Foruzaletasun

ideologia politikoa

Foruzaletasuna edo foralismoa foru-sistema mantendu eta indartzearen aldeko joera ideologikoa izan zen, XIX. mendean Hego Euskal Herrian Frantsestearen ondoren garatu zena, Frantziako eta, bereziki, Espainiako konstituzioez babesteko edo horien jurisdikzioa mugatzeko. Foruzaletasun mota ugari bereizten dira XIX. mendean barrena: erregezale edo tradizionalista, liberalena eta bere horretan foruzaletasuna soilik dutenena eta populu edo herritarren foruzaletasuna[1]. Foruzaletasun liberalaren egunkari nabarmenena Bilboko Irurac bat izan zen[2].

Bigarren Karlistaldiaren ostean, foruak kendu zituztenean, agertu zen horien aldeko mugimendu politiko-kultural gisa foruzaletasuna, karlismotik eta berorren dinastia arazotik urrunduz.[3] Hala ere, Lehen Karlistaldiaren ondoren hasi zen indarra hartzen, orduan foruzaletasun liberala agertu baitzen, berez, Espainiako konstituzioa auzitan jartzen ez zuena. Azken aldiz, foruak ezabatu zituzten urte berean sortu zuten Madrilen La Paz foruen defentsarako aldizkari politikoa (1876).[3] Arturo Kanpionek, mugimenduaren eragile nagusietako bat izan zenak, aldizkari horretan Iruñean Nafarroako Euskal Elkargoa elkartea sortzea proposatu zuen.[4] Elkartea apolitikoa eta euskaltzale bazen ere, kide nabarmenen joera foruzale erradikala izan zen. El Arga egunkariaren bidez aurrenik (1880-81) eta Lau-Buru egunkariaren bitartez ondoren (1882-86) ideologia berria bultzatu zuten. Nafarroako foruzaleak alderdi politiko gisa antolatu ziren, Alderdi Foruzalea (gaztelaniaz: Partido Fuerista) delakoan, eta udal-hauteskundeetan garaile izan ziren 1881ean eta 1884an.[5]

1885. inguruan, Nafarroako Euskal Elkargoa eta Alderdi Foruzale bera de facto deseginda zeuden. XIX. mendearen azken hamarkadan ideologia eta joera politiko ezberdinek sartu zuten foruzaletasuna beren programetan: integristek, karlistek.[3] Hain zuzen ere, karlismoa esparru politikora berragertu zenean, mugimendu politiko foruzalea desagertu egin zen[5] eta horren barruan zihardutenek karlismoan, errepublikanismoan edo eusko abertzaletasunean bilatu zuten beren leku politikoa.[6] Integrismo foruzaletik euskal nazionalismora ere aldatu ziren batzuk: El Fuerista Donostiako aldizkari integrista egunkari nazionalista bihurtu zen bigarren fasean (1898an). Aldizkariak hasieratik zuen goiburua ("Jaungoikoa eta Foruak") moldatu, eta EAJ bihurtu zuen bere goiburu (JEL = Jaun-goikua eta Lagi-zaŕa).[3] Eragin handia izan zuen, beraz, foruzaletasunak euskal nazionalismoaren jatorrian.

Erreferentziak aldatu

  1. Historia de Euskal Herria : historia general de los vascos. Vol. 4, La crisis de la civilización de los vascos del Antiguo Régimen y estrategias de revolución liberal e industrial: 1789-1876. Lur [2004] ISBN 84-7099-446-8. PMC 937183149. (Noiz kontsultatua: 2020-02-03).
  2. Molina Aparicio, Fernando. (2005). «La disputada cronología de la nacionalidad» Historia contemporánea (30): 223. ISSN 1130-2402..
  3. a b c d Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Foruzaletasun. .
  4. Jimeno Jurío, José María. (2007). Navarra en la época moderna y contemporánea. Iruñea: Pamiela ISBN 978-84-7681-457-4..
  5. a b Lapeskera, Ramón. (1996). De aquellos barros: prensa navarra y nacionalidad vasca. Txalaparta, 163 or. ISBN 8481360260..
  6. Villanueva, Javier. (2004). Manuel Calvo-García & William L. F. Festiner, ed. Federalismo, nacionalismo y autodeterminación en el País Vasco. in: Federalismo/Federalism. Dykinson, 189-219 or..

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu