Bearnoko Bizkonderria

Bearnoko bizkonderria» orritik birbideratua)

Bearnoko Bizkonderria (gaskoieraz: vescomtat de Bearn edo vescomtat de Biarn) Erdi Aroan Bearnon garatu zuten aginte sistema izan zen. Bizkonderriak bere burujabetza aldarrikatu zuen 1347tik eta, XV. mende amaieratik, 'printzerri' izendapena hartuz joan zen, eta Nafarroako Erresumarekin uztartu. 1620an, Frantziako Louis XIII.ak Pauera zuzendutako espedizio militar baten amaieran, Bearnok eta Nafarroak galdu egin zuten de facto independentzia politikoa.

Historia aldatu

 
Bearnoko bizkonderriaren armarria

Baskoniako jaurerria aldatu

Nahiz eta 843an Verdungo Hitzarmenak Mendebaldeko Frankiako erresuman kokatu, 852z geroztik ez dago Frankoen Erresumari men egin ziola adierazten duen probarik, eta bai, ordea, Baskoniako dukerriaren baitan tokiko agintarien menpe izan zela.

Bearno, Gaskoinia bihurtzen ari zen Baskoniako dukerrian zegoen 1062. urte arte, baina orduan Akitaniako dukeak titulua beretzat erreklamatu zuen. Biarnok, asmo espantsionista batez betea, Gui-Geoffroi Akitaniako dukearekin bat egin zuen, eta indar baskoiei gailendu La Castelleko Guduan, Aturri ibaitik hurbil. Baskoniako Dukerria desegin egin zen. Bere lehendabiziko legebiltzarra, Cour Major izenekoa, 1080. urtean sortu zuten, hau da Ingalaterrakoa baino 185 urte aurrerago. Leonor Akitaniakoaren bitartez Ingalaterrako Erresumari lotuta egon zen mende batez (1242-1347).

Printzerria aldatu

1290ean Bearno Foix konderriaren eskuetan geratu zen. 50 urte geroago, Gaston III.a Febusek Ingalaterrako eta Frantziako Koroen arteko gatazka etengabeak probestu zituen bere helburu politikoak bete ahal izateko. 1347 arte Bearnoko bizkondeen gorteko aktak Frantziako erregearen araberako data zuten. Urte horretatik aurrera, Bearnoko bizkondearen arabera ezarri zen kronologia, bertako "jaun" bihurtuta (dominus), "Jainkoaren aurrean bakarrik erantzule", eta hala jakinarazi zion bizkondeak Frantziako erregearen mandatariari. Foixko konderria eta haren mendeko gainerako lurraldeen izenean, ordea, men egin zion Frantziako erregeari.[1]

Gastonek, orduan, Pirinioetara zuzendutako politika bat jarri zuen abian, eremu horretan guztian berak gidatutako Bearnoren nagusitza eskuratzera bideratua, hartara, Tolosa Okzitania eta Baionaren arteko galtzarako merkataritza aberatsetik irabaziak ateratzeko asmoz. Azkenean, haatik, ez zuen hori erdietsi ahal izan, eta bizkonderria Frantziako erregeari utzi zion oinordetzan (1390). Aldiz, Gaston hil zenean, Bearno osoko ordezkariak berehala elkartu ziren, eta Bearnoko Estatu Nagusiak eratu zituzten Orthezen. Haiek Mathieu Castellbokoa hautatu zuten oinordeko legitimo. Ingalaterra eta Frantziako erregeek, Ricardo II.ak eta Karlos VI.ak, hurrenez hurren, aitortu egin zuten de facto Bearnoko jauna eta lurraldearen burujabetza.[1]

Hurrengo bizkondeek eta Estatu Nagusiek eutsi egin zioten Gaston III.ak hasitako Bearnoren burujabetzaren bilaketari eta Pirinioetako nagusitza nahiari. Frantziako eta Ingalaterrako koroen gatazketan, horretarako, Bearnok neutraltasun politika bat bultzatu zuen. Hala ere, hankamotz zebilen Bearnoren izatezko burujabetza soilarekin, eta bertako jaunek Pirinioez hegoaldeko monarkiekin lotura estutzea bilatu zuten, tronu bat eskuratuz zilegitasun politiko osoa erdietsi ahal izateko. Horretarako, XV. mende osoan jopuntuan jarri zituzten Aragoiko eta Nafarroako koroak eta, azkenean, heldu egin zen egokiera: 1479an, Foix-Bearne etxeko Frantzisko Febus heldu zen Nafarroako tronura, haren amona Leonor Nafarroako erregina hil zenean. Era horretan, Nafarroa-Bearne koroa beraren peko lurralde burujabe bikoitza jarri zen abian, Maddalen Valoiskoak, Vianako printzesak, zuzendutako politika diplomatiko trebe batean oinarritua. Paue bizkonderriko hiriburu bilakatu zen (1463).[1]

1479tik aurrera Foix etxeko familia Nafarroako errege-erregin ere bilakatu zen oinordetza bidez, eta harrezkero Nafarroak eta Bearnok elkarrekin egin zuten bidea 1512 arte Foix-Labrit leinuaren eskutik. 70eko hamarkadatik aurrera, bere burujabetza nabarmendu nahi izan zuen, printzerri izena lehenetsiz, bizkonderri baino, baita agiri ofizialetan bearnesaren erabilera berretsiz eta defendatuz ere. 1512tik aurrera, Gaztela-Espainiako armadek Nafarroaren Pirinioez hegoaldeko lurraldeak menpean hartu ondoren, Nafarroa Behereak eta Bearnok burujabe jarraitu zuten Nafarroako Erresuma independentearen barruan.

Henrike III.a Nafarroakoa Frantziako errege bilakatu zenean, ez zizkion bere lurraldeak Frantziako koroari lotu. 1596ko abenduan, berretsi egin zuen Rouenen Frantzia eta Nafarroa-Bearno bereizita jarraitu beharra, baita 1607an ere Parisen.[2] Aldiz, haren seme Luis XIII.ak Frantziako Estatuen eskaera bat jaso zuen 1616an: bere koroaren pean zeuden lurralde guztiak Frantziari lot zekizkiola. Aurrez aurre izan zituzten Bearnoko estatuak edo batzarrak, printzerriaren subiranotasuna defendatzearen aldekoak.[3]

Bestalde, puri-purian zen Bearnon eta Nafarroa Beherean Eliza katolikoari hamarkada batzuk lehenago bahitutako jabetzen auzia. Luis XIII.a errege gazteak Frantziako estatuen eskaerari kasu egin zien, Bearno-Nafarroaren nahiaren kontra; 1620an, aldiz, Luis XIII.ak (Nafarroako II.ak) Elizaren ondareak itzultzea agindu zuen. Nafarroa eta Bearnoko agintariek uko egin zioten, baina horren aitzakian Frantzia eta Nafarroako erregea armada baten buruan sartu zen Pauera. Bearnoko hiriburura helduta, bere tronutik, bai Bearnoko printzerria bai Nafarroa Beherea Frantziako koroaren pean batzea agindu zuen. Paueko unibertsitate protestantea desegin zuen eta, trukean, ikastetxe jesuita bat jarri. Bestalde, ordutik aurrera, agiri ofizialetan frantsesa erabiltzeko agindu zuen.

Ikus, gainera aldatu

Erreferentzia aldatu

  1. a b c (Gaztelaniaz) Álvaro, Adot Lerga. (2005). Juana de Albret y Catalina de Foix o la defensa del Estado navarro (1483-1517). Pamiela, 61-78 or. ISBN 84-7681-443-7..
  2. Honela dio, frantsesez: "[...] que nostre domaine ancien tant en nostre royaume de Navarre, souverainetéz de Béarn et de Donezan, pais bas de Flandres, que nos duchés, comtés, viscontés, terres et seigneuries enclavées en ce roiaume feust et demeurassent désuny, distraict et séparé de celuy de nostre maison et couronne de France sans y pouvoir estre aucunement comprins ni meslés [...]"; ikus URZAINQUI, TOMAS. Navarra, sin fronteras impuestas (2011). Iruñea: Pamiela, 182-186. or.
  3. 1617ko urtarril-otsailean, Bearnoko Estatu Nagusiek erantzun egin zuten, gaskoiez: "[...] que atendut per lo For deu présent páys demore establit, que lodit for est la ley fondamentalle et contractuelle deu souviràn ab los habitans deudit pays, sons subjectz, l'observation de laquoalle lodit souvirain a son nabet adveniment est viengut jurar; attendut aussy per lo dit For résulte que lo dit pays es un segnorie souvirane distincte et separade de toute autre souviranetat et royaume et que los díts habitans qui au commencement se regiben per Fors et coustumes en eslegit lors segnors per s'entretenir en acqueres seinhs los poder alterar, corregir ny refformar que ab los Estatz deudit pays et que per tant sadite Majestat no pousque, jus correction, unir lodit pays souviran audit royaume de France senhs lo consentiment deus dits Estatz que en rompen la principalle merque et fondement de torsdits Fors et libertatz qui los son plus cares que lors propris bites, [...]. "[...] et que acquet qui sera consent à la dite union sie déclarat enemicq deu pays et que los juratz faran aussy signar lodit arrest à lors communautatz [...]".; ikus URZAINQUI, TOMAS. Navarra, sin fronteras impuestas (2011). Iruñea: Pamiela, 182-186. or.
  Artikulu hau Frantziako historiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.


Kanpo estekak aldatu