Ireki menu nagusia

Axular

euskal idazlea

Axular[1] edo Pedro Agerre Axular[1] —jaiotzako izen-deiturak Pedro Agerre Azpilkueta zituen,[1] baina bere jaiotetxeari hartutako Axular izenaz da ezagunagoa— (Axular baserria, Urdazubi, 1556 - Sara, 1644ko apirilaren 8a), apaiza izan zen. Inoizko euskal idazle handienetakoa da eta hark idatzitako Gero liburua dugu euskal literaturako lan nagusietakoa[2], euskara batua zehazteko balio ere izan duena[3], liburuan erabilitako lapurtera klasikoan[4] oinarrituz.

Axular
Axular idazlea (1556-1644).jpg
Bizitza
Izen osoa Pedro Agerre Azpilkueta
Jaiotza Urdazubi, 1556 (egutegi gregorianoa)
Herrialdea  Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Bizilekua Sara
Heriotza Sara1644ko apirilaren 8a (87/88 urte)
Hezkuntza
Heziketa Salamancako Unibertsitatea
Hizkuntzak euskara
gaztelania
latina
Jarduerak
Jarduerak idazlea eta apaiz katolikoa
Mugimendua Sarako Eskola
Izengoitia(k) Axular
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa Erromatar Eliza Katolikoa
Literaturaren Zubitegiko fitxa 313
Pedro Axularren zenbait autografo.png

Goitizenaren ahoskera eta idazkeraAldatu

Haren goitizena Atsular ahoskatzen zen (eta gaur egun ere hala ahoskatzen dute inguru hartako euskaldunek), /ts/ baitzen garai hartan x letrarekin adierazten zen fonema. Horregatik, Atsular idazkerarekin agertu izan zen XX. mendearen erdialdeko zenbait euskal testutan; baina, 1970etik aurrera, Axular da testu mota guztietan ikusten den grafia bakarra, bai euskaraz, bai gaztelaniaz, bai frantsesez.[5]

BizitzaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Axular baserria»
 
Axular baserria, Axular idazlearen jaiotetxea, Urdazubi herrian.

Jaiotzez nafarra, goitizena bere jaiotzezko Axular baserritik datorkio, Lapurdirekin mugan dagoen Urdazubikoa. Herri horrek Zugarramurdi, Ainhoa eta Sararekin batera, Xareta izeneko eskualde naturala osatzen du.

Iruñean ikasi zuen lehenengo eta, Lleidatik igaro ondoren, Frantzia aldeko Tarbesen (Bigorra) egin zen apaiz 1596an. Salamancan ere ikasi bide zuen. Ondoren, Donibane Lohizunera jo zuen. Berak idatzitakoek eta Sarako herriaren gogoan gordetakoek hori ematen dute aditzera. 1600ean, Sarako parrokiako erretoretza eskuratu zioten, Bertrand Etxauz Baionako apezpiku baigorriarrak lagunduta, eta hantxe bizi izan zen, hil arte. Han idatzi zuen Axularrek Gero liburua, eta han gorpuztu zen herri gogoak gorde duen Axularren irudi ia mitikoa: Axular, kristau jakituriaren eredu, Salamancan eta deabruaren eskolan ikasi ondoren deabrua garaitu zuen apaiza da.

Idazle, sermolari eta hiztun oparoa zen. Horregatik izango zuen horrenbeste eragin eta itzal sasoi hartako eta geroagoko euskal idazleen artean. Haren luma trebeak dotorezia ordu arte ezezaguna erantsi zion euskarari. Esaldi luze eta korapilatsu samarrak ditu batzuetan, laburrak eta trinkoak bestetan, baina mezu ulergarria eta garbia emango digu beti.

Axularrek eta haren taldeko lagunek urratutako bideari jarraituz, beste elizgizon batzuek ere landu zuten mende hartan lapurtera, adibidez, Harizmendik, Silvain Pouvreauk eta Gazteluzarrek. Haiekin batera, Oihenart zuberotar idazle laikoak ere euskal letrak gora eraman zituen.

GeroAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Gero (Axular)»
 
Axularren Geroren lehenbiziko argitaraldiaren azala (Bordele, 1643).

Euskal literaturaren historian lehen prosazko liburu original argitaratua da. Joannes Leizarragaren itzulpena eta 2004an aurkitu ziren Lazarragaren testu laburrak alde batera utzirik,[6] Gero dugu euskarazko lehen liburu mardula. Euskal idazle klasikoek, Iparraldekoek nahiz Hegoaldekoek, euskal maisulantzat goraipatu zuten, eta denbora luzez euskara jasoaren eredu izan da. XIX. mendean Pedro Antonio Añibarrok, liburua ia osorik Bizkaiko euskarara itzuli zuen; beraz, Axularren ospeak bizkaierazko literaturan ere eragina izan zuen.

 
Luis Luziano Bonapartek eskainitako Axularren ohorezko oroitarria (Sara).

Axular hil baino urtebete lehenago inprimatu zen Gero, 1643an.[7] Inongo mistikarik gabe, irakurlearen jokabidea aldarazi nahi du: kristauari zeinen arriskutsu izan dakiokeen arimaren zereginei berehala ez atxikitzea, erlijioarekiko betebeharrak biharko uztea, beti «gerotik gerora luzamendutan ibiltzea». Liburuaren gai nagusia «Gero dioenak bego dio» atsotitzak laburtzen du; hori ez da izan, noski, kritikoek maisulantzat hartzeko arrazoia, Axularren estilo bizi eta aldi berean landua baizik.

Sinonimia eta esanahi bereko perpaus molde desberdinen ugaritasuna erabiltzen ditu liburuan, herri mintzairaz, bertako ideiak ahalik eta euskaldun gehienek uler ditzaten eta argudioak sendotzeko autore klasikoen eta testu sakratuen aipuak tartekatzen ditu. Harexen harira, nabaria da latinezko aipuak euskaratzean erakusten duen sena eta dotorezia.

Izenburuaren «bi partetan partitua eta berecia» azpitituluak hainbat zalantza ekarri dizkie adituei. «Irakurtzaileari» izeneko atarikoan dioenez, bere nahia liburua bi liburukitan argitaratzea da, baina liburuaren bigarren zatirik ez da inon ageri. Batzuen ustez, argitaratu gabeko bigarren zati hura testu galdua izan liteke; beste batzuen iritziz, ostera, bi «parte» haiek liburuki berean batera argitaratu bide ziren, bereizi gabe.

Axularren liburuaren izenburu osoak ez du liburu horretan lantzen den gaiaz zalantza izpirik uzten. Erlijio liburu edo gidaliburuak, erlijio betekizunak geroko uzteak ekar litzakeen kalte eta zorigaitzez dihardu. Gero obra Axular hil baino urtebete lehenago eman zen argitara, 1643an hain zuzen. Idazle oparoa eta didaktikoa izaki, obrak ez du mistizismo apurrik ere erakusten, bertan du Axularrek irakurlea, bere garaiko gizaseme nahiz emakumea, eliz pulpitutik ari bailitzan. Erudizio maila handia erakusten duen autore honen inspirazio iturriak Espainiako Urrezko Mendeko idazle erlijiosoak dira nonbait (Luis Granadakoa), alabaina puntu hau ez dago garbi oraingoz. Bere kabuzko obra ala itzulpena ote zen eztabaidatu da. Halako bihurpen zuzenik egin zukeenik baztertu egin behar da, ordea, ez baita ezagutzen zordun zuzena zatekeen obrarik. Inspirazio iturriak ugari eta anizkoitzak direnik ez du halere inork ukatzen. Pasarte asko egokitze baten fruitu dira, egokituak dira, eta hor ageri da nagusien Axularren luma. Idazle trebe eta oparoa, euskal sena du beti ere abiapuntu, nahiz adierazitakoen jatorria askotan, gehienetan, erdal hizkuntza izan, latina nagusiki.

Bere garai eta inguruko jendearen izaera eta bizimodua inoiz ere baztertzen ez dituen idazlea, mende hartako euskal gizarteari buruzko erreferentziak ugari ageri dira bere obran. Lapurteraz idatzi zuen Axularrek, hizkuntza idatzian osotasunezko maila literarioa erakutsi zuen lehen euskalkian, berean, jardun zuen. Axularrekin jo zuen gaina lapurtera klasikoak, ondokoak bere obraren mende utziz, hizkuntzari dagokionez. Jende xeheak ere irakurria izan zedin idatzia zen; Axular ez da behin ere herri mintzairatik urrun ari. Garbi adierazi beharrak joskera argia eta lexiko ulergarria eskatzen ditu: molde zaharkitu batzuk izan ezik, Axularren obra guztiz ulergarri gertatzen zaio Ipar Euskal Herriko egungo irakurle euskaldunari, eta neke handiegirik gabe irakur dezakete Hego Euskal Herrikoek. Lan honetako testuen joskera Ipar Euskal Herriko ahozko tradizioak gorde duena bera da, gorabeherak gorabehera; eta sinonimoen nahiz esanahi bereko perpaus molde desberdinen ugaritasunak guztiz errazten du ulertzea.

Sei argitalpen izan ditu Gero liburuak, Julio Urkixok Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkarian eginiko argitalpenaz eta gipuzkeran, bizkaieran nahiz euskara batuan[8] eginiko bertsioez gainera:

  1. Bordele, 1643.
  2. 1632 (XVIII. mendearen erdialdean?).
  3. Baiona, 1864, Emmanuel Intxauspe abadeak prestaturiko argitalpena.
  4. Zarautz, 1954, Manuel Lekuonak prestatu eta moldaturiko edizioa.
  5. Bartzelona, Espirituales Españoles, 1964, Villasantek prestaturiko argitalpen elebiduna.
  6. Arantzazu, Jakin, 1976, Villasanteren edizioa.

Axular, ipuin tradizionaletanAldatu

Sarako herritar zaharrenek Jose Migel Barandiaran etnologoari kontatu ziotenez, Axularrek jakituria guztia Deabruri zor zion. Deabruak Salamankako leize batean zuen unibertsitatean, Axular mota guztietako zientzia ilunetan lizentziatu zen. Harixe esker lortu zuen halako erudizioa eta oratoriarako etorria; hainbesterainokoa, non Sarako eliztarren oroimenean mendez mende bizirik iraun baitzuen. Ordain gisa, Deabrua haren itzalaren jabe egin zen, eta hil zen egunera arte, itzalik gabe bizi beharra sufritu behar izan zuen Axularrek[9].

ErreferentziakAldatu

  1. a b c EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. «Axular - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus . Noiz kontsultatua: 2019-06-04.
  3. «Euskara batuaren 50. eta Euskaltzaindiaren 100. urtemugak» Bilbo Zaharra Euskaltegia . Noiz kontsultatua: 2019-06-04.
  4. Berria «Lapurtera klasikoan idatzitako lehen lana aurkitu dute» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-06-04.
  5. «Azkue bibliotekaren katalogazio erregelak», Euskera, LI, 2006, 2, 1130. orrialdea.
  6. Kizkitza «Euskaraz argitaratutako lehen liburua ikusgai» Igartubeitibaserria.eus (Igartubeiti Baserria) . Noiz kontsultatua: 2019-06-04.
  7. Salaberri Muñoa, Patxi (2011) Axularren "Gero" liburuaren lehen edizioa. Aleak, aldeak eta zuzenketak Universidad del País Vasco, Servicio Editorial / Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua ISBN 9788498606010 . Noiz kontsultatua: 2019-06-04.
  8. Gero liburuaren euskara batuko bertsioa.
  9. «Itzala: Bizitzaren eta heriotzaren ertzean» www.ikasbil.eus . Noiz kontsultatua: 2019-06-04.

BibliografiaAldatu

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo loturakAldatu

Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Axular
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Axular