Lauburua antzinatiko euskal ikur esanguratsuena da. Izenak adierazten duen bezala, lau buru biribildun gurutze itxurako ikurra edo elementu estetikoa da. Euskal Herrian agerpen handia du, eta askotan euskal tradizio edo nortasunarekin lotzen da.

Lauburua harrian zizelkatua

Etimologia

aldatu

Lauburu hitzaren berezko esanahi eta jatorria lau buru da, lau mutur edo buru biribilduz osatutako ikurra baita. Hainbatek latinezko labarum hitzarekiko lotura ikusi dute (labarum hitzaren eratorritzat edo jatorritzat), hitz bion arteko antzekotasuna dela kausa; lotura horrek, ordea, ez du oinarririk hizkuntzalaritzaren ikuspegitik, euskal hizkuntzalaritza historikoan eta etimologian aditu Larry Trasken iritziz.[1]

Lauburu hitza lehendabizikoz Manuel Larramendi andoaindar idazlearen Hiztegi Hirukoitzean ageri da, agian Larramendik berak asmatua (neologismo ugari eman baitzituen hiztegi horretan). 1745ean argitaratu zen hiztegi hori.

Beste izen batzuez ere deitu izan zaio: euskal gurutzea, helizea, ikur obifiloa edo esbastika biribildua, adibidez.

Jatorria

aldatu
 
Lauburu estilizatua

Lauburuaren jatorria ez da argia. Esbastikarekin lotu du zenbaitek, jatorri germaniarra duelakoan. Azken batean, lauburua esbastika borobildu bat litzateke. Aldi berean, askok Indiaraino daramatzate lauburuaren erroak, gaur egun ere erabiltzen baitute bertan, zorte oneko ikur bezala. Aipatu beharra dago, ordea, ez aitzinako germaniarrek ezta indiarrek ere ez zutela, itxuraz, sekula esbastika borobildurik erabili[oh 1][oh 2], eta bestalde, aitzinako amerikar kulturetan ere esbastika motako irudiak topatu direla[2]. Arrazoi horiek eta beste batzuk tarteko, lauburuaren jatorria beste nonbait kokatzen dute zenbait ikerlarik.

Esbastika eta lauburua

aldatu

Esbastika (sanskritoz: स्वस्तिक svastika) Eurasian eta munduko beste hainbat tokitan zabaldurik den ikurra da, beso okerdun gurutzea. Esbastika eta lauburuaren arteko loturarik badenetz, edo balego zein eta noizkoa den jakitea arazo zaila da. Esbastika angeludunaren adibideak badira Euskal Herrian, nazien garaia baino lehenagokoak: EAJk erabili izan zuen 1914an, eta Iruñeko katedralaren zutabeetako baten kapitelean XVI. mendeko esbastika bat dago zizelkaturik[2]. Badirudi, gainera, esbastika zahar horiek zezen edo behiei loturik ageri direla, eta horrek zenbaiten ustean Indiarekin duten harremana salatzen du. Hala ere, esbastikaren presentzia Euskal Herrian askoz aitzinakogoa da. Lauburua esbastikaren aldaera bat izatekotan, euskaldunek esbastikarekin zein harreman zuten aztertu behar da.

Aitzinaroko esbastikak

aldatu
 
K.a. XVIII. mendeko etruriarren apaingarri bat, esbastikak irudikatzen dituena.

Dirudienez, erromatarren garaian esbastika nahiko zabaldua zen Pirinioetako bi aldeetan, euskal lurretan beste tokietan bezainbeste presentzia ez badu ere[3]. Oso litekeena da jatorri zeltarreko migrazioek ekarri izana Euskal Herrira, erromatarrak heldu baino lehenago. Gerora, bertakoek beren modura moldatu zutela pentsa dezakegu, baina aitzinako esbastika horien zein lauburuaren agerpen garaiak ikusirik, hori ere zalantzan jartzekoa da. Izan ere, azken mendeak alde batera utzita, esbastikaren kasuak oso bakanak dira, eta lauburuaren aztarnarik ez da erdi-aroa igaro arte. Laburbilduz, zaila da aintzinako esbastika horiek lauburuarekin zein lotura duten zehaztea[4].

Erdi aroko esbastikak

aldatu

Lauburuak Erdi Aroa bukatzean agertzen direla kontuan harturik, Erdi Aroko esbastiketan oinarritua dela ere pentsa daiteke. Ikuspuntu horren arabera, euskaldunek esbastika Erdi Aroan zehar "berraurkitu" egin zuten, nolabait. Garai hartan ez dago bertako esbastiken aztarnarik; beraz, agian kanpotik ekarriak dira, germaniar bidaiarien eskutik, adibidez. Beste aukera bat euskaldun bidaiariren batek esbastika kanpoko lurretan ikusi izana da, baina kontuan hartu behar da Euskal Herri inguruan ez zela esbastika askorik, garai haietan.

Edozein kasutan, ez da ahantzi behar esbastika oso ikur zabaldua zela orduan ere, eta ez dela zentzugabea lauburua esbastikaren moldaera berantiarra izatea.

Esbastikaren jatorria

aldatu

Esbastikaren beraren jatorria eta esanahia ere eztabaidatuak direla esan beharra dago. Europan eta Asia zaharrean ugariak dira arrastoak eta Ipar Amerikan ere ikus daitezke. Lehen India edo Txinatik zetorrela pentsatu arren, hangoak baino arrasto zaharragoak topatu dira Brontze Aroko Europan eta Asia Txikian, beraz jatorria Anatolia inguruan egon litekeela uste da[2]. Jatorriz esanahi sakratua zuela uste dute zenbaitek, gerora sinbolikoa eta, azkenik, balio estetikoko ikur bihurtu zela, toki askotan. Beso okertuak errotazioarekin lotu dituzte ikerlari askok, eta esbastikak Eguzkiarekin lotura zuela pentsatzen dute, nahiz eta froga argirik ez egon, Europako esbastiken kasuan behintzat[4].

Jatorriari buruzko beste teoriak

aldatu
 
Lauburua koma edo galoi konbinazioa izan liteke

Beste batzuen ustean, lauburuak ez omen du inolako harremanik esbastikarekin. Koma edo galoiak konbinatuz eginiko iruditzat hartzen du P. Veyrin ikerlariak, adibidez[5][2]. Izan ere, koma itxurako elementu horiek ohikoak dira euskaldunen apaingarri lanetan. Esan bezala, elementu solteen konbinazio balitz, esanahia are ilunagoa litzateke, edo agian funtzio nagusia irudi apaingarriarena izan liteke.

Bestalde, M.L. Colasek Parazeltsoren signe oviphile (ikur obifiloa) zuen lauburuaren jatorritzat[2], baina iritzi horrek ez du adostasun handirik erakarri[3].

Historia

aldatu

Lauburuen lehen aztarnak eta interpretazioak

aldatu

Lauburuaren historia eman dioten interpretazioek markatu dute. Garai bakoitzeko pentsalariek esbastikarekin, eguzkiarekin, gurutze kristauarekin, erromatarren garaiko tribuekin, alkimiarekin... lotu zuten, froga handirik gabe[2][3]. Hegoaldeko lau probintzien batasuna irudikatzen zuela ere esan zen.

Esanahia zein jatorria edonolakoa izanik ere, egungo lauburuaren lehen aztarnak XVI.-XVII. mendeetakoak dira[3]: Barandiaranek berak ez zuen uste lehenak askoz zaharragoak zirenik[6]. Zaharrenetako bat Makeakoa da[2]: badirudi gehienbat Iparraldean agertu zirela, hasieran.

Gabriel Henaok agian "lauburu" eta ikurra lotu zituen. Labaro ikur kantabriarra (ikusi ez baina erromatar kroniketako aipamenak irakurri zituena) euskalduna zitekeela eta ikur hori zeramatenak erromatarren garaiko euskaldunak zirela adierazi zuen. Ikurra euskalduna zela azpimarratzeko, "labaro" (erromatarrek, latinez, labarum) hitzaren jatorritzat "lau-buro" euskalduna proposatu zuen XVII. mende bukaeran[3]. Geroago, 1745. urtean, izendatu zen euskal ikurra "lauburu" gisan, Larramendiren eskutik. Larramendi apaizak kristau gurutzearekin lotu zuen "labaro" delakoa eta, beraz, baita lauburua ere.

 
Fidel Fita i Colomer (1835-1918), historialari, filologo eta arkeologoa.

1847an beste zentzu bat ikusi zion Agosti Xahok: Henaoren "labaro" eta laubururen etimologia ontzat hartu eta aitzinako euskaldunen borroka ikurtzat hartu zuen lauburua. Gainera, hitzez hitz "lau buru" zirela pentsatzen zuen, alegia lauburuaren beso bakoitza giza buru bat zela, eta Hego Euskal Herriko lau probintzien batasuna irudikatzen zuela[7]. Zaila da ordea jakitea Xahoren hitzetan zenbat den hipotesi hutsa, eta zenbat arrazoizko argudioa.

Fidel Fitak bere teorian lauburua, labarum edo labaro eta esbastika erlazionatu zituen. Ingalaterran topatu zuen barduliarren hilarri batean esbastika bat zegoela, eta horixe zela, hain zuzen, labarum deitua zena, adierazi zuen. Aurkikuntza hori zalantzazkotzat jotzen da egun, baina garai hartan onarpen handia izan zuen. Interpretazioak nahasten hasi ziren, kantabriar gerra-ikur, lau giza buru, esbastika, gurutze kristau... Aragoiko zenbait armarritan agertzen diren lau mairu buruak lauburuaren ondorengotzat ere jo ziren[3].

Egunotan, teoria horiek alde batera utzi edo zalantzan jarri dira. Labarum eta lauburu hitzen arteko loturak ez du jarraitzaile askorik; Azkuek, adibidez, loturari "fantasia" zeritzon bere hiztegian[oh 3], eta Campionek, 1907an labaroarekiko lotura hori "lausoa eta iluna" zela zioen[8].

Esbastika eta lauburua

aldatu
 
1876ko esbastika bat, Azkaineko hilerrian.

XVIII. eta XIX. mendeetan eztabaida akademiko hutsa zen lauburuaren jatorri eta esanahiarena. XX. mende hasieran, ordea, politikan erabiltzen hasi zen, euskal identitatea eta kultura adierazteko. Hala ere, ideia ugari eta kontrajarriak zeuden lauburuaren jatorri eta esanahiari buruz, askotan esbastikarekin nahasten baitzen. Hori dela eta ez da harrigarria Sabino Aranak 1901ean argitaraturiko Euzkadi aldizkariaren lehen alean honakoa esatea: Euzkadi zela euskaldunen herria, eta izena "eguzki" hitzetik zetorrela. Hori azaltzeko, lauburua esbastikarekin eta esbastika eguzkiarekin lotzen zuten teorietan oinarritzen zen, batez ere.

XX. mendeko lehen hamarkadetan, lauburua edo "euskal esbastika" askotan erabili zen euskaldunak edo euskal abertzaleak identifikatzeko. EAJk lauburua ezezik, esbastika ere erabili zuen askotan. Hala egin zuen Euskal Unibertsitatea sortzeko kanpainan, 1931n[3]. Izan ere, garai haietan esbastika eta lauburuaren arteko mugak lausoak ziren oso.

 
EAE-ANV alderdiak lauburua du ikur gisa aspalditik.

Esbastika edo lauburu ikurrak indarra hartu zuen: 1930ean sortu zen lehen abertzale ezkertiarren alderdiak, EAE-ANVk, adibidez, halako bat zuen bere banderan. Aldi berean, Ipar Euskal Herrian, lauburua gero eta erabiliagoa zen, kutsu politikoa hain agerikoa ez bazen ere. Iparraldean, gainera, "lauburu" ikurra izendatzeko gehien erabilitako izena zen, Hegoaldeko zirkulu politikoetan indarra zuen "euskal esbastika" horren ordez.

1930ko hamarkadan Alemanian Alderdi Nazia boterera heltzean eztabaida sutsua piztu zen akademia eta politikarien zirkuluetan. Naziak esbastika erabiltzen zen tokiekiko interes bizia zuten, eta lauburua esbastikaren oso antzekoa zen. Naziek ez zuten begirune handirik sortzen; horren ondorioz, lauburuaren erabilera apaldu egin zen politikaren eta kulturaren munduan, munduko beste hainbat txokotan esbastikarena bezalaxe. Espainiako Gerra Zibila eta II. Mundu Gerraren ostean, esbastikaren erabilera behin betiko alboratu zen. Edonola ere, 1944an alemaniarrek Euskal Herrian grabaturiko Im Lande der Basken dokumentalean esbastika batzuk ikus daitezke[9].

Lauburua gerra-ostean

aldatu

Lauburuak zentzu politikoa hartu zuen Iparralden, eta Hegoalden oso kontuz erabiltzen zen, frankismoaren kontrako borrokaren eta euskal naziotasunaren ikur gisa. Frankismoaren amaierako urteak arte ez zen lauburua modu irekian erabili, betiere ekintza kulturaletan. Gerora lauburuaren erabilera mantendu da, bai nortasun ikur gisa (kultura edo politika arloetan) baita apaingarri gisa ere.

Erabilera

aldatu
 
La Marquesa de Santa Cruz (1805) Goya pintoreak egindako liran lauburu bat dago.

Euskal tradizioan, lauburuaren erabilera bi esparrutan eman da: hilarrietan eta eraikin, altzari eta objetuetan, apaingarri gisa. Aztarnak ikusirik, zaila da erabilera edo esanahi bat esleitzea lauburuari, hilarriek esanahi sinboliko handia duten arren, apaingarri funtzioan ez baitzaio helburu berezirik ikusi.

Nahiz eta euskal ikur zabalduenetakoa izan, ez da erabili inongo armarri edo banderatan, hau da, ez du XX. mendea arte erabilera instituzionalik izan. Gaur egun sarri erabiltzen da euskalduntasuna adierazteko, balio kulturala eta politikoa baititu. Askotan agertzen da euskal jatorriko produktu eta dekorazioan.

Interpretazio modernoak

aldatu

Gaur egungo jende askoren ustez, ikurrak eguzkia irudikatzen du: eguzki izpiak eta haren mugimendu birakaria era sinbolikoan agertzen du. Antzinako euskal erlijioaren seinale bide da, Ama Lurra eta Eguzkia gurtzen ziren garaietakoa. Beste hainbat euskal ikurrek ere irudikatzen dute eguzkia; hala nola, zurezko kutxa eta hilarrietan zizelkatuak sarriago agertzen direnak. Beste batzuetan lau elementuak aipatzen dira.

Lauburuak harreman estua du zelten gurutze gaeliko eta hiruburuekin, baita arioen esbastika ikurrarekin ere (mundu osoan erabilita, kasurik famatuenetariko bat India izanez, gero naziek hartu eta endekatua). Ahaide urrunagoak ere baditu, Txina eta Koreako hainbat tenplutan agertzen da bizitza edo zortearen ikurra, esaterako.

Lauburua Euskal Herritik kanpo

aldatu
 
Lauburua edo tetraskela Galiziako garai batean.

Lauburuaren erabilera tradizionalagoari bagagozkio, Biarnon eta Pirinioetan (ipar eta hegoaldean) topa daitezke, Euskal Herritik hurbil. Agian Euskal Herrikoekin lotura dute; urrunago ere aurkitu dira, Alsazian eta Austrian, esaterako. Hala ere, lauburu modernoagoak dira, XIX. mendekoak[2].

Bestalde, azken urteetan euskaldunek beren lurraldetik kanpo eraman dute, eta badu presentzia munduko hainbat txokotako euskal elkarteetan. Horrez gain, hainbat tokitan imitazioz ikusgarri da.

Galizia eta Asturiasen ere badira, agian galiziar triskelen moldaera direnak (tetraskel esaten zaie).

Iruditegia

aldatu


Oharrak

aldatu
  1. Esbastika borobilduak topatu dira europa erdialdean, baina denak XIX. mende ingurukoak.
  2. Triskelak ordea, ageri dira
  3. Azkueren Diccionario vasco-español-francés/ Dictionnaire basque-espagnol-français liburuaren "lauburu" sarreran hau irakur daiteke: La fantasia de nuestros etimologistas ha visto en esta palabra, que literalmente significa "cuatro-cabezas", la cruz, el lábaro. La fantaisie de nos étymologistes a vu dans ce mot, qui signifie littéralement "quatre-têtes", la croix, le labarum.

Erreferentziak

aldatu
  1. Robert Lawrence TRASK: Etymological Dictionary of Basque, University of Sussex, 2008. Ikus, 263. orrialdean, «lau» sarrerako «lauburu» azpisarrera.
  2. a b c d e f g h «Lauburua» Auñamendi Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2019-11-13).
  3. a b c d e f g (Gaztelaniaz) de Pablo, Santiago. El lauburu. Política, cultura e identidad nacional en torno a un símbolo del País Vasco. (Noiz kontsultatua: 2019-11-13). Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name ":1" defined multiple times with different content
  4. a b Sala, Rosa. (2003). Diccionario crítico de mitos y símbolos del nazismo. El Acantilado ISBN 978-84-96136-31-0..
  5. (Frantsesez) Veyrin, Philippe. «Le croix à virgules doit "croix basque"» Bulletin de Musée Basque (Noiz kontsultatua: 2019-11-13).
  6. (Gaztelaniaz) Barandiaran, Jose Migel. (1950). De la vida tradicional vasca. Valores de algunos símbolos. Homenaje a Don Luis de Hoyos. , 36-44 or..
  7. (Frantsesez) Chaho, Augustin. (1847). Histoire Primitive des Euskariens-Basques. 31 or..
  8. (Gaztelaniaz) Campion, Arturo. «Defensa del nombre antiguo, castizo y legítimo de la lengua de los Baskos contra el soñado "euzkera"» (PDF) Revista Internacional de los Estudios Vascos (Noiz kontsultatua: 2019-1-14).
  9. (Gaztelaniaz) «'Im Lande der Basken', Euskadi según los arios» el diario vasco (Noiz kontsultatua: 2019-11-18).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu