Ireki menu nagusia

Eusko gudariak (abestia)

Eusko Gudarostearen ereserkia izan zen euskal kanta ospetsua

Eusko gudariak (jatorrizko idazkeran Euzko gudariak) euskal abesti tradizionala da, Eusko Gudarostearen ereserkia izandakoa.

Eusko gudariak
Flag of the Basque Country.svg
Herrialdea  EH
Beste izendapenak Euzko gudariak
Hitzak Jose Maria Garate, 1932
Musika Atzo Bilbon nengoen
Abesti herrikoia
Onarpen data 1936
Multimedia Eusko Gudariak ereserkia entzungai

HistoriaAldatu

Gerora EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidente izango zen Jose Maria Garatek idatzi zuen kanta, 1932an. Oinarritzat, Atzo Bilbon nengoen arabar abesti tradizionalaren doinua hartu zuen.[1] Gerra zibilean, Alejandro Lizaso kapitainak letra aldatu zion azkeneko estrofari kutsu borrokalariagoa emateko.

Gerra Zibilean eta baita frankismoaren garaietan ere Euskal Herriko ereserkitzat hartu zuen, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak 1936an Eusko Abendaren Ereserkia (Gora ta gora) doinua hautatu. 1983an, Euskal Autonomi Erkidegoko bandera eta ereserkia erabaki zituztenean, Eusko gudariak izan zen ereserkia izateko aukeretariko bat (Besteak Gernikako arbola eta Eusko Abendaren Ereserkia ziren). Dena dela, Eusko gudariak oraindik erabili egiten da ereserki modura sektore batzuetan, esate baterako Ezker abertzalearen ekitaldietan.

1981eko otsailaren 5ean, Joan Karlos I.a Espainiakoak, erregea izendatua izan zenetik Euskal Herrira egindako lehendabiziko bisita ofizialean, Gernikako Bizkaiko Batzar Nagusien egoitza bisitatu zuen. Herri Batasunaren 30 hautetsi baino gehiagok ukabila jaso eta «Eusko Gudariak» abesteari ekin zioten Espainiako erregeak bere hitzaldia egiten ari zela. Batzarkide besteek abestia isilarazteko txaloak egiten hasi ziren. Erregeak, ezaxola adierazteko, bere belarrietako bat seinalatu eta "ez dut entzuten" esan zuen, gero "arraioa!, ondo abesten dute" adierazteko.[2] Azkenean Ertzaintza Juntetxean sartu eta ezker abertzaleko kideak irtenarazi zituen.

Abestia, disko askotan izan da argitaratua eta Pantxoa eta Peio moduko taldeek jo dute. Joseba Tapiak abestia sartu zuen Agur Intxorta maite: 1936-37 gudako kantuak bere albumean, zenbait moldaketa eginda, hala nola: «gara»ren ordez, gipuzkerako «gera»; eta «mendi»ren ordez, «goiko».[3]

Doinua bakarrik ere argitaratua izan da, 1982an PSOEk argitaraturiko errepublika eta gerra zibil garaiko abestien La internacional bilduman kasu.

HitzakAldatu

Azpian ageri diren hitzen artetik lehen lau bertsoak dira ezagunenak, hala ere, Joseba Tapiak bere kantuetan beste bost gehiago kantatzen ditu, Gerra Zibilean erabili zirenak, Euskal Gudarostearen eskutik.[4] Azpiko letra ez dago jatorrizko grafian idatzita, baina abestia kantatzerakoan erabiltzen diren fonemak errespetatu dira, behar den grafiekin adieraziz. Beste zenbait hitz, hala nola, Euskal Herria eta nahiz, egungo grafiarekin idatzita daude, garai hartako grafemek ez duelako eragin fonetikorik hitz horietan, iñor edo izkilu hitzetan ez bezala.

« Eusko Gudariak gara

Euskadi askatzeko,
gerturik daukagu odola
bere aldez emateko.

Eusko Gudariak gara
Euskadi askatzeko,
gerturik daukagu odola
bere aldez emateko.

Irrintzi bat entzunda
mendi tontorrean,
goazen gudari danok
Ikurriñan atzean.

Faxistak datoz eta
Euskadi da altxatzen.
goazen gudari danok
gure aberria askatzen.

Gure aberri laztanak
dei egin dausku-ta
goazen gudari danok
izkiluak hartuta.

Arratiarren borroka
izan da Intxortan
Mola ta erreketek
gelditu dira bertan.

Ikurriña goi-goian
daukagu zabalik
ez da iñor munduan
eratsiko dabenik.

Nahiz ta etorri Mola
ta mila rekete
ezta iñor sartuko
bizirik garen arte.

Agur Intxorta maite
gomutagarria
Arratiar mutilen
garaitza tokia.

Ezta iñor sartuko
ez Euskal Herrian
eusko gudariren bat
zutik dagon artian.

»

Ikus, gaineraAldatu

ErreferentziakAldatu

  1. «Euzko gudariak», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  2. Un rey golpe a golpe Arakatzen 176-179 or. ISBN 84-95659-10-7.
  3. Agur Intxorta maite: 1936-37 gudako kantuak (CD).
  4. «Letras de Eusko gudariak de Joseba Tapia | euskal musika, música vasca» eu.musikazblai.com . Noiz kontsultatua: 2019-06-04.

Kanpo loturakAldatu