Pastoral
- Artikulu hau Zuberoako herri-antzerkiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Pastoral (argipena)».
Pastorala Zuberoan egiten den herri-antzerkia da, kanpoan, herriko plazan, hartarako nahita jarrita dagoen antzeztoki edo triate baten gainean ematen dena. Antzezpena, hasieratik amaiera arte bertsoz kantatzen da, Zuberoako euskaran.
Duela gutxi arte, edo herriko gizonezkoek bakarrik, edo, gutxiagotan, herriko emakumezkoek bakarrik antzezten zuten, baina azken urte hauetan gizon-emakumeek parte hartzen dute haietan. Antzerki emanaldia, berez, süjeta edo pertsonaia nagusi baten bizitzan oinarritzen da eta gaiztoen eta onen arteko borroka baten arabera egituratua da.
Seguru aski Erdi Aroko antzerkian du jatorria, nahiz eta lehen idazkiak XVII. mendekoak izan. Horrek adierazten du ahozko literaturan garrantzi handiko adierazpidea zela. Lehenagoko aipamenak dauden arren, zalantzarik gabe datatutako pastoralik zaharrena "Sainte Elisabeth de Portugal" da, 1750ean Eskiulan antzeztu zena[1].
Urtero Zuberoako herri bati egokitzen zaio udan pastorala bi alditan antzeztea.
Historia
aldatuZuberoako herri teatroan maskaradak eta pastoralak (edo trajeriak) bereizten dira. Haiez gainera, halere, izan dira lehenago, antzezmoduaren aldetik pastoralen antz zerbait zuten baina irri eginarazteko eginak ziren inauterietako fartsak (Bacchus, Pansart), eta xaribari gaietako fartsa laburragoak (Kaniko eta Beltxitine, Xiberua eta Martzeline,…). Hauek, ordea, aspaldi honetan ez dira antzezten, eta ez dute segidarik izan.
Ikertzaile gehienen arabera pastoralak Erdi Aroko Europako misterioen urruneko hondarrak dira, ziurrenik ere, zeharka, Frantziako nekazari antzerkiaren bidez Zuberoara helduak. Ez dirudi Zuberoatik kanpo antzerki mota horrek sekula errorik egin duenik Euskal Herrian, eta ez da argi noiz hasi zen Zuberoan. Lekukotasun segur bakarrak eta eskuizkribu zaharrenak XVIII. mendekoak dira. Oihenartek, 1665ean frantsesez egindako idazlan batean, Joanes Etxegarai izeneko pastoral idazle bat aipatzen du. Apaiza omen zen, eta "Artzain gorria" bertsotan egindako pastorala idatzi omen zuen, Donibane Garazin XVI. mendearen erdialdean eman izan zena. Ez da batere segur, ordea, Oihenartek pastoral hitza erabiltzen zuelarik, Zuberoako pastoralak bezalako antzerkiak gogoan zituela, frantsesez pastorale hitza asko moldetara erabilia izan baita letra gaietan XVI. eta XVII. mendean. Berdin gertatzen da "Saint Jacques" pastoralaren eskuizkribu batekin. Hartan 1634. urtea irakurtzen dute zenbaitek, baina beste batzuek dudatan ematen dute irakurketa hori, eskuizkribua XIX. mendekoa izanik, haren bukaeran ageri den zenbakia ere kopistak pastorala jokarazi zuen urteari dagokiola, eta egiatan 1834 dela, baitiote.
Horiek horrela, eztabaidak badira oraindik, Zuberoako pastoralak noiz hasi ziren finkatzerakoan. Batzuek türk deiturak gogora ekarrarazten dituen historiako garaiak kontuan edukiz, Mendebaldeko Europa oraino turkiarren beldur zen denbora, alegia, XVI. mendea bederen, aipatzen dute. Beste batzuek, aldiz, dokumentu seguretan bakarrik fidatu nahiz XVIII. mendean gelditzen dira, edo hortik ez gehiegi urruntzen. Georges Hérelle ikertzaileak egin zituen XX. mendearen hasieran pastoralei buruzko azterketa sakonak, eta hari esker aski ongi ezagutzen da nola ematen ziren duela ehun urte pastoralak. Nahiz eskuizkribu askotxo gelditu den (berrogeita hamar obra baino gehiagori dagozkienak), pastoral testu gutxi argitaratu da osorik orain arte ("Saint Julien d’Antioche" joan den mendean, "Charlemagne" 1991n, "Edipa" eta "Sainta Catherina" 1996n, eta zenbait fartsa). Pastoral zahar gehienek gai erlijiozkoa zuten, eta Bibliako pertsonaietan edo santuen tradizioan oinarritzen ziren ("Abraham", "Moise", "Saint Jacques", "Hélene de Constantinople", "Sainte Marguerite"). Beste sail bat osatzen zuten zaldun kantuak edo pertsonaia historiko fama handiko batzuk aipatzen zituzten pastoralek ("Aymonen laur semiak", "Robert le Diable", "Clovis", "Roland", "Napoleon"…).
Azken gerraren ondoren, Etxahun-Irurik berpiztu zituen pastoralak, bederatzi pastoral berri idatzi eta emanarazi zituelarik. Euskal gaiak erabiltzea, hizkuntza sotila eta kantuei leku zabalagoa ematea dira Etxahun-Irurik ekarri zituen berrikuntzarik garrantzitsuenak. Junes Casenavek ere eragin handia izan du pastoralen bilakaeran. Berak idatzitako obretan euskara jasoa erabiltzen da, historia ongi dokumentaturik dago eta bertsoen metrika finkoa da. Haren ondorengo pastoral idazle gehienek bide bera hartu dute[2]. Honi esker, era askotako aldakuntzak gertaturik ere, tradizioarekin egiazki hautsi gabe bizirik segitzen du Zuberoako herri antzerki mota berezi horrek, eta idazle berriek obra berriak idazten dituzte.
Pastoral berriek, zaharrekin erkatuz, dituzten bereizgarri nagusien artean hauek aipa daitezke:
- egilea badute
- testua aurreko garaietan ez bezala zaintzen duena. Lehen ez zen egilearen noziorik ere, eta testuak ez ziren lantzen. Errejentak (pastoraletako zuzendari eta testu antolatzailea) eta jokalariek nahi bezala alda zitzaketen.
- bertsetak neurtuak dira. Lehen neurri librekoak ziren, eta horrela ontzen zituen oraino Etxahun Irurik.
- oraingo antzerkiak askoz laburragoak dira, arratsalde batean emateko modukoak. Lehen egun guztia irauten zuten.
- jokalariak gizonak eta emazteak dira. 1980 arte, edo denak emakumeak, edo denak gizonak ziren arizaleak, lehen esan bezala. Etxahunek idatzitako "Ximena" (1979) izan da neskatilek soilik jokatu duten azken pastorala.
- lehenago ez bezala gaiak maizenik Euskal Herriko pertsonaietan oinarritzen dira pastoral berrietan.
Ezaugarriak
aldatuGaia
aldatuPastoralen gaiek bi denbora tarte bereizten dituzte, 1950. urtea mugarri izaki. Urte hortaraino, antzezpenak gai erlijioso (santu edo bibliako pertsonaietan oinarrituak) edo politiko-militarrak (Frantses estatukoak) izaten ziren. Etxahun-Irurik baina, pastoralak irauli zituen Euskal Herriko gaiak baliatzen hastean. 1950. urtetik aurrera beraz, euskal historian pisua izan duten pertsonaien inguruan egin ohi dira. Adibidez, Etxahunen bederatzi pastoraletarik zortzik euskal gaia dute: "Etxahun koblakari" (1953), "Matalaz" (1955), "Berterretch" (1958), "Antso Azkarra" (1963), "Le Comte de Tréville" (1966), "Chiquito de Cambo" (1967), "Pette Beretter" (1973). Gauza bera esan daiteke azken urteetan beste idazleek idatziriko pastoral jokatuez. Besteren artean, "Santa Kruz" (1992, Junes Casenave), "A. d’Oihenart" (1985, Allande Agergarai), "Abadia Urrüstoi" (1990, Jean Louis Davant), "Harizpe" (1992, Pier Paul Berzaitz), "Xalbador" (1991, Roger Idiart) eta "Telesforo Monzon" (2011, Johañe Bordaxar) ditugu. Lehenagoko pastoral ontzaileek, aitzitik, erdarazko herri literaturatik ateratzen zituzten pastoral gaiak, eta horregatik frantsesezko deitura batez aurkeztu ohi zituzten beren obretako pertsonaiak.
Gaiaren aukeraketa bi modutakoa izan daiteke. Posible da herriak gai bat aukeratu eta norbaiti horri buruz idaztea eskatzea edo eta idazle batek pastoral bat idatzi eta herri bati eskaintzea.
Dualismoa
aldatuMundu dualista bat irudikatzen da. Pertsonaiak onak edo gaiztoak dira.
- Pertsonaia onak: khirixtiak, beti heroia eta haren ingurukoak, etxekoak-eta, izaten dira.
- Pertsonaia gaiztoak: turkoak (türkak), frantsesak edo ingelesak izaten ziren. Bai eta espainolak ere.
Horiez gain pertsonaia zerutiarrak, guztien gainetik daudenak: aingeruak, apaizak, Jainkoa (hau ez da inoiz agertzen, norbaiten ahotsa bakarrik entzuten da)...
Eszenatokia
aldatuEszenatokiak urteen poderioz (eta arrakastaren ondorioz), txikiak izatetik, guztiz prestatuak izatera pasatu dira. Handiak, pasarelekin, harmailez inguratuta...etab. Hasiera batean elizetan ospatzen ziren antzerkiak, baina ematen zen narrazio gordinengatik eraikinetik kanporatua izan zen.
Antzeztokiaren atzean hiru ate ageri dira. Bata, ikusleen ezkerreko aldean jarria dena, onen edo khirixtien alderdiko pertsonaiena da, eta kolore urdina dagokio. Bigarren atea, ikusleen eskuineko aldean dena, gaizto edo türken alderdiarena da, eta kolore gorria dagokio. Honen gainean deabru irudia duen zurezko panpina bat izan ohi da. Azken atea erdian dago, eta zuria da. Antzeztokiaren gainean eraikitako etxola moduko aterpe batean, musikariak egoten dira.
Antzezlanaren egitura
aldatuPastoralen aurretik, munstra egin ohi da. Munstra, inguruko auzo eta herrietan egiten den deialdi bat da, pastoralaren egunean edo aurrekoan.
Antzezlanak, 3-4 oren irauten ditu, eta ondorengo egitura dauka:
- Lehen pheredikia: hitzaurre bat ematen da, agur egin eta aurkeztuko den lanaren edukia aurreratuz eta azalduz.
- Jelkhaldiak: pastorala bera. Antzespen zatiak dira, eszenak. Bakoitzak egoera, pasadizo edo gertakari bat aurkezten du. Batzuk tradiziozkoak dira, eta ia beti agertzen dira, hala nola artzainena, gudua, hala denean, ezkontza, heriotza... Eliz pertsonaiak ere, apezkupia, ainguriak, ez dira falta izaten, ez eta ere satanak deiturikoak, istoriotik kanpoko iruzkinen ekarle. Zuberoako dantzez osatzen dute beren agerraldia.
- Azken pheredikia: eskerrak eman, pastoralaren mezua laburbildu eta azken agurra ematen da.
- Azken kantorea: gehienetan, herriaren goraipatzeko esker-kanta batek ematen dio amaiera pastoralari.
Antzezlana publiko aurrean birritan errepikatzen da, eta aurretik entseguak edo mustrakak egiten dira.
Musika
aldatuEgun, musika talde oso batek zuzenean jotzen duen arren, lehenago txirula eta atabalaren hotsek soilik laguntzen zituzten pastoralak. Urteetan zehar hainbat berrikuntza sartu izan dira, eta adibidez 1991ko Harizpe pastoralean, sintetizadorea sartu zuen Pier Paul Berzaitzek.
Kantua
aldatuKantua da pastoralaren ezaugarri nagusienetakoa, bertsoek osatzen baitute antzerki osoa. Testua liburuetan biltzen da, ikusleek eskura izan dezaten. Liburuxkan euskara batuan ere gehitzen dira xiberotar zenbait hitz, eta frantsesez ere egoten da itzulita. Kantu gregorianoek garrantzi handia zuten lehen, pertsonaiak eszenatokira sartu eta irteten ziren bitartean[3]. Lehengo pastoraletan ematen ez zen beste ezaugarri bat, koruek abesten dituzten kantak dira. Etxahun-Iruri aitzindaria izan zen koruei pisu handiagoa ematen, aitzinetik bizpahiru kantu abesten baitzituzten, eta latinez[2].
Dantza
aldatuDantzak ere garrantzia du pastoraletan, eta urtez-urte ematen zaion pisua aldakorra den heinean, berritzailea ere izan da. 2011n Larrainen egindako pastoralean adibidez bi bandoen (batzuetan haien artekoak) dantzez gain, dantza modernoagoak tartekatu ziren.
Antzezleak
aldatuAntzezleak, pastoralaren kargu dagoen herrikoak izaten dira orokorrean, bertako auzoetako edo batzuetan (jende gutxiko herrietan) alboko herrietako jendeaz lagunduta. Aitzina, soilik gizonezkoak ziren, eta emakumeen paperetan ere mozorrotutako gizonezkoek jarduten zuten. Egoera hori Junes Casenaveek idatzitako Santa Engrazi pastoralarekin, 1976an aldatu zen; urte horren uztailaren 27an, lehen aldiz emakumeek abesbatzan parte hartu zuten. [4]
Pastoralen zerrenda
aldatuXVII. mendeko pastoralak
aldatuUrtea | Herriak | Izenburua | Idazlea |
---|---|---|---|
1634 | Atharratze | Saint Jacques |
XVIII. mendeko pastoralak
aldatuXIX. mendeko pastoralak
aldatuXX. mendeko pastoralak
aldatuXXI. mendeko pastoralak
aldatuTradizioaz gaindiko pastoralak
aldatuZuberoako urteroko herri-tradizioan egindako pastoralez gain, euskal antzerkigileek idatzi izan dituzte moldez pastoralaren egitura duten lanak, hala nola Piarres Lartzabalek[12].
Beste kasu batzuetan, moldeari jarraitu zaio baita antolakuntzan ere, bereziki XXI. mendean: Zuberoaz gaindiko euskal lurralde batzuetako herri edo elkarteak batu izan dira pastoralak egiteko. Esate baterako, Joxemiel Bidador zenari eskaini zioten Bidador pastorala Iruñeko hainbat lagunen artean[13], eta Portugaleten, Bizkaia Zubiaren 25. urteurrena ospatzeko ere Zubia izeneko pastorala egin zuten[12].
Bibliografia
aldatu- Patri Urkizu: "Teatro vasco", Teatro y cine vasco liburuan. "Euskal Herria Emblemática" bilduma, Lasarte-Oria: Etor-Ostoa, 2002. 8-100 or.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/8/16 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Jean-Louis DAVANT: Pastoralaren historiaz (I/II) Euskonews.com
- ↑ a b Jean-Louis DAVANT: Pastoralen historiaz (II) Euskonews
- ↑ Pastorala Hiru.com
- ↑ http://www.euskonews.eus/0521zbk/gaia52103fr.html
- ↑ SL, TAI GABE DIGITALA. (2020-04-17). «‘Abdelkader’ pastorala urtebete atzeratzea erabaki dute» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-08-09).
- ↑ Sokarros, Allande. Eguzkiak euria irauli egin zuen. Berria egunkaria, 2019ko uztailak 30, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-08-04).
- ↑ Karmen Etxalarkoa pastorala. karmenetxalarkoapastorala.eus (Noiz kontsultatua: 2017-08-14).
- ↑ Sokarros, Allande. Nafarroa saldu lehenik, eta defendatu ondoren. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-08-14).
- ↑ Katalina de Erauso pastorala). katalinapastorala.eus (Noiz kontsultatua: 2016-03-15).
- ↑ Joxemiel Bidador pastorala. bidadorpastorala.wordpress.com (Noiz kontsultatua: 2016-03-15).
- ↑ Arbelbide, Nora. Frantsesez pentsatua. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2016-03-14).
- ↑ a b «Piarres Larzabal: Pastorala antzeko antzerkiak» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
- ↑ aritz. Bidador pastorala: auzolanean uxatu dugu betiko agorraldia. (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Pastoralak, pastoralen zerrenda eta hainbat testu oso Suazia.com
- Pastoralak eta zenbait testu Berria.info
- Pastoralaren inguruko informazioa eta argazkiak Eke.org
- Pastoral xiberotarra. Artxiboa eta argibide. Bilketa.eus
Pastoralaren historia
- Jean-Louis DAVANT: Pastoralen historiaz (I) Euskonews
- Jean-Louis DAVANT: Pastoralen historiaz (II) Euskonews
- Pastoral Euskaltzaindia.net
- Jean HARITSCHELHAR: Frantziako historia pastoraletan
- Gorka AULESTIA:Pastoralen historia.[Betiko hautsitako esteka]
Pastoralei buruzko artikuluak
- Jean-Louis Davant: Hiri pastorala? [1]
- Jean-Louis Davant: René Cassin pastorala [2]
- Jean-Louis Davant: Antso Handia pastorala [3]
- Jean-Louis Davant: Pastorala frantsesez? [4]
- Jean-Louis Davant: Pastoralaren egiazko aldaketa [5]
- Joseba Aurkenerena: Belagileak. Ttittika Rekalten bigarren pastorala - 1 [6]
- Joseba Aurkenerena: Belagileak. Ttittika Rekalten bigarren pastorala - 2 [7]
- Joseba Aurkenerena: Attuliren Xahakoa eta Keheilleren pastorala [8][Betiko hautsitako esteka]
- Joseba Aurkenerena: Monzon eta Orhipeko pastorala [9][Betiko hautsitako esteka]
- Joseba Aurkenerena: Jose Mendiaga Arrokiagako pastoralean [10][Betiko hautsitako esteka]
- Joseba Aurkenerena: Xiberoko Jauna pastorala [11][Betiko hautsitako esteka]
- Joseba Aurkenerena: René Cassin pastorala [12][Betiko hautsitako esteka]
- Joseba Aurkenerena: Alienor pastorala [13][Betiko hautsitako esteka]
- Joseba Aurkenerena: Gerezien denbora pastorala [14][Betiko hautsitako esteka]
- Joseba Aurkenerena: Petti Buhame pastorala [15]
- Joseba Aurkenerena: Pierra Lhande pastorala, hautu txar baten malura [16]
- Joseba Aurkenerena: Jean Pitreau pastorala. Borrokalari baten onarpena [17]
- Joseba Aurkenerena: Katalina Erauso pastorala. Gure historiako ardi beltza. [18]
- Joseba Aurkenerena: Joanikot pastorala, gure historiaren zurrunbiloetan. [19]
- Joseba Aurkenerena: Karmen Etxalarkoa pastorala [20]
- Joseba Aurkenerena: Belako Zaldüna pastorala. [21]
- Joseba Aurkenerena: Andere Serora pastorala,Herensugea beti bizirik. [22]
- Joseba Aurkenerena: Domingo Garat pastorala. [23]
- Joseba Aurkenerena: Urdiñarbeko Sibastarrak pastorala. [24]
- Onintza irureta Azkune: Katalina Erauso pastorala. Pertsonaia gordea oholtzan. [25]
Elkarrizketak, hitzaldiak
- Pier Paul Berzaitzi 1992an Argian egindako elkarrizketa
- (Frantsesez) Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiak Biarritzeko mediatekan 2008ko agorrilaren 14an eman zuen hitzaldia
Bideoak: