Elhuyar Fundazioa
Elhuyar Fundazioa zientzia eta teknologia gizarteratzen eta euskararen garapena bultzatzen diharduen elkarte bat da, 1972an jaioa. Kultura elkarte gisa egin zituen lehen urratsak, Elhuyar Kultur Elkartea izenarekin, eta 2002an fundazio bihurtu zen.[1] Donostiako Goi Mailako Ingeniaritza Eskolan ibiliak ziren eta zebiltzan euskaltzale batzuek sortu zuten, beren gaiak euskaraz landu nahi zituztelako. Izena, berriz, Elhuyar anaien omenez jarri zioten elkarteari.[2]
Elhuyar Fundazioa | |
---|---|
Datuak | |
Mota | argitaletxea eta fundazioa |
Herrialdea | Espainia |
Erabilitako hizkuntza | euskara |
Agintea | |
Legezko forma | elkartea |
Historia | |
Sorrera | 1972 |
elhuyar.eus |
Irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta diru iturri hauek ditu: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkinak.[1]
Elhuyar taldearen barruan, fundazioa ez ezik, bi sozietate mugatu ere badira:[3]
- Elhuyar Aholkularitza.
- Eleka Ingeniaritza Linguistikoa: makinen eta pertsonen arteko komunikazioa ahalbidetzen duten teknologiak garatzen dituzte, hainbat arlotan (itzulpengintza automatikoa, itzulpengintza laguntzeko tresnak, testu zuzentzaileak, Interneteko bilatzaileak eta sare semantikoak, euskaraz lan egiteko aplikazioak, hiztegiak, adimen lehiakorra, hizketa-teknologia).[4]
HistoriaAldatu
SorkuntzaAldatu
Elhuyar Taldea 1972an sortu zen. Nafarroako Unibertsitatearen Donostiako Goi Mailako Ingeniari Eskolaren EKTan ibilitako ikasle batzuek euskara zientzia eta teknikarako egokitzeko asmoz Elhuyar Taldea sortu zuten. Izena Elhuyar anaiengandik jarri zioten taldeari, anaia biek 1783. urtean Bergarako egonaldian Wolfram elementu kimikoa bereizi zutelako.
Elhuyar taldearen abiapuntuko kide horiek Luis Mari Bandres, Juanjo Gabiña, Jesus Mari Goñi, Andoni Sagarna eta Mikel Zalbide izan ziren. Zientziarako erabilgarri izango zen euskara-eredua eta terminologia lantzen zuten, hots, prosa eta lexiko zientifikoa.
Garai horretan euskarazko irakaskuntza orokorreko irakas materialaren falta handia zegoen. Langintza horretan abiatzeko bidea Elhuyar taldeak lankidetzan zabaldu zuen Hiazinto Fernandorena eta Jose Ramon Etxebarriarekin. Talde-lanean idatzi zuten Haizeak, euria eta klima izeneko liburua, irakaskuntza orokorreko prestaturiko lehenengo irakasmaterialetako bat. Egileen artean hauek zeuden, besteak beste, hauek: Luis Mari Bandres, Iñaki Azkune, Andoni Sagarna, Pedro Miguel Etxenike, eta Mikel Zalbide.[5]
Kideek larunbateko mintegietarako prestatzen zituzten lanak zabaltzeko, zein beraien artean adostutakoaren probaleku gisa, Elhuyar aldizkaria sortu zuten. Aldizkariaren lehen zenbakia 1974ko irailean kaleratu zen, RSBAPen legezko babesari esker, eta RSBAPen babesa izan zuen harik eta Elhuyar taldeak 1981. urtean kultur elkartearen estatutuak onartu zuten arte.[6]
Elhuyar Fundazioaren produktu nagusiakAldatu
- itzultzailea.eus itzultzaile automatiko neuronala bost hizkuntza lantzen dituena (ingelesa, frantsesa, espainiera, galegoa, eta katalana)[7]"itzultzailea.eus" itzultzaile automatiko neuronalaren webgunearen pantaila-argazkia, euskaratik gaztelaniara berriako albiste bat itzultzen.
- Hiztegiak:
- Elhuyar hiztegia. Euskara-gaztelania / Castellano-vasco[8]
- Elhuyar Ikaslearen Hiztegia
- Dictionnaire Elhuyar hiztegia Euskara-frantsesa / Français-basque
- Elhuyar dictionary hiztegia. Euskara-ingelesa / English-Basque
- Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa
- Norteko Ferrokarrila irratsaioa, zientziaren dibulgazioaz Euskadi Irratian. Gulllermo Roak dinamizatu eta aurkezten du
- Teknopolis telebista-saioa, zientziaren dibulgazioaz Euskal Telebistan
- Eskola liburuak
- Dibulgaziorako liburuak eta multimedia lanak
- Elhuyar zientzia eta teknika aldizkaria
Elhuyar Fundazioa eta WikipediaAldatu
Elhuyar Fundazioak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako laguntzak baliatuz, euskal wikipediaren edukia aberasteko bi proiektutan parte hartu zuen, 2011. eta 2012. urteetan:
2011: Lur hiztegien edukiarekin Wikipedia aberasteaAldatu
2010ean, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak erabaki zuen Lur hiztegi entziklopedikoaren eta Lur entziklopedia tematikoaren edukiarekin euskarazko Wikipedia aberastea, Jaurlaritzarenak baitira hiztegi horien jabetza eskubideak.[9] Lehiaketa publikora atera zuen lan hori 2011. urtean, eta uztailean argitaratu zen Elhuyar Fundazioak irabazi zuela eduki horrekin euskal wikipediako 11.000 artikulu sortu edo osatzeko kontratua. Lehiaketa publiko horren bidez, Jaurlaritzaren helburua hau zen:
« | Euskarazko eduki entziklopediko berriak sortzeko, jadanik existitzen diren eduki entziklopedikoak egokitzeko eta eduki guzti horiek euskarazko wikipedian sartzeko behar den aholkularitza eta laguntza teknikoa kontratatzea. | » |
Halaxe, zenbait wikilarirekin batera Elhuyar Fundazioak egindako lanari esker, 11.015 sarrera landu ziren, helburua baino 15 sarrera gehiago. Sarrera horietatik, % 80 (8.785 sarrera) berriak ziren, hau da, lehendik euskal Wikipedian ez zeudenak, eta % 20 (2.230 sarrera) lehendik Wikipedia honetan sarrera ziren (xehetasun gehiago, Lur Hiztegiak Wikipediaratzeko Lantegiaren orrian).
2012: euskal Wikipedia aberasteko proiektuaAldatu
Aurreko urtean bezala, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskal wikipediako edukia aberasteko beste proiektu bat abiatu zuen, eta Elhuyar Fundazioak bideratu zuen lana. Orduko hartan, ordea, 2011. urtean baino askoz murritzagoa zen diru kopurua, eta proiektuaren helburua 1.000 artikulu edukiz hornitzea zen. Irailean, lehenengo urrats gisa, 278 artikulutan txertatu zen edukiren bat; eta abenduaren 15ean bukatu zuten gainerakoak osatzen, guztira 1.001 artikulu edukiz aberastuta (Sailburuordetzak kontratuz eskatu zuena baino bat gehiago). Proiektu haren barruan landutako artikuluak kategoria honetan sartuta daude.
Sariak eta aitormenakAldatu
Elhuyar Fundazioak, zientziaren dibulgazioan eta hizkuntza normalizazioan egiten duen lana dela eta, hainbat sari jaso ditu. Hona hemen azken urteotan jasotakoak:[10]
- 2020: STEAM Euskadi saria, Elhuyar Zientzia Azokarengatik, STEAM alorrean hezkuntzako ekimenik berritzaileenaren kategorian.[11]
- 2009: Euroscience Media Awards sarietan, Johnson & Johnson popular science TV Award saria, Teknopolis telebista saioari, zientzia dibulgazioaren Europako telebista saiorik hoberena izateagatik.
- 2006: El Correo Digital saria, Zientzia.net webguneari, aisialdi eta zerbitzu web onena izateagatik.
- 2006: Tecnaliaren III. Kazetaritza Sarirako accesita, Teknopolis telebista saioari.
- 2006: Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza Sailaren saria, Teknopolis telebista saioari.
- 2005eko eta 2006ko Rikardo Arregi Kazetaritza Saria: izendapen berezia, Elhuyar zientzia eta teknika aldizkariak plazaratutako «Erraustegiak sutan» dossierrari; eta 2006an, Elhuyarko kazetari taldeari.
- 2002: Robotiker saria, Teknopolis telebista saioari.
- 2002: Sareko Argia saria, Zientzia.net webguneari.
- 2002: Toribio Echevarria saria, Elekari.
- 2003, 2002, 2001, 2000, 1999, 1998, 1993 eta 1991: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Migel Altzo saria.
- 1998, 1997 eta 1989: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Isaac López-Mendizabal saria.
- 1994: Prentsako Argia Saria, Elhuyar zientzia eta teknika aldizkariari.
ErreferentziakAldatu
- ↑ a b «Nor gara: Elhuyar Fundazioa»[Betiko hautsitako esteka], Elhuyar Fundazioaren webgunean.
- ↑ Inaki Irazabalbeitia: «Elhuyar taldea: izena eta izana»[Betiko hautsitako esteka], 1997-11-01.
- ↑ «Nor gara»[Betiko hautsitako esteka], Elhuyar Fundazioaren webgunean.
- ↑ Elekaren webguneko orri nagusia.
- ↑ «Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Jose Ramon Etxebarriaren hitzaldia) — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net Noiz kontsultatua: 2019-06-20.
- ↑ Artetxe Sanchez, Karmele. (2011). Euskara unibertsitatera bidean : eragileak eta proiektuak (1939-1990). Udako Euskal Unibertsitatea, 209 or. ISBN 978-84-8438-374-1. PMC 907050485. Noiz kontsultatua: 2020-03-27.
- ↑ «Itzultzailea» Itzultzailea Noiz kontsultatua: 2020-01-28.
- ↑ «Elhuyar hiztegiak. Kontsulta on-line» hiztegiak.elhuyar.eus Noiz kontsultatua: 2020-02-02.
- ↑ «La edición en euskera de Wikipedia incorpora 11.000 nuevas entradas» Deia 2011/12/29.
- ↑ «Sariak eta aitormenak»[Betiko hautsitako esteka], Elhuyar Fundazioaren webgunean.
- ↑ Elhuyar. (2020). «Elhuyar Zientzia Azokak STEAM Euskadi saria irabazi du, STEAM hezkuntzako ekimenik berritzaileenaren kategorian» Elhuyar Noiz kontsultatua: 2020-12-16.
Ikus, gaineraAldatu
- Aitziber Agirre
- Alfontso Mujika
- Andoni Sagarna
- Andoni Sarriegi
- Antton Gurrutxaga
- Guillermo Roa
- Imanol Azkue
- Inaki Irazabalbeitia
- Itziar Nogeras
- Jon Abril
- Luis Bandres
- Maitane Alonso
- Manu Ortega
- Mikel Zalbide
- Oier Araolaza Arrieta
- Pilar Kaltzada
- Saroi Jauregi
- Txema Pitarke
- Arantza Diaz de Ilarraza Sanchez
- Soziolinguistika klusterra
- Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua
- UZEI
- Matxin (itzultzaile automatikoa)
- Elebila