Ireki menu nagusia

Nabarreriako Gerra Nafarroako Erresumako zenbait alderdiren arteko tirabirak zirela kausa gertatutako gatazka izan zen. Henrike I.a hiltzean oinordeko alaba txiki bat baino utzi ez zuela hasi ziren liskarrak azaleratzen. Aldameneko erresumek eskua sartu nahi izan zuten, Nafarroan norberaren aldeko eta kontrakoen arteko desadostasunak zabalduz. Azkenean, Iruñeko burguen arteko liskar zaharrek piztuta, matxinada eta Frantziako armadaren interbentzioa gertatu ziren. Ondorioz, Nabarreria guztiz suntsiturik gelditu zen.

Nabarreriako Gerra
San Zernin eliza.JPG
San Zernin eliza, burgoko parrokia.
Data 1276
Lekua Nabarreria
Emaitza Nafarroa frantziar koroapean gelditu zen
Gudulariak
Armoiries France Ancien.png Frantziako Erresuma
 Nafarroa (burgesia)
Escudo de la Corona de Castilla.svg Gaztelako Erresuma
 Nafarroa (noblezia, elizgizonak)
Buruzagiak
Armoiries France Ancien.png Filipe III.a Frantziakoa
Armoiries France Ancien.png Eustakio Beaumarchèskoa
Armoiries France Ancien.png Gaston VII.a Biarnokoa
Armoiries France Ancien.png Imbert Beaujeukoa
Armoiries France Ancien.png Roberto II.a Artoiskoa
Nafarroako Foru Erkidegoa Petri Antso Monteagudokoa
Escudo de la Corona de Castilla.svg Alfontso X.a Gaztelakoa
Escudo de la Corona de Castilla.svg Lope III.a Diaz Harokoa
Nafarroako Foru Erkidegoa Armingot azpezpikua
Nafarroako Foru Erkidegoa Gartzea Almoravit
Nafarroako Foru Erkidegoa Gontzalo Ibañez Baztangoa

Oinordekoaren bilaAldatu

Henrike I.aren heriotzak (1274) ondorengotzan krisia eragin zuen: urte eta erdiko alaba, Joana, utzi zuen, Zuria Artoiskoa amaren zaintza eta agindupean harik eta Joanak 12 urte bete eta ezkondu arte. Gobernatzaile Petri Antso Monteagudokoa, Cascanteko jauna, izendatu zuten.

Nolanahi ere, aldameneko erresumen (Aragoi, Gaztela eta Frantziaren) nahiei aurre egin behar izan zuen Nafarroak. Aragoiko Jaume I.ak berehala ekin zion. Uztailaren 29an, Nafarroako baroiei, zaldunei eta hiriei, koroaren gaineko eskubideak aldarrikatzeko gutun bat helarazi zien. Gainera, eskubideak eskubide, bere subiranotasuna ez zuen Nafarroan derrigorrez ezarri nahi, baizik eta nafarrek beraiek aukera zezaten. Petri bere semea Sosen Petri Antso Monteagudokoa, Iruñeko apezpikuekin eta Nafarroako beste ordezkari batzuekin elkartu zen.

Zuria Artoiskoa Frantziara joanda, Garesen nafarren Gorte Orokorra bildu zen, eta Aragoiko ordezkariek erregearen proposamena aurkeztu zuten. Urriaren 16an nafar ordezkariek Tarazonara bidaiatu zuten Petri printzearekin mintzatzera. Gorteak Erriberrin bildu ziren geroago, erabakia hartzeko. Aragoiko baldintzak onartuta, azaroaren 1ean, Petri infanteari omenaldi eta zina egin zioten.

Erriberrin bildutakoen kopurua altua bazen ere, absentzia nabarmenak ere bazeuden: Iruñeko apezpikua, Gartzea Almoravit baroia edo Lizarrako ordezkaririk ez ziren bertaratu. Hautagaitza aragoiarra ez zen aho batez onartua Nafarroan. Batzuek Gaztelako erregea nahiago zuten. Izan ere, Gaztelako Alfontso X.ak tronurako horrenbeste eskubide erakutsi ezin arren, indarra erabiltzeko prest agertu zen. Abuzturako Errioxako mugan zegoen. Irailaren 8an Viana hartzen saiatu zen alferrik, baina Mendabia hartu egin zuen.

Beste nafar batzuek, azkenik, Aragoiko zein Gaztelako esku-sartzea arbuiatzen zuten. Gainera, Gaztelako erasoaren aurrean, gero eta nafar gehiago bildu ziren Joana txikiaren aldean. Bitartean, Zuria Artoiskoak Frantziako Filipe III.a erregearen babesa bilatu zuen. Joana Filiperen bigarren semearekin ezkonduko zela adostuta, Frantziak Nafarroa defendatuko zuen Aragoi eta Gaztelaren aurrean (1275eko maiatzean). Nafarrek, azkenean, 1275eko ekainaren 8an, onartu zituzten Frantziako hautagaitza eta babesa.

Ika-mikakAldatu

 
Iruñeko burguak.

Oinordekoa nor izango zen hitzartuta, Petri Antso Monteagudokoak zeukan, beraz, erresuma gobernatzeko ardura. Aurre egin behar izan zion arazo nagusienetakoa Iruñeko 3 burguen arteko liskarrena izan zen. Nabarreriakoek gotorlekuak eraikitzeari ekin zioten, 1266an Henrike I.aren baimena edukita. Arazoa korapilatu zen San Zerninekoek Nabarreriakoek okupaturiko hainbat soro eta orube aldarrikatzen baitzituzten.

Gobernadoreak San Zerninen alde erabaki arren, Nabarreriak ez zuen men egin nobleziaren zati handi baten babesa, batik bat Gartzea Almoravit Gaztelaren aldeko eta gobernadorearen etsai amorratuarena, zeukalako. Petri Antso Monteagudokoak, egoera konpontzeko gai ez zelakoan, dimisioa aurkeztu zuen. Hori zela eta, Parisen, Frantziako erregeak Eustakio Beaumarchèskoa izendatu zuen gobernadore.

Beaumarchès Tolosan zebilen seneskal. Urtearen amaieran Iruñera iritsi zen. Nobleziari zor zitzaiona kitatuta, nobleek eta hiri onek onartu zuten. Gobernadore berriak Gaztelako muga zaindu zuen, Alfontso X.aren aurka matxinatuta zeuden nobleekin (tartean Lope Diaz, Bizkaiko jaunarekin) elkarrizketatuta. Iruñeko burguen arteko liskarra ere konpondu nahian, biltzar batean erabaki zen auzo guztietako gotorlekuak eraistekoak zirela.

Altxamendua eta borrokaAldatu

Ebazpen horren aurrean, Nabarreriakoek aldarrikatu zuten apezpikua zela, eta ez gobernatzailea, horrelako erabakia hartu behar zuena. Apezpikuak, orduan, kabildoarekin batera, Nabarreriaren alde egin zuen nabarmen.

Aldez aurretik bitan banaturik zeuden nobleak bat egiten joan ziren. Gontzalo Ibañez Baztangoak Petri Antso Monteagudokoa eta Gartzea Almoravit bat etorrarazi omen zituen. Honela, Nabarreriaren alde eta atzerritar gobernatzailearen kontra egin zuten, Gaztelako babesa zeukatelakoan.

Gobernatzailearen babesle bakarrak San Zernin eta San Nikolas burguak ziren. Maiatzean eta ekainean borroka latza izan zuten Iruñean; bitartean, Gaston VII.a Biarnokoa, besteak beste, menia adosten ahalegintzen zen. Gaston Bearnokoak Petri Antso Monteagudokoa konbentzitu zuen gobernatzailearen aldera igarotzeko. Baina horrelakorik saiatu aurretik hil zuten, Nabarrerian Gartzea Almoravitek aginduta.

Estu eta larri ibili zen gobernatzailea, Frantziako armada iritsi zen arte. Nafarroan gutxitan ikusitako oste itzela heldu zen irailean, Imbert Beaujeukoa eta Roberto Artoiskoa, Zuriaren anaia, buru zituela. Aldi berean, Gaztelari eskatutako laguntza etorri zen, baina Erreniegan kanpaturik ez zuten aurrera egin.

Amaiera azkarra eta ankerra izan zen. Erresistentziaren buru zen Gartzea Almoravitek matxinatutako nobleekin batera ihes egin zuen, setiatzaileren batek ohartarazita. Hurrengo egunean frantziar tropak Nabarrerian sartu ziren oposiziorik topatu gabe. Etxebizitzak erre zituzten, katedraleko altxorrak, liburutegia nahiz erregeen hilobiak arpilatu, eta gizaki oro sufriaraziz hil (urkatuta, zutoinean sartuta, arrastatuta, kartzelatuta). Gilen Anelier kronistaren hitzetan, «sekula ez dut gizonik ikusi hain ongi mendeku hartzen». Nabarreria suntsiturik, Nafarroako matxinoen beste gune batzuk ere menderatu zituzten.

OndorioakAldatu

Nabarrerian egindako txikizioak nabarmenak izan ziren. Burgu hori populaziorik gabe geratu zen, harik eta 1324an erregeak berriro etxebizitzen eraikuntza baimendu zuen arte. Esan bezala, erasotzaileek ez zuten katedrala ere errespetatu. Hango klaustroa oso kalteturik suertatu zen, eta erabaki zen beste bat eraikitzea, horko horretan estilo gotikoan.

Nobleziari dagokionez, Gaztelan adostutako hitzarmenetan idatzi zen bezala, Frantziako erregeak matxinoei eta haien familiei amnistia eman zien eta euren ohore zein ondasunak bueltatzekoak zitzaizkien. Baina barkamena paperetatik errealitatera ez zen gauzatu. Imbert Beaulieukoa jeneralak Nafarroako gazteluetan konfiantzazko pertsonak ezarri zituen, Joana erregina txikiari fideltasuna agindu ziotenak. Eustakio Beaumarchèskoa gobernariak politika bera segi zuen. Honela, Gontzalo Ibañez Baztangoa, Gartzea Almoravit edo Joan Bidaurre baroiak erbesteratu ziren, eta haien ondasunak koroaren eskuetara igaro ziren.

Barneko erresistentzia garaituta edo kanporatuta, Nafarroako gobernua frantziarrek izan zuten eragozpen handirik gabe. Joana Frantziako erregearen bigarren semearekin ezkondu zen 1284ko abuztuaren 16an. Baina orduko Frantziako printzerik zaharrena hilda zegoenez (1276), eta 1285ean Frantziako errege bera zendu zenez, Frantziako eta Nafarroako koroak Filipe Ederrarengana igaro ziren. Honek Paristik gobernatu zuen, frantziar gobernadoreen bidez Nafarroan. Nahigabea hedatuta, erreginaren heriotzan (1305) nafarrak berriro matxinatu ziren, eta aukera izan zutenean, kapetar leinuko azken erregea hil zenean (1328), nafarrek beste etxe bat hautatu zuten euren tronurako.

BibliografiaAldatu

  • Jose Maria Lacarra, Historia política del reino de Navarra.

Kanpo estekakAldatu