lehengoa alemaniaren zonaldean zegoen eta Lyon (gune librearen beste hiri handia) sozialisten egoitza zen. Vichy berriz, hiri txikiagoa izan arren, hotel ugari zituen, gobernuaren administrazioak kokatzeko erabili zirenak, eta gainera oso ondo konektatuta zegoen telefonikoki eta telegrafikoki gainerako Frantziarekin. Hala ere, nabarmendu behar da Vichy ez zela inoiz hiriburu ofiziala izan, aldi baterakoa bakarrik.

Vichyko gobernuaren kolaborazionismoaAldatu

« Alemania borroka izugarri baterako prestatu da eta bere gazteen odola isuriko du, Europa boltxebike bihurtzetik babesteko, prozesu horrek gure kulturaren oinarriak erabat suntsituko bailituzke.

Jakinarazi nahi dizuet Frantziako gobernuak ez duela axolagabekeriaz jokatuko zuen herrialdea borondatez egiten ari den sakrifizio itzel horren aurrean, eta (...) esan nahi dizuet, bat-batean eta argi, Frantzia prest dagoela zuen ahaleginei laguntzeko (...).

»
Pierre Lavalen gutuna Von Ribbentropi, 1943ko maiatzaren 12a

Erlazio diplomatikoak AliatuekinAldatu

1940 eta 1942 artean, herrialde askok mantendu zuten ordezkaritza diplomatikoa Vichyn, Pétainen erregimenarekin kontaktua mantentzeko. Ardatzeko potentziak eta herrialde neutraletaz gain, Ameriketako Estatu Batuak ere erlazio diplomatikoak mantendu zituen 1942ko azaroak arte.

Erresuma Batuarekin erlazioak ofizialki 1940ko uztailean apurtu ziren Churchillek Mers el-Kebiren(Aljeria) kokatuta zegoen flota erasotzea agindu zuenean. Izan ere, beldur ziren frantziako itsas-armada alemaniarren menpe geratzea. Hala ere, nahiz eta erlazioak moztu Erresuma Batuak ez zuen ezagutzen Vichyko erregimena Frantziako legezko gobernu gisa.

Britainiar koloniei dagokiela, Kanadak bere enbaxadorea matendu zuen, britainiar gobernuak eskatuta, honek komunikazio bide bat mantendu nahi baitzuen oraindik ere frantziako gobernuarekin. Australiak berriz aldi berean mantendu zituen erlazioak Frantzia Askea eta Vichyko erregimenarekin 1942ko azaroak arte.

Azkenik, bi superpotentziek: Ameriketako Estatu Batuak eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak, beraien erlazio diplomatikoak mantendu zituzten momentu batera arte. Lehenengoak prebentzio gisa, Pétainek kontsezio gehiago egiten ez zituela ziurtatzeko. Bigarrenak berriz Molotov-Ribbentrop Itunari ohore eginez diplomazia mantendu zuen, alemaniak Bizargorri Operazioa burutu arte.

ErreferentziakAldatu

  1. viʃi
  2. Jackson, Julian T.. (2001). France: The Dark Years, 1940-1944. Oxford University Press ISBN 0-19-820706-9..
  3. Weisberg, Richard H.. (1988). Vichy Law and the Holocaust in France. New York University Press ISBN 0-8147-9336-3..
  4. Azéma, Jean-Pierre; Bedarida, François. (1996). Vichy et les Français. Fayard.
  5. Lottman, Herbert R.. (1984). Pétain. Seuil ISBN 2-02-006763-3..

Kanpo estekakAldatu