Sarako Eskola
Sarako Eskola euskal literaturako mugimendu bat izan zen, XVII. mendekoa. Eskolako kideak Sara, Donibane Lohizune eta Ziburu lapurtar herriek eratutako triangeluan sortuak ziren gehienbat.
Jatorria
aldatuXVII. mendea izpiritualtasunaz beteriko mendea zen, eta kultura gai horri oso lotuta zegoen. Izpiritualtasuna hedatzeko, inguruko apaizek herri hizkuntza erabili zuten: euskara. Hori zela eta, XVII. mendea euskal kulturaren pizkundearen mendea izan zen.
Sarako Eskola berez ez zen eskola bat, baizik eta ezaugarri komunak zituzten idazle batzuen taldea edo literatur mugimendua. Hain izan zen garrantzizkoa, non ekialdeko idazleetan ere izan baitzuen oihartzun eta eragina, hala nola Arnaud Oihenart eta Juan Tartasengan.
Kideak
aldatuHiru multzo egin daitezke:
- 1643 arteko idazleak: Esteve Materra, Joanes Etxeberri, Joanes Haranburu, Pierre Argaiñaratz eta Axular. Garai berekoa izan arren, Voltoire oso bestelakoa da, asmoz eta hizkuntzaz.
- 1643 arteko liburuetan eliz oniritziak edo laudoriozko poesiak egiten agertzen direnak: Stephanus Hirigoiti, Klaberia, Gillentena eta Hegi.
- 1643 ondokoak edo epigonoak: Silvain Pouvreau, Bernard Gazteluzar, Mixel Xurio, Joanes Etxeberri Sarakoa, Joanes Haraneder.
Ezaugarriak
aldatuSarako eskolako idazleak batzen dituzten ezaugarriak hauek dira:
- Gehienak liburu erlijiosoak idazten zituzten elizgizonak ziren.
- Guztiek heziketa humanistiko sakona zuten.
- Herri euskaratik hurbilago zegoen hizkuntza erabili zuten, Joanes Leizarragak erabilitako maila jasotik aldenduta, baina haren lorpen batzuk bereganatuta, gutxienez grafian eta lexikoan.
- Talde bat osatzen zuten eta elkarri eliz oniritziak eta poemak idatzi zizkioten.
- Bereziki olerkigintza jorratu zuten.
Kritika
aldatuHainbat adituk —besteak beste, Patxi Salaberri Muñoak[1]— zalantzan jartzen dute benetan «eskola» batez hitz egin daitekeen, ez baitago argi idazle horien artean benetako adiskidetasun edo lankidego harremanik ote zegoen. Sarako Eskola deritzon taldearen barnean sartu izan dira geografikoki, kronologikoki nahiz hierarkia sozialaren aldetik oso urrun ziren idazleak. Kontzeptu hori garai jakin bateko idazleak biltzeko etiketa baino ez da.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Mikel ASURMENDI: «Jean Haritxelhar, Patxi Ezkiaga, Patxi Salaberri. Mahai-ingurua: literatura idatzia 1900 arte», Argia, 1899. zenbakia, 2003-05-18.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Xabier GARCÍA ARGUELLO: «Idazle klasikoen arrastoan», El País, 2005-08-29.